18. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1707/2018 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2019ko deialdia onesten dituena Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateek kalitatea bermatzeko jarduerak egin ditzaten. Laguntzak “de minimis” araubidearen babesean emanen dira. DDBN identifikazioa: 433372.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1151/2012 (EB) Erregelamenduak, nekazaritzako eta elikadurarako produktuen kalitate araubideei buruzkoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 110/2008 (EE) Erregelamenduak, edari destilatuen adierazpen geografikoaren definizio, izendapen, aurkezpen, etiketatze eta babesari buruzkoak, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduak, nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde bateratua sortzen duenak, esparru juridikoa ezartzen dute Jatorri Deituretarako eta elikadurarako produktuen, edari destilatuen eta ardogintzako produktuen Adierazpen Geografiko Babestuetarako, hurrenez hurren.

Erregelamendu horietan ezartzen da kontrol erakunde batek edo gehiagok egiazta dezaketela operadoreek betetzen ote duten jatorri deitura babestuen, adierazle geografiko babestuen eta Europar Batasunaren jatorrizko produktuak izendatzen dituzten espezialitate tradizional bermatuen baldintza-agiria. UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauaren araberako akreditazioa izan behar dute aipatu erakundeek. Halaber, baldintza agiria betetzen dela egiaztatzeak eragiten dituen kostuak kontrol horien mende dauden operadoreek ordaintzen ahalko dituzte, eta estatu kideek ere kostu horiek ordaintzen laguntzen ahalko dute.

Bestalde, Nafarroan, nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren sustapena Batasuneko esparru juridikoan onartutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenei bideratuta dago bereziki, eta zuzenean bultzatzen ditu ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna emanez, horrela ziurtatzeko ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla, eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

Kalitateko ekoizpenen alde egiteko eta horiek sustatzeko interesaren adierazgarri, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Landa Garapeneko Programaren esparruan, laguntza lerroak ezarri ditu kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateentzat, entitate horiek barne merkatuan egiten dituzten informazio eta sustapen ekintzetarako.

Kontuan hartuta Nafarroako kalitate bereiziko ekoizpenek foruko nekazaritzako elikagaien sektorearen, lehen mailako ekoizleen, nekazaritzako industriaren sektorearen eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorearen gainean eragiten duten ondorioa, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Gobernuaren babesa handitzea kalitate bereiziko figuren kontrol eta ziurtapen jardueretarako laguntzen bidez. Ondorio horietarako, 2018ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasota dago “Laguntzak, kalitateko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jardueretarako” izeneko aurrekontu partida.

Kalitate figurak kudeatzeko entitateek zenbait jarduera gauzatzen dituzte; jarduera horien helburua ekoizleek baldintza agirietan xedatutakoa betetzen dutela bermatzea da, bai kontrolak zuzenean gauzatuta bai agintaritza eskudunak behar bezala baimendutako kontrol erakundeak kontratatuta horiek egiteko.

Jatorri deitura babestuen, adierazle geografiko babestuen eta Europar Batasunaren jatorrizko produktuak izendatzen dituzten espezialitate tradizional bermatuen balio erantsia kontsumitzailearen konfiantzan datza. Balio erantsi hori bakarrik da sinesgarria, baldin eta horrekin batera ziurtapen eta kontrol sistema eraginkorra agertzen bada.

Hemen ezarritako laguntzak “de minimis” izaera du, eta Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremuan sartzen da. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua arautzen du, eta Europar Batasunaren 2013ko abenduaren 24ko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Ebazpen honek laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen ditu, eta 2019ko deialdia onesten du Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateentzat, kalitatea bermatzeko jarduerak egin ditzaten.

Badago interes publiko, sozial eta ekonomikoa dirulaguntza horiek emateko orduan, nekazaritzako elikagaien kalitate figurak Foru Komunitateko titulartasuneko jabari publikoko ondasuntzat jotzen baitira. Interes hori oinarri hartuta, beharrezkotzat jotzen da norgehiagokako araubidean emandako dirulaguntzen baztertze propioa saihestea baremazio sistemen bidez; horrek laguntzak hainbanaketa bidez murriztea justifikatzen du, baldin eta eskaerek erabilgarri dagoen aurrekontua gainditzen baldin badute.

Ikusirik Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Kalitatea bermatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2019ko deialdia onestea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateentzat. Laguntza horiek “de minimis” araubidearen babesean emanen dira.

2. 322.000 euroko gastua baimentzea 2019ko ekitaldirako, 2019ko aurrekontuan gaitzen den 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Laguntzak, kalitateko ekoizpenen kontrol eta ziurtapen jardueretarako” izeneko 720003 71620 4701 413103 partida baliokidearen kargura, behar adinako kreditu egokia baldin bada.

3. Hamargarren oinarrian ezarritakoaren arabera, konturako ordainketa baten bidez egiten ahalko da pagamendua, dirulaguntzaren %100 sartuta, edo ordainketa bakarrean, betiere egindako jardueren ondoriozko gastu eta ordainketa guztiak frogatzen dituen dokumentazioa eta eskatzen ahal zaion ezarritako gainerako dokumentazioa aurkeztu ondoren.

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko abenduaren 31n.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateentzako laguntzak emateko oinarri arautzaileak, kalitatea bermatzeko jarduerak egin ditzaten. Laguntzak “de minimis” araubidearen babesean emanen dira

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea, aplikazio eremua eta onura publikoa.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateei ematen ahal zaien laguntza finantzarioaren esparrua definitzea da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduan, nekazaritzako eta elikadurarako produktuen kalitate araubideei buruzkoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urtarrilaren 15eko 110/2008 Erregelamenduan (EE), edari espiritutsuen adierazpen geografikoei buruzkoan, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduan, mahastizaintza eta ardogintzako produktuen jatorri deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei buruzkoan, ezartzen diren derrigorrezko kontrol neurriak egiteagatik.

2. Batasuneko esparru juridikoan onartutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenek zuzenean bultzatzen dituzte ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna emanez, horrela ziurtatzeko ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla, eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

Jatorri deiturak jabari publikoko ondasunak dira, eta Europar Batasuneko estatu kideetako agintaritza eskudunek horien kontrol ofiziala bermatu behar dute.

3. Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren xedean, definizioan eta aplikazio eremuan sartzen dira laguntzak. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua arautzen du (L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Bigarren oinarria.–Onuradunak eta baldintzak.

1. Laguntza honen onuradun izanen dira Nafarroako jatorri deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak kudeatzeko entitateak, baldintza agiriak betetzeari lotutako kontrol eta ziurtapen jarduerak gauzatzen badituzte beren kabuz, baimendutako kontrol erakundeak diren aldetik, edo baimendutako kanpoko kontrol erakundeak kontratatzen badituzte jarduera horietarako.

2. Aurrekontua 2,5 milioi eurotik beherakoa duten kudeaketa entitateek baino ezin izanen dute laguntza lortu.

Hirugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira kudeaketa entitateek baldintza agiriak betetzen direla egiaztatze aldera kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatzeko egiten dituzten gastuak, lehen oinarriko 1. puntuak aipatzen dituen Batasunaren arauen arabera, baita Arautzeko Kontseiluko Idazkaritza Teknikoari eta 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitartean egindako erregistroak mantentzeari dagozkienak ere.

2. Kontrol eta ziurtapen organo eskuordetuek Europako UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauaren arabera akreditatuta edo akreditatzeko prozesuan egon beharko dute, arlo horretako esparru juridikoa zehazten duen Europako araudiak eskatzen duen bezala.

3. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz, gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa denean, onuradunak, hiru eskaintzatan oinarrituta, hornitzailea eragimenaren eta ekonomiaren irizpidearen arabera hautatu duela frogatu beharko du; bestela, zergatik ezin diren irizpide horiek aplikatu.

4. Ez dira diruz lagungarritzat jotzen eta, hortaz, ezin dira aukeratu, balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) eta beste zergak, salbu eta balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu ezin duten onuradunentzat, foru araudiarekin bat. Horri dagokionez, entitate eskatzaileek salbuespen horri heltzeko asmoa dutela adierazi behar dute laguntza eskabidean, bai eta baldintza hori betetzetik salbuetsiak izanaren justifikazioa aurkeztu ere.

Laugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Kudeaketa entitate bakoitzari aplikatu beharreko laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, portzentaje bat aplikatuko zaio fakturaren zenbatekoari:

–Nafarroako Aratxea eta Nafarroako Arkumea AGBetako (adierazpen geografiko babestu) kudeaketa entitateen kasuan, laguntzaren portzentajea %40koa izanen da.

–Nafarroako Olioa JDBko (jatorri-deitura babestu) eta Nafarroako Patxarana AGko (adierazpen geografiko) kudeaketa entitateen kasuan, laguntzaren portzentajea %20koa izanen da.

–Gainerako kudeaketa entitateen kasuan, laguntzaren portzentajea %30ekoa izanen da.

2. Onuradun bakoitzari, gehienez ere, 66.000 euro emanen zaio. Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, muga hori gutxituko da, Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuaren edo bolumenaren arabera. Horretarako, deialdia argitaratzen denean bukatu den azken kanpainako datuak hartuko dira aintzat.

3. Enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zerga ekitaldiko edozein alditan. Hala bada, indarrean dagoen deialdian ordaindu beharreko laguntzak muga hori izanen du.

Bosgarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Hauek dira eskaerak lehenesteko irizpideak:

1.–Kalitate figurak kudeatzeko entitateak, esparru geografikoa Nafarroan osorik dutenak.

2.–Kalitate figurak kudeatzeko entitateak, ziurtatutako ekoizpenaren %50 baino gehiago Nafarroan sortu dutenak.

3.–Kalitate figurak kudeatzeko entitateak, ziurtatutako ekoizpenaren %25 eta %50 artekoa Nafarroan sortu dutenak.

4.–Gainerako entitateak.

3. Eskaerak aurreko puntuaren arabera ordenatu ondoren, aurrekontua banatuko da; lehendabizi, lehentasunezko 1. taldeko eskaeren artean, eta gero hurrengo taldekoen artean.

4. Aurrekontua talde bateko eskaera guztiak finantzatzeko aski ez bada, jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira, laugarren oinarrian ezarri den aplikatu beharreko laguntzaren zenbatekoaren proportzioan.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Kudeaketa entitateek laguntzaren eskaerak aurkezteko epea 30 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari zuzenduko zaizkio, eta Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahalko dira. Telematika bidez ere aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoaren bidez.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da (Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus web-orriko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da eredua), honako agiri hauekin batera:

a) Diruz lagungarria den epean (hau da, 2018ko azaro-abenduetan eta 2019ko urtarriletik urrira bitartekoan) kudeaketa entitateek egindako kontrol eta ziurtapeneko zerbitzuen kostuen fakturak, proformakoak edo benetakoak.

b) Entitatea akreditatua dagoela ziurtatzen duen agiriaren kopia. Kontrol entitatea akreditatzeko prozesuan baldin badago, dagokion baldintza agirirako akreditazio eskaeraren benetako kopia edo agiri baliokidea aurkeztu beharko da; akreditazio erakunde nazionalak eskaera onartu, eta espediente zenbakia esleitu beharko dio.

c) Baimena, Administrazioak zerga arloko betebeharren egoera eta Gizarte Segurantzarekikoena egiazta ditzan, eta/edo horiek betetzeari buruzko ziurtagiria.

d) Adierazpena, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

e) Eskatzailearen adierazpena, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, helburu bererako bestelako dirulaguntza publikoak eskatu izanari buruzkoa.

f) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari buruzko adierazpena.

g) Beste autonomia erkidego batzuetan ere ezarrita dauden kalitate figuren kasuan, erabilgarri dagoen azken kanpainan Nafarroan ziurtatutako produktuak kasuan kasuko kalitate figura osoarekin alderatuta daukan pisuari edo bolumenari buruz egindako ziurtagiria.

h) Entitatearen 2019. urteko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu onartua, behar bezala sinatua eta zigilatua.

4. Onuradunak nahi badu laguntza zerbitzuak ematen dituen entitateari zuzenean ordaintzea, berariaz adierazi beharko du eskabide-orrian.

Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ote den egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, hamar egunean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Laguntza eman baino lehen, enpresak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

5. Araubide honen araberako laguntzak emanen dira, onuradun bati emandako laguntzen zenbateko osoak hiru zergaldiko edozein alditan ez duela gainditzen 200.000 euroko muga eta 1407/2013 EB Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua) frogatu ondoren.

6. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

7. Prozeduraren gainean ebazteko 30 egun izanen dira, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat jotzen ahalko da eskabidea, isiltasun administratiboaren ondorioz.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.

2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza egoki eman dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Helburu bereko beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso badira, haien berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari.

5. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar zergalditan, laguntza ematen den egunetik aurrera.

7. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

8. Gardentasun betebeharrak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargurako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitateek, laguntza horren zenbatekoa 20.000 eurotik gorakoa denean urte naturalean eta, gainera, entitatearen urteko aurrekontuaren edo negozio-zifraren %20 bada gutxienez, informazio gehigarria beharko dute aurkeztu.

Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Aurreko kasuak gertatzen direnean, onuradunek hurrengo informazioaren berri eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Onuradunak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza onartzen duen ebazpena ematen denetik hasita.

Aitorpenaren eredua helbide hauetan dago eskuragarri:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/Transparencia_C.pdf

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/Transparencia_E.pdf

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, betetzen ez badira onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarren oinarria.–Laguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntza %100 konturako ordainketa baten bidez sartuta ordaintzen ahalko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak hornitzea beharrezkoa dela justifikatuta. Horretarako, behar hori justifikatutzat joko da, diruz lagundu beharreko jardueraren diruzaintza-defizita eskatu den zenbatekoaren %75, gutxienez, bada.

2. Aurrerakina ordaintzeko eskaera ekainaren 1etik ekainaren 30era bitartean aurkezten ahalko da, eta, horrekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Itxitako azken ekitaldiaren urteko kontuak, behar bezala sinatuak eta zigilatuak.

b) Urteko gastuen eta diru-sarreren aurrekontua, behar bezala sinatua eta zigilatua.

c) Hileko kutxako fluxen aurreikuspena eta entitate osoaren diruzaintzako egoera-orria, baita ekitaldi osoko hileko kutxako fluxen aurreikuspenari buruzko beste agiri bat ere, diruzaintzak kontrol eta ziurtapen lanen inguruan izan duen bilakaera jasotzen duena. Horiek guztiak, behar bezala sinatuak eta zigilatuak.

d) Eskatutako laguntzaren zenbatekoa duen bankuko abala, 60.000 eurotik gorako aurrerakinak direnean.

3. Diruz lagundu beharreko jardueraren diruzaintza-defizita eskatu den zenbatekoaren %75 baino txikiagoa bada edo entitate onuradunak ordainketa aurreraturik eskatzen ez badu, dirulaguntza ordaintzeko eskaera aurkeztu beharko du azaroaren 10a baino lehen, honako dokumentazio honekin batera:

a) Memoria, diruz lagungarria den epean zerbitzuaren emaileak egindako kontrol eta ziurtapeneko jarduerak azaltzen dituena.

b) Kontrol eta ziurtapeneko jardueren fakturak, hirugarren oinarrian ezarritako diruz lagungarri den epekoak.

c) Ziurtagiriak, 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra egindako jarduketak kontrataturiko zerbitzuaren emaileari ordaindu zaizkiola frogatzeko. Laguntza zerbitzuaren emaileari ordaintzeko eskatzen bada, kontratu sinatua aurkeztu behar da, horixe bera bertan azalduz eta berariaz eskatuz, bere datuekin batera, ordainketa egin ahal izateko.

d) Itxitako azken ekitaldiaren urteko kontuak, sinatuak eta zigilatuak.

4. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatutako agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta aurkezturiko gastuak, frogagirien balioa eta beste agirien askitasuna onetsiko ditu. Halaber, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari justifikazio-kontuaren dokumentazio osoa aurkeztuko dio, berak ikuska dezan.

5. Onuradunak ordainketa aurreratua aukeratzen badu, aurreko puntuan ezarritako egiaztapenak laguntzaren xede diren jarduketak amaitu ondoren eginen dira, eta, nolanahi ere, laguntzaren xede diren jarduerei dagokien urtearen hurrengoko lehen seihilekoaren barnean. Ondorio horretarako, eskatzaileak oinarri honen 3. zenbakian aipatzen den dokumentazioa aurkeztuko du hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen.

Ezin izanen zaie onuradunei ordainketa aurreraturik egin, baldin eta horiek beren borondatez konkurtso-egoeraren deklarazioa eskatu badute, prozeduraren batean kaudimengabetzat jo badituzte, konkurtso-egoeran badaude –bertan hitzarmen batek indarraldia hartu ezean–, kontu-hartze judizial baten pean badaude edo, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, desgaitutzat jo badituzte, konkurtso-egoera deklaratzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

6. Espedientea ixtean egiaztatzen baldin bada zenbateko aurreratuak zehaztu den laguntza baino handiagoak direla, dirua itzultzeko espedientea tramitatuko da.

7. Nolanahi ere, zerbitzu honek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko, eta Administrazioaren datu-baseak kontsultatzen ahalko ditu, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta dituela egiaztatzeko.

Hamaikagarren oinarria.–Garapena eta jarraipena.

Laguntzaren kontrolaren eta jarraipenaren ondorioetarako, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko die onuradunei, laguntzaren xedeko jarduerei eta ekintzei dagokienez, entitateak eskatutako baldintzak ezarritako epeetan betetzen dituela egiaztatzeko eta dagozkien egiaztapenak egiteko.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek ez dira metatuko Estatuko laguntzekin, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren Estatuko laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek laguntzaren gehieneko intentsitate edo zenbatekoa gainditzen badu, kasu zehatz bakoitzean kategorien arabera salbuesteko erregelamendu batek edo Europako Batzordeak hartutako erabaki batek finkatua.

Hamahirugarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Kudeaketa entitateek dirulaguntza emateko baldintza eta konpromisoak betetzen ez badituzte, dirulaguntzak oso-osorik itzuli beharko dituzte, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

2. Aplikatu beharreko arau-hausteen eta zehapenen araubidea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da.

Hamalaugarren oinarria.–Publiko egitea eta informazioa.

1. 2019ko ekitaldirako laguntzen deialdia onesten duen ebazpen honetan ezarriko laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateendako laguntzei dagokien fitxan, hain zuzen. Laguntzak “de minimis” araubidearen babesean emanen dira.

2. Informazio hori 10 urtez gordeko da, gutxienez, eta jendearen eskura egonen da, murrizketarik gabe, laguntza emateko erabakia hartu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F1900301