180. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Ordenantza, Ordezko betearazpenen, betearazpen subsidiarioko aginduen eta betearazteko aginduen tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2019ko martxoaren 13an egin osoko bilkuran, Ordezko betearazpenen, betearazpen subsidiarioko aginduen eta betearazteko aginduen tasak arautzen dituen ordenantza onetsi zuen.

Aipatu onespena 2019ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 6an. Jendaurreko epean ez zen alegaziorik egin eta, hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Muetzen, 2019ko abuztuaren 1ean.–Alkatea, Pedro José Soto Eguren.

ORDEZKO BETEARAZPENEN ETA BETEARAZTEKO AGINDUEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. 1. Zerga-egitatea honako kasu hauetan zerbitzu egitea edo laguntza ematea da:

a) Ibilgailuak, zaborrak eta obra-hondakinak kentzea eta garbitzea, baldin eta lur edo lokalen jabeek, okupatzaileek –edo pilaketaren arduradunek– kentzeko agindua bete nahi ez edo horren aurka egiten badute.

b) Betearazteko aginduak, eraispenak, konponketak, urbanizazio pribatuen betearazpenak, kolektoreen garbiketa, eta orokorki Udalaren ordenantza nahiz erabakiak betetzeko ordezko betearazpenen eginbideak.

2. Interesdunek berek eragiten dituzten zerbitzuek, edo bereziki haien mesederako diren horiek, baita ondasunak berreskuratzeko presagatik edo ordena publikoa, segurtasuna, osasungarritasuna edo higienea direla medio eman beharrekoak direnek ere, ordainarazpena sortzea ekarriko dute, nahiz eta zerbitzua ez izan interesdunek eskatua.

3. artikulua. Udalak zilegi izanen du, nolanahi ere, enpresa pribatu bat kontratatzea ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak emateko. Presako kasuetan, eta kontratazio arautegiak agintzen duenaren arabera, udal zerbitzuek zilegi izanen dute zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari fakultatiboen eta beste bitarteko partikular batzuen zerbitzuak. Gero horren berri eman beharko diote Alkatetzari edo, hala badagokio, Udalbatzari.

Tasaren sortzapena

4. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da zerbitzua egiten den momentu berean, eta zilegi da konturako nahiz zatikako likidazioak ordaintzeko eskatzea.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Modu solidarioan ordaintzera behartuta daude legez erantzule diren pertsona natural nahiz juridikoak; hurrengook, alegia:

a) Ondasunen jabeak edo zerbitzua eragin duten egintzen erantzuleak, baita zerbitzua ematearekin onura partikularrak jasotzen dituzten horiek ere.

b) Halakorik bada, errentariak edo erabiltzaileak, edozein titulu dela bide.

c) Espresuki egindako betearazteko erabaki edo agindu baten ondorioz erantzule direnak.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarri:

a) Betearazteko agindua: eginkizun dagoen obrari egin behar zaion baloraziotik helduko dena.

b) Ordezko betearazpena: egin den betearazpenaren kostu osotik heldu dena.

Karga-tasa

7. artikulua. a) Betearazteko agindua: karga-tasa izanen da eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergarako ezarritako karga-tasa gehi hirigintzako lizentzien tasetarako ezarritakoa (izan ere, betearazpen aginduak ez daude lizentziei loturik, eta, hortaz, ez dute EIOZa pagatzen).

b) Ordezko betearazpena: gastuak guztira zein diren jakinda, haien gainean %125 aplikatuko da kuota ezartzeko.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Obren kasuan, Udalak zilegi izanen du kautelazko likidazioak aldez aurretik egitea, tasen zenbateko zenbatetsien adinakoak. Ordainarazpena eta bilketa ordenantza fiskal orokorrean jasotako moduan eginen dira. Obrak bukatu ondoren, tasak likidatuko dira eta ondoriozko soberakinak itzuli edo eskatuko dira.

Zilegi izanen da kautelazko likidazio horiek erantzuleen artean zatitu edo banatzea edo, erabiltzaile nahiz errentari gisa, borondatez kostuaren zati proportzional bat beren gain hartu nahi dutenen artean.

Arau-hausteak eta zehapenak

9. artikulua. Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa gora-behera, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen ahal den espediente zehatzailetik sor daitezkeen zehapenen aurrean, hori guztia Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorioak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: L1910318