177. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

198/2019 FORU DEKRETUA, abuztuaren 28koa, Nafarroako Arreta Goiztiarreko Sarea arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Abenduaren 14ko 39/2006 Legeak oinarrizko baldintzak arautzen ditu berdintasuna berma dadin autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko eskubidea erabiltzean. Lege horren hamahirugarren xedapen gehigarrian ezartzen da Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluak mendekotasun egoeran dauden 3 urtetik beherako haurrei arreta emateko osoko plan baten prestaketa sustatuko duela, non administrazio publikoek hartu beharreko neurriak finkatuko baitira haur horiei arreta goiztiarra emateko eta haien gaitasun fisiko, mental eta intelektualak birgaitzeko. 2013ko abuztuaren 2an argitaratu zen 2013ko uztailaren 25eko Ebazpena, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Estatu Idazkariarena, irizpide komunak, gomendioak eta gutxieneko baldintzak ematen dituena mendekotasun egoeran dauden edo egoera horretan erortzeko arriskua duten hiru urtetik beherako haurrei osoko arreta emateko planetarako, halako planak egin behar baitituzte Erkidego eta Hiri Autonomoek. Ebazpen horretan esaten da osasun sistema, hezkuntza sistema eta gizarte zerbitzuak zuzenean daudela inplikatuta adingabeen babesean eta koordinazioko tresna eraginkorrak ezarri behar dituztela, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak optimizatzeko, arau-esparru egokiaren bidez, eta babes hori oinarritu behar dutela funtsezko prozesu eta protokolo batzuetan, horietan erantzunkidetasuna dutelarik hiru urtetik beherako haurren arretan inplikatuta dauden eragile, zerbitzu eta taldeek.

Nafarroan administrazioen arteko koordinazioa segurtatzeko, otsailaren 24ko 102/2016 Foru Agindua onetsi zen, Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoa sortzen duena. Batzorde hori koordinazioko eta erantzunkidetasuneko espazio gisa sortu da, hezkuntzako, osasuneko eta eskubide sozialetako sistemetarako, eta toki entitateetarako. Batzordearen ardura da Foru Komunitateko arreta goiztiarreko osoko planak egitea, proposatzea, ebaluatzea eta horien jarraipena egitea; plan horiek dira adingabeendako, jaiotzen direnetik sei urtera bitarte, eta haien familiendako.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak gizarte zerbitzuen sistema itxuratzen du Nafarroako Foru Komunitatean, haren helburua delarik zerbitzuak eman daitezela pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea ziurtatuko dituzten baldintzarik onenetan. Horretarako, departamentu eta administrazioei eskatzen die haien arteko koordinazioa eta lankidetza izan daitezela lehentasunezko bidea baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak optimizatzeko, herritarrendako arretan eraginkortasuna eta efizientzia hobetzen direla.

Ildo horretan, arreta goiztiarra erantzukizun publikoko zerbitzu bermatu bat da, baliabideak eta babesa eman behar dizkiena adingabeei, familiei eta inguruneei, osasun, hezkuntza eta gizarte sektoreetatik. Zerbitzu horiek dira haurrendako, jaiotzen direnetik 6 urte bete arte, eta haien familiendako. Haien helburua da osoko ikuspegi batetik erantzuna ematea haurrek dituzten premia iraunkor edo aldi baterakoei, haur horiek garapenean alterazioa nahiz nahasmendua dutenean, edo hori izateko arriskuan daudenean faktore biologiko eta/edo psikosozial batzuen eraginpean egoteagatik. Jarduketa guztien helburua da garapen onena segurtatzea, familien guraso-gaitasunak indartzea eta aurrera egitea kohesiozko gizarte inklusibo baterantz.

Zerbitzuak ahalik eta eraginkortasunik eta efizientziarik handiena izan dezan, ezinbestekoa da arreta goiztiarreko osoko sare baterantz jotzea, sare horrek barnean hartzen dituelarik arreta goiztiarraren esparruan adingabeen eta familien eskura dauden prestazio, zerbitzu eta baliabideak, Osasun, Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako departamentuek emandakoak, zerbitzuen bikoiztasunak ekidinez eta batera esku-hartzea bermatuz.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen duenez (II. Titulua “Ekitatea hezkuntzan”; I. Kapitulua “Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleak”), hezkuntzako administrazioek behar diren prozedura eta baliabideak ezarriko dituzte, ikasleen berariazko premiak goiz identifikatzeko. Premia hori identifikatu bezain laster hasiko da hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleenganako osoko arreta, eta normalizazioaren eta inklusioaren printzipioek aginduko dute horren gainean. Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ikasleen aniztasunari arreta ematea ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduan dago araututa. Arau horrek Haur Hezkuntzako etapa jorratzen du, haren izaera hezitzailea nabarmentzen du eta berriz ere azpimarratzen du identifikazio goiztiarra eta beharrei erantzutea prebentzioko eta konpentsazioko neurria dela.

2017ko abenduan Familiari, Haurrei eta Nerabeei Osoko Arreta emateko Nafarroako Foru Komunitateko II. Plana onetsi zen, erreferentzia esparrua izan zedin Osasun, Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako departamentuen jarduketa guztietarako Foru Komunitatean. Planak ezartzen ditu printzipioak, jarduketa oinarriak, sektore arteko konpromisoak, jarduketa eremuak, ildo estrategikoak eta ekintzak, besteak beste.

2018ko ekainean ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legea argitaratu zen, irisgarritasun unibertsalerako baldintza orokorrak eta berariazkoak ezartzen dituena, beharrezkoak baitira pertsona guztien eta, bereziki, desgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasuna, autonomia pertsonalaren sustapena, komunitateko inklusioa eta bizimodu independentea bermatzeko.

Foru dekretu honen xedea da Arreta Goiztiarreko Sare bat sortzea Nafarroako Foru Komunitatean, Administrazio Publikoko organoen osoko jarduketa bultza dezan, erantzunkidetasuneko espazio komuna indartu eta artikulatu dezan, espazio hori ahalbidetzen duten mekanismoak (antolaketakoak eta funtzionalak) ezarrita, zatikako jarduketak edo disfuntzioak ekidinda, kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia bermatuz arreta goiztiarraren eremuan.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko abuztuaren hogeita zortzian egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen helburua da arreta goiztiarreko sare bat sortzea Nafarroako Foru Komunitatean, Administrazio Publikoko organoen osoko jarduketa bultza dezan erantzunkidetasuneko espazio komuna indartuz, eta zerbitzu eraginkorra, efizientea eta kalitatezkoa bermatuz.

2. artikulua. Arreta Goiztiarraren definizioa.

1. Arreta goiztiarra dira 0tik 6 urte bitarteko haurrei, haien familiei eta inguruneari modu koordinatuan zuzendutako prebentzio, ebaluazio eta esku-hartze jarduketak, horien helburua delarik osoko ikuspegi batetik erantzuna ematea haurrek dituzten behar iraunkor edo aldi baterakoei, haur horiek garapenean alterazioak nahiz nahasmenduak dituztenean, edo horiek izateko arrisku handian daudenean faktore biologiko eta/edo psikosozialen eraginpean egoteagatik.

2. Arreta horretan sartzen dira osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten baliabideak, zuzenean edo zeharka adingabearen eta haren familiaren bizi-kalitatean eragiten dutenak.

3. artikulua. Esku-hartze mailak.

1. Arreta goiztiarrean sartzen dira lehen, bigarren eta hirugarren mailako prebentzio jarduketak.

2. Lehen mailako prebentzioa da jarduketa multzo bat helburu duena ekiditea haurren garapenean nahasmenduak ager daitezen.

3. Bigarren mailako prebentzioa da jarduketa multzo bat helburu duena garapenean alterazioa edo nahasmendua izateko arrisku faktoreak goiz detektatzea, haietatik etor litezkeen ondorioak arintzeko.

4. Hirugarren mailako prebentzioa da jarduketa multzo bat helburu duena haurren garapenaren baldintzak hobetzea, haur horiek garapenean alterazioak edo nahasmenduak dituztenean.

II. KAPITULUA

Esparru subjektiboa, xedea eta helburuak

4. artikulua. Aplikazio eremu subjektiboa.

1. Arreta goiztiarreko esku-hartzeak egiazki Nafarroan bizi diren 0tik 6 urtera bitarteko haurrei, haien familiei eta inguruneari zuzentzen zaizkie, haur horiek garapenean alterazioak nahiz nahasmenduak dituztenean, edo horiek izateko arrisku handian daudenean faktore biologiko eta/edo psikosozialen eraginpean egoteagatik.

2. Eskubide Sozialetako Departamentuak bere gain hartuko du ardura honako jarduketa hauek artikulatzeko: jaiotzatik hiru urtera bitarteko haurrendako eta haien familiendako modu integralean antolatzen diren jarduketak. Hezkuntza Departamentuak sustatuko ditu 3tik 6 urtera bitarteko haurrei zuzenduriko jarduketak. Horretarako, behar diren jarduketak eginen dira, eta esku-hartzeko unitate integralak eratuko dira behar denean.

3. Esku-hartzearen xede diren egoeretako batean daude honako hauek:

a) Garapenean alterazioak edo nahasmenduak dituztenak honako kausa hauengatik: gorputz egituren edo funtzioen alterazioa, murrizketak jardun sozialean eta/edo esku-hartzean, edo testuinguruko beste edozein faktore eragin handia duena norberaren gaitasunen, ikasketen eta baliabideen garapenean.

b) Garapenean alterazioa izateko arriskuan daudenak, jaioaurreko aldian, jaiotzean eta/edo jaio ondokoan zenbait egoeratan egon direlako: prematuritatea, pisu txikia edo anoxia jaiotzean, edo arriskuko beste edozein faktore edo zeinu biologiko.

c) Garapenean alterazioa izateko arriskuan daudenak, faktore psikosozial batzuen eraginpean egon direlako: babesgabetasuna edo babesgabetasunerantz daraman ahultasuna.

5. artikulua. Arreta Goiztiarreko Sarearen xedea eta helburuak.

1. Arreta Goiztiarreko Sarearen xedea da bermatzea haurrek ahalik eta garapenik egokiena izanen dutela; horretarako, gehiago bultzatuko du haurren eta haien familien bizi kalitatea, indartuko ditu familiaren eta adingabea mugitzen den ingurune naturalen gaitasunak, eta sustatuko ditu inklusio eta parte-hartze soziala.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitako xedea honela zehazten da:

a) Bermatzea haurrek garapenik hoberena izanen dutela jaiotzatik sei urtera bitarte.

b) Indartzea familiek haurren hazkuntzaren alorrean dituzten gaitasunak; beharrei eta eskaerei erantzutea parte-hartzearen, babesaren eta informazioaren bidez.

c) Hezkuntza ingurunearen gaitasunak indartzea, hobeto erantzun ahal izateko adingabe guztien beharrei, parte-hartzea eta inklusioa lortu nahirik.

d) Adingabeen eta familien beharrak asetzen dituzten zerbitzu integralak ematea, kontuan hartuta gizarteko eta familiako eginkizunak batera eramatea eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bezalako gaiak.

e) Arreta goiztiarreko sareak egiten dituen lanak profesionalen artean zabal daitezen sustatzea.

f) Departamentuen arteko koordinazioko proiektuak, haurrei eta familiei zuzenduak, sustatzea.

g) Lehen haurtzaroko garapenean adituak diren taldeak egonen direla segurtatzea, baterako prestakuntza planen bidez eta gai honetan ikerketa zientifikoa sustatuz, genero ikuspegia ere aintzat hartuta.

h) Bermatzea haurrek eta familiek arreta izaten jarraituko dutela Haur Hezkuntzako bigarren ziklora igarotzean.

i) Zerbitzuaren kalitatea bermatzea adierazle egokiak ezarriz eta haien etengabeko ebaluazioa eginez.

III. KAPITULUA

Arreta Goiztiarreko Sarea

6. artikulua. Jarduketa printzipioak.

1. Honako printzipio hauen arabera arituko da Sarea:

a) Irisgarritasun unibertsala eta aukeren berdintasuna. Arreta goiztiarra iritsiko da beharra duten 0 eta 6 urte bitarteko haur guztiengana eta haien familiengana; baldintza berberetan iritsi ere.

b) Doakotasuna. Zerbitzua jasotzen duten pertsonek eta familiek ez dute ezer ordaindu behar horren truke.

c) Familiaren, administrazioaren eta gizartearen elkarrizketa, partaidetza eta lankidetza.

d) Garapenean nahasmendua edo halakorik edukitzeko arriskua duten 0 eta 6 urte bitarteko haurren familia, eskola eta komunitateko ingurunean inklusioa eta aktiboki parte hartzea.

e) Diziplinartekotasuna, transdiziplinatasuna eta lanbide kualifikazioa. Horretarako izanen dira osasun, hezkuntza eta gizarte arloko profesionalak, haurren garapenaren inguruko prestakuntza eta espezializazioa izanen dituztenak.

f) Adingabeak eta haien familiak artatzen dituzten zerbitzuen kohesioa, esku-hartzean efizientzia bilatuz.

g) Adingabearen eta familiaren ingurune naturalei erreparatzen dien esku-hartzea.

h) Kalitatea. Arreta goiztiarreko programak gauzatzeko kalitate estandarrak ezarriko dira Sarerako, zerbitzu efiziente eta eraginkorra bermatzeko; gainera, kanpoko zein barneko ebaluazioak eginen dira aldian-aldian.

i) Osoko esku-hartzea da osasun, gizarte eta hezkuntza zerbitzuetako talde espezializatuen jarduketa multzoa, talde horiek erantzunkidetasunez, eta modu koordinatu eta bateratuan ari direla arreta goiztiarraren alorrean, aurreko artikuluetan ezarritako printzipio eta helburuetan oinarritutako ereduetatik abiatuta.

IV. KAPITULUA

Arreta Goiztiarreko Sarearen antolaketa

7. artikulua. Arreta Goiztiarreko Sarea.

Arreta Goiztiarreko Sarea honako baliabide hauek osatzen dute:

a) Arreta Goiztiarraren Zuzendaritza Batzordea.

b) Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoa.

c) Osasun, Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako departamentuetako unitate eta zerbitzuak, Lehen Haurtzaroan eskumenak dituztenak.

d) 0-3 Arreta Goiztiarrean Esku Hartzeko Unitate Integrala.

e) Departamentuen arteko taldeak sustatuko dira, talde horiek modu lanbidearteko eta transdiziplinar batean beren gain har ditzaten arreta goiztiarrak berezko dituen jarduketak, eta indartu ditzaten komunitateko eragileen gaitasunak.

8. artikulua. Arreta Goiztiarraren Zuzendaritza Batzordea. Osaera eta eginkizunak.

1. Osaera. Arreta Goiztiarraren Zuzendaritza Batzordeak ondoko kide hauek izanen ditu:

a) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailea.

b) Balorazioen eta Zerbitzuen zuzendariordea.

c) Osasuneko zuzendari nagusia.

d) Hezkuntzako zuzendari nagusia.

e) Desgaitasunaren esparruan lan egiten duten hirugarren sektoreko elkarteen ordezkari bat, Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluak proposaturik.

2. Arreta Goiztiarraren Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Arreta Goiztiarreko Sarearen funtzionamendua segurtatzea.

b) Onestea Arreta Goiztiarreko Osoko Planean ezartzen diren ildo estrategikoak eta ekintzak.

c) Arreta Goiztiarrean inplikaturiko sistemen arteko koordinazio egokia bultzatzea.

d) Bermatzea Planean ezartzen diren ekintzak eginen direla, horretarako baldintza egokiak jarriz.

3. Batzordea gutxienez ere urtean behin bilduko da.

9. artikulua. Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoa. Izaera eta eginkizunak.

1. Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoa koordinazioko eta erantzunkidetasuneko espazioa da, hezkuntzako, osasuneko, eskubide sozialetako eta toki entitateetako sistemen artekoa.

2. Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osoko Plana egitea eta Arreta Goiztiarraren Zuzendaritza Batzordeari proposatzea; plan horretan ezarriko dira urtero garatu beharreko lerro estrategikoak eta ekintzak.

b) Planean ezartzen diren neurriak eta jarduketak sustatzea.

c) Arreta Goiztiarreko Osoko Planaren jarraipena egitea eta urtero ebaluatzea.

d) Batzordeak egindako jarduketen memoria egitea.

e) Arreta Goiztiarreko Osoko Planean zehazten diren jarduketak gauzatzeko ezartzen diren lan taldeen sorrera eta partaideak proposatzea eta taldeen eginkizunak zehaztea.

f) Administrazioen artean beharrezkoa den koordinazioa bermatuko duen Arreta Goiztiarraren Zuzendaritza Batzordeak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

3. Arreta Goiztiarreko Osoko Plana koherentea izanen da egungo Familiari, Haurrei eta Nerabeei Osoko Arreta emateko Planeko helburu eta lerro estrategikoekin, eta foru dekretu honetan ezarritakoarekin.

10. artikulua. Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoa. Kideak eta funtzionamendua.

1. Honako hauek izanen dira Batzordeko kideak:

a) Hezkuntza Departamentuaren ordezkari gisa:

–Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria.

–Hezkuntza premia berezien eta aniztasunari arreta ematearen ardura duen unitateko titularra.

–Haurrei jaiotzen direnetik 3 urtera bitarte arreta ematearen ardura duen unitateko titularra.

b) Osasun Departamentuaren ordezkariak:

–Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko ordezkari bat, O-NOZeko Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak proposatua.

–Pediatria arloko profesionalak (medikuntza, erizaintza eta gizarte lana), Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak izendatuak.

–Oinarrizko Osasun Laguntzako gizarte langilea.

–Nafarroako Ospitalegunearen ordezkariak:

  • Errehabilitazioaren arloan eskumena duen unitateko titularra.
  • Neonatologiaren arloan eskumena duen unitateko titularra edo Neonatologia Unitateko pediatra bat.
  • Neuropediatriaren arloan eskumena duen unitateko titularra edo Neuropediatria Unitateko pediatra bat.
  • Gizarte lanaren arloan eskumena duen unitateko titularra edo Gizarte Lanaren Unitateko profesional bat.

c) Eskubide Sozialetako Departamentuaren ordezkariak:

–Nafarroako Arreta Goiztiarreko Zerbitzuko zuzendaria.

–Arreta Goiztiarreko Zerbitzuko bi profesional.

d) Toki entitateen ordezkari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatzen duena.

2. Batzordeko kideek ordezko baten esku utz dezakete bileretan parte hartzeko eskumena, egoki iruditzen zaienean.

3. Gainera, Batzorde Teknikoko kideek beharrezkotzat jotzen badute, profesional adituek parte hartuko dute, Batzordeak ematen dien zeregina egin dezaten.

4. Funtzionamenduaren araubidea Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoak onetsiko du osoko bilkuran.

5. Batzorde Teknikoa gutxienez ere hiru hilabetean behin bilduko da.

11. artikulua. 0-3 Arreta Goiztiarrean Esku Hartzeko Unitate Integrala.

1. Arreta Goiztiarrean Esku Hartzeko Unitate Integrala sortu da, eta haren helburua da bateratzea haur eskoletan ikasten ari diren umeei zuzendutako jarduketak, alegia, garapenean nahasmendua duten edo izateko arriskua duten umeei zuzendutakoak.

2. Osaera. Unitate hori Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren mendeko Arreta Goiztiarreko Taldeko profesionalek osatuko dute, Arreta Goiztiarreko Zerbitzuko profesionalek –Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren mendekoek–, haur eskoletako profesionalek eta oinarrizko osasun laguntzako eta ospitale laguntzako profesionalek. Beste profesional batzuen lankidetza ere izanen da, behar denean.

3. Printzipioak: balorazioko, ebaluazioko eta esku-hartzeko prozesuak bizkortzea, bi departamentuetatik datozen baliabideak integratzea eta arrazionalizatzea, bikoiztasunak saihestea, esku-hartzeari koherentzia ematea eta inguruneetako lana bermatzea.

4. Unitate hau aldian behin bilduko da, eta familiarekin adostutako erabakiak hartuko ditu, haur eskoletan ikasten ari diren adingabeei eta haien familiei zuzendutako esku-hartzeari buruzkoak (prozesu osoko jarduketak aintzat hartuta).

5. Jarduketa prozedura izanen da unitateak berak ezarritakoa.

12. artikulua. Arreta Goiztiarreko Sarean inplikaturiko beste organo batzuk.

1. Honako hauek dira Arreta Goiztiarreko Sarean zuzenean inplikatuta dauden zerbitzu eta/edo unitateak, beren eskumenak erabiltzean lankidetzan aritu beharko dutenak Saretik eratortzen diren organoekin:

a) Eskubide Sozialetako Departamentuari dagozkion zerbitzuak:

–Arreta Goiztiarreko Zerbitzua, PAGNAren mendekoa.

–Haur Eskolak.

–Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetza.

b) Toki entitateak:

–Haur Eskolak.

–Oinarrizko gizarte zerbitzuak.

c) Hezkuntza Departamentuari dagozkion zerbitzuak:

–NHBBZ.

–Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ikastetxe publikoak.

d) Osasun Departamentuari dagozkion zerbitzuak:

–Oinarrizko Osasun Laguntzako profesionalak (pediatria eta erizaintza).

–Nafarroako Ospitalegunea: Errehabilitazio Unitatea, Pediatria Unitatea, Otorrinolaringologia Unitatea, Gizarte Lanaren Unitatea eta beste unitate batzuk.

–Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroa.

Xedapen gehigarri bakarra.–Informazio sistemak.

Osasun, hezkuntza eta gizarte esparruetako profesionalen arteko koordinazioa segurtatzearren, informazio sistema bakarra eratzera joko da, hartan sarbidea izan dezaten esparru guztietako profesionalek. Sistema hau euskarri informatikoan ezarriko da, horretarako garatzen diren aplikazioen bidez.

Informazi guztia sexuaren arabera bilduko da, genero ikuspegiarekin aztertzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da 102/2016 Foru Agindua, otsailaren 24koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Arreta Goiztiarraren Administrazioarteko Batzorde Teknikoa sortzen duena.

Indarrik gabe uzten dira, orobat, foru agindu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F1911308