177. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXAURI

Animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Etxauriko Udalak, 2019ko apirilaren 11n egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza. Hura 2019ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 16an.

Jendaurreko epean ez da alegaziorik egin; hortaz, behin betiko onetsi da Animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza.

Etxaurin, 2019ko uztailaren 28an.–Alkatea, Idoia Aritzala Etxarren.

UDAL ORDENANTZA, ETXAURIN ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek zakurrak eta etxeko beste animalia batzuk edukitzea arautzen du, bateragarria izan dadin pertsonen eta ondasunen higienearekin, osasun publikoarekin, lasaitasunarekin eta segurtasunarekin. Orobat, animaliei behar bezalako babesa eman nahi die.

Arreta berezia jarri zaie arriskutsuak izan daitezkeen animaliei eta araudi zorrotzagoa aplikatu zaie, eduki ahal izateko baldintzei dagokienez.

Ordenantza hau aplikatuko da ezertan ukatu gabe indarrean den legediak ezartzen duena babestutako espeziei, animalien osasunari eta haien garraioari buruz.

2. artikulua. Organo eskudunak.

Udal ordenantza honetan araututako gaietan eskumena duten udal organoak honako hauek dira:

–Etxauriko Udala.

–Udaleko alkatea edo berak eskuordetzen duen organoa.

Udaleko beste edozein gobernu organo, Osoko Bilkuraren edo Alkatearen berariazko eskuordetzearekin, generikoa edo berezia izan, ordenantza honen aplikazio eremuan jarduten duena.

3. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Gainerako administrazio publikoei oro har esleitutako ahalmenak deusetan ukatu gabe, ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako arau-hausteak alkateak zehatuko ditu, edo hark espresuki eskuordetzen duen organoak. Horretarako, kontuan hartuko dira arau-haustearen graduazioa, osasun publikorako arriskua, herritarren arteko lankidetzan ez aritzea, elkarbizitzako oinarrizko arauei mespretxu egitea edo arau-haustearen larritasun maila erabaki dezaketen bestelako inguruabarrak.

Arau-haustearen izaeragatik, delitua egin dela susmatzen bada, horren berri emango zaio Instrukzioko Epaitegiari.

Udal agintaritzak agintzen ahal du ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten animaliak bildu eta berak adieraziko duen tokira eramateko.

4. artikulua. Definizioak.

Lagun egiteko animaliak: pertsonek oro har etxean dituzten animaliak dira, batez ere lagun egitekoak. Horixe da animaliak edukitzeko arrazoi nagusia, irabazi-asmorik edo salerosketa asmorik gabe; orobat, ikusmen urritasuna duten pertsonak lagundu, gidatu eta haiekin ibiltzen direnak.

Errentako animaliak: pertsonekin bizi ez arren, haiek mantendu, hazi edo gizentzen dituztenak, elikagaiak eta bestelako onurak lortzeko.

5. artikulua. Betebeharrak.

Lagun egiteko animalia baten jabeak eta/edo edukitzaileak honako betebehar hauek ditu:

1.–Higiene eta osasun baldintza onetan edukitzea, nahitaezkoa den edozein tratamendu ematea bere kontura, eta albaitariaren aldetik behar duen arreta eta laguntza egokia ematea.

2.–Alojamendu egokia ematea, arrazaren edo espeziearen araberakoa.

3.–Egoki garatzeko behar duen elikadura nahikoa ematea.

4.–Animalia babestea beste animalia edo pertsonen erasoetatik, arrisku egoeretatik, eta deserosotasun eta eragozpenetatik.

5.–Animaliak beste pertsona edo beste animalia batzuei egiten ahal dizkien erasoak saihestea, bai eta eragin ditzakeen bestelako kalte edo eragozpenak ere.

6.–Kasuan kasuko animalia edukitzeko beharrezkoak diren baimenak edo lizentziak lortzea.

7.–Animalia inskribatzea dagozkion erregistroetan, ordenantza honetan eta indarra duen araudian xedatuaren arabera.

8.–Hirigunean animalia lotuta eta kontrolatuta eramatea. Debekatuta dago edozein kasutan animalia libre ibiltzea hirigunean.

9.–Animaliaren gorotzak biltzea bide eta espazio publikoetan. Behar diren neurriak hartzea animaliak ez dezan libratze edo pixarik egin ate, atari edo ataripeetan, ez haurrentzako parkeetan ez lorategietan.

II. KAPITULUA

Etxeko animaliak edukitzeko arauak

6. artikulua. Etxebizitzetan eta bestelako esparru pribatuetan edukitzea.

Animaliak etxebizitzetan eta esparru pribatuetan edukitzeko tokiak higiene, osasun eta segurtasun baldintzak bete beharko ditu, bai animaliarentzat bai harekin bizi direnentzat eta baita bizilagunentzat ere, eta ez die inola ere arriskurik edo eragozpenik eragingo pertsonei.

Debeku da errentako animaliak etxebizitzen barrenean edukitzea, edozein delarik haien kopurua. Horrelakorik edukitzea onar daiteke jabego pribatuko lurretan, behar bezala hesitu edo itxirik badaude, ordenantza honen 1. artikuluan ezarritakoa betetzen badute eta animaliatik ateratzen diren produktuak bere kontsumorako bakarrik erabiltzen baditu jabeak.

Ukuiluko hegaztiak, untxiak, usoak eta bestelako animaliak etxean hazten ahalko dira, bai terrazetan, patioetan edo teilatu lauetan, baldin eta haien bizitokiak, instalazioen egokitasunak eta animalia kopuruak ahalbidetzen badute, kontuan hartuta higienea eta osasuna, bizilagunentzat eragozpenik edo arriskurik ez egotea, ez eta animalientzat beraientzat ere; orobat, aplikatzekoa den ingurumenari eta sektoreari buruzko araudiaren eta indarrean den hirigintzako planeamenduaren mende izango da.

Udal agintariek, ofizioz edo salaketa baten ondorioz, kasu bakoitzean egoki juzgatzen dutena erabakiko dute, betiere txosten tekniko eskudunei jarraituz eta etxebizitzan egindako bisiten ondorioz. Bizilagunek bisita horiek erraztu beharko dituzte. Horren ondotik ikusten bada ezin direla animaliak etxebizitzan edo esparru pribatuan eduki, segurtasunagatik eta osasungarritasunagatik, edo bizilagunen lasaitasuna eta deskantsua eragozten direlako, jabeari errekerimendua egingo zaio animaliak atera ditzan. Bere kabuz egiten ez badu, dagokion zehapen espedientea irekiko zaio eta bidezko zehapenak ezarriko, animaliaren edo animalien kanporatzea barne. Edonola ere, Udalaren esku-hartzeak eragindako kostuak animaliaren jabeari ordainaraziko zaizkio.

Animaliekin ikusteko duten jardueretarako Udalaren aginduzko baimen edo lizentzia beharko da, eta jarraipena izateko, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte betiere, eta aipatua ez ezik, geroan nahitaezkotzat jo daitezkeen zuzenketak aplikatu ere egin beharko dituzte, instalazioek eta haietan egiten diren jarduerek kalterik ez dutela eragiten bermatzearren.

Ukuilu, ixtegi, ehiza-zakur saldoa, eta, orohar, abeltzaintzako ustiategi mota guztiak, animaliak hazteko tokiak, aterpeak eta lagun egiteko animalien edo lehiaketetan erabiltzekoen ospitaleak ezartzeko baimena emango da, soil-soilik, landalur gisa sailkaturiko lurrean eta, gutxienez ere, lur urbanizatu edota lur urbanizagarritik 300 metroko tartea uzten bada, legediak ezartzen duen huraxe.

Aipatu instalazioetarako lizentziak jarduera sailkatuen gainean indarra duen legedian ezarritakoari jarraikiz tramitatuko dira.

Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da.

Esparru itxietan aske egoten ahalko dira, baldin eta itxiturak bermeak ematen baditu barnetik ez dutela erasorik egingo haustura, irekidura, eta abarretatik.

7. artikulua. Osasun arloko kontrola.

Lagun egiteko animalien edukitzaileak edo jabeak izango dira arduradunak animaliei legeak ezarritako kontrol eta jarraipenak egiteko. Amorruaren kontrako txertoa nahitaezkoa izango da zakur eta katu guztientzat, indarrean den foru araudiari jarraituz.

Txertaketa horiek animaliaren identifikaziorako osasun agirian agertu beharko dute, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da.

Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

Era berean, debekaturik dago animaliak sartu eta egotea elikagaiak saltzeko edo kontsumitzeko establezimenduetan.

Ez dago baimendurik animalia kultur eta kirol arloko ikuskizun publikoetako lokaletara sartzea, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.

Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.

8. artikulua. Animalien erasoak.

Lagun egiteko animalien erasoaren ondorioz inor zauriturik gertatzen bada, osasun zerbitzu publiko eskudunei eta Udalari emango die horren berri, eta medikuaren partea erantsiko dio, tratamendua ezarri ahal diezaioten, animaliaren behaketaren emaitzak halakorik gomendatzen badu.

Osasun zentroek eta medikuek Udala jakitun egin beharko dute, baldin eta laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiete lagun egiteko animaliaren batek erasoturik zaurituak gertatzen diren pertsonei.

Pertsonei ausiki edo eraso egin dieten animalien jabeak behartuta daude animaliaren datuak ematera eraso duten pertsonari, haren legezko ordezkariei eta hala eskatzen duten agintariei.

Animalia deslaia bada edo jabea ezezaguna badu, erasotako pertsonak eta udal zerbitzuak elkarrekin lan egingo dute animalia harrapatzeko.

9. artikulua. Abandonatzea edo lagatzea.

Zakurren edo bestelako animalien jabeek ez badute haiek edukitzen jarraitu nahi, horren berri emango diote udal agintaritzari eta Etxauriko Animaliak Babesteko Zentrora eraman behar dituzte, eta debekaturik dago udalerriko edozein tokitan abandonatzea. Eskabidea bideratu arte, jabeak bere animaliaren kargu egin behar du. Sortzen diren gastuak jabearen kargura izango dira. Betebehar hau ez betetzeak zehapena ekar dezake.

10. artikulua. Arauak espazio publikoetan.

Animaliak bide eta espazio publikoetan ibiltzen ahalko dira beraien jabeen gidaritzapean, edo haiek eskuordetutako pertsonekin, baldin eta ez badute arriskurik sortzen gainerako oinezkoentzat eta animalientzat.

Zakur guztiak ibiliko dira uhalaz lotuta eta dagokien identifikazioarekin. Arriskutsutzat jotzen diren arrazako zakurrek muturrekoa jarrita ibili beharko dute, metro bateko uhal sendo eta luzaezinarekin eta adin nagusiko pertsonek gidatuta. Ikusteko desgaitasuna duten pertsonen gida-zakurrek ez dute muturrekorik beharko edonon daudela ere.

Animalia gidatzen duen pertsonak, kasu guztietan, animaliari eragotzi behar dio bide eta espazio publikoetan libratzea eta, libratzen badu, gorozkiak bildu beharko ditu, eta atari, ataripe edo ateetan pixarik egin ez dezan zainduko du.

Debeku da animaliak sartu eta egotea elikagaiak saltzeko edo kontsumitzeko establezimenduetan, hots, taberna eta dendetan.

Ez dago baimendurik animalia kultur eta kirol arloko ikuskizun publikoetako lokaletara sartzea, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.

Era berean, debeku da animaliak sartzea osasun etxean eta farmazian.

Aurreko debeku horietatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.

11. artikulua. Identifikazioa eta inskripzioa, Lagun egiteko animalien udal erregistroan.

Erregelamenduaren arabera lagun egiteko animalia direnak, banaka identifikatuak izan beharko dute, Nafarroako Osasun Departamentuak baimendutako albaitari batek jarritako mikrotxip bidez, lau hilabete dituztenetik aurrera, edo eskuratu eta hilabeteko epean. Mikrotxipa jartzea nahitaezkoa izango da eta jabearen kontura egingo da.

Helburu berarekin, –zakurren errolda eguneratzea– jabeak beharturik daude, zuzenean edo identifikazio lanak egiten dituzten albaitarien bidez, identifikatzen direnetik hasita zortzi eguneko epean, dagozkien udalei jakinaraztera erregistroan gertatzen diren altak eta bajak, udalek errolda etengabe eguneratua izan dezaten.

Halaber, epe berean, jakinaraziko dira animalien eskualdaketak, eta galdutako, abandonaturiko edo kaleko zakurren jabetzak.

III. KAPITULUA

Animalia arriskutsuak eta arriskutsuak izan daitezkeenak edukitzea

12. artikulua. Definizioa.

Oro har, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dira, berez basa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak, eta ondasunei kalte egiten ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

Etxeko animaliak edo lagun egitekoak ere arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartuko dira baldin eta erregelamendu bidez halakotzat hartuak badira, eta bereziki gisa honetako zakurrak: arraza jakin batekoak izanik, beren joera erasokorragatik, tamainagatik edo masailezurren indarragatik, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza emateko eta ondasunei kalte egiteko gai direnak.

50/1999 Legearen 2.2 artikuluan ezarritako ondorioetarako, honako hauek dira arriskutsu izan daitezkeen zakurrak:

a) Arraza hauetako zakurrak: Pit Bull Terrier, Staffordshire Bull Terrier, American Staffodshire Terrier, Rottweiler, Dogo argentinarra, Fila Brasileiro, Tosa Inu eta Akita Inu.

b) Ondoko ezaugarrietako guztiak edo gehienak dituztenak:

1.–Gihar sendoak, itxura indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

2.–Aiurri handikoa eta adoretsua.

3.–Ile motza.

4.–60 eta 80 zentimetro arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetro arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik gorako pisua.

5.–Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.

6.–Lepo zabala, gihartsua eta motza.

7.–Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.

8.–Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelua txikia egiten dutenak.

a) Nolanahi den, aurreko apartatukoak izan gabe ere, arriskutsuak izan daitezkeen zakurren artean sartuko dira aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonei nahiz beste animaliei eraso egin dietenak.

b) Aurreko apartatuan aipatzen diren kasuetan, arriskutsuak izan daitezkeela erabaki beharko du agintaritza eskudunak, betiere iritzi objektiboei jarraikiz, ofizioz edo jakinarazpen nahiz salaketa baten bidez hasita, erkidegoko edo udaleko agintari eskudunak izendatutako edo gaitutako albaitari ofizial edo kolegiatu batek aldez aurretik txostena eginda.

13. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia.

Arriskutsutzat hartua bada, lagun egiteko edozein animalia edukitzeko administrazioaren lizentzia eskuratu beharko da aurretik. Lizentzia hori Etxauriko Udalak emango du, eskatzaileak bere bizitokia udalerrian duenean.

Lizentzia lortzeko, eskabidea aurkeztu beharko da, eredu ofiziala erabiliz, bai eta honako baldintza hauek betetzen direla frogatzen duten agiriak ere:

1.–Adinduna izatea.

2.–Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsu izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenaren ondorioz. Inguruabar horiek aurrekari penalen ziurtagiriaren bidez frogatuko dira.

3.–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea. Baldintza hori beteko da zentro baimendu batek luzatutako gaitasun psikologikoaren ziurtagiria edo txostena aurkeztuta.

4.–Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak edukitzeko lizentziaren kasuan, berariazko ikastaro bat gainditu beharko da, arriskutsuak izan daitezkeen zakurren oinarrizko trebakuntzari buruzkoa. Ikastaro hori behar bezala onartutako Albaitarien Elkargo Ofizial batek antolatua beharko du izan, edo baita zakurrak babesteko elkarte batek edo zakurrak hazteko eta trebatzeko federazio edo elkarte batek ere.

5.–Erantzukizun zibileko aseguru bat sinatu beharko da, 120.000 eurokoa gutxienez, arriskutsuak izan daitezkeen animaliek hirugarrenei sortzen dizkieten kalte pertsonal eta materialetarako.

6.–Etxauriko Udalak ezartzen duen tasa ordaintzea.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko administrazio lizentzia bost urterako izango da, ematen den egunetik hasita, eta interesdunak eskaturik, udal organo eskudunak berritzen ahalko du, epea bukatu baino lehen, iraupen bereko hurrengo epeetarako.

Lizentzia indarrik gabe geldituko da, titularrak 2. atalean ezarri diren baldintzetako edozein betetzeari uzten dionean.

Lizentzia eskuratzeko frogatutako datuetan aldaketarik bada, titularrak hamabost eguneko epea izango du, aldaketa gertatzen den egunetik hasita, edo, kasua bada, horren berri izaten denetik hasita, lizentzia eman duen Udalari jakinarazteko. Udalak inguruabar hori Lagun egiteko animalien udal erregistroan jasoko du.

Indarra duen administrazio lizentziaren gaineko esku-hartzea, etenaldia edo kautela-neurria, judizialki edo administratiboki erabakia, beste lizentzia bat ez emateko edo lizentzia ukitua ez berritzeko arrazoi izango da, neurri hori indarrik gabe uzten ez den bitartean.

IV. KAPITULUA

Animaliekin ikusteko duten jarduerak

14. artikulua. Industria jarduerak.

Honako hauek dira ordenantza honi atxiki beharreko industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak: ehiza-zakur saldoetarako instalazioak, animalien haztegiak, gordelekuak eta apaintzeko zerbitzuak.

Instalazio eta funtzionamendurako zaintza jarduera sailkatuen gaineko arauekin bat tramitatu beharko da, aplikagarri diren gainerako xedapenak bete behar direla ukatu gabe.

Lizentzia horrek agerian egon beharko du instalazioetako toki nagusian.

15. artikulua. Zakur saldoak.

Ehiza-zakur saldotzat hartuko dira bost zakurretik gora dauzkaten establezimenduak, xede nagusia ehiza antolatuan parte-hartzea baldin bada.

16. artikulua. Lagun egiteko animalien haztegiak.

Lagun egiteko animaliak hazteko tokitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.

17. artikulua. Zaintzalekuak.

Lagun egiteko animalien zaintzalekutzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak denbora zehatz batez ematen dituzten establezimenduak.

18. artikulua. Animaliendako apaindegi zerbitzuak oro har.

Apaintzeko establezimendutzat hartuko dira, animaliak garbitu eta ikuzten eta haiei ilea apaintzen eta estetika zerbitzua ematen dihardutenak.

19. artikulua. Jarduera-lizentziarako baimena.

Alkatetzak lizentzia emateko, eta horretarako jarduera sailkatuei buruzko erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoa ezertan ukitu gabe, nahitaezko baldintza izango da eskabideari memoria bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:

–Jardueraren izena.

–Kokalekua.

–Titularraren izena, helbidea eta telefonoa.

–Zuzendari teknikoaren izena, helbidea eta telefonoa.

–Eman nahi dituen zerbitzuak.

–Instalazioen eta egoitzen zerrenda eta deskripzioa, eta haien planoak.

–Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta banaketaren planoa.

–Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak eta, halakorik balitz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak.

–Animaliendako haztegiak, zaintzalekuak eta salerosteko jarduerak direnean, kontratu-agiri bat, jardueraren eskatzaileak eta herrian diharduen albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela higieneaz eta abere-osasunaz, zoonosiari dagokionean eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruz indarra duen legedian agindutakoa bete dadin, 15 eguneko epean beste fakultatibo bat kontratatu beharko du eta horren berri eman Udalaren osasun zerbitzuei.

20. artikulua. Bete beharreko baldintza orokorrak.

Ordenantza honetan aipatzen diren jarduera guztiek honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

–Beste etxeetatik aparteko eraikinetan egon beharko dute eta zehaztu xedea baizik ez dute izanen, salbu eta salerosteko jarduerak, animaliak apaintzeko zerbitzuak eta animalien kontsultategi edo klinikak, horiek beheko solairuko lokaletan ezartzen ahal baitira.

–Merkataritzako edozein lokalek izaten ohi duen gutxieneko gela-banaketa izango dute, kasu bakoitzerako zehazten diren berariazkoez gainera.

–Gela guztietako zola eta paretek, administraritza lanetarakoak izan ezik, material iragazgaitzekoak izan behar dute, soluzio desinfektanteak erabiliz garbitu eta tratatu ahal izateko.

–Aurreko paragrafoan aipatzen diren geletako zola guztiek, behar den drainatzea eta/edo hondakin urak husteko sistema egokia izango dute.

–Gela hauetan, lurzoru eta pareten arteko elkarguneak biribilduak edo biselatuak izango dira, hobeki garbitzeko.

–Gela guztiek aireberritze sistema izango dute, sarbideko ateek ematen dutenaz gain.

–Instalazioak, tresnak eta ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko lanak sistematikoki, aldizkakotasunez eta jarduerak berak eskatzen duen maiztasunarekin egin beharko dituzte establezimenduko langileek. Horrez gain, urtean behin bederen, ofizialki baimenduriko enpresa batek desinfektatu eta desintsektatuko du lokala.

–Jarduera abian dagoela sortzen diren hondakin solidoak egunero atera beharko dira bertatik, itxitako poltsa iragazgaitzetan.

–Jardueran egon daitezkeen animalien kopurua lokalaren neurrien araberakoa izango da, eta irekitzeari buruz txostena egin edo aldizkako ikuskapenez arduratzen diren Udalaren osasun langileek ezarriko dute, beren irizpideen arabera.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dituzten jarduerek animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dituzte, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik gerta ez dadin.

–Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik egon behar ez izateko, behar den tamainako itxaron gela izango da nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.

–Bi jarduera edo gehiago batera egiten dituzten establezimenduek, haietako bakoitzaren instalazioak bereizirik izango dituzte, eta denetan bete beharko dira ordenantza honetan haiendako ezarri diren baldintza berariazkoak.

–Jarduera hauetan edozein eritasun zoonosiko agertuz gero, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko zaie.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapen araubidea

21. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura izango da legez araututako zehapen ahalmenaren printzipioen araberakoa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien arloko estatuko eta erkidegoko araudia eta ordenantza honetan ezarritako xedapenak betetzen ez direnean zehapenak ezarriko dira, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubideari jarraikiz eta, subsidiarioki, horretan ezarria ez dagoen orotan, azaroaren 24ko 11/2003 Legea aplikatuko da.

22. artikulua. Arau-hausteak.

1.–Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluan agindutakoaren kontra.

b) Zakurrak hiriko eremu publikoetan behar bezala ez eramatea.

c) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

d) Udal agintaritza eskudunek ziurtaturiko erasoak noizbait eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

e) Ez saihestea animaliak eraso egitea edo edozein traba eta eragozpen sortzea pertsonei eta beste animalia batzuei edo besteen ondasunetan kalteak eragitea.

f) Behin eta berriz enbarazu edo gogait eragitea.

g) Ordenantza honetako betebeharren kontrakoa den edo debekuak hausten dituen beste edozein jarduketa, arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkatuta ez badago.

2.–Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene-osasun baldintza txarretan.

c) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

d) Osasun zerbitzu ofizialei ez jakinaraztea nahitaez deklaratu beharreko gaixotasunak.

e) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren toki publikoetan animaliarekin sartzea.

f) Animalia ate, atari edo ataripeetan libratzea edo pixa egitea.

g) Animaliak higiene eta osasun baldintza egokietan edo aplikatu beharreko araudian finkatutako baldintzetan ez edukitzea.

h) Agintari eskudunek edo haien agenteek eskatzen dituzten datu eta argibideak emateari uko egitea edo eman nahi ez izatea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

i) Hiru hutsegite arin egitea.

3.–Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) 7/1994 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontrako jarduerak antolatu eta egitea, baita haien publizitatea ere.

b) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

d) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

e) Zakurrak beti loturik edukitzea.

f) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/1994 Foru Legean ezarritako baldintza eta betebeharren kontra.

g) Elikagai pozoituak uztea espazio eta toki publikoetan, salbu eta enpresa baimenduek erabiltzen dituztenak izurriteak kontrolatzeko.

h) Hiru arau-hauste astunetan berrerortzea.

23. artikulua. Zehapenak.

Aurreko artikuluan aipatutako arau-hausteei isun hauek ezarriko zaizkie:

• 100 euro eta 500 euro bitarte, arau-hauste arinak.

• 501 euro eta 2.000 euro bitarte, arau-hauste astunak.

• 2.001 euro eta 30.000 euro bitarte, arau-hauste oso astunak.

24. artikulua. Zehapenen graduazioa.

Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.

25. artikulua. Zehatzeko eskumena.

a) Nekazaritza eta Arrantza Departamentuak, errentako eta esperimentazioko animaliei dagozkien arau-hauste guztietan.

b) Barne Kontseilaritzak, lagun egiteko animaliei dagozkien zehapen oso astunak eta astunak ezartzeko.

c) Etxauriko Udalak, lagun egiteko animaliei edo pertsonei dagozkien zehapen arinak edo astunak ezartzeko.

Ordenantza honek jasotako edozein zehapen ezartzeagatik ez da erantzukizun zibila baztertzen, ezta zehatuak kalte-galerengatik ordaindu beharko lukeena ere.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan espresuki jasotzen ez den orotan honako hauek aplikatuko dira:

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta lege hori garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua (azaroaren 30eko 1570/2007 Errege Dekretuaren bidez aldatua).

Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuen Kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legea; Animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Itsuentzako gida-zakurrak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legea eta animalien osasunari, ingurumenari eta animalien ekoizpenari buruzko xedapen orokorrak nahiz aplikagarriak diren gainerako guztiak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Alkateari edo hark espresuki eskuordetzen duen organoari ahalmena ematen zaio ordenantza hau interpretatu, garatu eta aplikatzeko garaian beharrezkoak diren agindu eta xedapen guztiak emateko.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako izapideak bete ondoren hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1910250