18. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERUETE

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Berueteko Kontzejuko Batzordeak, 2018ko urriaren 23an egin batzarrean, behin betiko onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, eta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan oinarrituz, argitara ematen da.

Berueten, 2018ko azaroaren 6an.–Alkatea, Ascensio Indakoetxea Arangoa.

ORDENANTZA, HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Berueteko Kontzejuaren mugarteko herri-ondasunen administraziorako, xedapen-egintzetarako, defentsarako, berreskuratze eta aprobetxamendurako arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-ondasunei buruzko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Berueteko Kontzejuari dagozkio herri-ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen arloan Berueteko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri-ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Berueteko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Berueteko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Berueteko Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Berueteko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Berueteko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Kontzejuko Batzordeak hartu beharko du jakinarazpen horien gaineko erabakia.

10. artikulua. Berueteko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa beharko du aldez aurretik, ondasunak herriaren ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Berueteko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste edozein tituluren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina emanen da edo ez, zuzenbideak ezartzen duena.

12. artikulua. Berueteko Kontzejuak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, haiek interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Berueteko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den gisan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortu diren gastuak itzuli beharko dizkie Berueteko Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamenduak.

d) Bestelako herri-aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Berueteko Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. 1.–Orokorrean, familia unitateak edo norbanakoak izanen dira herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunak, baldin eta beren ganadua Berueteko Kontzejuko Aziendaburuen Erregistroan inskribaturik badute, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

–Familia unitateak:

a) Adinez nagusia edo adingabeko emantzipatua edo judizialki gaitua izatea.

b) Berueteko Kontzejuaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea duela urtebete, gutxienez.

c) Berueten urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Berueteko Kontzejuarekin zerga betebeharrak eta ordainketak egunean izatea.

e) Aziendak Berueteko Kontzejuko Katastroan inskribaturik edukitzea, nagusiki bazka ekoizten duten herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunentzat (larreen onuradunak).

f) Abeltzaintzan aritzea. Kontzeju honen iritziz nahikoa den moduan frogatu beharko du hori, eta Aziendaburuen Erregistroan alta emanda egon beharko du.

g) Berrogei eguneko epea betetzea, larreetan eta herri-lurretan aziendak berriz askatu aurretik. Epe horretan, ganaduak ukuiluetan edo belardi pribatuetan egon beharko du, baina inola ere ez Kontzejuaren jabetzako lurretan.

h) Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategia Berueteko mugartean edukitzea.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

17. artikulua. Familia unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldatatik beheitikoak baldin badira.

18. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrei zuzenean edo enkante bidez esleituko zaie herri-lurren aprobetxamendua.

19. artikulua. Aprobetxamendu mota horretarako, Berueteko Kontzejuak urteko kanona ezarriko du azalera unitate bakoitzeko, eta hura urtero zehaztuko da.

20. artikulua. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.

21. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua egin ahal izateko epea 10 urtekoa izanen da.

22. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko.

23. artikulua. Berueteko Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egiten ahalko ditu edozein unetan, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari direla ziurtatzeko.

23.1. Ondoko kasu hauetan ulertuko da herri-lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari:

a) Nekazaritzako makineria edukita, adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenean, Berueteko Kontzejuaren Landazaintza Zerbitzuaren edo Nekazaritza Batzordearen txostenari jarraikiz.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez dutenean, horretara beharturik ez egonik ere.

d) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenak.

e) Bazka ekoizten duten herri-lurren adjudikaziodun izanik, aziendak Abeltzaintza Zerbitzutik ateratzen dituztenean.

24. artikulua. Herri-lurretan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko, eta foru lege horretako eta bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

25. artikulua. Laborantzako herri-lurrak zuzen landu eta aprobetxatu beharko dituzte onuradunek.

26. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak erabili adjudikatutako ez beste edozein aprobetxamendutarako, Berueteko Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe.

27. artikulua. Adjudikatutako herri-lurretan itxiturak egiteko Kontzejuaren baimena beharrezkoa da. Itxiturak egiteko honako material hauek erabil daitezke: harlauzak, zura, landareak edo taketak burdin hariekin. Debeku da fabrika-obrako itxiturak egitea, hala nola adreiluzkoak, edo hormigoi-blokezkoak.

28. artikulua. Herri-lurrak ezin izanen dira hesiz itxi jabetza pribatuko lurrekin batera, salbu eta enkante bidez eskuratu badira, eta Kontzejuak baimena eman ondoan.

29. artikulua. Ezin izanen da herri-lurren aprobetxamendua trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskatu ez badute eta Kontzejuak baimena eman ez badu.

30. artikulua. Berueteko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, eraginik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, herri-lur horietan arbolak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea bultzatzen badu. Aditzera ematen da laborantzako lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik sortuko onuradunaren alde. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

31. artikulua. Berueteko herri-larreek ustiapen unitate bateratua eratzen dute. Kontzejuak aprobetxamenduko eremu batzuk ezarri ditu, ohiturari eta tradizioari jarraikiz. Honako hauek dira herri-larreen eremu horiek:

1.–Launtze-Ernaitzu-Korozabal.

2.–Atako mendi.

3.–Txialle-Ibarre.

4.–San Pablo.

32. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-larreen aprobetxamendua.

33. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko. Horri dagokionez, Berueteko Kontzejuak uste izanen du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen ari, familia unitateko bizilagun titularrek ganadua Abeltzaintza Zerbitzutik ateratzen dutenean.

34. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

35. artikulua. Debeku da txerri-azienda bazkatzea.

36. artikulua. Ordenantza honen 31. artikuluan aipatutako larreek jasan dezaketen abere-zama zehazteko, Berueteko Kontzejuak baliokidetasun hauek ezarri ditu azienda espezieen artean:

A.–Behi-aziendako abelburua, AzLU bat.

B.–Zaldi-aziendako abelburua, AzLU bat.

C.–Ardi-aziendako hamaika abelburu, AzLU bat.

D.–Ahuntz-aziendako hamaika abelburu, AzLU bat.

37. artikulua. Berueteko Kontzejuak irizpideak ezarriko ditu larratzeko sasoiak, azienda motak eta haien kopurua finkatzeko.

38. artikulua. Ganadua herri-lurretan daukaten abeltzainek auzolana egin beharko dute. Besteak beste, herri-larreak itxi, garbitu edo behar den baimenarekin erreko dituzte, abeltzainen batzordeak eskatutako unean eta tokian, larreak mantentzeko eta horiek era egokian funtziona dezaten. Titularrak betebehar hori bete ezin badu, norbait bidali beharko du bere ordez aritzeko.

39. artikulua. 16. edo 38. artikuluak betetzen ez dituzten abeltzainek ezin izanen dituzte eskuratu Kontzejuak Nekazaritza Politika Erkiderako banatzen dituen hektareak.

40. artikulua. Klimatologiak horretara eramanda, edo bazkaren kopuruak eta bolumenak bide emanez gero, 37. artikuluan zehaztutako eremuetan azienda sartzeko egunak aldatzen ahalko dira, Berueteko Kontzejuak osoko bilkuran erabakia hartu ondoren.

41. artikulua. Berueteko Kontzejuak urtero finkatuko du larreen onuradunek ordaindu beharreko kanona, abere espeziea eta larratzeko eremua zehaztuta.

42. artikulua. Berueteko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, eraginik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, herri-lur horietan arbolak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea bultzatzen badu. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

43. artikulua. Berueteko Kontzejuak egur epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei, mendiko egoerak horretarako aukera ematen duenean, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren.

44. artikulua. Berueteko Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko egur epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

45. artikulua. Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu edo eman.

46. artikulua. Egurra banatzerakoan, Berueteko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanen die.

47. artikulua. Familia unitateen maila ekonomikoa zehazteko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkeztu beharko da.

48. artikulua. Berueteko Kontzejuak urtero finkatuko du egur aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.

49. artikulua. Egur epaitzen onuradun izateko, 16. artikuluko a), b), c) eta d) apartatuetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

50. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Nolanahi, Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei bi urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.

51. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduen onuradunek egurra atera ahalko dute, Berueteko Kontzejuak baimendu ondoan.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

Ehiza.

52. artikulua. Ehiza-barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraituz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

53. artikulua. Ehiza-aprobetxamenduaren onuradun izateko, titularrek 16. artikuluko a), b), c) eta d) apartatuetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Halaber, Berueteko ehiztarien elkarteko kide izan beharko dute.

Iratzeen aprobetxamendua.

54. artikulua. Gaur egun ez da iralekuen aprobetxamendurik egiten, transakzioa hitzartu eta lurzati berrantolamendua exekutatu ondoan iralekuen tituluak eta aprobetxamenduak desagertu baitira. Hala ere, Kontzejuan dauden iratzeak abeltzaintzan erabili ahal izanen dituzte bizilagunek.

Hildako animaliak eta zaborrak.

55. artikulua. Erabat debekaturik dago hildako animaliak eta zaborra herri-lurretan botatzea.

Gernu-uren linea.

56. artikulua. Gernu-uren linea abeltzaintzako beharretarako erabiliko da soilik, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren emakidan hala ezarrita baitago. Ezin izanen da bestelako xede batekin erabili.

Mendearte harrobia.

57. artikulua. Kontzejuko pistak konpontzeko baizik ez da erabiliko Mendearte harrobia. Partikularrek ezin izanen dute erabili, Ingurumen Departamentuak erabilera esklusiboa ezarri baitu.

V. TITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

58. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

c) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

d) Herri-lurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

e) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

f) Hildako animaliak bertan uztea.

g) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

59. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d) eta e) arau-hausteengatik emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bostetik hamar bitarte ordaintzea izanen da zehapena. Balio hori zehaztu ezin bada, hirurogeitik mila eta berrehun eurora bitarteko zehapena ezarriko da. Gainera, beste adjudikazio batean parte hartzeko eskubidea kendu ahalko zaio adjudikaziodunari.

Berueten, 2018ko urriaren 23an.–Alkatea, Ascensio Indacoechea Arangoa.

Iragarkiaren kodea: L1815063