180. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

198E/2019 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ematen baita ingurumen ukipenetarako baimena gas naturaleko sarea industrialdean eta Lekunberriko herrigunean ENE baten bidez lotzeko proiekturako, Lekunberriko udal-mugartean. Sustatzailea Nedgia Navarra SA da.

2019ko ekainaren 10ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketak helburu du gas naturaleko zerbitzua ematea Lekunberriko industrialdeari eta herriguneari. Horretarako, lotunea eginen da MOP 16 bar-eko hornidura-antenarekin, eta azkenik, lotunea eginen da Lekunberriko industrialdeko eta herriguneko gas naturaleko banaketa-sarearekin (MOP 4 bar); presio aldaketa hori erregulazio eta neurketarako estazioaren bidez eginen da. Trazaduraren eta instalazioen parte bat hiri lurzoruan dago kokatua, eta beste parte bat, berriz, lurzoru urbanizaezinean. Ebazpen honetan jasotzen den lurzoru urbanizaezinari dagokion hornidura zatia aurrez baden bide batetik igarotzen da, 325 metroan.

Espedientean jasota dago Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak eta Lekunberriko Udalak emandako txostena. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena eman du, zenbait baldintza jarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea gas naturaleko sarea industrialdean eta Lekunberriko herrigunean lotzeko proiekturako, erregulazio eta neurketarako estazio bat instalatuta. Sustatzailea Nedgia Navarra SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Lanak hasi aurretik, argi mugatuko da tokian bertan hargunearen trazadura.
  • Ez dira ukituko bidearen bi aldeetako zuhaitzak. Beharrezkoa bada zuhaitzen bat zer edo zertan ukitzea, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren baimena behar da.
  • Hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira bakoitzaren izaeraren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.
  • Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan, bai eta ondoko lurretan ere. Ukitutako eremu guztiak lehengoratuko dira, eta bidea nahiz ingurua aurrez zeuden bezala utzi behar dira.
  • Sustatzaileak obrak hasi aurretik horren berri emanen dio Sakana-Mendialdea barrutiko Basozaintzari, aurrerapen nahikoaz, edo obretan izaten den edozein ingurumen gorabeheraren berri ere, mezu elektroniko bat bidalita Sakana-Mendialdea barrutiari (gmasakana@navarra.es) edo dei bat eginda 679996810 telefono zenbakira.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek soilik hartzen du lurzoru urbanizaezinean kokatutako azpiegituraren zatia, eta aurrez baimena lortu beharko du gaur egun tramitatzen ari den gasbidearen proiektuak, zeina Arakilgo udal-mugartetik Lekunberriko udal-mugartera baitoa eta sarea gasbide horrekin lotzea aurreikusten baita. Proiektuaren sustatzailea Nedgia Navarra da.
  • Gasbidearen trazadurak hartzen duen bide publikoan, aurretik zeuden baldintzak berreskuratu behar dira eta lur berdinketa eta lehengoratzea bermatuko dira, eta kontuan izanen da hodiarekin lotutako lurraren sestraren gainean elementuak egonez gero, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dutela bide publikoaren kanpoko ertzetik.
  • Jarduketak ezinbestean bete beharko ditu ingurumen organoak ezartzen dituen neurri eta baldintzak ibilguaren ondoko ibai eremua ukitzeari dagokionez.
  • Uholde arriskuari dagokionez, igortzen dira Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalaren 2019ko abuztuaren 1eko txostenean jasotako oharrak. Txostena atxikita dago.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.
  • Obrak egitean, ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola lehenbailehen, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, kontuan hartzen da Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimenean ezarritakoa, uren arloan indarrean dagoen legediarekin bat.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak automatikoki bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Lekunberriko Udalari, Basozaintzari (Sakana-Mendialdea barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 28an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1911386