175. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

54E/2019 FORU AGINDUA, uztailaren 26koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateentzako 2019-2020 ikasturterako dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 469448.

Ikusirik Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak aurkeztutako txostena, zeinak adierazten baitu helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateei dirulaguntzak ematea arautzen duen deialdia onetsi eta argitara emateko beharra.

Kontuan hartuta ezen Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean jasota dagoela euskara Nafarroako berezko hizkuntza bat dela eta, horrenbestez, herritar guztiek dutela euskara jakiteko eskubidea, eta, horrez gain, ulertzen denez deialdi hau bat datorrela Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean hartutako erabakian onetsitako Euskararen I. Plan Estrategikoaren (2016-2019) helburuekin.

Bat etorriz Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak urte anitzeko espedienteak tramitatzerakoan bete beharreko irizpideak onesten dituen Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren apirilaren 7ko 50/2017 Foru Aginduak ezarritakoarekin.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuan ezarritakoaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Helduei euskaraz irakasteko laguntzen deialdia, 2019ko urritik 2020ko irailera bitarteko aldiari dagokiona, onestea.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30001-B3100-4819-334100: (E) Helduei euskara erakusteko laguntzak

2019

260.000,00

B30001-B3100-4819-334100: (E) Helduei euskara erakusteko laguntzak

2020

640.000,00

4. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30001-B3100-4819-334100: (E) Helduei euskara erakusteko laguntzak

2019

260.000,00

B30001-B3100-4819-334100: (E) Helduei euskara erakusteko laguntzak

2020

640.000,00

Salbuespenez, deialdi honetara zuzendutako diru kopurua, 2019ko ekitaldiari dagokiona hain zuzen, 30.000 euroraino handitzen ahal izanen da, foru agindu bitartez, deialdi berririk egin beharrik gabe, baldin eta aurreko deialdian aurkeztutako eskaeren zenbatekoak gutxiago egiten badu hasieran aurreikusitako gastuaren zenbatekoak baino, eta, betiere, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoa betetzen bada.

5. Foru agindu hau eta dituen eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, Euskarabideko Programen Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzan.

7. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko uztailaren 26an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateentzako 2019ko urritik 2020ko irailera bitarteko dirulaguntzen deialdia arautzen duten oinarriak

Lehen oinarria.–Xedea eta diruz lagundutako aldia.

Deialdi honen xedea da helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate juridikoei helburu horretarako ematen zaizkien laguntzak arautzea, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik badaude.

Laguntza horiek jaso ahal izateko, arestian zehaztutako entitate juridikoek ezinbestean izan behar dute, beren helburu nagusien artean, euskara irakastea, eta horretarako baliabide propioak ere izan behar dituzte, beren programazio propioa barne. Era berean, entitate juridikoek inskribatuta egon behar dute helduentzako ikastegien fitxategian, “Euskaltegiak eta Gau-eskolak” izenekoan. Inskripzio hori Euskarabideak eginen du, entitatearen eskaera jaso ondoren.

Dirulaguntzak 2019ko urritik 2020ko irailera bitarteko aldirako emanen dira.

Bigarren oinarria.–Irakaskuntza modalitateak.

Honako irakaskuntza modalitate hauei emanen zaie dirulaguntza:

a) Ikastalde arruntentzako aurrez aurreko irakaskuntza: astean gutxienez 4 irakastordu izan behar dituzte, eta ikasturtean, berriz, gutxienez 90 ordu guztira. Aurrez aurreko ikastaro trinkoek gutxienez 60 irakastordu izanen dituzte.

b) Barnetegiak: ikastaro bakoitzak gutxienez ere 70 ordu izan behar ditu, eta haietatik 60, gutxienez, irakastorduak izanen dira.

c) Baliabide telematikoen bidezko irakaskuntza: bakoitzak gutxienez ere 120 lanordu izan behar ditu, eta haietatik 15, gutxienez, mintzapraktikakoak izanen dira (astean 7 ordu lan telematikoan eta ordu 1 mintzapraktikan).

d) Euskararen irakaskuntza espezifikoa eta eskaeraren aniztasunari egokitua.

Hirugarren oinarria.–Aurrekontuaren erabilgarritasuna eta dirulaguntzen moduluak.

3.1. Deialdi honetarako zenbatekoa 900.000 euro izanen dira; horietatik 260.000, 2019ko gastuen aurrekontuko B30001-B3100-4819-322900 partidaren kargura izanen dira (“Helduei euskara erakusteko laguntzak”), eta 640.000 euro, berriz, 2020ko ekitaldiko gastuen aurrekontuan gaitu litekeen antzeko partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

3.2. Partida horretan dagoen diruaren araberakoa izanen da 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitarteko laguntzetarako ikasle-orduko erreferentzia-balioa, eta inoiz ere ez da izanen jardueraren kostua baino handiagoa.

–Aurrez aurreko eskoletan, irakastorduak izanen dira, hain zuzen, diruz lagungarriak izanen direnak.

–Tutoretzapeko autoikaskuntzan, diruz lagungarriak izanen dira ikastegiak dokumentatzen dituenak, gehienez ere 250 ordu ikasleko eta ikasturteko, betiere bigarren oinarriaren c) letran ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Tutoretzapeko autoikaskuntzako taldeko ikasleen ratioa 12 ikasletik gorakoa bada, taldearen ikasle-orduak bider 0,6 eginen da.

–Barnetegietan, diruz lagungarriak izanen dira zazpi ordu, barnetegiko egun bakoitzeko.

3.3. Entitate bakoitzak 2019ko urritik 2020ko irailera bitarteko aldirako eginen du eskaera. Hartan, ikastalde guztiei (egungoei nahiz aurreikusitakoei) buruzko aurreikuspena eginen da, kontuan harturik ikastalde bakoitzaren ezaugarriak, ikastalde bakoitzaren ikasle-orduak eta entitatearen guztirako ordu kopurua aldi horretarako (III. eranskina), bereizita tutoretzapeko autoikaskuntzakoak direnak eta gainerako modalitatekoak direnak.

Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko erabiliko da aurreikuspen hori. Ordaindu beharreko modulua kalkulatzeko, partidako diru guztia zati kontatutako ikasle-orduak eginen da. Nolanahi ere, deialdi honen zazpigarren oinarriak dioena betetzea izanen da dirulaguntza ordaintzeko baldintza.

Laugarren oinarria.–Entitate onuradunen baldintzak.

Lehen oinarrian adierazitako entitateek eskatzen ahal dituzte deialdi honetako laguntzak, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluak adierazitako baldintzak betetzen badituzte eta dirulaguntzen xede diren jarduerak Foru Komunitatean egiten badituzte.

Bosgarren oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Dokumentazioa, lehentasunez, web formulario baten bidez aurkeztuko da, zeina Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionaleko tramiteen katalogoan egonen baita, dagokion fitxan: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/8246/Helduei-euskara-irakasteko-diru-laguntzak-2019ko-urritik-2020ko-irailera-bitartekoak. Dokumentazioa, halaber, beste toki hauetan ere aurkezten ahalko da: Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Erregistroan (Yanguas y Miranda, 27-1.a, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietan.

Eskaera postetxe batean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako funtzionarioak data eta zigilua jar diezazkion, ziurtatu aurretik. Ez da baliozkotzat hartuko eskatzaileen irteera erregistroa. Orobat mezu elektroniko bat bidaliko da euskarabidea@navarra.es helbidera, adierazita deialdian parte hartu nahi dela, dokumentazioa bidali izanaren frogagiria erantsita. Epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentaziorik jaso ez bada, dokumentazio hori baztertzen ahalko da.

5.2. Hona aurkeztu beharreko dokumentazioaren edukia:

a) Entitatearen datuak: izena, helbidea, herria eta IFZ.

b) Entitateko arduradunaren datuak.

c) Dirulaguntzarako eskaera, 2019ko urritik 2020ko irailera bitarteko aldirakoa, hirugarren oinarriko 3.3 puntuan zehaztutako baldintzetan, eta harekin batera, II. eta III. eranskinetan agertzen diren fitxak, behar bezala beteak.

d) Erantzukizunpeko aitorpena, aurkeztutako datuen eta dokumentazioaren egiazkotasunari buruzkoa. Hartan sartuko da Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari emandako baimena; horren arabera, departamentuak behar diren neurriak hartzen ahalko ditu entitate eskatzaileak Foru Ogasunarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko.

e) Eskaera aurkezteko ezarritako epeetan kotizazioaren egoerari buruzko ziurtagiria ere aurkeztuko da, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak luzatua, ordainketak eguneratuak dituela egiaztatzen duena.

f) 2019ko urritik 2020ko irailera bitarteko aldiari dagokion diru-sarreren eta gastuen aurrekontua (II. eranskina), langileei, Gizarte Segurantzari eta funtzionamenduari dagozkien partidak zehaztuta, eta azken horiek, halaber, kanpo zerbitzuetan, gastu didaktikoetan eta bestelakoetan sailkatuta.

Diru-sarrerei dagokienez:

–Beste entitate publiko batzuetatik etorritako diru-sarrerak, diruz lagundutako jarduerarako.

–Entitate pribatuetatik etorritako diru-sarrerak, diruz lagundutako jarduerarako.

–Matrikularen ondorioz bildutako zenbatekoak. Entitateak gorde eginen ditu ikasleek ordaindutako matrikulen ordainagiriak edo, halakorik izan ezean, bankuen laburpenak, ordainketa horiei dagozkienak.

g) Irakasleei dagokienez:

–Lan egoera, titulazio akademikoa eta euskarari dagokion titulazioa; euskararen ezagutzari dagokionez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den titulazioa izan behar dute gutxienez.

–Kontratazio berriko irakasleen euskara tituluen fotokopia; euskararen ezagutzari dagokionez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den titulazioa izan behar dute gutxienez.

h) Ikastaldeei buruzko dokumentazioa (III. eranskina). Hartan jasoko dira diruz lagungarriak diren ikastaldeen gainean eskatzen diren datuak:

Ikastaldearen hasiera eta amaiera data, haren ezaugarriak, aurreikusitako irakastordu kopurua, ikastalde bakoitzaren ikasle kopurua eta ikasle-orduak, eta ikastegiaren ikasle-orduak guztira. Uztail, abuztu eta iraileko ikastaroetarako, ikastaldeen, orduen eta ikasleen estimazio bat eginen da, aurreko ikasturteetatik dauden datuetatik abiatuz.

i) Ikasleen gaineko dokumentazioa. “Euskaltegiak eta Gau-eskolak” izeneko fitxategia kudeatzeko aplikazioaren bidez emanen da informazio hori.

Seigarren oinarria.–Frogagiriak.

6.1. Zazpigarren oinarriaren 7.3 puntuan adierazten diren epeetan frogagiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Ikasleen zerrenda, ikastaroz ikastaro antolatua. “Euskaltegiak eta Gau-eskolak” izeneko fitxategia kudeatzeko aplikazioaren bidez emanen da informazio hori.

–Diru-sarrerak eta egindako gastuak justifikatzeko kontu bat, entitateko arduradunak edo horretarako legezko ahalmena duen pertsonak sinatua eta IV. eranskinaren arabera betea, zeina V. eranskinaren (gastuak), VI.aren (diru-sarrerak) eta VII.aren (dirulaguntzak) balantze-laburpena izanen baita; excel formatuan bete eta entregatuko da.

6.2. Langile gastuen eta funtzionamendu gastuen frogagiriak: nominak eta TC inprimakiak, eta jatorrizko fakturak nahiz kopia soilak eta ordainagiriak.

6.3. Euskarabideak beretzat gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu.

6.4. Baldin gastuen azkeneko justifikazioa ez bada onartutako aurrekontuaren guztirako zenbatekoa adina, baina, hala ere, onuradunak frogatzen badu dirulaguntzaren xedea benetan bete duela eta superabitik ez dela izan, ez da ulertuko onuradunak ez duela bete dirulaguntza justifikatzearen betebeharra. Dirulaguntzak ematen dituen organoak erabakiko du, nolanahi ere, ea gastuen justifikazioa bateragarria den deialdiaren xedea benetan gauzatzearekin.

6.5. Deialdi honen baitan diruz laguntzen den helburua bete dela ulertzeko, egiaztatu egin behar da ezen proposatutako irakaskuntza jarduera bere osotasunean gauzatu dela, oinarri honen lehen atalean aipatzen den kudeaketa aplikazioko datuak aurkeztuz; horrela izan ezean, jasoko den zenbatekoa gutxitu eginen da, gauzatze-mailarekiko modu proportzionalean gutxitu ere.

Zazpigarren oinarria.–Eskabideak eta frogagiriak aurkezteko epea.

7.1. Dirulaguntzarako eskaera eta laugarren oinarrian eskatzen diren frogagiriak aurkezteko, urriaren 1etik 15eko epea izanen da.

7.2. Eskabideak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena eman ondotik.

7.3. Dirulaguntza ordaintzeko, epe hauen barruan aurkeztu beharko dira dagozkion frogagiriak:

–2019ko urriari eta azaroari dagokien dokumentazioa. Epea zazpi egun naturalekoa izanen da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Gertatuko balitz aldi horretako gasturen batzuk justifikatu ezin izatea ordainketa dokumentazioa aurkezteko ezarritako epea amaitu ondoren eginen dela hitzartuta izateagatik, entitateko ordezkariak erantzukizunpeko aitorpen bat eginda justifikatzen ahalko dira (X. eranskina); baina, edonola ere, frogagiriak aurkezteko hurrengo epearen barruan aurkeztu beharko dira gastu horiek. Bestela, prozedura bat abiatuko da gastuen kalkulu errealetik gora kobratutako zenbatekoa itzultzeko, bai eta horrek sortuko lituzkeen interesak ere.

–2019ko abenduari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2020ko otsailaren 17an bukatuko da.

–2020ko urtarriletik apirilera bitarteko aldiari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2020ko ekainaren 8an bukatuko da.

–2020ko maiatzetik irailera bitarteko aldiari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2020ko urriaren 15ean bukatuko da.

Gertatuko balitz azken aldi horretan gasturen batzuk justifikatu ezin izatea ordainketa 2020ko urriaren 15aren ondoren eginen dela hitzartuta izateagatik, entitateko ordezkariak erantzukizunpeko aitorpen bat eginda justifikatzen ahalko dira (X. eranskina); baina, edonola ere, aurreko puntuan adierazi bezala aurkeztu beharko dira, 2020ko abenduaren 21a baino lehen. Bestela, prozedura bat abiatuko da gastuen kalkulu errealetik gora kobratutako zenbatekoa itzultzeko, bai eta horrek sortuko lituzkeen interesak ere.

7.4. Aurreko epeak ezertan eragotzi gabe, 2020ko urriaren 15era arte aurkezten ahalko dira aldi osoari dagozkion frogagiriak. Hala ere, gehienez ordainduko den diru kopurua ez da emandako diru kopuru osoa izanen, 2020rako emandakoa baizik.

Zortzigarren oinarria.–Dirulaguntzen ebazpena eta ordainketa.

8.1. Prozeduraren instrukzioa Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuak eramanen du. Hark ebazpen proposamena eginen du Baloraziorako Batzorde Teknikoaren ebaluazioa aztertu ondoan.

8.2. Baloraziorako Batzorde Teknikoa arduratuko da eskaeren ebaluazioaz; haien kide izanen dira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuaren titularra –batzordeburua izanen da–, Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Ataleko burua, eta laguntzen deialdiaren ardura duen teknikaria –idazkaria izanen da–. Batzordearen irizpena loteslea izanen da.

8.3. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, eta hurrengo 5 egun baliodunetan jakinaraziko dira.

8.4. Ikasturte osorako onartutako eskaerak kontuan harturik, Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez ebatziko da ikastegi bakoitzerako ikasturte osorako onartu den ordu kopurua, eta orobat finkatuko ikasle-orduen modulua eta ikasturte osoan entitate onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa, deialdi honen hirugarren oinarriari jarraikiz.

Zenbateko hori baldintzatuko du egiazko datuen arabera eta foru agindu honen laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera azkenean egiten den doikuntzak.

8.5. Behar diren frogagiriak deialdi honen zazpigarren oinarrian zehazturiko epeetan aurkeztu ondoan ordainduko dira justifikaturiko gastuei dagozkien zenbatekoak. Nolanahi ere, ordaindutako diru kopurua ezin izanen da izan ordainketa egiten den urteari dagokion zenbatekoa baino handiagoa.

8.6. Behin justifikazio epea amaitutakoan, gertatuko balitz aldea dagoela dirulaguntza emateko estimatutako irakastorduen eta benetan izandako irakastorduen artean, eta benetakoa txikiagoa balitz estimatutakoa baino, jasoko den zenbatekoa proportzionalki gutxituko da, kontuan hartuta irakastordu horiek tutoretzapeko autoikaskuntzakoak diren edo gainerako modalitateei dagozkien; izan ere, tutoretzapeko autoikaskuntzakoak badira, ordu kopurua murriztu egiten da ratioa 12 ikasletik gorako denean, 3.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

8.7. Frogagirietan ikusten bada entitate baten defizita halako aldi baterako aurreikusitako dirulaguntza baino txikiagoa dela, hura murriztu eginen da justifikaturiko defizitarekin bat etorri arte.

8.8. Nolanahi ere, defizitaren zenbatekoa azken ordainketan doituko da, ikasturteko datu metatuak oinarri hartuta.

Bederatzigarren oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak, jarraipena eta dirulaguntzen gaineko kontrola.

9.1. Ikastegiak erregistroko fitxa bat eramanen du, ikaslearen etengabeko ebaluazioari eta asistentziari buruzko datuak idazteko.

9.2. Ikaslearen ebaluazioa modu etengabean eginen da, eta diagnostiko probak eginen dira ikasturtearen hasieran eta amaieran. Ebaluazio prozesuetan erabilitako probak urtebetez gordeko dira egiten direnetik, eta emaitzak azken ebaluazioaren aktan jasorik geldituko dira.

9.3. Administrazioak agiri guztiak eskatzen ahalko ditu noiznahi, kontabilitatekoak, pedagogikoak edo bestelakoak izan.

9.4. Justifikazioarekin batera, diruz lagundutako entitateek 2019ko urritik 2020ko irailera bitarteko aldiari dagokion memoria aurkeztuko dute (VIII. eranskina); hartan, diruz lagundutako jardueren programazio orokorra zenbateraino bete den ebaluatuko da.

9.5. Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek baimena emanen dute Nafarroan helduentzako euskararen irakaskuntzarekin loturiko datu estatistikoak tratatzeko.

9.6. Deialdi honen onuradun diren entitateek ordutegiak eta neurriak ezarriko dituzte, ikasleek eta dirulaguntzaren xede den jarduera emateko kontrataturiko pertsonek aukera izan dezaten beren bizitza pertsonala, familiarra eta lan bizitza bateratzeko.

Era berean, material, irudi eta dokumentazio guztiak emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasun, rol aniztasun, berdintasun eta bizikidetza balioak sustatuko ditu.

Horrez gain, bi sexuetako pertsonek orekaz parte hartzea sustatuko da, bai irakasleen bai ikasleen artean.

9.7. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

9.8. Onuradunek erabilitako propagandaren ale grafikoen bi kopia aurkeztuko dituzte gutxienez; haietan, Nafarroako Gobernuaren logoa agertuko da, jarduera diruz laguntzen duen entitatea den aldetik.

Hamargarren oinarria.–Datuen tratamendua.

Ikasleen eta irakasleen datu pertsonalen tratamendua bat etorriko da Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Segurtatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin.

Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 16ko 213/2011 Foru Aginduaren bidez sortu zen “Euskaltegiak eta Gau-eskolak” datu pertsonalen fitxategi informatizatua, eta haren erregistroa egin zen Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean.

Hamaikagarren oinarria.–Ez-betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

11.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

11.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

12.1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izanik horiek Administrazioarenak berarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste ente publiko edo pribatu batzuenak, edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

12.2. Beste entitate batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskuratzen badira aldi berean, ordainduko den laguntza egokitu eginen da, laguntzak eta sarrerak osotara ez daitezen izan egindako gastuak baino handiagoak.

Hamahirugarren oinarria.–Dirulaguntzen publizitatea.

13.1. Emandako dirulaguntzak eta onuradunen eta baztertuen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionalean argitaratuko dira, tramiteen katalogoko dagokion fitxan.

13.2. Entitate guztiek beren publizitatean adierazi beharko dute beren ikastaroak Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen dituela. Aipamen hau Nafarroako Gobernuko sinbolo ofiziala arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren jarraibideekin bat eginen da. http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/.

Hamalaugarren oinarria.–Gardentasuna.

14.1. Entitate onuradunek irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritako gardentasun betebeharra bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura dirulaguntzak eskuratzen dituztenean eta ondoko bi egoerak batera gertatzen direnean:

a) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako zenbatekoak entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Bi egoera horietan dauden entitate onuradunek, dirulaguntza eman izana jakinarazi edo, kasua bada, horri buruzko ebazpena argitaratzen den egunetik hasita hilabeteko epean, honako informazio hau aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari zuzenduta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

14.2. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

14.3. Onuradunek emandako informazioa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Gobernu Irekiko Atarian argitaratuko da, eta eskura izanen da argitaratu eta urtebetean. Muga 15 hilabetekoa izanen da, informazioa kudeatzeko organoan sartzen den unetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

14.4. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

14.5. Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamabosgarren oinarria.–Aplikatzekoa den legedia.

Deialdi hau oinarri hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera ere. Halaber, 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da. Erregelamendu horren bidez arautzen da laguntzak ematea helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei.

Hamaseigarren oinarria.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

II. ERANSKINA

Entitate eskatzaileek bete beharreko fitxa (PDFa).

III. ERANSKINA

Ikastegiko taldeen ezaugarri akademikoak (Excel).

IV., V., VI. ETA VII. ERANSKINAK

IV. eranskina: Justifikazio balantzea; V. eranskina: Gastuen frogagiriak; VI. eranskina: Sarreren frogagiriak; VII. eranskina: Dirulaguntzen frogagiriak (Excel).

VIII. ERANSKINA

2019ko urritik 2020ko irailera bitarteko memoria

1.–Ikastegiaren informazio orokorra.

1.1. Egitura organikoa.

1.2. Egitura didaktikoa.

1.3. Ikasturteari dagozkion datuak.

2.–Moduluak, aldiak eta emaitzak.

3.–Giza baliabideak.

3.1. Irakasleek emandako zuzeneko prestakuntza orduak.

3.2. Irakasleen prestakuntza.

4.–Hobekuntzarako proposamenak.

4.1. Esparru didaktikoa.

4.2. Kudeaketa.

IX. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

X. ERANSKINA

Epealdiko gastu ordaindugabeak (Excel).

Iragarkiaren kodea: F1910510