178. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

843E/2019 EBAZPENA, abuztuaren 13koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez finantzaketa emateko deialdi bat onesten da, 2019. urtean erizainen berrikuntzako ikerketa areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan. DDBN identifikazioa: 470946.

Ebazpen honen xedea da finantzaketa emateko deialdi bat onestea 2019. urtean erizainen berrikuntzako ikerketa areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan.

Osasuneko kontseilariak abuztuaren 22an emandako 87/2014 Foru Aginduak onetsi zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ikerketa sustatzeko programa. Programa horren 7.2.3 puntuan aurreikusita dago ikerketa areagotzeko prozedura bat abian jartzea baldintza hauek betetzen dituzten unitate asistentzial jakin batzuen ikerketa lanari sostengua emateko: ikerketarako proposamen oso zehatza izatea, bai eta ibilbide profesional nabarmena frogatua duten profesionalak izatea ere.

Aipatutako baldintzak betetzen dituzten unitate asistentzialen berrikuntzako ikerketa lana areagotzeko –halakotzat ulerturik ebidentzian oinarritutako gomendioen inplementazioa eta ebaluazioa–, beharrezko jotzen da hautatutako ikerlariei jarduera asistentzialaren zati bat kentzea. Horretarako, finantzaketa gehigarria bermatu beharra dago, profesional horiek betetzen ez dituzten jarduera asistentzialari erantzuteko aldi baterako kontratazioak eginez.

Estatu mailan Carlos III Osasun Institutuaren bidez eskaintzen den areagotze programaren osagarria da prozedura hau, eta haren ildotik aurreikusten du Osasun Departamentuak aldi baterako kontratazioaren zati bat finantzatuko duela, ikerketa lana areagotzen duten fakultatiboen edo erizaintzako langileen lanaldiaren erdia adinakoa, zehazki.

Azaldutakoaz baliatuta, ikusirik Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako txostena eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasuna, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Finantzaketa emateko deialdi bat onestea 2019. urtean erizainen berrikuntzako ikerketa areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan.

2. Finantzaketa emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Guztira, 30.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen bidez onesten den deialdia finantzatzeko. Aipatutako gastua egotziko zaio 2019ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Osasun langile publikoen ikerketa areagotzeko bekak” izeneko 512002 51350 4809 465102 partidari.

2019ko ekitaldian partida horretan kreditu erabilgarri gehiago izanez gero, deialdian hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

4. Ebazpen hau igortzea Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari, Ogasuneko Kontu-hartzailetzari eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 13an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate asistentzialetako erizainen berrikuntzako ikerketa lana areagotu dadin sustatzea 2019. urtean, betiere unitate horiek hobekuntza plan bat baldin badute Segurtasun Klinikoaren Estrategia (Osasuneko kontseilariaren ekainaren 17ko 264E/2016 Foru Aginduaren bidez onetsia) ardatz hartuta.

2.–Prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskudunak.

Arau hauetan ezarritako ondorioetarako, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari esleitzen zaizkio ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eginkizunak. Instrukzio organoak Batzorde Teknikoaren balorazioari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen denean, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala dela ulertu behar da.

3.–Onuradunak.

3.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako unitate organikoetako arduradunek (zerbitzuak, atalak, ospitale arloko unitateak, osasun mentaleko zentroak edo lehen osasun laguntzakoak) eska dezakete beren profesionaletako bat ikerketa areagotzeko programan sartzea, baldin eta unitateek hurrengo oinarrian ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

3.2. Eskaera egiten duten unitate organikoek bete beharko dituzten baldintzak hauexek dira:

a) Unitate organikoaren Hobekuntza Plan bat aurkeztea, ongi zehazturik helburuak, ekintzak eta ebaluazio adierazleak. Hobekuntza Planak, zeina funtsaturik egonen baita ebidentzia zientifikoan oinarritutako gomendioen ezarpenean eta ebaluazioan, Segurtasun Klinikoaren Estrategia (Osasuneko kontseilariaren ekainaren 17ko 264E/2016 Foru Aginduaren bidez onetsia) izanen du ardatz.

b) Ospitaleen eta osasun mentaleko sarearen esparruan gutxienez %80ko puntuazio orokorra lortu izana ebaluatutako azken urteko kudeaketa helburuak lortzeari dagokionez; oinarrizko osasun laguntzan “Akreditatua” egoera lortu izana “Akreditazioa” deritzon atalean.

3.3. Bestalde, ikerketa areagotzeko izangaiek funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura izan behar dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin, erizaintzako langile gisa, areagotzeko laguntza eskatzen denetik areagotze jarduera amaitzen den arte.

4.–Gastu finantzagarriak.

4.1. Osasun Departamentuak ordezko langileak aldi baterako kontratatzeko kostua finantzatuko du, 30.000 euroko gastua gehienez ere, 2019ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Osasun langile publikoen ikerketa areagotzeko bekak” izeneko 512002 51350 4809 465102 partidaren kargura.

4.2. Finantzaketaren xedea izanen da ikerketa lana areagotzen duten erizaintzako profesionalek utziko duten lana aldi baterako kontratazioaren bidez betetzea.

4.3. Unitate organikoari finantzatzen ahal zaion gehieneko diru-zuzkidura 15.000 eurokoa izanen da, Gizarte Segurantzako enpresa-kuota barne.

4.4. Ikerketa lana areagotzen duen profesionala atxikia duen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzak eginen du beharrezkoak diren langile ordezkoen kontratazioa. 11. oinarrian xedatutakoari jarraikiz finantzatuko da kontratazioa.

5.–Ordezteko kontratuaren ezaugarriak.

5.1. Ordezko langileei administrazio kontratua eginen zaie, aplikatzekoa den legerian oinarrituta eta ordeztu beharreko profesionalak urtean duen lanaldiaren erdia, gehienez ere, liberatzeari dagokion denborarako; denbora hori zerbitzuaren beharren arabera banatzen ahal da.

5.2. Diru-zuzkidura hamabi hilabetez erabiliko da gehienez ere, ordezkapeneko lehen kontratua sinatzen denetik hasita. Ordezko langileen kontratazioak etenda emandako denbora ez da berreskuratuko.

6.–Eskabideak.

6.1. Deialdi honen kargura laguntzak (ikerketa areagotzeko) eskatzeko agiri normalizatuak Nafarroako Gobernuko webguneko tramiteen katalogoan daude eskura (www.nafarroa.eus).

6.2. Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1. agiria.–Liberatu beharreko profesionala atxikia duen unitate organikoaren arduradunak izenpetutako eskabidea, areagotzeko laguntzaren eskatzaileak berak sinatua eta bertan adierazita unitate asistentzialari dagokion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzaren ikus-onetsia.

2. agiria.–Ikerketa lana areagotu behar duen profesionala zer unitate asistentzial organikotakoa den, unitate horren Hobekuntza Plana, ongi zehaztuta helburuak, ekintzak eta esku-hartzearen ebaluaziorako adierazleak.

3. agiria.–Ikertzaileak ikerketa lana areagotzen duen denboran beteko duen jardueraren kronograma eta zehaztasunak.

4. agiria.–Areagotzeko laguntzak jasotzeko izangaiaren curriculum vitae-a, eredu normalizatuaren arabera betea, zeina eskura baitago Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan (www.navarra.es).

7.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Eskaerak 30 eguneko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

7.3. Eskabideak ez badu frogatzen aipatutako baldintzak betetzen direla, instrukzio organoak jakinarazpen administratibo baten bidez eskatuko dio interesdunari gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta jakinaraziko dio, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, bidezko den ebazpena eman ondoren.

8.–Baloraziorako Batzorde Teknikoa.

Honako hauek osatuko duten Batzorde Tekniko batek baloratuko ditu tramitera onartzen diren eskaerak:

–Ana Fernández Navascues andrea. Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzua. O-NOZ.

–Ana M.ª Mateo Cervera andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Zainketen Garapen eta Berrikuntzarako Erizaintza Arloko burua. ISCIII-ren ebidentzian oinarritutako osasun zainketarako Espainiako Zentroko Batzorde Zientifikoak Nafarroan duen ordezkaria.

–Esther Ezquerro Rodríguez andrea. Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua. ISCIII-ren ebidentzian oinarritutako osasun zainketarako Espainiako Zentroko Jarraipen Batzordeak Nafarroan duen ordezkaria.

–Idoia Gaminde Inda andrea. Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

9.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

9.1. Balorazioa irizpide hauen arabera eginen da:

a) Areagotzeko laguntzak jasotzeko izangaiaren curriculumeko merezimenduen balorazioa: gehienez 30 puntu.

a.1. Curriculum vitae-an agertzen diren argitalpenen balorazioa. 10 puntu emanen dira gehienez, honelaxe banaturik:

–Journal Citation Report (JCR) delakoan indexatutako argitalpen bakoitzeko: lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada: 1 puntu. Gainerako egileak: 0,5 puntu.

–Beste datu base batzuetan edo beste aldizkari zientifiko batzuetan indexatutako argitalpen bakoitzeko: lehen edo azken egilea edo korrespondentziako egilea bada: 0,3 puntu. Gainerako egileak: 0,15 puntu.

a.2. Ikerketa proiektuetan izandako parte-hartzea, norgehiagokako deialdietan: 5 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

Parte hartzea ikertzaile nagusi gisa:

–Europa mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 1,5 puntu.

–Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: puntu bat.

–Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 0,6 puntu.

–Laguntzaile gisa parte hartu izanez gero, aipatutako puntuazioaren erdia emanen da.

a.3. Beste merezimendu batzuk: 15 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako doktore-tesia: 4 puntu tesi bakoitzeko.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako masterra: 2 puntu master bakoitzeko.

–Asistentziaren kalitatearen arloko prestakuntza (5 puntu gehienez):

  • Etengabeko prestakuntzako jarduera akreditatuak: 1 puntu kreditu bakoitzeko.
  • Etengabeko prestakuntzako jarduera akreditatu gabeak: 1 puntu 10 orduko.

–Esperientzia hobekuntza plan baten bultzatzaile gisa (4 puntu: Bai = 4, Ez = 0).

b) Aurkeztutako Hobekuntza Planaren balorazioa: 70 puntu gehienez.

b.1 Aldatu beharreko arazoaren diagnostikoa: hori baloratzeko, abiapuntuko egoera, arazoa sortzen ari diren kausarik probableenak eta haren kuantifikazioa hartuko dira kontuan. 20 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

–Aldatu beharreko arazoaren diagnostikoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren testuinguruan kokatuta badago: 20 puntu.

–Testuinguruan partzialki kokatzen bada (arlo edo zentro batean): 10 puntu.

–Testuinguruan kokatzen ez bada: 0 puntu.

b.2 Proposatutako helburuen eta ekintzen arteko egokitzapena: baloratuko da hobekuntza ekintzak honako hauek ezagutzearen ondorio logiko gisa aukeratzea: arazoa, haren kausak, ezarritako helburuak eta ekintzen ebidentzia maila. 30 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

–Proposatutako ekintza guztiak ebidentzian oinarrituta badaude eta gomendioaren indarra aipatzen bada: 30 puntu.

–Proposatutako ekintzen erdia, gutxienez, ebidentzian oinarrituta badaude eta gomendioaren indarra aipatzen bada: 20 puntu.

–Proposatutako ezein ekintzaren gomendioaren indarra aipatzen ez bada: 10 puntu.

–Ekintzak helburuei loturik ez badaude: 0 puntu.

b.3 Ongi definitutako neurketa adierazle kalkulagarriak: haien balioa, sentsibilitatea eta espezifikotasuna baloratuko dira, bai eta proposatutako ekintzetan nahi den aldaketa neurtzeko ahalmena ere. 20 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

–Proposatutako ekintza bakoitzerako ongi definitutako neurketa adierazle kalkulagarri bat badago: 20 puntu.

–Ekintzen erdiak, gutxienez, ongi definitutako neurketa adierazle kalkulagarri batekin lotuta badaude: 10 puntu.

–Ekintzetako bat ere lotuta ez badago, edo ekintzen erdiak baino gutxiago baldin badira ongi definitutako neurketa adierazle kalkulagarri batekin lotuta daudenak: 0 puntu.

9.2. Programa bat finantzatzeko, gutxienez 35 puntu lortu beharko dituzte proiektuek.

10.–Areagotzearen onespena.

10.1 Batzordeak, 9. puntuan ezarritako irizpideei jarraikiz, finantzaketa emateko behin-behineko proposamen bat onartu beharko du. Proposamena Nafarroako Atarian argitaratuko da (tramiteen katalogoan).

10.2 Argitaratu ondoren, 10 egun naturaleko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ditzaten.

10.3 Izangaiek aurkeztutako alegazioez edo behin-behineko zerrendan eragina izan dezaketen bestelako gorabeherez batzordeak bere iritzi loteslea adierazi ondoren, instrukzio organoak laguntzak emateko eta ukatzeko behin betiko proposamena eginen du.

10.4 Osasuneko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, zehaztuko du zein diren ikerketa lana areagotzeko laguntza jasoko duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate organikoak, instrukzio organoak eginiko proposamen arrazoituari jarraikiz.

Ebazpena jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen administrazio prozedura erkidea arautzen duten legeetan ezarri bezala, ikerketa lana areagotuko duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate organikoei eta ikerketa eginen den zentroko zuzendariari, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jarriko da jendaurrean.

11.–Finantzaketaren kudeaketa.

Emandako zenbatekoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari ordainduko zaio, Q3150004D IFZ, finantzaketaren xedeko gastuak ordain ditzan.

12.–Proiektua gainbegiratzea.

Proiektuak behar adinako kalitatearekin gauzatuko direla bermatzeko, hobekuntza zikloen aurrerapenaren gainbegiratzea eta tutorizazio jarraitua Segurtasun Klinikoaren Estrategiaren (Osasuneko kontseilariaren ekainaren 17ko 264E/2016 Foru Aginduaren bidez onetsia) arduradunak eginen du.

13.–Ikerketa lana areagotzeko jarduera betetzea.

13.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera gauzatuko da deialdi honetan eta ikertzaileak egin beharreko jarduerari buruz aurkeztu den dokumentazioan aurreikusitako moduan.

13.2 Ikerketa lana areagotzeko jardueraren garapenean gertatzen den gorabehera edo aldaketa oro idatziz baimendu beharko du, aurretik, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak.

Frogatzen bada ez direla bete, osorik edo partez, deialdi honetan eta aplikatzekoak diren arauetan ezarritako baldintzak, Osasuneko zuzendari nagusiak, behin Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak txosten arrazoitua emanik, jardueraren finantzaketa eten dezake, eta jasotako zenbatekoa itzul dadila eskatu, alde batera utzi gabe izan daitezkeen erantzukizunak.

14.–Ikerketa lana areagotzeko jardueraren amaiera eta justifikazioa.

14.1. Areagotzeko jarduera amaitzen den egunetik hurrengo hilabeteko epean, hobekuntza asistentzialeko zikloen aurrerapenaren ikuskapena eta tutorizazio jarraituak egiten dituen arduradunak, unitate organikoko arduradunarekin batera, Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari igorri beharko dio amaierako memoria bat, bere baitan duena berrikuntzaren eraginari buruzko atal bat, jardun klinikoaren gaineko eragina edo osasun arloko politiken gainekoa, osasunaren gaineko eragina edo eskaintzen den osasun zerbitzuaren gainekoa. Egoki irudituz gero, informazio osagarria eskatzen ahalko da.

14.2. Areagotu beharreko jarduera garatzeari begira beharrezkoa bada, unitate organikoaren arduradunak Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari eskatzen ahalko dio, arrazoituta, epea luza dezala proiektua gauzatzeko edo azken memoria aurkezteko, behar bezala arrazoituta, gauzatzeko epea bukatu aurretik, edo memoria aurkezteko epea bukatu aurretik, kasuan kasukoa.

15.–Gainerako konpromisoak.

Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan edo, oro har, areagotzeko jardueraren ondoriozko emaitzen zabalkundean, deialdi honen bidezko finantzaketa izan dela zehaztu beharko da ohar baten bidez. Produkzio horien berri Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari emanen zaio, areagotzearen espediente zenbakia eta sortzen diren argitalpenak zehaztuta, kontuan izan gabe azken memoria noiz igorri zen.

Iragarkiaren kodea: F1910940