180. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

949/2019 EBAZPENA, irailaren 5ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Ebazpen honek indarrik gabe uzten du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen 148/2019 Ebazpena, otsailaren 26koa, 2019ko irailaren 13rako deitutako greba dela-eta erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuak bermatu eta haiek artatzeko zenbat langile behar diren zehazten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 26ko 148/2019 Ebazpenaren bidez, 2019ko martxoaren 1 eta 29rako, apirilaren 12rako, maiatzaren 10erako eta irailaren 13rako deitutako greba dela eta, erakunde autonomo honen gutxieneko zerbitzu funtsezkoen funtzionamendua bermatu eta haiek artatzeko zenbat langile behar diren zehaztu zen.

Gaur ikusi da beharrezkoa dela gutxieneko zerbitzuen justifikazio handiagoa ematea ebazpen horretan ematen zena baino, aipatu egunetako grebari dagokionez. Horregatik, bidezkoa da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 26ko 148/2019 Ebazpena indarrik gabe uztea, eta beste ebazpen bat ematea aurtengo irailaren 13an egin behar den greba deialdirako.

Sindicato Médico de Navarrak (SMN) greba egiteko deialdia egin du. Greba horrek eragina izanen du osasun langile fakultatiboek egiten dituzten lan-kontratudun nahiz funtzionario moduan egiten dituzten jarduera guztietan, baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan prestakuntzan ari diren langileek egiten dituztenetan ere. Greba 2019ko irailaren 13an izanen da, 00:00etatik 24:00etara.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, herritarrendako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatutako eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai eta konstituzionalak ere.

Grebarako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen funtsezko eskubideei eragiten dietelako, hala nola herritarren bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.

Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezkotzat hartzen dira, eta, hortaz, beharrezkoa da zerbitzu horiek betetzea, deitutako grebak dirauen bitartean.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hauxe du xedea: 2019ko irailaren 13rako deitutako greba dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen gutxieneko zerbitzu funtsezkoak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzak greba batzordean dagozkien jarduketak eginik, eta hari aditu ondoan, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak ezartzea.

Greba batzordeak alegazioak aurkeztu zituen larrialdikoak ez diren pazienteei buruz. Batzordearen ustez, paziente horien hitzordua bertan behera utzi behar da, eta beste egun batzuetara pasa, agendan tokia dagoenean. Alegazio horrek ez du zerikusirik gutxieneko zerbitzuak finkatzearekin. Aitzitik, greba egunaren garapenari buruzkoa da, grebarik ez egitea eta lanera joatea libreki erabakitzen duten langileen kasuan. Hartara, ezin da onartu.

Prestakuntzan dauden langileak gutxienezko zerbitzuetan sartzeari dagokionez (edo ez), Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak apirilaren 15ean emandako 104/2019 epaiari eta Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak 2019ko uztailaren 10eko 191/2019 epaiari errekurtsoa jarri zaie; beraz, barneko langile egoiliarrak gutxieneko zerbitzuetan sartzeari eutsiko zaio.

Horregatik, ezarri behar diren funtsezko gutxieneko zerbitzuei buruz galdetu zaie Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barnean gutxieneko zerbitzuak ezarri behar dituzten kudeatzailetzei eta zuzendaritza asistentzialei.

Hori horrela, orain arte ezarritako gutxieneko zerbitzuak egokitzat jo dira, eta haiek ezartzeko orduan jarraitu den irizpidea bat dator greba eskubidea mugatzeari buruzko erabaki jurisprudentzialekin, osasunerako eta bizitzeko eskubidea tartean daudenean. Era horretan betetzen da proportzionaltasuna, batetik funtsezko zerbitzu horien erabiltzaileen edo hartzaileen sakrifizioak, eta bestetik greba egin nahi dutenei ezartzen zaizkienak, greba egin nahiari egindako kalteak ez baitu gainditu behar sen onak agintzen duena.

Aipatutako epaiek dioten gisara, kontuan hartu da grebak lurraldez nahiz jendez duen hedadura, bai eta grebak ukitzen dituen eta Konstituzioak babesten dituen eskubideak edo ondasunak ere. Beraz, dauden langileak aintzat harturik, ezarri dira biztanleriarendako funtsezko osasun prestazio gutxienekoak segurtatzeko behar direnak.

Greba zenbat luzatuko den eta orain arte eta 2019ko urtarrilaren 30etik egin izan diren deialdi guztiak ere aintzat hartu beharrekoak dira.

Arlo bakoitzak egindako oharrak ikusirik, orain arte ezarritako funtsezko gutxieneko zerbitzuak beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo dira, eta arlo bakoitzak honela justifikatu du haiek ezartzea:

1.–Nafarroako Ospitalegunea:

Ospitaleratzean, ahalmen logistikoaren %100 bermatu behar da. Izan ere, diagnostikatzeko eta tratatzeko ospitaleratuta dauden paziente horien bizia arriskuan jar liteke prozesuen atzerapenarengatik, eta bermatu egin behar da haien artatzearen jarraipena, zaintza eta segurtasuna. Pazienteei altak emateko ahalmena ere eduki behar da, ospitaleko osasun arreta ez kolapsatzeko.

Lan-kargari dagokionez antzekoa den egun bat hartuz, adibidez aurten greba eguna izandako apirilaren 12an, Nafarroako Ospitaleguneko 1054 oheetatik 922 (%87,5) zeuden okupatuta egun horretan. A ospitalea (Nafarroako Ospitalea zena) zegoen beteen, %91,2.

Kontuan hartu dira arretan eta tratamenduan eten ezin diren zerbitzu bereziak ere, hala nola hemodialisia, eguneko ospitaleak (onkologia, hematologia, minaren unitatea), erradioterapia (simulazioa eta plangintza), osasun mentala, transplanteen koordinazioa.

Bestalde, aintzat hartu dira diagnostiko onkologikoei lotutako ebakuntza kirurgikoen gutxieneko zerbitzuak, eta pazienteen tratamenduan eta segurtasun klinikoan eragin handia duten jarduerak. Kasu horretan, Nafarroako Ospitalegunearen ustez, gutxienekoen ebazpenean aipatu ohi den eta onartuko den ebazpenean hain segur ezarriko den %60 hori gutxiegi da paziente guztiei arreta eman ahal izateko. Izan ere, edozein ostiraletan 37 kirurgia-saio daude zabalik, pazienteak gehiago edo gutxiago izaten dira ebakuntzaren konplexutasunaren arabera, baina 125etik 140 bitartean izaten dira. Nolanahi ere, eta kontuan hartuz greba eskubidea murrizteari buruz lehen aipatutako erabaki jurisprudentzialak, oraingo honetan ez da ehuneko hori handituko, eta baliteke sortzen diren egoeren arabera hartzea hurrengo greba deialdiei buruzko erabakiak.

Kontsulten jarduera %60an ezartzearen arrazoia da prozesu kliniko baten zain dauden baloratu eta diagnostikatu gabeko pazienteek okerrera ez egitea.

Erreferentzia gisa apirilaren 12a hartuz, Nafarroako Ospitalegunean 2.576 lagun hartu ziren kontsulta lehenetsietan nahiz arruntetan, gutxienez 5 paziente (Barne Medikuntza) eta gehienez 24 (Helduen Traumatologia). Hori horrela, eta gutxi gorabehera, gutxieneko zerbitzuetako 134 fakultatibok 11na paziente hartuta, ohiko programazioaren %60 har liteke (2.576tik 1.545).

Era berean, beharrezkotzat jo da:

–20. asteko amniozentesia eta ekografiak ziurtatzea.

–Arreta ematea larrialdiei, zaintza kritikoetan eta berezietan ospitaleratuta dauden pazienteei, edo erditzeetan eta horien parekoetan.

–Ospitale-farmaziari dagokionez, tratamendua ziurtatuko zaie paziente ospitaleratuei eta onkologikoei.

–Nafarroako Odol eta Ehun Bankuan hemoderibatuen erauzketa ziurtatuko da, gaitasun logistikoaren %60 arte.

2.–Oinarrizko Osasun Laguntza:

Eguneroko eskariaren araberako arreta ematen da, eta (goizez) Oinarrizko Osasun Eskualde bakoitzeko larrialdiak artatzen dira; mediku bakoitzak 1.500 paziente eta pediatra bakoitzak 1.100 haur inguru ditu, eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Talde bakoitzak profesionalak eduki behar ditu goizeko larrialdiei erantzuteko, eta larrialdia ez izan arren atzeratu ezin den laguntza emateko, bai eta paziente kronikoak artatzeko eta etxez etxeko beharrezko bisitak egiteko ere. Oro har, Oinarrizko Osasun Eskualde bakoitzean, eta ordutegi guztirako, goizeko nahiz arratsaldeko txanda bakoitzean, familia-mediku bat eta pediatra bat egonen dira 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko.

Etengabeko arretako ordutegiari dagokionez, gutxieneko zerbitzuek langile guztiei eraginen diete, etengabeko arreta eta larrialdietako arreta bermatzeko. Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzari dagokionez, 465.000 pertsona artatu behar dira, horietatik 324.000 Iruñerrian eta Tafallaldean, eta 141.000 pertsona Nafarroa osoko 21 Etengabeko Arreta Guneetan (4tan medikuntzaren bi profesionalekin, eta 17tan bakarrarekin). 50 profesional inguru behar dira.

San Frantzisko Xabierkoa zentroaren medikuntza-arretak profesional bakarra du eta lan egin beharra dauka, egoitza estaldurarik gabe ez uzteko.

Azkenik, Aho-hortzeetako Osasunean 9 odontologo daude eta, arestiko irizpideari eutsiz, 2 odontologo egonen dira gutxieneko zerbitzuetan, bat arreta orokorrerako eta bestea PADIrako.

3.–Osasun Mentala:

Greba egunetan mediku 1 egon beharko luke Errehabilitazio Unitatean, Egonaldi Ertaineko Unitatean 2, eta Egonaldi Luzeko Unitatean 1.

Aldian behingo zerbitzuei dagokienez (Osasun Mentaleko Sareko eguneko ospitaleak) Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak zehaztu du osasun mentalaren arloko eguneko ospitaleratzea tratamendu intentsiboa dela, ospitaleratzearen ordezkoa, eta pazienteen egoera klinikoa subakutua dela eta, beraz, ziurtatu egin behar direla arreta eta tratamendua.

Osasun Mentaleko Zentroetako kontsultetan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, haietako bakoitzean lehen kontsultak zenbat diren aztertu da, eta horiek zer ehuneko egiten duten kontsulta guztiekin. Zentro bakoitzeko lehen kontsultak eta larrialdietakoak bermatu beharko liratekeela uste da.

Zentro bakoitzak bere gaitasun logistikoa behar du, plantillaren arabera eta lehen kontsultetarako behar duen lanaldiaren ehunekoaren arabera. Batez bestekoa plantillaren %40 da, gehienez.

4.–Lizarrako Osasun Barrutia:

Lizarrako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza eta García Orcoyen Ospitalea daude.

Oinarrizko Osasun Laguntzak eta Nafarroako Ospitaleguneak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio arlo honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan dela ospitaleko jardueran.

Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen Ebazpeneko jarraibideak bete dira. Bere txostenean ageri da gutxienez zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunean.

5.–Tuterako Osasun Barrutia:

Tuterako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza eta Reina Sofía Ospitalea daude.

Oinarrizko Osasun Laguntzak eta Nafarroako Ospitaleguneak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio arlo honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan dela ospitaleko jardueran.

Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen Ebazpeneko jarraibideak bete dira. Bere txostenean ageri da gutxienez zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunean.

Arreta lehenetsia, paziente ospitaleratua eta gaitasun logistikoaren %60 bermatu nahi dira (Ebazpeneko E apartatua), eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, zenbaitetan txandako langile guztiek osatzen dituzte gutxienekoak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke eta, hortaz, ez da aski ezarri den prestazio gutxienekoa ziurtatzeko.

6.–MIR langileak gutxieneko zerbitzuetarako izendatzea:

Apirilaren 15eko 104/2019 epaiak dioenez, aurkaratutako ebazpena ez dago arrazoiturik. Hori horrela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ustez, bada aski arrazoi funtsezko gutxieneko zerbitzuak MIR langileei ezartzeko, betiere haien estatutua eta funtzioak errespetatuz, eta beste mediku batzuen begiradapean, horixe baita langile hauen ezaugarrietako bat.

Orobat, arlo bakoitzari bere iritzia ere eskatu zaio, arretari dagokionez. Hortik ikusi denez:

Zentroko profesional espezialistak eta MIR langileak edozein egunetako etengabeko arretan aritzen dira. Nafarroako Ospitalegunearen ustez, funtzionamendu hori oso errotuta dago gure zentroetan, eta arreta segurua eta kalitatezkoa eskaintzeko aukera ematen du. Haien ustez, greba egunean ere funtsezkoa da etengabeko arreta ona izatea, eta antolaketa berdinari eutsi behar zaio, aldatuz gero nahi gabeko disfuntzioak sor daitezkeelako larrialdi batean.

MIR langileak lan-kontratudunak dira, eta hori ez da arrazoia gutxieneko zerbitzurik ez egiteko, guardia medikoak egitea oso garrantzitsua baita prestakuntzaren ikuspegitik. Hain zuzen ere, beren prestakuntza programetan ageri da gutxienez zenbat guardia egin behar dituzten, Nafarroako Ospitaleguneak ere dioen gisan.

MIRrek egin beharreko etengabeko arretaren gutxieneko zerbitzu hori ez da beren ohiko jarduna ez bezalakoa. Ez da beren jarduna areagotzen ospitaleko espezialistak ordezkatzeko. Espezialisten eta MIRren arteko harremana ez da aldatzen.

Hala, MIR langileak funtsezkoak dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan gutxieneko zerbitzuak egiteko, eta haien prestakuntza premia ez da aitzakia, betiere beren estatutua eta funtzioak errespetatuz.

Zentro bakoitzak gutxi gorabehera justifikatu du gutxieneko zerbitzuak betetzeko zenbat MIR langile behar dituen, aurreko grebaldietan ikasitakotik:

Nafarroako Ospitalegunean, etengabeko arretarako baizik ez dira ezarri MIRrendako gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Ospitalegunean etengabeko arretan ari dira familiako 62 MIR, eta ospitale mailako espezialitateetako 241 egoiliar. Egun bateko grebako gutxienekoak eragiten die familiako 13 MIRri (%21) eta ospitale mailako espezialitateetako 37 egoiliarri (%15,4). Etengabeko arretan sartzen dira Larrialdi Orokorrak, Larrialdi Pediatrikoak eta Larrialdi Obstetrikoak eta Ginekologikoak, bai eta larrialdiko arreta ere zerbitzu hauetan: Analisi Klinikoak, Anatomia Patologikoa, Anestesiologia, Kardiologia, Kirurgia Orokorra, Aurpegi-masailezurretako Kirurgia, Kirurgia Pediatrikoa, Kirurgia Plastikoa, Digestiboa, Farmazia, Hematologia, Medikuntza Intentsiboa, Barne Medikuntza (Ospitaleratzea), Mikrobiologia, Neurokirurgia, Neurofisiologia, Neurologia, Obstetrizia eta Ginekologia, Oftalmologia, Onkologia Medikoa, Onkologia Erradioterapikoa, ORL, Pediatria, Erradiofisika, Erradiologia, Errehabilitazioa, Traumatologia eta Urologia.

Oinarrizko Osasun Laguntzan, egunean MIReko langile bat dago Ospitalez Kanpoko Larrialdietan. Greba egun bakoitzean, 2 izendatzen dira gutxieneko zerbitzuetarako: bat 00:00etatik 8:00etara, eta bestea 8:00etatik 24:00etara, egun osoko greba denez. Kontuan hartu behar da Oinarrizko Osasun Laguntzan 84 MIR daudela plantillan; beraz, gutxieneko zerbitzuetan daudenak %2,3 dira.

Osasun Mentalean irizpidea da gutxienekoak esleitzea Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdi Psikiatrikoko Etengabeko Arretan dauden egoiliarrei.

Tuterako Osasun Barrutian hiru MIR izendatzen dira, etengabeko arreta eman dezaten arratsaldetik aitzina. Guztira 19 MIR egoten dira txandan. Horrek esan nahi du txanda osoko %15,78 dagoela gutxieneko zerbitzuetan.

Azkenik, Lizarrako Osasun Barrutiko arreta premiak ikusirik, ez da MIR langilerik erabiltzen gutxieneko zerbitzuetarako.

Funtsezko zerbitzuak zehazteaz ari garenean, osasun arloko fakultatiboei buruz ari gara, prestakuntzan dauden langileak ere barne, langileen sektore hori baitago grebara deituta.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoek, ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Indarrik gabe uztea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen 148/2019 Ebazpena, otsailaren 26koa, 2019ko irailaren 13rako deitutako greba dela-eta. Ebazpen horrek, 2019ko martxoaren 1 eta 29rako, apirilaren 12rako, maiatzaren 10erako eta irailaren 13rako deitutako greba dela eta, erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatu eta haiek artatzeko zenbat langile behar ziren zehaztu zuen.

2. Sindicato Médico de Navarrak deiturik, 2019ko irailaren 13an 00:00etatik 24:00etara eginen den grebak eragina izanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun-fakultatiboak diren langile eta enplegatu publikoek, prestakuntzan daudenek ere barne, lan-kontratudun nahiz funtzionario moduan egiten dituzten jarduera guztietan, eta funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek beteko dira:

I.–Ospitaleak:

Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritako bera izanen da.

Gainera, zentroen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:

A) Ospitaleratzea: gaitasun logistikoaren %100 bermatuko da.

B) Aldian behingo jarduera duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:

–Hemodialisia.

–Tratamendu onkologikoak eguneko ospitalean.

–Tratamendu hematologikoak eguneko ospitalean.

–Minaren Unitatean tratamendu jarraitua duten pazienteendako arreta.

–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.

–Errehabilitazioa. Ospitalean dauden pazienteendako arreta bermatuko da, baita lehentasunezko gaixoendakoa ere.

–Osasun Mentalaren sareko eguneko ospitaleak.

C) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, larrialdietako, Zainketa Intentsiboetako Unitatearen, Erreanimazioaren eta Zainketa Berezien Unitatearen, Zainketa Etengabeko Unitatearen, Kritikoen Unitatearen, Erditzeen Arloaren eta parekagarriak diren beste unitate batzuen jarduera guztia ere bermatuko da.

D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia egiten direla bermatuko da.

E) Arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ospitaleratutako pazienteendako arreta eta arreta arrunt guztiak bermatuko dira, halakorik bada, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz:

–Ebakuntza kirurgikoak.

–Zerbitzu Zentralak.

–Kontsultak.

–SUOAZak (Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroak).

F) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden eta tratamendu onkologikoak eta aldian behingoak dituzten pazienteendako arreta bermatuko da.

G) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: hemoderibatuen erauzketak bermatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko ospitaleak hornitzeko, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz.

II.–Oinarrizko Osasun Laguntza:

Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparruan, hauxe izanen da lanaren araubidea:

Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetan:

a) Ohiko lanaldian.

Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta funtzionamendu ordutegi guztirako, lan txanda bakoitzean (goizekoa eta arratsaldekoa), familia mediku bat eta pediatra bat izendatuko dira 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko.

Etengabeko arreta emateko toki bat baino gehiago duten oinarrizko eskualdeetan, etengabeko arretarako zenbat toki edo talde dauden, horrenbeste familia mediku egonen dira, gutxienez ere.

b) Etengabeko arretarako ordutegian.

Osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, lan araubidea oro har ezarritako zerbitzuen %100 izanen da.

Ospitalez kanpoko Larrialdien Zerbitzuetan eta Larrialdietako Zerbitzu Arruntetan:

Oro har, ezarritako zerbitzuen %100 izanen da lan araubidea.

“San Frantzisko Xabierkoa” zentroko laguntza medikoa:

Mediku bat.

Aho-hortzen osasuna:

Odontologo bat arreta orokorrerako, eta PADI programako odontologo bat.

3. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

4. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

5. Ebazpen hau greba batzordeari jakinaraztea.

6. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta honako hauetara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzara, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean langileriaren arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuetara; Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira; Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira; eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalera.

7. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea bukatzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluekin bat eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Iruñean, 2019ko irailaren 5ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Oscar Moracho del Río.

Iragarkiaren kodea: F1911653