181. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Lehiaketa, gazteei informazioa helarazteko korrespontsaliei buruzko programa abian jartzeko

Iruñeko Udalak lehiaketa baterako deia egiten du, horren bitartez informazio-korrespontsaliak abiarazteko Iruñeko gazteen guneetan (ikastetxe, ikastetxe nagusi, ikasle-egoitza eta gazteen topagune diren beste toki batzuetan).

Lehena.

Lehiaketa honen xedea da hautatzea “Gazteei informazioa helarazteko korrespontsalien” programan parte hartuko duten Iruñeko “gune laguntzaileak”.

Programaren bitartez “gune laguntzaile” bakoitzeko bi gaztek beren gunean egoten diren gazteendako interesgarri izan daitekeen informazioa helarazteko ardura hartzen dute, betiere Gaztediaren Etxeko Gazteendako Udal Argibide Bulegoarekin koordinaturik eta horrek gainbegiratuta. Informazioa hedatzeko informazio-panel bat eguneratu behar dute, arreta pertsonala eman nork bere gunean, informaziorako plataforma birtual bat kudeatu eta informazioa hedatzeari loturiko beste zeregin batzuk bete.

Bigarrena.

2019-2020ko ikasturtean “gune laguntzaile” gisa programan parte hartzeko eskaera bidali behar da, posta elektroniko bidez, corresponsales@casajuventud.com helbide elektronikora. Izena emateko mugaeguna 2019ko urriaren 11 izanen da.

Hirugarrena.

Programan gazteen honako gune hauek hartzen ahalko dute parte:

A) 14 eta 30 urte bitarteko ikasleak dituzten ikastetxeak.

B) Ikastetxe nagusi eta ikasle-egoitzak, zeinetan 14 eta 30 urte bitarteko gazteak hartzen diren batez ere.

C) Gazteen guneak, horiek ulertuta gazteriarekin loturiko programak –Udalarenak edo beste edozein administrazioarenak– egiten diren leku gisara.

D) Ofizialki eratutako gazte-elkarteen lokalak.

Programan parte hartzeko, guneek Iruñeko udal-mugartean egon behar dute kokaturik.

Aurtengo edizioan, gehienez ere 60 gune laguntzaileko kopurua ezarri da.

Laugarrena.

Udalak berresten duenean “gune laguntzaile” gisako izaera, gazteen gune bakoitzak lehen aukeraketa bat egin beharko du programa garatuko duen bikote berriemailea hautatzeko. Guneak Iruñeko Udalari jakinaraziko dizkio, 2019ko urriaren 25a baino lehen, lehen aukeraketan hautatu dituen bikotekideen datuak, behin betiko aukeraketa egin dezan, eta Udalak erabaki horren berri emanen dio gazteen guneari.

Bosgarrena.

Parte hartuko duten gazteen artean lehen aukeraketa egiteko gazteen guneetan, hautaketa-prozesu bat jarraitu beharko da, non kontuan hartu beharko baitira zenbait parametro, hala nola bikoteak aurkeztutako korrespontsalia-proiektua, beren gaitasun pertsonalak zein sozialak eta gune laguntzaile bakoitzak egoki jotzen dituen beste batzuk.

Seigarrena.

Hautatutako berriemaileek astero joan beharko dute Gaztediaren Etxeko Gazteendako Udal Argibide Bulegora, gazte-berriemaile gisa egiten ari diren lanaren jarraipen teknikoa egite aldera. Prestakuntza eta aholkularitza jasoko dute programa garatzen duen lantalde teknikoaren eskutik, eta informazioa kudeatu eta hainbat euskarriren bitartez hedatzeko ardura hartuko dute bere gain, barne hartuta gune laguntzaileetan paratuko diren panelen kudeaketa, bai eta beste bitarteko birtualena, webgune edo sare sozialena, besteak beste.

Zazpigarrena.

Gune laguntzaileek aukeratutako taldeek konpromiso hauek hartuko dituzte:

–Gazteei informazioa helarazteko korrespontsaliaren proiektua abian jartzea eta proiektuari eustea, betiere gune bakoitzak Gaztediaren Etxeko Udalaren Gazteendako Argibide Bulegoarekin koordinaturik prestatutako proiektuan proposatutakoarekin bat.

–Beren egitekoa zer gunetan egin eta horren informazio gunearen zereginei eustea 2019ko azaroaren lehenengo astetik 2020ko maiatzaren 31ra bitarte.

–Men egitea Gaztediaren Etxeko lantalde teknikoak egiten ahal dituen egiaztapen-jarduketa orori.

Zortzigarrena.

Ikasturte osoan zehar arituko diren bikoteek diru-sariak ezartzeke dituen deialdi publiko batean parte hartzen ahalko dute, betiere 2020. urteko udal-aurrekontuetan deialdi horretarako diru-izendapenik badago.

Bederatzigarrena.

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarriok eta lehiaketaren antolatzaileek haiek interpretatu eta aplikatzeko hartu ahal dituzten erabakiak oso-osorik onartzea.

Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, men eginen zaie Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduari.

Deialdi honen, oinarri hauen eta haiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2019ko irailaren 6an.–Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Zinegotzi Ordezkaria, Fernando Sesma Urzaiz.

Iragarkiaren kodea: L1911636