182. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDIGORRIA

Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Mendigorriko Udalak, 2019ko maiatzaren 3an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzan.

Onespenaren erabakia argitaratu zen 2019ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 24an. Jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsi da ordenantzaren aldaketa, eta xedatu da testua osorik argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

Mendigorrian, 2019ko abuztuaren 7an.–Jarduneko alkate udalburua, José Antonio Arizala Yanguas.

ORDENANTZA, HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

Mendigorriko Udalak, 2012ko abuztuaren 13an egindako osoko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zuen Herri-lurren ordenantza. Mendigorriko Udalak, 2019ko maiatzaren 3an egindako bilkura arruntean, onetsi zuen hura aldatzea. Argitara ematen da testu bategina.

HITZAURREA

Ordenantza hau egin da kontuan hartuz aurreko herri-lurren ordenantzak eta errespetatuz Mendigorriko ohitura tradizionalak. Horretarako, parte hartzeko prozesu bat izan da, batzorde publiko eta irekien bidez. Horietan parte hartu dute Udalaren ordezkariek eta herriko biztanleek, nekazariek eta abeltzainek.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Mendigorriko udal-mugarteko herri-lurretako ondasunak administratzeko, horien xedapen egintzetarako, defentsarako, berreskurapenerako eta aprobetxamendurako.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen. Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Honako arau hauen menpe egonen dira herri-ondasunak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua; martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau; eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Mendigorriko Udalari dagozkio ahalmenak herri-lurretako ondasunak xedatzeko, administratzeko, aprobetxatzeko eta antolatzeko, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen gainean Mendigorriko Udalak hartutako erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, hala behar denean uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren arabera (lehenbizikoaren bidez jorratu zen Toki Administrazioa, eta bigarrenaren bidez onetsi zen Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua).

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

6. artikulua. Mendigorriko Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen die haientzat kaltegarri izan daitekeen pribatizazio saio edo ekintza guztiei.

7. artikulua. Mendigorriko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aitzinetik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

8. artikulua. Jabetza erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Mendigorriko Udalak, herri-lurrekin mugakide diren lursailen inmatrikulazioa edo gehiegizko hedadura dela eta. Nafarroako Gobernuak igortzen duen txostenaren gainean, Udalak erabakia hartuko du osoko bilkuran.

9. artikulua. Mendigorriko Udalak beharko du Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa baldin transakziorik egin nahi badu ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzeko.

10. artikulua. Baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, administrazio bidea erabiliko du beti Mendigorriko Udalak, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

11. artikulua. Mendigorriko Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak ebatziko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

12. artikulua. Mendigorriko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Mendigorriko Udalak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

13. artikulua.

1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea, nahiz judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez ere hiru urte lehenagotik.

c) Urtean gutxienez ere bederatzi hilabetez jarraian bizitzea egiazki Mendigorrian, eta horrela segitzea gutxienez ere adjudikazioaren bukaera arte.

d) Mendigorriko Udalarekiko betebehar fiskalak eta gainerakoak ordainduta izatea. Betebehar hori familia unitateko kide guztiei eskatuko zaie.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak izanik lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Mendigorriko Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, herri-lurren batzordeak edo arloari buruz eskumena duenak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

14. artikulua. Mendigorriko laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Mendigorriko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Mendigorriko Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.

15. artikulua. Eskaintza eta eskaera ahalik eta hobekien uztartzeko asmoz, Udalak erreserba zerrenda bat osa dezake, adjudikazioak behar baino lehenago amaitzen direnean erabiltzeko. Horretarako, betebeharrak betetzen dituzten interesdunek Udaletxean utz ditzakete beren datu pertsonalak, Udala haiekin harremanetan jartzeko, leku hutsik izanez gero.

Dena den, banaketarako lehen txanda (8 urte) eta gero egindako adjudikazioak egiteko, aplikatzekoak diren baldintzak betetzen dituztenak baino ez dira onartuko.

16. artikulua. Udalaren lurren adjudikazio-hartzaileek atsedenerako epe eta gaztigu hauek errespetatuko dituzte:

a) Lehorreko laborantzan, nekazariak bururatu beharko du paketatzeko eta uztaren hondarrak eramateko lana, beranduenez ere abuztuaren 5ean. Irailaren 15aren aurretik ezin izanen da herri-lurretan laborantzarik egin ez herbizidarik erabili ere, salbu ukitutako abeltzainak berariaz baimentzen badu.

b) Baldin nekazariak koltza erein nahi badu, edo beste labore goiztiar batzuk, abuztuaren 22tik aurrera ereiten ahal du, edo herbizida aplikatu, abeltzainari 5 egun lehenagotik abisatuta.

Artorako eta ureztalurretako beste labore batzuetarako ez da eperik jartzen; hortaz, ordenantza honek ezarritakoari jarraituko zaio.

17. artikulua. Laborantzako lehorreko herri-lurrak ureztalur bihurtzen badira, Mendigorriko Udalak ordenantza honetatik aplikatzekoa diren baldintzak ezarriko ditu, eta kontuan hartuko ditu, orobat, inbertsio horren kostuak, aldaketa hori Udalaren beraren ekimena izan nahiz laborantzarako lehorreko herri-lurren adjudikazio-hartzailearena izan.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

18. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

2. Familia unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duten kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60aren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Esaterako, kontuan hartuko dira errentaren gaineko zergaren azken hiru aitorpenen batezbestekoa, diru-sarrerak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, baita horren gisako beste edozein datu ere, baldin balio badute familia unitateak dituen ondasun, ustiapen edota bestelako sarreren bitartez lortutako edo lortu daitezkeen etekinak zenbatesteko.

4. Adjudikazio-hartzaile lehentasunezko izan nahi dutenek, horretarako betebeharrak betetzeaz gain, berariaz eskatu beharko dute eskabidean. Hala egiten ez badute, ez dira kontuan hartuko modalitate horretarako, nahiz eskakizunak bete.

19. artikulua.

1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearendako, aprobetxamendu mota honetan:

–Lehorreko lurra: 150 erregu (lehorreko zereala, 1990-11-27).

2. 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea; hots, 150 erregu lehorreko lur.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea, hau da, 300 erregu lehorreko lur.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea, hau da, 450 erregu lehorreko lur.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea; hots, 750 erregu lehorreko lur.

20. artikulua. Aurkezturiko eskaerak lur baliagarriak baino gehiago badira, Mendigorriko Udalak bi aukera hauetako bat hautatzen ahalko du:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia-unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Mendigorriko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honen 18. eta 19. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

b) Osoko Bilkuraren iritziz ez badira a) ataleko baldintzak betetzen, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

21. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da. Urte anitzeko laboreen kasuan, interesdunak idatziz eskatu eta Udalak baimendu ondoren, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

Nekazaritza ekologikoa egiten duten eskatzaileen kasuan, herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioan eta adjudikazio zuzenekoan, 2 edo 3 ziklo luzatzen ahalko da epea, edo, bestela, lehentasuna emanen da hurrengo zikloan lote berarekin segitzeko, baldin betetzen badira lehen aipatutako bi adjudikazio motetarako betebeharrak, eta jarraitzen badute ekoizpen ekologikoak ziurtatzeko organismoarekin hartutako konpromisoekin.

22. artikulua. Aprobetxamendu mota honetako adjudikazio-hartzaileek ordaindu beharreko kanona inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko urteko eta erreguko prezioen %50ekoa izanen da gehienez, eta Udalak behar bezala finkatuko du zenbateko hori, kontuan hartuz herri mugakideetako prezioak.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, nekazaritzako prezio berariazkoen eboluzioaren arabera, erreferentziatzat hartuz garagarraren prezioa lehorreko laboreetarako, eta artoarena, ureztalurretarako.

Nolanahi ere, kanonak Mendigorriko Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

23. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 13. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

24. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin adjudikazio-hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 13. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen badituzte.

Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko, baldin, Udal honen iritzian, laborantza pertsonalki egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoi batengatik soldatapekorik hartzen bada. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean komunikatuko zaio Mendigorriko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 25. artikuluan xedatua aplikatuko da.

25. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Mendigorriko Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Mendigorriko Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Familia unitate bereko kideen arteko subrogazioa baizik ez da onartzen, betiere eskaturiko baldintzak beteta eta ezgaitasuna edo erretiroa tarteko.

Mendigorriko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Onuradunei, herri-lurrak kentzen bazaizkie, Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

26. artikulua. Mendigorriko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, ziurtatzeko lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla.

Honako kasu hauetan ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makinak edukita, berari adjudikatutako herri-lurrak ez dituenean lantzeko erabiltzen.

b) Landazain Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen edo haren baliokidearen ustean, edo behar bezala gaituriko norbaiten aldi baterako laguntza izanik, norberak zuzenean lantzen ez baditu adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honetako 25., 26. eta 27. artikuluetan xedatzen den bezala.

c) Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta Udalak agindutako epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Mendigorriko Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

e) Adjudikatutako lurzatien barnean lantzeko modukoak diren lurren %80 gutxienez lantzen ez badira. Halakoetan kanona ordaindu beharko da nolanahi ere.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenak.

g) Udalak datuak egiaztatzeko eskaturik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko aitorpena aurkezten ez badute Udalak datuak egiaztatzeko eskatutakoan.

Udalak bereziki zainduko du c), d), f) eta g) atalak betetzen direla, eta betetzen ez direla ohartuz gero, kasuan kasuko urtean ezarritako kanon arruntaren halako hiru ordainaraziko die arau-hausleei, betiere behar den zehapen espedientea tramitatu eta gero.

2. ATALA

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa

27. artikulua. Lehentasuna duten herritarren arteko adjudikazioa egin ondoan, gelditzen diren lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten herritarren artean.

28. artikulua. Udalak erabakiko du zein den herritarren arteko adjudikazio zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenen arteko adjudikazioa egin ondotik, kontuan hartuta zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan; herritarrek ezin izanen dute erreklamaziorik aurkeztu arestian azaldutako azalera horrekiko diferentziak (azaleraren %5etik beheitikoak) egoteagatik.

29. artikulua.

a) Herritarrentzako bi adjudikazio motetan, lehentasunekoetan eta zuzenekoetan, labore ekologikoa hautatuz gero eskatzaileek, aukera izanen dute lote berarekin jarraitzeko, zeren lurrak horrela landuta beharrezkoa baita jarraipena ematea jarduera jasangarri horiei, ingurunea errespetatzen duten horiei, zeinek laguntzen baitute lurzoruaren, floraren eta faunaren orekari eusten.

b) Aukera hori hautatzen duten adjudikazio-hartzaileek inskribaturik egon behar dute, nekazari gisa, Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluan, edo haren ordezko izan daitekeen erakundean.

30. artikulua. Adjudikazioaren epea 21. artikuluan adierazitako berbera da.

Dena den, adjudikatutako lurretan hobekuntzak egiteko asmoa dutenek (nibelazioak, ureztatzeko sistemak, obrak etab.) adjudikazioa hartu edo hainbat lurzatitarako diren azpiegiturak eskura jarri eta hirurogei eguneko epearen barnean, Udalera jotzen ahalko dute egin gogo dituzten hobekuntzak argi eta garbi azalduz eta Udalak, eskaera behar bezala bermatzeko, eskatzen duen dokumentazioa ekarriz. Udalak hobekuntza hori onetsiko balio, loteaz baliatzeko epea hamasei urtera arte luzatzeko eskubidea ekarriko lioke, hurrengo banaketa orokorra egiten den arte ahal bada.

31. artikulua. Aprobetxamendu mota honetako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanonari dagokionez, aplikatzekoa izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeren 152. artikulua eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan 175. artikulua, bertan ezartzen baita kanonaren zenbatekoa ezin dela izan inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioen %90 baino apalagoa 22. artikuluetan zehazturiko udalerrietan.

Horrez gain, kasuan kasuan Ureztatzaileen Elkarteak urtero igortzen duen ur kanona ordaindu beharko dute, barnean direla kuota finkoa gehi kontsumoa.

Kanona urtero eguneratuko da, nekazariek jasotako prezioen aldaketaren arabera, Ordenantza honen 22. artikuluari jarraikiz.

32. artikulua. Udalak, adjudikazioetarako eskabideak aurkezteko unean, adjudikazioaldi osoan aplikatzekoa izanen den tasa bat finkatu ahalko du ordenantza batean edo prezio eta tasen zerrenda batean, zehaztuz honakoengatik ordaindu beharrekoa: eskabide bakoitza, dokumentazio materialen gastuetarako eskubideak, hobekuntzak, etab. Behin bakarrik ordainduko dira.

33. artikulua. Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 23., 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

34. artikulua. Mendigorriko Udalak beretako gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei adjudikatzeko.

Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 18.3) artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

35. artikulua. Mendigorriko Udalak osoko bilkuran zehaztu beharreko azalera izanen duten baratzeak uzten ahal dizkie halaxe nahi duten familia unitateen titularrei, baldintza hauekin:

a) Eskatzaileak 13.1 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, bai eskaera egiten duenean bai errentak dirauen epe osoan.

b) Eskatzaileak ezin izanen du jabetzan izan ez familia-baratzerik ez antzeko aprobetxamendurik eta aurreko adjudikazio-hartzaileak izanen du lehentasuna.

c) Baratzea norberak zuzenean landuko du, 23., 24., 25. eta 26. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

d) Adjudikazioa gehienez ere 8 urterako izanen da eta, ahal dela, hurrengo banaketarako txandan bukatuko da.

e) Kanona Mendigorriko Udalak ezarriko du, adjudikazioaren aitzineko osoko bilkuran, eta urtero eguneratuko da ordenantza honen 22. artikuluaren arabera.

f) Udalak eskatzaileei galdetuko die ea ados dauden lurzatien banaketarekin edo bestelako osaera nahiago duten, txikiagoa betiere. Halakoetan, eta Udalak onartzen badu, soberakina beste adjudikazio-hartzaileren bati adjudikatzen ahalko zaio, g) puntuari jarraikiz.

g) Baratzeak lehenik eta behin, b) puntuko baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei adjudikatuko zaizkie. Bigarrenik, zozketa eginen da gainerako eskatzaile guztien artean, eta soberakinak ausazko ordena bati segituz adjudikatuko dira. Erreserbarako zerrenda ere osatuko da, zozketa horren araberakoa.

3. ATALA

Mendigorriko Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

36. artikulua. Mendigorriko Udalak, Lehen eta Bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan laborantzako lurra soberan baldin bada, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Udalak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da, ordenantza honen 31. artikuluari jarraikiz. Kopuru horiek urtero eguneratuko dira, Ordenantza honen 22. artikuluari jarraikiz.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Mendigorriko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Herritarren arteko adjudikaziorako prozedura

37. artikulua. Herri-lurrak 18. eta 28. artikuluetan, kasua zein den, adierazi diren irizpideei jarraikiz adjudikatuko dira. Horretarako, Udalak, ediktua Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero, hogei egun balioduneko epea zabalduko du eskubidea izan uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten.

38. artikulua. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Mendigorriko biztanlea izatea, gutxienez hiru urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Familia unitateak Mendigorriko Udalarekiko betebehar fiskalak eta gainerako guztiak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Lehentasunezko aprobetxamendua eskatzen duten herritarrek aipatuko dute ea haietariko inork duen ezintasun fisikorik edo psikikorik, eta frogagiriak ekarriko dituzte.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, edo zenbat lantzen dituen errentan hartuta edo beste tituluren baten bidez, bai udal-mugarte honetan bai beste batzuetan; zehaztuko da ea lehorreko lurrekoak diren edo ureztatzekoak.

e) Familia unitateko kide bakoitzaren hiri-lurraren balio katastralak, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai Mendigorriko udal-mugartean bai beste batzuetan.

f) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat azienda buru dituen udalerri honetan eta beste batzuetan, eta zer espezietakoak diren.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Mendigorriko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; oinarri gisa erabiliko dira agiriak eta datu objektiboak, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

39. artikulua. Herri-lurren Batzordeak edo eskumen hori duenak proposaturik, Mendigorriko Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko era bakoitzean, bai lehentasunekoan bai zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

40. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki-taulan jarriko da hogei egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

41. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Udalak haien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du mota bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda.

42. artikulua. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamendurako eskubidea duten familia unitateen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, Mendigorriko Udalak loteak adjudikatuko ditu, eta haien ezaugarriak eta azalera izanen dira ordenantza honen 19. artikuluaren araberakoak.

Herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrentzako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera izanen dira ordenantza honen 28. artikuluaren araberakoak.

Lurzatien adjudikazioa bukatutakoan, hogei egunez jarriko dira jendaurrean onuradunen zerrenda eta bakoitzari dagozkion herri-lurretako lurzatiak. Epe horretan interesdunek aukera izanen dute norberari egokitutako lurzatiei buruzko erreklamazioak aurkezteko (azalerari eta laborantza moten gainekoak). Idatziz kontrakorik aurkeztu ezean, adjudikazioa onartzen duela ulertuko da.

43. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, ebatzi eta akatsak zuzenduta, Udalak behin betikotzat joko du laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa. Behin betiko adjudikazioaren erabakia interesdunei jakinarazi beharko zaie.

44. artikulua. Herri-lurretako lurzatien adjudikazioaldia baliatzeko epea 8 urtekoa denez, baldin norberaren borondatez kanpoko arrazoiak direla-eta lurzatiak epe hori bukatu baino lehen utzi behar badira, adjudikazio-hartzaile berriek aurrekoei kalte-ordainak eman beharko dizkiete, honako hauengatik: nibelazio lanengatik; atakak, ureztapen sistemak, drainatzeak eta beste hobekuntza inportante batzuk jartzeagatik; zubiak eraikitzeagatik; edo biltzeko dauden uztengatik edo luzerna sustraiengatik. Udala arduratuko da tasazioaz, eta irizpide arrazoitua erabiliko du horretarako, hots, adjudikazioaren lehen urtean adjudikazioaldiko zortzi urteei begira aurreikusitako inbertsio gisa egindako hobekuntzak balioesteko, zertarako eta adjudikazioa uzten duenari aprobetxamenduaren epea bukatzeko faltako litzatekeen denbora tarteari legokiokeen ordaina emateko.

45. artikulua. Ez da inolako kalte ordainik ordainduko ez uztei ez hobekuntzei dagokionez, adjudikazio-hartzaileak lurzatien gozamenari uko egiten badio, beste Udalerri batera bere borondatez joaten bada edo erabileraren eskubidea berari egotzi dakiokeen arrazoiren batengatik galtzen badu. Baldintza berbera aplikatuko zaie, orobat, Ordenantza honen 30. artikuluan aurreikusitako moduan erabileraren luzapena ematen zaien horiei.

46. artikulua. Herri-lurren adjudikazio-hartzaile guztiek Udalak eta/edo tokian tokiko Ureztatzaileen Elkarteak erretenen mantentzeari, ureztatzeko txandei eta abarrei buruz xedatzen dutena beharko dute bete. Horiek horrela, berariaz jakinarazten da adjudikazio-hartzaile guztiek beren lurzatiak inguratu edo zeharkatzen dituzten erreten edo ur ibilgu guztien mantentze lanez arduratu beharko dutela, ur ibilgu horiek ureztatzeko edo isurbidetako baliatu ez arren, Udalak enkantean adjudikatutako lurren parean dauden zatiez ere arduratu beharko dutelarik. Orobat, adjudikazio-hartzaile orok guztiz ongi mantenduko ditu ureztapen instalazioak eta hobekuntzak, eta Udalak berrikusiko ditu adjudikazioaren bukaeran. Interesdunak izanen du aurkitutako gabezien ardura.

47. artikulua. Adjudikazioaldiak iraun bitartean, urtero, urrian, Udalak Ordenantza honen 13. artikuluan eskaturiko baldintzak ez betetzeagatik erabilera-eskubidea irailaren 15a baino lehen galdu duten adjudikazio-hartzaileen lurzatiak hartuko ditu, adjudikazioaren zain dauden eskatzaileen artean zozketatzeko. Urteko gainerako aroetan ere Udalak aukera izanen du erabilera-eskubidea galtzen duten gozamendunei adjudikatutako lurzatiak bere gain hartzeko.

48. artikulua. Adjudikazioaldi baten barnean herri-lurretako lurzatiari uko egiten diotenek ezin izanen dute adjudikazioaldi horren barnean beste adjudikaziorik eskuratu.

49. artikulua. Eskatzaile talde bat elkartu egiten bada lurzatiak elkarrekin lantzeko, aukera izanen dute Udalari proposatzeko eskatzaile adina lurzati mugakide adjudikatzeko, kontua betiere Udalaren xedapenen menean geldituko delarik. Prozedura hori zozketa orokorrean aplikatzekoa izanen da soilik.

50. artikulua. Adjudikazioak dirauen bitartean, adjudikazio-hartzaileek finkak trukatu ditzakete elkarrekin biak ados egonez gero, eta Udalari jakinarazi beharko diote. Udalak, bere aldetik, trukea erraztuko du.

51. artikulua. Ordenantza honetako xedapenek aurreikusten ez duten orotan herri-lurretako aprobetxamenduei buruzko herriko ohiturei jarraituko zaie, betiere ez badiete kontra egiten Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari edo Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduari (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoari).

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

52. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ematea zuzeneko adjudikazioa egin dadin Mendigorriko udal bazkalekuetako larreen (belarrak) adjudikazio-hartzaile izateko eskubidea duten biztanle abeltzainentzat, eta bazkaleku horien aprobetxamendu zuzena egin dadin, bat etorriz Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen IV. tituluko II. kapituluarekin, bertan ezarritako mugen barnean.

53. artikulua. Herri-larreen adjudikazio-hartzaile izan daitezke familia-unitateak eta legez eratutako pertsona juridikoak, baldin titularrak honako betebehar hauek betetzen baditu:

a) Adinduna izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea, nahiz judizialki gaitua.

b) Mendigorriko Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 3 urteko antzinatasunez.

c) Mendigorrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea egiazki.

d) Abeltzaintzan jardutea.

e) Mendigorriko Udalarekin zerga betebeharrak eta gainerako guztiak egunean izatea.

54. artikulua. Mendigorriko Udalaren lurretako larreak batuko dira partikularrek Udalari baterako larratzea egiteko lagatzen dizkioten finkekin, eta horren guztien mugapena eta zatiketa eginen da, ondoko bazkalekuetan adjudikatzeko. Zabalerak gutxi gorabeherakoak dira, eta banan-banan egiaztatu beharrekoak udal bazkalekuak adjudikatu baino lehen. Hona hemen:

1.–Andión, 9.599 erregu, hau da 689 ha.

2.–El Pueblo, 7.672 erregu, hau da 862 ha.

3.–Antevilla, 6.191 erregu, hau da 556 ha.

4.–Santiago-Longadera, 7.772 erregu, hau da 698 ha.

5.–La Base, 5.790 erregu, hau da 520 ha.

55. artikulua. Aurreko artikuluan deskribatzen diren bazkalekuen hedadura, mugaketa eta zatiketa hurrengo adjudikazioetan aldatzen ahal dira, segun eta zenbat larre dagoen erabilgarri eta zenbat abeltzainek eskatzen duten; ahalegina eginen da errepide batek bazkalekua ez gurutzatzeko.

Adjudikazio-hartzaileek ezin izanen dute erreklamaziorik egin %5etik beherako azalera-desberdintasunengatik.

56. artikulua. Loteen egoera dokumentu batean jasoko da, bakoitzaren koordenaden zerrenda izanen duena, eta hura Udaletxean altxatuko da; ondotik, zehazten da zer poligonotan dauden eta muga batzuk:

1.–Andión: 10., 11. eta 12. poligonoetan dago. Bazkaleku batua da, eta Larraga, Oteitza eta Villatuertako udal-mugarteekin egiten du muga hegoaldean.

2.–El Pueblo: 8. poligonoan dago. Mugak: iparraldean eta ekialdean, Antevilla bazkalekua eta Mañeruko udal-mugartea. Ehiza barrutiko oholen ondotik jarraitzen du Ziraukiko udal-mugarteraino eta Mañeruko udal-mugartean barneratu arte.

3.–Antevilla: 1. eta 2. poligonoetan dago.

4.–Santiago-Longadera: 3., 4. eta 5. poligonoetan dago. Mugak: iparraldean, Obanosko udal-mugartea eta Antevilla bazkalekua; ekialdean, Artaxoako udal-mugartea; hegoaldean, La Base bazkalekua eta mendebaldean, Antevilla bazkalekua.

5.–La Base: 6. eta 7. poligonoak. Mugak: iparraldean, Antevilla eta El Pueblo bazkalekuak; ekialdean, Artaxoako errepidea, herri horretako udal-mugarteraino; hegoaldean, Artaxoako udal-mugartea eta Larragakoaren zati bat, eta mendebaldean, Arga ugaldea.

57. artikulua. Baldin adjudikazioaldian landatzen badira zainzuri, mahasti edo olibondo sail berriak edo larre berriak egiten badira edo finkak hesitzen badira, etab., preziotik deskontatuko da proportzioan dagokiona, hektareako tasazioaren arabera, betiere ukitutako azalerek, guztira, 100 erregukoak baino handiagoak izan behar dute.

Udalak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduari, behin-behinekoz zein behin betikoz, eragiten badiote. Hori egin baino hiru hilabete lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

58. artikulua. Udalak eskubidea izanen du herri-lurretan larreak egiteko, hektarea bakoitzeko tasazioaren balioa kenduta betiere. Larre horiek egiten badira, Udalaren eta abeltzainen arteko konponbidea bilatuko da, larreei benetako balioa emanez.

59. artikulua. Kontuan hartuta urte sasoi batzuetan Longadera-Santiago bazkalekuan ura urria izan daitekeela, ezin izanen da galarazi Arga ugalderaino igarotzea, betiere abeltzain kaltetuari igarotze horren kaltea ordainduta.

60. artikulua. Mendigorriko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasunezko ordena honetan:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

61. artikulua. Ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako titularrak dira herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun, betiere beharrezkoak diren erregistroetan alta emana badu azienda, aziendarik badu.

62. artikulua. Abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Hortaz, ez da zilegi larreetan azienda arrotza sartzea. Halakorik gertatu dela frogatuz gero, adjudikazioak bertan behera geldituko dira, deusetan ukatu gabe arau-hausleak izan ditzakeen bestelako erantzukizunak.

Hala ere, onartzen da familia unitate bereko kideen arteko subrogazioa, arrazoia desgaitasuna edo erretiroa delarik, betiere subrogatuak betetzen baditu ordenantza hauetan eskatzen diren baldintza pertsonalak; Udalari eman behar zaio subrogazioaren berri.

63. artikulua. Adjudikazioaldia zortzi urtekoa izanen da, bai herritarrentzako zuzeneko adjudikoazioen kasuan bai enkante publikoko adjudikazioen kasuan ere.

64. artikulua. “Adjudikazio bakoitzean finkatuko da ordaindu beharreko kanona, kontuan harturik herri mugakideetako prezioak”. Urtero eguneratuko da, bat eginez abeltzainek gizentzeko ardiengatik jasotzen dituzten prezioen gorabeherekin (edo Udalarekin adostu eta gero aplikatzekoa den beste prezio baten gorabeherekin), erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeen arabera, edo, bestela, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumoko prezioen igoeraren arabera.

Enkante publiko bidezko adjudikazioetan soilik hartuko da indizetzat larreen egiazko balioaren %90.

Adjudikazio-hartzaileek udal diruzaintzan ordainduko dituzte adjudikazioaren urteko zenbatekoa eta eskorten errentari dagokiena, hiruhilekoka eta horiek amaitutakoan. Hilabete bat iragan eta zenbatekoa azaldutako moduan ordaindu ez bada, %10 garestituko da, eta, bestela, Diru-bilketa Agentziara oharra helaraziko zaio, premiamendu bidez kobra dezan.

65. artikulua. Lurzoruaren ezaugarriak, kokalekua, laborantzak eta inguruabar zehatzak kontuan hartuz, aprobetxamendu kanon bat ezarri da hektareako eta, hortaz, honako tasazio hau:

1.–El Pueblo, 689 ha 5,41 euroan: 3.726,88 euro.

2.–Bateratua, honakoek osatua:

A) Antevilla 556 ha 5,41 euroan: 3.007,96 euro.

B) Longadera-Santiago, 698 ha 5,41 euroan: 3.776,18 euro.

Guztira, 1.254 ha 5,41 euroan: 6.784,14 euro.

3.–Andión, 862 5,41 euroan: 4.663,42 euro.

4.–La Base, 520 ha 4,81 euroan: 2.500,21 euro.

Prezio hauek eta hurrengo artikuluan aipatzen diren bazkalekuenak indarrean egonen dira oraingo adjudikazioaren bukaera arte (2020). Hurrengo adjudikazioetan, finkatuko dira kontuan hartuz herri mugakideetako antzeko bazkalekuen prezioak. Halaber, bazkalekuen prezioak ezarriko dira segun eta zein den haien erabilgarritasuna eta kontserbazio egoera.

66. artikulua. Azienda aterpetzeko eskortak erabiltzeagatik urteko kanon edo errenta hau ezarri da bazkaleku bakoitzeko:

1. El Pueblo bazkalekua: 480,81 euro.

2. Antevilla bazkalekua: 480,81 euro.

Santiago-Longadera, Andión eta La Base bazkalekuetako eskortetarako ez da kanon edo errentarik finkatu eskorta zaharrak direlakoz: artegi (eskorta) berriak eginez gero, Udalak eskorta berri bakoitzeko urtean ordaindu beharreko errenta finkatuko du.

67. artikulua. Larreak zuzenean aprobetxatzen direla bermatu beharrez, Mendigorriko Udalak egoki eta komenigarri juzgatzen dituen egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi.

Mendigorriko Udalak, besteak beste, honako kasu hauetan ulertuko du abeltzainek ez dituztela larreak zuzenean aprobetxatzen:

a) Azienda-aberastasunaren katastrotik azienda kentzen dutenek.

b) Pertsona Fisikoen, edo, kasua bada, Sozietateen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean, sozietateen abeltzaintzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan emanda dituztenek.

d) Zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hala nola, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak eskaturik, ezarritako epean aurkezten ez dituztenek.

68. artikulua. Nolanahi ere, errentaldiaren azken bi hilabetetan gehienez ere 450 abelburu sar daitezke. Udalak, muga hori betetzen ez bada, behar diren zehapenak ezarriko ditu soberako abelburuko eta eguneko.

69. artikulua. Mendigorriko Udalak banaketa txanda bakoitzean (8 urtean behin) larre guztien bostena gordetzen ahalko du urtero adjudikatzeko, onuradun berriak ote diren; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 160. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko 191. artikuluan ezarritakoarekin bat, aukera hori ematen baitute.

1. ATALA

Erabileraren arauketa kontzesioaldiak iraun bitartean

70. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legean, hots, herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzkoan, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

71. artikulua. Adjudikazioaren arriskua eta mentura adjudikazio-hartzaileen gain egonen dira erabat, eta ez da murrizketarik izanen adjudikatzen zaien kopuruan.

Era berean, adjudikazio-hartzaileek ez dute eskubiderik izanen larreak edo urak guztiz edo hein batean erreklamatzeko adjudikatutako aprobetxamenduan kalte eragiten dizkioten lehorteak edo bestelako natur gertakariak edo epizootiak direla-eta, ezta abereren bat hil edo ustekabeko ezbeharren bat gertatzen delako ere. Udala ez da, ezta ere, haien mendeko langileen lan istripuek eragindako erantzukizunen erantzule izanen.

Udalak, dena den, konpromisoa hartzen du administrazio kontratatzailea den aldetik, bere eskumenekoa den laguntza egokia emateko adjudikazio-hartzaileari.

72. artikulua. Adjudikazio-hartzaileak Gizarte Segurantzaren Araubidean indarra duten xedapenak bete beharko ditu; horretarako, Alkatetzari frogatu beharko dio dagozkion kuoten ordainketa eguneratua duela.

73. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak saihesteko, Mendigorriko Udalak ondoko baldintzak ezarri ditu:

a) Udalaren jabetzako eskorta edo erditze-lekuren bat erabiltzen duten abeltzainek, edo halakoak eraikitzen dituztenek, erditze-leku edo artegiaren inguruko isurbide edo erretenak garbitu beharko dituzte, bestela Udalak edo kasuan kasuko Ureztatzaileen Elkarteak ezarritako arauak bete beharko dituzte-eta.

b) Larreen zuzeneko adjudikazioak ez dakar bere baitan eskortak edo erditze-lekuak erabiltzeko eskubidea. Udalak, halere, herri-lurren barnean erabilgarri daudenak erabili eta baliatzeko baimena eman dezake.

c) Abeltzainek mantendu eta konpondu beharko dituzte eskortak eta bertako instalazioak, erabilera okerrak eragindako narriadurak daudenean. Hori hala ote den erabakitzeko, arloan eskumena duen teknikariak idatzitako txostena eginen du, eta Udalaren irizpidea nagusituko da adjudikazio-hartzailearenaren gainetik. Halako eskorta batzuetan zabarkeria, ezaxolakeria edo narriadura erreparatzen badira, hainbesteraino, eraikinen erabilera normala galarazten baita, Udalak eskubidea izanen du horiek bere gain hartzeko inolako kalte-ordainik eman behar izan gabe. Halakoetan Udalak behar den kostua eskatzen ahal dio adjudikazio-hartzaileari.

d) Aprobetxamendua bukatzean, edo titularrak jarduera utziz gero, Udalaren Herri-lurren Batzordeak edo baliokidea denak eskorta eta instalazioak aztertuko ditu. Erabilera okerrak eragindako kalteak edo anomaliak ikusten badira, Udalak konponketaren kostua eskatzen ahalko dio adjudikazio-hartzaileari.

e) Adjudikazio-hartzaileak ezin izanen du inola ere eskorta itzuli adjudikazioa hartu zuenean baino egoera kaskarragoan. Eskorta hasieratik egoera kaskarrean badago, adjudikazio-hartzaileak horren berri eman beharko dio Udalari, idatziz eta hogei eguneko epean, Udalak tokia aztertzeko eta, konponketak egin behar badira, egiteko.

f) Beste edozein unetan eta adjudikazio-hartzailearekin ikustekorik ez duten arrazoi egiaztagarriak direla-eta, halako gertakariren batek eskortan narriadurak eragiten baditu, betiere ohiko kontserbazioarekin loturarik ez duen arrazoiren batengatik, adjudikazio-hartzaileak Udalari jakinarazi beharko dio, idatziz eta hogei eguneko epean, Udalak tokia aztertzeko eta, konponketak egin behar badira, egiteko.

Epe horretan egiten ez badu, ulertuko da lehengoratzeko erantzukizuna Udalarena izan beharrean adjudikazio-hartzailearena dela.

g) Abeltzainak bere kabuz erabakitzen badu azienda gordetzeko estalpeak eta abar eraikitzea, Udalari instalatzeko baimena eskatzen ahalko dio eta adjudikazioaldia bukatutakoan instalazio horretan erabilitako materialak eramateko eskubidea izanen du.

74. artikulua. Laboretarako nahiz bazkalekuetarako herri-lurren adjudikaziodun orok Udalari eman beharko dio komunikazio bitarteko frogagarri bat (mugikorra, WhatsApp-a, e-maila...), abeltzain eta nekazarien arteko komunikazioa gauzatzeko.

75. artikulua.

1. Mendigorrian ohitura izan da nekazariak egoki juzgatzen duenean lantzen duela lurra edo erabiltzen dituela herbizidak. Nolanahi ere, nekazariei gomendatu egiten zaie herbizidak erabiltzean abeltzainei jakinarazteko. Jakinarazteko gomendio hori ezinbestekoa izanen da herri-lurren adjudikazio-hartzaileendako.

2. Usadioa den bezala, euria eginez gero, azienda ezin da finketan sartu hiru egun baino lehenago, urriaren 1etik apirilaren 30erako epean, ezta egun bat lehenago ere, gainerakoan, galarazi gabe, epe horien ondoren, finketan beratz egoteagatik eragiten diren kalteengatik erantzun beharra. Finka uztondoan dagoenean, eta ahotza paketatua eta eramana dagoenean edo larre utzia eta minik ematen ez duenean sartzen ahal da artaldea bertan. Ez da sartzen ahal finka ereina dagoenean edo ereiteko prestatua, edo laborantza kontu aurreikusiak direla-eta (herbizidak botatzea, zuzeneko ereintza etab.), abeltzainari ez sartzeko gaztigua eman zaionean. Orobat, azienda ezin da finka batean sartu baldin hesitua badago, edo mahastitarako, zuhaitzak izateko edo bazkarako landatua, ezta edozein gauzarengatik beratza dagoenean ere, nekazariaren berariazko baimenik gabe.

3. Azienda landutako finketan sartzea:

a) Landurik dauden lehorreko finketan, azienda bazkatzera sartzen ahal da baldin honako bost baldintza hauek betetzen badira:

–Lurra lehorra egotea.

–Halakorik justifikatzeko moduko bazka edo belar franko egotea.

–Urtero, irailaren 25a baino lehen izatea.

–Nekazariak abeltzainari abisatu ez izana herbizida aplikatu duela.

–Nekazariaren NPBan lugorri nahiz antzeko gisa deklaratu ez izatea. Horretarako, nekazariak abeltzainari jakinarazten ahal dio zer finka deklaratu dituen lugorri gisa, haietan larra ez daitezen, eta, halakoetan, abeltzainaren ardura izanen dira nekazariak jaso dezakeen zehapena, finka horietan azienda sartu izateagatik. Abeltzainari abisu eman ez bazaio, aplikatzekoa den legeriak ezarritakoari jarraituko zaio. Jakinarazpena egin dakioke zuzenean abeltzainari, edo Udalaren bidez egin daiteke, eta ukitutako abeltzainari igorriko dio hark.

Behin larratzea bukaturik, azienda ezin izanen da sartu landutako finketan, eta bideak eta altxonbideak erabili beharko ditu joan-etorrietarako.

b) Landurik dauden ureztalurretako finketan, abeltzainak ezin izanen dira inola ere sartu nekazariaren baimen berariazkorik gabe.

4. Erretenen kontserbazioa: guztiz debekatua dago aziendak erretenetan bazkatzea edo haiek igarotzea, kalte eta galerak sortzen baitituzte.

Artikulu honetan agintzen dena nolanahi urratzeak ordenantza honi jarraikiz Udalak ezartzen duen zehapena ekarriko du, kaltetuak galdatzen ahal dizkion erantzukizunez aparte.

76. artikulua. Bazkaleku bakoitzean dauden edateko putzuak horretarako baizik ezin dira erabili. Debeku da haietatik ura ateratzea herbizidak eta pestizidak aplikatzeko, ureztatzeko etab. Kasuan kasuko belarren adjudikazio-hartzaileak izanen du bere gain putzu horien mantentze eta garbiketa lanak, salbu behar bezala egiaztaturiko hondamendi edo ezinbesteko kasuetan. Udala putzuetarako sarbideen mantentze-lanen erantzulea besterik ez da.

Azienda edateko putzu eta/edo iturriak oker erabiltzen dituztenek, azienda pozoitzeagatik edo bestelako kalteengatik legokiekeen erantzukizun zibilaz gain, zehapena jasoko dute.

Bazkalekuren bateko idoiren batean urik ez badago, idorteen edo abeltzain onuradunari egotzi ezin zaizkion bestelako ezbeharren ondorioz ura agortu delako, Udalak baimena eman diezaioke beste bazkalekuetako putzu edo iturri batzuk erabiltzeko aziendari edaten emateko, eta aitzinetik zehaztuz zein den ibilbide edo bide egokiena. Zortasunpeko bazkalekuko adjudikazio-hartzaileak ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izanen bide zortasun eta edanlekuagatik; halere, eskubidea izanen du azienda eramaten dutenen utzikeria edo zabarkeriagatik aziendak eragiten dituen kalte-ordainak eskatzeko. Halakorik gertatuz gero, Udalak kaltea eragiten duen abeltzaina zehatuko du.

2. ATALA

Herri-larreak herritarrei zuzenean adjudikatzeko prozedura

77. artikulua. Udalak aitzinetik erabakia hartu eta Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ediktua agertuta, hogei egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-larreen adjudikazioa eska dezaten.

78. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztuko da, Ordenantza honen 38. artikuluan zehaztu bezala. Horrez gain, abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria eta Ordenantza honen 70. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria erantsiko dira, baita erabili nahi dituen bazkalekuen hurrenkeraren zerrenda.

79. artikulua. Udalak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, gorabehera hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.

b) Bazkalekuak, hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bat baino gehiagori adjudikatzen ahal zaie, guztiek dituzten abelburuen kopurua, bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku adjudikatzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

80. artikulua. Aprobetxamenduaren titularrak abeltzaintza uzten badu, Udalak erabakiko du larre (belar) horiek nola baliatu epea bukatu arte edo hurrengo banaketa txanda etorri arte, bere irizpide justifikatuari jarraikiz.

81. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, hogei eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

82. artikulua. Adjudikazio-hartzaileak behin betiko adjudikazioaren egunetik hogei eguneko epean adjudikazioaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren %4 utzi beharko du fidantzatako, edo horren pareko banku-abala.

83. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan adjudikatuko dira zortzi urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

84. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, baldin ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, arautuko dira bat etorriz indarreko Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legearekin, 48/2007 Foru Dekretuarekin eta haien osagarri direnekin.

85. artikulua. Mendigorriko Udalak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza.

Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

86. artikulua.

1. Mendigorriko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurretako ondasuna hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela frogatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

87. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hogei egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

VI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

88. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Udalak adjudikatu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Adjudikazioetan artzaintzarako ezarritako epe eta eremuak ez errespetatzea.

g) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

h) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

i) Herri-lurretan edo hermendietan edozein azienda klase baimenik gabe sartzea.

j) Adjudikatutako bazkalekua berriz errentan ematea edo beste bati lagatzea.

k) Landaketa, labore, babes, instalazio eta abarrei kalteak eragitea.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

89. artikulua. Arau-hauste horiek zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d) eta g) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.

e) f), i), j) eta k) arau-hausteengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, eragindako kalte edo galeraren balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 12.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

90. artikulua. Zehapenak ezartzeaz gain, arau-hausleari egotzi ahal zaizkion kalte-galerak ere ordaindu beharko ditu; horiek modu egokian eskatuko zaizkio.

Xedapen ingargabetzailea: indarrik gabe utzi dira larreak, bazkalekuak eta herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua arautzeko Mendigorriko Udalak lehenago onetsi dituen ordenantza guztiak.

Ordenantza hau Mendigorriko Udalaren 2012ko urriaren 5eko osoko bilkura arruntean onetsi da behin betiko.

Eginbidea: behin betiko onetsitako ordenantzaren testu bategina, jendaurrean egon ondoren, alegaziorik jaso gabe, bat etorriz Mendigorriko Udalaren osoko bilkurak hasiera batean onetsitakoarekin (bilkura arruntean, 2019ko maiatzaren 3an).

Mendigorrian, 2019ko abuztuaren 7an.–Mendigorriko Udaleko alkate udalburua, José Antonio Arizala Yanguas.

Iragarkiaren kodea: L1910603