18. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

86/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basozain izateko hogeita hamaika lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia.

Uztailaren 18ko 53/2017 Foru Dekretuaren bidez (152. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 7koan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremurako 2018ko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari dagokiona, eta hartan sartu ziren basozain izateko hogeita sei lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak, C mailakoak.

Abenduaren 12ko 102/2018 Foru Dekretuaren bidez (244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 20koan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2018ko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako berritze-tasari dagokiona, eta hartan sartu ziren, basozain izateko bost lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak, C mailakoak.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak azaroaren 19an emandako 2752/2018 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basozain izateko lanpostu hutsak. Lekualdatze lehiaketa tramitazioan dagoenez gero, lekualdatze lehiaketa horretan bete gabe gelditzen diren lanpostuak izanen dira deialdi horretan bete beharreko hogeita hamaikak.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basozain izateko hogeita hamaika lanpostu betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basozain izateko hogeita hamaika lanpostu betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko idazkaritza tekniko nagusiari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 14an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

DEIALDIA, BASOZAIN IZATEKO HOGEITA HAMAIKA LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da basozain izateko 31 lanpostu betetzea oposizio bidez. Lanpostuak funtzionarioen araubidekoak dira, C mailakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak; zehazki, eskainiko dira Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren azaroaren 19ko 2752/2018 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen diren lanpostuak. Lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira haien plantilla-zenbakiak eta destinoak.

1.2. Hogeita hamaika lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–15 lanpostu, txanda irekian.

–15 lanpostu, igoera txandan.

–Lanpostu 1 erreserba txandan, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat.

1.3. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Era berean, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostuak bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, bidezko diren txandetakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Bestetik, igoera txandan edota desgaitasuna dutenentzako erreserba txandan, eskaintzen diren lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badute prozesua, txanda horietan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horrexetako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek, deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean, aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean.

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, hauetako titulu bat izatea: Lanbide Heziketako Basoa eta natur ingurunea kudeatzeko goi mailako teknikari titulua edo Baso-ustiapeneko teknikari espezialista, edo Baso-ustiapeneko eta natura zaintzeko teknikari espezialista, edo Natur eta paisaia baliabideak kudeatzeko eta antolatzeko goi mailako teknikari titulua izatea, edo horietako baten baliokidea, edo titulu horietako bat eskuratzeko baldintzetan egotea eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) B motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimena izatea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betebeharrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txanda honetan parte hartzeko gainerako betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragoko batekoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek bete beharreko berariazko betebeharrak:

Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzez gain, ofizialki aitorturik eduki beharko dute %33ko edo hortik goitiko desgaitasuna.

2.1.4. C1 motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimena izateko baldintza duen lanpostu batez jabetu nahi izanez gero, gidabaimen hori edukitzea beharrezkoa izango da.

2.1.5. Euskarazko B2 jakite-maila eduki beharra duen lanpostu elebidun bat eskuratu nahi izanez gero, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera aipatu maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako bat –2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa–), edo ofizialki baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo, bestela, izangaiak behar den hizkuntza maila duela frogatzeko berariaz deituko den proba gainditzea.

2.2. Betebehar horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

Aurrekotik salbuetsita daude euskararen ezagutza eta C1 motako gidabaimena, hori eskatuko baita 8.1 oinarriak ezartzen duen epea amaitzen denean; eta igoera txandako izangaiei dagokienez, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintza. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dute baldintza hori, bai eta deialdiaren 8.1 atalean agiriak aurkezteko aurreikusten den epea bukatzen denetik lanpostuaren jabetza hartzeko unera arte ere.

2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, www.nafarroa.eus helbidean, nabigazio bide honi jarraituz: “Enplegua”, “Lan eskaintzak”, “Enplegu publikoa Foru Administrazioan”, “Enplegu finkorako eta aldi baterako enplegurako deialdiak”, deialdi honen aipamenean sartuta.

Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 26 euroko tasa ordaindu beharko da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik gutxienez hilabetez lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena honela frogatu beharko da:

–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Hau egiteko deialdiaren erreseinan horretarako dagoen eredua aurkeztu beharko da edo deialdian parte hartzeko eskabidean horretarako dagoen tokian idatzi beharko da.

Telematika bidez ordainduko da tasa, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–3.3.b) ataleko kasuagatik tasa ordaintzetik salbuetsita daudenek enplegu bulegoak luzatutako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, baita errentarik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere (biak ala biak aurreko atalean aipatutako agiriak). Errentei buruzko adierazpen hori soilik aurkeztu beharko da eskabidean behar den tokian adierazi ez den kasuetan.

Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak.

Hiru.–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Interneteko www.navarra.es helbidean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Burua: Alberto Jesús Ecay Pagoto jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezko batzordeburua: Fermín Olabe Velasco jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Natur Ingurunearen Zerbitzuko zuzendaria.

–Kidea: Elena Baeza Oliva andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: José Ardaiz Ganuza jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Arrantza Kudeatzeko Bulegoko burua.

–Kidea: Gregorio Oyaregui Arriada jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: Ignacio Borda Pascal jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Baliabideen Kudeaketarako eta Laguntzarako Bulegoko burua.

–Kidea: Ramón Ismael García Muñoz jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Ordezko epaimahaikidea: Luis Javier Laurnagaray Mihura jauna, Langileria Batzordearen ordezkaria.

–Mahaikide idazkaria: Tania Bernaldo de Quirós Miranda andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

–Epaimahaikide idazkari ordezkoa: Luis Ángel García Nicolás jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2019ko maiatzetik aurrera hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenengo proba.

Test motako 100 galdera erantzun beharko dira idatziz, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Izangaiek bi ordu izanen dituzte, gehienez, ariketa hori egiteko.

Proba honetan, gehienez ere, 50 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira proba horretan gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak.

6.3.2. Bigarren proba.

Proba fisikoa, izangaiak egiazta dezan lanpostuaren eginkizunak betetzeko beharrezkoa den gaitasuna duela frogatzeko. Proba burutzeko, izangaiek 5 kilometroko martxa bat egin behar dute, menditik zehar, 8 kilogramoko gainpisua duen motxila bat eramanez (+/- 100gr), ondoren esaten den denboran:

–Gizonezkoak: gehienezko denbora, 34 minutu.

–Emakumezkoak: gehienezko denbora, 40 minutu.

Proba hau egiteko, izangaiek arropa eta oinetako egokiak ekarriko dituzte, baita mendi-ibiliak egiteko motxila bat ere, zeinak aipatutako gainpisua garraiatzeko edukiera izango baitu.

Epaimahaiak emango dio izangai bakoitzari ibilaldian garraiatu beharreko karga.

Ibilaldian zehar izangaiek ezingo dute inolako gailu elektronikorik erabili.

Antolaketa-kontuak direla eta, proba hau egiteko deia egun eta ordu ezberdinetan egiten ahalko da, lehen proba gainditzen duten izangaien kopurua kontuan hartuta. Horretarako, epaimahaiak argitaratuko du, gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin, eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, deialdiaren tokiaren, egunaren, orduaren eta egin beharreko ibilibidearen berri emanez. Ibilbidea berbera izango da izangai guztientzat.

Proba hasi baino lehen, izangaiek erantzukizunpeko adierazpen bat egingo dute. Bertan berariaz adieraziko dute aski baldintza fisiko eta osasun baldintza dituztela proba egin ahal izateko. Adierazpen hori epaimahaiari emango zaio deia egiten den unean. Adierazpena egiten ez dutenek edo adierazpena ezin egin dezaketenek proba egiteko eskubidea galduko dute eta prozesutik kanpo geratuko dira, ondorio guztietarako.

Izangairen batek ezin badu proba hau egin haurdun dagoelako edo erditzeko arriskua dagoelako, eta egoera hori behar den bezala justifikatzen bada, epaimahaiak hausnartuko du ea merezi duen proba geroratzea, izangai horiek beste egun batean egin dezaten. Izangai horien egoera hautaketa prozesua amaitzeko baldintzapean geratuko da, eta geroratutako proba gainditzeko baldintzapean; gerorapena ezin izango da luzatu beste izangaiek prozesua arrazoizko denboren barruan ebatz dadin daukaten eskubidea urratzeraino, eta epaimahaiak inguruabar hori balioetsi beharko du. Edonola ere, proba hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratu baino lehen egin beharko da.

Proba honetako kalifikazioa gai/ez gai izango da, eta gai kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak baztertuta geratuko dira.

6.3.3. Hirugarren proba:

Praktikoa izango da; idatziz, ebazpen honetako I.eranskineko gai-zerrendako II. zatiko gaien gainean epaimahaiak proposatuko dituen kasu praktikoak jorratu eta erantzun beharko dira.

Izangaiek bi ordu izanen dituzte, gehienez, ariketa hori egiteko.

Proba honetan 50 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira proba horretan gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak.

Plika sistemaren bidez eginen da proba hori.

6.4. Lehen eta hirugarren probak egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, ekiporik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

6.5. Probak bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu, Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren aipamenaren barruan), izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

7.–Gainditzen duten izangaien zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, kalifikazio epaimahaiak gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera banatua. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak egiaztatzeko eta lanpostu hutsen hautaketaren tramiteak egiteko.

7.2. Berdinketarik gertatuz gero, hirugarren ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

Halarik ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak jendaurrean eginen duen zozketa bakar baten bidez erabakiko da. Alfabetoaren bi letra aterako dira ausaz, eta berdinketak ebatziko dira lehen deituraren ordena alfabetikoari jarraikiz, ateratzen diren bi letra horietatik abiatuta. Horren ondorioetarako, ZZ letren atzetik AA hartuko dira. Ezein izangairen lehenengo deitura ez bada hasten ausaz ateratzen diren bi letra horiekin, ordena alfabetikoari jarraikiz hurrengoa den deitura hartuko da, betiere kontuan hartuta ZZ letren atzetik AA hartuko direla. Bozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.

8.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten ezartzen den bidea erabiliz:

a) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) B motako gidabaimenaren fotokopia.

c) C1 motako gidabaimena nahitaezko duten lanpostuetarako, C1 gidabaimenaren fotokopia erantsi beharko dute.

d) Euskarazko B2 jakite-maila duten lanpostu elebidunen bat lortu nahi duten pertsonek bide hauetako bat aukeratu beharko dute:

–Eskatutako euskara maila egiaztatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat aurkeztea. Titulua edo ziurtagiria bat etorri beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta agertu beharko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotako tituluen zerrendan (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko da, deialdi honen 2.1.5 atalean xedatutakoaren arabera.

–Euskara maila neurtzeko proba egin diezaiotela eskatzea.

8.2. Euskara maila neurtzeko proba.

Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatu duten izangaiek, eta oinarri honetan ezartzen den epean eskatzen den hizkuntza maila egoki frogatu ez duten ikasgaiek, euskara maila neurtzeko proba bat egin beharko dute.

Horretarako, epaimahaiak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren laguntza eskatuko du. Organo horrek hizkuntza mailaren gaineko berariazko ariketa bat eginen du, eta izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen die euskarazko B2 jakite-mailarako.

Horretarako, epaimahaiak probara deitutako izangaien zerrenda argitaratuko du, proba egiteko lekua, eguna eta ordua adierazita, deialdiaren 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Euskara probaren kalifikazioa bukaturik, emaitzak aurreko paragrafoan ezarritako modu berean argitaratuko dira.

8.3. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen hogeita hamaika lanpostu hutsen zerrenda eta izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera) Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiari buruz egiten den iragarkian.

Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, beren lehentasun-ordena basozain lanpostu huts bat betetzeko.

8.4. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Bestalde, hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak hautatzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, alde batera utzita desgaitasuna dutenen txandako izangaien salbuespena.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamen horretan egonen dira, probak gainditu eta eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendatzeko proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiari buruzko aipamenean ere, 11. oinarrian aurreikusitakoarekin bat.

9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasi eta 30 egun naturaleko epearen barnean:

A) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela frogatzen duena.

c) Zinpeko aitorpena edo aitorpen solemnea, adieraziz ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin egin edo hitzematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

B) Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarri buruzkoa.

C) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko diren izangaiek espedientean ez egoteagatik eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztu beharko dute, behar izanez gero.

D) Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak, eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintzetakoren bat betetzen dutela egiaztatzen ez dutenak, ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangaien zerrendan, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, basozain izateko lanpostuetan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostuen esleipena ere eginen da.

10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren arabera (urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 9.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.4. Izangaia funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, indarreko araudian ezarritako kasuetan, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.

10.6. Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetako batean sartzen direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

11.–Jarduketen publizitatea.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko iragarki taulan argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus, “Enplegua”, “Lan eskaintzak”, “Enplegu publikoa Foru Administrazioan”, “Enplegu finkorako eta aldi baterako enplegurako deialdiak” aukeratuta.

12.–Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda.

12.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin bat, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

1) Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda.

2) Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan sartzerik ez duten izangaien zerrenda, honako hauek osatuko baitute:

a) Hautapen prozesuko probaren bat gainditu duten izangaiak.

b) Hautapen prozesuko lehenengo probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %30 lortzen duten izangaiak.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, bi zerrenda horiek onetsiko dira, hots, batetik, lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda, eta bestetik, lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan sartzerik ez duten izangaien zerrenda.

Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da izangaien ordena, handienetik txikienera. Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan sartzerik ez duten izangaien zerrendan, berriz, irizpide hauek erabiliko dira ordena finkatzeko: lehenbizi, prozesuan gainditutako proba kopurua (proba gehien gainditzen dutenak aurretik), eta bigarrenik, gainditutako probetan lortutako puntuazio guztien batura, salbu eta aurreko ataleko b) letran ezarritakoa, izan ere, kasu horretan lehenengo proban lortutako puntuazioa hartuko da aintzat.

Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

12.3. Izangaiei lanerako deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

12.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuz.

Sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

Aurrekotik salbuetsita dago euskararen ezagutza, zeren, kontrataziorako izangaien zerrendak onartu baino lehen, epe bat irekiko baita euskara maila egiaztatzeko, eta betekizuna horretarako ematen den epea amaitu eta gero eskatuko da.

12.5. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 14an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

I. zatia.–Zati orokorra:

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Europako Kontseilua. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia. Europako Erkidegoko ordenamendu juridikoaren iturriak: sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

3. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

4. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta funtzioak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

5. gaia.–Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eratzea eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentuaren desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

6. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahalmena. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

7. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako printzipio orokorrak. Herritarren eskubideak Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan. Antolaketa: printzipio nagusiak, egitura organikoa eta administrazio organoen eskumenak, kide anitzeko organoak.

8. gaia.–Administrazio egintzak. Administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

9. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: administrazio prozeduretako interesdunak. Administrazio publikoen jardunaz: jarduteko arau orokorrak; moduak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Gauzatzea.

10. gaia.–Zehapen prozedura. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen arauak.

11. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

12. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

13. gaia.–Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu onari buruzko abenduaren 29ko 5/2018 Foru Legea: xedapen orokorrak. Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa: xedapen orokorrak. Printzipioak datuak babesteko. Pertsonen eskubideak. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa.

II. zatia.–Berariazko zatia:

14. gaia.–Ingurumena Espainiako Konstituzioan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko eskumen banaketa ingurumenaren arloan.

15. gaia.–Basozaintza Nafarroan. Basozainen eginkizunak eta zerbitzuak.

16. gaia.–Naturgune baten eta haren ekosistemen azterketa Eskualde ekologikoak. Formazio naturalen eta ekosistemen sailkapena eta motak. Formazio edo ekosistema nagusiak: garrantzia eta distribuzioa, ingurune fisikoa, landaretza eta flora, fauna, erabilerak eta aprobetxamenduak, zainketa.

17. gaia.–Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea. 1996 Foru Legea, ekainaren 17koa Nafarroako Naturguneei buruzkoa.

18. gaia.–Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentaraua, maiatzaren 21ekoa, Natur Habitatak eta Basa Fauna eta Flora Zaintzeari buruzkoa 2/1993 Foru Legea, martxoaren 5ekoa, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzkoa: I. eta II. tituluak. Natura 2000 Sarea Nafarroan

19. gaia.–Flora eta fauna zaintzea. Espezie katalogatuak eta berreskuratze-planak.

20. gaia.–Nafarroako ugaldeetako eremu ekologikoak eta arrainen eremuak. Landaretza eta fauna. Ugaldeetako ekosistemen eta ingurukoen ezaugarriak. Zaintzeko dauden arazoak. Neurri zuzentzaileak. Ur-emari ekologikoak.

21. gaia.–Nafarroako arrainak eta karramarroak biologia, banaketa, ekologia, zainketa.

22. gaia.–Nafarroako anfibioak eta narrastiak biologia, banaketa, ekologia eta zainketa.

23. gaia.–Falkoniforme eta estrigiforme habiagileak Nafarroan Banaketa, egungo egoera, eremu garrantzitsuenak, zaintzeko arazoak.

24. gaia.–Nafarroako estepa-hegazkinak. Banaketa, egungo egoera, eremu garrantzitsuenak, zaintzeko arazoak.

25. gaia.–Nafarroako ugaztun ungulatuak. Banaketa, egungo egoera, eremu garrantzitsuenak, zaintzeko arazoak.

26. gaia.–Nafarroako pizidoak eta kiropteroak. Banaketa, egungo egoera, eremu garrantzitsuenak, zaintzeko arazoak.

27. gaia.–Mendiak Nafarroan 13/1990 Foru Legea, abenduaren 31koa, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzkoa, eta hura garatzeko erregelamendua.

28. gaia.–Nafarroaren pinudi autoktonoak. Ezaugarriak. Ekologia eta banaketa. Bertan gehien dagoen flora eta fauna. Pinus sylvestris, Pinus uncinata eta Pinus halepensis espezieen basogintza eta ezaugarri kulturalak. Jotzen dituzten gaitzak eta izurriak.

29. gaia.–Nafarroako pagadiak. Ezaugarriak. Ekologia eta banaketa. Bertan gehien dagoen flora eta fauna. Fagus sylvatica espeziearen basogintza eta ezaugarri kulturalak. Jotzen duten gaitzak eta izurriak.

30.gaia.–Nafarroako hariztiak, erkameztiak, karraskadiak eta artadiak Ekologia eta banaketa. Bertan gehien dagoen flora eta fauna. Quercus robur, Quercus petraea, Quercus humilis, Quercus faginea eta Quercus ilex espezieen basogintza eta ezaugarri kulturalak. Jotzen dituzten gaitzak eta izurriak.

31. gaia.–Espezie hauen eskakizun ekologikoak, basogintza eta ezaugarri kulturalak: Abies alba, Castanea sativa, Juglans regia, Fraxinus excelsior, Prunus avium eta Populus. Jotzen dituzten gaitzak eta izurriak.

32. gaia.–Espezie hauen eskakizun ekologikoak, basogintza eta ezaugarri kulturalak: Robinia pseudoacacia, Quercus rubra, Pinus nigra austriaca, Pinus nigra corsicana, Pseudotsuga menziesii, Pinus radiata eta Picea abies. Jotzen dituzten gaitzak eta izurriak.

33. gaia.–Basogintza Zuhaiztien forma nagusiak. Zuhaiztiaren egitura: definizioa eta motak. Zuhaizti nagusia eta osagarria. Mozketa-epearen, birsortzeko aldiaren, heldutasunaren eta mozteko diametroaren kontzeptuak. Adin naturalaren eta artifizialaren motak. Eremu basimetrikoaren kontzeptua.

34. gaia.–Mendien antolamendua Kontzeptua eta helburuak. Mendiek ematen dituzten erabilerak. Antolaketa proiektuak: inbentarioaldia eta plangintzaldia. Mendiak antolatzeko metodoak.

35. gaia.–Dasometria Zuhaitzaren neurketak zutik dagoela eta bota ondokoak. Zutik dauden zuhaitzen kubikazioa. Koefiziente morfikoa. Kubikazio taulak. Botatako zuhaitzen kubikazioa. Zuhaitz baten adina zehaztea. Eremu basimetrikoa. Batez besteko hazkundearen, hazkunde arruntaren eta Pressler-en hazkundearen kontzeptua.

36. gaia.–Basoa inbentariatzea Zerrenda osoaren araberako inbentarioa. Lagin estatistikoaren araberako inbentarioa. Ereduko zuhaitza: hautaketa eta bildu beharreko datuak, kubikazio taulak eta produkzio taulak.

37. gaia.–Baso-berritzeak: Lurra prestatzea. Ereinketa eta landaketa. Zuzenketa hidrologikoaren lanak eta eginbeharrak. Landare-ekaia. Erabiltzen diren espezieak. Erabiltzen diren makineria, tresnak eta baliabideak.

38. gaia.–Baso suteak: Prebentzioa eta itzalketa. Natur ingurunea antolatzea sua zabaltzea zaila izan dadin. Sua ebakitzeko eremuak eta zerrendak. Kalteen balorazioa.

39. gaia.–Oihaneko gaien aprobetxamendua antolatu eta planifikatzea Erabiltzen diren tresnak, makineria, ekipoak eta materialak. Oihaneko gaien aprobetxamendu lanetan gerta daitezkeen ingurumenaren gaineko eragina eta kalte ekologikoak.

40. gaia.–Ehiza Nafarroan: Ehiza-espezieak. Abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzkoa, eta hura garatzeko erregelamendua. Ehiza debekualdiei buruzko foru agindua.

41. gaia.–Arrantza Nafarroan: Ur kontinentaletako arrantza espezieak. Abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzkoa, eta hura garatzeko erregelamendua. Arrantza debekualdiei buruzko foru agindua.

42. gaia.–Ehiza eta arrantza espezieen populazioak. Populazioen errolda eta jarraipena. Ehiza espezieek eta espezie basatiek eragindako kalteak, eta erreferentziazko araudia. Gaitzak, harrapakariak eta lehiatzaileak.

43. gaia.–Espezie exotiko inbaditzaileak Nafarroan. Kontrolatzeko metodoak eta araudia.

44. gaia.–Ehiza antolatzeko planak Populazioen erabilera eta kudeaketa. Habitata babestu eta zaintzea. Hobekuntza teknikak. Kalteen prebentzioa.

45. gaia.–Arrain haztegiak Birpopulatzeko eta ustiatzeko piszikultura. Salmonidoen haztegiak. Arrain birpopulazioak.

46. gaia.–Abelbideak 19/1997 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Nafarroako Abelbideei buruzkoa.

47. gaia.–Hondakinak. Hondakinen arloko eskumenen banaketa. 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa. 14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa. 23/2011 Foru Dekretua, martxoaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena.

48. gaia.–Proiektuen ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean. Parke eolikoen, linea elektrikoen eta errepideen ingurumen eragin nagusiak. Neurri zuzentzaileak eta ingurumen zaintzako programa.

49. gaia.–Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduak arautzen dituen ingurumen ukipenetarako baimenak, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsiak. Hoditerien eta lurzati berrantolamenduen ingurumen eragina.

50. gaia.–Lurzoru urbanizaezinean jarduerak garatzea. Ezartzeko eta arautzeko irizpideak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren arabera.

51. gaia.–Ingurumen-hezkuntza eta ingurumen arloko boluntariotza. Ingurumen-hezkuntzaren oinarrizko printzipioak: Oinarrizko kontzeptuak eta definizioak. Ingurumen-hezkuntzaren xedeak eta helburuak. Naturaren interpretazio zentroak Nafarroan. Ingurumen arloko boluntariotza.

Iragarkiaren kodea: F1900649