177. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2224E/2019 EBAZPENA, abuztuaren 19koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez aldatzen da honako dirulaguntza hauetarako 2019ko gastua baimendu zuen ebazpena: Nafarroako toki entitateei ematekoak, langabeak interes orokorreko eta sozialeko obrak eta zerbitzuak egiteko kontratatzeagatik.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 13ko 3146/2018 Ebazpenaren bidez, 4.000.000 euroko kreditua baimendu zen, 2019ko gastuen aurrekontuaren kargura, honako dirulaguntza hauetarako: Nafarroako toki entitateei ematekoak, langabeak interes orokorreko eta sozialeko obrak eta zerbitzuak egiteko kontratatzeagatik. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean 426382 zenbakia duten dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 7ko 251/2018 Ebazpenaren bidez arautu ziren, eta honako honen kontura ordainduko dira: “Toki entitateen kontratazioetarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala eta EGIF” izeneko 950001-96100-4609-241100 partida.

Orain arte aurkeztutako eskaeren kopurua ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren interesekoa izanik toki entitateek kontratazioak egin ditzaten sustatzen segitzea, enplegurako zailtasunak dituzten taldeen kontratazioak bereziki, dirulaguntza horiek emateko baimendu zen kreditua handitu behar dela aurreikusten da.

Bestalde, aurreko urteetako esperientzia aintzat harturik, aurreikustekoa da kreditu erabilgarria egotea aurrekontu-ekitaldia amaitu baino lehen, Nafarroako Gobernuaren beste aurrekontu-partida batzuetatik sortua.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuan ezartzen denaren arabera, deialdian zehazten ahalko da, kreditu erabilgarrien barruko gehieneko zenbateko osoaz gain, gehieneko zenbateko osagarri bat, beste deialdirik behar ez duena dirulaguntzetan aplikatzeko.

Aipatu 31. artikuluan ezarritako kasuetako bigarrenean egonen garela aurreikusten da, hau da, partida horietan zenbateko osagarria izanen dela aurrekontu-kreditu erabilgarria handituko delako, kreditu-gehitze baten ondorioz.

Izan ere, 31. artikuluak berak ezartzen duenez, honako hau jaso behar da deialdian, espresuki jaso ere: deialdia onesteko eskumena duen organoak baimendu behar du kreditu gehigarri hori, eta deialdia bezala argitaratu.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 13ko 3146/2018 Ebazpena aldatzea, lehenbiziko puntuari bigarren paragrafoa gehituz, honela:

Era berean, gehienez 250.000 euroko zenbateko gehigarria baimentzen ahalko da. Hori eraginkorra izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kasua bada, organo eskudunak emanen du kreditu gehigarri horretarako baimena, eta deialdia bezala argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen jurisdikzio-ordenari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 19an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1910896