178. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

197E/2019 EBAZPENA, abuztuaren 21ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Lekarozko ur horniduraren sare berriaren proiekturako, Baztango udal-mugartean. Sustatzailea Navarra de Suelo y Vivienda SA (Nasuvinsa) da.

2019ko maiatzaren 9an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean dago sartua (“Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean”). Foru dekretu horrek onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Egin nahi den jarduketa honako hau da: ur horniduraren hoditeria berria egitea, Iruritako ur-biltegitik, Lekarozko enpresen campusa hornitzeko. Sustatzailea Nasuvinsa enpresa da. Arazo nabariak eta orokortuak daude uraren hornidura eta banaketarekin Lekarozko enpresen campusean, urbanizatu zenetik bertatik, 2012tik hain zuzen ere. Hori dela eta, presio gutxi izaten ohi da horniduran eta, batzuetan, hura eten ere egin da.

Akats horiek zuzentzeko, gaur egungo egoera eta dauden aukerak aztertu dira, eta hau da ateratako ondorioa: hornidura sare berri bat egin behar da Iruritako ur-biltegitik. Enpresen campusera ez ezik, horren ondoan dauden honako hauetara ere eramanen du ura hornidura sare berriak: Lekarozko Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI), Baztan Gazte-aterpetxea eta Hizkuntza Murgiltze Zentroa. Halaber, Baztango 14. poligonoko 399. lurzatian dagoen familia bakarreko etxebizitza bat hornitzea aurreikusten da, eta azpiegiturak zeharkatzen du aipatu lurzatia. Dentsitate handiko polietilenozko hodia erabiliko da, 140 mm-ko diametro nominalekoa eta 10 bar-eko presiokoa.

Iruritako ur-biltegian, sare berria lotzen da giltzetako ganberan dagoen irteerako hodiarekin. Trazadurak Iruritatik ekialdera dauden larreak zeharkatzen ditu, Gartzaingo NA-2594 errepideraino. Ondoren, errepide hori gurutzatzen du, baita Iruritako zeharbidea (NA-8307) ere. Zolatutako kaletik pilotalekuraino ailegatzen da, eta bertatik, Arrekalde errekaren eskuineko ertzearen barna igaro eta gero, familia bakarreko etxebizitza baten sarbideraino heltzen da, Lekarozko errepidearen ondoan. Hiltegiaren eraikineraino segitzen du, NA-4445 errepidearen eskuineko ertzean dauden larre batzuk zeharkatuz. Ondoren, Baztan ibaia gurutzatzen du, Lekarozko errepideko zubiaren taulari atxikita, eta Baztan ibaiaren eskuineko ertzean dagoen bidetik jarraitzen du, Lekarozko enpresen campusa mugatzen duen harri-hormaraino. Campusean sartuta, egun dagoen barruko banaketa sarearekin lotzen da. Trazadurak Baztan ibaia gurutzatzen duen tokitik enpresen campusean duen bukaeraraino, jarduketako eremua kontserbazio bereziko eremu baten inguruan garatzen da (“Baztan ibaia eta Artesiaga erreka” KBEa), baina horretan 15 metro inguruko tarte txiki bat baino ez du egiten, sustatzaileak 2019ko uztailean, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak eskatua, aurkezturiko dokumentazioaren arabera, tarte horretan izanen diren ukipenak zehazteko eskatu baitzitzaion.

Espedientean jasota daude Baztango Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostenak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena eman du, zenbait baldintza jarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Lekarozko ur horniduraren sare berriaren proiekturako, Baztango udal-mugartean. Sustatzailea Navarra de Suelo y Vivienda SA (Nasuvinsa) da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Baztan ibaiaren zubitik enpresen campuseko sarrera eremuraino, zanga ibaiaren ezpondatik ahalik eta urrunen eginen da, 2019ko uztailean aurkeztutako dokumentazioarekin bat.

• Zuhaitzak ez ukitzen saiatuko da, bereziki trazadurak KBEan bertan duen zatian eta Iruritako biltegiaren ondoko baso txikian.

• Ezinbestekoa bada zuhaitzen bat moztea, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren baimena behar da.

• Erreka igaro beharreko tokietan, harri-lubeta ahalik eta estuena izanen da, gehienez 2 m-ko luzera izanen du eta ez da izanen urak normalean duen maila baino altuagoa. Landare-lurra jarriko da horren gainean eta harri-lubetako harrien artean, belar eta zuhaixka espezieak hazi daitezen. Aurretiko zuinketa egiten denean Basozainak bertan egon behar dira.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira. Obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.

• Obrak hasi aurretik, sustatzaileak gutxienez 72 ordu lehenago abisatuko die Bidasoko barrutiko Basozainei (gmabidasoa@navarra.es / 608245812).

–Hirigintza arlokoak:

• Baimen honek babesten ditu honako hauei ur hornidura berria emateko beharrezkoak diren jarduketak, aurkezturiko dokumentazioarekin eta baimen honetan ezartzen diren determinazioekin bat: Lekarozko enpresen campusa, Lekarozko Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI), Baztan Gazte-aterpetxea eta Hizkuntza Murgiltze Zentroa.

• Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduera zehatzak hornidura sarearekin lotzea edo horietarako harguneak egitea. Baimenetik kanpo gelditzen da, bereziki, Baztango 14. poligonoko 399. lurzatian dagoen etxebizitzaren hargunea. Kasua bada, berezko eskaera aurkeztu behar da, eta bertan hargune berriaren beharra arrazoitu.

  • Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalaren 2019ko ekainaren 28ko txostenari jarraikiz, sustatzaileari ohartarazten zaio ezen egokiagoa litzatekeela, zubiaren aldameneko tarteari dagokionez, hodia ibaian beherako aldean jartzea, uholderik gertatuz gero kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen. Izan ere, 100dik 500 urtera bitarteko errepikatze-denborako uholdeek ukitzen ahalko lukete instalazioa, 500 urteko errepikatze-denborako uholdeak zubiaren taula gainditzen duelako.
  • Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak automatikoki bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da. Testu bategina uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalari, Baztango Udalari, Basozainei (Bidasoko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 21ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1911163