182. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERRI

Komunikazio ez-sexistaren arloko udal ordenantza. Behin betiko onespena

Iragarki honen bitartez, jakinarazten da 2019ko maiatzaren 9an osoko bilkurak hartu erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zela Komunikazio ez-sexistaren arloko udal ordenantza. Jendaurreko aldiaren izapidea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, bidezkoa da onespen hori behin betiko bihurtzea eta testua osorik argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Jendaurrean jartzen da orok jakin dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta ohartarazten da behin betiko onespen horren kontra errekurtso hauetako bat jar daitekeela: gora jotzekoa, Nafarroako Administrazio Auzitegian, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita; eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunean, bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Erriberrin, 2019ko abuztuaren 12an.–Alkatea, Maite Garbayo.

KOMUNIKAZIO EZ-SEXISTAREN ARLOKO ORDENANTZA

Zioen azalpena

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarrizko eskubidea da, eta gizarte demokratiko orok izan behar duen balioa da.

Zentzu horretan, hizkera lagungarria izan daiteke aldaketa sustatzeko, eta ezagutzak eta kultura transmititzeko, baina, desberdinkeria areagotzeko tresna ere bihurtzen ahal da. Hizkera sexista da, hain zuzen, emakumeak gizartean diskriminatzen dituena. Hala, Genero eta Hizkuntza Nazioarteko Elkartearen aholkularitza kontseiluko Mercedes Bengoechea Bartolomé kidearen ustez, erabateko herritartasun politikoa lortzeko, ezinbestekoa da “gorpuzdun subjektu bezala izendatuak izatea, hau da, femeninoan”.

Europako Parlamentuak, 2008ko otsailean argitaratutako txosten batean, adierazi zuen hizkera ez-sexistaren erabilera ez dela soilik zuzentasun politikoaren kontua, izan ere, eragin nabaria baitu jarreran, jokabidean eta pertzepzioetan. Urtebete geroago, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Berdintasun Batzordeak txosten horren zati bat erabili zuen barne txosten batean, ulertu baitzuen organo konstituzionala izanik, gai horretan ere eredugarri izan behar dela.

Berriki, Europar Batasuneko Kontseiluak dokumentu berri bat argitaratu zuen, zenbait gidalerro emanez, nahi gabeko hizkera sexista eta diskriminatzailea saihesteko administrazioan, lan giroan (Kontseiluaren Idazkaritza Nagusia, 2018). Gida horretan azpimarratzen zen hizkera ez-sexista (eta ez lerratua) araua izan behar dela komunikazioan. Azken finean, lanerakoak diren horrelako agirien helburua hizkuntza aberastea besterik ez da, eta aldarrikatzea hizkuntza berdintasunez jarduteko komunikazio tresna izan dadila.

Hizkera ez-sexista, dudarik gabe, tresna eraginkorrenetariko bat da oinarrizko eskubide hori errespetatzeko, alegia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea. Irudia ere elementu estrategikoa da, horri esker emakumeak eta gizonak egoki ikustaraztea ahalbidetuko baitu, generoaren araberako estereotiporik gabe.

Esan beharra dago emakumeen eta gizonen arteko bereizkeriak kalte sozialak eta ekonomikoak eragiten dituela, bai eta giza mailan ere. Hortaz, nabarmentzekoa da toki administrazioak gai honen inguruan duen rola funtsezkoa dela; aldaketa sustatzeko eta alor horretako lorpenak neurtzeko xedez, politika proaktiboak sustatzeari dagokionez. Hori dela eta, Erriberriko Udalak, ordenantza honen bitartez, modu aktiboan lagundu nahi du hizkerako eta irudietako sexismoa ezabatzen, urrats bat aurrera eginez gizarte askoz justuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko bidean.

Araudi hau, beraz, justifikatua dago, interes orokorreko gaiari heltzen baitio, eta bere helburua lortzeko beharrezkoak diren arauak biltzen baititu, beharraren, eraginkortasunaren eta proportzionaltasunaren printzipioei jarraikiz.

Horrez gainera, Erriberriko Udalak, partaidetza ahalbidetu du ordenantzaren prestaketan, gardentasunaren printzipioa aplikatuz. Amaitzeko, ordenantza modu koherentean aplikatuko da, errespetatuz gainerako ordenamendu juridikoa, bai estatu mailakoa bai Europar Batasunekoa, segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko xedez.

ARAU ESPARRUA

Sexismoa hizkeraren erabileran nazioarteko arazo gisa identifikatu zen 1975ean Mexikon egindako Emakumeei buruzko lehenengo mundu-konferentzian. Horrez geroztik, hizkuntzen erabilera sexista saihesteko proposamenak eta gomendioak egiten dira behin eta berriz.

Hona hemen arlo honetan eragiten duten zenbait xedapen eta arau:

UNESCOren 1987ko (14.1) eta 1989ko (109.) Ebazpenak, honako hau sustatzen dutenak: “Erakundearen laneko dokumentuak idaztean, agerian nahiz gordean sexu bakarraren aipua egiten duten hitz zein esamoldeen erabilera saihestea, ahal den neurrian, non ez diren emakumearen aldeko neurriak”; eta “emakumearen aipua agerian egiteko hiztegiaren erabilerari buruzko gidalerroak sustatzen jarraitzea, eta Estatu Kideetan hitz horien erabilera bultzatzea”.

Tokiko Bizian Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Europako 2006ko Gutunak 6. artikuluan azpimarratzen du tokian tokiko arduradunek konpromisoa hartu behar dutela “ahal den neurrian aurreiritziak saihesteko eta prebenitzeko, bai eta bataren zein bestearen gehiagotasuna zein gutxiagotasuna edota rol maskulino eta femenino estereotipatua islatzen dituzten esamoldeen eta irudien erabilera ere”; halaber, bermatu behar dute “haien komunikazio barneko nahiz jendaurrekoetan, ahoz zein idatziz, konpromiso horri eustea”, “generoari lotutako irudi eta adibide positiboen erabilera” sustatuz.

Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeak berdintasunaren arloko arauei eta mekanismoei buruz 2007ko azaroaren 21ean onartutako gomendioa da hizkeran dagoen sexismoa ezabatzeko arau nagusia; gomendio horren arabera, Estatu Kideen helburua da “esparru guztietan hizkera ez sexista sustatzea, bereziki sektore publikoan, bai eta hezkuntzako maila eta modu guztietan eta hedabideetan ere”. Horrez gain, Estatuen borondatea eta gogoa islatuko luketen zenbait elementu zerrendatzen ditu, hala nola, “sektore publikoa, dokumentu ofizialetan, hizkera ez sexista erabiltzeko agintzea, zehazki, testu juridikoetan, dokumentu politikoetan, programetan, formularioetan eta galdetegietan”.

Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoak ere azpimarratzen du estereotipoetan oinarrituta emakumea diskriminatzen duten irudiak ez erabiltzearen garrantzia, eta 10. artikuluan dio ez dela zilegi “emakumearen irudia modu iraingarri edo diskriminatzailean erabiltzen duen publizitatea”.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak hizkera ez-sexista ezartzen du, botere publiko guztien jarduketarako, administrazio eremuan erabili beharreko irizpide nagusi gisa, eta dio hura sustatu behar dela harreman sozial, kultural eta artistiko guztietan. Halaber, Informazio Gizartearen esparruan zehazki, ezartzen du “hizkera eta eduki ez-sexistaren erabilera bermatu behar dela, osorik zein neurri batean diru publikoz lagundu diren informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloko proiektuetan”; bestalde, neurri zehatzak jasotzen ditu, berdintasuna bermatzeko hedabide publiko nahiz pribatuetan.

1995eko martxoaren 22ko Ministerio Aginduak titulu akademiko ofizialen egokitasuna arautzen du, titulua eskuratzen duen pertsonaren arabera erabiltzeko (maskulinoan eta femeninoan); hala, Espainiako Hizkuntza Akademiaren aldarrikapena ere biltzen du, tituluak feminizatzearen alde, eta, eranskinean, feminizatutako zenbait titulu ageri dira.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, botere publikoek jarduteko printzipioak ezartzen ditu, pertsona fisiko eta juridiko publiko nahiz pribatuen eskubideak eta betebeharrak arautzen ditu, berdintasuna eta sexuan oinarritutako diskriminazio eza bermatzeko egiturak, tresnak eta bitartekoak ezartzen ditu, genero ikuspegiaren zeharkakotasuna txertatzen du, politika publiko guztietako informazio printzipioa izan dadin, eta politika horien muinean bizitzaren jasangarritasuna kokatzen du.

Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak honako hau dio III. tituluan: “tratamenduagatik edo agertzeko moduagatik, emakumeen kontrako indarkeria justifikatzen, arinkeriaz tratatzen edo bultzatzen duten publizitateko edukiak eta iragarkiak egitea eta zabaltzea saihestuko da, bai eta emakumeen duintasuna urratzen duten mezu berariazkoak edo esan gabekoak dituztenak ere, Estatuko oinarrizko arauetan ezarritakoarekin bat”.

Horrez gainera, Ordenantza honekin “Genero Berdintasuna Nafarroako Toki Entitateetan” izenburua duen dokumentuan adierazitako helburuetako bat betetzen da. Udalean berdintasunaz arduratzen diren arloen lana antolatzeko, kudeatzeko eta ebaluatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuak prestatu duen ibilbidean Informazioaren Kudeaketa eta komunikazio politika izeneko programa aurkitzen da Tokiko Gobernantza eta Genero Zeharkakotasuna izeneko arloan. Hona hemen haren helburuak: udalak hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzea bere jardunean; udal mailan hizkera eta irudi ez-sexisten erabilera sustatzea eta berdintasunari buruzko informazioa zabaltzea, bai udal langileen artean bai herritarren artean.

Horrenbestez, eta aipatutako araudia beterik, erabaki da honako ordenantza hau onestea:

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantzaren helburua da udal mailan hizkera eta irudi ez-sexisten erabilera sustatzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Ordenantza hau Erriberriko Udalean eta haren mendeko erakunde autonomoetan aplikatuko da.

2. Halaber, udalaren eskumenekoak diren zerbitzuak ematen dituzten hirugarren entitateei ere aplikatuko zaie ordenantza hau, kudeaketarako edozein formula erabiltzen dutela, bakoitzari dagokion neurrian.

II. TITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

3. artikulua. Lanpostuen izenak.

1. Urteroko plantilla organikoan, lanpostuak forma bikoitza erabiliz izendatuko dira (maskulinoan eta femeninoan).

2. Departamentu, arlo, burutza eta zerbitzuetako errotulu guztiak modu generikoan izendatuko dira, edo femeninora edo maskulinora egokituko dira, horietan lan egiten duten pertsonen arabera.

4. artikulua. Hizkera eta komunikazio ez-sexistak.

Nahitaezkoa da hizkera eta komunikazio ez-sexistak erabiltzea honako hauetan:

–Udalaren deialdi publikoetako lanpostuak izendatzean.

–Udalaren deialdi publikoetako probak idaztean.

–Udal langileen hitzarmen eta akordio kolektiboan.

III. TITULUA

Harreman administratiboak

5. artikulua. Dokumentu administratiboak eta barne erabilerakoak.

Erriberriko Udalaren edo haren mendeko erakunde autonomoen eta udal enpresen argitalpen, dokumentu administratibo, ordenantza, zirkular, formulario, inprimaki eta abarretan, oro har, hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliko dira.

6. artikulua. Kanpo komunikazioa.

Erriberriko Udalak beste administrazio publiko, entitate zein enpresa pribatuei bidaltzen dizkien dokumentu, jakinarazpen eta komunikazioetan, oro har, hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliko dira.

IV. TITULUA

Herritarraren eskubideak

7. artikulua. Herritarraren eskubidea.

Herritarrek eskubidea dute Erriberriko Udalari eskatzeko komunikazio sistema ez-sexista erabiltzeko.

8. artikulua. Udal langileen prestakuntza.

Erriberriko Udalak prestakuntza emango die langileei, hizkera eta irudi sexistarik erabiltzen ez dutela bermatzeko.

V. TITULUA

Udal komunikazioa

9. artikulua. Komunikazio ez-sexista.

Erriberriko Udalak estereotipo sexistarik gabeko hizkera eta irudiak erabiliko ditu honako hauetan:

–Udalak, administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez, herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

–Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta horrelako elementuak.

–Jaietako programetan.

–Dibulgazioko iragarkietan, idazkietan eta buletinetan.

–Prestakuntza ekintzetan (ikastaroak, hitzaldiak, jardunaldiak, mintegiak).

–Udal egoitza eta bulegoetako errotuluetan, eta udal langileen arropa edo uniformeetan.

–Bandoak, ediktuak, afixak eta argibideak emateko plakak.

–Eraikinetako, kaleko eta eremu publikoetako errotuluak.

–Autobus markesinetan eta taxi geltokietan.

–Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

–Udalaren web orria.

10. artikulua. Udal iragarkiak.

Erriberriko Udalak eskatuko du hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzeko egunkarietan argitaratzen diren udal iragarkietan, ikus-entzunezko baliabideetako (irratia eta telebista) publizitatean eta sare sozialetako mezuetan.

VI. TITULUA

Kontratuak, dirulaguntzak eta hitzarmen publikoak

11. artikulua. Kontratazio publikoa.

Erriberriko Udalak zerbitzu publikoetarako egiten dituen kontratazio espedienteetan, klausula bat txertatuko da, emakumeendako iraingarri eta/edo baztertzaile diren irudi edo mezuak ez erabiltzeko konpromisoa eskatzeko, eta baloratu egingo da proiektu teknikoa idaztean hizkera ez-sexista erabiltzea.

12. artikulua. Dirulaguntza publikoak.

Dirulaguntza publikoak ematerakoan baloratuko da proiektuaren hizkera eta irudiak sexistak ez izatea.

13. artikulua. Administrazio publikoen arteko hitzarmenak.

Administrazio publikoen arteko hitzarmenen hizkera eta irudia ez-sexistak izango dira.

14. artikulua. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiaren arloko proiektuak.

Osorik zein neurri batean diru publikoz lagundu diren informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloko proiektuetan (web orriak, blogak eta abar), entitate onuradunek txosten laburra aurkeztu behar diote Erriberriko Udalari, eta bertan azaldu behar dute ordenantza honetako eranskinean jaso diren gomendioak kontuan hartu direla, hizkera eta eduki ez-sexistaren erabilera bermatzeko.

VII. TITULUA

Aholkularitza eta kontrola

15. artikulua. Aholkularitza.

Udaleko Berdintasun Batzordea arduratuko da Udalean hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzea zer den zehazteaz, eta Erdialdeko Garapenerako Partzuergoaren aholkularitza izango du horretarako.

16. artikulua. Jarraipena eta kontrola.

Udaleko Berdintasun Alorrak eskumena izango du jarraipena egiteko, alegia, ordenantza honetan ezarritakoa betetzen den egiaztatzeko, baita ordenantzaren helburua betetzeko lagungarria den edozein gairen gainean proposamenak egiteko ere.

VIII. TITULUA

Komunikazio ez-sexistaren sustapena

17. artikulua. Parte-hartzea ekimen eta kanpainetan.

Erriberriko Udalak Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioaren, eta Erdialdeko Garapenerako Partzuergoaren ekimen eta kanpainetan parte hartuko du, eta beste erakunde eta entitateekin batera ere bai, hizkera eta komunikazio ez-sexistak babesteko xedez.

18. artikulua. Eskura, webgunearen bidez.

Udalak Ordenantza honen berri emango du bere webgunearen bidez; hura desgaitasuna duten pertsonentzat egokitua egongo da, informazioaren eta komunikazioaren arloan erabilgarritasunaren printzipioa betetze aldera.

19. artikulua. Hedapen estrategia.

Erriberriko Udalak hedapenerako estrategia erabakiko du, udaleko langileei eta, oro har, herritarrei ordenantzaren berri emateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.–Ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egunen buruan.

Bigarrena.–Alkatetzak eskumena du nahi bezainbat agindu edo argibide emateko, ordenantza honetan jasotakoa behar bezala interpretatze, egite eta aplikatze aldera.

ERANSKINA

Gomendioak

Hizkera administratibo ez-sexistaren erabileran laguntzeko eta gaiak daukan garrantziaz sentsibilizatzeko, honako hauek erabiliko dira (adibide guztiak, gaztelaniaz):

–Generiko kolektiboak (adibidez: ‘infancia’, ‘vecindario’, ‘plantilla’ eta abar),

–Abstraktuak (adibidez: ‘jefatura’, ‘presidencia’, ‘ciudadanía’ eta abar),

–Perifrasiak (adibidez: el hombre = el ser humano),

–Desdoblamenduak (adibidez: ‘los trabajadores y trabajadoras’),

–Azalpenak emateko aposizioak (‘los afectados, tanto hombres como mujeres, recibirán...’),

–“Se” bidezko egiturak (adibidez: ‘se decidirá judicialmente’),

–Barrak, formulario edo inprimakietan (adibidez: D./Dña.),

–Titulazio edo lanbideen izenak, femeninoan ere bai.

Ez da gomendagarria a bildua edo forma maskulino generikoa erabiltzea.

Bestalde, irudiari dagokionez, honako hau proposatzen da:

–“Estereotipatu gabeko” gizon eta emakumeen irudiak erabiltzea,

–Dibertsitatea ikusaraztea,

–Espazio ez tradizionaletan bai emakumeen bai gizonen lorpenak agerian jartzea,

–Irudietan emakumeak eta gizonak modu berdintsuan azaltzea,

–Emakumeen gorputza ez erabiltzea desira edo kontsumoa sustatzeko.

Bukatzeko, zenbait adibide erantsi dira, udal mailan hizkera ez sexistaren erabilera sustatzen laguntzen ahal dutenak:

TESTUA

ORDEZKO PROPOSAMENA
(adibide guztiak, gaztelaniaz)

El trabajo de los artesanos

El trabajo artesanal

El trabajo de los y las artesanas

Literatura para niños

Literatura infantil

Literatura para niños y niñas

Los lectores

El público lector

Las lectoras y lectores

Los empresarios

Los empresarios y empresarias

El empresariado

La firma del apoderado

La firma de la persona apoderada

Café con empresarios

Café con empresas

El cliente

La clientela

La declaración del licitador

La declaración de quien licite

Los trabajadores

Los y las trabajadoras

La plantilla

Los proveedores

Las empresas proveedoras

El Jefe de obra

La Jefatura de obra

Una representación de los deportistas

Una representación de deportistas

Una representación de mujeres y hombres deportistas

Los directivos de la Federación

Las y los directivos de la Federación

La directiva de la Federación

TESTUA

ORDEZKO PROPOSAMENA
(adibide guztiak, gaztelaniaz)

Los socios

Las personas asociadas

Los profesores

El profesorado

Los alumnos

El alumnado

Los técnicos deportivos

Las técnicas y técnicos deportivos

El personal técnico deportivo

Estar interesado en los fines del club

Tener interés en los fines del club

Atención al Paciente

Atención a Pacientes

El médico de familia

La médica o médico de familia

Los usuarios

Las personas usuarias

Los extranjeros empadronados

Las personas extranjeras empadronadas

Los padres

Los padres y madres

Las familias

El niño

El niño y la niña

El ciudadano

La ciudadanía

Los empleados municipales

El personal municipal

El funcionario

El funcionariado

Iragarkiaren kodea: L1910675