178. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

188E/2019 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendariak emana. Honen bidez kraft ore kimikoa eta papera modu integratuan fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua berrikusten da, instalazioa egokitzeko Europako Batzordearen TEO ondorioei buruzko 2014/687/EB Betearazpen Erabakira. Horrela bada, ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetako baldintzak eta ebazpen honetako eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte instalazioak eta jarduerak berak. Hizpide dugun instalazioa Zangozako udal mugartean dago eta Smurfit Kappa Navarra SA du titular.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 21eko 177/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 6ko 441E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 14ko 12E/2016 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

Baimenaren baldintzak berrikusi behar dira, teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik zenbatzen hasita lau urteko epean; halaxe xedatu baita abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan. Instalazio hau biltzen duen industria sektoreari dagokionez, hori gauzatu zen Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakiaren bidez; horrek papera eta paperaren orea fabrikatzeko dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industria-isuriei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

2018ko otsailaren 1ean, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak titularrari jakinarazi zion egun horretan bertan hasiko zirela ingurumen baimen integratua berrikusteko prozeduraren izapideak egiten, instalazioa egokitu beharra zegoelako Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian ezarritako baldintzetara. Hala egin zen, ulertu baitzen titularrak aurkeztutako agiriak nahikoak zirela arestian aipatutako izapideei hasiera emateko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 7.5 artikuluan jasotako salbuespena aplika ziezaiola eskatu zuen titularrak (testu hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onetsi zen), aukera izan nahi baitzuen mugako isurtze-balio ez hain zorrotzak ezartzeko, 3. gunetik, hots, kare labetik ateratzen diren SOx isurketetarako. Titularrak, alabaina, ez du behar bezala frogatu ingurumen-onuraren aldean gehiegizko kostuak sortuko liratekeenik 2014/687/EB Betearazpen Erabakian ezarritako mugako isurtze-mailak lortu ahal izateko, ez baitu agerian jarri arestian aipatutako 7.5 artikuluan jasotako inguruabarrak betetzen direnik. Horregatik guztiagatik ezin aplika dakioke eskatu duen salbuespena.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

2018ko abuztuaren 31n, instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean jarri zen hasierako ebazpen proposamena. Gero, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak beste txosten bat igorri zuen isurien onargarritasunari buruz eta, horrenbestez, beste ebazpen proposamen bat egin zen. Bigarren proposamen hori titularrari entzunaldia emateko tramitean jarri zen, berriz ere, 2019ko otsailaren 21ean. Ebazpen honen VI. eranskinean jaso dira titularrak berari entzunaldia emateko bi tramiteetan aurkeztutako alegazioen zerrenda, eta horiei emandako erantzunak. Era berean, instalazioaren ezaugarriei buruzko zenbait ohar aurkeztu zituen titularrak, eta horiek aukera eman dute ingurumen baimen integratuaren eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Berrikustea Zangozako udal mugartean kraft ore kimikoa eta papera modu integratuan fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua, instalazioa teknika erabilgarri onenen gaineko ondorioei buruzko 2014/687/EB Betearazpen Erabakira egokitzeko; hortaz, instalazioak eta jarduerak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazio horren titularra Smurfit Kappa Navarra SA da.

Bigarrena.–2020ko urtarrilaren 1a baino lehen, titularrak instalazioa egokitzeko proiektuak aurkeztu beharko ditu, ebazpen honetako III. eranskineko A ataleko neurri tekniko geroratuak jasota. 2022ko urriaren 1a baino lehen, berriz, B ataleko neurri geroratuen proiektua aurkeztu beharko du. Horrela, bada, instalazioa nabarmen aldatzeko administrazio prozedura tramitatzen has daiteke, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hirugarrena.–Titularrak instalazioa egokitzeko proiektuak egin beharko ditu, kontuan izanik ebazpen honetako III. eranskineko neurri tekniko geroratuak funtzionatzen hasiko direla eranskin horren beraren A eta B ataletan zehaztutako betearazpen datetan.

Laugarrena.–2020ko urtarrilaren 1a baino lehen, martxan jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du titularrak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, ebazpen honetako II. eranskineko neurri teknikoak funtzionatzen hasteari buruz, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Bosgarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena eguneratzea, hots, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege-Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen dira zer isurketa egin daitezkeen eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko.

Nolanahi ere, legediak ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak erakunde autonomikoari eska diezaioke ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedura hasteko (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-Dekretuaren 26. artikulua eta Urei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen 1/2001 Legegintzako Errege-Dekretuaren 104. artikulua).

Bereziki, ezustean gertatzen direnean lehenago baimena ez ematea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, horiek ere baimena ez ematea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketenean.

Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak alda ditzake kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta baliabide hartzailearen ingurumen baimenak bermatzeko.

Uretara isurketak egiteko ezarritako baldintzak behin eta berriz ez betetzea ingurumen baimen integratua kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean ezarritakoa.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Smurfit Kappa Navarra SAri, Zangozako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1910263