178. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

448/2019 EBAZPENA, uztailaren 18koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasle, irakasle eta langileek atzerrian prestakuntza egonaldiak egiteko laguntzen deialdia aurkezten duena. Prestakuntza egonaldi horiek 2020-2021 ikasturtean eginen dira Erasmus+ programaren esparruaren barruan. DDBN identifikazioa: 467557.

Hezkuntza Departamentuak bi proiektu aurkeztu ditu SEPIEren deialdi nazionalean, Lanbide Heziketari lotutako ikasle, irakasle eta langileentzako prestakuntza egonaldiak errazteko.

Proiektuak bi Erasmus+ partzuergoren egituraren barruan aurkeztu dira, Hezkuntza Departamentuak gidatuak; haien partaide dira Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak (ikasleak, irakasleak eta langileak bidaltzen dituzten erakunde gisa eta proiektuen kudeaketa prozesu osoaren bitartekari gisa).

2020-2021 ikasturterako eskatzen ahal diren plazak honako hauek dira:

–Erdi mailarako:

  • Ikasleentzako 60 egonaldi, 3 hilabetekoak.
  • Ikasleentzako 29 egonaldi, 2 astekoak.
  • Lanbide Heziketako irakasle eta langileentzako 42 egonaldi, aste 1 eta 6 aste bitartekoak.

–Goi mailarako:

  • Ikasleentzako 70 egonaldi, 3 hilabetekoak.
  • Lanbide Heziketako irakasle eta langileentzako 2 egonaldi, astebetekoak.

SEPIEk ebaluazio prozesua eginen du proiektuak onesteko eta horietako bakoitzari dagokion laguntza kopurua esleitzeko; laguntzen kopuru zehatza prozesu horren araberakoa izanen da.

Laguntzak erabiliko dira Europako enpresetan egiten diren prestakuntza egonaldien zati bat finantzatzeko.

SEPIEk, proposamenak hautatzeko, eginen duen prozesuaren emaitzak jakin ondoren, plazak laguntza eskatu duten Lanbide Heziketari lotutako ikasle, irakasle eta langileei esleituko zaizkie, horretarako eginen den lehenespen prozesuari jarraikiz, LHko ikastetxeen lankidetzarekin eta apirilaren 3ko 31/2012 Foru Aginduan ezarritako irizpideekin bat. Esleipen hori eginen da ebazpen honi erantsi zaizkion deialdiaren oinarrietako I. eta II. eranskinetako xehetasunei jarraikiz.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariaren txostena ikusirik, non adierazten baita argitaratu beharra dagoela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileek, Erasmus+ programaren esparruan, Europako enpresetan praktikak egiteko deialdia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasle, irakasle eta langileek atzerrian prestakuntza egonaldiak egiteko laguntzen deialdia onestea. Prestakuntza egonaldi horiek 2020-2021 ikasturtean eginen dira Erasmus+ programaren esparruaren barruan.

2. 110.000,00 euroko gastua onestea 2020. urterako eta 390.000,00 eurokoa 2021. urterako, 2020ko gastuen aurrekontuko “Erasmus+ programa. SEPIE” izeneko 420003 42600 4800 322E00 partidaren baliokide izateko gaitzen den partidaren kargura. Gastua honela banatuko da:

2020. urterako, 80.000,00 euro bideratuko dira erdi mailako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileentzako laguntzentzat, eta 30.000,00 goi mailako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileentzat.

2021. urterako, 320.000,00 euro bideratuko dira erdi mailako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileentzako laguntzentzat, eta 70.000,00 goi mailako Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta langileentzat.

Gastu hori egiteko, betiere, urte bakoitzeko partidan behar adinako kreditu egokia izan beharko da.

3. 2020-2021 ikasturteko Erasmus+ programaren Europako enpresetako egonaldien deialdia Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdi honen eranskinetan ezartzen diren zehaztapenekin bat.

4. Ebazpen hau Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Berrikuntzaren, Enpresaren eta Lanbide Heziketa Nazioartekotzearen Atalari, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoari, Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Argibide eta Agiri Bulegoari igortzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko uztailaren 18an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

2020-2021 DEIALDIA

Laguntzen deialdia, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasleek atzerriko prestakuntza egonaldiak egiteko 2020-2021 ikasturtean, Erasmus+ programaren esparruan

OINARRIAK

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza batzuk ezartzea Nafarroako Gobernuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako ikasleek atzerriko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten 2020-2021 ikasturtean.

Bigarrena.–Atzerriko prestakuntza egonaldien ezaugarri orokorrak.

Hezkuntza Departamentuak, Lanbide Heziketa egiten ari diren ikasleek Europar Batasuneko enpresetan prestakuntza jaso dezaten bultzatzeko asmoz, bi proiektu aurkeztuko ditu, Erasmus+ programaren esparruan, ikasle horiei dirulaguntzak emateko Europan prestakuntza egonaldiak egin ditzaten.

1.–Proiektu bat erdi mailako ikasleentzat da.

2.–Beste proiektu bat goi mailako ikasleentzat da.

Bi proiektuek nahitaezko Lantokiko Prestakuntza programa egiteko aukera eman dezakete, edo prestakuntza osagarria egiteko, Europako enpresetan. Europako enpresetako prestakuntza osagarria egiten da Lanbide Heziketako ikasketak eta hari dagozkion derrigorrezko praktikak bukatu ondoren. Bi kasuotan, ikasle interesdunek praktikak zer ikasturtetan egin nahi dituzten, horren aurrekoan aurkeztu beharko dute eskaera.

SEPIE-Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak proiektua onesten badu, plazak esleituko dira hautatzen den destinoko herrialdearen arabera eta arau honetan ezarritako baremoaren arabera.

Hirugarrena.–Eskaerak.

Egonaldi hauek bi modutan artikulatzen ahalko dira:

A modalitatea.–Erdi mailako eta goi mailako ikasleentzat: egonaldi hauek hamahiru edo hamalau astekoak izanen dira, eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren bitartez kudeatuko dira.

B modalitatea.–Erdi mailako ikasleentzat bakar-bakarrik: bi edo hiru asteko egonaldiak izanen dira, aurretik Lanbide Heziketako ikastetxe batek proposaturik; bidezkoa bada, tutore batek lagundurik joanen dira ikasleak.

Lehenengo taldeko egonaldietan (A modalitatean) interesaturik dauden ikasleek honako helbide honetan agertzen den inprimaki elektronikoa erabiltzen ahal dute eskaera egiteko: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/solicitud-erasmus-plus.

Bigarren taldeko egonaldien kasuan (B modalitatea), Lanbide Heziketako ikastetxeak parte-hartzaileen zerrenda bat prestatuko du, eta haietako bakoitzari eskatuko dio Hezkuntza Departamentuak emanen duen eskabide-orria bete dezala.

Eskaerak egiteko epea 2019ko azaroaren 4tik abenduaren 6ra artekoa da, biak barne.

Epe berean, goian aipatutako inprimaki elektronikoaz gain, beka hauen eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte beren Lanbide Heziketako ikastetxean:

a) Parte-hartzaileek beren gain hartzen dituzten konpromisoei buruzko dokumentua (paperean sinatua).

b) Curriculum vitaea eta aurkezpen gutuna, ingelesez idatziak eta Europass eredua erabiliz (PDF formatu informatikoan). Destinoko herrialdea Frantzia bada edo hango lan hizkuntza frantsesa bada, frantsesez aurkeztuko da.

b) fitxategiaren izenaren formatua: 1. ABIZENA_2. ABIZENA, IZENA_CVetaCP.

Hamar eguneko epea emanen da akatsak zuzentzeko, izena eman dutenen zerrendak Lanbide Heziketako ikastetxeetan argitaratzen direnetik hasita.

Dokumentuak errazago betetzearren eta hautagaiak aukeratu eta bekak esleitzeko prozesu osoa erraztearren, Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan eskuragai egonen dira hala ereduak nola ikastetxeek eta parte-hartzaileek jakin behar duten informazio guztia. Interneteko helbidea:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/1964/Becas-para-estancias-de-formacion-en-empresas-de-la-Union-Europea-para-el-alumnado-de-FP

Ikasleek parte hartzeko bete beharreko baldintzak:

1. Ingelesa erabili behar duten egonaldietarako, gutxienez B1 maila izatea, eta Frantziako egonaldietarako, berriz, frantsesezko A2 maila. Italiako edo Portugalgo egonaldietarako, ez da hizkuntza mailarik eskatuko.

2. Atzerrira joateko behar diren agiriak edo baimenak izatea.

3. Programa honen bidez Lantokiko Prestakuntza egiten dutenei exigituko zaie ez dezatela modulu bat baino gehiago gainditu gabe izan Lantokiko Prestakuntza zer ikasturtetan egin duten, haren lehen hiruhilekoan.

Laugarrena.–Laguntzen esleipena.

Eskatzaileen artean banatuko diren plazen kopurua SEPIEren aurrekontu-kontsignazioaren eta onesten diren proiektuen araberakoa izanen da.

Beka hauen onuradunek jasoko duten dirua ostaturako, mantenurako eta destinoko herrialdera joateko bidaiarako izanen da. Parte-hartzaile bakoitzak jasoko duen diru-zenbatekoa SEPIEk deialdi bakoitzerako argitaratzen dituen tauletan ezarriko da. Taula horiek Zerbitzuen Katalagoan argitaratuko ditu Hezkuntza Departamentuak, eskuragai eduki bezain laster.

2018ko Erasmus+ deialdirako argitaratutako taulak erreferentzia gisa erabiltzen ahal dira deialdi honetarako bideratu daitezkeen gutxi gorabeherako kopuruak kalkulatzeko.

Ikastetxe bakoitzari esleituko zaizkion plazak bakoitzak aurkezten duen eskaera kopuruaren arabera banatuko dira, modu proportzionalean. Hasierako esleipen hori, alabaina, aldatzen ahalko da, ikastetxeek eginen duten hautapen prozesuaren lehenengo fasean sortzen diren zerrenden arabera.

Lanbide Heziketako ikastetxeek 0tik 100 puntura bitarteko puntuazioa emanen diete ikasleei, hurrengo atalean ezarriko diren irizpideei jarraikiz. Lehenengo hautapen fasea gainditzeko, gutxienez 50 puntu lortu beharko dira.

Barematzeko irizpideak:

Ikastetxe bakoitzak honako irizpide eta gehieneko puntuazio hauei jarraituko die eskatzaileak ebaluatzeko eta haien hasierako hautapen proposamena egiteko:

1. Espediente akademikoa: 50 puntu arte.

2. Jarreraren ebaluazioa, Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko den ebaluazio errubrikaren arabera: 20 puntu arte.

3. Prestakuntza egiaztatua atzerriko hizkuntzetan: 20 puntu arte.

4. Lan esperientziaren eta gizarte trebetasunen balorazioa: 10 puntu arte.

2. atala baloratzeko, eskatzaileei eskola ematen dieten irakasleek, jarreraren ebaluazio errubrika dela-eta, ematen dituzten orientazioei jarraikiko zaie.

3. eta 4. atalak baloratzeko, Lanbide Heziketako ikastetxeek eskatzaile bakoitzaren curriculum vitaearen kopia gorde beharko dute, ikasle guztien balorazio orekatua egiteko datu aski edukitzeko.

Gero, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak hautapenaren lehenengo fasea gainditzen duten parte-hartzaile guztiak elkartuko ditu, programaren nondik norakoak hobeki ulertzeko informazio bilera bat egiteko.

Orobat, Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketako ikastetxeei eskatuko die egiazta dezatela ea curriculum vitaean adierazitako hizkuntza maila egokia den beste herrialde batera bidaiatzeko eta behar diren bermeekin moldatu ahal izateko prestakuntza praktikak eginen dituzten enpresetan.

Azkenik, behin-behineko zerrenda bat prestatuko da, ikastetxez ikastetxe antolatua, bekan ordenan esleitzeko.

Balizko onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko da. Zerrenda hori Lanbide Heziketako ikastetxeei ere jakinaraziko zaie, posta elektronikoaren bidez.

Parte-hartzaileren batek egonaldiak prestatzeko programatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, Hezkuntza Departamentuak beka kentzen ahalko dio.

Era berean, Hezkuntza Departamentuak ezin du bermatu Europako bazkideek enpresa bat aurkituko diotenik onuradun bakoitzari. Hortaz, Europako bitartekariekin batera proiektuaren kalitatea bermatzeko dauden aukera guztiak agorturik, zilegi izanen da eskatzaileari jakinaraztea beka baliogabetu zaiola enpresa hartzailerik ez dagoelako.

Parte-hartzaile bakoitzaren destinoa berretsi ondoren, behin betiko zerrenda prestatu eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan ezagutaraziko da. Zerrenda hori behin betiko bihurtuko da parte-hartzaileek destinoko herrialdera bidaiatzeko garraioa ordaintzen dutenean.

Bosgarrena.–Egonaldien garapena, antolaketa eta jarraipena.

Europar Batasuneko herrialdeetan egiten diren A modalitateko egonaldiek 13 edo 14 aste iraunen dute guztira. Egonaldi horiek hiru alditan egiten ahalko dira, ikasturteko hiru hiruhilekoetan, hain zuzen.

Prestakuntza-egonaldia parte-hartzailearen espezialitatearen sektorearekin zerikusia duen enpresa batean eginen da, baina horren truke ez da ezer ordainduko.

Parte-hartzaileren batek erabakitzen badu ez duela egonaldia bere kasa antolatu eta egin nahi, Hezkuntza Departamentuak kudeaketa hauek eginen ditu:

–Destinoko hiriak esleitzea, Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan aritzen diren Europako bazkideekin egiten diren akordioen arabera, eta ikasleak hartzeko dauden enpresen arabera.

–Ostatua eta enpresa bilatzea, bazkide horiekin lankidetzan.

–Bidaia antolatzea.

–Istripu asegurua eta erantzukizun zibilekoa kontratatzea.

–Egonaldien jarraipen eta tutoretza lana egitea inprimaki elektronikoen bidez, deusetan galarazi gabe onuradunek beraiek zenbait kudeaketa egin behar izatea norberaren ikastetxearekin, edo jarraipenerako eta ebaluaziorako beste dokumentu batzuk bete behar izatea, egonaldi horien kudeaketa lanetan laguntzen duten Europako bazkideek eskatuta.

Nolanahi ere, parte-hartzaileek beren kasa antolatzen ahal dituzte egonaldiak, Hezkuntza Departamentuak eskura jartzen dituen bazkide-bitartekariak edo Lanbide Heziketako ikastetxeak erabili gabe.

Bide hori aukeratzen duten parte-hartzaileek enpresaren gaineko informazioa eta harekin harremanetan jartzeko datuak jakinarazi beharko dituzte, parte-hartzaileak berak programatzen duen egonaldia fidagarria dela bermatzeko.

Europar Batasuneko herrialdeetan egiten diren B modalitateko egonaldiek, guztira, bi edo hiru aste iraunen dute, eta Lanbide Heziketako ikastetxeek egiten dituzten proposamenen arabera antolatuko dira. Proposamen horiek otsailaren erdialdea baino lehen egin beharko dira, Hezkuntza Departamentuak 2020ko deialdian aurkezten dituen proiektuen barruan sartu ahal izateko.

Seigarrena.–Jarraipena eta ebaluazioa.

Proiektuko parte-hartzaileek jarraipenerako material batzuk jasoko dituzte, enpresako tutorearekin batera bete beharko dituztenak egonaldia bitartean. Material horiek, funtsean, hiru eredu dira: hileko txostena betetzeko eredua, enpresara joaten dela frogatzen duen eredua eta amaierako ebaluaziorako eredua. Eredu horiek Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogotik deskargatzen ahalko dira.

Dokumentu horiez gain, zeinak prestakuntza egonalditik itzulitakoan Hezkuntza Departamentuan aurkeztu beharko baitira, parte-hartzaileek inprimaki elektroniko hauek bete beharko dituzte:

1. Enpresaren datu guztiak zuzendu edo berresteko dokumentu bat.

2. Hileko txosten bat, Hezkuntza Departamentuak helaraziko duen inprimaki elektronikoaren bidez beteko dena.

3. Egonaldiari buruzko balorazio soil bat Hezkuntza Departamentuarentzat, Hezkuntza Departamentuak helaraziko duen inprimaki elektronikoaren bidez bete beharko dena.

4. Egonaldiari buruzko azken txostena SEPIErentzat. Txosten hori Europako Batzordeak diseinatu duen Mobility Tool izeneko aplikazioaren bitartez egin beharko da. Azken txosten hori betetzea nahitaezkoa da.

Gainera, Lanbide Heziketako ikastetxeekin lankidetzan, Europass ziurtagiria eskatuko da Europass Agentziak prestatutako aplikazio informatikoaren bidez. Ziurtagiri horren kudeaketa lanetan proiektuaren eragile guztiak sartuko dira: Hezkuntza Departamentua, Lanbide Heziketako ikastetxea, Europar Batasuneko enpresa eta ikaslea.

Zazpigarrena.–Parte-hartzaileak bete beharrekoak.

1. Prestakuntza egonaldia justifikatzeko behar den dokumentazioa betetzea.

2. Prestakuntza jardueretara nahitaez joatea destinoko antolatzaileek ezartzen dituzten epeetan.

3. Egokitzen zaion ostatu mota onartzea, izan familia batean, egoitza batean edo beste ikasle batzuekin partekatutako apartamentu batean.

4. Kortesiazko ohiko arauak betetzea familiekin, errentariekin eta auzoekin, eta ondasun higiezinak errespetatzea. Bizikidetasun arauak betetzen ez badira, programatik kanporatua izan daiteke.

5. Nahitaez joatea enpresara laneko orduetan. Absentzia guztietan, parte-hartzaileak frogagiri medikoa edo bestelakoa aurkeztu beharko du harrerako enpresan. Justifikatu gabeko faltak enpresaren txostenean jasoko dira.

Prestakuntza egonaldia bitartean parte-hartzaileak Lantokiko Prestakuntza modulua egiten badu, bereziki zaindu beharko ditu arestian aipatutako jarraibideak, izan ere, betetzen ez baditu, zilegi izanen da “ez gai” kalifikazioa ematea prestakuntza modulu horretan, eta, hala, behartua egonen da berriro egitera bere espezialitateko titulua lortuko badu.

Zortzigarrena.–Laguntzen ordainketa.

Onuradun bakoitzak bere banku kontuan jasoko ditu Europar Batasunak editatzen dituen mugikortasun tauletan esleitzen diren laguntzak. Taula horiek SEPIEk argitaratuko ditu proiektu mota bakoitzarentzat.

Onuradunek jasotzen duten finantzaketa bidaia-zerbitzuak, ostatua eta mantenu gastuak ordaintzeko erabiliko dute, jakinki zerbitzu horien kostua, kasu askotan, laguntza publikoak baino handiagoa izan daitekeela.

Laguntzak kobratuko dira Hezkuntza Departamentuan dagoen Ogasuneko Kontu-hartzailetzak gaitzen ahal dituenean, Hezkuntza Departamentuak SEPIErekin sinatu beharreko hitzarmenak jaso ondoren.

Hori horrela, gomendatzen da norberaren finantzabideak edukitzea egonaldi osorako, litekeena baita egonaldiaren bukaeran ordaintzea laguntza, lehen azaldutako arrazoiengatik.

Goi mailako ikasleek 550,00 euroko laguntza osagarria jasotzen ahalko dute, Nafarroako Rural Kutxak emanen duena, Hezkuntza Departamentuarekin honelako mugikortasun programak bultzatzeko sinatu duen lankidetza hitzarmenaren ondorioz. Horretarako, parte-hartzaile horiek banku kontu bat izan beharko dute entitate horretan.

Bederatzigarrena.–Ez-betetzeak eta laguntza deuseztatzea.

Norberak erabakita Hezkuntza Departamentuaren berariazko baimenik izan gabe egonaldia uzten duten parte-hartzaileek eta, orobat, harrerako enpresek edo bazkideek, arrazoi justifikatuak izanik, kaleratzen dituzten parte-hartzaileek laguntzari uko egin arte sortutako gastuak ordaindu beharko dituzte, izan ere, kontratua bete ezean, ez da SEPIEren inolako finantzaketarik izanen (parte-hartzaileen betebeharren agirian azaltzen den bezala).

Orobat, parte-hartzaileak egonaldia hasi aurreko hiru hilabetean uzten badu programa, hura prestatzeko gastuak ordaindu beharko ditu, edo ordura arte sortutako bidaia gastuak.

Kasu horretan, egonaldia programatu bada Lantokiko Prestakuntza modulua egiteko asmoz, aldi horretako deialdia galduko du eta hurrengo deialdira arte itxaron beharko du modulu hori egiteko.

II. ERANSKINA

2020-2021 DEIALDIA

Laguntzen deialdia, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako irakasleek eta langileek atzerriko prestakuntza egonaldiak egiteko 2020-2021 ikasturtean

OINARRIAK

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza batzuk ezartzea ikastetxe publikoetako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako irakasleek eta langileek atzerriko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten 2020-2021 ikasturtean.

Bigarrena.–Atzerriko prestakuntza egonaldien ezaugarri orokorrak.

Hezkuntza Departamentuak, Lanbide Heziketako edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako irakasleen eguneratze teknologikoa eta hizkuntzen arloko hobekuntza bultzatzeko asmoz, bi proiektu aurkeztuko ditu, Erasmus+ programaren esparruan, irakasle horiei dirulaguntzak emateko prestakuntza egonaldiak egin ditzaten Europako herrialdeetako prestakuntza zentro edo enpresetan.

Proiektu bat erdi mailako irakasgaiak ematen dituzten irakasleentzat izanen da, eta bestea goi mailako irakasgaiak ematen dituztenentzat.

Eskatzaileak bi hezkuntza etapa horietan irakasten badu, bi proiektuetatik edozeinetan sartzen ahalko da.

Proiektuan parte hartzeko interesa duten irakasleek programan parte hartzea eskatu beharko dute, eta harrerako bazkide bat bilatu Europan (enpresa edo prestakuntza zentro bat), beren espezialitatearekin lotutako prestakuntza egonaldia bertan egiteko. Harrerako bazkideak Europako erregistro kodea jakinarazi beharko du.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuak prestakuntza egonaldiak antolatzen ahalko ditu zerbitzuak berak koordinatzen dituen proiektu estrategikoak garatzen ari diren langile teknikoen eta irakasleen taldeentzat.

SEPIE-Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak proiektuak onesten baditu, plazak esleituko dira erabiltzen den hizkuntzaren arabera, destinoko herrialdearen arabera eta arau honetan ezarritako baremoaren arabera.

Prestakuntza egonaldia bukatutakoan (parte-hartzaileak deialdi honetan eta Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren araudian ezarritako betebehar guztiak bete ondoren), parte-hartzaileak egonaldian sortutako gastuen zenbatekoa jasoko du, zehazki, erakunde horrek destinoko herrialde bakoitzerako tauletan ezartzen duen gehieneko zenbatekoa.

Hirugarrena.–Eskaerak.

Interesdunek egonaldiaren aurreko ikasturtean eskatuko dute proiektuan parte hartzea.

Eskaerak aurkezteko epea 2019ko azaroaren 4tik abenduaren 13ra artekoa izanen da, biak barne.

Proiektuan parte hartzeko, ezinbestekoa da honako dokumentazio hau aurkeztea aipatutako epearen barruan:

1. Eskabide-orria (IV. eranskina).

2. Curriculum vitaea, Europass aplikazioaren bidez tramitatu beharko dena (http://europass.cedefop.europa.eu/es/home).

3. Egin gogo den jardueraren azalpen zehatza eta nola banatuko den denboran zehar (V. eranskina), harrerako erakundearekiko harremanetarako datuak barne.

4. Ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia jarduera egiteko.

Agiri horiek ikastetxean aurkeztuko dira, eta Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegora igorriko dira Google Drive plataformaren bidez, Lanbide Heziketako irakasleentzako bekei buruzko ataletik abiatuta.

2019-2020 ikasturtean barrena ere eskaerak aurkez daitezke. Eskaera horiek, alabaina, ez dute lehentasunik izanen, inora ere ez, apartatu honen hasieran ezarritako epean aurkeztutakoen aldean.

Laugarrena.–Laguntzen esleipena.

Espainia osoko proiektuen ebaluazio prozesua bukaturik, SEPIEk Hezkuntza Departamentuari jakinaraziko dio proiektuak onetsi diren edo ez, eta zenbat plaza esleitu zaizkion.

Horren ondotik, proiektuak onetsiz gero, baldintza hauek betetzen dituzten parte-hartzaileak hautatzeko prozesua eginen da:

–Jardunean izatea, bai eskatzeko unean, bai egonaldia bitartean, Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketako edozein ikastetxe publikotan edo arte eskolatan.

–Espezialitatearekin zuzenean lotutako programaren kalitatea, eskatzailearen irakas-jarduerarekin edo Hezkuntza Departamentuaren proiektu estrategiko batekin.

–Egonaldia eskola garaian eginez gero, ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia beharko da, eman gabe geldituko diren eskoletarako hartzen diren neurriak jakinarazi ondoren.

Aurreko baldintzak betetzen dituzten hautagaiak honela ordenatuko dira:

–Lehendabizi: prestakuntza ikastetxean behin betiko destinoa duten izangaiak.

–Bigarrenik: ikastetxean behin betiko destinorik ez duten izangaiak edo izangai kontratudunak.

Atal bakoitzaren barruan, lehentasuna emanen zaie Hezkuntza Departamentuaren proiektu estrategiko batean parte hartzen duten hautagaiei eta hautagaiaren araberako profila duen enpresa bat daukaten eskatzaileei.

Berdinketa gertatuz gero edo kategoria horietako bakoitzean eskatzaileak plazak baino gehiago badira, Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako hauek osatua:

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Berrikuntzaren eta Lanbide Heziketa Nazioartekotzearen Ataleko burua.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuko bi batzordekide.

Batzorde horrek erabakiko du hautagaien ordena, irizpide hauei jarraikiz:

–Jarduera nola egokitzen zaion irakasleen espezialitateari edo egiten duen lan teknikoari (40 puntu).

–Eskatzaileak parte hartzea Hezkuntza Departamentuak koordinatzen dituen proiektu estrategikoetan, berrikuntza proiektuetan edo elkarteetan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren deialdien esparruan (40 puntu).

–Egonaldian prestakuntza teknologiko edo didaktikorako programatuta dauden orduen kopurua (20 puntu).

Onuradunak hautaturik, Hezkuntza Departamentuak aukeratu diren hautagaien zerrenda jarriko du ikusgai Hezkuntza Departamentuaren iragarki taulan eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan.

Hautatzen diren irakasleek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoan:

–Ikastetxeko zuzendariaren oniritzia, adierazteko irakaslea kanpoan dagoen bitartean bere eginkizunak beteta egonen direla, egonaldia eskola garaian bada.

–Europako laguntza onartzen dela dioen dokumentua, laguntzaren onuradunak sinatua.

Bosgarrena.–Egonaldien garapena, antolaketa eta jarraipena.

Egonaldiak astebetetik sei astera bitartekoak izanen dira.

Parte-hartzaileek laguntza onartzeko dokumentu bat sinatuko dute; hartan, laguntzaren ezaugarriak, dauzkaten finantzabideak eta egonaldiaren kudeaketan eta dokumentazioaren prestaketan laguntzeko konpromisoa jasoko dira.

Parte-hartzaileak berak kudeatu beharko ditu garraiobidea eta erabili nahi duen ostatua.

Dena dela, Hezkuntza Departamentuak entitate laguntzaileekiko harremanak bideratzen laguntzen ahal dio, kudeaketa lanak errazteko.

Egonaldia hasi baino 15 egun lehenago beranduenik, parte-hartzaileek hura egiteko behar den dokumentazioa jaso beharko dute Hezkuntza Departamentuan, hots: kontratua, prestakuntzarako akordioa, aseguru poliza eta jarraipenerako materialak.

Egonalditik itzuli ondoren, irakasleek honako dokumentazio hau aurkeztuko dute Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoan:

–Prestakuntzaren kontratua eta akordioa, parte hartzen duten alderdi guztiek sinatua.

Horiez gainera, parte-hartzaileek honako dokumentu hauek bete beharko dituzte baliabide elektronikoak erabiliz:

–Egonaldiaren memoria, Europako Batzordearen Mobility Tool tresnaren bidez prestatua.

–Europass Mobility.

Egonaldia bukatutakoan, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak parte-hartzaile bakoitzak hartu beharreko dirulaguntza kalkulatuko du, egonaldiaren benetako iraupena kontuan hartuta, Erasmus+ programaren finantza arloko esku-liburuaren jarraibideen arabera. Parte-hartzaile bakoitzak jaso dezakeen gehieneko finantzabidea zehazten duten dirulaguntza taulak Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko dira, SEPIEk ofizialki argitaratu ondoren.

Behar diren zenbatekoak onuradunaren kontuan ordainduko dira, ordainketa-ebazpen arrunt baten bidez.

Seigarrena.–Egonaldien ebaluazioa.

Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak sistema bat ezarriko du irakasleen prestakuntza egonaldien jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

Zazpigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzen onuradun gertatzen diren irakasleek, oinarri hauetan ezarritakoa betetzeaz gain, kudeaketan, dokumentazio prestaketan eta Erasmus+ proiektuetarako baldintzak betetzeko behar diren gainerako ekintza guztietan lagundu beharko dute, aktiboki lagundu ere.

Zortzigarrena.–Ez-betetzeak eta laguntza deuseztatzea.

Hezkuntza Departamentuak laguntza baliogabetzen ahalko du, baita hura osorik edo zati bat itzultzeko eskatu ere, onuradunek arau honetan ezarritako betebeharrak eta antolaketa-arauak betetzen ez dituztenean.

IV. ERANSKINA

Parte hartzeko eskabidea (PDFa).

V. ERANSKINA

Egonaldirako aurreikusitako jardueraren fitxa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1910082