185. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Osoko Bilkurako idazkari lanpostua oposizio bidez betetzeko deialdiaren aldaketa

Iruñeko Udalak ebatzi du, Tokiko Gobernu Batzarrak 2019ko abuztuaren 26an emandako Ebazpenaren bidez, aipatu deialdia aldatzea. Zehazki honako oinarri hauek aldatu dira: 2.1, 6.1, 6.3, 7.1, 11, 12.1, 12.3 oinarriaren b) apartatua eta 12.4 oinarria. Halaber, II. eranskina gehitu da. Hortaz, azkenik, deialdia honako oinarri hauek arautuko dute:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Osoko Bilkurako idazkari-lanpostu bat (1) oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren zerbitzurako, funtzionario araubidekoa eta A mailakoa. Deialdia honako arau hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. Lanpostua Gardentasun, Berrikuntza eta Hizkuntza Politikako Alorrari atxikirik dago, eta 100000-1 zenbakiarekin identifikaturik plantilla organikoan.

1.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dute izendatua, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaio, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badago, aukeratzen ahalko du Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

2.–Betekizunak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio honetan onartuak izateko:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako edo horien erakunde autonomoetako funtzionarioa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, betiere lanpostu hori eskuratzeko eskatu zaiolarik Lizentziadun edo Gradudun titulua Zuzenbidean, Politika eta Administrazio Zientzietan, Soziologian edo Politika Zientzietan eta Soziologian, edo horien baliokide den titulu bat.

b) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-esparrukoa den beste estatu batekoa, itunek langileen zirkulazio librea aurreikusten badute.

Halaber, espainiarren ezkontideek parte har dezakete, eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarrenek zein aipatutako nazioarteko itunen esparruko beste estatuetako herritarrenek ere –betiere zuzenbidez bereizita ez badaude–; bai eta, orobat, haien ondorengoek eta ezkontideenek ere –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

c) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.

2.2. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte. Izangairen batek ez badu betetzen oinarri honetan jasotako betekizunetako bat, ezin izanen da izendatua izan Osoko Bilkurako idazkari, eta, horrenbestez, gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

2.3. Izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren 8.2 zenbakian aurreikusitako moduan eta epean frogatu beharko dute aurreko baldintzak betetzen dituztela, salbu eta 3.2 oinarrian ezarritako dokumentazioaren kasuan, dokumentazio hori aurkeztu beharko baita deialdian parte hartzeko eskaerarekin batera.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabilita, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta bulegoetan, bai eta Interneten ere, www.pamplona.es/eu webgunean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

3.2.1. Ziurtagiria, izena emateko eskubide tasa dela-eta 25,00 euro Iruñeko Udalari ordaindu izana egiaztatzeko. Tasa hori ordaindu ezean, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa Iruñeko Udalak honako finantza-entitate hauetan dituen kontuetan ordaindu daiteke, haietan dirua sartuz edo haietara banku-transferentzia eginez: Caixabank (ES04 2100 2173 8102 0022 2762), Laboral Kutxa (ES22 3035 0039 3403 9090 0005) eta Nafarroako Rural Kutxa (ES07 3008 0001 1411 0344 7429). Edo, bestela, Udaleko Diruzaintzan (Merkatuko kalea 7-9, 2. solairua). Ordainagirian honako datu hauek adierazi beharko dira, nahitaez:

–Izangaiaren izen-abizenak.

–NAN / IFZ.

–Ordainketa zein kontutan egin den eta horren zenbakia.

–Kontzeptua: Osoko Bilkurako idazkarirako oposizioa.

3.2.2. Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko funtzionarioak diren izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu beharko dituzte deialdi honen 2.1.a) letran jasotzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzeko egiaztagiriak.

3.2.3. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte horiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

3.2.4. Eskabidearekin batera, desgaitasun bat aitortuta duten izangaiek hori frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudun batek emana. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte –beharrezkotzat joz gero–, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.

3.2.5. Nahikoa izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun baliodunean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako Zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik ebazpen honen bidez egindako deialdian abiatutako prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Juan Luis Guijarro Salvador, Iruñeko Udaleko legelaria.

Epaimahaiburu ordezkoa: Javier García Martínez, Iruñeko Udaleko legelaria.

Epaimahaikidea: M.ª Asunción Erice Echegaray, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

Epaimahaikide ordezkoa: Miguel Izu Belloso, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

Epaimahaikidea: Miguel Chivite Sesma, Tuterako Udaleko idazkaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Silvia Gonzalo Etxarri, Burlatako Udaleko idazkaria.

Epaimahaikidea: Berta Enrique Cornago, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko idazkari nagusia.

Epaimahaikide ordezkoa: M.ª Asunción Nieto Zabala, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko aholkulari juridikoa.

Epaimahaikidea: Purificación González Merchán, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateetako Langileen Kudeaketa eta Aholkularitza Ataleko burua.

Epaimahaikide ordezkoa: María Dolores Reyero Santamaría, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko administrazio publikoko teknikaria (adar juridikoa).

Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide idazkaria: Miguel Ángel Cuesta Jorquera, Iruñeko Udaleko legelaria.

Epaimahaikide idazkari ordezkoa: Paula Unanua Albéniz, Iruñeko Udaleko legelaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo horien ordezkoek bertan egon beharko dute, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautatze-prozesuaren garapena.

6.1. Oposizioa 2020ko apiriletik aurrera hasiko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Oposizioko proba bakoitzaren kalifikazio-aldia amaitutakoan, Epaimahaiak argitaratuko ditu, Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) eta iragarki-taulan, proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioarekin batera, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, betiere, gutxienez, hura egin baino 48 ordu lehenago.

Oposizioko probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira haietara. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

6.3. Oinarri honetan zehazten dira oposizioa osatuko duten probak.

Lehen proba: Epaimahaiak II. eranskineko programa osoari buruz prestatutako 30 galderak erantzun beharko dituzte izangaiek. Galderek aurretik finkatutako aukera anitzeko erantzuna edo bestela erantzun irekia izanen dute. Proba egiteko epea 2 ordukoa izanen da, gehienez ere.

Aurretik finkatutako aukera anitzeko erantzuneko galderetan, erantzun zuzenak puntu 1 gehituko du, eta zuzena ez denak 0,60 puntu kenduko.

Erantzun irekiko galdera bakoitza puntu 1ez kalifikatuko da, gehienez, kontuan hartuta edukia partziala edo osoa den eta ordenamendu juridikoarekin bat egokia den.

Bigarren proba: izangaiek kasu praktiko bat egin beharko dute, “Toki Korporazioetako organoen funtzionamendua” gaiari buruz. Proba egiteko epea 2,5 ordukoa izanen da, gehienez ere.

Hirugarren proba: izangaiek kasu praktiko bat egin beharko dute gaitegian jasotako gai hauetako baten bati edo batzuei buruz: hirigintza, ingurumena, langileria, antolamendua eta eskumenak. Proba egiteko epea 2,5 ordukoa izanen da, gehienez ere.

Laugarren proba: izangaiek kasu praktiko bat egin beharko dute gaitegian jasotako gai hauetako baten bati edo batzuei buruz: araubide juridikoa, kontratazioa, ondasunak, zerbitzu publikoak eta aurrekontuak. Proba egiteko epea 2,5 ordukoa izanen da, gehienez ere.

Bigarren, hirugarren eta laugarren probak mugatuko dira II. eranskinean jakintzagai bakoitzeko zerrendatzen diren gaietara, eta proba horietan guztietan aukera izanen da II. Eranskinak jasotzen duen Gaitegi orokorraren jakintzagaiak ere gehitzeko.

Izangaiek nahitaez irakurri beharko dituzte bigarren, hirugarren eta laugarren probak, epaimahaiaren aurrean saio publikoan. Azalpena bukatu eta gero, Epaimahaiak hizketaldi bati ekiten ahalko dio izangaiarekin gehienez 10 minutuz, garatutako gaiekin zerikusirik duten jakintzagaiei buruz. Epaimahaikideek eskatutako azalpenei eta egindako oharpenei erantzun beharko diete izangaiek.

Nolanahi ere, honako irizpide hauek baloratuko dira: gaitasun eta prestakuntza juridikoa, ideia-argitasuna, zehaztasuna eta zorroztasuna azalpena ematerakoan eta adierazpen idatziaren kalitatea.

Bigarren, hirugarren eta laugarren probak egiteko kontsultatzen ahalko dira iruzkinik eduki gabe arauak biltzen dituzten testuak.

Proba bakoitzean 0 eta 30 puntu bitarte emanen da.

Lehendabiziko bi probak baztertzaileak izanen dira, halako moduz non horietako bakoitza gainditzeko gutxienez 15 puntu lortu behar baitira proba bakoitzean.

Probetan plika-sistema erabiliko da.

Behin proba bakoitzaren balorazioa amaituta, Epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, eta 5 egun naturaleko epea emanen du interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei buruz.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, betekizunen egiaztapena eta lanpostu hutsen hautaketa.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) eta iragarki-taulan argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkeraren arabera, oposizioko hiru probetan izangai bakoitzak lortutako kalifikazioak batuta, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako Zuzendariari bidaliko dio, betekizunak egiaztatu eta lanpostu hutsak aukeratzeko izapidea egiteko.

Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da. Berdinketak bere horretan segituz gero, lehen proban puntuazio handiena lortu duena hautatuko da; berdinketak badirau, hirugarren proba hartuko da kontuan, eta azkenik, behar izanez gero, laugarrena.

7.2. Giza Baliabideetako Zuzendariak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako argitara emanen ditu hautatu beharreko lanpostu hutsa, izangaien zerrenda -lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat- eta lanpostuak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.

Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.

Ondoren, izangaiak adierazi beharko du, horretarako zehaztutako epean, deialdian eskainitako lanpostu hutsa bete nahi duela.

8.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izendapen-proposamena, probak gainditu eta puntuazio handiena erdietsi duen izangaia izendatze aldera, deialdian zenbat lanpostu eskaini eta horren arabera.

Izendapen-proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.

8.2. Lanpostua betetzeko proposatzen den izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Deialdiaren 2.1.a) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

c) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoen txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Zinpeko aitorpen bat edo aitorpen solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.

e) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

f) Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publiko bateko funtzionario diren izangaiek, a)-tik e) letrara adierazitako dokumentazioaz gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituzten ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarri buruzkoak.

8.3. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatua izan, eta haren egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haren eskabideetan egindako faltsutasunarengatik legokiokeen erantzukizuna.

8.4. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7.1. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin beteko du hutsunea, halako eran non, horri dagokiolarik, aurreko ataletan adierazitako prozedura berari jarraituko baitzaio.

9.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, Erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko du, Osoko Bilkurako idazkari aritzeko lanposturako, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia eta lanpostu hutsa esleituko dio.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiak hilabeteko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko, izendapena noiz jakinarazi eta hortik aitzina.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez duenak Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, deialdiaren 8.4. zenbakian ezarritakoari lotuko zaio.

9.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.4 zenbakian xedatzen den moduan beteko da.

9.4. Aurreko bi puntuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.

10.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa zein interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak Iruñeko Udalaren iragarki-taulan eta www.pamplona.es/eu webgunean argitaratuko dira.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019ko aldirako Iruñeko Udaleko zein haren menpeko erakundeetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. Eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek eratuko dira, Iruñeko Udaleko alor eta erakunde autonomo guztiendako komunak direnak:

–Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

–Hirugarren proba gainditu duten izangaien zerrenda.

12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratzeko prozedura.

12.1. Behin kalifikazio-epaimahaiaren espedientea jasota, Giza Baliabideetako zuzendariaren Ebazpenaren bidez hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpen hori jakinarazi eta biharamunetik aitzina, hautapen-prozesuan lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu dutenei eta deialdi honetako hiru lehen probak gainditu dituzten izangaiei jarraian adierazten diren agiriak aurkezteko:

–Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluaren kopia konpultsatua, edo hura erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena.

Ebazpen hori argitara emanen da, dagokien langileen zerrendekin batera, Iruñeko Udalaren webgunean eta iragarki-taulan.

Adierazitako epearen barnean eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenak zein eskatutako betekizunak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe parte-hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.

12.2. Eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

12.3. Behin agiriak aurkezteko epea amaituta, Giza Baliabideetako zuzendariak eman beharreko ebazpenaren bidez onetsiko dira, hala behar izatera, aldi baterako kontrataziorako honako izangai-zerrenda hauek –eta argitara emanen dira Iruñeko Udalaren Iragarki-taulan (Udaletxe plaza, Udaletxeko atzealdean)–:

a) Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Deialdi honetako hirugarren proba gainditu duten izangaien zerrenda, lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez dutenak.

12.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan honela zedarrituko da izangaien hurrenkera: lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaien kasuan, bigarren proban lortutako puntuazio altuenaren arabera. Berdinketak bere horretan segituz gero, lehen proban puntuazio handiena lortu duena hautatuko da; berdinketak badirau, hirugarren proba hartuko da kontuan, eta azkenik, behar izanez gero, laugarrena.

12.5. Betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola horien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta deia egiteko.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 26an.–Batzarreko idazkaria, Ana María Elizalde Urmeneta.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDF).

II. ERANSKINA

1.–Gai orokorren zerrenda.

1.–Espainiako zuzenbide publikoaren iturriak: osatzen duten legeak, haien antolamendua eta printzipioak. Konstituzioa arau juridiko gisa.

2.–Legea. Kontzeptua eta motak. Lege-erreserba. Lege-dekretuak eta legegintzako dekretuak.

3.–Zuzenbide publikoaren beste iturri batzuk: nazioarteko itunak. Zuzenbidearen printzipio orokorrak. Jurisprudentzia. Usadioa zuzenbide publikoan.

4.–Espainiako 1978ko Konstituzioa. Hori prestatzeko prozesua. Ezaugarriak. Egitura. Konstituzioaren erreforma.

5.–Konstituzio-printzipioak. Zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa: esanahia. Espainiako Konstituzioaren balio nagusiak eta 9. artikuluko printzipioak.

6.–Parlamentu-monarkia. Koroa: esanahia eta eskudantziak. Berrespena.

7.–Espainiako hauteskunde-sistema. Hauteskunde-auzia. Zuzeneko demokraziaren instituzioak. Erdi-zuzeneko demokraziaren instituzioak: herri-ekimena eta erreferenduma Espainiako Konstituzio Zuzenbidean. Azken bi figura horien azterketa Nafarroako Zuzenbidean.

8.–Aniztasun politikoa. Alderdi politikoak. Aniztasun sindikala. Sindikatuak. Aniztasun soziala eta ekonomikoa onartzeko beste modu batzuk Espainiako Konstituzioan.

9.–Gorte Nagusiak. Diputatuen Kongresua eta Senatua: osaera eta eginkizunak.

10.–Gobernua. Eginkizunak eta ahalmenak Espainiako konstituzio-sisteman. Gobernua eta gobernuburua osatzea, hautatzea eta kargutik kentzea. Gobernuaren eta Gorte Nagusien arteko harremanak.

11.–Estatuaren lurralde antolamendua: autonomia erkidegoak. Autonomia erkidegoen ekimena. Autonomia erkidegoak sortu, aldatu eta desegiteko modua.

12.–Autonomia estatutuak: izaera, ezaugarriak eta edukia. Horiek aldatzeko prozedura. Eskumenen banaketa Estatuaren eta autonomia erkidegoen artean. Estatuak autonomia erkidegoen gainean duen kontrola.

13.–Estatuaren eta autonomia erkidegoen legegintza-ahalmena. Estatuko antolamenduaren eta antolamendu autonomikoaren arteko harreman sistemak. Oinarrizko legeak, esparru-legeak, transferentzia- edo eskuordetze-legeak eta harmonizazio-legeak. Autonomia erkidegoen legeak.

14.–Konstituzio Auzitegia. Osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Eskumenak. Lege-mailako arauen konstituzionaltasuna kontrolatzea: konstituzio-aurkakotasuneko errekurtsoa eta konstituzio-aurkakotasuneko auzia. Nazioarteko itunen aldez aurreko kontrola.

15.–Konstituzio-arloko gatazkak estatuko organoen artean. Eskumenen gaineko gatazka konstituzionalak estatuko organo zentralen eta autonomia erkidegoen artean eta erkidegoen artean. Autonomia erkidegoen xedapen eta ebazpenak inpugnatzea. Tokiko autonomia defendatzeko gatazkak.

16.–Botere Judiziala. Funtzio judiziala 1978ko Konstituzioan. Botere eta funtzio judizialaren antolakuntza eta funtzionamendurako konstituzio-printzipioak. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia. Fiskaltza-Ministerioa.

17.–Kontuen Auzitegia. Izaera. Osaera eta antolaketa. Fiskalizazio-eginkizuna. Jurisdikzio-eginkizuna.

18.–Herritarren eskubide eta betebeharrak Konstituzioan. Funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak Espainiako Konstituzioan. Eskubide eta betebehar arruntak. Politika ekonomiko eta sozialaren printzipio gidariak.

19.–Eskubideen babesa Konstituzioan. Bide judiziala. ‘’Habeas corpus’’-a. Konstituzioaren babes-errekurtsoa.

20.–Arartekoa. Eskumenak eta jarduteko modua.

21.–Europar Batasunaren prozesua. Batasunaren antolamenduaren aurrekariak, helburuak eta izaera juridikoa. Batasuneko hasierako zuzenbidea: itun eratzaileak. Batasuneko zuzenbide eratorria: erregelamenduak, zuzentarauak eta bestelako iturriak.

22.–Europar Batasunaren antolaketa. Parlamentua. Europako Kontseilua. Europako Batzordea. Kontseilua (ministroena). Justizia Auzitegia. Europar Batasuneko beste erakunde batzuk.

23.–Europar Batasuneko herritarren eskubide eta askatasunak. Europako hiritartasuna.

24.–Europar Batasunaren finantzabideak. Europar Batasunaren finantzabidea: Batasunaren aurrekontua. Estatuaren laguntzak eta horien kontrola Europar Batasunaren eskutik. Batasunaren funtsak: motak eta helburuak.

25.–Administrazio Publikoa Espainiako 1978ko Konstituzioan. Haren parte-hartzea botere exekutiboan. Konstituzio-printzipioak antolakuntzari eta funtzionamenduari dagozkienez.

26.–Administrazio Publikoa eta zuzenbidea. Legezkotasunaren printzipioa. Araututako ahalmenak eta diskrezionalak.

27.–Administrazio publikoa eta jurisdikzioa: autotutoretzaren printzipioa.

28.–Administrazio publikoaren erregelamendu-ahalmena. Erregelamendua. Kontzeptua eta motak. Legearen eta erregelamenduaren arteko loturak. Erregelamendu-ahalmenaren mugak. Legez kanpoko erregelamanduen kontrako defentsa juridikoa: zigor-bidea eta administrazioarekiko auziena eta salbuespen judiziala.

29.–Pertsona juridiko publikoak. Ente publikoen tipologia Espainiako antolamendu juridikoan. Ente publikoen ahalmena.

30.–Erlazio juridiko administratiboa. Kontzeptua eta ezaugarriak. Erlazio juridiko administratiboen sorrera, aldaketa eta iraungipena. Erlazio juridiko administratiboaren elementuak.

31.–Egoera juridiko subjektiboak Administrazio Zuzenbidean. Egoera aktiboak, ahala, zuzenbide subjektiboa eta bidezko interesa. Egoera pasiboak eta mistoak.

32.–Administratua. Kontzeptua eta motak. Administratuaren gaitasuna eta horren aldaketaren zioak. Herritarren eskubideak administrazio publikoekiko harremanetan. Herritarren parte-hartzea administrazioan.

33.–Administrazio-egintza. Kontzeptua. Administrazio-egintzen motak. Administrazio-egintzaren elementuak.

34.–Administrazio-prozedura. Kontzeptua eta izaera. Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea: aplikazio-esparrua eta haren printzipioak. Interesdunak. Baldintzak eta epeak.

35.–Administrazio-prozedura: hasiera, antolaketa, instrukzioa eta amaiera.

36.–Administrazioko administrazio prozedura bereziak: xedapen orokorrak prestatzeko prozedura. Ekintza zibilak eta lan-ekintzak erabili aurreko erreklamazioak.

37.–Administrazio-egintzen eraginkortasuna. Baliozkotasunaren presuntzioa. Eraginkortasunerako baldintzak. Isiltasun administratiboa. Betebeharra eta etendura. Egintza administratiboak betetzea.

38.–Egintza administratiboaren baliogabetasunaren teoria. Egintza deusezak eta deuseztagarriak. Egintza administratiboa baliozkotzea. Ofiziozko berrikuspena.

39.–Administrazio ekintzaren formak. Sustapena eta horren baliabideak. Iruñeko Udalean aplikagarriak diren dirulaguntza-araudien zerrendaketa eta deskribapen laburra.

40.–Mugapenaren jarduera administratiboa. Kontzeptuaren bilakaera. Haren oinarriak. Mugatzeko jardueraren adierazpideak. Baimenak. Emakidak.

41.–Espainiarren eskubideen gaineko administrazio baldintzak. Herritarren Segurtasunari buruzko Lege Organikoa. Eskubideen etendura eta salbuespen egoerak.

42.–Nafarroako toki-entitateen jarduketen prozedura eta araubide juridikoa. Toki-entitateen jarduketen inpugnazioa eta kontrola. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

43.–Errekurtso administratiboak. Gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa. Berraztertzeko aparteko errekurtsoa.

44.–Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa. Bilakaera historikoa eta Espainiako araubide indarduna. Izaera. Hedapena eta mugak.

45.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Alderdiak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren xedea. Administrazioarekiko auzien prozedura: lehen auzialdian edo auzialdi bakarrean eta laburtua. Epaia eta horren betearaztea.

46.–Iruñeko Udalak duen araudia. Haren erregelamendu eta ordenantzak.

47.–Biztanleria handiko udalak antolatzeko araubidea: aplikazio-eremua; osoko bilkuraren antolaketa eta eskudantziak; alkatea eta alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarraren antolaketa eta eskudantziak, aholkularitza juridikoa.

48.–Euskarari buruzko Foru Legea eta horren erregelamenduak. Euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan. Iruñeko Udalean euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen ordenantza.

2.–Antolamendua.

1.–Antolaketa administratiboa. Konstituzio-printzipioak. Administrazio-organoak: kontzeptua eta motak. Eskumenak eta horien eskualdaketa. Hierarkia. Deskontzentrazioa. Administrazioaren zentralizazioa eta deszentralizazioa. Koordinazioa eta kontrola.

2.–Administrazio publikoen arteko harremanak. Printzipio orokorrak. Administrazioen arteko elkarlana, lankidetza eta koordinazioa. Sektorekako konferentziak eta bestelako lankidetza-organoak. Lankidetza-hitzarmenak eta baterako plan eta programak.

3.–Korporazioen administrazioa. Lanbideko elkargoak eta ganbera ofizialak Nafarroan. Erakundeen Administrazioa. Erakunde autonomoak. Enpresa-entitate publikoak. Nafarroako araubidearen aipamen berezia.

4.–Estatuko Administrazio Orokorraren antolamendua. Organo gorenak. Gobernuko burua eta buruordea. Ministroen Kontseilua eta Gobernuaren Batzorde Delegatuak. Ministroak. Bestelako organoen aipamena.

5.–Estatuko Administrazio Orokorraren lurralde organoak. Gobernuaren ordezkariak autonomia erkidegoetan. Gobernuaren ordezkariordeak probintzietan.

3.–Eskumenak.

1.–Nafarroako Foru Araubidea. Bilakaera (1512-1982): Nafarroa, erresumatik Foru Komunitatera. Foruen Legeen aipamen berezia; batez ere, 1841eko Lege Itundua.

2.–Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Prestakuntza-prozesua. Izaera eta esanahia. Atariko titulua. Erreforma.

3.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Osaera, antolaketa eta eginkizunak. Parlamentuak gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna.

4.–Legegintzako ekimena. Foru legeak. Izaera eta motak. Legegintzaren prozedura. Legegintzako herri-ekimena. Udalen legegintzako ekimena.

5.–Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua. Eginkizunak. Lehendakaria. Horren hautapena. Kontseilariak. Foru Komunitateko Administrazioa. Foru-dekretuak eta foru-aginduak. Egintzak eta errekurtsoak.

6.–Nafarroako Justizia Administrazioa. Antolaketa. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia. Nafarroako Foru Komunitateak estatuarekin eta autonomia erkidegoekin dituen harremanak.

7.–Nafarroako Kontuen Ganbera. Antolaketa eta eskumenak. Erresumako Kontuen Auzitegiarekin dituen harremanak.

8.–Hitzarmen ekonomikoaren araubidea. Hitzarmen ekonomikoak: historia eta izaera juridikoa. Nafarroako zerga-autonomiaren printzipioak. Egun estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean dagoen hitzarmen ekonomikoa.

9.–Nafarroako Kontseilua. Sorrera eta justifikazioa. Izaera eta ezaugarriak. Osaera. Antolakuntza. Eskumenak. Funtzionamendua.

10.–Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa. Sorrera eta justifikazioa. Erakundearen izaera. Hautatzea, kargu uztea eta ordezkatzea. Prerrogatibak eta bateraezintasunak. Eskumenak. Erakundearen funtzionamendua. Parlamentuarekin eta gorte nagusiek izendatutako arartekoarekin dituen harremanak.

11.–Nafarroaren eskumenak. Horien antolamendua Foruaren Hobekuntzan: sailkapena eta printzipioak. Transferentzien Batzordea.

12.–Nafarroako Toki Administrazioa (I). Nafarroaren eskumenak hura arautzeko. Nafarroako Udalerriak: kontzeptua, elementuak, sinboloak, antolaketa eta eskumenak. Administrazioarteko harremanak.

4.–Araubide Juridikoa.

1.–Datu pertsonalen babesa Europan eta Espainian. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoa.

2.–Administrazio elektronikoa: sorrera. 11/2007 Legea, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa.

3.–Nahitaezko desjabetzea. Bilakaera historikoa. Kontzeptua. Izaera eta justifikazioa. Osagaiak: subjektuak, xedea, arrazoia eta edukia.

4.–Desjabetze prozedura. Prozedura bereziei buruzko aipamena. Partikularraren bermeak.

5.–Toki-entitateen erregelamendu-ahalmena: erregelamendu eta ordenantzak. Horiek prestatzeko prozedura. Erregelamendu organikoa. Bandoak.

6.–Administrazioaren zehapen-ahalmena. Printzipio orokorrak. Zehapen-prozedura.

7.–Administrazio publikoaren ondare-erantzukizuna. Bilakaera eta gaur egungo araubidea.

8.–Gardentasuneko Foru Legea eta Gardentasun-legea.

9.–Hauteskunde-araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoa.

5.–Langileria.

1.–Funtzio publikoa: funtzionarioekiko harreman juridikoen izaera eta edukia. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren estatutua. Estatutua garatzen duten arauak.

2.–Lan-zuzenbidea. Iturriak. Langileen Estatutua. Lan-kontratazioa Administrazio Publikoetan.

3.–Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasun-araubidea.

6.–Kontratazioa.

1.–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea (I): Aplikaziorako arau orokorrak eta eremua. Kontratistak. Administrazio publikoen kontratu guztietarako xedapenak. Esleipena egin aurreko jarduketak.

2.–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea (II): Esleitzeko prozedurak eta irizpideak. Kontratazioaren kudeaketa hobetzeko sistemak. Publizitate arauak eta epeak. Esleipena, hobekuntza eta formalizazioa.

3.–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea (III): Kontratuak gauzatzea. Ordaintzea eta prezioak berrikustea. Kontratuen amaiera eta baliogabetasuna. Erreklamazioak eta beste kontrol neurri batzuk. Nafarroako toki entitateen kontratazioko espezialitateak.

7.–Ondasunak.

1.–Jabari publikoa. Kontzeptua eta izaera. Elementuak. Araubide juridikoa.

2.–Nafarroako toki-entitateen ondasunak (I): Kontzeptua, sailkapena eta araubide juridikoa. Kalifikazio juridikoa. Aldatzea. Atxikitzea. Eskuratzea. Defentsa, kontserbazioa eta berreskuratzea.

3.–Nafarroako toki-entitateen ondasunak (II): Ondasunen inbentario eta erregistroa. Erabilera eta aprobetxamendua; bereziki, administrazio-emakidak. Besterentzea eta karga ezartzea.

8.–Zerbitzu publikoak.

1.–Zerbitzu publikoa. Kontzeptuaren bilakaera. Zerbitzu publikoa eta administrazio-prestazioak.

2.–Zerbitzu publikoa kudeatzeko moduak. Zuzeneko kudeaketa. Zeharkako kudeaketa. Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua. Enpresa publikoak eta enpresa mistoak.

3.–Nafarroako Toki Administrazioa (III). Esku-hartze administratiboa jarduera pribatuan. Zerbitzu publikoak kudeatzeko moduak. Zerbitzu ekonomikoak. Partzuergoak. Ekintza sozioekonomikoa.

4.–Merkataritzako sozietateak, oro har. Merkataritzako sozietatearen legezko kontzeptua. Sozietate zibilarekiko aldeak. Motak. Sozietate irregularrak eta formaziokoak. Merkataritzako Erregistroa.

9.–Aurrekontuak.

1.–Aurrekontua: kontzeptua, izaera eta motak. Espainiako aurrekontua, horren antolamendu juridikoaren iturriak, edukia eta egituraren oinarrizko printzipioak.

2.–Gastu publikoa: gaiari buruzko printzipio konstituzionalak. Gastuetarako aurrekontu-kredituen mugak. Gastu publikoaren exekuziorako prozedura.

3.–Diru-sarrera publikoak: sailkapena. Zor publikoa: kontzeptua, motak eta araubide juridikoa.

4.–Tributuak: kontzeptua, izaera eta motak. Zergari buruzko azterlan berezia. Espainiako tributu arloko antolamendua: printzipio orokorrak.

5.–Tributuen kudeaketa, likidazioa, diru-bilketa eta ikuskapena. Tributu-egintzen berrikuspena bide administratiboan. Tributu-arloko arau-hauste eta zehapenak. Delitu fiskala.

6.–Nafarroako toki-ogasunen baliabideak eta haien araubidea. Udal-zergak. Nafarroako toki-entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan duten parte hartzea.

7.–Nafarroako toki-entitateen aurrekontuak: edukia eta onespena. Aurrekontuko kreditu eta aldaketak. Exekuzioa eta likidazioa. Kontrola eta fiskalizazioa.

10.–Hirigintza.

1.–Udalaren hirigintzako planeamendua (I). Udal Plan Orokorraren kontzeptua eta konfigurazioa. Xedea, edukia eta tipologia. Prestatzeko eta onesteko prozedura. Udal Plan Orokorraren ondorioak, indarraldia eta aldaketa.

2.–Udalaren hirigintzako planeamendua (II). Hori garatzeko planeamendua. Edukia. Haren prestaketa. Aplikazioa eta ondorioak.

3.–Lurzoruaren hirigintzako araubidea. Lurzoruaren hirigintzako araubidearen printzipio orokorrak. Lurzoruaren jabetzaren legezko estatutua. Lur eta eraikinen jabeen hirigintzako betebehar orokorrak edozein lurzoru motatan: erabilera, kontserbazioa eta zaharberritzea. Lurzoruaren sailkapena. Hiri-lurzoruaren, lurzoru urbanizagarriaren eta urbanizaezinaren araubidea: jabeen eskubide eta betebeharrak.

11.–Ingurumena.

1.–Foru Legea, ingurumena babesteko esku hartzeari buruzkoa, eta hura garatzeko erregelamendua.

2.–14/2018 Foru Legea, hondakinei eta horien zerga-sistemari buruzkoa.

3.–21/2013 Legea, ingurumen-eraginaren ebaluazioari buruzkoa.

4.–235/1991 Foru Dekretua, Iruñeko Udala eskuordetzeko.

12.–Funtzionamendua.

1.–Udalbatzako kide egitea, izaera hori eten eta galtzea. Eskubideak eta eginbeharrak. Talde politikoak. Interesen erregistroa. Udalbatzaren agintaldia eratu, mantendu eta bukatzea.

2.–Nafarroako Toki Administrazioa (II). Nafarroako toki-entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien partaidetza.

3.–Toki-entitateen antolaketa eta jarduna arautzeko erregelamendua.

4.–Iruñeko Udalaren jardunaren araubidea, biztanle-kopuru handiko udalerri den heinean.

5.–Iruñeko Udalaren Osoko Bilkuraren Erregelamendua.

6.–Iruñeko Udalaren Erregelamendu Organikoa.

7.–Zinegotzien Estatutua. Ondasunen Erregistroa. Ordainsariak.

Oharra: gai guztiak deialdiaren aldaketa hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoan onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L1911754