182. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FITERO

Aldaketa, San Raimundo Abad zahar etxearen estatutuetan. Behin betiko onespena

Fiteroko Udalak, abuztuaren 27an egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen San Raimundo zahar etxea erakunde autonomoaren estatutuak aldatu eta argitara ematea.

Fiteron, 2019ko abuztuaren 29an.–Alkatea, Miguel Aguirre Yanguas.

SAN RAIMUNDO ABAD ZAHAR ETXEAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak hala erabakita eratu da Fiteroko San Raimundo zahar etxea erakunde autonomoa. Izaera juridikoa du eta lanerako ahalmen osoa, bere helburuak lortzeko.

2. artikulua. Erakunde autonomoaren egoitza soziala San Raimundo pasealekuko 11. zenbakian dago, zahar etxeari esleitu bulegoetan.

3. artikulua. Adineko pertsonen arretarako erakunde autonomo honen xedea da zahar etxearen funtzionamendu egokia zaintzea, bizitoki iraunkor eta komuna baita bere kabuz moldatzen diren edo laguntza behar duten adineko pertsonentzat, eta laguntza integrala ematea, patronatuaren batzarraren arabera eta onartuak izateko araudiari jarraikiz, bertan egoteko baldintzak betetzen dituzten interesdunei, bereziki, Fiteron jaio eta bizi direnei.

II. KAPITULUA

Araubide organikoa

4. artikulua. Fiteroko San Raimundo zahar etxearen gobernua eta administrazioa honako organo hauek eginen dute:

1.–Gobernu organoak:

a) Gobernu batzarra.

b) Burua.

c) Buruordea.

2.–Hautetsiak:

a) Diruzaina.

b) Idazkaria.

LEHEN ATALA

Gobernu batzarra, osaera eta eskumenak

5. artikulua. Gobernu batzarra izanen da erakunde autonomoaren organo gorena.

Batzarreko kargu guztiak ohorezkoak eta ordaingabeak izanen dira.

6. artikulua. Gobernu batzarra honako hauek osatuko dute:

a) Alkatea, Batzarreko burua izanen baita.

b) Dagokion informazio batzordeko burua, buruordea izanen baita.

c) Udaleko Osoko Bilkurak herritarren artetik izendatutako 5 kide.

d) Zahar etxeko zuzendaritza.

e) Batzarrak une zehatzetarako interesgarria delakoan eskatzen duen beste edozein teknikari edo pertsona.

7. artikulua. Gobernu batzarreko kideen agintaldiak, berritu ezean, izendatu zituen Udalbatzak adina iraunen du gehienez.

Udalbatzako kide izateari uzten dion batzarkide orok batzarkide izateari utziko dio, eta hura izendatu zuen udal organoak ordeztuko du.

8. artikulua. Gobernu batzarra hiru hilean behin bilduko da, bai eta behar den guztietan zein batzarkideen herenak eskatuta ere.

9. artikulua. Saioek balioa izan dezaten, 5 kideren bertaratzea beharko da gutxienez, eta Batzarraren erabaki guztiak gehiengo soilaz hartuko dira.

Berdinketa gertatzen bada, batzarburuaren kalitateko botoa erabakigarria izanen da.

10. artikulua. Batzarraren bilkurarako deialdia buruak eginen du, gutxienez ere 48 ordu lehenago, eta gai-zerrenda zehaztuko du aldi berean.

Kideek nahitaez azaldu beharko dute Batzarrera; ez agertzeak justifikatu egin beharko dira.

11. artikulua. Batzarraren bilera guztietan akta eginen da, eta hartutako erabakiak zehaztuko dira hartan.

12. artikulua. Gobernu batzarraren eginkizunak hauek dira:

a) Udalari proposatzea zahar etxearen ondasun higiezin eta eskubide errealen salerosketa, trukaketa edo bestela eskuratzea, besterentzea edo kargatzea.

b) Udalari proposatzea mota guztietako balore, titulu eta ondasun higigarrien salerosketa, are balio artistiko eta historikokoak ere, eta orobat mota guztietako eskubideak eta gordailu izendunak eratu eta erretiratzea, egoki juzgatzen denean.

c) Errekurtsoak paratu, auziak sustatu eta bide administratiboan nahiz judizialean eramatea, instantzia guztietan.

d) Erabakiak hartzea zahar etxea aitzina eramateko beharrezko edo komenigarri diren ahalmenak emateaz eta batzordekideak edo komenigarritzat jotzen diren pertsonak eskuordetzeaz den bezainbatean.

e) Erabakitzea bere ahalmenetan aritzeko komenigarri edo beharrezko diren agiri publiko eta pribatu guztiak emateaz den bezainbatean.

f) Erakundearen aurrekontuak hasiera batean onestea, Udalak gero onets ditzan.

g) Erakundearen urteko kontuak hasiera batean onestea, Udalak gero onets ditzan.

h) Erakundeko langileen plantilla onestea.

i) Zahar etxearen helburuak betetzeko behar diren bestelako eginkizun guztiak.

j) Gobernu batzarrak hartuko du bere administrazioaren ardura; bere eginkizunen bat edozein batzordekideren esku utz dezake, bai eta kanpoko beste nornahiren esku ere. Kargu hori dohainekoa nahiz ordaindua izan daiteke, Batzarrak zer erabaki eta horixe.

BIGARREN ATALA

Batzarreko burua eta buruordea

13. artikulua. Batzarburuak eginkizun hauek ditu:

a) Bilkuretarako deialdiak egin, haien buru izan eta zuzendari lana betetzea.

b) Batzarraren ordezkari izatea era guztietako erakunde, agintari, epaitegi, federazio eta abarretan.

c) Zahar etxearen agiri guztiak sinatzea, publikoak nahiz pribatuak izan.

d) Diruzaintzako agiriak eta idazkariak aurkezten dituen ziurtagiriak bere sinadurarekin baimentzea.

e) Gobernu batzarra biltzeko deia ez badaiteke egin, presako kasuetan, haren eskumenen esparruan erabakiak hartzea, eta Batzarrari haien berri ematea hurrengo bilkuran.

f) Zerbitzu guztien goi ikuskapen eta zuzendaritza.

g) Erakundeko langileei diziplina-zehapena ezartzea.

h) Batzarraren eztabaidak gidatu eta zuzentzea.

Batzarburuak bere ahalmenetariko edozeinetarako eskuordetzen ahalko du buruordea edo beste batzarkide bat, zeregin berezietarako nahiz era iraunkorrean, eta horren berri emanen dio Batzarrari.

HIRUGARREN ATALA

Hautetsiak

14. artikulua. Diruzaina eta idazkaria hautetsiak izanen dira. Gobernu batzarrak horiek denak hautatuko ditu, bere kideen artean, lehenbiziko bileran, edo egiten den aurrenekoan, kargua hutsik geratuz gero.

Diruzaina

15. artikulua.

a) Erakunde autonomoaren funtsak zaintzea.

b) Gobernu batzarrari zahar etxearen egoera ekonomikoaren berri ematea.

c) Entitatearen funts eta baloreei dagozkien kobrantzak eta ordainketak egitea, legezko xedapenen arabera.

d) Diruzaintzako agiriak egitea, batzarburuaren oniritzia izanda.

Idazkaria

16. artikulua.

a) Batzarraren bilkuren aktak idaztea eta onesteko aurkeztea. Berak beste inork ez ditu sinatuko, batzarburuak oniritzia emanda.

b) Erakunde autonomoaren jarduerari buruzko liburu eta agiriak zain daitezen agintzea.

c) Erakunde autonomoari zuzendutako korrespondentziari edo berak igortzen duenari burubidea ematea.

d) Batzarraren egintza edo erabakiei buruz behar diren ziurtagiriak egitea.

e) Funtsen kontu-hartzailetza egitea.

f) Idazkariaren eta diruzainaren eginkizunak pertsona berak egiten ahalko ditu.

Batzarkideak

17. artikulua. Batzordeko kideei dagokie:

a) Batzarburuari proposatzea eguneko gai-zerrendan sartu beharreko gaiak.

b) Gobernu organoei sostengu ematea.

c) Gobernu batzarrean pizten diren eztabaidetan parte hartzea eta haren erabakiak bozkatzea.

III. KAPITULUA

Ondarea eta araubide juridiko-finantzarioa

18. artikulua. Erakundeak bere nortasun juridikoa duenez gero, ahalmena izanen du zahar etxearen funtzionamendurako, administraziorako eta haren helburuak betetzeko behar diren eragiketa ekonomiko-finantzarioak gauzatzeko.

19. artikulua. Erakunde autonomoari bere helburuak betetzeko atxikiko zaion udal ondarea zahar etxea ukitzen duten San Raimundo pasealekuko 11. zenbakian dauden ondasunek osatuko dute.

Orobat, erakunde autonomoari atxikiko zaizkio, bere helburuak bete ditzan:

1. Egoiliarren ekarpenak eta beste edozein pertsona edo entitatek haien izenean paratzen dituztenak.

2. Bere erreserba funtsak inbertitzetik eskuratzen diren interes eta produktuak.

3. Dirulaguntzak, dohaintzak, legatuak eta edozer tituluren kariaz legez eskuratzen dituen gainerako ondasun eta eskubideak.

4. Fiteroko Udalak erabakitzen dituen ekarpenak.

5. Nafarroako Gobernuarekin edo beste entitate batzuekin sinatu itunen ondorioz lortzen dituen ekarpenak.

Aurrekontuak eta kontuak

20. artikulua. Gobernu batzarrak onetsitako aurrekontuak Fiteroko Udalari igorriko zaizkio, honek aztertu, fiskalizatu eta, bidezko izanez gero, toki entitatearen aurrekontu orokor bateratuan sar ditzan.

21. artikulua. Erakunde autonomoaren aurrekontu eta kontuen egitura, toki entitateen aurrekontu eta kontuetarako ezarritako erregela eta arauei egokituko zaie.

22. artikulua. Erakunde autonomoaren aurrekontuen exekuzioa eta likidazioa, bai eta haren kudeaketa ekonomikoa ere, gainerako entitateetarako ezarritako modu eta baldintza beretan ikuskatu eta kontabilizatuko dira.

IV. KAPITULUA

Fiskalizazioa eta tutoretza

23. artikulua. Fiteroko Udalari dagozkio honako eginkizun hauek:

a) Erakunde autonomoaren zerbitzu eta jardueren zuzendaritza, zaintza eta tutoretza.

b) Erakunde autonomoak kudeatu beharreko arloen betearazpena bultzatu eta ikuskatzea.

c) Erakunde autonomoko langileen plantillak finkatu, handitu edo murriztea, Gobernu batzarrak aurrez proposatuta.

Udalak ahalmen hauek izanen ditu:

1.–Gobernu batzarraren erabakiak bertan behera uztea, uste badu haren eskumenekoak ez direla edota udalerriaren edo erakunde autonomoaren interes orokorren kontrakoak direla, edo legeak argi eta garbi hausten badituzte.

2.–Gobernu eta administrazioko organoengandik jasotzea eskatzen dizkien txosten eta agiri guztiak.

3.–Egoki deritzon ikuskapenak egitea.

V. KAPITULUA

Langileria

24. artikulua. Erakunde autonomoak honako kategoria eta zerbitzu hauen arabera behar dituen langileak izanen ditu (kopurua, kategoria eta eginkizunak Gobernu batzarrak eratu eta onetsitako plantillan zehaztuko dira):

–Lan-kontratudun finkoak.

–Behin-behineko lan-kontratudunak.

–Zerbitzuen errentamendu-kontratua.

Erakunde autonomoarekiko harremanak ezarriko dira hitzarmen berariazkoetan, eta, hala dagokionean, zerbitzuen errentamendu-kontratuetan onesten den Barne araubidearen erregelamenduan.

Kategoria eta lanpostu guztietako langileen izendapenaren berri Gobernu batzarrean emanen da.

Lan-kontratudunek arau izanen dute Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legearen IV. tituluko II. kapituluak xedatua.

VI. KAPITULUA

Barne araudiaren erregelamendua

25. artikulua. Erakunde autonomoko gobernu organoen jarduketaren, bilkura araubidearen eta, oro har, zerbitzu emateari buruzko alderdien arauak garatzeko, Gobernu batzarrak barne araubidearen erregelamendua prestatuko du, zeina jarri beharko duen udalbatzaren osoko bilkuraren eskura.

26. artikulua. Nahitaezkoa izanen da parte-hartzeko batzarra eratzea; Batzarreko kide guztiek gehi langileen bi ordezkarik eta hiru egoiliarrek osatuko dute.

27. artikulua. Edozein delarik kausa, Fiteroko Udaleko talde politikoren batek ez badu osoko bilkurak izendatutako ordezkaririk, Udalak pertsona bat izendatzen ahalko du batzarkide, hitza izanen duena, baina botorik ez.

28. artikulua. Irabazi-asmorik gabeko erakundea denez, urteko balantze ekonomikoaren amaieran irabazirik edo superabitik badu, zahar etxeari itzuli beharko zaio nahitaez, ondasunak eta hornidurak eros ditzan, edota izan dezakeen edozein defizit arindu. Batzarrak erabakiko du zertan inbertitu, betiere zahar etxeko zuzendaritzak adierazitako premiak aintzat hartuta.

VII. KAPITULUA

Estatutuen aldaketa eta erakundearen desegitea

29. artikulua. Estatutuak onesteko zer prozedura erabili zen, horixe bera erabiliko da haiek aldatzeko.

30. artikulua. Erakunde autonomoa egoera hauetan desegiten ahalko da:

1.–Udalaren osoko bilkurak hala erabakitzen duenean, udal zerbitzuaren kudeaketa sistema aldatu delako.

2.–Ezinezkoa denean jardueraren helburua betetzea edo dituen baliabideak aplikatzea.

Erakunde autonomoa desegiten bada, Udala izanen da oinordeko unibertsala, eta berak itzuliko du hornidura guztia, desegindako erakundearen aktiboan jasotako gehikuntzak eta ekarpenak barne, eta utzitako ondarea antzeko xedeetarako erabiltzen saiatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Estatutuak behin betiko onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik aitzina sartuko dira indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1911395