181. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

63/2019 FORU AGINDUA, abuztuaren 20koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ziurtapen akademikoa arautzen dituena.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalak arte ikasketen barnean daude, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren VI. kapituluan xedatutakoaren arabera. Berariazko heziketa zikloetan antolatuko dira, aipatu lege organikoaren V. kapituluan hezkuntza sistemako lanbide heziketarako xedatzen denari jarraikiz. Ikasketa horien xede nagusia da ikasleei kalitateko arte prestakuntza ematea eta arte plastikoen eta diseinuaren arloko etorkizuneko profesionalen kualifikazioa bermatzea. Kualifikazio Profesionalen Katalogo Nazionala izan ahal dute erreferentzia. Hortaz, haien curriculuma bat etorri ahal da Kualifikazio Profesionalei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2005 Lege Organikoan aurreikusten den Kualifikazio Profesionalen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren ondoriozko eskakizunekin.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak oinarrizko elementuak ezartzen ditu Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalek egokiro erantzun diezaieten eskakizun sozial eta ekonomikoei. Bizitzan zehar ikasteko heziketa sistema malgua sustatzen du, prestakuntzatik lanerako urratsa eta alderantzizkoa erraztuz. Ebaluazioa tresna ezin hobea da lortutako emaitzen jarraipena egiteko, haiek balioesteko eta haiek lortzeko prozesuak hobetzeko. Hori dela eta, ebaluazio prozedura bat ezarri beharra dago, ikasketa mota desberdinen arteko loturak ezartzen dituena, batetik bestera iragateko aukera emanez eta beharrizan eta interes pertsonaletara egokitutako heziketa bideak sortzea ahalbidetuz. Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen antolamendu orokorra ezartzen duen hartan, irakaskuntza horien ebaluazioa arautzen da VI. kapituluan.

Ebaluazio prozesu hori arautzen du uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduak (irailaren 18ko 86/2014 Foru Arauak aldatua), Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ziurtapen akademikoa arautzen dituenak.

Hezkuntza Departamentuak lehentasuna ematen dio ebaluazio prozesua etengabe hobetzea, mailaz igotzen diren eta titulazioa eskuratzen duten Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ikasleen tasak hobeak izan daitezen. Hori horrela, ziklotan antolatutako irakaskuntza profesional guztiek berariazko bi helburu dituztela agertzen da Lanbide Heziketaren 2017-2010 Plan Estrategikoan. Lehenengoa 2. ardatzean dago integratuta, “Balioa ematea gure gizartearen kohesio eta jasangarritasunari”, hau da, “Lanbide Heziketa amaitzen duten ikasleak ugaritzea”. Bigarrena 3. ardatzean dago integratuta, “Lanbide Heziketa indartzea eta etengabe eguneratzea”, hau da, “Lanbide Heziketako ikasleen ehunekoa Europako ratioetarantz joatea”. Ardatz eta helburu horiek Lanbide Heziketaz egindako aipamen hori zabaldu egiten da ziklotan antolatutako irakaskuntza profesional guztietara, besteak beste Arte Plastikoetako eta Diseinukoetara. Horretarako, hainbat aldaketa egin behar dira, Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako zikloen ebaluazio jarraituan aurrera egin ahal izateko: amaierako ohiko deialdi bat ezartzea maila bakoitzean, neurri malguak ezartzea irakas eta ikas prozesuak eta, ondorioz, ebaluazio prozesuak ikasleen erantzukizuna susta dezan, eta, aldi berean, arte eskolei ikuspegi berri bat eman diezaien ebaluazio prozesua antolatzeko eta garatzeko orduan.

Era berean, Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoak irakaskuntza profesional guztietan sustatzen du ikasleak ardatz dituzten metodologiak (metodologia aktibo deiturikoak), batez ere Proiektuetan Oinarritutako Elkarlaneko Ikaskuntza (POEI). Metodologia horietan, ikasleen ikaskuntzari begira, bereziki garrantzitsua da zeharkako konpetentziak garatzea, hots, konpetentzia pertsonalak eta sozialak. Horrek berekin dakar ebaluazioa nabarmen aldatu beharra, heziketa prozesuaren berezko zatitzat hartuz, zalantzarik gabe. Horregatik, aurrera egin behar da Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ikasleak arautzen dituen aginduan, metodologia aktiboek berezkoa duten ebaluazioaren ikuspegi berri horren bidez garatu ahal izateko diseinu, sormen plastiko eta bisual eta eskulangintzarekin lotutako gaitasunak eta trebeziak.

Irailaren 18ko 86/2014 Foru Arauak aldatu zuen uztailaren 12ko 109/2011 Foru Agindua aldatu ondoren, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalak baliozkotzeko izapide telematikoa garatu du bere webguneko “Izapideak eta zerbitzuak” atalean. Foru agindu honetan Nafarroako Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen ebaluazioa erregulatzen duen araudira lekualdatzen da ikasleek aurkeztutako baliozkotze eskaerak izapidetzeko prozedura, eskatutako baliozkotze horiek ebazteko eskumena duen organoaren arabera.

Azkenik, Hezkuntza Departamentuak uste du berariaz bete behar dela goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuan ezarritakoa. Hain zuzen, 9.8 artikuluak ezartzen duenez, ikastea bateragarria izan dadin kirol prestakuntza edo jarduerarekin, administrazio eskudunek neurriak hartuko dituzte ikasle horien ikasketak uztartu ahal izateko kirol erantzukizun eta jarduerekin.

Horregatik guztiagatik, foru agindu berri bat ezarri behar da, Nafarroako Foru Komunitateko Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako heziketa zikloetako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ziurtapen akademikoa arautuko dituena, jarraian adieraziko diren kapituluekin.

I. kapituluan xedea eta aplikazio eremua zehaztu ondoren, II. kapituluak Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen ebaluazioaren ezaugarri orokorrak arautuko ditu, eta bertan jasoko da ebaluazioa jarraitua eta integratzailea izanen dela, nagusiki hezitzailea, eta modulutan bereizia, baina izaera integratzailea alde batera utzi gabe. Lehen berritasuna da ziklo eta moduluen ebaluazioaren ikuspegi berriari egiten zaion erreferentzia: ikas metodologia berriak aplikatuko dira, proiektu metodologikoan modu esanguratsuan definitutako gaitasunak ardatz hartuta. Erreferentzia hori foru arau honetan berariaz jasota dago, ebaluazio prozesu osoan zehar. Horrez gain, beste berritasun bat ere badago: ebaluazio jarraitua definitu eta ezartzen du Nafarroako Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako zikloen ebaluazio sistema gisa, eta, aldi berean, amaierako ebaluazio sistema ezartzen du ebaluazio jarraitua aplikatu ezin zaien ikasleendako alternatiba gisa. II. kapitulu horretan aipatzen da, halaber, zein diren programazio didaktikoak prestatzean arreta berezia behar duten alderdi zehatzak ebaluazioaren plangintzan, bai eta zein diren hezkuntza laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleek jasotzen ahalko dituzten neurriak ere, aniztasunari erantzuteko. Azkenik, ebaluazio jarraituaren ildoan, ohiko deialdi bakarra ezartzen da maila bakoitzeko, eta ezohiko deialdia eskatzeko baldintzak zehazten dira ohiko 4 deialdiak agortu dituzten lanbide moduluetarako.

III. kapituluak irakasle taldeari buruzko xedapenak jasotzen ditu, hala nola ebaluazio prozesuari buruzkoa. Prozesu horrek hainbat ebaluazio saio ditu: hasierakoa, partzialak eta amaierakoa. Hala, kapitulu horretan dator saio horien guztien tenporalizazioa. IV. kapituluak lanbide moduluen eta enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren kalifikazioa arautzen du, bai eta heziketa zikloarena ere, eta ebaluazio agirietan eman behar diren zenbakizko eta ez-zenbakizko kalifikazioak ezartzen ditu, ebaluazio prozesuko informazio garrantzitsu guztia eskuratze aldera. Azkenik, kapitulu horrek xedatzen du Ohorezko Aipamenak (moduluetan) eta Ohorezko Matrikulak (heziketa zikloetan) emateko aukera.

V. kapituluak irizpideak ezartzen ditu zikloan jarraitzeko, hurrengo mailara iragateko eta enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldian hasteko, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren arabera ezarritako tituluak gauzatzean lortutako esperientziaren emaitza gisa. Era horretan, ebaluazio prozesua egokitu egin daiteke, ikasleek eskuratu ahal izan ditzaten heziketa zikloko konpetentzia orokorra, haren konpetentzia profesionalak eta, kasua bada, kualifikazio profesionalak eta konpetentzia unitateak. Gainera, kapitulu honetan heziketa zikloetako ikasketak errekuperatzeari buruzko zenbait xedapen ere jasota daude.

VI. kapituluan, matrikula baliogabetzeen tipologia ezarri da: ofizioz, arte eskolaren eskutik (matrikula deuseztatzea); edo ikasleak eskatuta –edo, adingabea bada, bere legezko ordezkariek– (matrikula baliogabetzea, plaza erreserbatzeko eskubidearekin / matrikulari baja borondatez ematea). Era berean, baliogabetze horiek egiteko eta eskatzeko baldintzak ezartzen ditu, bai eta ebaluazio deialdiari uko egitea eskatzeko baldintzak ere.

VII. kapituluak hainbat xedapen ditu Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako moduluak baliozkotzeaz eta beste administrazio prozesu batzuez, hala nola lanbide moduluetako egokitzea, eranstea eta salbuestea, bai eta enpresa, estudio eta lantegietako Praktikalditik salbuestea ere. Azkenik, baliozkotze, egokitze, eranste eta salbueste horien prozedura ezartzen da.

VIII. kapituluan, berriz, egungo araudian ezarritako ebaluazio agiriak datoz: ikaslearen espediente akademikoa (ziurtagiri akademiko pertsonalaren bidez egiaztatua), ebaluazio aktak eta banakako ebaluazio txostenak. Horrez gain, kapitulu horretan daude ikasleen mugikortasunaren inguruko zenbait neurri.

IX. kapituluak Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluak eta dagozkien Europass gehigarriak emateari buruzko zenbait alderdi biltzen ditu, eta titulu horien erregistroari eta ondorioei buruz ere mintzatzen da.

Azkenik, X. kapituluan arautzen da enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia, lanbide heziketan lantokietako prestakuntza moduluarekin egiten den antzera. Praktikaldi horren aurretik arte eskolak jarraitu beharreko prozedura ezarri da: irakasleen berariazko batzordeak sortzea fase horri begira, lankidetza hitzarmenak sinatzea enpresa, estudio eta lantegiekin, eta Praktikaldia programatzea. Ikasleek enpresa, estudio eta lantegiekin duten harremana zehazten da, bai eta fase hori gauzatzeko egutegia ere. Bukaeran, enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren jarraipena egiteko eta ebaluatzeko xedapenak datoz, bai eta egin beharreko egokitzapenak ere fase hori atzerrian gauzatzen bada.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostenaren bidez onetsi da foru agindu hau, Nafarroako Foru Komunitatean Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ziurtapen akademikoa arautzen duena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 1. apartatuko g) letran ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz, hauxe

AGINTZEN DUT:

Nafarroako Foru Komunitatean Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ikasleen ebaluazio, titulazio eta ziurtapen akademikoaren araudia onestea, ondoren azaltzen diren artikuluen bitartez.

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ziurtapen akademikoa arautzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru agindu hau aplikagarria izanen da Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko arte eskola publiko eta pribatu baimenduetan.

II. KAPITULUA

Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen ebaluazioaren ezaugarri orokorrak

3. artikulua. Ebaluazioaren xedea.

1. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalak ebaluatzearen helburua da ikasleen ikaskuntza baloratzea, eta ikaskuntza hori honako hauek eskuratzera zuzenduta dago: heziketa zikloaren konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, eta Kualifikazio Profesionalen Katalogo Nazionalean titulu horri dagozkion kualifikazio profesionalak eta konpetentzia unitateak.

Ikas metodologia berriak aplikatzen dituzten Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ziklo eta moduluetan, aurreko paragrafoan aipatutako ikaskuntzaren balorazioa ebolutiboa eta partekatua da, ikas ingurune berriarekiko koherentea, eta proiektu metodologikoan jasotako konpetentzia esanguratsuenen eskuratze maila du ardatz.

2. Ebaluazioa ikas prozesuaren funtsezko elementua da Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako irakasle nahiz ikasleentzat, ikaskuntzen kalitatearen erreferentzia baita eta horiek errazten baititu.

4. artikulua. Ebaluazioaren alderdi orokorrak.

1. Lanbide moduluen bidez eginen da ebaluazioa, erreferentzia gisa hartuta modulu bakoitzaren helburuak (gaitasunak, trebeziak eta konpetentziak) eta horietako bakoitzaren ebaluazio irizpideak, bai eta heziketa zikloko helburu orokorrak ere, zein bere konpetentziekin, eta konpetentzia profesionalak eskuratu diren kontuan hartuta.

Metodologia berriak aplikatzen dituzten Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen ziklo eta moduluetan, ebaluazioak ikuspegi ebolutibo eta partekatu berria dauka, ikas ingurune berriarekiko koherentea, eta proiektu metodologikoan jasotako konpetentzia esanguratsuenen eskuratze maila du ardatz. Ebaluazioa modulu artekoa izaten ahalko da; halakoetan, proiektua eta haren ebaluazioa modulu guztietako irakasle arduradunen artean adostu beharko dira, eta konpetentzia desberdinak ebaluatzen ahalko dituzte, modulu bakoitzaren arabera.

2. Lanbide moduluen helburuak eta ebaluazio irizpideak eta heziketa zikloko helburu orokorrak erreferentzia nagusi dira gaitasunak, trebeziak eta konpetentziak zenbateraino lortu diren baloratzeko. Ebaluazio irizpideak programazio didaktikoetan zehaztu beharko dira, berariaz eta zehatz azalduz zenbateraino lortu diren modulu bakoitzaren helburuak (hau da, gaitasunak, trebeziak eta konpetentziak), lanbide modulua gainditzeko hainbat.

3. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen ebaluazioa jarraitua eta integratzailea izanen da, funtsean hezitzailea, eta ikasleen heziketa prozesu osoan zehar eginen da.

4. Ebaluazioa integratzailea izanen da, izan ere, heziketa zikloaren helburu orokorrak hartu behar ditu kontuan, moduluen helburuetan adierazitakoaren bidez. Era berean, ebaluazioa hezitzailea izanen da; hortaz, eskuratu beharreko gaitasunen, trebezien eta konpetentzien mailari buruzko informazio eta orientazio egokia eman beharko zaie ikasleei, bai eta beren ikas prozesua hobetzeko proposamenak ere.

5. Ikasleen errendimendua irizpide erabat objektiboz ebaluatuko dela bermatze aldera, arte eskoletako zuzendaritzak jendaurrean ipiniko du, ikasturtearen hasieran, zer ebaluazio irizpideren arabera frogatuko den curriculumeko ikaskuntzak eskuratu direla, eta lortu direla modulu bakoitzaren helburuak (hau da, gaitasunak, trebeziak eta konpetentziak), lanbide modulu bakoitzak ebaluazio positiboa izateko hainbat. Ikas metodologia berriak aplikatzen dituzten Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ziklo eta moduluetan, jendaurrean jarri beharko dira proiektu metodologikoan definitutako gaitasun, trebezia eta konpetentzia esanguratsuenak eskuratzeko irizpideak. Arte eskolako zuzendaritzak horren berri eman beharko dio ikasleari –edo, adingabea bada, bere guraso edo legezko ordezkariei–. Era berean, enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren tutoreek ikasleei jakinaraziko dizkiete bete beharreko helburuak, enpresa, estudio edo lantegiaren balorazio irizpideak, eta ebaluazio irizpideak. Halaber, arte eskolako zuzendaritzak informazioa eman beharko diete erreklamazioak egiteko sistemari eta prozesuari buruz ere, hala ebaluazio partzialetakoak nola amaierako ebaluaziokoak, eta bereziki erreklamazioak egiteko moduari eta epeei buruz.

5. artikulua. Ebaluazio sistemak.

1. Nafarroako Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako zikloen ebaluazio sistema jarraitua da. Lanbide modulu bakoitzaren ebaluazio sistema horrek ikasle bakoitzaren aurrerapena baloratzen du, etengabe neurtu behar den prozesu baten barnean. Ildo horretan, Nafarroako Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako zikloetako ikasleen eskubidea da ebaluazio jarraituan parte hartzea.

Lanbide modulu bakoitzaren helburuak (hau da, gaitasunak, trebeziak eta konpetentziak) lortu direla kontrolatzeko sistema horrek hainbat ebaluazio tresna erabiltzen ditu, nolakoa den lanbide modulua, hezkuntza jarduera, eta ebaluatuko den helburu mota. Tresna horietako zenbait integra daitezke modulu baten ebaluazioan.

2. Ebaluazio jarraituak berekin dakar jarduera multzo bat ezartzea, ikasle bakoitzaren heziketaldi osoko aurrerapena baloratzeko. Erabiltzen diren prozedura eta tresna horiek bermatu behar dute helburu eta konpetentzia profesional guztiak garatu direla, eta jasota egon behar dute lanbide moduluaren programazio didaktikoan. Heziketaldian zehar egin behar dira ebaluazio jarraituko jarduerak.

Lanbide moduluaren programazioan zehaztu behar da ebaluazio tresna bakoitzaren bidez jasotako informazioaren eta ebaluazio jarraituko jarduera bakoitzaren haztapena, lanbide moduluko kalifikazio partzialen gainean eta amaierako kalifikazioen gainean. Lanbide moduluaren programazioan jasota badago amaierako ebaluazioa egiteko jarduera bat eginen dela ebaluazio jarraituaren barnean, jarduera hori ezin izanen da lanbide moduluaren kalifikazio osoaren %35 baino gehiagokoa.

3. Modalitate orokorrean, ebaluazio jarraituan ezinbestekoa da ikasleak matrikulatuta dauden lanbide moduluetako jardueretara modu erregularrean bertaratzea. Bertaratze erregular hori, oro har, honelakoa izanen da:

a) Erdi mailako zikloetan (derrigorrezkoaren ondoko hezkuntza), modulu bakoitzaren iraupen osoaren gutxienez %85ekoa, dagokion heziketaldiaren barnean.

b) Goi mailako zikloetan (goi mailako hezkuntza), modulu bakoitzaren iraupenaren gutxienez %75ekoa, dagokion heziketaldiaren barnean.

Ondorioz, artikulu honen ondorioetarako, bertaratzea aintzat hartuko da ebaluazio aldi bakoitzean. Baldintza hori bete ezean, ikasleak ebaluazio jarraituaren eskubidea galduko du gutxieneko bertaratzea bete ez duen moduluan.

4. Amaierako ebaluazioa erabiltzen ahalko da Nafarroako Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako zikloetan ebaluazio jarraitua aplikatu ezin zaien ikasleekin. Sistema horretan, amaierako ebaluazioa egiteko jarduera batzuk ezarri behar dira, lanbide moduluaren helburuak eta ebaluazio irizpideak ebaluatzeko modua ematen dutenak.

Erabiltzen diren prozedura eta tresnek bermatu behar dute helburu eta konpetentzia profesional guztiak garatu direla, eta jasota egon behar dute lanbide moduluaren programazio didaktikoan. Ebaluazio sistema honen amaierako ebaluazioko jarduerak, oro har, dagokien ebaluazio deialdirako (partziala edo amaierakoa) ezarritako datetan eginen dira. Horrez gain, modulu bakoitzeko irakasle arduradunak beste ebaluazio jarduera osagarri batzuk eginen ditu heziketaldian zehar.

Lanbide moduluaren programazioan zehaztu behar da ebaluazio tresna bakoitzaren bidez jasotako informazioaren eta ebaluazioko jarduera bakoitzaren haztapena, lanbide moduluko kalifikazio partzialen gainean eta amaierako kalifikazioen gainean. Lanbide moduluaren programazioan jasota badago amaierako ebaluazioa egiteko jarduerez gain ebaluazio jarduera osagarriak eginen direla, azken jarduera horiek ezin izanen dute lanbide moduluaren kalifikazio osoaren %80 baino gehiago hartu.

5. Mailako tutoreak, arte eskolako zuzendaritzari jakinarazi ondoren, amaierako ebaluazio alternatiboa aplikatuko zaiela jakinaraziko die ebaluazio jarraitua aplikatu ezin zaien ikasleei eta, adingabeak badira, beren legezko ordezkariei.

6. Ebaluazio jarraitua eta amaierako ebaluazioa aplikatzen ahalko dira ebaluazio aldi guztietan –partzialetan nola amaierakoan–, eta, bi sistemetan, ikasleei bermatu eginen zaie gehieneko kalifikazioa lortzen ahalko dutela ebaluazio saioetako edozeinetan –partzialetan nola amaierakoan–.

7. Hezkuntza Departamentuak Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako zikloetan erabiltzen diren ebaluazio sistemak berrikustea sustatuko du, araudi honetara egokitu daitezen, eta heziketaldi osoan zehar banatutako ebaluazio jarduerak ezar daitezen.

6. artikulua. Programazio didaktikoak eta ebaluazioa.

Programazio didaktikoetan arreta berezia emanen zaio ebaluazio prozesua planifikatzeari eta horrekin lotutako erabakiak hartzeari; zehazki hauei:

a) Ebaluazio jarraituan, ikas prozesua ebaluatze aldera erabiliko diren ebaluazio prozedura eta tresnei eta kalifikazio irizpideei. Horiek definitzean, irakasleek kontuan hartuko dute zenbateraino bete diren erreferentziazko helburuak, bai eta tituluari dagozkion konpetentzia profesionalak eta helburu orokorrak ere. Kontuan hartuko dute, halaber, ebaluazio tresnak ebaluazio irizpideetara egokitzea. Horrez gain, ebaluazio tresna bakoitzaren bidez lanbide moduluko kalifikazio partzialen edo amaierakoaren ebaluazio jarraituko jarduera bakoitzaz jasotako informazioa arretaz haztatuko da.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletan metodologia berriak aplikatzen dituzten zikloen kasuan, arreta eman behar zaie ebaluazio prozedura eta tresnei eta kalifikazio irizpideei, koherenteak izan behar baitute ikas ingurune berriarekin, eta aplikatutako metodologiari egokituak. Irizpide horietan, kontuan hartu beharko da foru agindu honen 3. eta 4. artikuluetan kasu hauetarako ezarritakoa.

b) Lanbide moduluetako errekuperazio jardueren zehaztapen eta plangintzari, matrikulatutako ikasleek dagozkien lanbide moduluak gainditu ahal izan ditzaten.

Lehen mailan, jarduera horiek azken ebaluazio partzialetik amaierako ebaluaziora bitartean eginen dira, eta, bigarren mailan, enpresa, estudio eta lantegietan Praktikaldia egin aurreko ebaluazio partzialeko saiotik amaierako ebaluazio saiora bitartean, bat etorriz foru agindu honen 22. artikuluan xedatutakoarekin.

c) Ebaluazio jarraitua aplikatu ezin zaien ikasleen ikas prozesua ebaluatzeko asmoz amaierako ebaluazio sisteman erabiliko diren ebaluazio prozedura eta tresnei, eta aplikatuko diren kalifikazio irizpideei. Horiek definitzean, irakasleek kontuan hartuko dute zenbateraino bete diren erreferentziazko helburuak, bai eta tituluari dagozkion konpetentzia profesionalak eta helburu orokorrak ere. Kontuan hartuko dute, halaber, ebaluazio tresnak ebaluazio irizpideetara egokitzea. Horrez gain, ebaluazio tresna bakoitzaren bidez lanbide moduluko kalifikazio partzialen edo amaierakoaren gainean ebaluazio jarraituko jarduera azkeneko eta osagarriei buruz jasotako informazioa arretaz haztatuko da.

d) Desgaitasunen bat duen ikasle batek egin behar badu lanbide modulua, hezkuntza jarduerak eta ebaluazio irizpide eta prozedurak egokitzeari, ebaluazio probetarako irisgarritasuna bermatuz. Egokitzapen horren barnean ez dira inola ere kenduko tituluaren konpetentzia orokorra eskuratzeko beharrezkoak diren moduluen berariazko helburuak eta helburu orokorrak.

7. artikulua. Aniztasunari erantzutea. Hezkuntza laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleak.

1. Hezkuntza laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleek heziketa zikloaren konpetentzia orokorra eta haren konpetentzia profesionalak lortu ahal izan ditzaten, bai eta dagokion tituluaren kualifikazio profesionalak eta konpetentzia unitateak, ikastetxeek honako neurri hauek aplikatzen ahalko dituzte, besteak beste:

a) Berariazko hezkuntza premiak dituzten ikasleak.

–Sarbideko curriculum egokitzapenak (SCE). Egokitzapen hauek ez dira inola ere kontuan hartuko lortutako kalifikazioak jaisteko.

–Ikasle bakoitzaren beharretara egokitutako heziketa bide bat sortzea. Behar bezala frogatutako osasun problema larriak dituzten ikasleei ere aplikatzen ahalko zaie neurri hau.

b) Adimen gaitasun handiko ikasleentzat:

–Curriculuma aberasteko programak, gaitasun horiek ahalik eta gehien garatzeko.

Gainera, ikas metodologia berriak aplikatzen dituzten Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen ziklo eta moduluetan hartzen ahalko dira neurri horiek, ikasleek proiektu metodologikoan definitutako gaitasun, trebezia eta konpetentzia esanguratsuenak eskura ditzaten.

2. Egokitu eginen dira berariazko probetako tresnak, bai eta, behar denean, denborak eta laguntzak ere, hezkuntza laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleak ongi ebaluatu direla bermatzeko.

8. artikulua. Matrikula eta deialdi kopurua, ikasturte bakoitzeko.

1. Ikasturte bakoitzerako eginen da matrikula, eta, harekin, ikasleek ohiko deialdi bakarra izateko eskubidea dute lanbide modulu bakoitzerako, modalitate orokorrean.

Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak urtero xede horrekin ematen duen ebazpenean adierazitako datetan eginen da hurrengo mailara igotzen diren eta maila errepikatzen duten ikasleen matrikula. Ebazpen horretan onetsiko ditu dagokion mailarako onarpen prozeduraren jarraibideak eta egutegia.

2. Salbuespen gisa, ikaslea enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldian eta Amaierako Obraren moduluan edo Proiektu Integratuko moduluan matrikulatu bada soilik, deialdi bat baino gehiago izaten ahalko du ikasturte berean, ez baldin badu deialdirik erabili aldez aurretik eta deialdi hori egiteko aukera baldin badago ikasturte horretan.

Heziketa zikloen bigarren mailan matrikulatuta dauden ikasleek ezin izan badute egin enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia, ez dutelako bete bertan sartzeko baldintza, eta ezin izan badira ebaluatu Amaierako Obraren moduluan edo Proiektu Integratuko moduluan, ez zaie kontabilizatuko modulu horien deialdia.

9. artikulua. Ohiko deialdiak eta ezohiko deialdia.

1. Lanbide moduluen amaierako ebaluazioa egiten ahalko da ohiko 4 deialditan, modalitatea edozein izanik ere. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren azken ebaluazioa 2 deialditan egiten ahalko da. Azken ebaluazioko saioetan garatuko dira deialdi horiek.

2. Ohiko 4 deialdiak agortu dituen ikasleak –edo, adingabea bada, bere guraso edo legezko ordezkariak–, gehienez ezohiko 2 deialdi eskatzen ahalko dizkio arte eskolako zuzendariari, baldin eta egoera hauetakoren batean badago:

a) Hezkuntza laguntzaren berariazko premiak behar bezala frogatuta dituzten ikasleak.

b) Eritasun luzea, hala ikaslearena nola bigarren mailara arteko odol edo ezkontza ahaidetasuna duten ahaideena.

c) Familia barneko betebeharrak.

d) Ikasketak eta lanbide-, kirol- edo arte-jarduerak uztartu behar dituzten ikasleak.

e) Goi mailako edo errendimendu handiko kirolari kalifikazioa duten ikasleak, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

f) Ezohiko beste inguruabar batzuk.

Arte eskolako zuzendaritzak ebatzi beharko ditu ezohiko deialdiak emateko eskaerak, eta ebazpen horren berri eman beharko die interesdunei.

3. Azken ebaluazioaren ezohiko deialdia eskatzeko, idazki bat igorri beharko zaio ikasleak lanbide modulua egin duen arte eskolako zuzendaritzari, prozedura honi jarraituz:

a) Ezohiko deialdi hori eskatzeko epea 3 hilabetekoa izanen da, azken ebaluazioaren ohiko laugarren deialdiko kalifikazioa jakinarazten denetik hasita. Eskaera jaso ondoren, arte eskolako zuzendariak ezohiko bilera eginen du irakasle taldearekin, eta aurkeztutako eskaera aztertuko dute. Arte eskolako zuzendaritzak hartutako ebazpenaren berri emanen die eskatzaileei, gehienez 15 egun naturaleko epean, eskaera jasotzen den egunetik hasita. Hala, bukaera emanen zaio ikastetxeko ebazpen prozesuari.

b) Arte eskolako zuzendaritzak uko egiten badio ezohiko deialdiaren eskaerari, ikasleak –edo, adingabea bada, bere guraso edo legezko ordezkariak– idatziz eskatzen ahalko dio arte eskolako zuzendaritzari eskaera Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari helarazteko, 2 egun balioduneko epean, ebazpena jasotzen duenetik hasita. Horretarako, prozedura honi jarraitu beharko zaio:

–Arte eskolako zuzendaritzak, ikaslearen –edo, adingabea bada, bere guraso edo legezko ordezkarien– eskaera jaso eta hurrengo 2 egun baliodunetan, ezohiko deialdi eskaeraren espedientea igorriko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, espedientea aztertuta, txosten bat emanen du gehienez 10 egun balioduneko epean, espedientea jasotzen duenetik hasita. Txosten hori Lanbide Heziketako zuzendari nagusiari igorriko zaio, erreklamazioaren gaineko ebazpena eman dezan.

–Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpena gehienez 10 egun balioduneko epean emanen da, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txostena jasotzen duenetik hasita. Ebazpen horrek bide administratiboa amaituko du.

c) Ezohiko deialdia onartuz gero, hori zein egunetan eta nola eginen den jakinarazi beharko zaio ikasleari.

d) Ezohiko deialdia onartu zaien ikasleek berariazko matrikula bat egin behar dute hartaz baliatzeko. Matrikula hori bateragarria izanen da beste ikasketa batzuetako matrikularekin, eta ez du emanen eskoletara eta beste edozein ikas jardueretara joateko eskubiderik.

e) Nolanahi ere, kasu bakoitzaren inguruabarrak aztertu ondoren, arte eskolak bidezkoak iruditzen zaizkion hezkuntza neurriak ezarri ahal izanen ditu ikasleari ezohiko deialdi hori gainditzen laguntzeko, besteak beste eskoletara joatea eta hezkuntza jarduera jakin batzuetan parte hartzea.

III. KAPITULUA

Ebaluazio prozesua

10. artikulua. Irakasle taldea.

1. Heziketa zikloko lanbide modulu guztiak kontuan hartuta, modulu horiek ematen dituen irakasle taldeak ebaluatuko du ikasleen ikaskuntza, irakasle tutoreak zuzendu eta ikasketaburutzak koordinatzen duela. Ebaluazio saioetan zehaztu eta sistematizatuko da ebaluazioa.

Irakasle taldea arduratuko da ikasleen ebaluazio prozesuaz eta irakasleak behar hainbat aldiz bilduko dira, talde bakoitzaren tutoreak koordinatuta, ikasleen ebaluazioa baloratzeko.

2. Talde bakoitzaren tutoreak, ebaluazio saioak zuzentzeaz gain, saio horien araudia betetzen dela bermatuko du, ikasketaburutzak koordinatzen duela. Orientazio arduradunak, bere eginkizunak betez, tutoreari aholkularitza ematen ahalko dio saio horiek behar bezala garatzeko, batik bat berariazko premiak dituzten ikasleen kasuan.

3. Irakasleek ikasleen ikasketak, ikas prozesuak eta beren irakasle lana ebaluatuko dituzte; horretarako, lorpen adierazleak ezarri beharko dituzte programazio didaktikoetan, bai eta ikas prozesuaren eta beren irakasle lanaren adierazleak ere. Adierazle horiek, besteak beste, honako alderdi hauek aipatuko dituzte: ikasleek zer emaitza lortu dituzten curriculumeko helburuetan, konpetentzia profesionaletan, bai eta, hala badagokio, ikas metodologia berrien proiektuan jasotako zeharkako konpetentzietan; programazioa bete den; metodologia didaktikoa egokia den; ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei eta hezkuntza laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleei aplikatutako neurriak; arte eskolak ezarritako ebaluazioen emaitzak; irakasleek ezarritako beste ebaluazio batzuen emaitzak; sektore profesionalaren eta artistikoaren eskakizunekin bat datorren.

4. Horrez gain, Hezkuntza Departamentuak irakasle lanari buruzko hausnarketan eta jarduna ebaluatzeko galdetegietan oinarritutako jarduketak eta programak sustatuko ditu, hobetzen ahalko diren alderdiak antzemate eta identifikatze aldera. Era berean, Educa kudeaketa sistema garatuko du aurreko atalean aipatutako adierazleen erregistroari dagokionez: programazio didaktikoetan eginiko lorpenak, ikas prozesua eta irakasle lana.

11. artikulua. Ebaluazio saioak.

1. Ebaluazio saioetan aztertzen dira irakasleek eta, halakorik izanez gero, modulu bakoitzeko espezialistek emandako informazioak. Horietan baloratzen da, gainera, ikasleak zenbateraino ari diren lortzen heziketa zikloaren helburu orokorrak, hura osatzen duten moduluen helburuak, bai eta haien barneko gaitasunak, trebeziak eta konpetentziak ere. Ikas metodologia berriak aplikatzen dituzten Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ziklo eta moduluen kasuan, proiektu metodologikoan modu esanguratsuenean definitutako konpetentziak baloratuko dira.

2. Horrela behar duten ebaluazio saioetan, irakasle taldeak erabakiko ditu modulu bakoitzaren kalifikazioak, eta, besteak beste, ikasleak zikloan jarraituko duen, hurrengo mailara iraganen den, enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldian hasiko den eta/edo titulazioa jasoko duen, bai eta Ohorezko Aipamena eta Ohorezko Matrikula eskuratuko dituen ere.

3. Foru agindu honen 32. artikuluan zehazten diren ebaluazio agirietan jasoko da ebaluazio saioen emaitza, eta horren berri eman beharko zaio ikasleari –edo, adingabea denean, bere gurasoei edo legezko ordezkariei–.

4. Ebaluazio prozesua 3 saio motatan antolatuko da: hasierakoa, partziala eta amaierakoa.

12. artikulua. Hasierako ebaluazio saioa.

Heziketa zikloaren hasieran, irakasle taldeak ikasleen hasierako ebaluazio saio bat eginen du, helburu hauekin:

–Ikasleen ezaugarriak, aldez aurreko prestakuntza eta gaitasunak ezagutzea.

–Ikasleak dagokien profil profesionalaren arabera orientatzea eta kokatzea.

Kontuan hartzen ahalko dira aurrez egindako etaparen ebaluazio txostenak, aitzinetik egindako ikasketa akademikoak edo arte plastiko eta diseinukoak, sarbide probaren bidez sartzen diren ikasleen proba, aldez aurreko esperientzia profesionala eta ikasleei jardueretan eginiko behaketa.

Hasierako ebaluazio horrek ez du kalifikaziorik izanen.

13. artikulua. Ebaluazio partzialeko saioa.

1. Ebaluazio partzialeko saioak heziketa zikloko maila bakoitzean eta talde bakoitzerako eginen dira. Saio horietan, irakasleak ebaluazio prozeduren bidez ikaslearen ikaskuntzari buruz jasotako informazioa aztertuko du. Prozedura horiek dira, besteak beste, behaketa sistematikoa, eginiko lanen balorazioa, beste edozein ebaluazio jarduera eta erabilitako metodologiarekin bat datozen beste prozedura batzuk, baterako ebaluazioa eta autoebaluazioa etab., ebaluazio prozesuaren jarraitutasuna bermatzeko.

2. Ebaluazio partzialeko saioen helburua izanen da ikasleen ikas prozesua eta aurrerapen akademikoa aztertzea, taldearen azterketa orokorra egitea eta ikasleen aurrerapen egokiari laguntzen dioten erabakiak hartzea. Saio horien gaineko informazioa Educa kudeaketa sisteman jasoko da.

Irakasle tutoreak zuzendutako ebaluazio saio horietan irakasle taldeak ikasleen kalifikazioa erabakiko du modulu bakoitzeko, betiere ebaluazio jarraituaren ikuspegia aintzat hartuta. Irakasle bakoitzak ikasleen ikas prozesuari buruzko oharrak egiten ahalko ditu, berak ematen duen lanbide moduluari dagozkionak. Ikas metodologia berriak aplikatzen dituzten zikloen kasuan, modulu bakoitzaren kalifikazioa aterako da aplikatutako proiektu metodologikoan izandako parte hartzetik, eta ikasleen ikas prozesuari buruzko baterako oharrak egiten ahalko dira.

3. Ebaluazio partzialeko saioen kopurua heziketa zikloko mailaren araberakoa izanen da:

–Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldirik ez duten mailetan emandako moduluak: Oro har, ebaluazio partzialeko 2 edo 3 saio eginen dira modulu bakoitzerako, arte eskolak erabakitzen duenaren arabera.

–Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia duten mailetan emandako moduluak: Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia ikasturteko azken hiruhilekoan egiten bada, ebaluazio partzialeko 2 saio eginen dira modulu bakoitzerako. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia hasi aurretik eginen da ebaluazio partzialeko bigarren saioa. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia ikasturte osoan zehar egiten bada, ebaluazio partzialeko 2 edo 3 saio eginen dira, arte eskolak erabakitzen duenaren arabera.

4. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldirik ez duten mailak: ebaluazio partzialeko azken saioa ikasturteko moduluen azken ebaluazio saioaren aurretik eginen da. Ebaluazio partzialeko azken saioan, irakasle taldeak erabaki hauek hartuko ditu:

a) Ebaluazio partzialeko azken saioan zer kalifikazio dagokion modulu bakoitzari.

b) Zein ikaslek gainditu dituzten lanbide moduluak.

c) Zein ikaslek dituzten lanbide moduluak gainditzeke. Ikasle horiek errekuperazio jarduerak egiten ahalko dituzte, beren amaierako kalifikazioa beranduago zehazteko.

Ebaluazio partzialeko azken saiotik azken ebaluazio saiora bitartean eginen dira errekuperazio jarduerak.

Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak, urteroko ebazpenaren bidez, eskola egutegia eta ordutegi orokorra egiteko jarraibideak onesten ditu ikasturte bakoitzerako. Bada, ebazpen horretan zehaztuko dira ebaluazio saioak egiteko data zehatzak.

Moduluen behin betiko kalifikazioa mailako moduluen azken ebaluazio saioan eginen da, bai ebaluazio partzialeko azken saioan moduluak gaindituta dituzten ikasleentzat bai moduluak gainditzeke dituzten eta errekuperazio jarduerak egin behar dituzten ikasleentzat.

5. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia ikasturteko hirugarren hiruhilekoan egiten bada, Praktikaldi hori hasi aurretik eginen da ebaluazio partzialeko azken saioa. Saio horretan, irakasle taldeak erabaki hauek hartuko ditu.

a) Ebaluazio partzialeko azken saioan zer kalifikazio dagokion modulu bakoitzari.

b) Zein ikaslek gainditu dituzten lanbide moduluak.

c) Zein ikaslek dituzten lanbide moduluak gainditzeke. Ikasle horiek errekuperazio jarduerak egiten ahalko dituzte, beren amaierako kalifikazioa beranduago zehazteko.

d) Ikasleak enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia hasiko duen edo ez, foru agindu honen 21. artikuluko irizpideei jarraituz.

e) Moduluak gainditzeke dituen eta Praktikaldira iragaten den ikasleak zer errekuperazio jarduera egin beharko dituen, bere amaierako kalifikazioa beranduago zehazteko.

f) Moduluak gainditzeke dituen eta Praktikaldira iragaten ez den ikasleak zer errekuperazio jarduera egin beharko dituen, bere amaierako kalifikazioa beranduago zehazteko.

Errekuperazio jarduerak egiteko aldia bat etorriko da enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiarekin.

Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak, urteroko ebazpenaren bidez, eskola egutegia eta ordutegi orokorra egiteko jarraibideak onesten ditu ikasturte bakoitzerako. Bada, ebazpen horretan zehaztuko dira ebaluazio saioak egiteko data zehatzak.

Moduluen behin betiko kalifikazioa mailako moduluen azken ebaluazio saioan eginen da, bai enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia hasi aurreko ebaluazio partzialeko azken saioan moduluak gaindituta dituzten ikasleentzat bai moduluak gainditzeke dituzten eta errekuperazio jarduerak egin behar dituzten ikasleentzat.

6. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia duten mailen kasuan, Praktikaldi hori ikasturte osoan egiten bada, ikasturteko moduluen azken ebaluazio saioaren aurretik eginen da ebaluazio partzialeko azken saioa. Ebaluazio partzialeko azken saioan, irakasle taldeak erabaki hauek hartuko ditu:

a) Ebaluazio partzialeko azken saioan zer kalifikazio dagokion modulu bakoitzari.

b) Zein ikaslek gainditu dituzten lanbide moduluak.

c) Zein ikaslek dituzten lanbide moduluak gainditzeke. Ikasle horiek errekuperazio jarduerak egiten ahalko dituzte, beren amaierako kalifikazioa beranduago zehazteko.

Ebaluazio partzialeko azken saiotik azken ebaluazio saiora bitartean eginen dira errekuperazio jarduerak.

Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak, urteroko ebazpenaren bidez, eskola egutegia eta ordutegi orokorra egiteko jarraibideak onesten ditu ikasturte bakoitzerako. Bada, ebazpen horretan zehaztuko dira ebaluazio saioak egiteko data zehatzak.

Moduluen behin betiko kalifikazioa mailako moduluen azken ebaluazio saioan eginen da, bai ebaluazio partzialeko azken saioan moduluak gaindituta dituzten ikasleentzat bai moduluak gainditzeke dituzten eta errekuperazio jarduerak egin behar dituzten ikasleentzat.

7. Ebaluazio partzialeko saio bakoitza bukatu ondotik, errendimenduaren berri emanen dio tutoreak ikasleari –eta, adingabea bada, bere guraso edo legezko ordezkariei–. Horretarako, ebaluazio saioko txostena helaraziko dio, Educa kudeaketa sistemaren edo beste plataforma informatiko batzuen bidez. Txosten horretan zehaztu beharko dira, gutxienez, arte eskolaren identifikazio datuak, ikaslearenak, eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa, azalpen hauei jarraikiz:

a) Arte eskolaren identifikazio datuak hauek dira, gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira, gutxienez: izena, deiturak, NANa edo agiri baliokidea, egiten duen etapa, hizkuntza eredua, maila eta taldea.

c) Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira, gutxienez: uneko ebaluazioa, lanbide moduluen zerrenda, haien kalifikazioa, aniztasunari erantzuteko hartutako hezkuntza neurriak –halakorik baldin badago–, eta aurreko ebaluazioetako kalifikazioa. Horrez gain, ikas prozesuari buruzko oharrak eta hutsegiteen nahiz diziplinazko falten laburpena ere izanen ditu.

Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldirik ez duen mailako ebaluazio partzialeko azken saioan, txostenean zehaztu behar da, halaber, modulua gaindituta edo gainditzeke dagoen.

Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia hirugarren hiruhilekoan egiten bada, Praktikaldiaren aurreko ebaluazio partzialeko saioaren txostenean zehaztu behar da, halaber, modulua gaindituta edo gainditzeke dagoen eta ikaslea enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldira sartzen ahalko den edo ez.

14. artikulua. Amaierako ebaluazio saioa.

1. Moduluen amaierako ebaluazio saioen kasuan, modulu bakoitzaren heziketaldia amaitutakoan eginen dira amaierako ebaluazio saioak, eta, heziketa zikloaren amaierako ebaluazio saioan, heziketa zikloa osatzen duten modulu guztiak eta enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia amaitutakoan.

2. Moduluen heziketaldia amaitu eta horiei buruz eginen den amaierako ebaluazio saioan, irakasle taldeak baloratuko du zenbateraino bete diren moduluen eta berariazko konpetentzia profesionalen helburuak. Ikas metodologia berriak aplikatzen dituzten ziklo eta lanbide moduluen kasuan, moduluen eta berariazko konpetentzia profesionalen helburuak lortu diren baloratzeko tenorean kontuan hartuko dira proiektu metodologikoan modu esanguratsuenean definitutako konpetentziak. Amaierako ebaluazio saio horietan, irakasle taldeak erabakiko du, tutorearen zuzendaritzapean, ikasleek zer kalifikazio duten modulu bakoitzean eta, bidezkoa bada, Ohorezko Aipamenik eman behar zaien.

a) Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldirik gabeko mailan amaitutako lanbide moduluak: Amaierako ebaluazio saioan irakasle taldeak, aurreko paragrafoan adierazitakoaz gain, erabaki hauek hartuko ditu:

–Zein ikasle iraganen diren bigarren mailara, foru agindu honen 20. artikuluak mailaz igotzeko ezartzen dituen irizpideak kontuan hartuta.

–Bigarren mailara iragan gabe zein ikaslek errepikatuko duten maila.

–Foru agindu honen 20. artikuluak zikloan jarraitzeko ezartzen dituen irizpideak ez betetzeagatik, zein ikaslek ez duten zikloan jarraituko.

Ikasleak, moduluak gainditzeke edukita ere, mailaz igotzen badira, modulu horiek errekuperatzeko programatu diren jardueren berri eman beharko zaie, baita errekuperazio hori egiteko aldiaren, tenporalizazioaren eta moduluak ebaluatuko diren daten berri ere. Moduluak ebaluatzeko datak bat etorriko dira enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren aurretiko ebaluazio partzialeko saioarekin, baldin eta modulu hori ikasturteko azken hiruhilekoan egiten bada. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia ikasturte osoan egiten bada, berriz, bat etorriko dira mailako ebaluazio partzialeko azken saioarekin.

b) Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia duen mailan amaitutako lanbide moduluak: Artikulu honetako bigarren atalaren hasieran adierazitakoaz gain, amaierako ebaluazio saioan, irakasle taldeak:

–Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia ebaluatuko du, xedapen hauen arabera: Praktikaldiaren amaierako ebaluazioan baloratuko da zenbateraino bete diren Praktikaldiaren helburuak eta berariazko konpetentziak, eta erabakiko da kalifikazioa, hau da, Gai edo Ez Gai. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia ebaluatzen lagunduko du lantokiak bertako egonaldirako izendatutako prestakuntza arduradunak. Beraz, amaierako ebaluazioaren oinarriak izanen dira arte eskolako irakasle tutorearen jarraipena eta enpresa, estudio edo lantegiko prestakuntza arduradunak egindako txostena.

–Amaierako Obraren edo Proiektu Integratuaren kalifikazioen berri emanen du. Modulu hauen amaierako ebaluazioa eginen da heziketa zikloko curriculuma osatzen duten gainerako moduluak gainditzean. Amaierako Obrako edo Proiektu Integratuko lanbide moduluaren ebaluazio saioak noiz egin xedatzen du Lanbide Heziketako zuzendari orokorraren Ebazpenak, hark onesten baititu Nafarroako Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako heziketa zikloen Amaierako Obra eta Proiektu Integratua garatzeko jarraibideak.

–Titulu proposamena eginen du heziketa zikloko modulu guztiak gainditu dituzten ikasleentzat.

–Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren aurreko ebaluazio partzialeko bigarren saioaren ondoren Praktikaldi horretara sartu ez diren ikasleak orain sartzen ahalko diren edo ez erabakiko du, foru agindu honen 21. artikuluan ezartzen dituen irizpideei jarraikiz. Amaierako Obra edo Proiektu Integratu ez beste zikloko modulu guztiak gaindituta hasiz gero Praktikaldian, ahal dela hurrengo ikasturteko lehen hiruhilekoan eginen da Praktikaldia eta ebaluatuko da Amaierako Obra edo Proiektu Integratua. Lanbide moduluak gainditzeke hasiz gero enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldian, gainditu gabeko moduluen, Praktikaldiaren eta Amaierako Obraren edo Proiektu Integratuaren ebaluazio saioak izanen dira bigarren mailako ikasleenekin batera.

–Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldira iragaten ez diren ikasleek ikasturtea errepikatzea erabakiko du. Ikasleek maila errepikatuko dute eta bigarren mailako ikasleen ebaluazio saioekin batera ebaluatuko dira gainditu gabeko moduluak, Praktikaldia eta Amaierako Obra edo Proiektu Integratua.

3. Heziketa zikloa osatzen duten modulu guztiak eta Praktikaldia amaitutakoan eginen da heziketa zikloaren amaierako ebaluazio saioa. Saio horretan irakasle taldeak ikasleei titulua ematea edo ez erabakiko du, bai eta Ohorezko Matrikulak ematea edo ez.

4. Amaierako ohiko ebaluazio saioan, kalifikazioak jaso eta erabaki guztiak hartu ondoren itxiko da akta.

5. Aktak itxi ondoren, kasuan kasuko administrazio eginbidearen bidez eginen da edozein aldaketa.

6. Amaierako ebaluazioko saioa bukatu ondotik, tutoreak emaitzaren berri emanen dio ikasleari –eta, adingabea bada, bere guraso edo legezko ordezkariei–. Horretarako, ebaluazio saioko txostena helaraziko dio, Educa kudeaketa sistemaren edo beste plataforma informatiko batzuen bidez. Txosten horretan zehaztu beharko dira, gutxienez, arte eskolaren identifikazio datuak, ikaslearenak, eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa:

a) Arte eskolaren identifikazio datuak hauek dira, gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira, gutxienez: izena, deiturak, NANa edo agiri baliokidea, egiten duen etapa, hizkuntza eredua, maila eta taldea.

c) Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira, gutxienez: uneko ebaluazioa, lanbide moduluen zerrenda, haien kalifikazioa, aniztasunari erantzuteko hartutako hezkuntza neurriak –halakorik baldin badago–, eta aurreko ebaluazioetako kalifikazioa. Horrez gain, ikas prozesuari buruzko oharrak eta hutsegiteen nahiz diziplinazko falten laburpena ere izanen ditu.

Lehen mailako amaierako ebaluazioko saioan, ikasleari jakinarazi beharko zaio, halaber, ea mailaz igoko den, ea errepikatu behar duen eta ea zikloan jarraitzen ahalko duen.

Bigarren mailako amaierako ebaluazio saioan, ikasleari jakinarazi beharko zaio, halaber, ea titulazioa lortu duen, ea maila errepikatu behar duen eta ea enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldian hasi ahal den (lehenago sartu ez bada).

15. artikulua. Amaierako ebaluazio saioen tenporalizazioa.

1. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen modalitate orokorrean, Praktikaldia ez duen mailan ematen bada moduluen eduki guztia, modulu horien amaierako ebaluazioa ekainean eginen da, Lanbide Heziketako zuzendari orokorrak ikasturte bakoitzerako urtero ematen duen ebazpenean adierazitako datetan. Ebazpen horren bitartez, Nafarroako Foru Komunitatean Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalak ematen dituzten ikastetxeen egutegia eta ordutegi orokorra egiteko jarraibideak ematen ditu.

Halaber, Praktikaldia egiten den ikasturtean emandako moduluen amaierako ebaluazio saioa –Amaierako Obrarena eta Proiektu Integratuarena barne– ekainean eginen da, Praktikaldiaren ondoren, aurreko paragrafoko ebazpenean aipatutako egunetan.

2. Modulu bakoitzarentzat aurreikusitako xedeetara iritsi ez diren ikasleendako errekuperazio jarduerak planifikatuko dituzte modulu bakoitzeko irakasleek, ebaluazio partzialaren azken saioa baino lehen. Foru agindu honetako 6.b) artikuluan aipatzen dira jarduera horiek, ikasleek lor dezaten programatutako emaitzetara iristea eta lanbide modulua gainditzea.

3. Ikaslea bigarren mailara iragaten bada lehen mailako modulu batzuk gainditzeke, modulu horien ebaluazioa eginen da bigarren mailako lanbide moduluekin batera –ebaluazio partzialetan–, eta baita enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia egin aurreko ebaluazioa eta amaierako ebaluazioa ere. Azken hori foru agindu honetako 14. artikuluari jarraikiz eginen da.

4. Baldin eta ikasleak gainditu gabeko moduluekin errepikatzen badu ikasturtea, modulu horien ebaluazioa dagokion mailako ikasleek azterketak egiteko programatutako aldian eginen da, dela lehen maila edo bigarrena.

5. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia gainditzen ez bada lehen deialdian, hurrengo deialdia eginen da foru agindu honen X. kapituluari jarraikiz.

16. artikulua. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalak beste heziketa bide batzuetan antolatzen eta garatzen direnerako ebaluazio prozesua.

1. Bestelako heziketa bideak aipatzen ditu maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuko 6.3 artikuluak, hala aurreikusten dituzte abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuko 4. eta 5. artikuluek, gehiago ere ezar litezke horiek garatuz gero, eta horiek garatzen dituen araudiak ezarriko ditu.

2. Era berean, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluak eskuratzeko proben ebaluazio prozesua ere proba horiek garatzen dituen araudian ezarritakoa izanen da.

IV. KAPITULUA

Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiko eta heziketa zikloko lanbide moduluen kalifikazioa

17. artikulua. Kalifikazioak.

1. Ebaluazio partzialeko saioetan kalifikazioak ezarriko zaizkie ikasleei, modulu bakoitzeko. Kalifikazioekin batera, ikas prozesuari buruzko oharrak ere gehitzen ahalko dira. Kalifikazioak zenbakiz emanen dira, 0tik 10era, dezimalik gabe. Bosteko kalifikazioa edo hortik gorakoak positibotzat joko dira, eta bostetik beherakoak negatibotzat.

2. Ikasturte bakoitzean, aintzat hartuko dira ebaluazio partzialetako notak, ebaluazio jarraituaren ikuspuntua galdu gabe, lanbide moduluaren amaierako ebaluazioan. Modulu bakoitzaren azken kalifikazioa 0tik 10era izanen da, dezimalik gabe; enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia “Gai” edo “Ez Gai” kalifikatuko da. Positibotzat hartuko dira 5 eta 5etik gorako zenbakizko kalifikazioak, eta gainerakoak negatibotzat.

3. Heziketa zikloaren azken kalifikazioa izanen da moduluetako batez besteko nota haztatuen batez besteko aritmetikoa, 2 dezimalekin. Honela lortuko da batez besteko nota haztatua: moduluari dagokion kreditu kopurua bider hartan lortutako azken kalifikazioa, zati moduluen kreditu kopurua.

Modulu bakoitzari dagokion kreditu kopurua dago ezarrita Nafarroan Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluen egitura eta curriculuma ezartzen duten foru dekretuek.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi mailako heziketa zikloetan, modulu bakoitzaren kredituak prestakuntza kredituak dira, eta kreditu batek balio ditu moduluko 10 ordu. Modulu bakoitzari dagozkion kredituak kalkulatzeko, haien “guztizko orduak” edo “iraupenak” –egitura eta curriculuma arautzen duten foru dekretuetan datoz– hamarrez zatituko dira. Emaitza hori dezimal batekin emanen da.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako heziketa zikloetan, modulu bakoitzaren kredituak ECTS kredituak dira. Titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma arautzen duten foru dekretuetan datoz zikloaren modulu bakoitzeko ECTS kredituak.

4. Heziketa zikloaren amaierako batez besteko nota kalkulatzeko:

a) Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia ez da aintzat hartuko, kalifikazioa “Gai” edo “Ez Gai” izaten baita.

b) Ez dira aintzat hartuko modulu baliozkotuak, lan praktikarekin bat datozelako salbuetsiak, edo ECTS kredituak aitortu zaizkienak.

c) Aintzat hartuko dira zikloan eta ikasketa planean zehar egindako moduluak.

Haiek haztatzeko, kontuan hartuko dira modulu bakoitzaren amaierako kalifikazioak, eta heziketa zikloaren amaierako ikasketa planeko moduluen kredituak.

d) Egokitutako moduluak aintzat hartuko dira.

–Automatikoki ebatzi diren edo “Gai” edo “Ez Gai” kalifikatu diren prestakuntza osagarriak gaindituz ebatzi diren modulu egokituak haztatzeko, jatorriko ikastetxean egindako moduluen kalifikazioak hartuko dira, bai eta zikloaren amaierako ikasketa planeko moduluen kredituak ere.

–0tik 10era kalifikatutako prestakuntza osagarriak gaindituz ebatzi diren modulu egokituak honela haztatuko dira:

Lehenik, moduluaren amaierako nota kalkulatuko da, hau da, jatorriko ikastetxean egindako moduluan eta prestakuntza osagarrian lortutako batez besteko nota haztatuen batez besteko aritmetikoa, dezimalik gabe, baldin eta 5ekoa edo hortik gorakoa bada. Egokitzapenari buruzko ebazpenak dioenaren arabera aterako dira batez besteko nota haztatu horiek.

Bigarrenik, moduluko kalifikazioa hartuko da, aurreko paragrafoaren ildotik, bai eta ziklo amaierako ikasketa planeko moduluaren kredituak ere.

e) Modulu erantsiak aintzat hartuko dira.

–Automatikoki ebatzi diren edo “Gai” edo “Ez Gai” kalifikatu diren prestakuntza osagarriak gaindituz ebatzi diren modulu erantsiak haztatzeko, jatorriko ikastetxean egindako moduluen kalifikazioak hartuko dira, bai eta zikloaren amaierako ikasketa planeko moduluen kredituak ere.

–0tik 10era kalifikatutako prestakuntza osagarriak gaindituz ebatzi diren modulu erantsiak honela haztatuko dira:

Lehenik, moduluaren amaierako nota kalkulatuko da, hau da, jatorriko ikastetxean egindako moduluan eta prestakuntza osagarrian lortutako batez besteko nota haztatuen batez besteko aritmetikoa, dezimalik gabe, baldin eta 5ekoa edo hortik gorakoa bada. Modulu erantsiei buruzko ebazpenak dioenaren arabera aterako dira batez besteko nota haztatu horiek.

Bigarrenik, moduluko kalifikazioa hartuko da, aurreko paragrafoaren ildotik, bai eta ziklo amaierako ikasketa planeko moduluaren kredituak ere.

5. Kalifikazio ez-zenbakizkoak eta mistoak, hau da, ikasleei eragiten dieten erabakiak eta ebaluazio saioetan hartutako erabakiak, dagozkien ebaluazio agirietan jasoko dira, era honetan:

KALIFIKAZIOAK, EGOERAK ETA ERABAKIAK

LABURDURA

Modulu gainditua (1)

G

Modulu ez gainditua (1)

EzG

Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia

GAI

Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia

EZ GAI

Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia egin gabe (2)

PEG

Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikalditik salbuetsita, bat datorrelako laneko praktikarekin

SAL

Amaierako Obraren edo Proiektu Integratuaren modulua ebaluatu gabe (3)

EbG

Ebaluazio deialdiari uko egindako modulua

UKO

Modulu baliozkotua (4)

MB

Notarekin aitortutako lanbide modulua (5)

NA-Zenbakizko kalifikazioa

Lanbide modulutik salbuetsia, bat datorrelako laneko praktikarekin (6)

SAL

ECTS kredituak aitortu zaizkion modulua (7)

KA

Prestakuntza Osagarrian gai (8)

PO GAI

Prestakuntza Osagarrian ez gai (8)

PO EZ GAI

Prestakuntza osagarriko modulu egokituan gai (9)

EGO-“X”

Prestakuntza osagarriko modulu erantsian gai (9)

ERA-“X”

Prestakuntza osagarriko modulu egokituan ez gai (10)

POG

Prestakuntza osagarriko modulu erantsian ez gai (10)

POG

Prestakuntza osagarria, 0tik 10era (11)

PO-“X”

Modulu egokitua prestakuntza osagarriarekin, 5eko edo hortik gorako kalifikazioarekin (12)

EGO-“X”

Modulu erantsia prestakuntza osagarriarekin, 5eko edo hortik gorako kalifikazioarekin (12)

ERA-“X”

Modulu egokitua prestakuntza osagarriarekin, 5etik beherako kalifikazioarekin (13)

POG

Modulu erantsia prestakuntza osagarriarekin, 5etik beherako kalifikazioarekin (13)

POG

Guztiz erantsitako modulua (14)

ERA-“X”

Guztiz egokitutako modulua (15)

EGO-“X”

Ohorezko Aipamena duen modulua

OA-10

Ez du jarraitzen

EDJ

Hurrengo mailara iragan da

I

Ez da hurrengo mailara iragan (errepikatu eginen du)

EI

Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldira doa

D

Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldira ez doa

ED

Ohorezko Matrikula (16)

“X” (OM)

Titulua eskuratu du

T

Ez du titulua eskuratu

TE

Titulua homologatu edo baliozkotu gabe (17)

THG

Matrikula baliogabetuta, plaza erreserbatzeko eskubidearekin (18)

MB-PE

Matrikula deuseztatuta (matrikula ofizioz baliogabetuta) (19)

MD

Matrikulari baja borondatez emanda (20)

MBB

(1) Ebaluazio partzialeko azken saioan edo Praktikaldia egin aurreko ebaluazio partzialeko saioan zehazten da modulua gaindituta dagoen (“G”) edo ez (“EG”).

(2) Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldirik ezin izan bada egin ez delako bete han hasteko irizpidea, kurtsatu gabe (“KG”) kalifikatuko da, eta haren deialdia erabili gabekotzat joko da.

(3) Amaierako Obra edo Proiektu Integratua ezin izan bada ebaluatu zikloaren gainerako moduluak ez gainditzeagatik, ebaluatu gabe (“EG”) kalifikatuko da, eta haien deialdia erabili gabekotzat joko da.

(4) Modulu baliozkotuak “MB” kalifikatuko dira.

(5) Nafarroako curriculumaren arabera ziklo desberdinetakoak diren modulu berdinak aitortu eginen dira, eta modulu gaindituetan lortutako kalifikazioak eramanen dira modulu horiek berak dituzten beste edozein ziklora, “AIT-modulua egin zuenean lortutako zenbakizko kalifikazioa” adierazpena erabiliz.

(6) Titulu bakoitza arautzen duen errege dekretuari jarraikiz, laneko esperientziarekin bat datozelako salbuetsitzat jo daitezkeen moduluak “SAL” izendatuko dira.

(7) ECTS kredituak aitortu zaizkien moduluak “KA” (kreditu aitortuak) izendatuko dira.

(8) Ikasketa plan berri bati egokitutako edo erantsitako moduluek Prestakuntza Osagarriak izan ditzakete, eta “PO GAI / PO EZ GAI” kalifikatuko dira.

(9) “Gai” kalifikatutako Prestakuntza Osagarri bat behar duen modulu egokituaren edo erantsiaren kalifikazioa izanen da moduluan ateratako kalifikazioa, eta “EGO-X” eta “ERA-X” izendatuko dira, hurrenez hurren, “X” delarik moduluetan ateratako kalifikazioa.

(10) “Ez Gai” kalifikatutako Prestakuntza Osagarri bat behar duen modulu egokitua edo erantsia “POG” kalifikatuko da (Prestakuntza Osagarririk Gabe), eta gainditu gabeko modulutzat hartuko da.

(11) Ikasketa plan berri bati egokitu edo erantsi behar duten moduluek zenbakiz kalifikatzeko Prestakuntza Osagarriak izan ditzakete, eta “PO-X” kalifikatuko dira (X delarik Prestakuntza Osagarrian ateratako zenbakizko kalifikazioa).

(12) Prestakuntza Osagarri bat behar duen modulu erantsiaren edo egokituaren kalifikazioak 5ekoa edo hortik gorakoa izan behar duenean, kalifikazioa nola lortu xedatuko du egokitzeari edo eransteari buruzko ebazpenak, eta “EGO-X” eta “ERA-X” izendatuko dira, hurrenez hurren, “X” delarik ebazpen horri jarraituz lortutako kalifikazioa.

(13) 5etik behera kalifikatutako Prestakuntza Osagarri bat behar duen modulu egokitua edo erantsia “POG” kalifikatuko da (Prestakuntza Osagarririk Gabe), eta gainditu gabeko modulutzat hartuko da.

(14) Osorik aitortu diren moduluak “Erantsia” (ERA) izendatuko dira, ikasleak zaharrago baten ordezko ikasketa plan batean hastean. Aintzat hartzen direnez zikloko batez besteko amaierako nota kalkulatzeko, “ERA-X” izendatuko dira, “X” delarik egindako moduluetan ateratako kalifikazioa.

(15) Ikasleen mugikortasunaren ondorioz osorik egokitu diren moduluak “Egokitua” (EGO) izendatuko dira. Aintzat hartzen direnez zikloko batez besteko amaierako nota kalkulatzeko, “EGO-X” izendatuko dira, “X” delarik egindako moduluetan ateratako kalifikazioa.

(16) Ohorezko Matrikula ematen denean, zikloko batez besteko notaren atzean adieraziko da. “X” izanen da zikloko batez besteko nota.

(17) Izen emate baldintzatuko agiri bat aurkeztuz matrikulatutako ikasleek –hau da, beste herrialde batean lortutako titulazioaren homologatze edo baliozkotzea aurkezteke duten ikasleek–, homologatze edo baliozkotze horren behin betiko ebazpena aurkeztu beharko dute amaierako ebaluazioa baino gutxienez hilabete lehenago. Hala egiten ez badute, arte eskolak ziurtagiria eskatuko die eta jakinaraziko die agiria amaierako ebaluazioa baino lehen aurkezten ez badute, matrikula baliogabetu eta “THG” kalifikatuko dela. Baldin eta interesdunak ez badu homologazio eskaera eskatutako baldintzetan egiten, lortutako kalifikazioak baliorik gabe geratuko dira, baita matrikula bera ere, eta arte eskolak baliogabetu eginen ditu denak.

(18) Ikasleek matrikula baliogabetzeko eskatu eta plaza erreserbatzeko eskubidea gordetzen dutenean aplikatuko da. Baliogabetzea baimendu den data ere gehituko zaio.

(19) Arte eskolak matrikula ofizioz baliogabetzen duenean aplikatuko da (matrikula deuseztatzea). Baliogabetzea egin den eguneko data ere gehituko zaio.

(20) Ikasleek matrikula baliogabetzeko eskatzen dutenean aplikatuko da, plaza erreserbatzeko eskubiderik gabe. Baliogabetzea egin den eguneko data ere gehituko zaio.

5. Irakasle tutorearen ardura izanen da ikasleek lortutako kalifikazioak foru agindu honetako 32. artikuluan jasotako ebaluazio agirietan gordetzea.

6. Ikasleak moduluak baditu gainditzeke, horiek errekuperatzeko jardueren berri eman beharko zaio, bai eta horiek egiteko aldiaren, tenporalizazioaren eta ebaluazio daten berri ere.

18. artikulua. Erreklamazioak: aintzat hartu beharreko alderdiak.

1. Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema. Haren 3. artikuluan daude jasota Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen zikloak egiten dituzten ikasleek –edo haien gurasoek edo legezko ordezkariek– egindako kalifikazioen erreklamazioen ebazpena. Bertan aipatutako alderdiak aintzat hartzeaz gain, egiaztatu egin beharko da dagokion irakaskuntza programa foru agindu honetan ezarritakoarekin bat datorren, bereziki honako hauei dagokienez:

a) Programazioa foru agindu honen 5. artikuluko ebaluazio sistemei egokitzea.

b) Programazioa foru agindu honen 6. artikuluan xedatutako ebaluazio prozesuaren planifikazioari egokitzea.

c) Programazioa foru agindu honen 7. artikuluko hezkuntza laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleen aniztasunari erantzuteko neurriei egokitzea.

2. Maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren 18.1 eta 18.3 artikuluetan aipatutako txostenak egiteko, artikulu honetan ezarritakoa ere hartu beharko da kontuan.

19. artikulua. Ohorezko Aipamena eta Ohorezko Matrikula.

1. Modulu jakin batean 10eko kalifikazioa lortzen duten Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ikasleei “Ohorezko Aipamena” ematen ahalko zaie.

Ohorezko Aipamena heziketa zikloko irakasleen erabakiz emanen zaie, modulu hori ematen duen irakasleak hala proposatuta, aprobetxamendu akademiko bikaina eta moduluarekiko esfortzu eta interesa erakutsi duten ikasleei.

Gehienez 2 Ohorezko Aipamen emanen dira moduluko eta taldeko.

Ohorezko Aipamena lortu duten ikasleen ebaluazio agirietan “OA” adierazpena jasoko da dagokion moduluan, 10eko kalifikazioa jarri ondoren.

2. Heziketa zikloaren amaierako nota 9 edo hortik gorakoa duten Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ikasleei Ohorezko Matrikula ematen ahalko zaie.

Ohorezko Matrikulak heziketa zikloaren irakasle taldeak erabakita emanen dira eta, aprobetxamendu akademikoa ez ezik, ikasleek egindako ahalegina eta heziketa zikloan (eta, bereziki, enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia egitean) ikusitako eboluzioa ere hartuko dira kontuan.

Heziketa ziklo eta talde bakoitzeko, gehienez 2 Ohorezko Matrikula emanen dira.

Heziketa ziklo batean Ohorezko Matrikula eskuratu duten ikasleen ebaluazio agirietan “OM” jarriko zaie heziketa zikloko azken notaren ondoan, eta ebaluazio aktan ere jasoko da, dagokion eginbidearen bitartez.

3. Ohorezko Matrikula lortzeak berekin dakar Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetako goi mailako ikasketetako lehen urtean zerbitzu akademikoengatik ordaindu beharreko prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egotea.

V. KAPITULUA

Zikloan jarraitzea, hurrengo mailara iragatea eta enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia hastea

20. artikulua. Zikloan jarraitzea eta hurrengo mailara iragatea.

1. Oro har, gehienez 2 ikasturtez egonen dira ikasleak Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako heziketa zikloetako lehen mailan.

Ondore horietarako, ikaslea maila jakin batean egonen da matrikula formalizatu duenean eta 3. apartatuan aipatutako matrikula baliogabetzeko eskaera edo 4.a) apartatuan aipatutako borondatezko baja eman ez duenean. Kasu biak foru agindu honetako 23. artikuluan daude jasota.

2. Lehenengo mailan aurreneko aldiz matrikulatzen diren ikasleek gutxienez modulu bat eta/edo prestakuntza bloke bat gainditu beharko dute. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekarriko du hurrengo mailara iragan ezina eta hasitako heziketa zikloko lehen maila errepikatu beharra. Ez dira modulu gainditutzat hartzen baliozkotuak, aitortuak, osorik egokituak, osorik erantsiak, ECTS kredituen bidez aitortuak, ez eta laneko praktikarekin bat datozelako salbuetsiak ere.

Lehen maila errepikatzen duten ikasleek hurrengo mailara iragateko irizpideak bete beharko dituzte (artikulu honen 5. apartatuan daude). Baldintza hori betetzen ez bada, jarraitu ezin eta errepikatu egin beharko da hasitako heziketa zikloko lehen maila.

Zikloan jarraitzeko irizpideak ez betetzea ebaluazio agirietan jaso beharko da “EDJ” adierazpenarekin.

Zikloan jarraitzeko irizpideak betetzen ez dituzten ikasleek zikloetarako beste sarbide prozesu batean izena emateko aukera izanen dute, heziketa zikloan jarraitu nahi izanez gero.

3. Oro har, gehienez 3 ikasturtez egonen dira ikasleak Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako heziketa zikloen lehen mailan, honako kasu hauetan:

a) Berariazko premiak behar bezala frogatuta dituzten ikasleak.

b) Eritasun luzea, hala ikaslearena nola bigarren mailara arteko odol edo ezkontza ahaidetasuna duten ahaideena.

c) Familia barneko betebeharrak.

d) Ikasketak eta lanbide, kirol edo arte jarduerak uztartu behar dituzten ikasleak.

e) Goi mailako edo errendimendu handiko kirolari kalifikazioa duten ikasleak, indarrean dagoen araudiari jarraikiz,

4. Aurreko ataletan aipatutakoa ukatu gabe eta ezohiko neurri gisa, arte eskolako zuzendariak baimena ematen ahalko du, ikasleak hala eskatuta, ikasketekin jarraitzeko, baldin eta ikasleen errendimendu akademikoari eragin ahal izan dioten arrazoi garrantzitsuak behar bezala justifikatuta badaude.

5. Hurrengo mailara iragateko, baldintza hauetako bat bete beharko da:

a) Maila horretako lanbide modulu guztiak gainditzea, bai eta edukiak ikasturte batean baino gehiagotan banatuta duten moduluak ere.

b) Modulu batean edo gehiagotan kalifikazio negatiboa izatea, baina horiek baturak ez gainditzea ikasturteko moduluen ordu guztien %25.

c) Beste autonomia erkidego batzuetatik edo Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren lurralde eremutik lekualdatu izana, betiere jatorrizko lurraldeko araudian posible bada bigarren mailara iragatea.

Ondore horretarako, gainditu gabeko modulutzat hartuko dira ikasturte berean edo ikasturte batean edo gehiagotan sekuentziatutako prestakuntza blokeetan antolatutako moduluen edukiak.

Gainditu gabeko moduluek ikasturteko moduluen ordu guztien %25 edo gehiago irauten badute, ikasleak maila iragan ezin, lehen maila errepikatu, eta gainditu gabeko moduluak bakarrik eginen ditu.

6. Ebaluazio jarraituaren baitan, ikaslea hurrengo mailara modulu batean kalifikazio negatiboa edukita iragaten bada, modulu hori hurrengo ikasturtean ematen duen irakasleak izanen du modulu horren jarraipena eta ebaluazioa egiteko ardura.

Heziketa zikloko lehen mailan gainditu gabeko moduluak dituzten ikasleei arreta emateko irizpideak eta modulu horiek errekuperatzeko jarduera, orientazio eta laguntzak jaso beharko dira, hurrenez hurren, ziklo bakoitzeko curriculumean eta programazio didaktikoan.

Honako hauek dira ikasleek lehen mailako amaierako ebaluazioa eta gero izaten ahalko dituzten egoerak, hurrengo mailara iragateari eta matrikulatu ahal diren eta behar diren mailari eta moduluei dagokienez:

IKASLEEN EGOERA

ZEIN MAILATAN MATRIKULATZEN DEN

1. MAILAKO MODULUAK GAINDITZEKE

ZEIN LANBIDE MODULUTAN MATRIKULATZEN DEN

1. mailako modulu guztiak gainditu ditu

2.

-

2. mailako modulu guztiak eta enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia.

1. mailako modulu bat edo batzuk gainditzeke eta hurrengo mailara iragateko irizpidea betetzen du

2.

1. mailan gainditzeke d(it)uen modulua(k)

1. mailako moduluak gainditzeke.

2. mailako modulu guztiak eta enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia.

7. Bigarren maila bukatu eta lehenengo eta/edo bigarren mailako moduluak eta/edo Praktikaldia gainditzeke edukitzeagatik titulua eskuratzen ez duten ikasleek bigarren maila errepikatzeko aukera izanen dute, betiere honako foru agindu honetan ezarritako deialdi kopurua agortu ez badute.

21. artikulua. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia hastea.

1. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia azken ikasturteko hirugarren hiruhilekoan egiten denean, baldintza hauetako bat bete beharko da han hasteko:

a) Lanbide modulu guztiak gainditzea, ondoko kasuetan izan ezik: Amaierako Obraren modulua erdi mailako heziketa zikloetan, edo Proiektu Integratuaren modulua goi mailako heziketa zikloetan.

b) Irakasleek “gainditzeke” kalifikazioa jarri izana modulu batean edo batzuetan, Amaierako Obran edo Proiektu Integratuan izan ezik, kasu hauetako batean:

–Modulu bakarra izatea “gainditzeke”, gehienez 350 ordukoa.

–Hainbat modulu izatea “gainditzeke”, betiere modulu guztien batura gehienez 300 ordukoa bada.

2. Hezkuntza Departamentuak heziketa ziklo jakinetan baimentzen ahalko du enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia egitea gainontzeko lanbide moduluak bukatu eta ebaluatu baino lehen; horretarako, kontuan hartuko ditu, beste inguruabar batzuen artean, heziketa zikloaren ezaugarriak eta eskaintza mota.

22. artikulua. Heziketa zikloetako ikasketak errekuperatzea.

1. Lanbide arloetako departamentuek bermatu eginen dute ikasleek lanbide moduluetako ikasketak errekuperatu ahal izatea, ziklo bakoitzeko curriculumean eta programazio didaktikoetan zehaztutakoaren arabera. Era berean, errekuperazioa egin behar duten ikasleei orientazio zehatza emanen zaie, eta, horrez gain, errekuperazio aldia eta ebaluazio egutegia jakinaraziko zaie.

2. Ikasleei gainditzeke dituzten moduluen errekuperazioa errazte aldera, gainditzeke duten moduluan izan zituzten zailtasunak gainditu ahal izateko egin beharko dituzten ariketak agertzen diren errekuperazio programa bat antolatuko du lanbide modulu bakoitzeko irakasleak, ziklo bakoitzaren curriculumean zehaztutako irizpideak eta programazio didaktikoak aintzat hartuta. Errekuperazio jarduera horiek amaierako ebaluazioan aintzat hartuko diren beste osagai bat dira.

3. Errekuperazio programa hainbat modutara diseinatzen ahalko da aplikazio aldi edo momentuen arabera. Honako aukera hauek izaten ahalko dira:

a) Lehen mailako amaierako ebaluazio partzialean gainditzeke geratu diren lanbide moduluak errekuperatzeko programa. Ikasleek amaierako ebaluazio partzialaren eta amaierako ebaluazioaren artean egin dezaten diseinatuko da.

b) Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren aurretik bigarren mailako ebaluazio partzialaren ondoren gainditzeke geratu diren lanbide moduluak errekuperatzeko programa. Ikasleek ikasturteko azken hiruhilekoan egin dezaten diseinatuko da, eta ezberdina izanen da Praktikaldia egiten ahalko dutenentzat eta egin ezin dutenentzat. Praktikaldia ikasturtean zehar egiten denean, gainditzeke dauden lanbide moduluen errekuperazio programa aurreko paragrafoko a) atalari jarraikiz eginen da.

Ikasturte bakoitzaren ordutegia eta egutegia arautzen duen Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren urteko ebazpenean ezarritakoari jarraituko diote errekuperazio programek.

4. Ikasketak errekuperatzea errazte aldera, ikaslea modulu bat edo batzuk gainditzeke dituela iragaten bada hurrengo mailara, kalifikazio negatiboa eragin zuten zailtasunak gainditzeko egin behar dituen ariketak jasoko dituen errekuperazio programa bat antolatuko du lanbide modulu bakoitzeko irakasleak, ziklo bakoitzaren curriculumean zehaztutako irizpideak eta programazio didaktikoak aintzat hartuta.

5. Bigarren mailara gainditu gabeko lanbide moduluekin iragan diren ikasleen errekuperazio programa ebaluatu eta kalifikatuko duen irakasleak emanen ditu gainditu gabeko modulu horiek. Ikasleek gainditzeke dauzkaten moduluak eta bigarren mailako lanbide moduluak aldi berean egiteko moduan diseinatuko dira, betiere aintzat hartuz gainditzeke dauzkaten lehen mailako moduluetako jarduerek eta bigarren mailako jarduerek bateragarriak izan behar dutela, ahal den neurrian.

VI. KAPITULUA

Matrikula baliogabetzea eta ebaluazio deialdiari uko egitea

23. artikulua. Matrikula baliogabetzea.

1. Honako modu hauetara baliogabetzen ahalko da matrikula:

a) Arte eskolak, ofizioz: matrikula deuseztatzea.

b) Hala eskatzen badu ikasleak –edo, adingabea bada, haren gurasoek edo legezko ordezkariek–.

–Matrikula baliogabetzea, ikastetxe horretan eta ziklo horretan plaza bat erreserbatuta hurrengo ikasturterako.

–Matrikulari borondatezko baja ematea.

2. Matrikula ofizioz baliogabetzen ahalko du arte eskolak, besteak beste, ikasleak matrikulatuta dauden heziketa zikloko jardueretara behin eta berriz ez agertzeagatik, justifikatu gabe, edo bizikidetza larriki kaltetzen duen beste edozein jokabiderengatik, abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuaren 17. artikuluan eta harekin bat datozen artikuluetan xedatutakoarekin eta honako xedapen hauekin bat eginez:

a) Ikastetxeak matrikula ofizioz baliogabetze hau bat dator abuztuaren 23ko 47/2010 Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian aipatutako “matrikula deuseztatzea”rekin. Zazpigarren xedapen gehigarri horri jarraikiz deuseztatuko da matrikula: lehenik, neurri hori onartu eta arte eskolako bizikidetza araudian sartu behar da; bigarrenik, aplikatu ahal izateko, aurretiaz heziketa neurriak hartu behar dira dagokion ikaslearekin. Matrikula deuseztatzea ohiko prozeduraren bitartez izapidetuko da. Xedapen horretan ezarritakoaren kontrako erreklamazioak ikastetxeko Eskola Kontseiluan aurkeztuko dira, ikastetxeko bizikidetza araudiari jarraikiz.

b) Matrikula deuseztatzea ebazten denean, dagokion eginbidearen bitartez erregistratu beharko da ikaslearen ebaluazio agiri ofizialetan.

c) Matrikula ofizioz baliogabetzeak edo matrikula deuseztatzeak berekin dakar ikaslea matrikulatuta dagoen lanbide modulu guztietan irakaskuntza, ebaluazio eta kalifikazio eskubideak galtzea, baita plaza erreserbatzeko eskubidea ere; horrenbestez, heziketa zikloko ikasketekin jarraitu nahi badu, berriz hartu beharko du parte dagokion onarpen prozeduran. Baliogabetze hori aintzat hartuko da erabilitako ebaluazio deialdien kopurua zenbatze aldera.

3. Ikasleek ere eskatzen ahalko dute matrikula baliogabetzea, inguruabar jakin batzuk betetzen direla frogatzen denean. Kasu horretan, matrikula baliogabetzeak berekin dakar modulu guztien amaierako ebaluazioari uko egitea, bai eta modulu horiek ikasteko eskubidea galtzea ere. Matrikula baliogabetze hori jarraian datorren prozeduraren arabera eginen da:

a) Ikasleak –edo, adingabea bada, haren gurasoek edo legezko ordezkariek– espedientea dagoen arte eskolako zuzendaritzari eskatzen ahalko dio, oro har, eta behin bakarrik, matrikula baliogabetzeko, betiere jarraian datozen inguruabarren batean dagoela frogatzen baldin badu, dokumentu eta agiri fede-emaileen bidez:

–Eritasun luzea, hala ikaslearena nola bigarren mailara arteko odol edo ezkontza ahaidetasuna duten ahaideena.

–Familia barneko betebeharrak.

–Lanbide, kirol edo arte jarduera.

–Indarrean dagoen araudiari jarraikiz, goi mailako edo errendimendu handiko kirolari kalifikazioa edukitzea.

–Ezohiko beste inguruabar batzuk.

Salbuespen gisa, bigarren aldiz eskatzen ahalko da matrikula baliogabetzeko.

b) Ebaluazio deialdiari uko egiteko eskabidea arte eskolako zuzendaritzan aurkeztu beharko da, frogagiriekin batera. Oro har, lehenengo mailan, amaierako ebaluazio saioa egin baino gutxienez 2 hilabete lehenago aurkeztu beharko da, eta, bigarren mailan, enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia egin aurreko ebaluazio partzialaren saioa baino lehen. Baliogabetzea epe laburragoarekin egitea aztertzen ahalko da, ezohiko inguruabarrak daudenean. Taldeko irakasleei entzun eta gero, ikastetxeko zuzendariak ebatziko ditu eskaerok. Matrikula baliogabetzea onartuko du aurreko atalean aipatutako kausaren bat behar bezala frogatuta dagoenean.

c) Matrikula baliogabetzea baimentzen denean, ikaslearen ebaluazio agirietan jasoko da. Baliogabetu den ikasturte bakarrik eraginen dio horrek. Baliogabetze hori ez da aintzat hartuko erabilitako ebaluazio deialdien kopurua zenbatze aldera.

d) Matrikula baliogabetzeko erabakia eskatzaileari jakinarazi beharko zaio eskabidea jaso eta 7 egun balioduneko epean. Ikasle interesdunak –edo, adingabea bada, haren gurasoek edo legezko ordezkariek– hala eskatuta baliogabetu bada matrikula, hurrengo ikasturtean heziketa ziklo eta arte eskola berean matrikula egitea ahalbidetuko dion plaza bat erreserbatuko zaio. Beste ikastetxe eta/edo heziketa ziklo batean matrikulatu nahi badu, dagokion hautaketa prozesuan hartu beharko du parte.

4. Halaber, ikasle interesdunak –edo, adingabea bada, haren gurasoek edo legezko ordezkariek– hala eskatuta, artikulu honetako 3.a) atalean zerrendatutako inguruabarrak ez daudenean ere eskatzen ahalko du matrikula baliogabetzeko, eta borondatezko bajatzat hartuko da. Matrikulari borondatezko baja emateko eskabidea arte eskolako zuzendaritzan aurkeztu beharko da. Hark aldeko ebazpena eman eta eskabidea jaso eta 7 egun balioduneko epean eman beharko dio baieztapena interesdunari. Matrikulari borondatezko baja ematen zaionean, ikaslearen ebaluazio agirietan jasoko da.

Matrikulari borondatezko baja emateak berekin dakar ikaslea matrikulatuta dagoen modulu guztiei uko egitea. Horrez gain, ohiko deialdian erabilitako deialdiak zenbatzeko kontatuko da, borondatezko baja noiz eskatu den:

a) Ikasturtea hasi den urteko abenduaren 31 baino lehen eskatzen bada, matrikularen borondatezko baja ez da aintzat hartuko erabili diren ohiko ebaluazio deialdien kopurua zenbatzeko.

b) Aurreko atalean aipatutako data baino beranduago eskatzen bada, matrikularen borondatezko baja kontatu eginen da erabili diren ohiko ebaluazio deialdien kopurua zenbatzeko.

5. Ikasleen egoera pertsonaletara egokitzeko xedez, ikasleek modalitatez aldatu nahi badute, hasieran egindako matrikula baliogabetzeko eskabidea egin beharko dute hautatutako modalitate berrian matrikula egin baino lehen.

24. artikulua. Ebaluazio deialdiari uko egitea.

1. Ebaluazio deialdiari uko egiteak berekin dakar amaierako ebaluazioa ez egitea lanbide modulu bati edo gehiagori, edo arrazoi pedagogikoengatik edo antolaketagatik hainbat lanbide modulutan banatuta dauden prestakuntza blokeei, baina matrikula baliogabetu gabe. Modalitate orokorrean, oro har eta behin bakarrik, ikasturte bakoitzean gehienez 4 moduluren amaierako ebaluazioari uko egitea eskatzen ahalko da, baina ez da gehieneko modulu kopururik egonen inguruabar hauetako batean dauden ikasleentzat:

a) Eritasun luzea, hala ikaslearena nola bigarren mailara arteko odol edo ezkontza ahaidetasuna duten ahaideena.

b) Familia barneko betebeharrak.

c) Hezkuntza laguntzaren berariazko premiak.

d) Ikasketak uztartzea lanbide, kirol edo arte jarduerekin.

e) Goi mailako edo errendimendu handiko kirolari kalifikazioa edukitzea, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

f) Konpetentzia profesionala egiaztatzeko prozedurarekin bat etortzea.

g) Ezohiko beste inguruabar batzuk.

Salbuespen gisa, bigarren aldiz eskatzen ahalko da deialdia baliogabetzeko.

2. Ikasleak –edo, adingabea bada, haren gurasoek edo legezko ordezkariek– espediente akademikoa dagoen arte eskolako zuzendaritzari eskatzen ahalko dio ebaluazio deialdiari uko egitea, betiere aurreko artikuluko inguruabarren batean dagoela frogatzen baldin badu, dokumentu eta agiri fede-emaileen bidez. Dagokion ebazpena interesdunari jakinarazi beharko zaio ebaluazio deialdiari uko egiteko eskabidea jaso eta hurrengo 7 egun balioduneko epean.

3. Ebaluazio deialdiari uko egiteko eskabidea arte eskolako zuzendaritzan aurkeztu beharko da, frogagiriekin batera. Oro har, lehenengo mailan, amaierako ebaluazio saioa egin baino gutxienez 2 hilabete lehenago aurkeztu beharko da, eta, bigarren mailan, enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia egin aurreko ebaluazio partzialaren saioa baino lehen. Uko hori epe laburragoan egitea aztertzen ahalko da, ezohiko inguruabarrak daudenean. Taldeko irakasleei entzun eta gero, arte eskolako zuzendariak ebatziko ditu eskaerok. Ebaluazio deialdiari uko egitea onartuko du artikulu honetako 1. apartatuan aipatutako arrazoiren bat behar bezala frogatuta dagoenean.

4. Ebaluazio deialdiari uko egitea baimentzen denean, ikaslearen ebaluazio agirietan jasoko da. Uko hori modulu jakin baterako eta batzuetarako ematen da, eta, beraz, modulu horri edo horiei bakarrik eraginen die.

5. Ikasleak lanbide moduluak gainditzeko antolatu diren probak eta jarduerak egiten ez baditu eta adierazitako epeetan ezarritako amaierako ebaluazioaren deialdiaren berariazko ukoa aurkeztu ez badu, deialdia erabilitzat joko da.

VII. KAPITULUA

Lanbide moduluak baliozkotzea, aitortzea, egokitzea, eranstea eta salbuestea. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikalditik salbuestea. Kredituak aitortzea goi mailako heziketa zikloetan

25. artikulua. Moduluak baliozkotzea. Moduluak aitortzea.

1. Indarrean dagoen estatuko oinarrizko araudiari jarraikiz baliozkotuko dira moduluak. Honako hau da estatuko oinarrizko araudi hori:

a) 596/2007 Errege Dekretua, maiatzaren 4koa, Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen antolamendu orokorra ezartzen duena; 23., 25., 26., 27. eta 28. artikuluak.

b) Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluak eta haien oinarrizko curriculumak ezartzen dituzten errege dekretuak.

c) 1618/2011 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, goi mailako hezkuntzako ikasketen aitorpenari buruzkoa.

d) ECI/3058/2004 Agindua, irailaren 10ekoa, Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloen zenbait baliozkotze arautzen dituena, hezkuntza sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legeari jarraikiz.

2. Indarrean dagoen estatuko oinarrizko araudi horri jarraikiz, Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako zikloen moduluak baliozkotu egin daitezke, honako hauek gainditu izana frogatuz gero:

a) Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluen moduluak, hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren baitan.

b) Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluen moduluak, hezkuntza sistemaren antolamendu orokorra ezarri duen buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren baitan.

c) Batxilergoko irakasgaiak.

d) Lanbide Heziketa eta araubide bereziko beste ikasketa batzuk.

e) Diseinuko, Arte Plastikoetako, eta Kultura Ondasunak Zaintzeko eta Zaharberritzeko goi mailako arte ikasketak.

f) Unibertsitate ikasketak.

d), e) eta f) kasuetan egon litezkeen baliozkotzeak arautzea Gobernuaren eskumena da: d) kasuko baliozkotzeak ezarri ahal izanen ditu, eta e) eta f) kasuetakoak arautuko ditu, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuko 26., 27. eta 28. artikuluei jarraikiz.

3. e) eta f) kasu horiek goi mailako ikasketen arteko aitorpenaren barnean hartu behar dira, eta horrela baliozkotutako lanbide moduluak “Kreditu aitortuak” (KA) izendatuko dira.

4. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen edozein tituluren laneko prestakuntzarako eta orientaziorako modulua baliozkotu egin daiteke, modulu hori gainditu dela frogatuz gero Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ziklo batean.

5. Amaierako Obraren eta Proiektu Integratuaren moduluak ezin dira baliozkotu, haien helburua baita espezialitatearen lanbide arloko berariazko ezagutza, trebezia eta gaitasunak integratzea ikasitako mailarekin bat datorren obra edo proiektu bat gauzatuz.

6. Abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuan definitutako lanbide modulu nahitaezkoak eta osagarriak baliozkotuko dira Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak ebazpen bidez ezarritakoaren arabera.

7. Modulu baliozkotuak ez dira aintzat hartuko zikloaren amaierako batez besteko notarako, foru agindu honen 17.4 artikuluari jarraikiz.

8. Titulu desberdinetan egon arren, Nafarroako curriculumaren arabera izen, helburu, eduki eta ebaluazio irizpide berdinak dituzten moduluak berdintzat joko dira, edozein heziketa ziklokoak izanik ere, eta gainditutako moduluen kalifikazioak lekualdatu eginen dira modulu horiek dauden edozein ziklora. Modulu horiek gainditutzat joko dira.

26. artikulua. Moduluak egokitzea.

1. Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuko 21. artikuluari jarraikiz egokituko dira lanbide moduluak, baldin eta beste autonomia erkidego batean ikasketak hasi dituen ikaslea Nafarroara badator haiek bukatzera.

2. Bi egokitze mota daude:

a) Osorik egokituko dira antzeko edukiak eta irakastorduak dituzten moduluak, jatorriko ikastetxean gainditu badira.

b) Prestakuntza osagarrien bidez egokitutako moduluetan, berriz, prestakuntza osagarriak gainditu beharko dira, Nafarroako curriculumean egindako zabalpenen ondorioz.

3. Modulu egokituak ez dira aintzat hartuko zikloaren amaierako batez besteko notarako, foru agindu honen 17.4 artikuluari jarraikiz.

27. artikulua. Moduluak eranstea.

1. Lanbide moduluak eransteko orduan, kontuan hartuko dira Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluak eta oinarrizko curriculuma ezartzen dituzten errege dekretuen xedapen iragankorra eta eranskina, baldin eta ikaslea LOGSE ikasketa plan batean hasi eta LOE ikasketa plan batean jarraituko badu.

2. Bi eranste mota daude:

a) Osorik erantsiko dira LOGSE ikasketa planean gainditutako lanbide moduluak, Nafarroako curriculumaren arabera.

b) Prestakuntza osagarrien bidez erantsitako moduluetan, berriz, prestakuntza osagarriak gainditu beharko dira, Nafarroako curriculumean egindako zabalpenen ondorioz.

3. Modulu erantsiak ez dira aintzat hartuko zikloaren amaierako batez besteko notarako, foru agindu honen 17.4 artikuluari jarraikiz.

28. artikulua. Kredituak aitortzea goi mailako heziketa zikloetan.

1. Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuko 27. eta 28. artikuluek dioten moduan, Gobernuak arautuko ditu goi mailako arte ikasketen eta unibertsitate ikasketen baliozkotzeak.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako goi mailako heziketa zikloak goi mailako ikasketak dira, eta baliozkotze horiek sartu behar dira goi mailako ikasketen arteko aitorpenaren barnean. Horrela baliozkotutako lanbide moduluak “Kreditu aitortuak” (CR) izendatuko dira eta, foru agindu honen 17.4 artikuluak dioen moduan, ez dira aintzat hartuko heziketa zikloaren amaierako batez besteko nota kalkulatzeko.

2. Inola ere ez zaizkio kredituak aitortuko Proiektu Integratuaren moduluari; izan ere, haren helburua da ikasitako ezagutzak, trebeziak eta gaitasunak integratzea, eta lortutako tituluaren espezialitateari dagokion lanbide arlora dago bideratuta.

29. artikulua. Lanbide moduluak egitetik salbuestea.

1. Lanbide moduluak egitetik salbuesten ahalko da bat datozelako laneko praktikarekin, edo boluntario edo bekadun moduan egindako zerbitzuekin, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuko 24. artikulua betez, eta kontuan hartuz laneko praktikarekin bat datozelako salbuesten ahalko diren zer modulu aipatzen diren Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluak xedatzen dituzten errege dekretuen eranskinetan.

Laneko praktika horrek edo boluntario edo bekadun moduan egindako zerbitzu horiek frogatu behar dute ikasleak menderatzen dituela lanbide moduluen bidez lortu nahi diren gaitasunak. Laneko edo zerbitzuetako esperientzia hori gutxienez urtebetekoa izanen da, lanaldi osokoa, eta loturik egon beharko du dena delako heziketa zikloaren berariazko ezagutza, gaitasun eta trebeziekin eta, hala balegokio, konpetentzia unitateekin.

2. Dokumentu hauek aurkeztuz frogatuko da aipatutako lan esperientzia hori:

a) Besteren konturako langileek:

–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren edo afiliatuta dagoen lan mutualitatearen ziurtagiria, bertan adieraziz enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazioaldia.

–Lantoki izandako enpresaren ziurtagiria, bertan adieraziz kontratuen iraupena, egindako lana eta zenbat denbora eman den lan horretan.

b) Norberaren konturako langileak:

–Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, bertan adieraziz langile autonomoen araubide berezian kotizatutako aldia.

–Zergapekoen zentsuko gutxienez urtebeteko alta ziurtagiria, bai eta interesdunaren adierazpen bat ere, egindako jarduera eta noiztik noizera egin den deskribatuz.

c) Boluntario edo bekadun jardundako pertsonak:

–Laguntzen edo zerbitzuak ematen aritutako erakundearen ziurtagiria, bertan adieraziz egindako lanak eta eginkizunak, zer urtetan egin diren eta horietan emandako ordu kopurua.

3. Horrela salbuetsitako modulua “Salbuetsia” (SAL) izendatuko da espediente akademikoan eta, foru agindu honen 17.4 artikuluak dioen moduan, ez da aintzat hartuko heziketa zikloaren amaierako batez besteko nota kalkulatzeko.

4. Inola ere ez dira laneko praktikarekin bat datozelako salbuetsiko Amaierako Obraren eta Proiektu Integratuaren moduluak; izan ere, haien helburua da ikasitako ezagutzak, trebeziak eta gaitasunak integratzea, eta lortutako tituluaren espezialitateari dagokion lanbide arlora dago bideratuta.

30. artikulua. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikalditik salbuestea.

1. Enpresa, estudio eta lantegietan Praktikaldia egitetik osoki edo partzialki salbuesten ahalko da bat datorrelako laneko praktikarekin, edo boluntario edo bekadun moduan egindako zerbitzuekin, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuko 24. artikulua betez, eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluak xedatzen dituzten errege dekretuak betez.

Laneko praktika horrek edo boluntario edo bekadun moduan egindako zerbitzu horiek frogatu behar dute ikasleak menderatzen dituela Praktikaldiaren bidez lortu nahi diren gaitasunak. Laneko edo zerbitzuetako esperientzia hori gutxienez urtebetekoa izanen da, lanaldi osokoa, eta loturik egon beharko du dena delako heziketa zikloaren berariazko ezagutza, gaitasun eta trebeziekin eta, hala balegokio, konpetentzia unitateekin.

2. Dokumentu hauek aurkeztuz frogatuko da aipatutako lan esperientzia hori:

a) Besteren konturako langileek:

–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren edo afiliatuta dagoen lan mutualitatearen ziurtagiria, bertan adieraziz enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazioaldia.

–Lantoki izandako enpresaren ziurtagiria, bertan adieraziz kontratuen iraupena, egindako lana eta zenbat denbora eman den lan horretan.

b) Norberaren konturako langileak:

–Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, bertan adieraziz langile autonomoen araubide berezian kotizatutako aldia.

–Zergapekoen zentsuko gutxienez urtebeteko alta ziurtagiria, bai eta interesdunaren adierazpen bat ere, egindako jarduera eta noiztik noizera egin den deskribatuz.

c) Boluntario edo bekadun jardundako pertsonak:

–Laguntzen edo zerbitzuak ematen aritutako erakundearen ziurtagiria, bertan adieraziz egindako lanak eta eginkizunak, zer urtetan egin diren eta horietan emandako ordu kopurua.

3. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikalditik salbuestea “Salbuetsia” (SAL) izendatuko da espediente akademikoan, eta, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuko 19. artikuluak dioen moduan, ez da aintzat hartuko heziketa zikloaren amaierako batez besteko nota kalkulatzeko.

31. artikulua. Lanbide moduluak baliozkotzea, aitortzea, egokitzea, eranstea eta salbuestea; ECTS kredituak aitortzea; enpresa, estudio eta lantegietako Praktikalditik salbuestea.

1. Lanbide moduluak baliozkotzea, aitortzea, egokitzea, eranstea eta salbuestea, ECTS kredituak aitortzea, edo laneko praktikarekin bat datozela eta enpresa, estudio eta lantegietako Praktikalditik salbuestea eskatu ahal izateko, ikasleak lehenbizi dena delako moduluan edo Praktikaldian matrikulatu beharko du Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako zikloa emateko baimena duen arte eskola batean.

2. Eskatzailearen espediente akademikoa dagoen arte eskolako zuzendariari dagokio moduluen baliozkotze hauek aitortzea:

a) Foru Agindu honen 25.2 artikuluko a), b) eta c) kasuetan adierazitako moduluak, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluak ezartzen dituzten errege dekretuen eranskinetan aipatutako moduluen arabera.

b) Laneko prestakuntzarako eta orientaziorako modulua, gainditu dela frogatzen bada Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ziklo batean.

Ikasleak matrikulatuta dagoen arte eskolako zuzendariari eginen dio baliozkotze eskaera, eta hark aztertuko du inguruabar hori. Moduluak aitortzeko eskabidearekin batera aurkeztuko da egindako ikasketen ziurtagiri akademiko ofiziala ere.

Arte eskolako zuzendariak ebatziko du baliozkotze eskaera, eta ikasleei edo haien legezko ordezkariei jakinaraziko zaie.

Baliozkotutako lanbide moduluak ezin izanen dira aurkeztu beste lanbide modulu batzuk baliozkotzea eskatzeko.

Baliozkotzeak ez du ondorerik izanen ikasleak aldeko ebazpena aurkeztu arte matrikulatuta dagoen arte eskolako idazkaritzan. Hori egin arte, programatutako ikas jardueretan aritu beharko du ikasleak.

3. Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak aitortuko ditu Arte Plastikoetako eta Diseinuko tituluen irakaskuntza minimoetako moduluen baliozkotzeak, ez badira agertzen 25. artikuluko edo ondorengo araudiko oinarrizko aplikazio araudian.

Baliozkotze eskabide horiek era honetan izapidetu eta erregistratuko dira:

a) Ikasleak moduluak baliozkotzeko eskabidea aurkeztu behar du Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren egoitza elektronikoaren bidez; horretarako, eskatzaileak alta emanda egon behar du egoitza elektroniko horretan. https://sede.educacion.gob.es/sede/login/plogin.jjsp helbidean eskatzaileak alta eman dezake Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren egoitza elektronikoan.

b) Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren egoitza elektronikoaren bidez moduluak baliozkotzeko eskabidea bete eta aurkeztu ondoren, matrikulatuta dagoen arte eskolan aurkeztuko du eskatzaileak, eskatutako agiriekin batera, arte eskolak igor dezan Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministeriora.

c) Arte eskolak, ikaslearen baliozkotze eskabidea berrikusi, bertako matrikulazio datuak egiaztatzeko, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren eskumen diren moduluak baliozkotzeko eskabidea bereizi, egiaztatu ea eskatzailea aurreko ikasturteetan matrikulatuta egon zen baliozkotzea eskatutako moduluetan, eta hala adieraziko du “oharrak” atalean. Horretaz gainera, arte eskolak egiaztatu beharko du aurkeztutako agiri elektronikoak originalak direla, benetako kopia elektronikoak edo, paperean aurkeztu badira, dokumentu originalak edo kopia konpultsatuak direla; azken horiei dagokionez, arte eskolak pdf formatuan digitalizatu beharko ditu.

d) Arte eskolak eskabideak erregistratu beharko ditu Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren egoitza elektronikoan; horretarako, arte eskolak erregistratuta egon behar du Ministerioaren egoitza elektronikoan. Egoitza elektronikoaren bidez, arte eskolak Ministerioari igorriko dizkio eskatzaileak aurkeztu dituen agiri digitalizatu guztiak. Era horretan telematikoki konpultsatuko da baliozkotze prozedura hau, eta arte eskolak ezinen izan du igorri aurrez egiaztatu ez duen agiririk.

Eskabidea Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioan erregistratu ondoren, eskatzaileak noiznahi ikusi ahal du bere izapidea zertan den, egoitza elektronikoaren bidez. Baliozkotze eskabideak ez baditu baldintzak betetzen, Ministerioak egoitza elektronikoaren bidez eskatuko dio eskatzaileari gehienez 10 eguneko epean okerra zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko, arte eskolaren bitartez. Epe hori iragan eta agindutako agiriak aurkeztu ez badira, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da, eta hori adieraziz emanen da ebazpena.

Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak ebatziko du bere eskumenekoak diren moduluekin lotutako eskabidea, banakako ebazpen baten bidez. Ebazpena eman ostean, eskatzaileari posta elektronikoz jakinaraziko zaio ebazpena egoitza elektronikoaren bidez deskargatu ahal izateko aukera.

Baliozkotzeari buruzko ebazpenak ez du ondorerik izanen harik eta eskatzailea matrikulatuta dagoen arte eskolari jakinarazi arte, bide hauetakoren bat erabiliz:

–Ministerioaren jakinarazpena egoitza elektronikoaren bidez, eskatzaileak espresuki baimendu ostean.

–Eskatzaileak paperean deskargatutako ebazpena aurkeztea, sinadura elektronikoarekin eta Egiaztapen Kode Seguruarekin (EKS).

Hori egin arte, programatutako ikas jardueretan aritu beharko du ikasleak.

4. Lanbide Heziketa Zerbitzuari dagokio Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako tituluen irakaskuntza minimoen artean ez dauden modulu nahitaezkoen eta osagarrien baliozkotzeak aitortzea, foru agindu honetako 25.6 artikuluan aipatutako Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpenean ezarritakoaren arabera.

5. Dena delako moduluen baliozkotze hori “MB” erregistratuko da ikaslearen espediente akademikoan, ebaluazio aktetan eta ziurtagiri akademikoan.

6. Lanbide heziketako eta araubide bereziko bestelako ikasketak gaindituta edukitzeagatik baliozkotutako moduluak izapidetzeko orduan, artikulu honetako 3. apartatuko prozedurari jarraituko zaio, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak arautzen ez dituen bitartean.

7. Espediente akademikoa dagoen ikastetxeko zuzendaritzaren titularrari dagokio gainditutako moduluak aitortzea.

Ikasleak matrikulatuta dagoen arte eskolako zuzendariari eginen dio gainditutako moduluak aitortzeko eskaera, eta hark aztertuko du inguruabar hori. Moduluak aitortzeko eskabidearekin batera aurkeztuko da egindako ikasketen ziurtagiri akademiko ofiziala ere.

Gainditutako moduluak aitortzeko eskaerari buruzko ebazpena eman beharko du arte eskolako zuzendariak, eta ikasleari edo haren legezko ordezkariei jakinaraziko zaie.

Gainditutako moduluen aitorpenak ez du ondorerik izanen arte eskolako zuzendaritzak ebazpena eman arte. Hori egin arte, programatutako ikas jardueretan aritu beharko du ikasleak.

8. Diseinuko, Arte Plastikoetako, eta Kultura Ondasunak Zaintzeko eta Zaharberritzeko goi mailako ikasketak gainditu izana ziurtatzeagatik Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako zikloetan ECTS kredituen aitorpenak izapidetzeko orduan, artikulu honetako 3. apartatuko prozedurari jarraituko zaio, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak arautzen ez dituen bitartean.

9. Beste autonomia erkidego batean hasi eta Nafarroan jarraituko diren moduluak egokitzeko eskabideak aitortzea dagokio Hezkuntza Departamentuari, prozedura honi jarraikiz:

a) Ikasleak matrikulatuta dagoen arte eskolako zuzendariari eginen dio egokitze eskaera, eta hark aztertuko du inguruabar hori. Urriko lehen 10 egun baliodunen barnean egin behar da egokitzeko eskaera, eta agiri hauek gehituko zaizkio: NANaren fotokopia, eta gainditutako moduluak agertzen diren ziurtagiri akademiko ofiziala.

b) Arte eskolako zuzendaritzak egokitze eskaeraren espedientea bidaliko du Lanbide Heziketako Zerbitzura, Kualifikazio Profesionalen Atalak azter dezan, haren txosten batek ebatziko du zenbateraino diren berdinak gainditutako moduluen eta egokitzea eskatutako moduluen edukiak eta irakastorduak, eta proposatuko du:

–Egokitzapen osoa aitortzea, jatorriko ikastetxean gainditutako moduluek eta egokitzea eskatutako moduluek eduki eta irakastordu berdintsuak dituztelakoan.

–Egokitzapena aitortzea, baina gainditu beharreko prestakuntza osagarriekin. Kasu honetan, zehaztu egin beharko dira prestakuntza osagarriaren edukiak, ebaluazio irizpideak, kalifikazioa “Gai” edo “Ez Gai” edo 0tik 10era izanen den eta, azken kasu horretan, nola haztatuko diren jatorriko ikastetxean egindako moduluak eta prestakuntza osagarria, egokitu nahi den moduluaren amaierako kalifikazioa lortzeko.

c) Lanbide Heziketako Zerbitzuak egokitze eskaera ebatzi, arte eskolako zuzendaritzara bidali, eta hark jakinaraziko dio interesdunari.

10. Ikasle batek ziklo bati LOGSE ikasketa plan batean ekin ondoren LOE ikasketa plan batean amaitzera doanean, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluak ezartzen dituzten errege dekretuen eranskinetan zehaztutako moduluetan moduluak eransteko eskaera ebatziko du Hezkuntza Departamentuak, prozedura honi jarraikiz:

a) Ikasleak matrikulatuta dagoen arte eskolako zuzendariari eginen dio eranste eskaera, eta hark aztertuko du inguruabar hori. Urriko lehen 10 egun baliodunen barnean egin behar da eranste eskaera, eta agiri hauek gehituko zaizkio: NANaren fotokopia, eta gainditutako moduluak agertzen diren ziurtagiri akademiko ofiziala.

b) Arte eskolako zuzendaritzak eranste eskaeraren espedientea bidaliko du Lanbide Heziketako Zerbitzura, Kualifikazio Profesionalen Atalak azter dezan, haren txosten batek ebatziko du zenbateraino diren berdinak gainditutako moduluen eta egokitzea eskatutako moduluen edukiak eta irakastorduak, eta proposatuko du:

–Eranste osoa aitortzea, jatorriko ikastetxean gainditutako moduluek eta eranstea eskatutako moduluek eduki eta irakastordu berdintsuak dituztelakoan, edo

–Eranstea aitortzea, baina gainditu beharreko prestakuntza osagarriekin. Kasu honetan, zehaztu egin beharko dira prestakuntza osagarriaren edukiak, ebaluazio irizpideak, kalifikazioa “Gai” edo “Ez Gai” edo 0tik 10era izanen den eta, azken kasu horretan, nola haztatuko diren jatorriko ikastetxean egindako moduluak eta prestakuntza osagarria, erantsi nahi den moduluaren amaierako kalifikazioa lortzeko.

c) Lanbide Heziketako Zerbitzuak eranste eskaera ebatzi, arte eskolako zuzendaritzara bidali, eta hark jakinaraziko dio interesdunari.

11. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluak ezartzen dituzten errege dekretuen eranskinetan zehaztutako moduluetan, laneko praktikarekin bat datozelako moduluetatik salbuestea ebatziko du espediente akademikoa dagoen arte eskolako zuzendariak, prozedura honi jarraikiz:

a) Ikasleak matrikulatuta dagoen arte eskolako zuzendariari eginen dio salbueste eskaera, eta hark aztertuko du inguruabar hori. Urriko lehen 10 egun baliodunen barnean egin behar da salbueste eskaera, eta foru agindu honen 29.2 artikuluan aipatutako agiriak gehituko zaizkio.

b) Arte eskolako zuzendaritzak txosten bat eskatuko dio salbuespenak baloratzeko Batzorde bati, pertsona hauez osatua: ikasketa burua, idazkaria, kanpoko lanbide jardueren departamentu burua, eta dagokion lanbide arloko departamentu burua. Erabakiak akta batean jaso, eta bertan azalduko da salbuestea eskatutako lanbide modulutik edo moduluetatik salbuesteko edo ez salbuesteko proposamena.

c) Arte eskolako zuzendariak ebatziko du salbueste eskaera, salbuespenak baloratzeko Batzordearen txostenean oinarriturik, eta ikasleei edo haien legezko ordezkariei jakinaraziko zaie.

Salbuesteak ez du ondorerik izanen ikasleak aldeko ebazpena aurkeztu arte matrikulatuta dagoen arte eskolako idazkaritzan. Hori egin arte, programatutako ikas jardueretan aritu beharko du ikasleak.

12. Laneko praktikarekin bat datorrelako enpresa, estudio eta lantegietako Praktikalditik salbuestea ebatziko du espediente akademikoa dagoen arte eskolako zuzendariak, prozedura honi jarraikiz:

a) Ikasleak matrikulatuta dagoen arte eskolako zuzendariari eginen dio salbueste eskaera, eta hark aztertuko du inguruabar hori. Salbueste eskabidearekin batera aurkeztu behar da foru agindu honen 30.2. artikuluan aipatutako dokumentazioa.

b) Arte eskolako zuzendaritzak txosten bat eskatuko dio salbuespenak baloratzeko Batzorde bati, pertsona hauez osatua: ikasketa burua, idazkaria, kanpoko lanbide jardueren departamentu burua, eta dagokion lanbide arloko departamentu burua. Erabakiak akta batean bilduko dira, eta bertan agertuko da enpresa, estudio eta lantegietako Praktikalditik osoki edo partzialki salbuesteko proposamena, edo ez salbuestekoa. Salbuespena partziala bada, egin beharreko praktiken programazioa eta iraupena zehaztuko dira, bai eta erdietsi beharreko helburuak ere.

c) Arte eskolako zuzendariak ebatziko du salbueste eskaera, salbuespenak baloratzeko Batzordearen txostenean oinarriturik, eta ikasleei edo haien legezko ordezkariei jakinaraziko zaie.

Salbuesteak ez du ondorerik izanen ikasleak aldeko ebazpena aurkeztu arte matrikulatuta dagoen arte eskolako idazkaritzan. Hori egin arte, programatutako ikas jardueretan aritu beharko du ikasleak.

Praktikaldiaren salbuespena partziala emanez gero, arte eskolako zuzendariak Batzordearen erabakiaren berri emanen dio eskatzaileari, bai eta egin beharreko Praktikaldiaren zatia garatzeko erabakitako soluzioa ere.

13. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako tituluen ikasketa minimoetan sartuta ez dauden modulu nahitaezkoak eta osagarriak egokitzea, eranstea, ECTS kredituak aitortzea, eta laneko praktikarekin bat etortzeagatik salbuestea dagokio Hezkuntza Departamentuari, foru agindu honetako 25.6 artikuluan aipatutako Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpenean ezarritakoaren arabera.

14. Baliozkotu, aitortu, egokitu, erantsi edo ECTS kredituak aitortu zain eta/edo salbuetsi zain dauden ikasleek joan beharra dute ikasturteko jardueretara. Baliozkotzeak, aitortzeak, egokitzeak, eransteak, ECTS kredituak aitortzeak eta/edo salbuesteak ondoreak izanen ditu aldeko ebazpena aurkeztutakoan arte eskolako idazkaritzan. Baliozkotzea, aitortzea, egokitzea, eranstea, ECTS kredituak aitortzea eta/edo salbuestea berresten bada amaierako ebaluazioen ondoren, dokumentu ofizial guztietan egin behar dira kalifikazioa aldatzeko diligentziak.

15. Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa eta artikulu honetan araututako prozesuetan sortutakoa artxibatu eginen da bere espediente akademikoarekin batera.

16. Baliozkotu, aitortu, egokitu, erantsi, ECTS kredituak aitortu, moduluetatik salbuetsi eta Praktikalditik salbuetsiz gero, erregistratu eginen da ikaslearen espediente akademikoan, ebaluazio aktetan eta ziurtagiri akademikoan, foru agindu honen 17. artikuluari jarraikiz.

17. Hezkuntza Departamentuak Educa kudeaketa sistema garatuko du foru agindu honetako VII. artikuluan xedatutakoa aplikatze aldera.

VIII. KAPITULUA

Ebaluazio agiriak eta ziurtagiri akademikoak

32. artikulua. Ebaluazio agiriak.

1. Honako hauek dira Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen ebaluazio prozesuko agiriak:

a) Espediente akademiko pertsonala, ziurtagiri akademiko pertsonalaren bidez egiaztatua.

b) Ebaluazio akta.

c) Banakako ebaluazio txostena.

Ikasleen mugikortasuna bermatzen dute ebaluazio txostenak eta ziurtagiri akademiko pertsonalak, espediente akademikoetatik atereak.

2. Ebaluazioa jarraitua dela eta ikasleek beren ikas prozesuan zehar izandako bilakaeraren berri izan dezaten, ikasturteari dagozkion ebaluazio txostenak emanen zaizkie ikasleei, ebaluazio jarraituko sisteman nahiz amaierako ebaluazioko sisteman.

3. Foru agindu honen eranskinetan xedatzen da ebaluazio agirien gutxieneko edukia.

4. Ziurtagiri akademiko pertsonalaren bidez egiaztatutako espediente akademikoan agertuko da ebaluazio prozesuari buruzko informazio guztia, modu sintetikoan. Haren edukiek bat etorri beharko dute, gutxienez, espediente akademikoaren kasuan 1. eranskineko eredukoekin, eta ziurtagiri akademiko pertsonalaren kasuan 2. eranskineko eredukoekin, biak ala biak foru agindu honetakoak.

5. Ebaluazio aktan datoz taldeko ikasleen zerrenda –izen-deiturekin–, moduluen ebaluazioko emaitzak, eta ebaluazio saioan hartutako erabakiak. Aktaren edukiak bat etorri beharko du, gutxienez, foru agindu honetako 3. eranskineko edukiekin.

6. Ikaslea heziketa zikloa bukatu gabe beste ikastetxe batera lekualdatzen denean, banakako ebaluazio txostena eginen da. Txosten horretan jaso behar dira ebaluazioko emaitzak eta ikasleen aurrerapen akademikoari buruzko erabakiak, eta bat etorri beharko du, gutxienez, foru agindu honetako 4. eranskineko edukiekin.

7. Ikaslearen espediente akademikoa dagoen arte eskolako idazkaritzak eman behar ditu eskatzen diren ziurtagiriak.

Ebaluazio dokumentu guztietan aipatu behar da Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa ziklo bakoitzaren curriculuma garatzen duen foru dekretua.

33. artikulua. Espediente akademiko pertsonala.

1. Espediente akademiko pertsonalak era laburtuan jasoko du ebaluazio prozesuari dagokion informazio guztia, eta bertan agertuko dira foru agindu honetako 1. eranskineko edukiak, gutxienez.

2. Ziurtagiri akademiko pertsonalaren bidez egiaztatzen da espediente akademiko pertsonala. Ziurtagiri hori inprimaki ofizial normalizatuetan emanen da, interesdunak eskatu ondoren.

34. artikulua. Ziurtagiri akademiko pertsonala.

1. Ziurtagiri akademiko pertsonalak egiaztatzen ditu ikaslearen ikasketak; ikasleak egindako prestakuntza egiaztatzen duen agiri ofizial horretan agertzen dira lortutako kalifikazioak, positiboak nahiz negatiboak, ebaluazio deialdi zehatza eta ikasturtea adieraziz, ziurtagiria egin den arte.

2. Ziurtagiri akademikoak inprimaki ofizial normalizatuan eginen dira, interesdunak eskatu ondoren, eta bat etorriko dira foru agindu honen 2. eranskineko edukiekin, gutxienez.

3. Heziketa zikloko ikasketa guztiak gainditzen ez dituzten ikasleek ziurtagiri akademiko partzial bat jasoko dute, eta bat etorriko da foru agindu honen 5. eranskineko edukiekin, gutxienez. Bertan agertuko dira ondorio akademikoak izanen dituzten modulu gaindituak.

4. Berariazko prestakuntza aukerak eskaintzen dituzten moduluetako prestakuntza unitate laburrak gainditzen dituztenek ziurtagiri partzial metagarri bat jasoko dute, baina Nafarroako Foru Komunitatean baino ez da balioduna izanen.

5. Hezkuntza Departamentuak Educa kudeaketa sistema garatuko du kapitulu honetan xedatutakoa aplikatze aldera.

6. Ikaslearen espediente akademikoa dagoen arte eskolako idazkaritzak eginen ditu eskatutako ziurtagiri akademikoak, eta arte eskolako zuzendariak eman beharko die oniritzia.

35. artikulua. Ebaluazio aktak.

1. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen maila bakoitzeko eginen da ebaluazio akta bat. Bertan agertuko dira taldeko ikasleen izen-deiturak eta ebaluazioko emaitzak, eta ohiko ikasturtea amaitzean itxiko dira, ezohiko deialdiaren ondoren. Gainera, ohiko ikasturtea amaitutakoan (eta, behar denean, ezohiko deialdia egindakoan) gainditu gabeko moduluen ebaluazio aktak eginen dira, maila bakoitzeko.

2. Ebaluazio aktak bat etorriko dira foru agindu honen 3. eranskineko edukiekin, gutxienez; taldeko irakasle guztiek eta idazkariak sinatu behar dituzte, eta arte eskolako zuzendariak ontzat eman.

36. artikulua. Banakako ebaluazio txostena.

1. Banakako ebaluazio txostenean biltzen da ikasle baten ikas prozesurako behar den informazioa.

2. Ebaluazioa jarraitua denez eta ikasleek beren ikas prozesuan zehar izandako bilakaeraren berri izan dezaten, bai ebaluazioa jarraituko sisteman bai amaierako ebaluazioko sisteman, ikasturte horri dagozkion ebaluazio txostenak emanen zaizkie ikasleei.

3. Banakako ebaluazio txostena bat etorriko da foru agindu honetako 4. eranskineko edukiekin, gutxienez, eta tutoreak beteko du.

37. artikulua. Ikasleen mugikortasuna.

1. Baldin eta ikasle bat ikastetxe batetik bestera lekualdatzen bada, bere espediente akademikoa dagoen ikastetxeak helmugako ikastetxeari bidali beharko dizkio, azken horrek eskatuta, ziurtagiri akademiko pertsonala, banakako ebaluazio txostena eta espediente akademikoa, dagokion eginbidean adieraziz kalifikazioak bat datozela ikastetxean gordetako akten kalifikazioekin.

Ikastetxe hartzailea izanen da bidali zaizkion ebaluazio agirien erantzule, eta ikasleari dagokion espediente akademikoa irekiko du.

Artikulu honetan aipatzen den informaziora sartzeko, Educa kudeaketa sistema edo beste bitarteko batzuk erabiltzen ahalko dira.

2. Espediente akademikoa Nafarroako arte eskola batera lekualdatzea onartu ondoren –beste autonomia erkidego batean ikasten hasi eta Nafarroan jarraitzeko–, ikaslea dagokion mailan hasi ahal izateko egokitzapena eginen da, foru agindu honen 31. artikuluko prozedurari jarraikiz.

3. Espediente akademiko pertsonalean agertuko dira modulu egokituak, eta aintzat hartuko dira heziketa zikloaren amaierako batez besteko notarako, foru agindu honen 17 artikuluari jarraikiz.

IX. KAPITULUA

Tituluak egitea, erregistratzea eta haien ondoreak

38. artikulua. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen tituluak.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi mailako heziketa ziklo bat gainditzeak eskubidea emanen du Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari titulua lortzeko. Goi mailako heziketa ziklo bat gainditzeak eskubidea emanen du Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari titulua lortzeko.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluak ofizialak dira eta Estatu osoan balio dute, bai akademikoki, bai lanerako. Haiek ziurtatzen dituzte prestakuntza maila eta konpetentzia profesionalak, eta indarrean dagoen legeriak ezarritako ondoreak dituzte, baina horrekin bakarrik ez da lanbidea arautzen.

39. artikulua. Tituluaren Europass gehigarria.

1. Europass gehigarria Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen titulu ofizial bati atxikitako agiri bat da, hirugarrenek errazago uler dezaten –batez ere beste herrialde batzuetan lanpostuak ematen dituzten pertsona, elkarte edo erakundeek– titularrak zer jakintza eta gaitasun eskuratu dituen. Europass gehigarria ez da titulu ofizialaren ordezko agiria, baizik eta informaziorako osagarri bat.

Gehigarri horretan deskribatzen dira Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluaren titularrak eskuratutako jakintza eta gaitasunak. Titulu ofizialetan emandako informazioaren osagarri bat da, titulua ulertu ahal izateko, bereziki titulua eman den herrialdean ez besteetan.

2. Arte eskolak derrigortuta daude eskatzen duten ikasleei gehigarri hori egin eta ematera, arte eskolako zuzendariak eta idazkariak sinatuta, aplikagarria den legerian ezarritako eredu ofizialak erabiliz.

40. artikulua. Beste ikasketa batzuetan sartzea.

1. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari tituluarekin sar daiteke lanbide heziketako goi mailako zikloetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen eta kirol ikasketetan, baldin eta gainditu bada goi mailako zikloen sarbide proba, eta betetzen badira, gainera, aipatutako azken bi ikasketen berariazko sarbide baldintzak, indarrean dagoen araudian ezarritako moduan.

Halaber, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari tituluak sarbidea ematen du batxilergora.

2. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluak sarbide zuzena ematen du goi mailako arte ikasketetara Arte Plastikoetan, Diseinuan, eta Kultura Ondasunak Zaintzeko eta Zaharberritzeko goi mailako arte ikasketetan.

Halaber, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluak sarbidea ematen du graduko unibertsitate ikasketa ofizialetara, unibertsitate publiko espainiarren onarpen prozedurei jarraikiz.

41. artikulua. Tituluak erregistratzea eta ematea.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluak erregistratu eta emateko orduan, kontuan hartuko da titulu akademikoak eta lanbide tituluak emateari buruzko oinarrizko araudi estatala.

Interesdunak titulua eskatu beharko du azken heziketa moduluaren eta/edo Praktikaldiaren ebaluazio positiboa eskuratu duen arte eskolan.

42. artikulua. Ebaluazio agiriak betetzea eta zaintzea.

1. Ikasleak arte eskolan matrikula egin ondoren, espediente akademikoa irekiko du bertako idazkaritzak.

2. Ikasturteko amaierako ebaluazio aktak itxi eginen dira haiek amaitzean.

3. Akta horiek tutoreak eta irakasle talde osoak sinatu, eta arte eskolako zuzendariak ontzat emanen ditu. Sinadurekin batera, sinatzailearen izen-deiturak jarriko dira, haren kargua, irakasle jardun duen modulua eta data.

4. Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak ezarritako epearen barnean eta xedatutako eduki eta prozedurarekin, arte eskolak agiri bat bete beharko du ikasleen amaierako ebaluazioko emaitzen laburpen estatistikoari buruz, Educa kudeaketa sistemaren bidez edo beste bitarteko batzuen bidez.

5. Arte eskolako idazkariaren ardura da ebaluazio agirietan dauden datuak artxibatzea eta zaintzea. Hezkuntza Departamentuak ezarriko ditu datu horiek gordetzeko neurri egokiak, edo baita lekualdatzekoak ere, ikastetxea deseginez gero.

X. KAPITULUA

Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia

43. artikulua. Kontzeptua.

Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia heziketa plan bat da, nahitaezkoa, non ikasleek sektore profesional eta artistikoetako lanpostuekin lotutako jarduerak eta funtzioak dituzten.

Prestakuntza honen ezaugarri nagusia da enpresa, estudio edo lantegiaren benetako ekoizpen eremuan gauzatzen dela. Arte eskolako tutorearen eta enpresa, estudio edo lantegian izendatutako arduradunen orientazio eta aholkuarekin, ikasleak bere heziketa planean jasotako lanak egiten ditu, bere arlo profesional eta artistikoko jarrerak eta jokabideak praktikan jarriz.

Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldi horren bidez, kanpoan kontrastatzen dira Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalak.

44. artikulua. Helburuak.

Honako hauek dira enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren helburuak:

a) Ikasleen prestakuntza osatzea, sektore profesional eta artistikoko enpresa, estudio edo lantegi baten eguneroko errutinetan integratuz, eta ikaslearen prestakuntzaren mailako funtzioak eginez.

b) Arte eskolan garatutako arte, teknika eta teknologia mailako prestakuntza aplikatzea benetako ingurune profesional eta artistiko batean.

c) Ikasleak harremanetan jartzea lan munduarekin eta enpresa, estudio edo lantegiko harreman sozial, laboral eta teknikoen sistemarekin.

d) Enpresa, estudio eta lantegietako arte eta ekoizpen prozesuen ikuspegi integral bat eskuratzea.

e) Arte eskolan eskuratutako jakintzak, prestakuntza eta gaitasuna kontrastatzea sektoreko errealitate profesional, laboral eta artistikoarekin.

f) Ikasleak bere prestakuntzari gehitzea espezialitateari buruzko jakintzak, merkatuaren barneko egoera eta harremanak, arte eta kultura joerak, lanaren antolaketa eta koordinazioa, enpresa kudeaketa, lan eta gizarte harremanak, etab., beharrezkoak baitira lan eta arte jarduerari ekiteko.

g) Lanabes, tresna, material eta makineriei buruzko jakintza teorikoak eskuratzea, arte eskolan ez daudenak beren espezializazio, kostu edo berritasunagatik.

h) Modu aktiboan parte hartzea dena delako zerbitzua edo produktua ekoizteko eta argitaratzeko prozesuaren faseetan, tutorearen eta enpresa, estudio edo lantegiko arduradunaren gidaritzapean.

i) Enpresa, estudio edo lantegietako profesionalek parte hartzen dutelarik ebaluatzea eta egiaztatzea ikasleen konpetentzia profesionala, benetako lan egoeretan.

j) Heldutasun profesionala lortzea eta ekoizpen eta zerbitzu arloko ingurune artistiko berrietara egokitzen laguntzea.

k) Lanean hasten laguntzea Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikariei eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikariei.

l) Arte eskolen eta beren ingurune profesional eta artistikoko enpresa, estudio eta lantegien arteko lankidetza hobetzea.

45. artikulua. Enpresa, estudio eta lantegietan Praktikaldia egiteko guneak.

1. Praktikaldi honi dagokion prestakuntza egiteko lekuak izanen dira Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen heziketa zikloen ekoizpen sistemarekin lotutako enpresa, enpresa elkarte, estudio, lantegi eta erakundeak. Horregatik, arte eskolek ikasleei eskainitako prestakuntza postuek enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren helburuak lortzeko modua eman behar dute. Helburu horiek agertzen dira Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluen egitura eta curriculuma ezartzen duen foru dekretu bakoitzean.

2. Hezkuntza Departamentuak enpresa, estudio eta lantegietan Praktikaldia egiteko enpresen katalogo bat izanen du, eta haren bitartez adieraziko dio arte eskola bakoitzari inguruko enpresa, estudio eta lantegiek zer baldintza eta jarrera dituzten prestakuntza horretan laguntzeko.

3. Beste herrialde batzuetan ere egin daiteke Praktikaldi hori, ofizialki onartutako programa europarren bidez, edo herrialde horietako enpresa edo erakundeekiko lankidetza hitzarmenen bitartez. Hori dena, baldin eta betetzen badira indarrean dagoen araudiko baldintzak, eta Lanbide Heziketako Zerbitzuaren baimenarekin.

4. Baldin eta, zenbait gunetan edo ekoizpenaren eta zerbitzuen zenbait sektore artistikotan, enpresa, estudio edo lantegi batek eskainitako prestakuntza postuak ez badira aski Praktikaldiaren helburuak erdiesteko, Praktikaldiaren tutoreak, lanbide arloko departamentu buruarekin batera, heziketa programa sekuentziatzeko beste prestakuntza postu batzuk hautatu beharko ditu beste enpresa, estudio edo lantegi batzuetan, Praktikaldi horren helburuak behar bezala bete ahal izan daitezen. Dena dela, oro har, hautatutako enpresa, estudio eta lantegiak ez dira 3 baino gehiago izanen.

46. artikulua. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldirako Batzordeak.

1. Arte eskolek enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldirako Batzordeak eratu ahal izanen dituzte, eta haien partaide izanen dira, gutxienez, zuzendaria, kanpoko lanbide jardueren arduraduna, eta arte eskolaren eremuko enpresa, estudio edo lantegietako 2 ordezkari.

2. Hauek izanen dira, batez ere, Batzordearen eginkizunak:

a) Arte eskolaren eta ekoizpen nahiz zerbitzu arloko ingurune profesional eta artistikoaren arteko harremana sustatzea.

b) Aholkua eta babesa ematea arte eskolari, batik bat kanpoko lanbide jardueren arduradunari eta Praktikaldiaren tutoreei, enpresa, estudio eta lantegiak bilatzeari buruz, eta Praktikaldi hori garatu eta etengabe hobetzeari buruz.

47. artikulua. Enpresa, estudio eta lantegiekiko lankidetza hitzarmenak.

1. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia egin ahal izateko, aurrez sinatu behar da berariazko lankidetza hitzarmen bat arte eskolaren eta enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzailearen artean.

2. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia egiteko berariazko lankidetza hitzarmenak idatziz jarri eta sinatu egin behar ditu enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzailearen legezko arduradunak eta arte eskolako zuzendariak, Lanbide Heziketako Zerbitzuak ontzat emanda, Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak ezarritako xedapenen arabera.

Lanbide Heziketako Berrikuntza, Enpresa eta Nazioartekotze Atalak Lan Ikuskaritzako organismo arduradunari jakinaraziko dio zer ikasle ari diren une bakoitzean Praktikaldia egiten enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzaile bakoitzean.

3. Hitzarmen horiek gutxienez 2 urte iraunen dute, sinatzen diren datatik aurrera, eta urtero luzatuko dira, sinatu duten aldeek besterik adierazi ezean.

4. Berariazko lankidetza hitzarmenak iraungi eginen dira hitzartutako edo luzatutako denbora amaitzean, edo alde batek salatzean, beste aldeari jakinaraziko zaio gutxienez 15 egun lehenago, eta arrazoi hauetako bat izanen du oinarrian:

a) Jarduteari utzi dio enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzaileak, edo arte eskolak.

b) Ez dira bete berariazko lankidetza hitzarmenean ezarritako klausulak, desegokiak dira prestakuntzako praktikak, edo indarreko arauak urratu dira enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia egitean.

c) Hala adostu dute arte eskolako zuzendaritzak eta enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzaileak.

d) Ezinbesteko beste kasu batzuek ezinezkoa egiten dute Praktikaldia.

5. Berariazko lankidetza hitzarmenaren aplikazioa iraungi egin daiteke ikasle jakin batentzat, arte eskolaren erabakiz, enpresa, estudio edo lantegiaren erabakiz, edo bi aldeen erabakiz, kasu hauetan:

a) Justifikatu gabeko hutsegiteak eta/edo puntualtasun faltak, behin eta berriro.

b) Aprobetxamendu gutxi edo jarrera desegokia, ikasleari entzun ondoren.

c) Ikaslearen eskaera arrazoitua.

6. Arte eskolak Lanbide Heziketako Berrikuntza, Enpresa eta Nazioartekotze Atalari eman behar dio berariazko lankidetza hitzarmen iraungien berri.

7. Hezkuntza Departamentuak akordioak izenpetuko ditu eskualde, estatu edo nazioarteko erakunde, enpresa talde edo profesionalekin, enpresa, estudio eta lantegietan Praktikaldia egiteko postuen eskaintza bat osatzeko, kalitate kontrastatuaren irizpideak erabiliz. Akordio horien barneko arte eskolek ez dituzte izenpetu beharko artikulu honen 1. apartatuan deskribatutako lankidetza akordioak.

48. artikulua. Ikaslearen harremana enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzailearekin.

1. Ikaslearen eta enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzailearen arteko harremanak –Praktikaldia egiteko berariazko lankidetza akordioaren ondorioz–, inola ere ez du izanen izaera juridiko laboral edo funtzionarialik, hala xedatzen baitu Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen antolamendu orokorra ezartzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuko 9. artikuluak, bai eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen antolamendua eta garapena arautzen duen abuztuaren 8ko 44/2010 Foru Dekretuko 18. artikuluak. Hortaz, ikasleek ez dute ordainsaririk jasoko beren prestakuntza jardueragatik ez haren ondorio diren emaitzengatik.

2. Enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzaileak ezin izanen du bere plantillako lanposturik bete Praktikaldian dauden ikasleekin. Ordaindutako zerbitzuen harreman bat ezarriz gero, iraungitzat joko da ikaslearen enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia. Enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzaileak horren berri eman behar dio arte eskolako arduradunari, eta hark Lanbide Heziketako Berrikuntza, Enpresa eta Nazioartekotze Atalari adieraziko dio, Lan Ikuskaritzako organismo arduradunak jakin dezan.

3. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia egiten duten ikasleen istripu estalduraren araubidea ezarriko dute Eskola Aseguruaren arloko araudiak eta aseguru horren mutualitatearen estatutuek.

Bestalde, Hezkuntza Departamentuak aseguru poliza bat kontratatuko du, eta hark estaliko ditu ikasleek enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzaileetan ari direla gertatutako istripuak, erantzukizun zibila eta makineria edo ekipamenduko kalteak.

Nafarroako arte eskoletako Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako heziketa zikloetako ikasle guztiak izanen dira poliza horren onuradun, enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia egin bitartean.

49. artikulua. Enpresa, estudio eta lantegietan Praktikaldia egiteko egutegia.

1. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen heziketa zikloak egiten dituzten ikasleek arte eskolan konpetentzia profesional jakin bat lortu ondoren ekinen diote enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiari. Izan ere, Praktikaldi horren helburuen artean aipatzen da ikaslearen konpetentzia profesionala ebaluatzea eta egiaztatzea benetako lan egoeretan, enpresa, estudio edo lantegietako profesionalek parte hartzen dutela.

2. Enpresa, estudio edo lantegian ari diren langileek duten lanaldi eta egutegiaren antzekoa izanen da ikasleena ere, salbuespen justifikatuak salbuespen. Hori horrela dela kontrolatuko du enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzaileak izendatu duen arduradunak.

3. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren iraupena xedatuko dute Nafarroako Foru Komunitatean heziketa zikloen curriculumak ezarri eta garatzen dituen foru dekretu bakoitzak.

Oro har, bigarren mailako hirugarren hiruhilekoan eginen da enpresa, estudio eta lantegietako heziketa zikloen Praktikaldia.

Dena dela, abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuan ezarritako beste modalitate batzuetan garatutako heziketa zikloetan, edo xedatutako beste modalitate berrietan, Praktikaldi hori eginen da bere berariazko heziketa programan ezarritako egutegiaren arabera.

4. Antolamendua edo lan jarduerak oso testuinguru zehatz batean dauzkaten ekoizpen eta zerbitzu mailako sektore profesional eta artistikoetan Praktikaldia egiteko orduan, bigarren mailako hirugarren hiruhilekoan ez egitea eska dezake arte eskolak, baldin eta bermatzen badira abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuaren 18. artikuluan ezarritako helburuak. Honako hauek izan daitezke, besteak beste, eskaera horren arrazoiak:

a) Urtaroen mende dauden ekoizpen eta zerbitzu arloko sektore profesionalak eta artistikoak.

b) Praktikaldia egiteko enpresa, estudio eta lantegien falta.

c) Heziketa zikloaren baldintzatzaileak.

Artikulu honen 3. apartatuan oro har ezarritako epea ez den batean Praktikaldia egiteko eskaerak aztertu eta ebatziko ditu Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak.

5. Enpresa, estudio eta lantegietan Praktikaldia egiteko epea aldatzeko eskaera bidali behar dio arte eskolako zuzendaritzak Lanbide Heziketako Zerbitzuari. Eskaerarekin batera joanen da dokumentazio hau, gutxienez:

–Eskola Kontseiluari jakinarazi zaiola egiaztatzen duen dokumentazioa.

–Eskatutako aldaketaren dokumentu justifikatzailea.

–Programazio proposamena, egutegia, ordutegia eta Praktikaldiaren jarraipena eta tutore kontrola egiteko baldintzak.

Lanbide Heziketako Zerbitzuak aztertu, hala badagokio aldeko txostena eman, eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emanen du baimenaren ebazpena. Ebazpen horren berri eman beharko zaie arte eskolari eta Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzuari.

6. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia hasterik izan ez duten ikasleari, Amaierako Obraren edo Proiektu Integratuaren modulua ez beste modulu guztiak gainditu baditu, arte eskolak antolatuko dio, oro har, hurrengo ikasturtearen lehen hiruhilekoan.

Halaber, “Ez Gai” kalifikatutako ikasleei, arte eskolak berriro antolatuko die, oro har, hurrengo ikasturtearen lehen hiruhilekoan.

50. artikulua. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren programazioa.

1. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren heziketa programa osatzen du arte, ekoizpen eta zerbitzu arloko jarduera multzo batek, denboran eta espazioan antolatuak, ikasleak egin beharrekoak curriculumean ezarritako Praktikaldian zehar. Jarduera horiek loturik daude tituluaren profilarekin, eta Praktikaldi horren helburuak ebaluatzeko oinarri izanen dira.

Heziketa programa bakoitzak elementu hauek izan beharko ditu, 6. eranskineko ereduari jarraikiz:

a) Enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzaile bakoitzean lor daitezkeen Praktikaldiaren helburuak.

b) Eskatutako konpetentzia profesionala lortu edo osatu ahal izateko arte, ekoizpen eta zerbitzu arloko jarduera hezitzaileak.

c) Ikasleak jarduera bakoitzean garatuko dituen lan arloak.

d) Jarduera bakoitzaren ebaluazio irizpideak, berariazko lan egoera bakoitzera egokituak.

2. Heziketa programa egiteko kontuan hartuko dira, besteak beste, alderdi hauek:

a) Titulu bakoitzean enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldirako ezarritako helburuak, bai eta aplikatuko diren ebaluazio irizpideak ere.

b) Enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzailearen arte, ekoizpen edo zerbitzu mailako baliabideak, antolaketa eta izaera.

3. Arte eskolaren eta enpresa, estudio edo lantegiaren artean adostutako heziketa programaren jarduerek ezaugarri hauek izan behar dituzte:

a) Profil profesionalari dagozkion lan egoerak izanen dira jardueren erreferentzia, eta aintzat hartu beharko dituzte enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren helburuak.

b) Prozesuak logikoak eta errealak izanen dira, aurrez finkatuak, eta jarduerak, berriz, egiteko modukoak.

c) Enpresa, estudio edo lantegiaren arte, ekoizpen edo zerbitzu arloko baliabideak eta instalazioak erabiliko dira, bai eta beharrezkoa den dokumentazio tekniko-profesional eta artistikoa.

d) Posible bada, lanpostuak txandakatuko dira.

e) Ikasleak kontingentzia posibleen aurrean erabaki autonomoak hartzea sustatu behar da, tutoreak eta enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzaileko arduradunak gainbegiratzen dutelarik.

f) Saihestu egin behar dira tituluaren konpetentzia orokorra eta haren konpetentzia profesionalak lortzeko orduan esanguratsuak ez diren lanak.

4. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren heziketa programak oinarri izanen du Lanbide Heziketako Departamentuak heziketa ziklo bakoitzerako prestatutako proiektu orokorra.

Arte eskolako Praktikaldiaren tutoreak enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzaileak izendatu duen arduradunari proposatuko dio Praktikaldiaren programazioa, egutegia eta ordutegia; bi aldeek adostuko dituzte gai horiek.

5. Enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzaileetan egindako Praktikaldia bat etorriko da lehen aipatutako heziketa programarekin. Arte eskolan egonen dira heziketa programa horiek, Lanbide Heziketako Zerbitzuaren eta Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzuaren eskura.

51. artikulua. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren jarraipena.

1. Adostutako datan hasiko da ikaslearen Praktikaldia, lankidetza hitzarmena sinatu ondoren eta heziketa programa adostu ondoren arte eskolaren eta enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzailearen artean.

2. Arte eskolako Praktikaldiaren tutoreak –enpresa, estudio edo lantegiko arduradunarekin batera– enpresarekin ez duela lan edo kontratu harremanik jakinaraziko dio ikasleari, eta bete egin behar dituela enpresa, estudio edo lantegiak bere langileentzako ezarritako arau orokorrak. Garrantzi berezia emanen zaio Praktikaldia eginen den ekoizpen edo zerbitzu mailako sektore profesional eta artistikoaren laneko segurtasun arauak errespetatzeari.

3. Enpresa, estudio edo lantegiak Praktikaldiaren jarraipena egiteko izendatutako pertsona arduratuko da ikasleak heziketa programa betetzeaz. Horretarako, hitzarmenean ezarritakoari jarraikiz, baliabideen arabera antolatuko du heziketa postua, ikasleen heziketa jarduerak koordinatu eta jarraipena eginen die, eta Praktikaldian zehar dituzten kontsultei erantzuen die.

4. Enpresa, estudio edo lantegiko arduradunak txosten bat egin beharko du Praktikaldia amaitzean, eta erreferentzia izanen da ikaslea ebaluatzeko. Txosten horren oinarri izanen dira heziketa programa eta jarraipen eta ebaluazio dokumentuak, eta ados etorriko dira foru agindu honen 7. eranskineko ereduko informazioarekin, gutxienez. Txosten hori ikaslearen espediente akademikoaren parte bihurtuko da.

5. Praktikaldiaren jarraipen, kontrol eta ebaluazio zuzena egiteko, beharrezkoa da tutoreak –enpresa, estudio edo lantegiko arduradunarekin batera– ikasle bakoitzaren heziketa programa definitzea.

Arte eskolako Praktikaldiaren tutoreak egutegi bat zehaztuko du Praktikaldiaren jarraipena egiteko. Egutegi horren barnean joanen da, oro har, enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzailera gutxienez bisita bat, eta aurreikusita egonen dira kontaktuak eta bisita gehiago egitea, enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia ongi gara dadin.

Praktikaldiaren jarraipen horretan baliabide telematikoak eta lankidetzakoak sustatuko dira kontaktuak egiteko, agiriak kudeatzeko eta praktikak tutorizatzeko.

Enpresa, estudio eta lantegietako bisitetan, elkarrizketak eginen dira arduradunarekin, heziketa programa betetzen dela egiaztatzeko, eta zuzenean behatu eta baloratuko dira ikasleen jarduerak.

6. Arte eskolako Praktikaldiaren tutoreak, Lanerako Prestakuntza eta Orientabideko irakasleen babesarekin, gutxienez tutoretza saio bat eginen dute ikasleekin arte eskolan, Praktikaldiak iraun bitartean. Tutoretza saio horren asmoa izanen da, batez ere, enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren garapena baloratzea.

7. Praktikaldia egiten duen bitartean, ikasleak eskura izanen du bere heziketa programa. Era berean, egunero egiten dituen jarduerak eta prestakuntza orduak jaso beharko ditu asteko parteetan, foru agindu honen 8. eta 9. eranskinetako ereduei jarraikiz.

8. Praktikaldiko tutoreak bere txostena eman ondoren, zikloko irakasle taldeak amaitutzat jo dezake ikasle baten Praktikaldia, iraungi egin bada berariazko lankidetza hitzarmenaren aplikazioa. Praktikaldia amaitzeak berekin dakar “Ez Gai” kalifikazioa.

9. Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentuko buruak urteko txosten-memoria bat egin eta arte eskolako zuzendariari igorriko dio, eskolako gobernu organoei aurkezteko.

Urteko txosten horretan agertuko dira, besteak beste, enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren alderdi hauek:

a) Enpresa, estudio eta lantegiekin izandako harremanak.

b) Zenbateraino bete den Praktikaldirako programatutakoa.

c) Ikasleen jarraipena.

d) Ebaluazioko emaitzak.

e) Gertatutako gorabeherak.

f) Hobetzeko proposamenak.

Urteko txosten-memoria horren datuak arte eskolaren urteko Memorian sartuko dira.

Arte eskolako zuzendaritzak txosten-memoria horren kopia bana bidaliko die Lanbide Heziketako Zerbitzuari eta Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzuari.

10. Arte eskolak urteko txosten bat egin behar du ikasle tituludunen eta beren laneratzearen datuekin. Ikasturte bakoitzean beren ikasketak amaitu dituzten heziketa zikloetako tituludunei buruzko txosten hori bidali behar zaio Lanbide Heziketako Zerbitzuari ikasturtea amaitu den urteko abenduaren 31 baino lehen.

52. artikulua. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren ebaluazioa.

1. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren helburuetako bat da titulurako ezarritako konpetentzia profesionala lortzea eta kontrastatzea. Beraz, Praktikaldi honetan zehar erabilitako ebaluazio teknikek eta tresnek posible egin behar dute ikasleek, benetako lan egoeretan, nahikoa konpetentzia lortu dutela egiaztatzea.

2. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren amaierako ebaluazioa eginen du Praktikaldiko tutoreak, eta horretan lagunduko dio enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzaileak ikaslearen prestakuntzari jarraipena egiteko izendatu duen arduradunak. Ebaluazio horren oinarri izanen dira Praktikaldian zehar arte eskolak izan duen tutorearen jarraipena, eta enpresa, estudio edo lantegiko prestakuntza arduradunak egindako txostena.

3. Txosten hori egiteko, enpresa, estudio edo lantegiak izendatu duen arduradunak erreferentzia moduan erabiliko ditu Praktikaldiko helburuak eta fase horretako heziketa programan definitutako ebaluazio irizpideak. Tituluaren konpetentzia orokorra eta konpetentzia profesionalak lortzeko egindako heziketa jarduerak baloratu behar dira txosten horretan.

4. Praktikaldia hainbat enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzailetan egin bada, haien txosten bana jasoko da. Halakoetan, Praktikaldia gainditzeko, aldeko balorazio orokorra lortu beharko da txosten guztietan.

5. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren kalifikazioa “Gai” edo “Ez Gai” izanen da. Ikasleak ez badu Praktikaldia gainditzen ohiko amaierako lehen deialdian, beste behin bakarrik errepikatzen ahalko du Praktikaldia.

6. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren amaierako ebaluazioa 2 deialditan egiten ahalko da, eta 2 deialdiak ikasturte berean biltzen ahalko dira, posible bada.

7. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikalditik salbuesteari eta salbuespena eskatzeko prozedurari dagokionez, foru agindu honen 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

53. artikulua. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia beste heziketa bide batzuetan eta proba libreen bidean, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari edo Goi Mailako Teknikari titulua lortzeko.

1. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen beste modalitate malgu batzuetan egiten denean (urrutikoa, online, lana-prestakuntza, singularra, erdipresentziala edo ezartzen den beste edozein), bai eta dualean ere, haien araudiei jarraituko zaie.

2. Era berean, enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia egiten denean Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari eta Goi Mailako Teknikari tituluak eskuratzeko proben bidez, haien araudiei jarraituko zaie.

54. artikulua. Atzerriko enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia.

1. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen heziketa zikloak egiten dituzten ikasleek beste herrialde batzuetako enpresa, estudio eta lantegietako egonaldien bidez egiten ahalko dute Praktikaldia, ofizialki aitortutako programa europarren bidez, edo herrialde horietako enpresa, estudio, lantegi edo erakundeekiko lankidetza hitzarmenen bidez.

2. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia atzerrian egitea sustatzen duten zentro edo organismoek Heziketa Akordio bat ezarriko dute ikasleak hartzen dituzten erakundeekin, proiektuko eragile guztiak barnean sartuz: arte eskola edo eskolak; harrerako enpresa, estudio edo lantegiak; ikasleak eta, balego, harrera herrialdeko bazkide koordinatzailea.

3. Halaber, zentro edo organismo sustatzaileek konpromiso hauek izanen dituzte, eta Heziketa Akordioan agertu edo hari erantsiko zaizkio:

a) Informazio eta hautapen prozesu bat egitea, konpetentzia profesionaletan nahiz alderdi akademiko eta pertsonaletan oinarriturik.

b) Parte hartzaile bakoitzari bere profil profesionalarekin lotutako enpresa bat esleitzea.

c) Heziketa programa bat egitea, foru agindu honen 50. artikuluan ezarritako ezaugarriekin.

d) Nazioarteko estaldura duen istripu eta erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzea.

e) Bidaietarako babes logistikoa, ostatua eta, beharra balego, parte hartzaileen hizkuntza eta kultura mailako prestakuntza.

4. Zentro edo organismo sustatzaileek agiri horiek, Heziketa Akordioa eta konpromisoak aurkeztu behar dizkiote Lanbide Heziketako Zerbitzuari, hasi aurretik baimena eman diezaion enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia atzerrian egiteari. Baimen hori gabe, ikasleek atzerriko enpresa, estudio eta lantegietan egindako jarduerak ez dira sartuko enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren barnean.

5. Parte hartzen duten ikasleek agiri bat sinatu beharko dute, harrerako enpresen eta herrialdeen jokabide kodeak eta arauak errespetatuko dituztela konprometituz.

6. Heziketa Akordioak dioena bete ez, edo aurreko atalean adierazitakoa errespetatzen ez duen ikasleari baliogabetu egiten ahalko zaio heziketa jardueran parte hartzea eta, ondorioz, “Ez Gai” kalifikazioa izanen luke enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldian. “Ez Gai” kalifikazioa jasoko dute, halaber, sustatzailearen baimenik gabe atzerriko Praktikaldia abandonatzen duten ikasleek. Kasu horietan dauden ikasleek beren gain hartu beharko dituzte atzerriko egonaldia antolatzeko sortutako kostu guztiak.

55. artikulua. Atzerriko enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren jarraipena.

1. Atzerriko enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren jarraipena egin ahal izateko, arte eskolak izendatu dituen Praktikaldiko tutoreek aldizkako harremanak izan behar dituzte ikasleekin. Horretarako, komunikazio sistema eraginkorrak adostu eta erabiliko dira, telefonoz edo telematikoki.

2. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia beste herrialde batean egiteak bere berezitasunak dituenez, eta arte eskolako tutoreak Praktikaldiaren jarraipen egokia egin ahal izateko, ikasleak lan prozedura honi jarraituko dio:

a) Asteko txostenak bete beharko ditu harrera herrialdeko laneko hizkuntzan, enpresa, estudio edo lantegiko arduradunak ikuskatu dezan. Txosten horiek –enpresak sinaturik eta zigilaturik– arte eskolan entregatuko dira parte hartzailea itzultzean.

b) Asteko txostenak egin beharko ditu, arte eskolako tutorearekin jarraipen telematikoa egiteko.

c) Hileko txosten bat egin beharko du telematikoki, proiektuko organismo sustatzailearentzat, ez bada ikastetxea bera.

56. artikulua. Atzerriko enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia ebaluatzeko neurriak.

Arte eskolako egutegian ezarritako ohiko saioetan ebaluatuko da Praktikaldi hori.

Asteroko jarraipen txostenetako balorazioez gain, dokumentazio hauek eduki beharko dira atzerriko Praktikaldia ebaluatzeko:

a) Lanpostura joan izanaren kontrola, enpresa, estudio edo lantegiko arduradunak ikuskatu duelarik.

b) Praktikaldiaren amaierako ebaluazioa, enpresa, estudio edo lantegiko arduradunak eginik. Ikasleak amaierako ebaluazio hori entregatu beharko die, sinaturik eta zigilaturik, arte eskolari eta proiektuaren sustatzaileari.

Atzerriko enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia egiten bada ofizialki aitortutako programa europarren bidez, ebaluazioaren arduradunek ziurtatuko dute ikasleek bete dituztela programa europar horiek arautu eta ikuskatzen dituzten organismoek eskatutako memoriak edo txostenak.

57. artikulua. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren beste alderdi batzuk.

1. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren programazioa, jarraipena eta ebaluazioak egiteko gastuak ordaintzeko kopuruak agertuko dira arte eskolaren urteko gastuen aurrekontuan.

2. Foru agindu honen 48. artikuluan ezarritakoa garatuz, eta sinatutako hitzarmenarekin bat, enpresa, estudio edo lantegiak informazioa emanen die langileen ordezkariei Praktikaldiaren programazioaz, haren garapeneko baldintzez, egutegiaz eta ordutegiaz, ikasle kopuruaz eta lanpostuaz.

Lehen xedapen gehigarria.–Tituluen baliokidetasunak.

Estatuko oinarrizko araudian ezarritakoarekin bat etorriko dira Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluen baliokidetasun sistemak, bai eta haien ondore profesional eta akademikoak ere.

Bigarren xedapen gehigarria.–Ebaluazio prozesua gainbegiratzea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio ebaluazio prozesuaz aholkatzea eta haren garapena gainbegiratzea, bai eta ebaluazio agiriak behar bezala betetzea eta zaintzea ere. Horretarako, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak balorazio eta azterketa bat eginen du foru agindu honetan ebaluazio prozesuari buruz ezarritakoaren betetze mailari buruz.

Honako foru agindu hau garatuko duen Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpenean zehaztuko da zein prozeduraren bitartez erregistratuko diren arte eskola bakoitzeko ziklo eta talde bakoitzaren laburpen estatistikoaren datuak, eta horiek oinarri hartuta baloratu eta aztertuko dira ikasleen ebaluazioko emaitzak. Foru agindu hau garatuko duen Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpenean ezarritako ehunekoaren azpiko gainditze tasa duten lanbide moduluetan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak dagokion berrikuspena eginen du. Horretarako, eragindako alderdi guztiei entzun eta gero, gaiari buruzko txosten bat emanen du, horren gaineko erantzukizun zuzena hartuz. Txosten hori oinarri hartuta, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Lanbide Heziketako Zerbitzuak bat hartuta emanen dute gomendioen txosten bat, eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari helaraziko zaio.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Ikasleen datu pertsonalak.

Ikasleen datu pertsonalak eskuratzeari edo datu horiek ikastetxeen artean lagatzeari eta datu horien segurtasunari eta konfidentzialtasunari dagokionez, datu pertsonalei buruz indarrean dagoen legerian ezarritakoari jarraituko zaio eta, nolanahi ere, maiatzaren 3ko Hezkuntzari buruzko 2/2006 Legearen 23. xedapen gehigarrian ezarritakoari.

Laugarren xedapen gehigarria.–Ebaluazio agiriak elektronikoki betetzea.

Arte eskolek foru agindu honetan jasotako ebaluazio agiri ofizialen atal guztiak bete beharko dituzte elektronikoki, bai ebaluazio partzialetakoak bai amaierakoak, Educa kudeaketa sistemaren bidez edo datuak euskarri bateragarri batean jasotzen uzten duen beste aplikazio baten bidez, Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak xede horretarako ezarritako datetan.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Berezitasunak.

Ikasleen ebaluazioari, mailaz igotzeari eta titulazioari buruz foru arau honetan jaso ez den eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez garatzen ez den berezitasun oro elkarrekin ebatziko dute Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Lanbide Heziketako Zerbitzuak.

Seigarren xedapen gehigarria.–Bizikidetza araudia egokitzea.

Arte eskolek foru arau honetan ezarritakora egokitu beharko dituzte beren bizikidetza araudiak, ikasleen bertaratzeari dagokionez.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Educa kudeaketa sistema.

Hezkuntza Departamentuak Educa kudeaketa sistema garatuko du, foru agindu honetan xedatutakoa aplikatze aldera.

Lehenengo xedapen iragankorra.–Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorra ezarri duen urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren ondoriozko Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako tituluen trantsizio prozesuko ebaluazioa.

Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren ondoriozko Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Teknikari tituluei dagozkien ikasketen ebaluazioak foru agindu honetan xedatutakoari jarraituko dio.

Aurreko paragrafoan aipatu diren eta eguneratu edo beste batzuek ordeztu gabe iraungi diren ikasketak amaitu ez dituzten ikasleek epe bat izanen dute, gehienez 5 urtekoa –ikasketa horiek eskainitako azken ikasturtea hasten denetik zenbatuta–, modulu bakoitzeko deialdiak gainditzeko.

Aurreko paragrafoan aipatu diren titulazioak eman dituzten ikastetxeen ardura izanen da eragindako pertsonei ikasketa horiek amaitzen laguntzeko prozesuak antolatzea, Hezkuntza Departamentuaren jarraibideekin bat.

Bigarren xedapen iragankorra.–Hezkuntza sistemaren antolamendu orokorra ezarri duen urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren arabera ezarritako heziketa zikloen amaierako kalifikazioa.

Honako hau izanen da heziketa zikloaren amaierako kalifikazioa: lanbide moduluetan eta Amaierako Obran (erdi mailako heziketa zikloetan), edo lanbide moduluetan eta Amaierako Proiektuan (goi mailako heziketa zikloetan) lortutako batez besteko nota haztatuen batez besteko aritmetikoa, 2 dezimalekin.

Batez besteko nota haztatua honela lortuko da: modulu baten edo Amaierako Obraren edo Amaierako Proiektuaren ordu kopurua bider haietan lortutako amaierako kalifikazioa, zati heziketa moduluen eta Amaierako Obraren edo Amaierako Proiektuaren ordu kopuruaren batura.

Heziketa zikloaren amaierako kalifikazioa kalkulatzeko orduan konputatzen duten eta ez duten moduluei dagokionez, foru agindu honen 17. artikuluari jarraituko zaio.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako beste heziketa bide batzuen ebaluazioa, eta irakaskuntza horien tituluak lortzeko bideak.

Garatzen ez den bitartean Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionalen modalitate desberdinak ebaluatzeko berariazko araudia, bai eta irakaskuntza horien tituluak lortzeko proben bideari buruzko araudia ere, foru agindu honetan ezarritakoaren arabera eginen da ebaluazioa, modalitate guztietan eta tituluak lortzeko proba guztietan, Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.

Laugarren xedapen iragankorra.–Amaierako Obraren eta Amaierako Proiektuaren garapena eta ebaluazioa erdi mailako eta goi mailako zikloetan, hezkuntza sistemaren antolamendu orokorra (LOGSE) ezartzen duen urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren arabera ezarriak.

Hezkuntza sistemaren antolamendu orokorrari buruzko (LOGSE) urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren arabera ezarritako erdi mailako eta goi mailako zikloetako Amaierako Obraren eta Amaierako Proiektuaren garapena eta ebaluazioa eginen da Amaierako Obra eta Proiektu Integratu moduluetarako ezarri denaren arabera.

Erdi mailako zikloetako Amaierako Obra eta goi mailako zikloetako Amaierako Proiektua 0tik 10era kalifikatuko dira, dezimalik gabe, zikloa osatzen duten lanbide moduluetan bezala.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egin da 109/2011 Foru Agindua, uztailaren 12koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ziurtapen akademikoa arautzen dituena.

Partzialki indargabetu da, Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako zikloak ebaluatzeari dagokionez, Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 18ko 86/2014 Foru Agindua, zeinak aldatu zuen apirilaren 8ko 52/2009 Foru Agindua –Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ziurtapen akademikoa arautu zituena–, bai eta uztailaren 12ko 109/2011 Foru Agindua ere, Nafarroako Foru Komunitateko Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ziurtapen akademikoa arautu zituena.

Indargabetu egin dira, halaber, foru agindu honetan xedatutakoaren kontra doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Garapena.

Lanbide Heziketako zuzendari nagusiari baimena ematen zaio behar adina jarduketa egiteko, foru agindu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko.

Azken xedapenetatik bigarrena.–Foru agindua indarrean sartzea eta aplikatzea.

Honako foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean, eta aplikagarria izanen da 2019-2020 ikasturtetik aurrera, ikasturte hori barne.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 20an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINAK

1. eranskina.–Espediente akademikoaren eredua.

2. eranskina.–Ziurtagiri akademiko ofizialaren eredua.

3. eranskina.–Amaierako ebaluazioaren akta ereduak:

  • 3A.–Lehen maila. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldirik gabeko mailak.
  • 3B.–Bigarren maila. Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldia duen maila.

4. eranskina.–Banakako ebaluazio txostenaren eredua.

5. eranskina.–Ziurtagiri akademiko partzialaren eredua.

6. eranskina.–Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiaren heziketa programa (Ebaluazio helburuak eta irizpideak).

7. eranskina.–Enpresa, estudio edo lantegiaren ebaluazio txostena.

8. eranskina.–Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldiko jardueren asteko partea.

9. eranskina.–Enpresa, estudio eta lantegietako Praktikaldian egindako praktika orduak.

Deskargatzeko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1911164