183. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1731/2019 EBAZPENA, irailaren 2koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedrak sustaturik, deialdi bat onesten da 2018-2019 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu eta gainditutako ikasketa amaierako bi lan onenak saritzeko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak, Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Katedra osatzen duten aldetik, beharrezkotzat jotzen dute ezagutza sortzea Parlamentuko jarduerarekin eta Iritzi Publikoari buruzko Katedraren gaiekin lotutako arloetan, esaterako iritzi publikoaren, herritarren parte-hartzearen, berrikuntza sozialaren eta abarren inguruan.

Helburu horiek lortzeko ezarri diren jardueren artean, aipatu arloetako gradu eta master amaierako lanen kalitatea sustatu nahi da.

Ondorioz, Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak, 2019. urterako prestatu diren jardueren programazioan, diru kopuru bat ezarri zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2018-2019 ikasturtean arlo horien inguruan defendatu diren ikasketa amaierako lanik onenak saritzeko (gradukoak eta masterrekoak).

Ikusirik Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoaren akta eta proposamena.

Ikusirik Unibertsitateko Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik kreditu erreserbaren ziurtagiria eta Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2019ko uztailaren 3an emandako 1420/2019 Ebazpenaren bidez ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Deialdi bat onestea, Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedrak sustaturik, 2018-2019 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu eta gainditutako ikasketa amaierako bi lan onenak saritzeko, ebazpen honen eranskineko oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko. Gastua, 800,00 eurokoa gehienez, sarietarako izango da, eta Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2019ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partidaren kargura ordainduko da.

2019.

30.3119.7541 0380 480.25 Katedren sarietarako 800,00 euro.

Hirugarrena.–Deialdiak sari bat du modalitate bakoitzean (gradu amaierako lana eta master amaierako lana): saria 350,00 eurokoa izango da gradu amaierako lanik onenarentzat, eta 450,00 eurokoa master amaierako lanik onenarentzat.

PFEZari dagokionez, sari hauek jarduera profesionalaren errendimendutzat jotzen dira; beraz, aplikatuko zaien atxikipena %15ekoa izango da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 78. artikuluaren arabera.

Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontuhartzailetzari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedraren webgunean argitara dadila agintzea (http://www.unavarra.es/catedra-opinion-innovacion).

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko irailaren 2an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

IRITZI PUBLIKOARI ETA BERRIKUNTZA SOZIALARI BURUZKO NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN ETA NAFARROAKO PARLAMENTUAREN KATEDRAREN DEIALDIAN IKASKETA AMAIERAKO BI LAN ONENAK SARITZEKO OINARRIAK

2019ko irailaren 2ko 1731/2019 Ebazpenaren eranskina.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak, Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Katedra osatzen duten aldetik, beharrezkotzat jotzen dute ezagutza sortzea Parlamentuko jarduerarekin eta Iritzi Publikoari buruzko Katedraren gaiekin lotutako arloetan, esaterako iritzi publikoaren, herritarren parte-hartzearen, berrikuntza sozialaren eta abarren inguruan.

Alde horretatik, ikasketa amaierako bi lan onenak saritzeko deialdia egin da 2018-2019 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Aplikatuko Graduko ikasle izan direnentzat.

Hori dela eta, Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedraren Bitariko Jarraipen Batzordeak deialdi hau egiten du:

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua prozedura bat arautzea da, publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera ikasketa amaierako bi lan onenak saritzeko: sari bat gradu amaierako lanik onenari (GAL) eta beste bat master amaierako lanik onenari (MAL), betiere ikasleek 2018-2019 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu eta gainditu badituzte.

Bi sariak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Aplikatuko ikasleei daude zuzenduak, hain zuzen 2018-2019 ikasturtean GALa zein MALa aurkeztu, gainditu eta gutxienez “bikain” nota lortu dutenei.

Bigarrena.–Finantzaketa.

Deialdi honek 800,00 euroko aurrekontua du osotara. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2019ko gastuen aurrekontuko 30.3119.7541 0380 480.25 Katedren sarietarako izeneko aurrekontu-partidaren kargura ordainduko dira.

Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedrak jarriko du diru kopuru hori.

Hirugarrena.–Sarien modalitateak.

Sarien deialdiak modalitate hauek izango ditu:

A.–Gradu amaierako lanen modalitatea: 350,00 euroko saria emango zaio gradu amaierako lanik onenari.

Saria eman gabe gelditzen bada, dela hautagaitzarik izan ez delako, dela epaimahaiak hala erabaki duelako, zilegi izango da master amaierako lanen modalitatean 350,00 euroko bigarren sari bat ematea.

B.–Master amaierako lanen modalitatea: 450,00 euroko lehen sari bat emango zaio master amaierako lanik onenari.

Saria eman gabe gelditzen bada, dela hautagaitzarik izan ez delako, dela epaimahaiak hala erabaki duelako, gradu amaierako lanik onenaren saria 450,00 eurora handituko da, eta zilegi izango da modalitate horretan 350,00 euroko bigarren sari bat ematea.

Aplikatu beharreko atxikipena %15 da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 78. artikuluak ezartzen duenez.

Laugarrena.–Hautagaiek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Aplikatuko graduatu guztiek izango dute sari hauen deialdian hautagai izateko aukera, betiere 2018-2019 ikasturtean GALa zein MALa aurkeztu, gainditu eta gutxienez “bikain” nota lortu badute.

Deialdi honetan lehiatzen diren gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak defendatuta eta gaindituta egon behar dira hautagaitzak aurkezteko azken egunean.

Bosgarrena.–Eskabideen aurkezpena.

Sariketan parte hartu nahi duten hautagaiek eskaera egin beharko dute, http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/investigacion/transferencia-conocimiento/premios-tfe-cat-parlamento.pdf estekan dagoen inprimaki normalizatuaren bidez. Inprimakia Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar da, edo Administrazio Prozedura Arautzen duen Legeak ezartzen duen edozein bidez baliatuz, lege horrek ezartzen dituen tokietan.

Horretaz gainera, mezu elektroniko bat bidali behar dute catedra.opinionpublica@unavarra.es helbide elektronikora, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu baino lehen, eta gaian “Parlamentuaren Katedraren sariak ikasketa amaierako lanik onenentzat” jarri behar dute, hautagaiaren izen-deiturekin, eta dokumentazio hau erantsirik:

–Gradu amaierako lana edo master amaierako lana.

–Azalpen labur bat norberaren ikasketa amaierako lanak saria zergatik merezi duen eta proposatutako arloetakoren bati (Parlamentuko jarduera eta Iritzi Publikoari buruzko Katedraren gaiekin lotutako arloak, esaterako iritzi publikoa, herritarren parte-hartzea, berrikuntza soziala, etab.) zer ekarpen egin dion adierazteko (orrialde bat gehienez).

Hautagaitzak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2019ko urriaren 21ean bukatuko da.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

Seigarrena.–Sarien epaimahaia.

Honako hiru kide hauek osatutako epaimahaiak erabakiko du sariak nori eman:

–Jesús Vidal Díaz de Rada Igúzquiza Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedraren zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona, zeina epaimahaiburu lanetan arituko baita.

–Elvira Sanz Tolosana Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatearen dekanorde eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Aplikatuko Graduaren arduraduna, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasle doktore bat, edo hark eskuordetzen duen pertsona, zeina epaimahaiko idazkari lanetan arituko baita.

Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedraren zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta horretarako dei egingo die epaimahaikideei. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketak egingo ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

Zazpigarrena.–Sariak emateko modua.

Hautagaitzak ebaluatzeko, epaimahaiak honako alderdi hauek hartuko ditu kontuan:

–Aztertutako gaiaren interesa eta deialdiaren edukietarako egokitzapena.

–Kalitate zientifikoa eta teknikoa. Zehaztasuna iturrien erabileran eta lanaren barne sendotasuna.

–Estiloaren zuzentasuna eta argitasuna adierazpenean eta lanaren aurkezpenean.

Hautagaitzak ebaluatu ondoren, epaimahaiak sariak emateko proposamena egingo du, txosten arrazoituan oinarritua.

Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio sariak emateko proposamena. Errektoreordeak dagokion ebazpena emango du, GAL onena eta MAL onena saritzeko. Ebazpen horretan, saritutako hautagaien izena baino ez da agertuko, eta gainerako hautagaitzak atzera bota direla ulertuko da.

Saria eman gabe utz daiteke epaimahaiaren iritziaren arabera, edo hautagairik ez dagoelako.

Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Sariak banatzeko ekitaldi publiko bat egingo da Nafarroako Parlamentuan, eta abenduaren 15a baino lehenago emango zaie horren berri irabazleei.

Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedrak emango du sarituen berri, irabazleei saria emateko ekitaldi publikoa izan baino lehenago betiere.

Zortzigarrena.–Sarituen betebeharrak.

Sarituek jasotzen duten diru kopurua nahi bezala erabiliko dute, eta 2019ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko zaie.

PFEZari dagokionez, sari hauek jarduera profesionalaren errendimendutzat hartuko dira, eta, beraz, Unibertsitateak %15eko atxikipena egingo du.

Irabazleak derrigorrean joan beharko dira sariak banatzeko ekitaldi publikora, salbu eta behar bezala egiaztatutako ezinbesteko arrazoiren bat badago.

Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izango da saria kentzea. Hala gertatzen denean, hartutako dirua itzuli beharko du interesdunak.

Bederatzigarrena.–Argitalpena.

Deialdi honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedraren webgunean argitaratuko dira: http://www.unavarra.es/catedra-opinion-innovacion.

Halaber, Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedra arduratuko da oinarriak zabaltzeaz.

Deialdi hau aplikatzeko emandako gainerako egintzak Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedraren webgunean argitaratuko dira: http://www.unavarra.es/catedra-opinion-innovacion, eta ez beste inon.

Bitarteko horiek dira Iritzi Publikoari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Parlamentuaren Katedrak onarturiko tresna bakarra; nolanahi ere, interesdunei posta elektronikoaren bidez eginiko jakinarazpen bat bidal liezaieke modu osagarrian eta ez ofizialean.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka, interesdunek zilegi dute berraztertzeko errekurtsoa jartzea, hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F1911677