18. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, idazkari lanpostua aldi baterako eta administrazio kontratu baten bidez betetzeko

OINARRIAK

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko idazkariaren lanpostua aldi baterako betetzea oposizio-lehiaketa bidez, entitate horretan idazkaritzako eginbehar publikoak betetzeko.

Hautapen prozesu honen ondorioz, proba guztiak gainditu dituzten izangaien izenen zerrenda bat egingo da, puntuazio-ordenari zorrotz jarraituz, eta zerrenda hori indarrean izango da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean.

1.2. Hautapen probak 7. oinarrian ezarritakoak izango dira eta gainera, lehiaketaldia ere baloratuko da, baldintza hauen 7. oinarri berean ezarri bezala.

1.3. Hautapen prozesu honen ondorioz sortzen den administrazio kontratua, betetzen den lanpostu hori behin betiko bete bitartean behar den denboraren adinakoa izango da, bai eta, beharrezkoa bada, lanpostuan ondoz-ondo sortzen diren ordezkapena ere. Nolanahi dela ere, kontratua bukatuko da lanpostua behin betiko betetzen denean edo amortizatzen denean, aplikatzekoa den indarreko araudiari jarraituz.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da eta, horretan, administrazio kontratatzaileak prozesu honetan hautatutako langileekin formalizatutako kontratazioak ezeztatu ahalko ditu bere iritziaren arabera.

Era berean, kontratua amaitzeko zergatia izango da Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 8. artikuluan aipatuetariko edozein.

1.4. Lanaldia administrazio dei-egileak ezartzen duena izango da; betiere zerbitzuaren beharren araberakoa. Hala ere, noiznahi aldatzen ahalko da.

1.5. Lanpostuak A mailari dagokion oinarrizko lansaria izango du, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz, eta onesten diren osagarriak, administrazio dei-egilearen plantilla organikoan ezarritakoak.

1.6. Kontratatutako langilearen eginkizunak idazkaritza lanpostuari dagozkionak izango dira, Nafarroako Toki Administrazioaren Foru Legean ezartzen baitira, bai eta Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko egoitzen eta zerbitzuen antolaketa eta zuzendaritzari dagozkionak ere, baldin eta lan horiek ez bazaizkio kudeaketa eginkizunak betetzen dituen maila bereko beste langile bati agindu.

2. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Lanpostu horretarako lehiatzen direnek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

A) Espainiar nazionalitatea edukitzea, hamasei urte beteta izatea eta erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

B) Hauetako ikasketa tituluren bat edukitzea, edo bakoitzari dagokion gradu-titulua, edo baliokidetzat jotzen den beste titulu bat:

–Zuzenbide gradua edo haren baliokidea.

–Politika eta Administrazio Zientzietako gradua edo Soziologiako lizentziatura edo Politika Zientzietako eta Soziologiako lizentziatura edo baliokidea.

Aipatutako tituluen baliokideak diren ikasketak eginak dituztela alegatzen duten izangaiek baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute edo, bestela, baliokidetasunari buruz Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak luzatutako ziurtagiria aurkeztu.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

C) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

D) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

3. oinarria. Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Zangozako kale Nagusia, 9-11) 09:00etatik 14:00etara bitarte, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hamabost egun naturaleko epea izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

Eskabidea 39/2015 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz aurkeztu nahi bada, 24 orduko epean posta elektronikoa igorri beharko da Mankomunitatera, inguruabar horren berri emanez. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta eskatzen den titulazioarena aurkeztu beharko dituzte, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako hura erdiesteko moduan izango direla adierazten duen agiriarena. Alegatutako merezimenduak ere aurkeztu beharko dituzte.

Minusbaliotasuna duten izangaiek honako hau erantsi beharko diote parte hartzeko eskabideari: minusbaliatu egoera frogatzeko agiria, organo eskudunak luzatua, eta osasun ziurtagiria, horren bidez frogatzeko desgaitasuna ez dela lanpostuko ohiko lana egitea eragotziko dien eritasun edo urritasun fisiko edo psikiko bat.

Izangai horiek ariketak egiteko epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskabidean, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna daukaten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

4. oinarria. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, jendaurrean paratuko da izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta (http://www.mscs.es) web-orrialdean.

Bost egun naturaleko epean, iragarkia Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrialdean (http://www.mscs.es) argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak egin edo eskabideko akatsak zuzentzen ahalko dituzte.

5. oinarria. Behin betiko zerrendak.

Aurreko oinarrian aipatu epea bukatu eta, halakorik bada, aurkezten diren erreklamazioak ebatzi eta zuzenketak egin ondoren, Lehendakaritzak ebazpena emango du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrialdean (http://www.mscs.es) jarriko da jendaurrean, hautapen proba egiteko eguna eta tokia adierazita.

6. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Lucía Echegoyen Ojer, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Jesús Esparza Iriarte, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko buruordea.

–Lehen mahaikidea: M.ª Dolores Reyero Santamaría, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatua.

Ordezkoa: Purificación González Merchán, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatua.

–Bigarren mahaikidea: Asun Nieto Zabala, NUKFeko aholkulari juridikoa.

Ordezkoa: Berta Enrique Cornago, NUKFeko idazkari nagusia.

–Hirugarren mahaikidea: José Gabriel Ayesa Aristu, Zangozako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Raquel García Areso, Ledeako Udaleko idazkaria.

–Laugarren mahaikidea: Elena Gurbindo Tellechea, Oibarko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: M.ª del Carmen Cuesta Chávarri, Esako Udaleko idazkaria.

6.2. Kalifikazio epaimahaiko kide batek egingo du idazkari lana, behar diren aktak egingo ditu eta horietako bakoitza sinatu beharko dute epaimahaikide guztiek.

6.3. Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, eraketa baliozkoa izan dadin.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

6.5. Epaimahaiak aholkularien laguntza eska dezake proba guztietan edo batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emango diote laguntza.

6.6. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta epaimahaiko buruari hala jakinarazi, baldin Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

6.7. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

7. oinarria. Proben nondik norakoa.

7.1. Lehiaketaldia.

7.1.1. Deialdi honetako izangai guztiek, merezimenduak dituztela uste badute, oinarri hauetako zehaztapenei jarraikiz, agiri bidez frogatu behar dituzte, eskabidea aurkeztearekin batera.

Lehiaketaldian ez da merezimendurik kontuan hartuko, une horretan frogatu ez bada behar bezala.

7.1.2. Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu ondoko baremoarekin bat eta, osotara, ez da inoiz 16 puntu baino gehiago emango. Hona hemen:

–Nafarroako toki entitate bateko idazkari lanetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko puntu 2, eta gehienez ere 14 puntu.

–Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzu urte bakoitzeko, haietan aritzeko Zuzenbideko gradua edo baliokidea, Politika eta Administrazio Zientzietako gradua, edo Soziologiako lizentziatura edo Politika Zientzietako eta Soziologiako lizentziatura edo baliokidea izatea eskatu bada, 0,50 puntu, eta 2 puntu gehienez ere.

7.1.3. Aipatu balorazio irizpideak aplikatzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:

–Baloratu behar den urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokiona emango zaio.

–Ez dira bi aldiz zenbatuko baremoko talde berean dauden zerbitzuak denbora berean egin badira.

–Soilik hartuko dira kontuan jatorrizko agirien bidez edo behar bezala konpultsatuta frogaturiko merezimenduak, eta horiek oposizioaldiko probak egin ondoren baloratuko zaizkie oposizioaldiko proba guztiak gainditu dituzten izangaiei.

7.2. Oposizioaldia.

7.2.1. Oposizioaldian bi idatzizko ariketa eta azken elkarrizketa pertsonal bat egingo da, aldi honetako bi proba teoriko/praktikoak gainditu dituzten izangaiekin.

–Proba teorikoa: galdera laburrak eta/edo test motakoak erantzun beharko dira, idatziz, honako gai hauei buruz, eta indarrean den legediaren araberakoak izan beharko dira:

–Espainiako 1978ko Konstituzioa.

–Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa.

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea.

–7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua.

–Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua (2568/1986 ED).

–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena.

–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa, eta hura garatzeko araudia.

–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina, eta hura garatzeko araudia.

–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa, eta hura garatzeko araudia.

–Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen Estatutuak (2012ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 8koa).

–Nafarroako Hiri Hondakinen Partzuergoaren Estatutuak (2007ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 20koa).

7.2.2. Proba hau egiteko gehieneko denbora epaimahaiak erabakiko du; proba horrek 40 puntu izango ditu gehienez ere, eta ez dira zehatuko erantzun okerrak. Baztertu egingo dira gutxienez 20 puntu lortzen ez duten izangaiak.

7.2.3. Proba praktikoa: txosten edo irizpen juridiko bat prestatu beharko da, epaimahaiak zehazten dituen alderdiei buruz, arestian aipatutako gaien eta lanpostuari dagozkion eginkizunen inguruan, epaimahaiak adierazitako denboran. Gehienez ere 40 puntu emango dira. Baztertu egingo dira 20 puntu lortzen ez duten izangaiak.

7.2.4. Bigarren ariketa hau eginen dute soilik lehengoa gainditu dutenek.

7.2.5. Ariketak NAPIren instalazioetan egingo dira. Plika itxien bidezko sistema erabiliko da, eta ariketa praktikoa egiteko, paper formatuan komentatu gabeko legezko testuak erabili ahalko dituzte.

7.2.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra egingo da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

7.2.7. Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izango dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

–Elkarrizketa pertsonala: proba teoriko/praktikoak bukaturik, kalifikazio epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu; gehienez ere 4 puntu emango dira, eta inola ere ez da baztertzailea izango.

Elkarrizketa pertsonala soilik egingo zaie oposizioko bi proba teoriko/praktikoak gainditu dituzten izangaiei.

8. oinarria. Epaimahaiaren proposamena.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak gaindituen zerrenda argitaratuko du Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrialdean, eta Mankomunitateari proposatuko dio lehen izangaiaren kontratazioa egiteko eta poltsa eratzeko, gaindituen aipatu zerrendan jasotzen den bezala. Zerrenda hori erdietsitako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz egingo da, izangai bakoitzak ariketetan lortu dituen kalifikazioak batuz, eta ateratzen den puntuaziorik handiena duen izangaia izango da lehena. Proposamena loteslea izango da deialdia egin duen administrazioarendako.

Berdinketa gertatuz gero, oposizioaldiko ariketa praktikoan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde ebatziko da. Berdinketak irauten badu, zozketa bidez ebatziko da.

8.2. Hautatutako izangaiak astebeteko epean hasi beharko du lanean, gehienez ere, deialdia egiten duen Administrazioaren kontratazio proposamena onartzen duenetik hasita. Ez bada lanean hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei egiten ahalko die kontratua, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz.

9. oinarria. Errekurtsoak.

9.1. Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

9.2. Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Zangozan, 2019ko urtarrilaren 2an.–Mankomunitateko burua, Lucia Echegoyen Ojer.

I. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1900643