186. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

35/2019 EBAZPENA, irailaren 2koa, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari eskudantziak esleitzen dizkiona.

Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura zehazten duen abuztuaren 14ko 91/2019 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusia Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren ordezkoa da eta haren eskumenak hartzen ditu, salbu eta unibertsitateko irakaspenekin lotutakoak eta hezkuntza teknologiekin eta informazio sistemekin lotutakoak.

Aipatu foru dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarrak indarrik gabe uzten ditu foru dekretu horretan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak; hortaz, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa garatuko duen beste foru dekretu bat onetsi arte, indarra izaten jarraitzen du Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuak, 91/2019 Foru Dekretuari aurka egiten ez dion heinean.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuak Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren esku utzi zituen langileriaren arloan departamentuko kontseilariari dagozkion eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera, urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretu horren bigarren xedapen gehigarriaren hirugarren atalean aipatzen direnak izan ezik.

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiak zituen eskumenak Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiak bereganatu dituenez gero, eta langileriaren arloko espediente administratiboen gainean eraginkortasunez eta arintasunez ebaztearren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 11. artikuluan xedaturikoarekin bat, egokitzat jo da Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea aipatu eskudantziak, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari dagozkionak.

Eskuordetze hori arlo horretan indarra duen legeriaren mende dago, hots, Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluaren mende.

Horrenbestez, kontuan hartuta bere artikulu bakarrean, laugarren apartatuan, Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura zehazten duen abuztuaren 14ko 91/2019 Foru Dekretuak esleitutako eskudantziak, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusia Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren ordezkoa da eta haren eskumenak hartzen ditu, salbu eta unibertsitateko irakaspenekin lotutakoak eta hezkuntza teknologiekin eta informazio sistemekin lotutakoak,

EBAZTEN DUT:

1. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea langileriaren arloan espediente administratiboak ebazteari dagokionez Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiarenak diren eskudantziak.

2. Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak edozein unetan eskuratzen ahal du edozein espediente, ebazpena eman ahal izateko.

3. Eskuordetza hau erabiliz ematen diren ebazpenetan, inguruabar hori aipatu beharko da berariaz. Ulertuko da, ondorio guztietarako, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak eman dituela, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua edo Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua.

4. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, eta, orobat, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko irailaren 2an.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

Iragarkiaren kodea: F1911495