180. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

199E/2019 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ematen baita ingurumen ukipenetarako baimena “Bird Watching. Nafarroako Mendialdea eta Erribera” izeneko proiekturako, Azagrako, Martzillako, Tuterako eta Buñuelgo udal-mugarteetan. Sustatzailea EDER Partzuergoa da.

2019ko maiatzaren 13an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko E epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Hona hemen planteatutako lau eremuetan proiektatu diren jarduketak:

1. “Paraje de los Forcos” (Azagra):

–Sarbidea seinaleztatzea ibilgailuentzako aparkalekuraino.

–Informazio panela eta segurtasun uhinbikoa aparkalekuan.

–Segurtasun baranda eta pasaera galaraztekoa, zuhaixka autoktonoekin egina.

–Pasabide barandaduna behatoki-dorrearen aurreko azken 10 metroetan.

–3 m-ko dorrea, aurrefabrikatutako zurezko etxolarekin eta barruan informazio panelarekin.

2. “Soto de los Tetones” (Tutera):

–Sarbidea seinaleztatzea ibilgailuentzako aparkalekuraino.

–Informazio panela eta segurtasun uhinbikoa ibilgailuentzako aparkalekuan.

–Bidea moldatzea behaketa etxolaraino.

–Zurezko aparkalekua bizikletentzat.

–Zurezko bistaratze etxola, barruan informazio panelarekin eta kanpoan koltzazko oholesiarekin.

3. “Soto de Buñuel” (Buñuel):

–Sarbidea seinaleztatzea ibilgailuentzako aparkalekuraino.

–Informazio panela instalatzea eta bizikletentzako aparkalekua jartzea ibilgailuentzako aparkalekuan.

–Zurezko bistaratze etxola, barruan informazio panelarekin.

Proiektatzen da zurezkoak izatea seinaleztatze guztiak, barandak, pasabideak eta behatokiak.

Espedientean Buñuelgo, Azagrako eta Tuterako udalen aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak ere aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Bird Watching. Nafarroako Mendialdea eta Erribera” izeneko proiekturako, Azagrako, Tuterako eta Buñuelgo udal-mugarteetan. Sustatzailea EDER Partzuergoa da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Lanak hasi aurretik, argi mugatuko dira tokian bertan lanerako kaleak eta materialak pilatzeko gunea.
  • Lur naturalean egin beharreko hondeatze lanetan, landare lurra kenduko da, eta lur hori gainerako hondeaketa lurretatik bereizita pilatu beharko da.
  • Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Ukitutako azalera guztiak aurrez kendutako landare lurrarekin estaliko dira. Bertako belar hazi nahastuez ereinen dira azalera horiek.
  • Obrak egin bitartean beharrezkoa bada zuhaitzak kentzea, Basozaintzarekin harremanetan jarri beharko da, Tuterako Koordinazio Unitatearekin zehazki, jarduketak Tuteran eta Buñuelen badira (gmatudela@navarra.es; tel.: 609 90 49 57), eta jarduketak Azagran badira, berriz, Lizarrako 2. Koordinazio Unitatearekin, eta dagokion baimena eskatu beharko zaio, bat etorriz Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatua) eta hura garatzen duen erregelamenduan zehaztutakoarekin.
  • “Soto de Buñuel” (Buñuel): Obrak hasi baino 48 ordu lehenago gutxienez, Basozaintzari abisatuko zaio (Tuterako Koordinazio Unitatea) aurretiazko zuinketa egiteko. Behaketa etxolaren azken kokapen zehatzak ahalik eta gutxien ukituko die zuhaitz espezie autoktonoei.
  • Edonola ere, “Soto de Buñuel” deritzon parajerako emandako baimena da pistan zurezko etxola bat jartzeko, aurrefabrikatua, gainazaleko zimenduak izanen dituena.
  • Bete beharko dira Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak eta Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalak emandako txostenetan ezarritako baldintzak, zeinak ebazpen honi atxikita baitaude.
  • “Soto de los Tetones” (Tutera): Ukipenik egin ez dakien hegaztiei eta altxonbideari, eta Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak eta Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalak emandako txostenak betetze aldera, etxolaren kokapena aldatu beharko da, gutxi gorabehera puntu honetan: X: 615.644; Y: 4.661.491 (ETRS 89, 30N eremua). Beste kokapen bat aukeratu beharko balitz, Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoarekin adostu behar da aurrez.

–Hirigintza arlokoak:

  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari:
  • Bat etorriz Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalaren 2019ko abuztuaren 5eko txostenarekin, eta kontuan hartuta, batetik, Buñuelgo behaketa etxolaren kokapenak uholde-arrisku baxua duela, eta bestetik, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak baduela Buñuelen uholdeen aurkako alerta sistema bat 3 ordutik gorako erantzuna duena, zeinak aukera ematen baitu ebakuazioa egiteko urak gainezka egin aurretik, eta, azkenik, haren erabilera lotuta dagoela ibai eremu batean egiten den aisialdiarekin, zilegi da instalazioa baimentzea; hala ere, sustatzaileari gomendatzen zaio etxola igotzea bidearen gainetik, uholdeak izanez gero kalterik ez izateko.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Herri-lurren Atalak 2019ko uztailaren 18an emandako txostenarekin bat:
  • Baldin eta gaur egungo titularraren izenean mantentzen badira herri-lurren gainean kokatutako azpiegituren (etxolaren eta aparkalekuaren) administrazioa, aprobetxamendu araubidea eta/edo antolaketa, hau da, dena delako toki entitatearen izenean, ez da beharrezkoa izanen ukitutako herri ondasunei buruzko inongo espedienterik tramitatzea Herri-lurren Atalaren bitartez.
  • Baldin eta instalazioa egin aurretik hirugarren baten izenean jartzen badira herri-lurren gainean kokatutako azpiegituren (etxolaren eta aparkalekuaren) administrazioa, aprobetxamendu araubidea eta/edo antolaketa, hau da, Nafarroako Erriberaren Garapen Estrategietarako Partzuergoaren izenean (EDER Partzuergoa), EDER Partzuergoak tramitatu eta lortu beharko du, dena delako toki entitatearen bitartez, ukitutako herri ondasunak okupatzeko onespena, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan xedatuarekin.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalera, Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalera, Azagrako, Tuterako eta Buñuelgo udaletara, Basozaintzara (Tuterako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 28an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1911387