18. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1435/2018 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2019ko deialdia ezartzen dituena nekazaritzako produktuen eraldaketan eta merkaturatzean ari diren enpresek, arrantzako eta akuikulturako sektorekoak kenduta, merkataritzako ferietan parte har dezaten. Laguntzak “de minimis” araubidearen babesean emanen dira. DDBN identifikazioa: 427333.

Nafarroan asko dira nekazaritzako elikagai bereizien operadoreak, zeinek Europaren aitortza baitute: hamar jatorri deitura babestu (Lodosako pikillo piperra, Erronkari gazta, Idiazabal gazta, Nafarroa ardoa, lur-eremuko ardoen hiru jatorri deitura babestu, Nafarroako olioa, Errioxa ardoa eta Cava), zazpi adierazpen geografiko babestu (Nafarroako zainzuria, Tuterako orburua, Nafarroako Aratxea, Nafarroako Arkumea, Nafarroako Patxarana, “3 Erribera” lurraldeko ardoa eta Queilesko Erribera) eta Urdaiazpiko Onduaren bermatutako espezialitate tradizionala, ekoizpen sistema ekologikoaz gain. Orobat, beste operadore batzuk daude Nafarroako Foru Komunitateko arau batek emandako aintzatespena duten nekazaritzako elikagaien arloan: Nafarroako Elikagai Artisauak, Nafarroako Ekoizpen Integratua eta Reyno Gourmet berme-marka.

Nafarroan, nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren sustapena Batasuneko esparru juridikoan onartutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenei bideratuta dago bereziki, eta zuzenean bultzatzen ditu ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna emanez, horrela ziurtatzeko ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla, eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Landa Garapeneko Programaren esparruan, laguntza lerroak ezarri ditu kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateentzat, barne merkatuan egiten dituzten informazio eta sustapen ekintzetarako.

Merkataritzako ferietan parte hartzea tresna nagusi bat da kalitateko ekoizpenak sustatzeko eta horren inguruko ezagutza hedatzeko, eta parte-hartze horren eragina handiagoa da operadoreak erakustoki kolektiboetan elkartzen direnean, non norbanakoaren ekoizpenez gain kalitate bereiziaren figurak azpimarratzen baitira, edo operadoreen marka kolektiboak. Indartu egiten da, horrela, Nafarroak nekazaritzako elikagaien erreferentziazko lurralde gisa duen irudia.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Gobernuak nekazaritzako elikagaien ekoizpenei ematen dien laguntza handitzea, nekazaritzako elikagaien ekoizleentzako laguntzen bidez, merkataritzako ferietan parte har dezaten, bereziki kalitate figuretan inskribatuta badaude. Ondorio horietarako, 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuak aurreikusten du kalitate bereiziaren ekoizpenek ferietan duten parte-hartzea finantzatzea.

Laguntza honek “de minimis” izaera du, eta Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremuan sartzen da. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua arautzen du, eta Europar Batasunaren 2013ko abenduaren 24ko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Ebazpen honek laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen ditu eta 2019ko deialdia onesten du Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako produktuen eraldaketan eta merkaturatzean ari diren enpresentzat, arrantzako eta akuikulturako sektorekoak kenduta, aipatu 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.

Ikusita Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena eta aurtengo ekitaldirako aurrekontuan diru erabilgarria dagoela.

Kontuan hartuta ebazpen honi Nafarroako diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaiola.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2019ko deialdia onestea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien ekoizleek merkataritzako ferietan parte har dezaten. Laguntza horiek “de minimis” araubidearen babesean emanen dira.

2. 225.000 euroko gastua baimentzea 2019ko ekitaldirako, 2018ko ekitaldiko “Laguntzak, kalitateko ekoizpenek lehiaketetan eta ferietan parte har dezaten” izeneko 720003-71620-4701-413104 partidaren kargura, edo Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretan ondorio horietarako sortzen denaren kargura, betiere hartarako kreditu nahikoa eta egokia badago.

3. I. eranskinaren hamargarren oinarriaren arabera pagatuko dira laguntzak.

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basean erregistratzea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko azaroaren 26an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, 2019. urtean Nafarroako nekazaritzako elikagaien enpresek merkataritzako ferietan parte har dezaten laguntzak emateko (“de minimis” araubidean)

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea, aplikazio eremua eta onura publikoa.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea laguntza finantzarioaren esparrua ezartzea da. Nekazaritzako elikagaien eraldaketan eta merkaturatzean ari diren enpresek jaso dezakete laguntza, arrantzako eta akuikulturako sektorekoak kenduta, merkataritzako ferietan parte hartzeagatik.

2. Merkataritzako ferietan parte hartzea tresna nagusi bat da kalitateko ekoizpenak sustatzeko eta horren inguruko ezagutza hedatzeko, eta parte-hartze horren eragina handiagoa da operadoreak erakustoki kolektiboetan elkartzen direnean, non norbanakoaren ekoizpenez gain kalitate bereiziaren figurak azpimarratzen baitira, edo operadoreen marka kolektiboak. Indartu egiten da, horrela, Nafarroak nekazaritzako elikagaien erreferentziazko lurralde gisa duen irudia.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da, ikuspegi publikotik, Nafarroako Gobernuaren babesa adieraztea nekazaritzako elikagaien ekoizpenari 2019an merkataritzako ferietan stand kolektiboetan edo kokaleku kolektiboetan parte hartzeko laguntzen bidez, zeinetan Nafarroako Foru Komunitatearen irudiaren eta/edo haren Reyno Gourmet erreferentzia-markaren babesean aurkeztuko baitute beren burua ekoizleek.

Deialdi honetan sartzen diren feriak hauek dira:

Prowein.

Gourmet Azoka.

Basquisite.

Fruit Attraction.

3. Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren xedean, definizioan eta aplikazio eremuan sartzen dira laguntzak. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua arautzen du (L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Bigarren oinarria.–Onuradunak eta baldintzak.

1. Nafarroako nekazaritzako produktuen eraldaketan eta merkaturatzean ari diren Nafarroako enpresak izanen dira laguntza honen onuradunak, arrantzako eta akuikulturako sektorekoak kenduta, betiere aurreko oinarrian aipatu merkataritzako ferietan parte hartzen badute 2019an.

2. Onuradun izateko baldintzak:

Kontratu bat formalizatzea feriako parte-hartzea kudeatzen duen entitate batekin, bai eta aurrekontu bat izatea ere, eskatutako feria bakoitzean parte hartzeak izanen dituen kostuen aurreikuspenarekin.

Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduan zehaztutako mugen barruan egotea (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

Hirugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira aipatu merkataritzako ferietan izandako parte-hartzearekin zuzenean lotutakoak, onuradunek kontratatutakoak izanik eta gehienez ere modulu estandar bati dagozkionak, onuradun eta feria bakoitzeko.

“Merkataritzako ferietan izandako parte-hartzearekin zuzenean lotutako” gastutzat hartzen dira standen edo modulu estandarren kontrataziorako fakturatutako gastu guztiak, barne hartuz lurzorua, muntaia, zerbitzuak, jarduerak, gune komunak eta kudeaketa gastuak.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen operadoreak merkataritzako feriara joateko egindako gainerako gastuak, hala nola bidaia gastuak, aparkalekuak, otorduak eta hotelak.

Laugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Onuradun bakoitzari aplikatuko zaion laguntza %70ekoa izanen da merkataritzako ferian izandako parte-hartzeagatik aurkeztutako fakturaren zenbatekoaren gainean, zeina feria antolatzen duen entitateak igorria izanen baita.

2. Onuradun bakoitzari, gehienez ere, 7.500 euro emanen zaio feria bakoitzeko, eta 14.000 euro deialdi bakoitzeko.

3. Enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zerga ekitaldiko edozein alditan. Hala bada, indarrean dagoen deialdian ordaindu beharreko laguntzak muga hori izanen du.

Bosgarren oinarria.–Diru-laguntza emateko modua.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, lehentasun irizpide hauen arabera:

Inskribatuta daudenak Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitatezko figuretan, ekoizpen ekologikoko sisteman, Nafarroako ekoizpen sistema integratuan, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Artisautzan edo Nafarroako berme marketan, eta merkataritza ferietara joaten direnak, non banakako stand-ak, edo modulu estandarrak, identifikatuta egonen baitira kolektiboki eta argi eta garbi Nafarroako Foru Komunitatearen irudiaren barruan.

Inskribatuta ez daudenak Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitatezko figuretan, ekoizpen ekologikoko sisteman, Nafarroako ekoizpen sistema integratuan, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Artisautzan edo Nafarroako berme marketan, eta merkataritza ferietara joaten direnak, non banakako stand-ak, edo modulu estandarrak, identifikatuta egonen baitira modu kolektiboan eta argi eta garbi Nafarroako Foru Komunitatearen irudiaren barruan.

Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten gainerako enpresa eskatzaileak.

2. Enpresa bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa laugarren oinarriaren arabera kalkulatu ondoren, eskaerak 1. puntuan deskribatutako taldeen arabera ordenatuko dira. Lehendabizi, lehentasunezko lehen taldeko eskaeren artean, eta gero hurrengo taldekoen artean.

Aurrekontua talde bateko eskaera guztiak finantzatzeko aski ez bada, jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira, dagokion laguntzaren zenbatekoaren proportzioan. Hainbanaketa horretatik ateratzen den laguntza hasiera batean zegokiekeen laguntzaren %30era iristen ez bada, ez da laguntzarik emanen.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi, eta 2019ko maiatzaren 31n bukatuko da.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari zuzenduko zaizkio, eta Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahalko dira. Telematika bidez ere aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoaren bidez.

3. Laguntza eskaera bakarra aurkeztuko da kasu guztietan, nahiz eta feria baterako baino gehiagorako eskatu laguntza, bakoitzaren kasuan bereiz adierazita seigarren oinarri honen 5. puntuko a) eta b) atalak.

4. Eskatzaileak bere eskaeran adierazten ahalko du diru-laguntza zuzenean ordaintzeko feria antolatzen duen entitateari.

5. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarikoko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahal da. Harekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Aurrekontu bat, laguntzaren xedeko feria bakoitzean jarritako stand-aren kontratazio kostuen aurreikuspenarekin.

Feria antolatzen duen entitatearekin formalizatutako kontratuaren kopia. Onuradunak, 4. puntuarekin bat, aukeratzen badu diru-laguntza zuzenean aipatu entitateari ordaintzea, aukera hori berariaz adierazi beharko da kontratuan.

Baimena, Administrazioak zerga arloko betebeharren egoera eta Gizarte Segurantzarekikoena egiazta ditzan.

Adierazpena, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, idatzia edo euskarri elektronikoan, merkataritza ferietara joateko 2019an eskatutako laguntzei eta jasotako laguntzei buruzkoa, kontzeptuak zehaztuta.

Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari buruzko adierazpena.

Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ote den egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, gehienez ere hamar egun baliodunean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak diru-laguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Araubide honen araberako laguntzak emanen dira, onuradun bati emandako laguntzen zenbateko osoak hiru zergaldiko edozein alditan ez duela gainditzen 200.000 euroko muga eta 1407/2013 EB Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua) frogatu ondoren.

5. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

6. Prozeduraren gainean ebazteko 30 egun izanen dira, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat jotzen ahalko da eskabidea, isiltasun administratiboaren ondorioz.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.

2. Hartutako funtsak diru-laguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza egoki eman dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Jakinaraztea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari eskatu dituela eta, hala badagokio, jaso dituela helburu berbererako beste diru-laguntza publiko batzuk eta “de minimis” araubidearen menpeko beste edozein laguntza, 2017ko, 2018ko eta 2019ko zerga-ekitaldietan jasotakoak.

5. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar zergalditan, laguntza ematen den egunetik aurrera.

7. Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

8. Gardentasun betebeharrak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargurako diru-laguntzak eskuratzen dituzten entitateek, laguntza horren zenbatekoa 20.000 eurotik gorakoa denean urte naturalean eta, gainera, entitatearen urteko aurrekontuaren edo negozio-zifraren %20 bada gutxienez, informazio gehigarria beharko dute aurkeztu.

Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Aurreko kasuak gertatzen direnean, onuradunek hurrengo informazioaren berri eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Onuradunak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, diru-laguntza onartzen duen ebazpena ematen denetik hasita.

Aitorpenaren eredua helbide hauetan dago eskuragarri:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/Transparencia_C.pdf

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/Transparencia_E.pdf

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarren oinarria.–Laguntza ordaintzea.

1. Entitate onuradunak, laguntza ematen den egunetik azaroaren 6ra bitarte, laguntza ordaintzeko eskaera bakarra aurkeztuko du, agiri hauekin batera:

a) Ferian parte hartzeari dagozkion fakturak.

b) Feria antolatzen duen entitateari laguntzaren xedeko jarduketak ordaindu dizkiola frogatzen duten agiriak. Onuradunak aukeratu badu laguntza zuzenean entitate horri ordaintzea, onuradunak bere kargurako gastuen ordainketa frogatu beharko du.

c) Laguntzaren xedeko ekintzak osorik edo partez finantzatzeko edozein administraziori zein erakunde publikori edo pribaturi eskatutako edo harengandik jasotako edozein laguntza aitortzea.

2. Diru-laguntzaren ordainketa eginen da ordaintzeko eskaera aurkeztu eta gero, eta ordainketa bakarrean; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak diru-laguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

3. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatutako agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta balidatuko du aurkezturiko gastuak hautagarriak direla, frogagiriak baliozkoak direla eta gainerako agiriak aski direla.

4. Nolanahi ere, zerbitzu honek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko, eta Administrazioaren datu-baseak kontsultatzen ahalko ditu, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta dituela egiaztatzeko.

5. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak behar diren kontrolak eginen ditu gastuak onargarriak direla egiaztatzeko.

Hamaikagarren oinarria.–Garapena eta jarraipena.

Laguntzaren kontrolaren eta jarraipenaren ondorioetarako, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko die onuradunei, laguntzaren xedeko jarduerei eta ekintzei dagokienez, entitateak eskatutako baldintzak ezarritako epeetan betetzen dituela egiaztatzeko eta dagozkien egiaztapenak egiteko.

Hamabigarren oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek ez dira metatuko Estatuko laguntzekin, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren Estatuko laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek laguntzaren gehieneko intentsitate edo zenbatekoa gainditzen badu, kasu zehatz bakoitzean kategorien arabera salbuesteko erregelamendu batek edo Europako Batzordeak hartutako erabaki batek finkatua.

Hamahirugarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Laguntzen onuradunek diru-laguntza emateko baldintza eta konpromisoak betetzen ez badituzte, diru-laguntzak oso-osorik itzuli beharko dituzte, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

2. Aplikatu beharreko arau-hausteen eta zehapenen araubidea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da.

Hamalaugarren oinarria.–Publiko egitea eta informazioa.

1. Ebazpen honetako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, laguntza honi dagokion fitxan.

2. Informazio hori 10 urtez gordeko da, gutxienez, eta jendearen eskura egonen da, murrizketarik gabe, laguntza emateko erabakia hartu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F1814825