176. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

487/2019 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko jarraibideak onesten dituena 2019-2020 ikasturterako.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du. Indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta garatzeko balioko duten jarraibide batzuk onestea du xede ebazpen honek, hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan behar bezalako antolaketa eta funtzionamendu egokia lor daitezen 2019-2020 ikasturtean, haien autonomiaren esparruan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Eranskinean ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horietan Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dira 2019-2020 ikasturterako.

2. Ebazpen honen eranskineko jarraibideak entitate eta ikastetxe pribatu itunduei edo diruz lagunduei aplikatuko zaizkie, dagozkien afera orotan, galarazi gabe ikastetxe horien titularrek dituzten eskumenak.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzura, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Unibertsitateen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, hezkuntza entitate eta ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 7an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua 2019-2020 ikasturtean arautzeko jarraibideak

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxe bateratuen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

Jarraibideak zazpi kapitulutan daude bereizita:

Lehenengoan, hainbat alderdiri buruzko informazioa biltzen da: ikastetxe bateratuaren plangintza (eta oharrak egiten dira proiektu funtzionalaren eta urteko jarduketa planaren gainean, bai eta ikastetxe bateratua hobetzeko plana prestatzearen gainean ere), Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuen urteko programazio orokorra (eta oharrak egiten dira irakaskuntza horiek ematetik sortzen diren berariazkotasunen gainean), ikastetxe bateratuek eta Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten BHIek jarduketa planean eta plan horren autoebaluaziorako ekintzetan duten parte-hartzea, eta programazio didaktikoetan kontuan hartu beharreko alderdiak, bereziki martxoaren 5eko 21/2019 Foru Agindua betetzeari buruzkoak, zeina aplikatzekoa izanen baita 2019-2020 ikasturtetik aurrera, hori barne (aipatu foru aginduaren bidez, Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloen ebaluazioa arautzen da).

Bigarrenean, Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoaren inplementazioari eta garapenari heltzen zaie, bai eta Lanbide Heziketako irakaskuntzen berariazko programa eta ekintzei ere: KIMUA programa, Lanbide Heziketa Duala, Spainskills txapelketak, enpresako egonaldien deialdia, berrikuntza eta mugikortasun proiektuen deialdia.

Hirugarrenean, Hezkuntza Departamentuaren beste programa orokor batzuk garatzeari buruzko jarraibideak zehazten dira, esaterako Laguntza Programa, Skolae Programa eta Aniztasunari Erantzuteko Plana.

Laugarrenean, hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak garatzeko jarraibideak ezartzen dira.

Bosgarrenean, Hezkuntza Departamentuko beste irakaskuntzetarako ere amankomunak diren jarraibideak azaltzen dira.

Seigarrenean, antolaketa-alderdi berariazko batzuk zehazten dira, beharrezkoak direnak hezkuntza sisteman Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen funtzionamendurako; bereziki lantzen da irakasleen eskola-denbora.

Zazpigarrenean, erreferentziazko agiri estrategikoa eta Lanbide Heziketako irakaskuntzetan gehien erabiltzen diren arauak azaltzen dira.

I. KAPITULUA

Ikastetxe bateratuaren plangintza - Bigarren Hezkuntzako Institutuen urteko programazio orokorra

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan (LOE aurrerantzean) arautzen diren Lanbide Heziketako irakaskuntzak Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluan aipatzen diren ikastetxe bateratuetan eskaintzen ahal dira, bai eta LOEn araututako ikastetxeetan ere, haren 39.5 artikuluak ezartzen duen bezala.

Irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak arautzen ditu, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz, zeinak, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikulua garatuz, Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuen oinarrizko beharkizunak arautzen baititu. Aipatu errege dekretuak ezartzen duenez, ikastetxe bateratuek autonomia izanen dute antolaketan, pedagogian eta kudeaketa ekonomikoan eta langileenean, administrazio eskudunak ezartzen duenari jarraituz; bestetik, autonomia erkidegoetako hezkuntza eta lan arloko administrazioek, ordezkaritza handiena duten enpresaburuen erakundeekin eta sindikatuekin lan eginez, plangintza komuneko eredu bat ezarriko dute, urtekoa edo urte anitzekoa, beren lurralde eremuko ikastetxe bateratuen sarerako.

Horretan oinarrituta, Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuek, ikasturte bakoitzean, urteko jarduketa planean zehaztuko dute ikastetxe bateratuaren proiektu funtzionalean definitutakoa.

1.–Ikastetxe bateratuak: berrikustea ea proiektu funtzionala eta Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak definitutako jarduketa plana lerrokaturik dauden, Lanbide Heziketaren plan estrategikoan zehaztutako ardatzekin eta xedeekin bat.

1.1. Proiektu funtzionala eta jarduketa lerroak.

Ikastetxe bateratuentzat, ikastetxea definitu eta haren antolaketa eta kudeaketa biltzen dituen dokumentua da proiektu funtzionala. Proiektu funtzional horrek ikastetxe bateratuetarako jarraibideak kontuan hartu eta garatu behar ditu. Hezkuntza Departamentuak, Garapen Ekonomikorako Departamentuak, Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak definitzen dituzte jarraibide horiek, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko gainerako kideekin batera.

Proiektu funtzionala urte anitzekoa da, eta funtsezko tresna da Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuen antolaketan eta plangintzan. Zuzendaritza taldeak prestatuko du, ikastetxearen langile guztien laguntzarekin, eta Gizarte Kontseiluak onetsiko du.

Zuzendaritza taldeak proiektu funtzionala berrikusi beharko du ikasturte bakoitzean, eta bidezkotzat jotzen dituen aldaketak ezarriko ditu. Halaber, proiektuaren kopia bana bidaliko die Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuari.

2019-2020 ikasturtean, Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuek berrikusi beharko dute, eta hala badagokio, aldatu, 2018-2019 ikasturtean egindako prozesua proiektu funtzionala lerrokaturik egon zedin Nafarroako Lanbide Heziketako Kontseiluak 2018an definitutako jarduketa planarekin, Lanbide Heziketaren plan estrategikoan zehaztutako ardatzekin eta xedeekin bat.

Proiektu funtzionala berrikusi behar da aurreko ikasturterako definitutako jarduketa lerro bakoitzari dagokionez:

a) Berrikuntza metodologikoa eta teknologikoa.

“Berrikuntza metodologikoa eta teknologikoa” deritzon jarduketa lerroari dagokionez, beharrezkoa da berrikustea, eta hala badagokio, aldatzea, proiektu funtzionalean Lanbide Heziketan berrikuntza metodologikoa eta teknologikoa sustatze aldera jasotako neurriak. Horri esker, aukera dago baloratzeko ea emandako erantzuna egokitzen den lan merkatuak eta Lanbide Heziketaren antolaketak dituen beharretara.

Batetik, berrikusiko dira, bai Hezkuntza Departamentuak joan den ikasturtean proposatutako berrikuntza metodologikoko neurriak, bai ikastetxe bateratuak berak berrikuntzaren arloan zehaztutako neurriak.

Bestetik, berrikusiko dira, bai Hezkuntza Departamentuak aurreko ikasturtean proposatutako berrikuntza metodologikoko neurriak, bai ikastetxe bateratuak berak berrikuntzaren arlo honetan zehaztutako neurriak. Berrikuspen hori ikastetxe bateratu guztiek egin behar dute, bai beren prestakuntza eskaintza Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S3) estuago loturik dutenek, bai beren prestakuntza eskaintza Nafarroako S3-arekin hain estuki loturik ez dutenek.

b) Lanbide informazioa eta orientazioa hobetzeko modu erabakigarrian laguntzea.

“Lanbide informazioa eta orientazioa hobetzea” deritzon jarduketa lerroari dagokionez, erabakigarria da berrikustea, eta hala badagokio, aldatzea, proiektu funtzionalean lanbide informazioa eta orientazioa hobetze aldera jasotako neurriak. Horri esker, aukera dago baloratzeko ea aurrerapenik egin den, besteak beste, alderdi hauetan: Lanbide Heziketako irakaskuntzak egitea erabakitzen duten irakasleen portzentajea egokia izatea, eta ekoizpen eta zerbitzu sektoreari nahikoa lan-esku kualifikatu eskaintzea.

Berrikusiko dira, bai Hezkuntza Departamentuak aurreko ikasturtean lanbide informazioa eta orientazioa hobetzeko proposatutako neurriak, bai ikastetxe bateratuak berak zehaztutako neurriak.

Ikastetxe bateratuek lanbide informazioa eta orientazioa hobetzen lagundu behar dute. Eginkizun hori betetzea irakasle guzti-guztien erantzukizuna da, eta, bereziki, LPOko eta EESko irakasleena, tutoreena eta Orientazio Departamentuena.

c) Lanbide Heziketa Duala garatzea eta finkatzea.

“Lanbide Heziketa Duala garatzea eta finkatzea” deritzon jarduketa lerroari dagokionez, ezin ukatuzkoa da berrikusi behar dela, eta hala badagokio, aldatu, proiektu funtzionalean Lanbide Heziketa Duala pixkanaka ezartzea sustatzeko aurreikusitako neurriak. Horri esker, aukera dago baloratzeko ea zer mailatan ari den egokia izaten prestakuntza modalitate honen garapena, zeinak erakutsi baitu bide egokia dela ikasleen prestakuntzan zeharkako gaitasunak bultzatzeko, modalitate honetan ikasten dutenen enplegagarritasuna errazteko eta lan-ingurunearen beharrei erantzun egokiagoa emateko.

Berrikusiko dira, bai Hezkuntza Departamentuak aurreko ikasturtean prestakuntza modalitate hau pixkanaka ezartzea sustatzeko proposatutako neurriak, bai ikastetxe bateratuak berak zehaztutako neurriak.

d) Kanpoko ekintzen sustapena.

“Kanpoko ekintzen sustapena” deritzon jarduketa lerroari dagokionez, ikastetxeek berrikusiko dituzte, eta hala badagokio, aldatu, bai Hezkuntza Departamentuak aurreko ikasturtean ikastetxearen kanpo proiekzioa sustatzeko proposatutako neurriak, bai ikastetxe bateratuak berak zehaztutako neurriak.

e) Ikastetxearen identitatea ezaugarritzea.

Azkenik, berrikusi beharko dira, halaber, eta hala badagokio, aldatu, Hezkuntza Departamentuak “Ikastetxearen identitate” bat lortze aldera aurreko ikasturtean proposatutako analisi neurriak, bai eta ikastetxe bateratuak berak lerro honi dagokionez zehaztutako beste analisi neurri batzuk ere.

Nafarroako ikastetxe bateratu bakoitzaren identitate ezaugarriak modu hausnartuan identifikatzea ezinbestekoa da Lanbide Heziketaren presentzia bultatzen laguntzeko Nafarroako gizartean.

Jarduketa lerroei dagokienez aurreko ataletan ezarritako berrikuspena gutxieneko elementua da ikastetxe bateratuen 2018-2020 aldirako proiektu funtzionalak urtero berrikusteko orduan. Ikastetxe bateratuek, beren autonomia baliatuz, erabakiko dute zein izanen diren, beren ustez, berrikusi beharreko gainerako elementuak.

1.2. Jarduketa lerroak: adierazleak.

Proiektu funtzionala berrikusteko eta, hala badagokio, aldatzeko analisian, ikastetxeek erabiliko dituzte Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak 2018-2020 aldirako jarduketa lerro bakoitzerako proposatutako adierazleak, alde batera utzi gabe ikastetxeak egokitzat jotzen dituen beste adierazle batzuk.

Hona hemen Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak proposatutako adierazleak:

a) Berrikuntza metodologikoa eta teknologikoa.

–Ikastetxe bateratuak zenbat ekimenetan parte hartzen duen: ekintzailetzari lotutakoak, sormena eta berrikuntza arlokoak, jardunbide egokiak trukatzekoak eta abar.

–Berrikuntza teknologikorako proposatu edo garatu dituen proiektuen kopurua.

–Ikaskuntzaren metodologia berriak aplikatzen dituzten taldeen ehunekoa edo berrikuntza pedagogikorako programetan parte hartzen dutenena.

–Elkarlaneko ikaskuntzaren metodologietan prestakuntza jaso duten irakasleen kopurua eta ehunekoa.

b) Lanbide informazioa eta orientazioa hobetzen modu erabakigarrian laguntzea.

–Lanbide Heziketa kanpora zabaltzeko ekintzen kopurua.

–Gizarte Kontseiluen bidez bideratutako ekintza proposamenen kopurua.

c) Lanbide Heziketa Dualaren garapena eta finkapena.

–Ikastetxe bateratuaren Lanbide Heziketa Dualaren modalitateak biltzen dituen ikasleen kopurua eta ehunekoa.

–Lanbide Heziketa Dualaren modalitatean laguntzen duten enpresen kopurua.

–Ikastetxean Lanbide Heziketa Dualaren modalitatea zer-nola ezarri den aztertzeko jarduera kopurua.

d) Kanpoko ekintzen sustapena.

–Atzerrian egonaldiak egiten dituzten ikasleen kopurua eta ehunekoa.

–Atzerrian egonaldiak egiten dituzten irakasleen kopurua eta ehunekoa.

–Enpresetan prestakuntza egonaldiak egiten dituzten irakasleen kopurua eta ehunekoa.

e) Ikastetxearen identitatea ezaugarritzea.

–Ikastetxearen identitatea ezaugarritzeko jardueren kopurua.

–Enplegurako Lanbide Heziketaren inguruan proposatutako ekintzen kopurua.

–Ikastetxearen eskaintza aztertzeari lotuta proposatutako ekintzen kopurua, dibertsifikazioari eta modalitateei dagokienez.

Genero ikuspegia txertatze aldera eta bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoarekin, nola proposatutako adierazleetan hala ikastetxeak zehaztutako beste adierazle batzuetan, sistematikoki sartu beharko da sexuaren aldagaia egiten diren estatistika, inkesta eta datu-bilketa guztietan; beraz, datuak sexuaren arabera bereizita egonen dira.

2.–Ikastetxe bateratuak: Urteko jarduketa plana (UJP).

2.1. Justifikazioa eta lortu nahi diren helburuak.

LOEren 125. artikuluan jasotzen den urteko programazio orokorra Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe bateratuetan garatuko da “urteko jarduketa plana” (UJP) izenarekin. Urteko jarduketa plana oinarrizko tresna da, ikastetxe bateratuaren plangintza, antolaketa eta funtzionamendua biltzen dituena. Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.

Autonomiaren, erantzukizunaren eta efizientziaren printzipioekin bat etorriz, zuzendaritza taldeak bere baliabideak kudeatuko ditu, eta Hezkuntza Departamentuak ezarritako prestakuntza eskaintza taxutuko du (antolaketa, ordutegia, koordinaziorako egutegia, etab.), ikasleentzako laguntza zein emaitza akademikoak hobetzeko.

Urteko jarduketa plana (UJP) ikastetxe bateratuko zuzendaritza taldeak eginen du, klaustroaren eta Gizarte Kontseiluaren eztabaidak eta erabakiak entzun eta gero, besteak beste.

Urteko jarduketa plana ikastetxe bateratuko kide guztiek nahitaez bete beharrekoa izanen da.

Ikasturtea bukatutakoan, urteko jarduketa plana zenbateraino bete den ebaluatuko dute Gizarte Kontseiluak eta zuzendaritza taldeak. Ondoriorik aipagarrienak amaierako memorian jasoko dira eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura bidaliko da.

2.2. Informazioa biltzeko iturriak.

Urteko jarduketa planak (UJP) iturri hauetan oinarritutako helburuak izanen ditu, besteak beste:

a) Helburuak urteka zehaztea: eratortzen dira ikastetxe bateratuaren proiektu funtzionaletik (batez ere proiektu funtzionalean zehaztutako adierazleen betetze-mailari dagokionez), bi urteko hobekuntza planetik eta zuzendaritza proiektutik.

b) Lanbide Heziketaren Zerbitzuak edo ikastetxe bateratuko Gizarte Kontseiluak nabarmendutako alderdiak Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoari buruz.

c) Lanbide Heziketaren Zerbitzuak edo ikastetxe bateratuko Gizarte Kontseiluak nabarmendutako alderdiak ikastetxearen esparruko eta bere eragin-eremuko ekoizpen eta zerbitzu sektoreari buruz.

d) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak nabarmendutako alderdiak aurreko ikasturteko urteko jarduketa plana berrikustean.

e) Lanbide Heziketaren Zerbitzuak nabarmendutako alderdiak aurreko ikasturteko urteko jarduketa planaren analisian.

f) Aurreko ikasturteko memorian proposatutako hobekuntza arloak.

g) Barreneko eta kanpoko proben emaitzen analisia eta programa hobetzeko proposamenak.

2.3. Aurkezteko epea.

Behin zuzendaritza taldeak onartutakoan, urteko jarduketa planaren (UJP) ale bat bidaliko da Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, 2019ko urriaren 31 baino lehen, eta hark egiaztatuko du UJPak indarreko araudi betetzen duela, eta eskatuko du, hala badagokio, beharrezko egokitzapenak egiteko.

Urteko jarduketa planaren alde bat bidaliko da, halaber, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, aurreko atalean adierazitako epe berean, planifikatu ahal izateko Lanbide Heziketaren Zerbitzuak eta ikastetxe bateratuek elkarrekin egin beharreko lana.

Urteko jarduketa plana ikastetxean geldituko da ikastetxe bateratuko hezkuntza eta prestakuntza komunitate osoaren eskura.

2.4. Egitura eta edukia.

Hona hemen urteko jarduketa planaren (UJP) egitura eta edukia:

a) I. kapitulua.

–Ikastetxe bateratuaren ingurune sozioekonomikoari eta laneko inguruari buruzko informazioa.

–Ikastetxe bateratuaren proiektu funtzionalean aurreikusitako barne antolaketa eta egitura, giza baliabideak eta materialak (Gizarte Kontseilua; Eskola Kontseilua, halakorik balego; klaustroa; zuzendaritza taldea; Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen urteko lan plana; Orientazio Departamentua; ikastetxe bateratuko departamentuen urteko plana). Ikastetxeko gobernu eta koordinazio organo bakoitza osatzen duten pertsonen zerrenda eguneratua jaso behar du, eta aurreikusitako bileren egutegia.

–Ikastetxe bateratuak egiten dituen jarduerak eta ematen dituen zerbitzuak. Deskribatu behar ditu ikastetxeak eskaintzen dituen zerbitzu osagarriak, eta adierazi behar ditu zein diren zerbitzu horietarako aurreikusitako onuradunak, arduradunak eta tenporalizazioa.

–Ikastetxe bateratuaren ordutegi orokorra eta hura prestatzeko irizpideak: irakasleena, administrazio eta zerbitzuetako langileena eta jendea hartzekoa.

b) II. kapitulua.

–Ikastetxe bateratuaren helburu espezifikoak eta urteko hobekuntza plana, ikasturte horri dagokiona. 2019-2020 ikasturte akademikorako helburu zehatzak izan beharko ditu laneko esparru eta lantalde bakoitzari dagokionez. Helburu horiek hautatzeko, kontuan hartuko dira arestian aipatutako informazio iturriak.

Ondoko atal hauek izanen ditu urteko hobekuntza planak:

  • Helburuak.
  • Adierazleak.
  • Jomuga.
  • Ekintzak.
  • Arduraduna.
  • Egutegia.
  • Ebaluazioa (*).

(*) Ebaluaziotzat jotzen da informazio zorrotz eta sistematikoa biltzea egoera baten gaineko datu baliozko eta fidagarriak lortzeko, helburu izanik egoera horren iritzi bat eratzea eta ematea. Balorazio hauei esker, dagozkion erabakiak har daitezke ebaluatutako egoera zuzentzeko edo hobetzeko.

–Proposatutako helburuak lortzeko neurriak eta horretarako eskura dauden baliabideak.

c) III. kapitulua.

–Irakaskuntza bakoitzean eskaintzen diren prestakuntza jarduerak eta haien egutegia, bai eta haiek prestatzeko irizpide pedagogikoak ere, nola eskola-jarduerena hala jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoena, halakorik balego. Azaldu behar da zer irizpide erabili diren lanbide moduluak eta ikasmailak banatzeko, bai eta horiek prestakuntza guneetan banatzeko ere; horretarako, kontuan hartu beharko da ikastetxe bateratuko guneak eta baliabideak optimizatu eta aprobetxatu behar direla.

Jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoei dagokienez, halakorik balego, zehaztu behar da zer aurreikuspen duten 2019-2020 ikasturterako, eta adierazi behar da amaierako memorian norentzat izanen diren, bai eta arduradunak, tenporalizazioa eta balorazioa ere.

–Adostasun agiria.

d) IV. kapitulua:

–Ikastetxe bateratuaren bestelako plan eta programa batzuk: Aniztasunari erantzuteko urteko plana; Orientazio akademikoaren plana/Tutoretza plana; Bizikidetza plana (urteko zehazpena - 204/2010 Foru Agindua, abenduaren 16koa, 12. artikulua). 2019-2020 ikasturterako proposatutako aldaketak besterik ez dira zehaztu behar.

–Ikastetxearen hizkuntza proiektua: adierazi behar da zer fasetan dagoen, helburuak eta planteamendua, bat etorriz Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren prestaketa arautzen duen otsailaren 19ko 16/2019 Foru Aginduan ezarritakoarekin; betiere ikastetxeak erabaki badu hura aplikatzea, aipatu foru aginduaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

–Ikastetxeko urteko prestakuntza plana. Ezarri behar du zein den aurreikuspena ikastetxe bateratuaren zuzendaritzak hautatutako prestakuntza instituzionaleko ikastaroetarako, ikastetxearen proiektu funtzionalari eta urteko jarduketa planari dagokienez, eta ezarri behar du, halaber, zein den ikastaro horien iraupenaren aurreikuspena eta gutxi gorabeherako datena.

2019-2020 ikasturtean zehar prestakuntzaren jarraipena eginen da (instituzionalarena eta banakakoarena), eta amaierako memorian baloratuko da. Eskema hau iradokitzen da:

IRAKASLEAK

PRESTAKUNTZA INSTITUZIONALA

PRESTAKUNTZA BANAKAKOA

IKASTURTEA

ORDU KOP.

IKASTURTEA

ORDU KOP.

e) V. kapitulua.

–Urteko aurrekontua eta memoria ekonomikoa.

–Urteko jarduketa planaren jarraipena eta ebaluazioa. Zehaztu behar da nola eta noiz eginen den urteko jarduketa planaren jarraipen eta ebaluazio prozesua, bai eta periodikotasuna ere.

–Urteko jarduketa planaren amaierako memoria. Urteko jarduketa planaren atal berak izan behar ditu, eta, horrez gain, datu eta proposamen zehatzak, egokiak eta egingarriak jaso behar ditu. Gainera, ikastetxe bateratuak barne edo kanpo ebaluazioen emaitzei buruz edo ikastetxeak edo Lanbide Heziketaren Zerbitzuak zehaztutako beste ebaluazio batzuen emaitzei buruz egindako analisiaren balorazioa jaso behar du.

Kalitate programetan parte hartzen duten ikastetxeek hobekuntza planaren helburuak sartuko dituzte urteko planean. Ikastetxe horien dokumentazioa haien kalitate eskuliburuan bildutakoa izanen da, beharrezkotzat jotzen dutenean hura osatzeko aukera galarazi gabe.

Programazio didaktikoei dagokienez, ikastetxeek adostasun agiria beteko dute. Hartan, departamentuko buruak eta ikastetxeko zuzendariak ziurtatuko dute programazioak badituela, era egokian, eskatzen diren atal guztiak. Departamentuko buruak, Online LHko zikloko koordinatzaileak eta ikastetxe bateratuko zuzendariak sinatu beharko dute LHren urrutiko online modalitatean ematen diren moduluetako programazioen adostasun agiria, eta, gainera, Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren oniritzia izan beharko du; horrela ziurtatzen da programazioa bat datorrela Hezkuntza Departamentuak Nafarroan LHren urrutiko online modalitaterako ezarritako proposamen metodologikoarekin.

Horrenbestez, ikastetxeek ez dituzte programazioak berak igorriko. Beharrezkoa denetan, irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartuta egoteagatik, kalifikazioen erreklamazioagatik, analisi estatistikoengatik edo beste batzuengatik, programazioa berariaz eskatuko du Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak.

3.–Ikastetxe bateratuak: Ikastetxe bateratuek “jarduketa planak” prestatzen parte hartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko lanbide heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoa garatuz, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluan egiten da “jarduketa plana”.

Ikastetxeetako gobernu organoek jarduketa plana prestatzen lagun dezaten sustatzeko, ikastetxe bateratuko zuzendariak, ikastetxeko gobernu organoen parte-hartzea bermatuko duen eta ikastetxeak berak erabakitzen duen barne prozesuaren ondoren, txosten idatzi bat bidaliko dio Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari, egokitzat jotzen diren proposamen edo iradokizunekin, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak kontuan har ditzan hurrengo biurtekoko “jarduketa plana” prestatzeko orduan.

Txosten hori 2019ko abenduaren 31 baino lehen bidaliko da, eta alderdi hauek jorratzen ahalko ditu: tituluak berritzea, prestakuntza eskaintza, enplegurako prestakuntza, lanbide arloko informazioa eta orientazioa, berrikuntza, antolaketa eta kudeaketa eredua eta ikastetxe bateratuak nahi duen beste edozein alderdi.

4.–Bigarren Hezkuntzako Institutuak: Urteko programazio orokorra.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2019-2020 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesten dituen ebazpenean eta kapitulu honen 2.4 jarraibidean adostasun agiriari buruz adierazitakoaz gain, beste irakaskuntzez gain hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak ere ematen dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuek arreta berezia eman beharko diete honako alderdi hauei:

4.1. Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak ezarri duen “jarduketa planarekin” lotutako neurrien berrikuspena eta programazioa.

2019-2020 ikasturtean, Bigarren Hezkuntzako institutuek berrikusi eta, hala badagokio, aldatu beharko dituzte Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak ezarri duen jarduketa planean aipatzen diren bost jarduketa lerro estrategikoekin lotutako neurriak. Lerro horiek kapitulu honen 1. jarraibidean garatzen dira.

4.2. Lanbide Heziketako programa berariazkoen berrikuspena:

Bigarren Hezkuntzako institutuak berrikusi eta programatuko dituzte ikastetxeetan ezarritako Lanbide Heziketako plan espezifikoak.

4.3. LHko irakaskuntzak ematen dituzten BHIen lankidetza, “jarduketa plana” prestatzeko:

BHIetako gobernu organoek jarduketa plana prestatzen lagun dezaten sustatzeko, BHIko zuzendariak, ikastetxeko gobernu organoen parte-hartzea bermatuko duen eta ikastetxeak berak erabakitzen duen barne prozesuaren ondoren, txosten bat bidaliko dio idatziz Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari, egokitzat jotzen diren proposamen edo iradokizunekin, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak kontuan har ditzan hurrengo biurtekoko “jarduketa plana” prestatzeko orduan.

Txosten hori 2019ko abenduaren 31 baino lehen bidaliko da, eta alderdi hauek jorratzen ahalko ditu: tituluak berritzea, prestakuntza eskaintza, enplegurako prestakuntza, lanbide arloko informazioa eta orientazioa, berrikuntza, antolaketa eta kudeaketa eredua eta/edo ikastetxeak nahi duen beste edozein alderdi.

5.–Lanbide Heziketako ikastetxe pribatu itunduak: Plangintza instituzionaleko agiriak.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenean adierazitakoaz gain, eta kapitulu honen 2.4 jarraibidean adostasun agiriari buruz adierazitakoaz gain, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe pribatu itunduek arreta bereziz landu beharko dituzte alderdi hauek, alde batera utzi gabe ikastetxe horietako zuzendariek dituzten eskumenak eta bat etorriz indarreko araudiarekin:

5.1. Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua lerrokatzea.

2019-2020 ikasturtean, Lanbide Heziketako ikastetxe pribatu itunduek berrikusi beharko dute lerrokatuta dagoela ikastetxeko hezkuntza proiektua Nafarroako Lanbide Heziketako Kontseiluak 2018an definitutako jarduketa planarekin, Lanbide Heziketaren plan estrategikoan zehaztutako ardatzekin eta xedeekin bat.

Ikastetxeko hezkuntza proiektua berrikusi beharko da oinarri harturik eranskin honen 1. jarraibidean adierazitako bost jarduketa lerroak.

5.2. Urteko programazio orokorra lerrokatzea eta berrikustea.

2019-2020 ikasturtean, Lanbide Heziketako ikastetxe pribatu itunduek berrikusi behar dute urteko programazio orokorra lerrokatuta dagoela 2. jarraibidean ikastetxe bateratuen urteko jarduketa planari dagokionez ezarritakoarekin.

6.–Biurteko hobekuntza plana.

Indarrean dagoen araudian jasotako ebaluazioaren esparruaren barruan, 2019-2020 ikasturte amaierako memorian ebaluatuko da 2017-2018 ikasturtean ikastetxeek egindako autoebaluazioa; baita dagokion ikastetxeko biurteko plana eta departamentuena ere.

Memoria horretan egindako ebaluazioa oinarritzat hartuta, ikastetxe bateratuek bi urteko plan berri bat aurkeztuko dute 2020-2022 urteetarako, ikastetxearen eta departamentuen jardunari buruzkoa. 2018-2020ko biurteko planean lortu ez diren helburuak mantentzen ahalko dira, eta beste hobekuntza arlo batzuk ere bai, 2017-2018ko jardunaren autoebaluazioan hautemandakoak, amaitutako biurteko planean sartu gabeak. Beharrezkoa da eguneratzea azken bi ikasturte hauetan lortutako emaitzen bilakaeraren analisia; horretarako, Educa kudeaketa sistema erabil daiteke ikasketa eta ebaluazio emaitzak erauzteko.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak berrikusiko du jardunari buruzko biurteko hobekuntza plan berrien garapena eta ezarpena, zeinak aplikatuko baitira 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak igorriko dio Lanbide Heziketaren Zerbitzuari txosten bat zeinetan zehaztuko baita, ikastetxe bakoitzerako, Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe bateratuetan, BHIetan eta ikastetxeetan egindako berrikuspenaren emaitza, zeregina hobetzeko bi urteko plan berriei dagokienez.

7.–Programazio didaktikoak.

Ikastetxeek lanbide modulu guztien programazio didaktikoak prestatu beharko dituzte, bai eta modulu horien zati diren lan unitateenak ere, eta dagokien plangintza dokumentuan jasoko dira.

Programazio didaktikoetan gauzatzen da nola garatuko den curriculuma ikasgelan. Programazio didaktikoetan alderdi hauei erreparatuko zaie bereziki:

a) Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren curriculum berria duten zikloak ezartzearen ondorioz egin beharreko egokitzapena.

b) Egin beharreko egokitzapena martxoaren 5eko 21/2019 Foru Agindua indarrean sartzearen ondorioz (foru agindu horren bidez arautu ziren Nafarroako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena); beste alderdi batzuen artean, honako hauek hartu beharko dira kontuan:

–Ebaluazio irizpideak zehaztea, adierazita zehatz-mehatz zer mailatan lortu behar diren dagokion lanbide modulua gainditzeko eska daitekeen ikaskuntzaren emaitzak, aipatu foru aginduaren 4.2 artikuluan ezartzen den moduan.

–Ebaluazio jarraituko sisteman erabiltzen diren prozedurak eta tresnak, aipatu foru aginduaren 5.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

–Zehaztea zer hainbanaketa duen, ebaluazio tresna bakoitzarekin lortutako informazioaren arabera, ebaluazio jarraituko jarduera bakoitzak kalifikazio partzialei eta azken kalifikazioei dagokienez ebaluazio jarraituko sisteman, bat etorriz aipatu foru aginduaren 5.2 artikuluan ezarritakoarekin; kontuan hartu behar da ebaluazio jarraituko sisteman, baldin eta programazioan jasotzen bada amaierako ebaluazioko jardueraren bat egitea ebaluazio jarraituko jardueren barruan, amaierako ebaluazioko jarduera horren kalifikazioa ezin dela izan lanbide moduluaren kalifikazioaren %35etik gorakoa dagokion ebaluazioan.

–Amaierako ebaluazioko sisteman erabiltzen diren prozedurak eta tresnak, aipatu foru aginduaren 5.4 artikuluan ezarritakoarekin arabera.

–Zehaztea zein hainbanaketa duen, ebaluazio tresna bakoitzarekin lortutako informazioaren arabera, ebaluazio jarduera bakoitzak kalifikazio partzialei eta azken kalifikazioei dagokienez ebaluazio jarraituko sisteman, bat etorriz aipatu foru aginduaren 5.4 artikuluan ezarritakoarekin; kontuan hartu behar da amaierako ebaluazioko sisteman, baldin eta programazioan jasotzen bada jarduera osagarriren bat egitea amaierako ebaluazioko jarduerez gain, jarduera osagarri horren kalifikazioa ezin dela izan lanbide moduluaren kalifikazioaren %80tik gorakoa dagokion ebaluazioan.

–Aipatu foru aginduaren 6. artikuluan ezarritakoa programazioei eta ebaluazioari buruz.

–Ezartzea lorpenaren, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren eta beren irakas-lanaren adierazleak, aipatu foru aginduaren 10.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

–Programazioa egokitzea aipatu foru aginduaren 18. artikuluan adierazitako alderdiei, erreklamazioak ebazteari dagokionez.

–Irizpideak ezartzea lehen ikasmailako lanbide moduluak gainditu gabe bigarren ikasmailara igarotzen diren ikasleei arreta emateko, bai eta aurreikusitako jarduerak, orientabideak eta laguntzak ere, aipatu foru aginduaren 20.6 artikuluan ezartzen den moduan.

–Antolatzea lanbide moduluetako ikaskuntzen errekuperazioa, baliatuz errekuperazio programa bat ebaluazio partzialeko azken saioaren ondoren moduluren bat “Gainditzeko zain” duten ikasleen kasuan, bai eta Lantokiko Prestakuntza modulua egin aurreko ebaluazio partzialeko saioaren ondoren egoera horretan dauden ikasleen kasuan ere (bigarren ikasmaila bada), bat etorriz aipatu foru aginduaren 22. artikuluan ezarritakoarekin.

c) Goi mailako zikloetako moduluetarako, ECTS kredituen baliokidetasuna zein den jaso behar da programazio didaktikoetan.

Bestalde, ikasleek programazio didaktikoen oinarrizko alderdiei buruzko informazioa jaso beharko dute, ikastetxe bakoitzak ezartzen duen bidearen bitartez, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarri bezala. Foru agindu horren bidez, ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetarako.

Orobat, ikasleek edo gurasoek edo legezko ordezkariek, baldin ikaslea adingabea bada, ikastetxe bakoitzak ezartzen duen prozeduraren bidez, erreklamazio sistemaren berri jasoko dute, hain zuzen ere maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan ezarritakoaz, honako hauei dagokienez: erreklamazio motak, prozedurak eta erreklamazioak jartzeko epeak.

2019-2020 ikasturtean aplikatzekoa izanen da martxoaren 5eko 21/2019 Foru Agindua, Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloen ebaluazioa arautzen duena. Ikastetxeek sustatuko dute aipatu foru agindu horrek ekarritako aldaketen analisiaren emaitzak aplika daitezen 2019-2020 ikasturteko programazio didaktikoetan.

II. KAPITULUA

Inplementatzea Lanbide Heziketako 2017-2020 Plan Estrategikoa eta Lanbide Heziketako programa espezifikoak

8.–Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoaren garapena.

Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketako Plan Estrategiko bat egin du, Nafarroako Gobernuko beste hiru departamenturekin batera: Garapen Ekonomikorako Departamentua, Eskubide Sozialetako Departamentua eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua.

Planaren prestaketan gogotik hartu dute parte, aipatutako lau departamentuez gainera, Nafarroako eragile ekonomiko eta sozialek, prestakuntza ematen duten entitateek, tokiko garapen eragileek, klusterrek, enpresa elkarteek eta Nafarroako industria eta zerbitzu enpresek. Plana prestatzeko lana gida bat da Lanbide Heziketaren arloan garatu beharreko ekintzetarako. Plan Estrategikoaren hiru ardatzen esparruan daude ekintza horiek. Zehaztutako hiru ardatzak hauek dira:

–Nafarroan, Lanbide Heziketaren bidez S3 estrategiari sostengua ematea.

–Gure gizartearen kohesioari eta jasangarritasunari balioa ekartzea.

–Lanbide heziketa indartu eta etengabe eguneratzea.

Hiru ardatz horiek 16 helburu, 53 jarduketa eta 137 ekintza zehatz jasotzen dituzte. Ekintza horietako bakoitzak zehaztuta ditu ebaluatzeko eta betetze maila neurtzeko adierazleak. Esparru horretan biltzen dira Lanbide Heziketaren arloan azken hiru urteetan garatu diren jarduketa guztiak, bai eta 2020-2021 ikasturterako aurreikusitakoak ere.

Horrenbestez, Lanbide Heziketako ikastetxeek ordu kopuru bat dute LHko Plan Estrategikoa garatzeko ekintzak gauzatzeko, hain zuzen ere Lanbide Heziketaren Zerbitzuak 2019-2020 ikasturterako lehenesten dituenak gauzatzeko; ekintza horiek KIMUA programa ezartzeko eta garatzeko izanen dira batez ere. Horretarako, ikastetxeek ekintza horien arduradunak izendatuko dituzte.

Koordinazioa handiagoa izan dadin plan estrategikoa inplementatzearen arduradunen artean, Lanbide Heziketako ikastetxeko zuzendaritzak erraztasunak emanen dizkie izendatutako arduradunei lana ongi egin dezaten, eta, besteak beste, eskola-ordutegian ikastetxetik kanpoko bileretara joaten utziko zaie.

9.–KIMUA programa. Proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza.

Lanbide Heziketaren arloan, jarduketa ildo nagusietako bat izaten jarraitzen du ikaskuntza metodologia aktiboak erabil daitezela bultzatzea, zehazki proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza. Alde horretatik, ekainaren 27ko 324/2018 Ebazpena onetsi zen, eta haren bidez onetsi zen KIMUA programa eta arautu zen zein diren baldintzak Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxeetan metodologia aktiboen sareak garatzeko, ezartzeko eta aitortzeko.

KIMUA programaren barruan, koordinatzaileen eta dinamizatzaileen figura sortzen da ikastetxeetan, eta figura horiek funtzio garrantzitsuak dituzte paradigma metodologiko berria garatzeko eta finkatzeko, ekainaren 27ko 324/2018 Ebazpenaren 12. eta 13. oinarrietan ezarritakoaren arabera.

Funtzio horiek garatzeko, beharrezkoa da aipatu figura horiek ordutegi espezifiko egokia izatea eta irakaslana koordinatzeko organoetan lankidetza handiagoa izatea, jarraibide honen arabera:

a) KIMUAko dinamizatzaileak: badute eskola-ordu kopuru bat ikastetxearen tamainaren eta ikastetxeak KIMUA programan duen partaidetzaren arabera, taula honetan jasotzen den bezala:

Sakana LH IIP

2 ordu

Toki Ona BHI

2 ordu

Burlada LH IB

3 ordu

Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskola

2 ordu

Elizondo Lanbide Eskola IIP

3 ordu

Lizarrako IB Politeknikoa

3 ordu

Uharte BHI

3 ordu

Energia Berriztagarrien Goi Mailako IB

3 ordu

Donapea IIP

3 ordu

Irunberri LH IB

3 ordu

Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskola

3 ordu

Virgen del Camino IIP

2 ordu

Agroforestal IB

2 ordu

Hezitzaile Eskola IB

3 ordu

Donibane IB

4 ordu

María Ana Sanz IB

2 ordu

Ribera del Arga BHI

2 ordu

Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa IB

2 ordu

Tafallako IIP

3 ordu

Ega BHI

2 ordu

ETI IIP

6 ordu

Ikastetxeko zuzendariak izendatuko ditu dinamizatzaile horiek, bi baldintza hauek aldi berean betetzen dituzten irakasleen artetik: KIMUA programako hasierako prestakuntza izatea edo metodologia aktiboei buruzko antzeko beste bat, eta ikasgelan proiektuak egin izana proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza aplikatuz. Gainera, ahal dela, dinamizatzailea ez da zuzendaritza taldekoa izanen. Baldin eta ez badago aurreko baldintzak betetzen dituen irakaslerik, ikastetxeko zuzendariak izendatuko du baldintza horien arabera egokiena iruditzen zaion pertsona. Dinamizatzaileen izendapena jakinaraziko zaio Lanbide Heziketaren Zerbitzuari 2019ko irailaren 16a baino lehen, posta elektronikoz, helbide honetara idatzita: metodologiasactivas.fp@educacion.navarra.es.

b) KIMUAko koordinatzaileak: 5 koordinatzaile izanen dira, eta bakoitzak 4 eskola-ordu izanen ditu bere funtzioetarako.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuak izendatuko ditu KIMUAko koordinatzaileak.

Ikastetxe bakoitzak erreferentziazko KIMUAko koordinatzaile bat izanen du, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak izendatua eta jakinarazia izanen dena 2019ko irailean zehar.

c) KIMUA programa inplementatzeaz arduratzen diren pertsonen artean koordinazio handiagoa izan dadin, ikastetxeko zuzendaritzak egoera hauek ezarriko ditu:

–KIMUAko dinamizatzaileek beren ordutegiaren barruan esleitutako eskola-orduak ostegunetan izanen dituzte 11:00etatik 14:00etara.

–KIMUAko koordinatzaileek beren ordutegiaren barruan esleitutako eskola-orduak ostegunetan izanen dituzte 10:00etatik 14:00etara.

d) Zuzendaritza taldeak sustatu behar du KIMUAko dinamizatzaileek parte hartzea Koordinazio Pedagogikorako Batzordean, KIMUA programa ezartzeari eta garatzeari dagokion orotan.

Ikastetxeetako zuzendariei dagokie gidatzea ikastetxeetako aldaketa metodologikoa; horrenbestez, proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza garatzeko bide emanen duten egitura funtzionalak sortu beharko dituzte, eta orobat, neurriak hartuko dituzte horretarako ordutegiak, espazioak, irakasleak eta abar egon daitezen.

Azkenik, elkarlaneko ikaskuntzako proiektuak garatzen diren zikloetan, zikloko koordinatzaileek funtzio hauek izanen dituzte, bat etorriz otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritakoarekin, eta Kimua programaren garapen esparruaren barruan:

–Gidatzea, lanbide arloko departamentuko buruak gainbegiratuta, zikloko irakasleen koordinazio bilerak.

–Diagnostikatzea heziketa zikloan KIMUA programa ezartzearekin eta garatzearekin lotutako premiak.

–Hautematea premia materialak eta dagozkion gestioak egitea zikloan behar diren baliabide materialak erosteko, KIMUA programa ezartzeko eta garatzeko behar direnak barne.

–Arrazionalitzea eta koordinatzea espazio eta baliabide didaktikoen erabilera, zenbait moduluren, ikasgairen eta zikloren artean partekatzen badira, batez ere KIMUA programa ezartzeko eta garatzeko baliatzen direnak.

10.–Spainskills.

Hezkuntza Departamentuaren iritziz, ikastetxeek espezialitateen lehiaketetan parte hartzea aukera egokia da Lanbide Heziketa sustatzeko eta haren erakargarritasuna eta bikaintasuna sustatzeko. Ikasleek parte hartzea pizgarri bat da haientzat, motibatzeko eta lanerako aurreikuspenak hobetzeko. Gainera, Espainian bi urtez behin egiten diren lehiaketetan (Spainskills) parte hartzeak aukera ematen die, lehenengoak geldituz gero dagokien “Skill”-ean, Europako lehiaketetan (Euroskills) eta nazioartekoetan (Worldskills International) parte hartzeko.

Espainiako hurrengo lehiaketa 2021ean eginen da (SpainSkills 2021). Hezkuntza Departamentuak 2020-2021 ikasturtearen hasieran finkatu behar du zein Skills lehiaketatan parte hartuko duen Nafarroak eta zein ikasle eta irakaslek osatuko duten Nafarroako taldea. Horretarako, beharrezkoa da 2019-2020 ikasturtean zehar ikasleen lehenbiziko hautapena egitea ikastetxe bakoitzean, gero Espainiako lehiaketa horietan parte hartuko dutenak hautatzeko. Hala, ikastetxeko zuzendariak 2020ko apirilaren 30a baino lehen jakinarazi beharko dio Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari zein skills lehiaketatan parte hartu nahiko lukeen, proposamenean inplikaturiko ikasleak eta irakasleak adierazita.

Ikasleak hautatu eta prestatzeak ohiz kanpoko ahalegina eskatzen die eginkizun horretan inplikatzen diren irakasleei, izan ere, ikasgelan kasuan kasuko moduluen curriculumak garatuz prestatzeaz gainera, beharrezkoa da praktikak nabarmenki handitzea. Horregatik, 2019-2020 ikasturtean ikastetxeko zuzendaritzak ordu osagarriak esleitzen ahalko dizkie irakasleei lan hori egin dezaten.

11.–Lanbide Heziketa Duala.

Hezkuntza arloan Lanbide Heziketa Duala arautzeko aurreikusitako errege dekretua onetsi ez denez, gure erkidegoan aplikatzekoa da oraindik ere Hezkuntzako zuzendari nagusiak abuztuaren 1ean emandako 344/2017 Ebazpena, zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketa dualaren eskaintza berria ezartzeko prozedura.

2019-2020 ikasturterako, jarraibide hauen arabera garatuko dira Lanbide Heziketa Dualaren proiektuak:

11.1. Lankidetza hitzarmenak enpresekin.

Ikastetxeak lankidetza hitzarmen bat izenpetuko du Lanbide Heziketa Dualeko proiektuan parte hartzen duen kasuan kasuko sektoreko enpresa bakoitzarekin.

11.2. Prestakuntza programak.

Azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren 30. artikuluarekin bat, prestakuntza programa bat erredaktatuko da, parte diren lanbide modulu bakoitzaren programazioak bilduko dituena. Ikastetxean modulu bakoitzaren irakasle titularrak prestatuko du, ukitutako enpresen arduradunekin elkarlanean.

Programazioek, gutxienez, honako hauek bilduko dituzte: lanbide moduluei dagozkien ikasketa emaitzak lortzeko ikastetxean eta enpresan egin beharreko jarduerak; haien iraupena; ikasleek egiten duten jardueran informazioa biltzeko dituzten tresna eta prozedurak; eta hura ebaluatu eta kalifikatzeko irizpideak.

Nolanahi ere, programazio horiek prestakuntzaren ezaugarrietara egokituko dira, dagokion lanbide heziketa dualaren proiektuan xedatzen denaren arabera, eta, gainera, goi mailako heziketa zikloen bigarren mailan, azken ebaluazioa egiteko deialdietarako ezarritako datak aurreikusi beharko dira. Ikastetxeek kontuan hartu beharko dute ezen, unibertsitatean sartzeko ebaluazio proba egin nahi duten goi mailako heziketa zikloetako ikasleentzat, modulu guztien amaierako ebaluazioari dagozkion kalifikazioak entregatzeko azken data maiatza izanen dela, salbu eta Lantokiko Prestakuntza moduluei eta proiektuari dagozkienak. Halaber, ikastetxeek erraztu behar dute modulu guztiak gainditu dituzten ikasleek, salbu eta Lantokiko Prestakuntza moduluak eta proiektua, aukera izan dezaten unibertsitatean sartzeko ebaluazio probaren deialdi arruntean parte hartzeko.

Lanbide Heziketa Dualaren programen berezitasunak kontuan hartuta eta ikusita irakasleen eguneroko jardueran sartuta daudela, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak informazioa igortzen ahalko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, programazioak gainbegiratzeko eta kontrolatzeko beharrezkotzat jotzen diren alderdietan lagundu dezaten.

11.3. Tutoretzak.

Enpresan egiten den prestakuntzaren jarraipena egiteko ikastetxeko zuzendaritzak izendatzen duen tutoreak, Lanbide Heziketa Dualeko esperientziaren arduraduna den aldetik, programazioak gainbegiratu eta koordinatuko ditu, eta haren ardura izanen da enpresak, prestakuntza programaren tutore gisa aritzeko, izendatzen duen pertsonari helaraztea kasuan kasuko irakasle titularrek egiten dituzten lanbide moduluen programazioak. Orobat, haien garapena gainbegiratuko du.

Enpresak izendatutako tutorearekin biltzeko hilabeteko egutegia prestatu beharko du ikastetxeko zuzendaritzak izendatutako tutoreak. Bilera horien xedea prestakuntza jarduera koordinatzea izanen da, bai enpresakoa bai ikastetxekoa. Orobat, prestakuntza programari dagozkion moduluetako irakasleekin biltzeko egutegia prestatu beharko du, enpresan egiten diren prestakuntza jarduerei irakasle taldeak egindako jarraipena koordinatzea eta haiek ebaluatzea helburu.

11.4. Lantokiko Prestakuntza izeneko modulua.

Lanbide Heziketa Dualeko proiektuan parte hartzen duten heziketa zikloetan, Lantokiko Prestakuntza modulua ikasleak enpresan egiten duen jardueraren barrenean sartuko da, eta hura bukatu ondoren ebaluatu eta kalifikatuko da. Ikasturte batean edo bitan eginen da, Lanbide Heziketa Dualeko kasuan kasuko proiektuan ezarritakoari jarraikiz.

11.5. Proiektuaren modulua, antolaketa duala duten LOEren araberako goi mailako heziketa zikloetan.

Ikasleek heziketa zikloaren bigarren maila hasten dutenetik aurrera egin dezakete modulu hori.

11.6. Lanbide moduluen ebaluazioa.

Lanbide Heziketa Dualeko proiektuari dagokion prestakuntza programarako izendatzen den ikastetxeko irakasleak ebaluazioa koordinatzeko ardura izanen du parte hartzen duten ikastetxeko irakasleekin eta enpresako tutoreekin.

Ikastetxean, modulu bakoitzaren irakasle titularrek honako hauek eginen dituzte:

a) Ikasleek enpresan jasotzen duten prestakuntza eta lortzen duten aurrerapena gainbegiratzea.

b) Lanbide moduluen ebaluazioaren eta kalifikazioaren ardura izatea.

Enpresak izendatutako tutoreak lanpostuko jardunari buruz egindako txostena hartu beharko dute kontuan, hots, egindako jardueren emaitza jasotzen duena; orobat, enpresako prestatzaileen beste edozein ekarpen eta ikastetxeko tutoreak ikasleek enpresan egindako prestakuntzaren jarraipenari buruz jasotzen duen informazioa.

Nafarroako hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketa ebaluatzeko indarreko araudian ezarritakoa aplikatuko da.

Lanbide Heziketa Dualeko proiektu esperimentalean erabilitako deialdiak hartuko dira kontuan aurreko lerroaldean aipatutako indarreko araudian ezartzen diren deialdien gehieneko konputuaren ondorioetarako.

11.7. Lanbide Heziketa Dualaren egiaztagiriak.

Ebaluazio agiriak eta ikasketen ziurtagiriak betetzean, zeinak aurreikusita baitaude Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan (haren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena), adieraziko da Lanbide Prestakuntza Dualarekin bat datorren modalitatea “Modalitate duala” dela (gaur arte “Lana-Prestakuntza” zeritzona).

12.–Egonaldiak enpresetan.

Enpresetako egonaldiak prestakuntza ekintzak dira, irakasleei ahalbidetzen dietenak eguneratze proiektu bat garatzea, zientifikoa, teknologikoa eta didaktikoa, lanbide ingurune benetako batean.

2019-2020 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak hiru modalitate desberdin eskaini ditu enpresetan egonaldiak egiteko:

a) EE_1: astean egun bat ikasturte osoan zehar, eskola-ordutegian. Berekin dakar hiru irakastordu eta bi ordu osagarri murriztea. 2020. urteko urtarrilean eginen da modalitate honen deialdia 2020-2021 ikasturterako.

Lanbide Heziketa Garatzeko Bulegoak kudeatzen du modalitate hori. Informazio gehiago lortzeko, zerbitzuen katalogoko izapideen fitxa kontsultatu daiteke (“Egonaldiak enpresetan Lanbide Heziketako irakasleen eguneraketa zientifiko eta teknologikorako”), helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7801/Estancias-en-empresas-para-actualizacion-cientifica-y-tecnologica-del-docente-Curso-2019-2020

b) EE_2: Iraupen txikiko aldiak eskola-ordutegitik kanpo. Ez dakar berekin inolako ordutegi murrizketarik. Modalitate honen deialdia ikasturte guztian dago irekia.

Lanbide Heziketa Garatzeko Bulegoak kudeatzen du modalitate hori. Informazio gehiago lortzeko, aurreko atalean aipatutako izapideen fitxan jasotako informazioa kontsultatu daiteke.

c) EE_3: Egonaldiak Europar Batasuneko beste herrialde bateko enpresetan. Egonaldi horiek gutxienez 2 egunekoak izaten ahal dira, eta 2 hilabetekoak gehienez, eta Erasmus + Europako urteko programaren deialdiaren barnean gara daitezke.

Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak kudeatzen du modalitate hori. Informazio gehiago nahi izanez gero, zerbitzuen katalogoko fitxa hau kontsulta daiteke:

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/16184/Becas-para-estancias-del-Profesorado-de-FP-para-formacion-en-centros-y-en-empresas-de-la-Union-Europea-Curso-2018-19

13.–Berrikuntza proiektuak.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ekainaren 7ko 327/2019 Ebazpenaren bidez, onetsi zen Lanbide Heziketako irakaskuntzetako eta arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako Berrikuntza Proiektuen 2019ko deialdia Nafarroan irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoentzat. Deialdi hori igorri eta jakinarazi zaie aipatu irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeei.

Deialdi horrek erantzuten dio Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoan adierazitakoari, eta sartuta dago “Sormena, ekimenerako adorea eta berrikuntza indartzea Lanbide Heziketan” helburuan, “Lanbide Heziketak laguntza ematea Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategiari (S3)” deritzon I. ardatzaren barruan.

Beharrezkoa da zuzenketa bat egitea hautatutako berrikuntza proiektuetan parte hartuko duten irakasleen ordutegiari dagozkion baldintzetan, jarraibide honen arabera:

–Proiektuko koordinatzaileak kontsignatu ahal izanen ditu astean 3 ordu osagarri gehienez ere bere ordutegiaren barruan, ekainaren 7ko 327/2019 Ebazpenaren eranskinean, 5. Oinarrian, 7.3 apartatuan ezarritako funtzioak betetzeko.

14.–Mugikortasun proiektuak.

Ikastetxe publikoetako irakasleentzako taldeko mugikortasun proiektuek, 2018-2019 ikasturtean hasiek, erantzuten diote Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoan adierazitakoari, bi alderdi hauetan: batetik, “Lanbide Heziketak enpresen nazioartekotzean laguntzea” helburuan (irakasleen trukerako ekintzak eta nazioarteko prestakuntza egonaldiak areagotzeko jarduketa gisa), “Lanbide Heziketak laguntza ematea Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategiari (S3)” deritzon 1. ardatzaren barruan; eta bestetik, “Etengabeko berrikuntza bermatzea arlo pedagogikoan” eta “Irakasleen prestakuntza eguneratzea eta ekoizpen-merkatuaren beharrei etengabe egokitzea” helburuetan, bi-biak “Lanbide heziketa indartu eta etengabe eguneratzea” deritzon 3. ardatzaren barruan.

2019-2020 ikasturterako, jarduketa hau sustatuko da, eta aukera emanen du Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetako irakasle talde ezberdinek prestakuntza egonaldiak egin ditzaten beste herrialde batzuetako enpresetan eta/edo prestakuntza entitateetan. Mugikortasun proiektuen gaiak eta parte hartuko duten irakasleak hautatzeko irizpideak zehazteko, bai eta proiektu horien garapen eta antolaketarekin lotutako beste alderdi batzuk ere, kontuan hartuko da Hezkuntzako zuzendari nagusiak mugikortasun proiektu hauen garapena eta antolaketa arautzeko emanen duen ebazpenean ezartzen dena.

III. KAPITULUA

Hezkuntza Departamentuko beste programa orokor batzuk garatzea

15.–Bizikidetza. Laguntza programa.

Hezkuntza Departamentuak, “Laguntza” programaren eta ikastetxeen eskura jartzen diren beste baliabide batzuen bidez, bizikidetza planak egiteko orientazioa, prestakuntza eta aholkularitza emanen du. Gainera, erraztasunak emanen ditu bizikidetza batzordeko kideek pixkanaka-pixkanaka gatazkak konpontzeko eta eskola bitartekari aritzeko behar den prestakuntza lor dezaten, indarkeria, jazarpena edo tratu txarrak gertatzen direnean azkar eta kalitatez esku har dezaten.

Ikastetxe bakoitzaren bizikidetza planean behar diren curriculum eta antolaketa neurriak jasoko dira bizikidetza, tratu ona eta eskola giroa hobetzeko, indarkeria mota guztiei aurrea hartzeko eta arazoei, eskola-jazarpenari, abusuei eta eskola komunitatea osatzen duten guztien segurtasun fisikoa, emozionala edo pertsonala arriskutan jartzen duten tratu txarrei edo bestelako edozein bazterkeria-egoerari heltzeko eta arreta emateko.

Programazio horretan nabarmenduko da zein garrantzitsua den hezkuntza komunitate osoa inplikatzea arlo horretan prebentzio lana egin eta tratu onak ikasteko, gatazkak konpontzeko, emozioen aldetik seguruak eta osasungarriak diren inguruneak sortzeko eta eskola-jazarpena desagerrarazteko jarrera irmoa lantzeko orduan.

Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoa arduratuko da hezkuntza komunitatearen prestakuntzaz eta aholkularitzaz, bai bizikidetza plana ezartzeko orduan bai ikastetxeen ongizate psikosozialari modu negatiboan eragiten dioten egoerak lantzeko orduan, batez ere eskola-jazarpenari dagokionez.

Aholkularitza hori zuzenean eginen da, edo ikastetxeentzako saio praktiko partekatuak antolatuz eta koordinatuz, benetako kasuei heltzeko.

Saio horietan –eta modu parte-hartzailean ikastetxeen talde txiki batean–, kasu bakoitzari heltzeko mekanismo egokienak zehaztuko dira, eta, horrela, bizikidetza batzordeek eskola-jazarpenaren arloan esku hartzeko eta hori konpontzeko eta prebenitzeko dituzten gaikuntza eta protagonismoa indartzen ahalko dituzte benetako esperientzietatik abiatuta.

Prestakuntzarako ekintza hori Aholkularitza Bulegoak antolatuko du, eta helburuetako bat irakasleek eskolako bizikidetzaren inguruan prestakuntza jasotzea da.

Ikastetxe bakoitzeko tutoretza planean eta hezkuntza orientabidearen zereginetan, neurri eta jarduerak programatuko dira ikasleen artean bizikidetza giro ona sustatzeko, aniztasuna errespetatzen duena eta tratu onekin konpromisoa duena.

Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoaren web-orriak zenbait baliabide, eredu, protokolo eta aholku jartzen ditu ikastetxeen eskura nork bere jarduketa plana errazago gauzatzeko eta, orobat, suizidio kasuetan, doluan eta antzeko egoeren ondoriozko beharretan orientabideak eta erantzun espezifikoa eman ahal izateko. Ikastetxe bakoitzean, bizikidetza plana eta haren urteko zehaztapena eguneratuko dira, eta honako orrialde honetan agertzen den bizikidetzari eta indarkeriaren prebentzioari buruzko indarreko araudira egokituko dira:

16.–Berdintasuna. SKOLAE programa.

2017-2021 Hezkidetza Planak erreferentzia-marko teorikoa eta helburuak ezartzen dizkie Nafarroako ikastetxeei. Helburuak Hezkidetza Planaren lau ikasketa-ardatz handitan banatzen dira, eta Nafarroako ikastetxeek mailaz maila betetzen ari dira hiru ikasturteetan zehar.

Hezkidetza Planak aurreratze sistematiko eta arautua proposatzen du edukietan eta banako zein taldeko ikaskuntza esperientzietan, ibilbide baten gisa, hezkuntza sistemako unibertsitatetik kanpoko etapa guztietarako, “berdintasunean bizitzen ikastea” gaitasun globala bereganatzeko”.

SKOLAE programa sortu da irakasleei eta ikastetxeei laguntzeko, hezkidetza ibilbide hori eskola etapa guztietan gauza dezaten.

Mailaz mailako aplikazioaren bidez, ikasleek berdintasunean bizitzeko gaitasuna garatuko dute, hau da, berdintasunarekiko konpromisoa gauzatu eta azalduko dute, jokabide eta eredu berriak ikusaraziko dituzte emakumeenganako indarkeriarik gabeko kultura berdinzalea sortzen laguntzeko, eta argi eta irmo erantzunen dute diskriminazioa, indarkeria eta genero desberdintasunen aurrean.

Pilotaje fasea (2017-2018) nahiz programa orokortzeko 1. fasea (2018-2019) bukatu ondoren, aurtengo 2019-2020 ikasturtean ekinen zaio programa orokortzeko 2. faseari. Horretarako, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez izendatuko dira datorren ikasturte honetan programan sartu beharko diren ikastetxeak.

Era berean, ebazpen horretan, Skolae hezkidetza programari dagokionez ikastetxeek eta Hezkuntza Departamentuak hartuko dituzten konpromisoak aipatu eta xehatuko dira: hezkidetza-helburu didaktikoak, irakasleen prestakuntzarako plana, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Atalaren babesa eta aholkularitza, ikastetxean programa sustatzeaz arduratuko den taldearen osaera eta funtzioak, eta Skolae programa UJPan (ikastetxe bateratuen kasuan) eta UPOan (Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuen kasuan) txertatzeko modua.

17.–Aniztasunari erantzutea.

Ikastetxe osoaren ardura da aniztasunari erantzutea. Ikasle guztiek hezkuntza premia batzuk dituzte, berariazkoak ala ez izan daitezkeenak. Beharrizan horiei erantzutea elementu nagusietako bat izan behar da ikasturtea antolatzeko orduan.

17.1. Antolaketari dagozkion alderdiak.

Nahitaezkoa da koordinazio eraginkorra ezartzea, ikasleen hezkuntza beharrizanei modu koherentean erantzuten zaiela bermatzen duena. Koherentzia hori bai maila horizontalean (taldeaz arduratzen den irakasle-taldea) bai maila bertikalean (eskola ibilbide osoan) finkatu, eta ikastetxeen antolaketa egitura guztietan (Koordinazio Pedagogikorako Batzordea, orientazio departamentua, irakasle-taldea, lanbide arloko departamentuak, etab.) landu behar da.

Irakasle-taldearen koordinazioaren lehen unea den aldetik, hasierako ebaluazioak taldearen eta ikasleen hezkuntza beharrizanak behar bezala zehaztu eta aztertzea ekarriko du berekin, eta adostutako hezkuntza neurriak, curriculumari, metodologiari eta antolakuntzari dagozkionak eta kalitateko hezkuntza erantzuna antolatzen dutenak, finkatzen direla bermatuko du.

Gainerako koordinazioetan ebaluazio saio guztiak biltzen dira, eta horietan erantzun horren jarraipen zehatza eta egokitzapen koherentea bultzatuko da, beharrezkoa izanez gero.

Hortaz, hezkuntza laguntzako premiak dituzten ikasleei erantzuna emanen zaie irakasle guztien parte-hartzea duen eta tutoreak koordinatzen duen erantzun arruntetik.

Salbuespen gisa ohiko ikasgelatik kanpo laguntza ezarri beharra justifikatu behar denean, erabaki horren arrazoia edo xedea, lortu nahi diren helburuak eta testuinguru arruntean premia horiei erantzuteko dagoen ezintasunaren zergatia zehaztuko dira. Halaber, esku-hartze hori zenbat denborarako aurreikusten den zehaztuko da.

Ikastetxe aldaketa edo ikaslea Oinarrizko Lanbide Heziketara bideratzea dakarren neurri bat proposatzeko, kasu berezia izan behar da, eta aniztasunari erantzuteko bide arrunt guztiak agortu ondoren soilik ezarriko da; horretarako ezarritako protokoloak zehatz-mehatz beteta kudeatu beharko da. Bideratze txostenetan zehaztu beharko da proposatzen den Oinarrizko Lanbide Heziketako irakaskuntzak zer eskaintzen dion ikasleari, eremu normalizatuago batean bete ezin dena.

Ikastetxeetan ezartzen diren antolaketa, metodologia eta curriculum neurri guztien helburua izan behar da erantzun inklusibo bat eskaintzea, sustatuko duena ikasleak ibilbide akademiko batean mantentzea zeinak ahalbidetuko baitu zikloa bukatzea horretarako ezarritako epean.

Ikastetxe bakoitzeko Aniztasunari Erantzuteko Planak ikastetxe horren irizpideak eta baliabideen eta neurrien antolaketa jasoko ditu. Irakasle-taldeen proposamenak jaso ondoren, ikasketaburutzak ikasleen premiei dagokien laguntza antolatuko du hezkuntza orientabidearen arduradunen aholkuei jarraikiz eta AEPn ezarritakoa kontuan hartuz. Halaber, lehentasuna emanen zaio Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleen arretari eta zainduko da Lanbide Heziketako zikloetako mailetarako trantsizioa.

Hezkuntza arloko osasun premiei erantzuteko helburuarekin, iraileko lehen hamabostaldian ikastetxeetako zuzendaritzen eta lehen mailako arretako zentroen zuzendaritzen artean bilera bat egiteko beharra dagoela ezartzen da, gaixotasun kroniko bat diagnostikatu zaien edo zaintza espezifikoak behar dituzten ikasleen kasuak aztertzeko, 2019-2020 ikasturtean zehar ikastetxeetan prestakuntza jarduerak koordinatzea eta/edo egitea behar bada.

17.2. Aniztasunari Erantzuteko Nafarroako Plan Estrategikoaren ezarpena.

2018-2019 ikasturtearen hasieran aniztasunari erantzuteari dagokionez ikastetxeek egindako autoebaluazioa oinarri hartuta, ikuspegi inklusiboz aniztasunari erantzuteari buruzko hobekuntza proposamenak ondorioztatu ziren; proposamen horiek irakaslanaren biurteko hobekuntza planean eta Aniztasunari Erantzuteko Planean jaso ziren.

Prozesu hori sustatzeko, ikastetxe bakoitzak talde eragile bat izanen du, ikastetxeetan hobekuntza proposamenak aplikatzen direla zaintzeaz arduratuko dena. Talde eragile hori osatuko dute zuzendaritza taldeko pertsona batek, orientatzaileak eta inklusioarekin bereziki sentsibilizatutako bi edo hiru irakaslek.

Urteko Jarduketa Planean sartuko da plan horren diseinua, ikastetxe bateratuen kasuan, eta urteko programazio orokorrean, BHIen kasuan, 2019-2020 ikasturtean. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio plan hori gainbegiratzea, ikastetxeen Urteko Jarduketa Planari eta Urteko Programazio Orokorrari jarraipena egin eta gainbegiratzeko esparruaren barrenean.

17.3. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei ematen zaizkien erantzun espezifikoak Lanbide Heziketan.

Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, honako berariazko erantzun hauek ematen zaizkie hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei:

a) Hezkuntza Departamentuaren aldetik:

–Onarpena. Lanbide Heziketako irakaskuntzetan onartzeko prozesuan, talde bakoitzeko ikaspostu bat erreserbatuko da hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat, eta beste bat, desgaitasunak dituzten ikasleentzat.

–Erdi mailako edo goi mailako zikloetan sartzeko probak. Egokitzapenak eginen dira, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz.

b) Ikastetxeen aldetik:

–Martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 7. artikuluan ezarritako neurriak aniztasunari erantzuteko, bai hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat (sartzeko curriculum egokitzapenak-SCE; ikasle bakoitzaren beharretara egokitutako prestakuntza ibilbide bat sortzea), bai adimen gaitasun handiko ikasleentzat (curriculuma aberasteko programak).

Egokitutako prestakuntza ibilbide bat sor daiteke “ebaluazio deialdiari uko egiteko” mekanismoa erabiliz, martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 24. artikuluan ezarritakoaren arabera. Egokitutako prestakuntza ibilbide bat sor daiteke, halaber, behar bezala akreditatutako osasun arazo larriak dituzten ikasleentzat.

–Deitzen diren proba berariazkoetan, tresnak egokituko dira, bai eta, behar denean, denborak eta laguntzak ere.

–Moduluren bat suspendituta ikasmailaz igotzen diren ikasleentzat ikaskuntzak errekuperatzeko programa berariazko bat prestatuko da; programa horretan, proposatzen diren neurriek ukitzen dituzten irakasleek parte hartuko dute. Errekuperazio programa horretan, Lantokietako Prestakuntza aldian eskola zuzeneko orduak gutxitu zaizkien irakasleek hartuko dute parte, Lantokietako Prestakuntzak iraun bitartean.

–Ikasleei eta gurasoei edo legezko ordezkariei (adingabeak izanez gero) adieraztea badutela aukera amaierako ebaluazio deialdiari uko egiteko, ikasturteko 4 modulutan, eta gehienez hiru ikasturtez egon daitezkeela erdi eta goi mailako zikloko lehen mailan.

17.4. Orientazio gida, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat.

Hezkuntza Departamentuak beharrezko jotzen du estrategiak diseinatzea hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleek prestakuntza eta lanbide ibilbide arrakastatsua izan dezaten.

Horretarako, Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoan xedatutakoarekin bat, Lanbide Heziketan sartzeari eta enplegua lortzeari buruzko orientazio gida bat egin da, bai eta kolektibo bakoitzarentzako informazio eta orientazio ekintza espezifikoak ere, Aniztasunari Erantzuteko Nafarroako Plan Estrategikoan (2017-2018, 2010-2021) jasotakoarekin koordinatuta. Aipatu Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoaren 2. ARDATZEAN (“Gure gizartearen kohesioari eta jasangarritasunari ekarpena” izenekoan), izan ere, bat egiten dute gure gizartearen lurralde kohesioarekin eta kohesio pertsonalarekin lotutako helburuek eta jarduketa neurriek, zeinak bultzatu nahi baitiren, eta, zehazki, ardatz horren helburuetako bat da prestakuntza hori kolektibo bakoitzaren beharretara egokitzea, horiek Lanbide Heziketan sartzea errazteko.

2019-2020 ikasturtean, lehen aipatutako gida igorriko zaie ikastetxeei, laguntza izan dadin hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei buruzko erabakiak hartzeko.

Hezkuntza Departamentuaren web-orrian daude agiri horiek, “Orientazioa” izeneko atalean, helbide honetan:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/acceso

IV. KAPITULUA

Lanbide Heziketako ikasketak garatzeko jarraibideak

18.–Oinarrizko Lanbide Heziketa - Lanbide Lantegiak.

Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak Nafarroan arautzen dira Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 6ko 66/2016 Foru Aginduaren bidez.

Lanbide Lantegiak, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren V. kapituluan eta otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren Lanbide Heziketako prestakuntza programak, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 6ko 65/2016 Foru Aginduaren bidez daude arauturik Nafarroan.

Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 6an emandako 67/2016 Foru Aginduaren bidez arautu, onetsi eta garatu da Nafarroan Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan eta Lanbide Lantegietan sartzeko modua.

18.1. Esku hartzea absentismoaren aurrean.

Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan eta Lanbide Lantegietan erabateko eskolatzea lortzeko eta absentismoa murrizteko, batera eta testuinguruari helduta jardun behar dute hezkuntza komunitate osoak, oinarrizko gizarte zerbitzuek, Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atalak eta fiskaltzak.

Arazoa diagnostikatu eta hari aurre egiteko, ikastetxeek absentismoaren protokoloa erabili behar dute. Bertan, esku hartzeko bost maila zehazten dira, absentismoaren larritasunaren edo jarraitutasunaren arabera, baita maila bakoitzean gauzatu beharreko ekintzak ere. Esku hartzeko maila bakoitzean, ikastetxeak kasuaren jarraipena egin beharko du, aldian behin egoeraren berri emanez eta koordinazio bilerak eginez erakunde desberdinetako kideekin (Sarea, Haurrei eta Nerabeei Arreta Emateko Taldea, Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetza, Fiskaltza...).

18.2. Irakaskuntza hauen ebaluazioa arautzen duen foru agindua tramitatzea.

2019-2020 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak foru agindu bat tramitatuko du arautuko dituena Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako eta Lanbide Lantegietako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen ziurtapena, behin gobernu zentralean erabaki ondoren zer baldintzatan eginen den tramitazioa eta, kasua bada, onetsita Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzeko Lege Organikoaren Proiektua.

Horretarako, hasierako parte-hartze prozesu bat ezarriko da Oinarriko LHko zikloak eta Lanbide Lantegiak ematen dituzten ikastetxeekin.

Hona hemen hausnartzeko proposatuko diren ideiak, ebaluazio araudi berriko gako elementu gisa:

–Ikaskuntza metodologia berriak aplikatzen dituzten Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan, ikaskuntza ingurune berriarekin bat etorriz, ebaluazioaren helburua izanen da ikasleen ikaskuntza baloratzea, eta ikaskuntza hori metodologia proiektuan zehaztutako gaitasunak lortzera bideratzea.

–Etengabeko ebaluazioa irmoki sustatzea eta garatzea, hori baita metodorik egokiena ikasleek gaitasunak progresiboki eskuratzen dituzten neurtzeko eta ikasleek ezagutzak barneratzen ote dituzten egiaztatzeko.

–Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan aniztasunari erantzuteko printzipioa era antolatuan eta metodologikoan garatzea, eta hura baliatzea zikloak denboran eta espazioan antolatzeko ohitura (bi kurtso desberdin) alde batera uzteko; halaber, neurri hori antolatzea, bi kurtsotan garatzeko modukoa izan dadin.

–Aniztasunari erantzuteko hainbat neurri definitzea: hezkuntza laguntza eta errefortzua, eta curriculum egokitzapenak egitea etengabeko ikaskuntzako gaitasunei lotutako moduluen kasuan, besteak beste.

–Lantokiko Prestakuntza izeneko modulua arautzea, kontuan hartuta irakaskuntza horien berezitasuna, bai eta zikloan jarraitzeko, mailaz igotzeko eta titulazioa lortzeko irizpideak ere.

Oinarrizko LHko zikloetan eta Lanbide Lantegietan ebaluazioa arautuko duen hurrengo foru aginduan ezartzen dena aplikatzekoa ez den kasuetan, ikastetxeek hartzen dituzten metodoen bidez, ikasleen ikasteko erritmo desberdinak aintzat hartuko dira, ikasleek beren kabuz ikasteko gaitasuna sustatuko da eta taldeka eta elkarlanean ikastea bultzatuko da.

Ikasteko zailtasunak hauteman bezain laster, aniztasunari erantzuteko neurriak jarriko dira martxan, antolaketaren nahiz curriculumaren eremuan. Modulua ematen duten irakasleen ardura izanen dira Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako ikasleen curriculum egokitzapenak. Taldeko tutoreari egokitzapen horien berri eman beharko zaio. Hezkuntza orientabidearen ardura dutenek irakasleak aholkatuko dituzte, eta haiekin elkarlanean arituko dira egin nahi diren curriculum egokitzapenak prestatzeko.

18.3. Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzea.

Egun indarrean den araudian aldaketak egiten ez diren artean, Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. mailako ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortuko dute, baldin eta irakasle-taldeak heziketa zikloaren azken ebaluazioan irizten badio eskuratu dituztela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuak eta berenganatu dituztela dagozkien gaitasunak, betiere honako jarraibide hauen arabera:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko beharrezkoa izanen da ikasleari “curriculuma aberasteko” egokitzapenak egin izana Komunikazioa eta Gizartea II eta Zientzia Aplikatuak II moduluen bigarren mailan, eta egokitzapen hori behar bezala erregistratu beharko da ebaluazioa kudeatzeko Educa sisteman, lehenengo ebaluazio partzialetik.

“Curriculuma aberasteko” neurri hori aplikatuko zaie ikasleen batez besteko curriculum maila baino handiagoa duten ikasleei, zikloari dagozkion gaitasun eta helburuak ahalik eta gehien garatzeko aukera izan dezaten. Etengabeko ikaskuntzako gaitasunei lotutako moduluen kasuan, berriz, ikasleek DBHko graduatu titulua lor dezaten ezartzen da curriculuma aberasteko neurria.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken kalifikazioa izanen da Komunikazioa eta Gizartea I eta II moduluetan eta Zientzia Aplikatuak I eta II izenekoan lortzen den kalifikazioaren batezbestekoa.

c) Batezbestekoa hurbileneko ehunenera biribilduko da, eta goitik eta behetik distantzia bera baldin badago, goikora.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun tituluak bide ematen du maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.4 artikuluan jasotako derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzetara sartzeko, irakaskuntza bakoitzerako ezartzen diren baldintzekin bat.

18.4. Lanbide Lantegietako ikasleek erdi mailako zikloetan sartzeko proba gainditu izanaren ziurtagiria lortzea.

Ekainaren 6ko 65/2016 Foru Aginduaren 24. artikuluak ezartzen du Lanbide Lantegi bat gainditzen duen ikasleak erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko proba gainditu izanaren ziurtagiria lortuko duela.

2020ko probetarako dei egin eta haiek arautzen dituen ebazpenak arautuko du ziurtagiri hori lortzeko prozedura.

19.–Orientazio neurriak eta Lanbide Heziketako ikasleek ikasketak buka ditzaten sustatzeko neurriak.

19.1. Lanbide Heziketako zikloei buruzko orientazio agiriak.

Azken ikasturteetan, Lanbide Heziketako ikastetxeen sare publikoko eta itunduko irakasleek lankidetzan jardun dute “PISTAK” izeneko dokumentazio bat prestatzen, Lanbide Heziketako zikloak egin nahi dituzten pertsonei orientazioa emateko. “PISTAK” izeneko dokumentazio horretan, alderdi hauen informazioa ematen da, besteak beste: zikloa egiteko gomendatzen diren aurretiazko ezagutzak, zikloa egiteko eta lanbidean aritzeko beharrekotzat jotzen diren abileziak eta ezaugarriak, egoki jotzen den dedikazio denbora, zailtasun handiagoa izaten duten lanbide moduluak, eta orientazioari buruzko beste alderdi orokor batzuk.

Hezkuntza Departamentuaren web-orrian daude agiri horiek, “Orientazioa” izeneko atalean, helbide honetan:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/acceso

2019-2020 ikasturtean, agiri horiek berrikusi eta eguneratu eginen dira; hortaz, beharrezkoa izanen da ikastetxeek laguntza ematea, baldin Lanbide Heziketaren Zerbitzuak izendatutako pertsonek hala eskatzen badiete.

19.2. NORA. Lanbide Heziketako orientaziorako tresna gamifikatua.

2018-2019 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak NORA izeneko orientazio tresna gamifikatua garatzen hasi zen, Lanbide Heziketako zikloak egin nahi dituzten pertsonek eskura duten baliabide berri bat, zeinetan, bateratuz norberaren ezaugarri eta gaitasunak, pertsona bakoitzarentzat egokiak diren zenbait heziketa ziklo proposatzen baitira.

2019-2020 ikasturtean zehar, Hezkuntza Departamentuak tresna hau inplementatuko du, aukera berriak emate aldera lortzen den heziketa zikloen amaierako proposamenean.

19.3. Lanbide Heziketako ikasleek ikasketak buka ditzaten sustatzeko neurriak.

Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, maila guztietan, ikasle askok uzten dituzte ikasketak, eta Hezkuntza Departamentuaren kezketako bat da hori. Horrek, izan ere, sistemak porrot egin duela esan nahi du, eta, horrez gain, arazo bat da ikasketak uzten dituzten pertsona horientzat, haien prestakuntza ibilbidea eta laneratze aukerak zapuzten baitira. Tasa hori gutxitzeko, hezkuntza komunitate guztiak elkarrekin egin behar du lan, testuingurua kontuan hartuta, eta, beharrezkoa balitz, baita beste erakunde batzuek ere.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuan aurreko ikasturteetan egindako lanaren ondoren, Lanbide Heziketako irakaskuntzen ikasmaila bakoitzean dauden abandonu datuak bildu eta erregistratzeari dagokionez, 2019-2020 ikasturtean planifikatuko da analisi talde baten lana, zeina osatuko baitute Lanbide Heziketaren Zerbitzuko langileek eta ikastetxeek izendatutako langileek.

Lortutako datu eta ondorioen arabera, jarduketa neurri orokorrak diseinatuko dira, besteak beste, Lanbide Heziketako irakaskuntzen abandonu tasa murrizteko, baita Lanbide Heziketako irakaskuntzen maila bakoitzerako jarduketa-neurri berariazkoak ere.

20.–Ebaluazioa eta hobekuntza.

Ebaluazioak etengabeko hobekuntzaren zerbitzuan egon behar du, eta lehen mailako laguntza eta baliabide gisa hartu behar da, hobeki ezagutzen laguntzen baitu Lanbide Heziketako ikasketei buruz ikastetxeetan egiten diren hezkuntza jardueren ondorioak eta errealitatea. Alde horretatik, sustapen eta titulazio tasak hobetze aldera hobekuntza planean sartu beharreko neurriak eta esparruak ezartzeko orduan, kontuan hartuko dira ikasleen emaitzak (behar diren neurriak hartzeko informazio eta hausnarketa iturri izan beharko direnak) eta ikastetxeak bere jarduketa esparruko ekoizpen eta zerbitzu sektoreari buruz egindako beste analisi batzuen emaitzak.

Orobat, ikasleek ikasturtea hasi eta ez bukatzea eragiten duten egoera guztiak aztertu beharko dira, eta horretaz hausnartu, arrazoia edozein izanik ere; azterketa hori kontuan hartu beharko da ezartzeko zer esparru eta neurri sartu behar diren hobekuntza planean, Lanbide Heziketako ikasketak uzten dituzten ikasleen tasak murrizteko.

Hezkuntza Departamentuak bere azterketak egin ahal izateko, ikastetxeetako zuzendariek segurtatu behar dute, ezartzen duten barne prozeduraren bidez, behar bezala beterik egotea Educan honako hauek, gutxienez, gertatzen diren egunean:

–Ikasleen datu pertsonal guztiak.

–Heziketa ziklo bakoitzeko ebaluazio partzialei buruzko datu guztiak.

–Amaierako ebaluazio arruntari eta, behar denean, ebaluazio bereziei buruzko datu guztiak. Datu hauek, modulu bakoitzean lortutako zenbakizko kalifikazioaz gain, zenbakizko kalifikazioen eta zenbakizkoak ez diren kalifikazioen erregistro sistema ere jaso beharko dute, zeina ezarrita baitago martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan.

–Matrikulak baliogabetzeari, matrikulei uko egiteari eta bajei buruzko datu guztiak, berariaz adierazita matrikularen baliogabetzearen, uko egiteen eta bajen arrazoia, bat etorriz martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan ezarritakoarekin.

–Honako hauei buruzko datu guztiak: moduluen deialdiei uko egitea eta matrikulen baliogabetzeak (hurrengo ikasturterako plaza erreserbatuta).

Betiere, ikastetxeetako zuzendariek segurtatu beharko dute ezen datu horiek guztiak, 2019-2020 ikasturteari buruzkoak, osorik bete direla 2020ko ekainean ikasturtea amaitzeko ezarritako egunerako, eta egun horretan eman beharko dio horren berri Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari.

21.–Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko ikastaroa.

Garatzen ez den bitartean Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (kontuan hartuta Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak emandako idazketan) aipatzen dituen ikasgaiak arautzen dituen oinarrizko araudia, Hezkuntza Departamentuak jarraitzen du apustu egiten haiek “goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” izeneko ikastaro batean antolatzearen alde.

Ikastaro horren arauketa 2019-2020 ikasturterako, bai eta hartan onartuak izateko prozesuaren arauketa ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen da, zeina 2019ko urriaren hasieran eginen baita. Ikastaro horren eskolak urriaren bukaeran hasiko dira. Sartzeko ikastaroa 2020ko ekainean amaituko da, Lanbide Heziketako irakaskuntzen ikasturte amaierarako ezarritako datetan.

22.–NL-NEZn profesionaltasun ziurtagirien eta/edo ziurtagiri partzial metagarrien eskaera tramitatzeko jarraibideak.

Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 12ko 2/2017 Foru Aginduak Nafarroako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleek profesionaltasun ziurtagiriak eta egiaztagiri partzial metagarriak eskatzeko prozedura arautzen du.

Horretarako, komeni da honako jarraibide hauek nabarmentzea:

a) Eskaerak tramitatzea:

–Ikastetxe publikoen eta ikastetxe pribatu itunduen kasuan, ikastetxe bakoitzak bere ikasleen profesionaltasun ziurtagiriak eta/edo egiaztagiri partzial metagarriak egiteko proposamena igorriko dio NL-NEZri, hala eskatu duten ikasleentzat, ondoren adierazten den dokumentazioarekin batera.

–Nafarroako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako zikloak eta programak emateko baimena duten entitateen, erakundeen eta ikastetxe pribatuen kasuan, zer ikastetxe publikori dauden atxikita, hara bidali beharko dituzte beren ikasleen eskaerak, ondoren adierazten den dokumentazioarekin batera. Gero, ikastetxe publikoek NL-NEZra bidaliko dituzte dagozkion profesionaltasun ziurtagiriak eta/edo egiaztagiri partzial metagarriak.

b) Honako hau da profesionaltasun ziurtagiriak eta/edo egiaztagiri partzial metagarriak egiteko proposamenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, urtarrilaren 12ko 2/2017 Foru Aginduaren 2. eta 5. eranskinetan jasotako ereduekin bat, hurrenez hurren:

–Profesionaltasun ziurtagiriaren banakako eskaera eta/edo egiaztagiri partzial metagarrien banakako eskaera, kasuan-kasuan dagokiona, urtarrilaren 12ko 2/2017 Foru Aginduaren 1. eta 4. eranskinetan jasotako ereduekin bat, hurrenez hurren.

–NANaren/AIZren/pasaportearen fotokopia.

–Ikasle bakoitzaren ziurtagiri akademiko ofiziala. Horretan, gainditutako lanbide moduluak eta egiaztatutako gaitasun unitateak agertuko dira, bai eta Lantokiko Prestakuntza moduluan edo Lantokiko Prestakuntza moduluko prestakuntza unitatean lortutako “gai” kalifikazioa ere, profesionaltasun ziurtagirian sartuta dagoen lanez kanpoko praktika profesionalen modulua gainditu izana egiaztatu ahal izateko.

c) Ikastetxeek irteera-erregistroa eman beharko diote “Profesionaltasun ziurtagiria egiteko proposamena” izeneko agiriari, eta, eransten den dokumentazio guztiarekin batera, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentralen erregistroan edo Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan aurkeztuko dute.

d) Behin profesionaltasun ziurtagiriak eta egiaztagiri partzial metagarriak eman ondoren, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kasuan kasuko ikastetxeei bidaliko dizkie.

Nafarroako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako zikloak eta programak emateko baimena duten entitateen, erakundeen eta ikastetxe pribatuek, zer ikastetxe publikori dauden atxikita, handik hartuko dituzte dagozkion ziurtagiri eta egiaztagiriak, eta agiri horiek gordetzeko eta interesdunei entregatzeko ardura izanen dute, urtarrilaren 12ko 2/2017 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz.

23.–Proiektuko modulua.

2019-2020 ikasturtean, Nafarroako curriculumean eskola-ordurik ez duen goi mailako zikloetako Proiektuko moduluaren kasuan, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 191/2018 Ebazpenean xedatutakoari jarraituko zaio.

24.–Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren (LOGSE aurrerantzean) babesean ezarritako Lanbide Heziketako ikasketetatik maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE aurrerantzean) arabera ezarritakoetara pasatzea.

Titulu berriak ezartzeko prozesuan, zeinean LOGSEko curriculumaren eta LOEko curriculumaren araberako mailak batera izanen baitira ezinbestean, egoera horrek sortzen dituen egoera bereziak jarraian azaltzen diren ataletan jasotako xedapenen arabera konponduko dira.

24.1. 2018-2019 ikasturtean LOGSEko zikloen lehen maila egin duten ikasleak (ziklo horien ordez, LOEko ziklo berriak ezarriko dira 2019-2020 ikasturtean).

a) LOGSEko zikloetako lehen maila egin baina bigarren mailara igarotzen ez diren ikasleak.

LOGSEko curriculumeko lehen maila egin eta LOGSEren araberako teknikari eta goi mailako teknikari tituluen bigarren mailara igarotzerik ez duten ikasleek LOEren ondorioz ezarritako curriculum berriaren arabera jarraitu beharko dute heziketa zikloa. Hala dagokionean, bidezkoak diren lehen mailako moduluak balioztatuko zaizkie, eta ziklo berriko gainerako moduluak egin beharko dituzte. Kasu horretan, ikasleek deialdi kopuru hau edukiko dute modulu bakoitzeko:

a1) LOEko curriculumeko moduluekin baliozkotzen ahal diren moduluen kasuan, titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera, baldin eta gainditu ez badira, LOGSEren araberako heziketa zikloko kurtsoan edo kurtsoetan ahitu diren deialdiak ondorio guztietarako ahitutzat joko dira. Beraz, ikasleek izanen dituzte martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan ezarritako gehieneko deialdi kopurua (hau da, lau deialdi arrunt eta aparteko bi deialdi) bete arte kasuan-kasuan gelditzen zaizkienak.

a2) Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikasleek lau deialdi arrunt eta aparteko bi deialdi izanen dituzte modulu bakoitzeko, martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan ezarritako moduan.

b) LOGSEko zikloetako lehenbiziko maila egin ondoren, moduluren bat gainditu gabe 2. mailara igarotzen diren ikasleak.

LOGSEko curriculumeko lehen maila egin duten ikasleek moduluren bat gainditu gabe utzi eta LOGSEren araberako teknikari eta goi mailako teknikari tituluen bigarren mailara igarotzerik badute, LOGSEko curriculumaren arabera jarraituko dute heziketa zikloa. Halakoetan, ikastetxeak behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu, lehenbiziko mailan utzitako moduluak gainditu ahal izateko gelditzen zaizkien deialdietan gainditzeko modua izan dezaten, gaur egun egiten den bezala.

24.2. 2018-2019 ikasturtean LOGSEko zikloen bigarren maila egin duten ikasleak (ziklo horien ordez, LOEko ziklo berriak ezarri ziren 2018-2019 ikasturtean).

a) LOGSEko zikloetako 2. mailako ikasleak, 2. mailako modulu guztiak gainditu gabe uzten dituztenak.

LOGSEko zikloetako bigarren maila egin eta maila horretako modulu guztiak gainditu gabe uzten dituzten ikasleek LOEren ondorioz ezarritako curriculum berriaren arabera jarraitu beharko dute heziketa zikloa. Hala badagokio, bidezkoak diren lehen mailako moduluak balioztatuko zaizkie, eta kasuan kasuko mailako (dela lehenengoa dela bigarrena) gainerako moduluak egin beharko dituzte LOEko heziketa zikloaren arabera.

Deialdi kopuruari dagokionez, eranskin honen 23.1.a1) eta 23.1.a2) oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio. Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOEren araberakoa izanen da.

b) LOGSEko zikloetako 2. mailako ikasleak, 2. mailako moduluren bat gainditu gabe uzten dutenak.

LOEko curriculumaren bidez ordeztu den LOGSEko ziklo bateko bigarren maila egin duten ikasleek bigarren mailako moduluren bat (ez guztiak) gainditu gabe utzi badute, honako aukera hauek izanen dituzte:

b1) Hurrengo bi ikasturteetan LOGSEko curriculumaren arabera segitzea heziketa zikloa, honako xedapen hauetan adierazten den moduan:

–Titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, baldin eta gainditu ez badira, LOEren araberako heziketa zikloaren curriculum berria osatzen duten lanbide moduluen klaseetara joan beharko dute ikasleek, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.

–Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikastetxeak, eskura dituen baliabideen arabera, giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu ikasleei kasuan kasuko moduluak gainditzen laguntzeko, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko zaizkie. Aipatutako baliabide horien artean, ikastetxeak erabaki dezake ikasle horiek LOEko curriculum berriko lanbide moduluen klaseetara joan behar dutela, baldin eta horien edukiek, ikaskuntza emaitzek eta ebaluazio irizpideek gainditu gabe utzi dituzten LOGSEko modulua(k) gainditzen laguntzen baldin badiete.

Halaber, ikasleak, bigarren mailako moduluez gain, lehenbiziko mailako batzuk ere gainditzeke dituenean, 23.2.b1) azpiatalean ezarri dena aplikatuko da.

Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOGSEren araberakoa izanen da.

b2) LOEren ondorioz ezarritako curriculum berriaren arabera jarraitzea heziketa zikloa. Horrek berekin dakar, bidezkoak diren modulu balioztatzeak egin ondoren, ikasleek LOEko curriculum berria osatzen duten gainerako modulu guztiak egin behar izatea, dela lehenengo mailan dela bigarrenean.

Deialdi kopuruari dagokionez, eranskin honen 23.1.a1) eta 23.1.a2) oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio. Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOEren araberakoa izanen da.

LOGSEko ziklo bateko bigarren maila egin duten ikasleen kasuan, LOGSEko ziklo horren ordez LOEko curriculumaren araberako zikloa oraindik ezarri ez duen ikastetxe batean ikasi badute eta maila horretako moduluren bat (ez guztiak) gainditu gabe utzi badute, honako hau egin beharko dute:

b3) Beste ikastetxe batean LOGSEko curriculumaren araberako heziketa zikloa bukatzea, baldin eta ikastetxe honetan LOEko behar den curriculumak ordezkatu badu LOGSEko ziklo hori. Hurrengo xedapen hauen arabera antolatuko da:

–Titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, baldin eta gainditu ez badira, LOEren araberako heziketa zikloaren curriculum berria osatzen duten lanbide moduluen klaseetara joan beharko dute ikasleek, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.

–Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikastetxeak, eskura dituen baliabideen arabera, giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu ikasleei kasuan kasuko moduluak gainditzen laguntzeko, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko zaizkie. Aipatutako baliabide horien artean, ikastetxeak erabaki dezake ikasle horiek LOEko curriculum berriko lanbide moduluen klaseetara joan behar dutela, baldin eta horien edukiek, ikaskuntza emaitzek eta ebaluazio irizpideek gainditu gabe utzi dituzten LOGSEko modulua(k) gainditzen laguntzen baldin badiete.

Halaber, ikasleak, bigarren mailako moduluez gain, lehenbiziko mailako batzuk ere gainditzeke dituenean, 23.2.b1) azpiatalean ezarri dena aplikatuko da.

Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOGSEren araberakoa izanen da, hasitako curriculumarekin bat.

24.3. 2018-2019 ikasturtea bukatuta, LOGSEko zikloren bat gainditu gabe duten ikasleak (ziklo horien ordez, LOEko ziklo berriak ezarri baziren 2017-2018 ikasturtean).

LOGSEko bigarren maila egin duten ikasleek moduluren bat gainditu gabe utzi badute lau deialdi arruntak ahitu gabe, LOGSEko zikloko 2. mailan jarraituko dituzte beren ikasketak, honako xedapen hauetan adierazten den moduan:

–Titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, baldin eta gainditu ez badira, LOEren araberako heziketa zikloaren curriculum berria osatzen duten lanbide moduluen klaseetara joan beharko dute ikasleek, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.

–Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikastetxeak, eskura dituen baliabideen arabera, giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu ikasleei kasuan kasuko moduluak gainditzen laguntzeko, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko zaizkie. Aipatutako baliabide horien artean, ikastetxeak erabaki dezake ikasle horiek LOEko curriculum berriko lanbide moduluen klaseetara joan behar dutela, baldin eta horien edukiek, ikaskuntza emaitzek eta ebaluazio irizpideek gainditu gabe utzi dituzten LOGSEko modulua(k) gainditzen laguntzen baldin badiete.

Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOGSEren araberakoa izanen da.

24.4. LOGSEko zikloak gainditu gabe dituzten ikasleak, LOEko ziklo berriak ezartzeko prozesua, 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan hasia, bukatu ondoren.

Ikastetxeek egoera horretan dauden ikasleen edo ikasle ohien berri eman beharko diote Lanbide Heziketaren Zerbitzuari. Kasu horietan, ikasle horientzat aparteko deialdi berariazko bat eginen da 2019-2020 ikasturtean, LOGSEko kasuan kasuko teknikari edo goi mailako teknikari titulua lortu ahal izateko.

24.5. LOGSEko zikloak gainditu gabe dituzten ikasleak, LOEko ziklo berriak ezartzeko prozesua, 2009-2010, 2010-2011, 2011-2012, 2012-2013, 2013-2014 eta 2014-2015 ikasturteetan hasia, bukatu ondoren.

Ikastetxeek egoera horretan dauden ikasleen edo ikasle ohien berri eman beharko diote Lanbide Heziketaren Zerbitzuari. Ikasle horiek teknikari titulua edo goi mailako teknikariarena lortu nahi izatera, LOEko titulua bakarrik lortzen ahalko dute; kasu horretan, bidezko baliozkotzeak tramitatu ondoren, falta dituzten moduluak gainditu beharko dituzte LOEren curriculumaren arabera. Ikasle horientzat aparteko deialdi berariazko bat eginen da 2019-2020 ikasturtean, LOEko kasuan kasuko teknikari edo goi mailako teknikari titulua lortu ahal izateko.

25.–Gainditu gabeko moduluak izanik, deialdi guztiak –arruntak eta bereziak– agortu dituzten ikasleak.

Ikastetxeek Lanbide Heziketaren Zerbitzuari adierazi beharko diote badirela ikasleak edo ikasle ohiak zeinek, heziketa ziklo bat eginda, gainditu gabeko moduluak dituzten, horietarako deialdi guztiak –arruntak eta bereziak– agortuta.

Ikasle horientzat aparteko deialdi berariazko bat eginen da 2019-2020 ikasturtean, LOEko kasuan kasuko teknikari edo goi mailako teknikari titulua lortu ahal izateko.

Hala bada, deialdi horren jarraipena eta ebaluazioa egiteaz arduratuko diren ikastetxeko irakasleak hauek izanen dira: dagokien ikasleen amaierako ebaluazioaren deialdietan parte hartu ez eta ukitutako moduluan edo moduluetan irakas-lana esleituta duten irakasleak. Ikastetxeko zuzendaritzaren eskumena izanen da aparteko deialdi berariazko horretaz arduratuko diren irakasleak izendatzea.

Ikastetxean ez badago baldintza hori betetzen duen irakaslerik, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak izendatuko ditu, aparteko deialdi berariazko honen arduradun gisa, ukitutako moduluan edo moduluetan irakas-lana esleituta duten eta destinoa beste ikastetxe batzuetan duten irakasleak.

Baldin eta irakasleek edo irakasle ohiek frogatzen badituzte gainditu gabeko moduluarekin edo moduluekin bat datozen gaitasun unitateak, ikastetxeak matrikula berezi bat eginen du, soilik espedientean jaso ahal izateko gainditu gabeko dena delako lanbide modulua edo modulua baliozkotu dela.

26.–Lanbide Heziketako teknikari titulua duten ikasleek Batxilergoko titulua lortzea.

Bat etorriz Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren ezarpen egutegia zabaltzeko presazko neurriei buruzko abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretuak ezarritakoarekin, harik eta Hezkuntzarako Estatu Itun sozial eta politikotik ateratzen den araudiak indarra hartu arte, Lanbide Heziketako teknikari titulua edo goi teknikari titulua duten ikasleek edo musikako edo dantzako lanbide ikasketen teknikari titulua dutenek aukera izanen dute Batxilergoko titulua eskuratzeko. Horretarako, ikasleek aukeratzen duten Batxilergoko modalitateko enborreko irakasgaien multzoko irakasgai orokorrak egin eta gainditu behar dituzte.

Helburu horrekin, Hezkuntza Departamentuak aukera ezarri du Batxilergoko titulua lortzeko asmoz 2019-2020 ikasturtean Lanbide Heziketako teknikari titulua edo goi mailako teknikari titulua lortzeko diren ikasketak egiten ari diren ikasleek Batxilergoko enborreko irakasgaien multzoko irakasgai orokorrak egin ditzaten helduentzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan, baldin eta adinaren baldintza betetzen badute.

Halaber, Lanbide Heziketako teknikari titulua edo goi mailako teknikari titulua izanik Batxilergoko titulua modalitate presentzialean lortu nahi duten ikasleek aukera izanen dute 2019-2020 ikasturtean LOMCE Batxilergoko musikako ikasketa profesionalak edo Lanbide Heziketa ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeetan onartuak izateko prozesuan parte hartzeko. Ikasle horiek Batxilergoko titulua lortzen ahalko dute, ikasleak aukeratzen duen Batxilergoko 1. eta 2. mailako irakasgai ardatzen multzoko irakasgai orokorrak eginda eta gaindituta.

27.–Goi mailako teknikari titulua duten ikasleak unibertsitatean sartzea.

Goi mailako teknikari titulua duten ikasleak matrikulatzen ahal dira “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan horretarako ematen den ikastaroan, unibertsitatean sartzeko ebaluazio proba prestatzeko. Irakaskuntza horietan matrikulatzen diren ikasleek eskubidea izanen dute ikaskuntzaren bilakaera egiaztatzeko ebaluazio prozesuan parte hartzeko. Hala ere, ebaluazio prozesu horretan lortutako kalifikazioek ez dute eskubidea emanen ikasketa espedientea aldatzeko.

Harik eta Hezkuntzarako Estatu Itun sozial eta politikotik ateratzen den araudiak indarra hartu arte, Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulua duten ikasleek aukera izanen dute unibertsitatean sartzeko ebaluazio proba egiteko, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaseigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetan. Adibide modura, probak zer ezaugarri eta baldintza dituen ikus daiteke abenduaren 22ko ECD/1941/2016 Aginduan, zeinak unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioaren ezaugarriak, diseinua eta edukia zehazten baititu 2016-2017 ikasturterako.

28.–Proba libreetarako berariazko deialdia, LH.I-eko eta LH.II-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzat.

LH.I-eko eta LH.II-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzako berariazko proba libreak Nafarroako Foru Komunitatean arautzeko Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 598/2014 Ebazpenean xedatutakoarekin bat, arau orokorretan jaso gabeko baliokidetza duten LH.I-eko eta LH.II-ko ikasketak osatu gabe dituztenek eskaera egin beharko diote Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari, LH.I-eko eta LH.II-ko ikasketa osatu gabeen baliokidetzak banan-banan ebatz ditzan hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako titulazio batekin, bai eta OHOko eta Batxilergokoenak ere, kasu hori bada.

Eskaera Lanbide Heziketako zuzendari nagusiari egin beharko zaio, eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da (Los Madrazo kalea, 17, beheko solairua, 28071 Madril), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren erregistro eta bulegoetan, betiere aipatu helbidera igorrita. Halaber, eskaera online tramitatzen ahalko da helbide honetan:

http://www.educacionyfp.gob.es/servicios-al-ciudadano/catalogo/gestion-titulos/estudios-no-universitarios/titulos-espanoles/equivalencias/equivalencias-con-fp.html

Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, ez bada I. eranskineko onespena ematen Datuak Egiaztatzeko Sistemaren bidez nortasun datuak egiaztatzeko (apirilaren 28ko 522/2006 Errege Dekretua), edo pasaportearen edo atzerritar txartelaren zein egoitza-baimenaren (aldi baterakoa edo behin betikoa) fotokopia, edo ikasketen bisarena (atzerriko ikasleen araubide berezia).

–Egindako ikasketen frogagiriak (ziurtagiri akademiko ofizialaren jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua edo, zein den kasua, titulua edo kalifikazioen liburua).

Egin eta gainditu behar duten hezkuntza sistemako prestakuntza zehazteko, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministeriotik ohar informatibo bat lortzen duten pertsonek, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari igorritako eskabide baten bitartez eta azaroaren 18ko 598/2014 Ebazpenean ezartzen den prozedurari jarraituz, zilegi dute eskatzea lanbide moduluen proba libreetarako berariazko deialdi bat egin dadila, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak baliokidetza-eskaeraren aldeko ebazpena emateko gainditu behar dituzten moduluak egiteko, hain zuzen.

Prozedura honi buruzko informazio guztia web-orri honetan eskura daiteke:

https://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/5514/Pruebas-libres-de-modulos-de-FP-para-personas-con-estudios-incompletos-de-FP-I-y-FP-II1

29.–Kofinantzaketan Europako Gizarte Funtsak parte hartzea. Eragiketak Lanbide Heziketan, Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuak.

Europako Gizarte Funtsaren Enplegu, Prestakuntza eta Hezkuntza Programa Operatiboan 2014-2020 aldirako parte hartzen duten ikastetxeek programa horretan parte hartzen jarraituko dute 2019--2020 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak zehazten duen moduan.

2017., 2018. eta 2019. urteetan zenbait ekintza egin dira Lanbide Heziketan, Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuak.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak eta Europako Gizarte Funtsak eskatzen dute eragiketa horietan inplikatutako ikastetxeetako irakasle eta ikasleen datuak jasotzea eta horien jarraipena egitea, bai eta programa horrekin kofinantzatutako eragiketekin lotutako jarduketa zehatz batzuk egiaztatzea ere. Datuak biltzeko eta jarduketak egiaztatzeko modua Hezkuntza Departamentuak behar bezala ezartzen duena izanen da.

30.–Txostenak egitea Lanbide Heziketako eskaintza planifikatzeko.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldatuak) 42. artikuluan ezartzen duenez, hezkuntza administrazioei dagokie Lanbide Heziketako ikasketen eskaintza programatzea. Hona hemen Hezkuntza Departamentuaren helburuak:

a) Prestakuntza guneak nola erabiltzen diren ezagutzea.

b) Eskura dauden guneak efizientzia handiagoz erabiltzea.

c) Guneen kudeaketan gardentasuna sustatzea, Lanbide Heziketako ikastetxeen sareak eskura dauden guneak nola erabiltzen diren jakin dezaten.

d) Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketako eskaintzaren plangintza orokorrari buruz hartu beharreko erabakietarako lagungarri bat izatea. Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako irakaskuntzen eskaintza, ahal den neurrian, goizeko txandetan antolatuko da, derrigorrezkoaren ondoko beste irakaskuntza batzuetan bezala; Batxilergoan, konparazio batera.

Hori helburu, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritza taldeak ikastetxean eskaintzen diren zikloen analisi bat egin beharko du, eta horren gaineko txosten bat prestatu, gutxienez honako alderdi hauek jasoko dituena 2019-2020 ikasturteari buruz:

a) Ikastetxeko prestakuntza guneen zerrenda: ikasgelak, laborategiak, lantegiak...

b) Prestakuntza gune bakoitzaren erabilera orduak egunez egun adierazten dituen taula, zein taldek erabiltzen duen adierazita. Goizeko erabilera orduak eta arratsaldekoak bereiziko dira. Ikasturtean zehar gune horien erabilera aldatuz gero, jakinarazi beharko da.

c) Arestian aipatutako helburuak lortzeko egokitzat hartzen diren proposamenak.

Txosten hori 2019ko abenduaren 31 baino lehen igorriko beharko zaio Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaritzari.

31.–Irakasle espezialistak kontratatzeko eskaera.

Lanbide Heziketako ikastetxeek irakasle espezialistak kontratatzea eska dezakete. Bi kasutarako aurreikusten da, oro har, horrelako irakasleak kontratatzea:

–Irakasle espezialistei dagozkien moduluak.

–Prestakuntzan lan munduko pertsonen parte-hartzea komenigarria duten moduluak.

Bi kasuetan, gehienez ere 150 orduz kontratatuko da espezialista ikasturte bakoitzeko. Bigarren kasuan, ez da hamar orduko edo hortik beherako kontratazio eskaerarik tramitatuko.

31.1. 2019-2020 ikasturterako irakasle espezialistak.

Ikastetxeetako zuzendaritzek dagoeneko egin dituzte eskaerak 2019-2020 ikasturterako espezialistak kontratatu daitezen, zeinak beharrezko baitira ikasturte guztian zehar eskolak emateko esleituta duten irakas-lanaren arabera dagokien moduluetan, bai eta 2019-2020 ikasturteko lehenengo hiruhilekoan edo lehengo hiruhilekotik aurrera modulu jakin batzuen prestakuntza prozesuan parte hartuko duten irakasle espezialistei dagozkien eskaerak ere.

2019-2020 ikasturtean zehar modulu jakin batzuen prestakuntza prozesuan (zeina 2020ko urtarriletik aurrera hasiko baita) parte hartzea komenigarria den irakasle espezialisten eskaera egiteko, azken eguna 2019ko azaroaren 22a izanen da.

31.2. 2020-2021 ikasturterako irakasle espezialistak.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren jarraibideekin bat eginen dira espezialisten kontratazio eskaerak 2020-2021 ikasturterako, honako data hauek kontuan harturik:

a) Irakasle espezialistei dagozkien moduluak ikasturte osoan zehar irakasteko kontratazio eskaerak 2020ko apirilaren 24a baino lehen egin beharko dira.

b) Modulu jakin batzuen prestakuntza prozesuan parte hartuko duten irakasle espezialistei dagozkien eskaerak epe hauetan egin beharko dira:

–2020ko apirilaren 24a baino lehen, 2020-2021 ikasturteko lehen hiruhilekoan hastekoak diren zerbitzuetarako.

–2020ko azaroaren 20a baino lehen, 2021eko urtarriletik aurrera hastekoa den irakaskuntzarako.

Horrenbestez, ikastetxeetako lanbide arloko departamentu didaktikoek aztertu beharko dituzte espezialistak kontratatzeko beharrak, eta bere ikastetxeko zuzendaritzari bidali beharko diote kontratazio proposamena 2019-2020 ikasturteko lehen hiruhilekoan. Proposamen horretan jaso beharko dira Hezkuntza Departamentuak eskatutako kontrataziorako datu guztiak. Eskaerek behar bezala oinarriturik egon beharko dute.

32.–Europass gehigarria.

Europass gehigarriak Lanbide Heziketako titulu ofizial bati eransten zaion agiri bat da, hirugarrenek hobeki ulertzeko helburua duena, batez ere beste herrialde bateko enplegatzaile edo erakundeek hobeki uler dezaten tituluaren esanahia, tituludunak eskuratutako gaitasunei dagokienez. Europass gehigarria ez da titulu ofizialaren ordezko bat, ingelesez azaltzen den osagarri informatibo bat baizik.

Gehigarri horretan tituludunak eskuratutako ezagupenak eta gaitasunak azaltzen dira, bere intereseko teknikari tituluari edo goi mailako teknikari tituluari dagokionez. Titulu ofizialetan ageri den informazioaren osagarri bat da, titulua hobeki ulertzeko, titulua egiten den herrialdetik kanpora, batez ere.

Ikasleak eskatuz gero, ikastetxeak behartuak daude gehigarri hori egin eta luzatzera, bat etorriz martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 32. artikuluan ezarritakoarekin, eta esteka hauetan dauden ereduen arabera:

–LOEko tituluak direnean:

http://todofp.es/orientacion-profesional/itinerarios-formativos-profesionales/movilidad/que-es-el-suplemento-europass/titulos-loe.html

–LOGSEko tituluak direnean:

http://todofp.es/orientacion-profesional/itinerarios-formativos-profesionales/movilidad/que-es-el-suplemento-europass/titulos-logse.html

33.–Baliozkotzeak Lanbide Heziketan.

Lanbide moduluak baliozkotuko dira Espainian indarrean den oinarrizko araudian ezarritakoaren arabera, bat etorriz martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren VII. kapituluan ezarritakoarekin.

Ikasleek eskaerak ikastetxean aurkezteko epea 2019ko urriaren 15ean bukatuko da. Ikastetxeak jasotako eskaerak Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministeriora bidaltzeko azken eguna 2019ko urriaren 30a izanen da.

34.–Erreklamazioak.

Lanbide Heziketako irakaskuntzetan gertatzen diren erreklamazioek kontuan hartu beharko dituzte martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan ezarritako alderdiak.

Ikasleei eta, horiek adingabeak izanez gero, legezko ordezkariei segurtatzeko ikasketen bilakaera eta errendimenduaren balorazio objektiboa eginen dela, eskatzen zaizkion argibide guztiak emanen dituzte irakasleak, eta, horretarako, ahalbidetuko dute probak, ariketak, lanak, produktuak eta abar ikustea, ikastetxeak ezarritako prozeduraren arabera.

Orobat, ikasleek edo, adingabeak izanez gero, haien gurasoek edo legezko ordezkariek zilegi izanen dute balorazio eta kalifikazioei buruzko argibideak eskatzea irakasleari. Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 21ean eman 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da.

Halaber, ikasleek eta, adingabeen kasuan, haien gurasoek edo legezko ordezkariek eskubidea izanen dute ebaluazioaren prozesua egiteko erabili diren agirien eta bestelako elementuen kopiak eskuratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.a) artikuluaren arabera.

Ikastetxeek zerbitzu hori gauzatzeko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tasak...) arautu beharko dute plangintza instituzionalaren beren agirietan.

Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduak, zeinak ezartzen baitu Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema, ezartzen du, 10.4 artikuluan, ezen modulu baten amaierako kalifikazioaren aurkako erreklamazioak aurkeztu eta gertatuko balitz kasuko departamentua pertsona bakar batek osatua izatea edo departamenturik ez izatea eta erreklamazioa jarri zaion modulua ikastetxean irakasle bakarrak emandakoa izatea, orduan ikastetxeko zuzendaritzak erreklamazio hori Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorri behar duela, erreklamazioa jarri eta hurrengo bi egun balioduneko epean.

35.–Trantsizioa martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren aplikazioan.

Erabakitzen denean ikasle batek ez duela mailaz pasatu behar eta, beraz, lehen maila errepikatu egin behar duela, erabaki hori martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

Erabakitzen bada ikasle bat ez dela sartuko Lantokietako Prestakuntza moduluan 2018-2019 ikasturtean eta 2019-2020 ikasturtean sartuko dela modulu horretan, modulu hori eginen du, eta, kasua bada, proiektuaren modulua edo beste modulu batzuk, ordura arteko antolaketaren arabera, dena delako erabakia hartzean indarrean zegoen araudia aplikatuta.

V. KAPITULUA

Hezkuntza Departamentuko beste irakaskuntzetarako ere amankomunak diren jarraibideak

36.–AbiesWeb eta eskolako liburutegia.

Ikastetxeek eskatuz gero, eskura dute AbiesWeb programa, eskolako liburutegien kudeaketa informatizaturako programa. Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak instalatu eta martxan jarriko du. AbiesWeb erabiltzeko oinarrizko ikastaroa eginen dute, eta ikastetxeak programaren arduradun izateko aukeratzen dituen pertsonak horretara joaten ahalko dira.

Eskolako liburutegiaren kudeaketaren arduradunei beste ordu bat edo beste bi ordu esleitzen ahal zaizkie kudeaketa informatikoa egiteko eta eskolako liburutegia garatzeko, betiere ikastetxeko ordutegia kontuan hartuta.

Eskolako liburutegiko arduradunen eginkizuna izanen da honako zeregin hauek egitea:

–Funts bibliografikoak eta bestelako materialak automatizatzea eta antolatzea.

–Mailegu sistema antolatzea.

  • Dagokion sektore profesionalarekin lotutako argitalpen zientifiko-teknikoak irakur daitezen bultzatzeko ekintzak sustatzea.

–Liburutegiaren aldetik laguntza ematea ikastetxean antolatzen diren programak eta proiektuak egiteko orduan.

  • Liburutegiaren ordutegia antolatzea, bai eskola-orduetan bai eskola-orduetatik kanpo, bai eta ikastetxeak zehaztutako beste ordutegi batzuk ere.

37.–Ikastetxeko hizkuntza proiektua.

Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetarako, aipatu proiektua aplikatzea borondatezkoa izanen da, bat etorriz Ikastetxearen Hizkuntza Proiektuaren prestaketa arautzen duen otsailaren 19ko 16/2019 Foru Aginduaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoarekin.

Borondatez hura aplikatzea erabakitzen duten ikastetxeek, otsailaren 19ko 16/2019 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz, ikastetxeko hizkuntza egoeraren diagnostiko bat eginen dute 2019-2020 ikasturtean, aurrez egina ez badute, ikastetxeko hizkuntza batzordearen bidez. Diagnostiko horretan jaso beharko da curriculum hizkuntzen erabilera eta presentzia, bai eta hezkuntza komunitateko parte-hartzaileen ezagutza linguistikoaren parte diren beste hizkuntzena ere, eta ezarriko da, adostasunez, zein izanen diren lortu beharreko helburu linguistikoak. Helburuak zehazteko eta diagnostikatzeko prozesuen emaitzak ikasturtearen amaierako memorian jasoko dira.

Ikastetxeek Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren aholkularitza izanen dute. Era berean, honako esteka honetan orientazio gida bat izanen dute eskura:

https://sites.google.com/educacion.navarra.es/plcnavarra/plcihp

Curriculumeko hizkuntzei dagokienez, ikastetxeek maila bakoitzean irakasgai bakoitza zer hizkuntzatan irakasten den zehaztu beharko dute Educa kudeaketa sisteman (Ikastetxearen menua - Ikasketa-plana - Irakasgaiaren hizkuntza).

38.–Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

38.1. Gaitasun digitala eta hezkuntzako teknologia.

Hezkuntza Departamentuak jarraituko du dagoeneko martxan dauden beste neurri batzuk sustatzen, hala nola banda zabal ultrazkarra hedatzeko plana eta zaharkitzen doan ekipamendu informatikoa berritzea.

Ikasturte honetan jarraipena emanen zaio Hezkuntzaren Eraldaketa Digitalerako estrategiari, bat-bat ereduaren arabera (ikasle bat, gailu bat). Horretarako, ikastetxeei orduak eman zaizkie ikastetxeko eraldaketa digitalaren arduradunarentzat.

Ikastetxeetako eta ikasgelako prozesuetan hezkuntza teknologiak integratzera bideratutako bi figura dira hezkuntza teknologiaren koordinatzailea eta hezkuntzaren eraldaketa digitalaren arduraduna.

–Hezkuntza teknologiaren koordinatzailea ikastetxeko prozesuez arduratzen da gehienbat (softwarea instalatzea, oinarrizko mantentze-lanak, inbentarioaren kudeaketa, dokumentuen kudeaketa, erosketak, baimenen konfigurazioa, e.a.).

–Hezkuntzaren eraldaketa digitalerako arduradunaren funtzioak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuekin lotuta daude, baita hezkuntza teknologiak ikasleen gaitasun digitalak garatzeko modu gisa integratzeko moduarekin ere. Besteak beste, haren funtzioetako bat gainerako irakasleei prestakuntza ematea da, alderdi metodologikoei, tresna nahiz aplikazioei, erabilera-arauak errespetatzeari, mailegurako araudiari eta abarri buruz.

Bi figura horiek modu koordinatuan lan egin behar dute, elkarren artean zerikusia duten prozesuak baitaude (hiru metakategoriatan banatu ditugu: kudeaketa, komunikazioa eta didaktika). Hausturak, finantzen kudeaketa edo fidantzak bezalako kudeaketak, elkarrekin landu beharko dituztenak.

Funtzio zehatzak IKT zerbitzuen katalogoan argitaratuko dira.

Hezkuntza teknologiaren koordinatzailea, halaber, ikasleek heziketa digitala jasotzeko duten eskubidearen sustatzailea izanen da, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoak ezartzen duen bezala, eta ikastetxearen arlo horretako prozesuekin lotutako jardunbide egokiak bultzatuko ditu. Funtzio hori betetzeko, beharrezko tresnak, gaitasun digitalak eta derrigorrezko prestakuntza jasoko du koordinatzaileak.

38.2. IKT zerbitzuen katalogoa.

IKT zerbitzuen katalogo bat dago, ikastetxeko langile guztiek ezagutu behar dutena; izan ere, ekipo informatikoekin eta ikastetxearen konexioarekin zerikusia duten alderdi garrantzitsuak azaltzen baitira bertan: nola kudeatu matxura informatikoak eta eskaera desberdinak, nola erosi ekipoak, inbentarioa kudeatzeko modua, erabilgarri dagoen softwarea, nola konektatu wifi-sarera, e.a.

Zuzenean web-orri honen bidez sar daiteke: https://www.educacion.navarra.es/web/serviciostic/inicio edo, bestela, bada sarbide zuzen bat Hezkuntza Departamentuko webgunean ere.

38.3. Erabiltzailearen Laguntza Zentroa (ELZ).

Ekipamenduei nahiz konexioari dagokienez ikastetxeetan sortzen diren matxura informatikoak jakinarazteko eta konpontzeko, Erabiltzailearen Laguntza Zentroa (ELZ) dago, telefonogune batez eta zenbait teknikariz osatutakoa.

Ikastetxeko edozein langilek (irakasleek nahiz administrazio eta zerbitzuetako langileek) ematen ahal dute matxura informatiko baten berri; horretarako, ELZra dei egin beharko dute (848 425050), arazoa azaldu, eta matxura duen ekipoa eranskailuan duen zenbakiaren bidez identifikatuz.

ELZko teknikari informatikoak matxura informatikoak urrundik konpontzen saiatuko da eta, hori posible ez bada, kanpoko enpresa baten bidez (gaur egun, CONASA) kudeatuko ditu gorabeherak. Enpresa horrek ikastetxean bertan konponduko ditu matxurak.

38.4. GLPI online aplikazioa.

GLPI online aplikazioan, https://inventario.educacion.navarra.es/glpi, ikastetxe bakoitzak bere ekipo informatikoen inbentarioa ikusten ahalko du, baita horien gorabeherak ere, berriak zein amaitutakoak, eta egokitzat jotzen duen informazioa edo jarraipenak gehitzen ahalko ditu.

IKT zerbitzuen katalogoan aplikazio hori erabiltzeko gidaliburu erraz bat dago, ikastetxeko kontuarekin eta pasahitzarekin atzitzen ahal dena.

38.5. Ekipo informatikoen inbentarioa.

GLPI aplikazioan etiketatuta eta inbentariatuta daude ikastetxeetako ekipamendu informatiko guztiak (mahai gaineko ordenagailuak, pantailak, ordenagailu eramangarriak, chromebook gailuak, chromebox gailuak, tabletak, proiektagailuak, arbel digitalak, monitore interaktiboak eta inprimagailuak).

Eranskailuak oso garrantzitsuak dira matxura bat dagoenean ekipoak identifikatzeko; hori dela eta, ikastetxeak neurriak hartu beharko ditu ekipamenduek identifikazio eranskailuak gal ez ditzaten. Eranskailu horiek desagertzen badira, ikastetxeak zenbaki berdineko beste batzuk jarri beharko ditu, edo errotuladore ezabaezin batekin idatzi beharko du (zenbaki hori GLPI inbentarioan bila daiteke).

38.6. Matxura informatikoak konpontzeko kontratua.

Ikastetxeetako matxura informatikoak konpontzeko kontratu bat dago (egun CONASA enpresa da adjudikazioduna), eta, horri esker, egunean bertan edo hurrengo egunean konpontzen dira gorabeherak edo ordezko ekipamendu bat uzten da ikastetxean, inolako kosturik gabe.

IKT zerbitzuen katalogoan kontratu horren laburpena ikusten ahal da.

Barnean hartzen ditu hardwarearen matxurak (piezak edo ekipamendu osoak ordeztea) eta sistema eragilearen arazoak.

Konpondutako edo ordeztutako ekipoa erabiltzeko prest gelditu behar da; horretarako, baliteke beharrezkoa izatea sistema eragilea berriro instalatzea, inprimagailuak eta arbelak konfiguratzea, antibirusa, inbentario-agentea eta LibreOffice instalatzea eta erabiltzailearen dokumentuak konpondutako ekipora pasatzea.

Ez dira estaliko honako hauengatik sortzen diren gorabeherak: erortzeak, nahitako kalteak, ekipoaren erabilera okerra, lapurretak, gainkarga elektrikoak eta abar.

38.7. Ekipamendu informatikoaren erosketa.

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren abenduaren 19ko 951/2018 Ebazpenean adierazten den bezala:

“Unibertsitatez kanpoko ikastetxe bateko zuzendariak ikastetxearen funtzionamendurako behar diren obrak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzen ahalko ditu, baldin eta kontratuaren zenbatekoak 5.000 euro (BEZa kanpo) gainditzen ez baditu, salbu gastua zentralizatuta badago edo hornidura- edo laguntza-enpresarekin atxikipen akordioa bada.

Hala ere, ikastetxeetako ekipo informatiko eta sareen kudeaketa eta mantentzea hobetu eta ikastetxeen premiak hobeki ezagutzearren, mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, pantaila interaktiboak, Chromebook gailuak, inprimagailuak eta proiektagailuak erosteko eskaeren kasuan, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuak oniritzi teknikoa eman beharko du Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalaren bidez, diru-kopurua edozein delarik ere.”

Esparru-akordio bat dago, eta horren arabera hornitzaile batzuk homologatu dira, eta ikastetxeetarako egokienak diren ekipo informatikoak aukeratu (mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, proiektagailuak, monitore interaktiboak, arbel digitalak, Chromebook gailuak, pantailak, inprimagailuak, e.a.).

Non eta ez duen Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalak salbuespenik baimentzen, hautatutako ekipoen zerrendan egon behar du ikastetxeek erosten duten ekipamendu informatikoak, eta hornitzaile homologatuei erosi behar zaie.

IKT zerbitzuen katalogoan argitaratuta daude ekipoen nahiz hornitzaileen zerrendak, dagozkien eskaera-txantiloiekin, baita ikastetxeek ekipamendu hori erosteko jarraitu behar dituzten argibideak ere.

Ikastetxeak ezinen du onartu dohaintzan emandako edo bigarren eskuko ekiporik, arazoak sortzen baitituzte mantentze-lanetan eta segurtasunean. Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalak baimendutako salbuespenak soilik onartuko dira.

38.8. Softwarea.

IKT zerbitzuen katalogoan askotariko sistema eragileen irudiak daude, dagoeneko software ugari instalatuta dituztenak, ikastetxeak modu errazean klona ditzaten ordenagailuetan.

Windows 7 eta Windows 8 dituzten ekipo guztiak eguneratzea eta horietan Windows 10 instalatzea gomendatzen da, Hezkuntza Departamentuak egindako W10en irudia erabilita.

ELZk (Erabiltzailearen Laguntza Zentroa) Hezkuntza Departamentuak egindako W10 sistema eragilea duten ordenagailu guztiak (mahaigainean Nafarroako Gobernuaren ikurra dute) kudea ditzake urrundik. Ikastetxeak nahi izanez gero, ordenagailua formateatzeko eta sistema eragilea berriro instalatzeko eskatzen ahal dio ELZri, edo askotariko aplikazio informatikoak instalatzeko.

Gogorarazi nahi da ikastetxeek ekipoetan erabili eta instalatzen den softwarearen legezkotasuna bermatu behar dutela.

LOEren 132.d artikuluaren arabera, betebehar hori zuzendariari dagokio, araudiak esleitzen dizkion eskumenei jarraikiz.

Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuak software librea erabiltzea gomendatzen du, baldin eta posible bada eta beharrei erantzuten badie.

Ikastetxe batek software jabeduna erabiltzen badu ekiporen batean, dagokion lizentzia eta hori egiaztatzen duten agiriak izan beharko ditu.

38.9. Hezkuntza teknologien arduradunen prestakuntza.

Ikasturte berri bat hasten den bakoitzean, Hezkuntza Teknologien arduradun lanpostuan lehenengo aldiz aritzen diren irakasleek aurrez aurreko prestakuntza egin beharko dute eskola-ordutegian. Bertan haien betebeharra, dauden tresnak, jarduteko modua eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeen eskura jartzen dituen baliabideak azalduko zaizkie.

Aurretik eginkizun hori gauzatzen zuten Teknologia Berrien arduradunek ere prestakuntza hori jaso dezakete beren borondatez.

Prestakuntza horretarako deialdia Irakasleari Laguntzeko Zentroen bidez eginen da.

VI. KAPITULUA

Antolaketaren gaineko alderdiak

39.–Lanaldia.

39.1. Ohar orokorrak.

Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.

Bestalde, uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren 2. artikuluak ezartzen du ezen irakasleek astean hogeita hamar ordu emanen dituztela ikastetxeko jardueretan, eta gainerako orduak (ikastetxean egon beharrik gabekoak) irakas-jarduerak prestatzeko erabiliko direla, eta irakasleen hobekuntza profesionalerako, galarazi gabe irakasleek duten obligazioa batzorde eta hautapen epaimahaietan edo antzeko jardueretan parte hartzeko, horretarako izendatzen dituztenean.

39.2. Irakasleen eskola-ordutegiari dagozkion baldintzak berreskuratzea.

Datorren 2019-2020 ikasturte honetan, aplikatuz, batetik, martxoaren 7ko 4/2019 Legean ezarritakoa, zeinaren bidez hobetzen baitira unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren esparruan irakas-lana eta irakaskuntza gauzatzeko baldintzak, eta, bestetik, “Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ituna”, irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren bidez argitaratu zena, hasia da prozesu bat Bigarren Hezkuntzako, Araubide Bereziko Irakaskuntzetako eta Lanbide Heziketako irakasleen eskola-ordutegiari dagozkion baldintzak berreskuratzeko.

Hori oinarri, 2019-2020 ikasturtetik aurrera, lanaldi osoa duten irakasleek baldintza hauek izanen dituzte:

a) Astean 18 eskola-ordu izanen dituzte (eskola zuzeneko orduak eta eskola-ordu gisa zenbatzen direnak), uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuan ezarritako ordu tipologiaren arabera. Irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduan argitaratutako “Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunean”, eranskineko II.4 atalean, 18 ordu horiek zehazten dira eskola zuzeneko ordu gisa, eta adierazten da halakotzat hartuko direla eskola-ordu gisa zenbatzen ziren haiek.

b) Eskola-ordutzat jotako gainerako orduak, erreferentzia eginez lanaldi osoaren ordu murrizketatik ateratako 2 orduei (hogei ordutik hemezortzi ordura), honelakoetarako baliatuko dira: bizikidetzarako, liburutegirako, IKTetarako eta beste eginkizun, plan eta proiektuetarako, izan Hezkuntza Departamentuak proposaturikoak izan ikastetxearenak berarenak.

Hala bada, 2018-2019 ikasturtera arte izandako egoera, honako hau zena:

ESKOLA-ORDUAK

20

Eskola zuzeneko orduak

Eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak

ASTEAN ZENBATU BEHARREKO ORDU OSAGARRIAK

5

2019-2020 ikasturtean, honako hau izanen da, martxoaren 7ko 4/2019 Legeak eta “Itunak” ukitutako orduei dagokienez:

ESKOLA-ORDUAK (Itunean “eskola zuzeneko ordu” gisa zehazten direnak)

18

Eskola zuzeneko orduak

Eskola-ordutzat zenbatzen diren orduak

20 ordutik 18 ordura murriztetik ateratako orduak

2

Ordu berriak, “Itunean” eskola-ordu gisa zenbatu beharreko ordutzat jotzen direnak (dedikazio jarduera berariazkoekin)

ASTEAN ZENBATU BEHARREKO ORDU OSAGARRIAK

5

39.3. Eskola-orduak.

18 eskola-orduetan sartzen dira ikasleei eskola edo irakaskuntza emateko direnak, eta hala ezarritako gainerako jarduerak eta zereginak bai uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren arabera (eskola zuzeneko ordu gisa nahiz eskola-ordu gisa zenbatu beharreko ordu gisa), bai Nafarroako irakaskuntza publikoa hobetzeko itunak aplikatzetik sortzen diren erabakien arabera.

39.4. Eskola-orduak 20tik 18ra murriztetik ateratako orduak.

Eskola-orduak 20tik 18ra murriztetik ateratako orduak, irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduan argitaratutakoa aplikatuz, erabiliko dira bizikidetzarako, liburutegirako, IKTetarako eta Hezkuntza Departamentuak edo ikastetxeek berek proposatutako beste zeregin, plan eta proiektu batzuetarako.

Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuen kasuan eta Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuen kasuan, Hezkuntza Departamentuak proposatutako zeregin, plan eta proiektuak izanen dira ondorioztatzen direnak Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren “jarduketa planean” proposatutako bost jarduketa lerroetatik, zeinak ikastetxe bateratuek txertatu eta bere egin baitituzte egoki jo ahala, beren autonomia baliatuz, beren proiektu funtzionalean, urteko jarduketa planean edo, BHIen kasuan, ikastetxeko hezkuntza proiektuan eta urteko programazio orokorrean.

Zehazterakoan eskola-ordu gisa zenbatzen diren bi ordu horien dedikazioa, gainerakoen gainetik lehentasuna izanen du orduak emateak ikastetxeko zuzendaritzak erabakitako eta bere plangintza instituzionaleko agirietan jasotako zeregin, plan eta proiektuetan, aurreko apartatuan aipatutakoen artetik.

39.5. Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Astean zenbatu beharreko 5 ordu osagarriak emanen dira uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuan eta “hezkuntza kalitatea hobetzeko itunetan” ondorio horietarako ezarritakoa aplikatzetik ondorioztatzen diren jarduerak eta zereginak egiteko.

Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuen kasuan eta Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuen kasuan, jarraibide hauek hartu beharko dira kontuan astean zenbatu beharreko ordu osagarri horietan egin beharreko jarduerei dagokienez:

–Zaintzak egiteko, kontuan hartuko da eranskin honen 40. jarraibidea, Zaintzak Lanbide Heziketan.

–Koordinazioari eskaintzen zaizkion orduak (departamentuko bilerak, irakasle taldeenak...) egiten ahalko dira ikasleen ordutegiarekin bat ez datorren ordutegian. Ikastetxeko zuzendaritzari dagokio zehaztea.

–Plangintza instituzionaleko tresnak prestatzea eta berrikustea (proiektu funtzionalak eta urteko jarduketa planak jarraituko diete ikastetxeak aipatu agirietan zehaztutako plan eta programei).

39.6. Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Hilabetean zenbatu beharreko 5 ordu ordu osagarriak emanen dira uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuan eta “hezkuntza kalitatea hobetzeko itunetan” ondorio horietarako ezarritakoa aplikatzetik ondorioztatzen diren jarduerak eta zereginak egiteko.

39.7. Irakasleen lanaldiaren laburpena.

Laburpen gisa, Lanbide Heziketako irakaskuntzetako irakasleen jardunaldia honako hau izanen da:

IRAKASLEEN LANALDIAREN LABURPEN KOADROA

URTEKO LANALDIA

225/1998 FDaren 1. artikulua)

ASTEAN 30 ORDU IKASTETXEKO JARDUERETARAKO

(225/1998 FDaren 2. artikulua)

ASTEAN 25 ORDU (BATUTA ESKOLA-ORDUAK ETA ASTEAN ZENBATU BEHARREKO ORDU OSAGARRIAK)

(225/1998 FDaren 24. artikulua)

18 ESKOLA-ORDU (1)

ESKOLA ZUZENEKO ORDUAK

ESKOLA-ORDU GISA ZENBATZEN DIREN ORDUAK

2 ORDU (2 ORDU)

ESKOLA-ORDUAK 20TIK 18RA MURRIZTETIK ATERATZEN DIRENAK

ASTEAN ZENBATU BEHARREKO ORDU OSAGARRIAK, ASTEAN 5 ORDU

HILABETEAN ZENBATU BEHARREKO ORDU OSAGARRIAK, HILEAN 5 ORDU (225/1998 FDaren 26. artikulua)

URTEKO LANALDIA OSATU ARTEKO GAINERAKO ORDUAK

(1) Eskola-orduak “eskola zuzeneko ordu” gisa aipatzen dira “Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunean”, zeina argitaratu baitzen irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren bidez.

(2) Eskola-orduak 20tik 18ra murriztetik ateratako 2 orduak “eskola-ordutzat jotzen diren gainerako ordu” gisa aipatzen dira “Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunean”, zeina argitaratu baitzen irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren bidez.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lanegunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egin beharko dute irakasleek.

39.8. Informazioa ikastetxe bateratuen jarduera berariazkoei buruz eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuak eta ikastetxeek berek sustatutako programa eta proiektuei buruz.

Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuek eta ikastetxe bateratuek bidali beharko dute Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari, 2019ko azaroaren 1a baino lehen, laburpen koadro bat, ikastetxean zereginak nola banatuko diren azaltzen duena, astean zenbatu beharreko 5 ordu osagarriei dagokienez eta eskola-orduak 20tik 18ra murriztearen ondorioz ateratzen diren 2 orduei dagokienez; han jasoko da, halaber, zein izanen den irakasleen parte-hartzea (ordutan) zazpi ordu horietan egin beharreko jardueretan. Dokumentu hori, zeina informatiboa izanen baita Lanbide Heziketaren Zerbitzuarentzat, oinarri izanen da analisia egiteko, 2019-2020 ikasturtean zehar, ikastetxe bateratuetan eta Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten BHIetan garatzen diren zereginei buruz eta ikastetxe horietako irakasleek egiten duten lanari buruz.

40.–Zuzendaritza taldeen koordinazioa.

Ikastetxe bateratuen arteko koordinazioa hobetzeko eta programetan parte-hartzea areagotzeko, zuzendariak ez du eskola-ordurik izanen astearte eta ostegun goizetan, ikastetxearen aukeren arabera. Lanbide Heziketaren Zerbitzuak egiten dituen bileretarako deiek lehentasuna izanen dute Hezkuntza Departamentuko beste zerbitzu batzuek egindako gainerako parte-hartze deien aurretik.

41.–Irakasleak lanera ez agertzea.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxe bateratuko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Frogagiri hori ikastetxeko zuzendaritzan nahiz Hezkuntza Departamentuan aurkez daiteke.

Hezkuntza Departamentuan aurkeztu nahi bada, ohiko posta baliatu behar da, edo, bestela, erregistro ofizialen bat, eta jatorrizko agiriak aurkeztu behar dira beti. Ohiko posta erabiliz gero, eta betiere epeak bete ahal izateko ordezkapenen, kotizazioen eta nominan eragina duten gainerako elementuen ondorioetarako, beharrezkoa da posta elektronikoz kopia bat aurreratzea, helbide honetara bidalita:

bajaseducacion@navarra.es

Baja partea Hezkuntza Departamentuan aurkeztuz gero, nahitaezkoa izanen da horren kopia bat ahal den lasterren lantokian aurkeztu edo bertara bidaltzea, lantokian absentzia datak zehazki jakin ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.

Altaren frogagiria zuzendaritzan aurkeztu behar da, lanera itzultzeko egunean berean. Hutsegiteen egiaztagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

42.–Zaintzak Lanbide Heziketan.

Ikastetxeetan ematen diren Lanbide Heziketako ikasketak honako hezkuntza etapa hauei dagozkie:

–Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak.

–Lanbide Heziketa Bereziko zikloak.

–Derrigorrezko hezkuntzaren ondokoa: erdi mailako heziketa zikloak.

–Goi mailako hezkuntza: goi mailako heziketa zikloak.

Irakasleak huts eginez gero, zaintzak antolatzeko sistema bat ezarri beharko du ikastetxeak, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako, Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako eta erdi mailako heziketa zikloetako ikasleei arreta emateko norbait izanen dela bermatzeko. Goi mailako zikloetan irakasleak huts eginez gero, ikastetxeko zuzendaritzak aukeran izanen du zaintza jartzea ala ez.

Zaintzako irakaslearen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik libre gelditzen diren ikasleei arreta ematea.

Irakaslea lanera ez agertzea aurreikusita badago, egin beharreko jarduerak ikasketaburuarekin koordinatuko ditu irakasleak.

b) Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.

c) Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxe bateratuko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako jarduketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

d) Beren zaintza-orduetan, irakasleak eskoletara, zaintza-txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara joaten diren edo ez eta atzeratzen diren jakinaraztea ikasketaburuari, idatziz.

e) Zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.

Zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten zaintza-orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta zaintza-ordu guztiak beteta badaude.

Educa aplikazioak modulu berri bat du irakasleen zaintza-orduak kudeatzeko, eta hura erabiltzea gomendatzen dugu. Ikasgelako koadernoaren agendarekin lotuta dago, egin beharreko jarduerak jakinaraztea errazten du, zaintzako irakasleak izendatzeko aukera ematen dio zuzendaritza taldeari eta prozesuaren estatistika bat eskaintzen du.

Gertatuko balitz ikastetxeak ezarritako zaintzako irakasleek zaintzaren bat estaltzerik ez izatea, ikasketaburuak irakasle bat izenda dezake zaintza hori egiteko.

43.–Nahitaezko prestakuntza.

Prestakuntza etengabeko 35 orduak irakasleen eskubide eta betebehar bat dira, bai eta hezkuntza administrazioen eta ikastetxeen erantzukizuna ere, azken helburua izanik Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasle lanbidea garatuz.

Prestakuntza etengabearen helburua da lanbide gaitasunak perfekzionatzea behin dagokion kidegoan sartzeko fasea amaitutakoan. Bi prestakuntza mota hauetan banatzen da: ikastetxeko prestakuntza (ikastetxeko prestakuntza plana) eta banakako prestakuntza (urteko prestakuntza plana).

Hori horrela, ikastetxeek prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko dute ikastetxeko irakasle guztientzat. Prestakuntza horrek 12 ordu iraunen du gutxienez.

Ikastetxearen prestakuntza planean jasoko dira prestakuntza instituzionaleko programaren edukia eta ikasturteko ordu banaketaren aurreikuspena; zuzendaritza taldeak finkatuko eta antolatuko ditu, kontuan hartuta Lanbide Heziketaren Zerbitzuak proposatzen dituen lerro eta sare estrategikoak eta titulu berriak ezartzetik sortzen diren beharrak, bai eta hobekuntza planaren helburuak ere. Prestakuntza hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du irakasle guztiek egiten dutela.

Ikastetxe bakoitza atxikia dago Irakasleentzako Laguntza Zentro (ILZ) bati, eta erreferentziazko aholkulari bat izanen du, ikastetxeko prestakuntza plana prestatzen laguntzeko, hautemandako prestakuntza premietan oinarrituta. Halaber, ikastetxeko prestakuntza plana egiteko, oinarri hartuko dira Lanbide Heziketaren Zerbitzuak zehaztutako prestakuntza premiak. Ikastetxe bakoitzak prestakuntzako arduradun bat izendatuko du lotura lanak eginen dituena ikastetxearen eta ILZko aholkulariaren artean eta ikastetxearen Lanbide Zerbitzuaren artean. Ez bada inor izendatzen, ikasketa buruak hartuko du zeregin hori ere gain.

Prestakuntza instituzionaltzat joko da Lanbide Heziketaren Zerbitzuak gidatutako sareetan parte hartzea, hala nola, KIMUA programako metodologia aktiboen sarean parte hartzea. Era berean, prestakuntza instituzionaltzat hartzen ahal da zuzendaritza taldearen gidaritzapean sare hauetako batean parte hartzea: Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarean, Eskola Jasangarrien Sarean eta Eskola Solidarioen Sarean. Prestakuntza instituzionaltzat hartzen ahal da, halaber, Hezkuntza Departamentuko atalek sustatutako programetan parte hartzea, baldin eta irakasleentzako prestakuntza barne hartzen badute.

Ikastetxe batean lan egiten duten irakasle guztiek bertan dauden bitartean antolatzen diren prestakuntza instituzionaleko jarduerak egin beharko dituzte, salbu eta, ikasturte berean, beste ikastetxe batean egin badituzte prestakuntza instituzionaleko gutxieneko 12 orduak. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko diote ikastetxeko zuzendaritzari, prestakuntza mota eta egindako ordu kopurua adierazita. Ordu kopuru hori 12tik beherakoa bada, irakasleak kopuru hori lortu arte falta direnak egin beharko ditu, gutxienez.

Ikasturte bakoitzean prestakuntza instituzionala nahitaez bete beharrekoa bada ere, norberaren prestakuntza bi ikasturteko epean egin daiteke, baldin eta bi urte horietan prestakuntzan emandako orduen kopuruak betetzen badu lehenengo paragrafoan ezarritakoa.

44.–Departamentuko burutza.

Departamentu bakoitzeko buruak Erregelamendu Organikoan eta 258/1998 Foru Aginduan aipatzen diren eginkizunak bere gain hartuko ditu, eta, horretaz gainera, 2019-2020 ikasturterako departamentuko urteko lan plana gidatu eta garatzeaz arduratuko da; plan horretan, zuzeneko eta zeharkako eragina duten hobekuntza arloen gaineko jarduketak sartuko dira. Gainera, behar denean, profesional espezialistak kontratatzeko probak antolatu beharko ditu. Halaber, irakasle espezialistei esleitutako moduluetan egin beharreko amaierako ebaluazioko proben arduraduna izanen da, baldin eta kasuan kasuko profesional espezialistaren izendapen edo kontratu alditik kanpo egiten badira.

Lantokiko Prestakuntza modulua egiten ari diren ikasleen gainbegiratzea irakasle zenbaiten artean banatzen denean, lanbide arloko departamentu didaktikoko buruak zainduko du zereginak eta ikasle kopurua berdintasunez eta proportzionaltasunez banatzen direla parte hartzen duten irakasle guztien artean. Horretarako, proposamen bat eginen dio ikasketaburuari.

45.–NUHEOko irakasle laguntzaileak.

Irakasle laguntzaileak Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekiko lankidetza programa Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ematen dutenak dira.

Irakasle laguntzaileek eginkizun eta betebehar hauek izanen dituzte:

–Programan matrikulatutako ikasleak prestatzea kasuan kasuko hizkuntza irakaskuntzen ziurtagiria lortzeko.

–Koordinazio jardueretan parte hartzea eta programatutako estandarizazio lanak egitea.

–Ikasleen ebaluazioan parte hartzea, bai orientazio probetan (idatzizkoak eta ahozkoak), bai ziurtagiria lortzeko probetan (zaintza, idatzizko proben zuzenketa eta ahozko probetarako epaimahaiak).

–Ikasleei matrikulazio eta ebaluazio prozesuetan informazioa emateko lanean laguntzea.

Programa honetan laguntzaile izateagatik konpentsazio hauek jasoko dira:

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren lankidetzaren xede diren hizkuntza departamentuei irakastordu bat emanen zaie programan matrikulatutako 25 ikasleko. Irakastordu bat esleituko da mailako, ikasle kopurua 10etik gorakoa bada.

Irakasle laguntzaile guztiek 5 lanordu eman beharko dituzte urtean NUHEOren ziurtagiria lortzeko probetan (zainketa lana ziurtapen azterketetan, idatzizko azterketen zuzenketa eta ahozko proben epaimahaiko lana) bakoitzak konpentsatuta duen asteko irakastordu bakoitzeko.

Nafarroako Gobernuaren epaimahaiei buruzko araudian ezarritakoaren arabera erabakiko da nola tratatu kopuru hori gainditzen duten orduak.

NUHEOren departamentuko bakoitzeko buruak bere irizpidearen arabera esleituko ditu goian aipatutako zereginak.

46.–Heziketa ziklo bateko irakasleen jarduera Lantokietako Prestakuntzaren aldian eta irakastordu guztiak ez dituzten irakasleena.

Irakasleen irakastorduak gutxitu egiten badira Lantokiko Prestakuntza (LP) egiten den bitartean, irakasle horiek beren denbora baliatuko dute jarduera hauek egiteko lehentasunez:

a) Esleituta dituzten ikasleen proiektuaren moduluaren jarraipena eta ebaluazioa antolatu, garatu eta gauzatzea.

b) Lantokiko Prestakuntza modulua egin aurreko ebaluazio partzialeko azken saioan gainditu gabe dauden lanbide moduluak errekuperatzeko programa garatzea, bai modulu horretara sartzen diren ikasleentzat bai modulura sartzen ez direnentzat. Aipatu errekuperazio programako irakasleek emandako arreta eginen da gainditu gabeko moduluak egiten diren guneetan, eta beharrezko ordutegi egokitzapenak egin behar dira arreta eman ahal izateko Lantokiko Prestakuntza modulura sartzen diren ikasleei eta modulu horretara sartzen ez direnei.

c) Errefortzu programetan parte hartzea, moduluren bat gainditu gabe ikasmailaz igotzen diren ikasleei arreta emateko.

d) Lanbide Heziketako tituluak lortzeko proba libreen epaimahai eta batzorde ebaluatzaileetan parte hartzea, esleitzen zaizkien zeregin eta jardueretan.

e) LP modulua egiten duten ikasleen tutore izatea Lanbide Heziketako tituluak eskuratzeko proba libreetan.

f) Zikloetako lehen mailako moduluetan laguntza ematea, irakaslana esleituta izanez gero.

g) Zuzendaritza taldeak kasuko departamentuko irakasleentzat zehaztutako zaintzak egitea.

h) Ikastetxean sortzen diren beharrak estaltzea, zuzendaritza taldeak hala eskaturik.

i) Ikastetxeko Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak espezialitateko irakasleek laguntza emanen diete ikasleei eta ikasle izandakoei administrazio prozeduretan, eta, bereziki, ikasleek NAN elektronikoa edo ziurtagiri elektronikoa lortzeko prozedura erraztuko dute, haren bidez hartzen ahal baitute alta gazteen berme sisteman, besteak beste.

Aurretik deskribatu diren lehentasunezko jarduketak bermaturik daudenean, irakasleek, Lantokiko Prestakuntza (LP) egiten den bitartean, honako hauek egiteko baliatzen ahal dute denbora:

a) LPko tutorearekin kolaboratzea.

b) Hezkuntza Departamentuak onetsitako Lanbide Heziketako berrikuntza proiektuetan parte hartzea.

c) Langileen prestakuntza osagarrian eta prozedura ez-formalen bidez lortutako lanbide gaitasunaren ebaluazioan laguntza ematea.

d) Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben ebaluaziorako epaimahaietan parte hartzea, bai eta heziketa zikloetan sartzeko probak egiteko beharrezkoak diren gainerako jarduketetan aritzea ere.

e) Mugikortasun programen ondoriozko beharrei erantzutea.

f) Lanbide Heziketa urrutitik on line jasotzeko eskaintzaren tutoretzan laguntzea.

g) Metodologia aktiboen proiektuak ezartzeko asmoz (hala nola proiektuetan oinarrituriko ikaskuntza) sortzen diren lantaldeetan parte hartzea, ahal dela KIMUA programaren barnean baldin badaude. Hori helburu, hurrengo ikasturtean ikastetxean emanen diren irakaskuntzei loturiko proiektuak planifikatu, antolatu eta programatuko dira.

h) Zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.

Departamentuko buruak banakako lan plana prestatu ondoren, ikasketaburuak gainbegiratu beharko du. Horretaz gain, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat eman beharko du.

Lan plana ongi betetzeko, horretan ari diren irakasleen ordutegi indibidualak aldatzen ahalko dira, ordutegiak prestatzeko irizpide orokorrak errespetatuz.

Lantokiko prestakuntzaren aldia bukaturik, egindako jardueren memoria bat eginen dute irakasleek; gero ikastetxeko zuzendaritzak ebaluatuko du, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari bidaliko zaio.

47.–Familiei informazioa ematea - Ikasle adingabeak.

Ikasle adingabeen kasuan, ikastetxeko irakasle guztiek informazioa emanen diete familiei, ahal den lasterren, ikaslearen jarduera akademikoaren gainean eragina duten eta garapen akademiko arrunta eragozten duten gorabehera garrantzitsu guztiei buruz. Informazioa koherentziaz igorriko dela bermatzeko, ikaslearen tutorearekin koordinatuta igorri beharko dute irakasleek.

Horretarako, prozesu horiei buruz beharrezkoa den informazio guztia emanen diete ikastetxeek gurasoei edo legezko ordezkariei. Bizikidetza gatazken kasuan, ukituak gertatzen diren adingabeen legezko ordezkariei ere informazioa emanen zaie edo informazioa eskuratzeko aukera eskainiko zaie, babestu behar diren datuak eta interesak salbuetsita. Komunikazioa ahalik eta lasterren eginen da; beranduenez, hiru eskola-egun igaro ondoren gertaerak ezagutzen direnetik.

48.–Eskola informazioaren kudeaketa: Educa. ECOEDUCA kontabilitate sistema.

48.1. Educako koordinazioa.

Zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.

Educa arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak “Educa koordinatzailea” lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan. Zuzendaritza taldeak bideak ezarri beharko ditu ikasturtean zehar laneratzen diren eta kudeaketa eginkizunak dituzten pertsonei Educaren gaineko jakintza eta erabilera bermatzeko.

Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu ikasturtearen hasieran, koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta administrazioko langileei Educa plataformaren berri emateko.

Hezkuntza Departamentuaren webgunean, Educari eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, jarraibideak eta bideotutorialak argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, funtzionaltasun berriak (GLPI-Educa tresna) eskatu, gorabeherak jakinarazi edo euskarria eskatzeari begira, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura adierazten da.

2019-2020 ikasturtean aurreikusita dago familien aplikazioan hobekuntzak egitea gutxinaka bihur dadin ikasketa datuak eta ziurtagiriak eskuratzeko atari bat, bai eta komunikazio sistema berri bat bihur dadin ere, hezkuntza komunitate osoari hedatzen zaiona eta berehalako jakinarazpenak bilduko dituena.

Irakasle guztiek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili beharko dituzte, bai tutoretzan, bai beren harreman profesionaletan.

Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta-kontuak Educa-ren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > PNTE Apps posta eta kontuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak egiteko premia egonez gero, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzaileen Arreta Zerbitzua baliatuz. Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira irakaskuntzan baliatuko ikasleekin.

Zuzendariak berrikusiko ditu Educa-tik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurki ditzakeen akatsen berri emanen dio Educa euskarriari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, hala nola ikastetxearen helburuak, balioak eta sariak.

Ikastetxeari gogorarazten zaie komeni dela EDUCAk eskura dituen funtzionaltasun guztiak erabiltzea; aipatzekoak dira, besteak beste, honako hauek: ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua), guardien kudeaketa, informazio esanguratsua.

48.2. ECOEDUCA kontabilitate sistema.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko guztiek ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute kudeaketako kontu korrontearen diru-sarrerei eta gastuei lotutako eragiketak kontabilizatzeko. Eragiketa horiek aurrekontua betearazteari lotuta daude, eta beharrezkoak dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentze-lanak eta kontserbazioa bermatzeko.

Diru-sarrerak banku-kontuan agertzen diren unean edo agiri bidez diru-sarreraren berri izaten den unean kontabilizatu behar dira. Erabili beharreko euskarria diru-sarreraren jakinarazpena edo bankuko kontu-laburpena da.

Gastuei lotutako eragiketek haien justifikazioa frogatzen duten bidezko dokumentu euskarria izanen dute beti, nagusiki ikastetxearen izenean egin behar diren fakturak.

49.–Matrikulak bateragarri egitea.

2019-2020 ikasturtean heziketa ziklo batean, Lanbide Lantegi batean edo Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean matrikulatuta dauden ikasleek aldi berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak egin nahi izanez gero, horretarako modua izanen dute; betiere, “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira urrutiko modalitatean, ikastetxe horretan sartzeko baldintzak beteta.

Goi mailako edo erdi mailako heziketa ziklo bat egiten ari diren eta Batxilergoko ikasketak amaitu ez dituzten ikasleek ikasketok amaitzen ahalko dituzte helduentzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan, baldin eta adinaren baldintza betetzen badute. Arteetako modalitateko ikasleek Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren 27. puntuan (“Batxilergoko titulua lortzea, araubide arruntean egoteko epea agortu ondoren” izenekoan) aipatzen diren proba libreen bidez amaitzen ahal dituzte. Ebazpen horrek onesten ditu DBH eta Batxilergoa ematen dituzten ikastetxeen antolakuntza eta funtzionamendu jarraibideak.

2019-2020 ikasturtean erdi mailako ziklo batean matrikulaturik dauden ikasleek, gainditzeke duten modulu bakarra Lantokiko Prestakuntza baldin bada, zilegi izanen dute irakaskuntza horiek helduentzako Batxilergoko irakaskuntzekin bateratzea, betiere baldintza akademikoak eta Batxilergoan sartzekoak betetzen badituzte.

Lanbide Heziketako erdi edo goi mailako ziklo bat egiten ari diren ikasleek aukera dute, bat etorriz 5/2016 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoarekin, helduentzako irakaskuntza ematen duten zentroetan egiteko Batxilergoko irakasgai ardatzen blokeko ikasgai orokorrak, baldin eta adinaren baldintzak betetzen badituzte, Batxilergoko titulua lortze aldera.

2019-2020 ikasturtean derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzetan eta/edo goi mailako irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleek aldi berean egin ditzakete araubide bereziko kirol irakaskuntzak, onarpen prozesua bukatzen denean esleitu gabeko ikasposturik bada, itxaron zerrendan inor ez badago eta ordu-bateragarritasuna %90ekoa bada gutxienez.

50.–Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.

Praktiketako jarduera hori dagokion hezkuntza mailako ikastetxeetan egin behar da, eta, antolatzeko eta gauzatzeko orduan, beharrezkoa da irakasleen parte-hartzea. Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:

–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana egiaztatuko da. Lekualdaketa-lehiaketetan merezimendutzat joko da.

–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza ordu gisa kontabilizatuko da; gehienez ere, 35 ordu. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa-planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat. Ikasle baten tutoretza lanetan irakasle batek baino gehiagok parte hartzen badu, berdintasunean banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.

–Ziurtagiria: praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak lortu ahal izateko, irakasleek jardueraren datuak jakinaraziko dizkiote Hezkuntza Departamentuari, ekainaren 1a baino lehen, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/practicas

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu bukaerako lanak / master bukaerako lanak: praktiketan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasle tutoreak eta zuzendaritza taldea Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gradu bukaerako lanak / master bukaerako lanak defendatzeko antolatzen dituen aurrez aurreko saio batzuetara joaten ahalko dira.

Praktikak egiteko ikasleak hartzen dituen ikastetxeari “prestakuntza ikastetxe” izaera aitortuko zaio, eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan baloratuko da inguruabar hori, kasuan kasuko deialdian ezartzen den moduan, halakorik jasotzen bada betiere.

Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza horren betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenaren barnean dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari, praktikak hasi baino lehen.

51.–Kalitatea kudeatzeko sistema.

Uztailaren 5eko 63/2013 Foru Agindua aplikatuta, kalitate sareetan parte hartzen duten ikastetxeek kalitatearen koordinazio-taldeak programatutako lana bete beharko dute. Kalitatearen arduraduna eta, gutxienez, zuzendaritza taldeko kide bat sarearen prestakuntza-bileretara joan behar dira.

Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren aitorpenak dituzten ikastetxeek eguneratuta mantendu beharko dute sistema, eta etengabe hobetzen dela bermatu. Horretarako, jardunbide egokiak, tresna digitalak eta ikastetxearen emaitzak hobetzeko norabidea gehitu beharko dira sisteman. Zuzendaritza taldeek eta kalitatearen arduradunek prestakuntza espezializatua jasoko dute zeregin hori betetzeko, gehienbat astearte goizetan.

Zuzendariak “kalitatearen arduraduna” postu osagarria esleitu beharko du EDUCAn.

IKKS 2013 arauari eta hura erregulatzen duen araudiari eginen zaizkion aldaketak direla eta, Kalitate Bulegoak beharrezko prestakuntza saioak antolatuko ditu kalitate sareetan parte hartzen duten ikastetxeentzat.

52.–Lan arriskuen prebentzioa.

Ikasturtearen amaierako memorian Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak proposatu dituen eta benetan ezarri diren prebentziozko neurriak islatuko dira, arriskuen ebaluazioak egin baldin badira, eta egin ez diren eta iraungitako gauzatze-epea duten neurriak arrazoituko dira.

Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako protokoloa jakinarazi eta ofizioz aktibatuko dute, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakaskuntzako eta irakaskuntzaz kanpoko langileetako bati erasotzen zaionean.

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion

Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokoloa dagoela jakinarazi beharko dute klaustroetan. Halaber, horren berri emanen zaie irakaskuntzaz kanpoko langileei ikasturtean hasierako berariazko bilera batean.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori bistaratuko da erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, drive-a, etab.

Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan bistaratuko da erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.

Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo horren berri eman beharko dute familiekin egindako bileretan.

53.–Ikastetxeetako ikerketa.

Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako unibertsitate zentroen artean horretarako egindako hitzarmenean ezarri bezala gauzatuko da funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetako ikerketa jarduera. Hitzarmen horrek barnean du ikastetxe laguntzaileek unibertsitateetan sortzen den jakintza zientifikoa helarazteko saioak jasotzeko duten eskubidea, besteak beste. Horren gaineko informazioa hemen eskuratu daiteke:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actividad-investigadora

VII. KAPITULUA

Erreferentziazko agiri estrategikoak eta araudia

Erreferentziazko agiri estrategikoak.

Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoa.

Araudia.

Lanbide Heziketako irakaskuntzak.

a) Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua:

–247/2000 Foru Dekretua, 23/2017 Foru Dekretuaren bidez aldatua (Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren sorrera).

–112/2017 Foru Agindua, abenduaren 27koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren antolaketari eta funtzionamenduaren araubideari buruzko Erregelamendua.

b) Ikastetxe bateratuak:

–63/2006 Foru Dekretua (Ikastetxe bateratuen erregulazioa). 2016ko irailaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala. 79/2010 Foru Dekretuaren bidez aldatua.

–198/2010 Foru Agindua (Ikastetxe bateratu publikoen izendapena eta ikastetxe bateratuetako sare publikoaren sorrera).

–42/2017 Foru Agindua (Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe bateratu publikoetako zuzendariak izendapen librearen bidez hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzea).

c) Antolamendua:

–127/2014 Errege Dekretua (Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolamendua).

–1147/2011 Errege Dekretua (Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendua).

–54/2008 Foru Dekretua (Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena Nafarroan).

–54/2016 Foru Agindua, 53/2017 Foru Aginduaren bidez aldatua (Ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan, ikasleak erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan onartzeko prozeduraren gaineko erregulazioa).

–65/2016 Foru Agindua (Lanbide Lantegien erregulazioa).

–66/2016 Foru Agindua (Oinarrizko Lanbide Heziketaren erregulazioa).

–52/2015 Foru Agindua (Lanbide Heziketa Bereziko zikloen erregulazioa).

–67/2016 Foru Agindua (Ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozeduraren erregulazioa, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak eta Lanbide Lantegiak egiteko).

–93/2008 Foru Agindua (Aniztasunari erantzutea).

–177/2019 Ebazpena, apirilaren 5ekoa (Erdi eta goi mailako zikloetan onartzeko jarraibideen erregulazioa eta egutegia 2019-2020 ikasturterako).

–211/2019 Ebazpena, apirilaren 23koa (Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan eta Lanbide Lantegietan onartzeko jarraibideen erregulazioa eta egutegia 2019-2020 ikasturterako).

–287/2013 Ebazpena (Unibertsitateko ikasleen prestakuntza praktikoan parte hartzen duten ikastetxe eta irakasleentzako aitorpena).

d) Lanbide gaitasunak egiaztatzea:

–66/2014 Foru Dekretua (Lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura ezartzeko arauak).

e) Nazioartekotzea:

–31/2012 Foru Agindua (Atzerriko prestakuntza egonaldiak: LHko ikasleak eta irakasleak).

f) Online LH:

–122/2010 Foru Agindua (Online LHren erregulazioa).

–352/2019 Ebazpena, ekainaren 12koa (Online LHn onartzeko erregulazioa eta 2019-2020ko eskaintza).

g) Eskaintza erdipresentziala:

–354/2019 Ebazpena, ekainaren 12koa (2019-2020 deialdia).

h) Proba libreak:

–76/2016 Foru Agindua, ekainaren 27koa (LHko tituluak eskuratzeko proba libreak).

–LHko tituluak lortzeko proba libreen deialdiaren ebazpena 2019-2020 ikasturterako: garatzeko zain.

–598/2014 Ebazpena, azaroaren 18koa (LHI-eko eta LHII-ko ikasketak osatu gabe dituztenentzako berariazko proba libreak).

i) Ebaluazioa, Lantokiko Prestakuntza eta proiektua:

–21/2019 Foru Agindua, martxoaren 5ekoa (Erdi eta goi mailako LHko heziketa zikloen ebaluazioa).

–45/2009 Foru Agindua, zeina aldatu baitzuen 34/2013 Foru Aginduak (Lantokiko prestakuntza).

–49/2013 Foru Agindua (Ebaluazio prozesuan erreklamazioak egiteko sistema).

–665/2014 Ebazpena (Oinarrizko LHaren ebaluazioa).

–191/2018 Ebazpena, apirilaren 27koa (Proiektuaren modulua arautzen duena).

j) Zikloetan sartzeko probak:

–31/2019 Ebazpena, otsailaren 1ekoa, zeina aldatu baitzuen otsailaren 19ko 92/2019 Ebazpena (Heziketa zikloetan sartzeko 2019an egin behar diren probetarako deialdia).

k) KIMUA programa - metodologia aktiboak:

–324/2018 Ebazpena, ekainaren 27koa (Kimua programa” onesten du, zeinaren bidez behar diren betebeharrak arautzen baitira metodologia aktiboen sareak garatu, ezarri eta aitortzeko Nafarroako Foru Komunitateko lanbide heziketako ikastetxeetan, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako ikastetxeetan edo araubide bereziko kirol irakaskuntzetako ikastetxeetan, publikoetan nahiz itunduetan).

l) Profesionaltasun ziurtagiriaren eskaera eta Egiaztagiri partzial metagarriak LHko ikasleentzat.

–2/2017 Foru Agindua, urtarrilaren 12koa (Arautzen du profesionaltasun ziurtagiriak eta egiaztagiri partzial metagarriak eskatzeko prozedura).

m) Laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailako prestakuntza egiaztatzea.

–27/2017 Foru Agindua, martxoaren 6koa (Arautzen du laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko mailako prestakuntza egiaztatzeko prozedura Nafarroan LOEko EMko edo GMo zikloak egiten dituzten ikasleentzat).

Iragarkiaren kodea: F1910610