175. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATARRABIA

Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Atarrabiako Udalak, 2018ko azaroaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen Atarrabiako ordenantza berria.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 2/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea ireki zen. Epea bukatu ondoren, Atarrabiako Udalak, 2019ko apirilaren 30ean egin osoko bilkuran, aurkeztutako alegazioak ebatzi zituen eta behin betiko onetsi zuen aipatu ordenantza. Jarraian, testu osoa ematen da argitara.

Ordenantzaren behin betiko onespenaren kontra, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu eta hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien gainean eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Atarrabian, 2019ko maiatzaren 3an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.

ANIMALIAK EDUKI ETA BABESTEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedea, aplikazio eremua eta xedapen orokorrak

1. artikulua. 1. Ordenantza honen xedea da arautzea Atarrabian animaliak arduraz edukitzea, eta udalerri osoan aplikatuko da. Ordenantzak bi helburu ditu: alde batetik, pertsonen osasuna eta segurtasuna zaintzea, eta, bestetik, animaliak babestea, kontuan hartuta haien laguntasuna oso garrantzitsua dela pertsona askorentzat, eta, bereziki, pertsonen eta etxeko animalien arteko harremanak.

2. Titulu honen helburuak dira animalien babes eta ongizate mailarik handiena lortzea, animaliak arduraz eduki daitezen bermatzea, animalien galera eta abandonuak ahalik eta gehien murriztea, herritarren partaidetza bultzatzea animalien babes eta zainketan, eta pertsonen osasuna, lasaitasuna eta segurtasuna babestea.

3. Ordenantza honen bi helburu horiek bete daitezen, ezinbestekoa da animalien jabeen laguntza; izan ere, animalia bat hartzea erabakitzen dutenek argi izan behar dute beren gain hartzen duten erantzukizuna. Beharrezkoa da pertsona horiek elkarbizitza errazteko konpromisoa hartzea, bereziki arraza edo tamaina dela-eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliak direnean.

4. Udal mailako xedapen orokor hau honako hauetan dago oinarriturik bereziki: Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, bai eta osasunaren, segurtasunaren eta ingurumenaren arloetan indarrean den eta aplika daitekeen araudian ezarritakoa ere.

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitatean indarra duen arlo horretako legedia. Animalien ongizateari buruzko araudia, edo animaliak edukitzeari eta babesteari buruz aplika daitekeen beste edozein araudi.

2. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako arauek ondoko animaliei aplikatzekoak dira (helburu ohikoenen arabera sailkatuta agertzen dira):

–Etxeko animaliak.

–Lagun egiteko animaliak: zakur arrazak, katuenak, zenbait hegazti.

–Animalia potentzialki arriskutsuak.

–Laguntza espezializatua ematen duten animaliak: gida-zakurrak eta obrak eta enpresak zaintzeko zakurrak.

–Akuarioko edo terrariumeko animaliak.

–Lehiaketetan eta/edo bestelako txapelketetan erabiltzen diren animaliak.

–Aisialdi jardueretan edo ikuskizunetan erabiltzen diren animaliak eta zirko jardueretarako hezitako animaliak.

–Bertako espezieetako animalia basatiak.

–Bertakoak ez diren espezieetako animalia basatiak.

3. artikulua. Erregelamendu honetan jasotako arauditik kanpo geratzen dira lanerako edo haragitarako animaliak, bai eta larrua edo gizakiarentzat erabilgarria den bestelako produktuak lortzeko erabiltzen direnak ere, horiei beste araudi batzuk aplikatzen baitzaizkie. Hala ere, horren salbuespena izango da ordenantza honen 6. artikuluan ezarritakoa.

4. artikulua. Halaber, erregelamendu honetatik kanpo geratuko dira esperimentaziorako erabiltzen diren animaliak, beste lege batzuk aplikatzen baitzaizkie.

II. KAPITULUA

Arau orokorrak

5. artikulua. 1. Etxebizitzetan lagun egiteko animaliak eduki ahal izateko, beharrezkoa izango da etxeko baldintza higieniko-sanitarioak egokiak izatea, eta ez sortzea auzokideentzat, gainerako pertsonentzat edota animaliarentzat berarentzat arriskutsua edo deserosoa izan daitekeen egoerarik.

2. Argi patioak eta balkoiak ezin izango dira lagun egiteko animalien ohiko bizitoki izan, ez eta 6 m²-tik beherako espazioak ere.

3. Debeku da animaliak aireztatze edo argi gabeko tokietan izatea, ezta muturreko baldintza klimatikoetan ere. Animalien gorotzak eta pixak egunero garbitu behar dira, eta bizitokiak garbi eta behar bezala desinfektatuta eduki behar dira.

Zakurren bizitegi gisa gaitutako instalazioen kontrolak egingo dira aldizka, baldintza higieniko-sanitarioei eta espazioari buruzko arauak zorroztasunez betetzen direla egiaztatzeko.

4. Udal teknikariek ezarriko dute etxebizitza bakoitzeko baimendutako gehieneko animalia kopurua, etxean erabilgarri dagoen tokia, baldintza higieniko-sanitarioak eta auzokideei eragin ahal zaizkien arazoak kontuan hartuta.

5. Lagun egiteko animaliak, gida-zakurrak salbu, ez dira igogailuetan egongo beste pertsona batzuek erabiltzen dituztenean, salbu eta haiek animaliekin batera sartzea onartzen badute. Eremu komunetan animaliak lotuta eraman beharko dira eta animalia arriskutsuen kasuan, muturrekoa eraman beharko dute.

6. artikulua. Etxeko kontsumorako hegaztiak, untxiak edo antzeko animaliak etxebizitza partikularretako terraza edo patioetan hazi ahal izateko baldintza izango da bizitokiaren egoerak, instalazioen egokitasunak eta animalia kopuruak horretarako bidea ematea, bai alderdi higieniko-sanitarioari bai herritarrentzat enbarazurik edo arriskurik ez eragiteari dagokienez.

7. artikulua. Animalia potentzialki arriskutsuak edukitzea, hau da, fauna basatikoak izanik, etxeko animalia moduan edo lagun egiteko animalia moduan erabiltzen diren guztiak, alde batera utzita haien oldarkortasuna, arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartuko dira erregelamendu bidez halakotzat hartuak badira, eta, bereziki, gisa honetako zakurrak: arraza jakin batekoak izanik, beren joera erasokorragatik, tamainagatik edo masailezurren indarragatik, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza emateko eta ondasunei kalte egiteko gai direnak; halako animaliak indarreko araudiarekin bat eduki behar dira eta eskatzaileak bizilekua duen udalerriko udalak ematen duen lizentzia eskuratu beharko da, edo bestela, Udalean hori jasota gelditu ondoren, salerosketa edo heziketa jarduera egiten den herriko udalak ematen duena, egiaztatu ondoren gutxienez betetzen direla honako baldintza hauek:

a) Adinduna izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkako, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkako, talde armatu batekin edo droga salerosketarekin lotura duten delituak. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko arautegiaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea.

c) Gaitasun psikologikoaren ziurtagiria.

d) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, erregelamenduz ezarritako gutxieneko zenbatekoa duena.

8. artikulua. Debeku da animaliei jaten ematea kalean eta/edo eremu publikoetan, bereziki katuei eta usoei, eragin ditzaketen osasun arazoengatik.

9. artikulua. 1. Obrak eta enpresak zaintzeko erabiltzen diren zakurrek haien jabeen edo arduradunen zaintzapean egon beharko dute, eta horiek eduki beharko dituzte halako moduz non herritarrei ezin dieten kalterik eragin. Behar diren neurriak hartuko dira zakurra ez dadin eremutik atera. Bestalde, behar bezala ohartarazi beharko da, seinaleen bidez, eremua zakur batek zainduta dagoela. Animalia horiek behar bezala erregistratuak eta txertatuak egon beharko dute, eta jabeek ziurtatu beharko dute haien elikadura, hidratazioa, babeslekua eta albaitariaren kontrola, beharrezkoa denean. Obra amaitu ondoren, zakurrak kendu egingo dituzte, komenigarritzat jotzen badute. Edozein kasutan, derrigorrezkoa izango da Udalari jakinaraztea zakurrak jartzen direnean, baita kentzen direnean ere.

2. Zaintzarako zakurrak eta, oro har, loturik edo eremu txikian edukitzen diren animaliak, ezin dira etengabe eduki egoera horretan. Jabetzak aterpedun babeslekua edo aire zabaletik babesteko etxola segurtatu beharko die. Babeslekuaren egiturak ez du izango animalia zauritu dezakeen materialik, behar bezala aireztatua egon beharko du eta beti garbi eta egoera onean mantendu beharko da.

10. artikulua. Udal agintaritzak animaliak kentzeko eskatu ahalko du, higiene eta osasun egoera txarrean daudela uste badu, arrisku fisiko edo sanitariorik sortzen badute herritarrendako edo beste animalientzako.

III. KAPITULUA

Animaliak eremu publikoan eta establezimendu publikoetan

11. artikulua. Udal-mugarte osoan, hiri-lurzoruan (eremu publikoak eta parkeak) eta lurzoru urbanizaezinean (Arga eta Ultzama ibaiertzak eta Ezkaba mendia barne), salbu eta animaliak solte ibiltzeko gaitutako espazioetan, zakurrak lotuta eramango dira, katea eta lepokoa edo arnesa dutela edo heltzeko bestelako sistemaren bat. Animalia arriskutsu edo oldarkorren kasuan, uhala katea izango da edo erresistentzia handiko beste material batekoa, eta ez da bi metro baino luzeagoa izango; gainera, muturrekoa eraman beharko dute.

Udalak, ahal den neurrian, baliabideak eta eremuak prestatuko ditu, zakurrak aske ibili eta jolastu ahal izateko.

12. artikulua. Animaliak ibilgailuetan.

1. Etxeko animaliak garraio publikoetan eramateari dagokionez, indarrean dauden xedapenak beteko dira, bai eta Nafarroako Foru Komunitateak eta kasu bakoitzean eskumena duten agintariek ematen dituztenak ere.

2. Laguntza emateko zakurrek ez dute zirkulazio mugarik izango, betiere jabearekin ibiliz gero eta ordenantza honetan ezarritako baldintza higieniko, sanitario eta segurtasunekoak betetzen badira.

3. Animalia horiek beti lotuta eramango dira, lepokoarekin eta muturrekoarekin.

4. Debeku da lagun egiteko animaliak aparkatutako ibilgailuetan 4 ordu baino gehiago edukitzea, eta haiek ezin dute inolaz ere animalien bizileku izan. Udaberrian, udan eta udazkenean, barruan lagun egiteko animaliaren bat duten ibilgailuak itzalean aparkatu beharko dira, eta denbora guztian aireztatuta egon beharko dute eta hidratatuta. Udal agintaritzak arrisku egoeraren bat ikusten badu, esku hartu ahalko du animaliaren ongizatea bermatzeko eta eragindako kalte materialen erantzukizunetik salbuetsita egongo da.

13. artikulua. 1. Berariaz debekaturik dago etxeko animaliak sartzea elikagaiak ekoiztu, bildu, garraiatu, saldu edo maneiatzen diren era guztietako lokaletan, baita lokal horietan egotea ere.

2. Salbuespen gisa, etxeko animaliak jatetxe, taberna, kafetegi eta antzekoetan sartzea eta/edo egotea jabeen esku egongo da; beharrezkoa izango da, baina, animaliek higiene eta osasun aldetik itxura egokia izatea. Inoiz ere ez dira sartuko sukaldera edo barraren atzealdera. Gainera, lotuta egongo dira eta, arriskutsuak badira, muturrekoa izan beharko dute.

3. Debekatua dago animaliak zuhaitz, farola edo eremu publikoko bestelako elementuetara lotuta uztea 15 minutu baino gehiago, traba edo arriskua eragiten badie pertsonei edo animaliari berari. Herritarren segurtasunaren arloan eskumena duen agintaritzak esango du horietako kasuren baten aurrean gauden.

4. Debeku da zakurrak eta bestelako animaliak ibiltzea igerileku publikoetan, ikuskizun publikoak edota kirol eta kultura ikuskizunak eskaintzen diren lokaletan eta eskola eremuetan, bai eta horietan egotea ere, baimenduetako kasuetan izan ezik.

5. Animaliak egotea debekatua dagoen establezimendu edo lokalen jabeek debekua adierazten duen seinalea jarri beharko dute lokalaren sarreran, ongi ikusteko tokian.

6. Artikulu honen aurretik ezarritako debekuetatik salbuetsita daude pertsona itsuei laguntzen dieten gida-zakurrak.

14. artikulua. 1. Debeku da lagun egiteko animalien edo etxeko animalien gorozkiak uztea eremu publikoetan. Horrenbestez, animalien jabeek gorozkiak jasotzeko poltsak eraman, poltsak itxi eta udal agintariek espresuki horrexetarako jarritako lekuetan utzi beharko dituzte edo, halakorik ezean, zaborrontzi egokietan edo paperontzietan. Elementu horietako bat ere ez badago, besterik ezean, beren etxera eraman eta etxeko zakarrontzian bota beharko dute. Gorozkiak dituen poltsa lurrean uztea ez jasotzea bezala ulertuko da.

2. Era berean, debeku da animaliek pixa egitea iragazkorrak ez diren eremuetan, esaterako, espaloiak, atariak, etab., eta animalia daramanaren erantzukizuna izango da hura garbitzea. Bereizi egin beharko da pixa egitea animaliarenak diren beste portaera batzuetatik, hala nola markaketatik.

3. Debeku da animaliak eremu publikoan, iturrietan eta aintziretan garbitzea, bai eta iturri publikoetatik ura edaten uztea, horretarako txorrotak fisikoki ukitzen badituzte. Ereduen aniztasuna kontuan hartuz, animaliaren erantzuleak kasu bakoitzean beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu.

4. Debeku da animaliak orraztearen ondoriozko hondarrak uztea eremu publikoan, parkeetan edo lorategietan, eta jabea behartua egongo da ile hondarrak jasotzera eta udalerriko zaborrontzi eta edukiontzietara botatzera.

5. Espresuki debeku da animaliak udalerriko plaza eta parkeetako haurren jolastokietara sartzea.

IV. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko berariazko arauak

15. artikulua. Definizioa.

1. 50/1999 Legearen 2.2 artikuluan ezarritako ondorioetarako, honako hauek dira arriskutsu gerta daitezkeen animaliak:

a) Ordenantza honetako I. eranskineko zerrendan agertzen diren arrazetako animaliak edo arraza horien nahastea dutenak.

b) Ordenantza honetako II. eranskineko ezaugarrietako guztiak edo gehienak dituztenak.

2. Aurreko apartatuan aipatzen diren kasuetan, arriskutsu izateko aukera hori badela erabaki beharko du agintari eskudunak, betiere irizpide objektiboei jarraikiz, ofizioz edo jakinarazpen nahiz salaketa baten bidez hasita, agintari eskudunak izendatutako edo gaitutako albaitari ofizial edo kolegiatu batek aldez aurretik txostena eginda.

3. 1. eta 2. eranskinetan agertzen diren arrazetako animaliak edo arriskutsuak izan daitezkeen bestelakoak eduki nahi dituzten pertsonek Udalean administrazio lizentzia eskatu beharko dute (irailaren 23ko 50/1999 Legearekin bat). Udalak lizentzia emango du, honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatu ondotik:

–Adinez nagusia izatea eta animalia zaintzeko ezgaitua ez izatea.

–Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, edo zilegi ez den elkartea. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko arautegiaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea.

–Gaitasun psikologikoaren ziurtagiria.

–Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei eragiten ahal dizkieten kalteengatik, erregelamenduz ezartzen den gutxieneko estaldura duena eta animaliak pertsonei edo beste animalia batzuei eragiten ahal dizkien kalteengatiko ordaina estaltzen duena.

–Egiaztatzea animalia inskribatuta dagoela arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan.

4. Ordenantza honek indarra hartzen duenean I. eta II. eranskinetan agertzen diren arrazetako animaliaren bat duten pertsonek eta behar den baimenik ez dutenek, gehienez ere hiru hilabeteko epean tramitatu beharko dute.

5. Haien izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta bereziki arriskutsuak izan daitezkeen zakur guztiak gehienez ere bi metroko luzera duen katez edo luzaezina den eta erresistentzia handiko uhalez lotuta eta muturrekoarekin ibili beharko dute beti eremu publikoetan eta sartzea libre duten establezimenduetan, osasun arloko arrazoiak, segurtasunekoak eta elkarbizitzarekin zerikusia dutenak tarteko.

6. Adingabeek, horditurik dauden pertsonek edota gaitasun psikofisikoak aldatuta dituztenek ezin izango dituzte halako animaliak eraman.

7. Arestian ezarritakoa ez betetzeagatik ezar daitezkeen zehapenez gain, udal agintzaritzaren agenteek edota Alkatetzak horretarako gaitutako pertsonek animalia zuhurtziaz ibilgetu eta Udalak erabakitako zakurtegira eraman ahalko dute. Zakurra han geratuko da jabeak muturrekoa jarri eta eraman arte, gehienez 10 egunean salaketa egin zen egunetik hasita. Zakurrak zakurtegian eragindako gastuak jabearen kontura izango dira.

Jabea ez bada zakurraren bila joaten ezarritako epean, animalia abandonatuta dagoela ulertuko da eta hil ahalko da.

8. Txakur horiek hartuko dituzten instalazioek segurtasun neurri egokiak izan beharko dituzte; zehazki, hesiak behar bezain garaiak eta sendoak izango dira, eta ondo finkatuta egongo dira, animaliaren pisua eta presioa jasateko. Instalazioetako ateek inguruaren gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.

9. Udalak tasa bat finkatuko du urtero arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeagatik, zeina ordaindu beharko baitute halako animalien jabe diren pertsonek.

Tasaren xedea izango da irailaren 23ko 50/1999 Legean ezarritako administrazio lizentzia emateari buruzko udal jarduera, arriskutsuak izan daitezkeen beste animalia batzuk edukitzeari buruzkoa. Lizentzia horrek 5 urteko indarraldia izango du.

10. Araudi hori aplikatuko zaie animalia basatiak edukitzeari, etxeko edo lagun egiteko animalia gisa edukiz gero, eta animaliek pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman ahal badiete, edo ondasunei kalte egin, erasokorrak izan ala ez.

V. KAPITULUA

Lagun egiteko animalien identifikazio erregistroa

16. artikulua. 1. Lagun egiteko animaliak dituzten pertsonak behartuta daude lagun egiteko animalien identifikazio erregistroan inskribatzera (zakurren errolda), zakurrek lau hilabete dutenetik aurrera. Inskripzioa albaitaritza zerbitzu ofizialen bidez egingo da. Animaliak Nafarroako legedian ezarritakoaren arabera identifikatu beharko dira.

Jabeak 1. artikuluan ezarritako adina betetzen denetik hasita, beharturik daude, zuzenean edo identifikazio lanak egiten dituzten albaitarien bidez, dagozkien udalei jakinaraztera erregistroan gertatzen diren altak eta bajak, udalek errolda etengabe eguneratua izan dezaten.

Halaber, epe berean, jakinaraziko dira animalien eskualdaketak, eta galdutako, abandonaturiko edo kaleko zakurren jabetzak.

2. Inskripzioa egin ahal izateko, animaliaren jabeak bere nortasun agiri nazionala eta zakurraren osasun txartela aurkeztu beharko ditu.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliei (eranskinean agertzen diren arrazak) dagokienez, jabeak frogatu beharko du beharrezkoa den aseguru poliza baduela eta ordenantza honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela.

3. Lagun egiteko animalia hil edo desagertuz gero, animaliaren jabeak horren berri eman beharko du gertatu eta zortzi egun naturaleko epean, albaitarien bidez edo animalia bizi den udalerriko udal bulegoetan. Halaber, animaliaren osasun txartela eta heriotzaren ziurtagiria, albaitari batek emana, aurkeztu beharko ditu.

4. Era berean, animalia baten jabetza eskualdatzen duten pertsonek edota helbidea aldatzen dutenek edo beste udalerri batera joaten direnek ere epe berean eman beharko dute gertaeraren berri. Lehenbiziko kasuan, animaliaren jabe berriaren datuak eta animalia onartzeari buruzko agiria ere aurkeztu beharko dituzte.

17. artikulua. Inskribatu ahal izateko, beharrezkoa da animaliak aldez aurretik identifikatuta egotea, transponder edo mikrotxip baten bidez.

VI. KAPITULUA

Osasun arloko arauak

18. artikulua. 1. Animalien jabeek ziurtatu beharko dute horiek beharrezkoak diren osasun arloko baldintzak betetzen dituztela, eta beharrezkoak diren albaitaritza kontrolak egin beharko dizkiete. Xede horrekin, administrazio agintariek agindu ahalko dute zenbait osasun kanpaina egiteko, lagun egiteko animalientzat derrigorrezkoak izango direnak, zehazten den moduan eta unean.

2. Jabe bakoitzak osasun arloko dokumentazioa izan beharko du, eta bertan agertuko dira animaliaren ezaugarriak eta jaso dituen txertoak eta tratamenduak, haren osasun egoeran eraginik badute.

19. artikulua. Pertsonei edo beste animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animalien jabeek honako hauek bete beharko dituzte:

–Animalia erasotzailearen eta beren datuak eman beharko dizkiote erasotutako pertsonari, haren legezko ordezkariei eta hala eskatzen duten agintari eskudunei.

–Erasoa gertatu eta ondorengo 24 ordutan gehienez ere jakinarazi beharko dute Udal honetako Udaltzaingoaren egoitzan, eta udal agintarien esanetara jarri beharko dute.

–Animalia erasotzailea albaitariaren behaketapean jarri beharko dute 14 egun naturalean.

Osasun arloko dokumentazioa eta albaitariaren ziurtagiria, behaketari buruzkoa, aurkeztu beharko dituzte Udalean, behaketa aldia hasi eta 14 egunera.

–Udalari jakinarazi beharko diote albaitariaren behaketa aldian gertatzen den oro (animalia hiltzea, lapurtzea, galtzea, desagertzea, norabait eramatea).

Egoerak hala eskatzen badu eta udal agintariek beharrezkotzat jotzen badute, animalia erasotzailea Udalak zehazten duen udal zakurtegian sar daiteke, albaitariaren behaketa han bertan egiteko. Horren ondorioz sortzen diren gastuak jabearen kontura izango dira.

20. artikulua. 1. Udalerrian bizitokia duen albaitari orok Udalari jakinarazi beharko dio atzematen duen edozein gaixotasun kutsakor, osasun arloko bakarkako neurriez gain, osasun publikoari dagozkion neurriak ere abian jartzeko.

2. Albaitaritza klinikek eta kontsultategiek artxibo bat izan beharko dute animalien fitxa klinikoekin. Artxibo hori udal agintarientzat eskuragarri egongo da.

21. artikulua. 1. Debeku da animaliak abandonatzea.

2. Lagun egiteko animaliak edota haien ardurapeko zakurren eta katuen kumeak eman nahi dituztenek Udalari jakinarazi beharko diote, udal zerbitzu eskudunek jaso ditzaten, kasuko tasa ordaindu ondoren, hala badagokio.

3. Debeku da animalia basatiak natur ingurunean askatzea.

VII. KAPITULUA

Animalia abandonatuak

22. artikulua. 1. Ulertuko da animalia bat abandonatuta dagoela eremu publikoan edo herri inguruan dabilenean jaberik edo arduradunik gabe. Kasu horietan, udal zerbitzuek jasoko dute eta Udalak zehazturiko instalazioetara eramango da, eta bertan egongo da Animaliak Babesteko Legeak ezarritako epean, jabeak jaso, norbaiti eman edota akabatu arte. Jaberik baldin badu, bere gain hartuko ditu epe horretan hura mantentzeko eragindako gastuak.

2. Zortzi eguneko epea egongo da identifikaziorik gabeko animaliak berreskuratzeko. Animaliak lepoko identifikatzailea edo bestelako identifikazioren bat eramanez gero, jabeak 10 eguneko epea izango du jasotzeko, Udalak ohartarazi eta erregistroan inskribatu ondoren, inskribaturik ez balego, eta animaliaren zaintzak sorturiko gastuak ordainduta, aplikatu ahal zaizkion zehapenez gain. Aipatu epeak iraganda, animalia legez abandonatuta dagoela ulertuko da.

23. artikulua. Animaliak berreskuratzeko erregelamenduzko epea iraganda, Udalak animaliak babesteko elkarteen esku utziko ditu, haiek arduratzen baitira animaliak jaso eta zaintzeaz.

VIII. KAPITULUA

Animalien babesari buruzko xedapenak

24. artikulua. Debeku da:

–Animaliei tratu txar edo eraso fisikoak eragitea, baita sufrimendua edo justifikaziorik gabeko kaltea eragiten dizkien praktikak ere.

–Horiek abandonatzea.

–Animaliak elementu finkoei loturik edukitzea beti.

–Baldintza higieniko-sanitario egokiak betetzen ez dituzten instalazioetan edukitzea.

–Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

–Arau-hauste penaltzat jotzen ez bada, zehapena ezarri ahalko da tranpak jartzeagatik eta gai toxikoak, pozoia edo beste edozein elementu edo produktu erabiltzeagatik, horiek lagun egiteko animaliei edo babestutako animaliei kalterik eragiten ahal badiete.

–Bizirauteko behar duten mantenua eta hidratazioa ez ematea.

–Debeku da animaliak erabiltzea ikuskizun, borroka eta bestelakoetan, horrek sufrimendua edo tratu txarra ekartzen ahal badie, legeak ezartzen dituen salbuespenak izan ezik.

–Animaliak erabiltzea sari edo esker-saritako, edo ordaineko opari gisa diru bidez eskuratzearekin ikustekorik ez duten bestelako erosketen truke.

–Hamalau urtez beherakoei eta desgaituei saltzea, guraso-agintea, tutoretza edo zaintza dutenen baimenik gabe.

–Animaliak kalez kale saltzea. Soilik udal agintaritzak baimenduko du etxeko animalien salmenta, zakurrena eta katuena izan ezik, legezkoak diren azoka eta ferietan.

–Animaliak herri festetan erabiltzea, salbu eta zezen ikuskizunei buruz indarra duten arauek edo Nafarroan animaliekin egiten diren herri ikuskizunek tradizioz izan dituzten baldintzez bestela erabiltzea.

IX. KAPITULUA

Animaliekin zerikusia duten jarduera ekonomikoak

25. artikulua. 1. Udalaren baimena izatea beharrezkoa izango da irekitzeko etxeko animalien saltokiak, haiek aldi baterako edo betiko hartzeko zentroak eta haiek hazteko eta/edo trebatzeko zentroak. Halaber, halakoen titularrek gune zoologikoaren deklarazioa eskuratu beharko dute eta establezimenduak dagokion erregistroan inskribatu beharko dituzte.

2. Establezimendu horiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

–Lagun egiteko animalien sarrera-irteerak erregistratzeko liburu bat izan beharko dute.

–Halako establezimenduetarako eskatzen diren baldintza higieniko-sanitarioak mantendu beharko dituzte, baita higienerako eta kutsatzeak prebenitzeko programa bat ere, albaitari batek prestatua.

Etxeko animalien salmenta Nafarroako Foru Komunitateko arauei jarraikiz egingo da.

3. Gainera, jasotako animaliak hartzeko establezimenduek, etxeko animaliak hartzeko zentroek eta lagun egiteko animaliak hazteko edo saltzeko zentroek albaitaritza zerbitzuak eduki behar dituzte, animalia egoiliarren egoera fisikoa zaintzeko eta bertan diren animalien egoeraren berri aldiro emateko Osasun Departamentuari.

Inola ere ez da baimenduko zakur eta katuak beira-arasen moduko egituretan edukitzea, saltzeko helburuarekin, edozeinek ikusteko moduan, animaliarengan eragin dezakeen estresagatik. Animaliak establezimenduan barruren dagoen tokian egongo dira, jendearen irismenetik kanpo.

Animaliak osasun egoera onean salduko dira. Zakurrek lau hilabete baino gehiago badituzte, parasitoak kenduta eta behar diren txertoak jarri dituztela dioen albaitariaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Animaliaren arraza, adina, jatorria, osasun egoera eta interesa duten gainerako ezaugarriak egiaztatzen dituen agiria eman beharko zaio erosleari.

26. artikulua. Ez da baimenik emango udalerrian paratzeko animaliak dituzten zirko eta zoologiko ibiltariak, ez eta animaliekin lan egiten duten atrakzioak ere. Apartatu honetatik kanpo gelditzen dira hegazti harraparien ikuskizunak; horietarako udal lizentzia beharko da.

X. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

27. artikulua. Animaliaren edukitzailea izango da erantzulea, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan, animaliak jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, Kode Zibilaren 1905. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

28. artikulua. 1. Animalien jabeek edo edukitzaileek ordenantza honetan ezarritako betebeharrak modu larrian edo behin eta berriz hausten badituzte, eta, bereziki, horrek arriskua badakar pertsonen edota animaliaren beraren segurtasunerako edo osasunerako, udal administrazioak animalia konfiskatu eta toki egoki batera eraman ahalko du, jabearen kargura, bai eta beharrezkotzat jotzen duen edozein neurri osagarri hartu ere.

2. Konfiskatzea kautelazko neurria izango da, zehapen espedientea ebazten den bitartean. Ebazpena ikusirik, animalia jabeari itzuli ahal zaio edota Administrazioaren jabetzara pasa ahalko da. Kasu horretan, Administrazioak adopzioan eman edo laga ahalko du, baita hil ere, konfiskatutako animaliaren ezaugarrien eta egoeraren arabera.

29. artikulua. Giza-inguruan bizi diren animaliak babesteko legean ezarritakoaren arabera, ordenantza honetan ezarritako xedapenak hausteak ekarriko du Udalak zigorra ezartzea, edota, hark proposatuta, beste administrazio batek, arau-haustearen izaera edo larritasuna dela-eta, ezarri beharreko zehapenak hala eskatzen duenean.

30. artikulua. 1. Ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

2. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluan agindutakoaren kontra.

b) Lagun egiteko animaliak (zakur, katu, hudoak), etxekoak eta udal agintaritzak zehazten dituenak uhal edo katerik gabe eramatea hiriko eremu publikoetan (11. artikulua).

c) Animalia horien pixarekin zikintzea eta ez garbitzea iragazkorrak ez diren eremuak.

d) Hiriko kaleetan basa espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

e) Animaliei, batez ere zakur, katu eta hegaztiei, elikagaiak ematea bide eta/edo espazio publikoetan (8. artikulua).

f) Ikastetxe, igerileku, osasun etxe eta eraikin publikoetan animaliekin sartzea.

g) Zakurrak etxebizitzako edozein lekutan edukitzea, bereziki patio edo balkoietan, auzokoei traba eginez, zaunkak edo higiene eta osasun arrazoiak direla medio.

h) Animaliekin sartzea sarrera debekatuta duten establezimenduetan.

i) Behar bezainbat baliabiderik ez jartzea animalia etxetik, etxebizitzatik edo gordeta dagoen tokitik arduradunik gabe atera dadin eragozteko.

j) Ez betetzea 12. eta 13. artikuluetan ezarritakoa animalien garraioari buruz, animaliak toki jakinetan sartu eta egoteari buruz, eta eremu publikoan beste pertsonei traba edo arriskua eragiten dietelarik lotuta bakarrik uzteari buruz, 12. artikuluaren 4. apartatuan xedatutakoari aurka egitearen kasuan izan ezik, kasu horretan arau-hauste oso astuntzat hartzen den animalien aurkako tratu txarra izango baita.

k) Zakurra ez inskribatzea horretarako ezarritako epean, eta 16. artikuluko gainerako xedapenak ez betetzea.

l) Lagun egiteko animalien edo etxeko animalien (zakurrak, katuak, zaldiak, hudoak... eta udal agintaritzak zehazten dituen beste batzuk) gorozkiak ez biltzea eremu publikotik (14. artikulua).

m) Animaliak ez identifikatzea, 17. artikuluari jarraikiz.

n) Hamalau urtez beherakoei eta desgaitasuna dutenei saltzea, guraso-agintea, tutoretza edo zaintza dutenen baimenik gabe.

o) Animaliak erabiltzea sari edo esker-saritako, edo ordaineko opari gisa diru bidez eskuratzearekin ikustekorik ez duten bestelako erosketen truke.

p) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean jasotako beste edozer egitea edo ez egitea.

q) Beste edozein arau-hauste, ordenantza honetan arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkaturik ez badago.

3. Arau-hauste astuntzat joko dira:

a) Zainketa lanetan aritzen diren zakurrei buruz ezarritakoa ez betetzea.

b) Lagun egiteko animalien edo etxeko animalien (zakurrak, katuak, zaldiak, hudoak... eta udal agintzaritzak zehazten dituen beste batzuk) gorozkiak ez biltzea eremu publikotik (14. artikulua).

c) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak ez identifikatzea, 17. artikuluari jarraikiz.

d) Animaliaren osasun egoerari buruzko dokumentazioa ez izatea (18.2 artikulua).

e) Animaliaren osasun egoerari buruzko dokumentazioa eta albaitariaren ziurtagiria ez aurkeztea, erasoren bat gertatzen denean (19. artikulua).

f) Animalia erasotzailearen behaketa aldian zerbait gertatuz gero, horren berri ez ematea (19. artikulua).

g) Animaliak baldintza higieniko-sanitario kaskarrean edukitzea, edota auzokideentzat, gainerako pertsonentzat edota animaliarentzat berarentzat arriskutsuak edo deserosoak izan daitezkeen egoerak sortzea (5. eta 6. artikuluak).

h) Lagun egiteko animaliak kalez kale saltzea edo etxeko animaliak Udalaren baimenik gabe saltzea (24. eta 25. artikuluak).

i) Animaliak instalazio desegokietan eta behar bezala elikatu gabe edukitzea.

j) 25. eta 26. artikuluetan ezarritako jarduerak abian jartzea Udalaren baimenik gabe, gune zoologikoaren deklaraziorik gabe, edo behar bezalako baldintza higieniko-sanitarioak bete gabe.

k) Udal agintaritzak ezarritako baldintzak edo neurriak ez betetzea.

l) Animaliak ez txertatzea Administrazioak hala erabakitzen duenean, 18.1 artikuluari jarraikiz.

m) Pertsonei lesioak eragin dizkieten animaliak albaitariaren behaketapean ez jartzea (19. artikulua).

n) Derrigorrez jakinarazi beharreko gaixotasun kutsakorren berri ez ematea Udalari (20. artikulua).

o) Berariazko baimenik ez izatea Arriskutsuak izan daitezkeen animaliei buruzko 15.1 eta 15.2 artikuluetan ezarritako kasuetan.

p) Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

q) Arriskutsua izan daitekeen animaliaren bat eramatea 2 metrotik beherako uhal edo katerik gabe, dela eremu publikoan dela ordenantza honetan baimendutako guneetatik at.

r) Muturrekorik ez erabiltzea 15.3 artikuluan ezarritako kasuetan.

s) Erantzukizun zibileko asegururik ez izatea, 15. artikuluak ezarritako kasuetan.

t) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

u) Ordenantza honetan ezarri gabeko beste edozein, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean jasota badaude.

4. Arau-hauste oso astuntzat joko dira:

a) Animaliekiko ankerkeria, eta tratu txarrak eta eraso fisikoak eragitea, bai eta kontrolik gabe akabatzea ere.

b) Animaliak abandonatzea edo libre uztea, 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Ordenantza honetan ezarri gabeko beste edozein, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean eta Arriskugarri gerta daitezkeen animaliei buruzko 50/1999 Legean hala jasota badago.

31. artikulua. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.

32. artikulua. 1. Arau-hauste arinek 60,10 eta 150,25 euro bitarteko zehapena izango dute; astunek, 150,26 eta 601,01 euro bitartekoa, eta oso astunek, berriz, 601,01 euro eta 3.005,06 euro bitartekoa.

2. Isunen zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira aurreko artikuluan aipatutako inguruabarrak, arau-hausteak astuntzen dituztenak, bai eta gertakarien erantzukizun-mailan eragina izan dezaketen beste batzuk ere.

3. Nolanahi dela ere, arriskutsuak izan daitezkeen animaliei buruzko arau-hausteak abenduaren 23ko 50/1999 Foru Legearen 13.5 artikuluan xedatutakoari egokituko zaizkio, eta zehapen arinak 150,25 eta 300,51 euro bitartekoak, astunak 300,52 eta 2.404,05 euro bitartekoak eta oso astunak 2.404,06 eta 15.025,30 euro bitartekoak izango dira.

33. artikulua. 1. Zehapen espedienteak Nafarroako Foru Komunitatearen eskumeneko esparruetan aplikatzekoa den zehapen prozeduraren arabera tramitatuko dira.

2. Espedientearen hasierako ebazpena eta ordenantza honen arlokoak diren gaiei buruzko zehapen ahalmena alkatearen eskumenekoak izango dira, eta kasua bada, dagokion zinegotzigoaren esku utzi ahalko ditu.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea indarrean jartzen denetik urtebeteko epean, udalak, arlo honetako ordenantza hau egokituko du foru lege honen xedapenetara.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten da Atarrabiako Udaleko Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza, 2018ko apirilaren 3an 63. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

15. ARTIKULUAREN ERANSKINAK

I. eranskina

a) Pit bull terrierra.

b) Staffordshire bull terrierra.

c) American staffordshire terrierra.

d) Rottweilerra.

e) Dogo argentinarra.

f) Fila brasildarra.

g) Tosa inua.

h) Akita inua.

II. eranskina

Ezaugarri hauen guztien edo hauetako gehienen jabe dira xedapen honen eraginpeko zakurrak:

a) Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

b) Aiurri handikoa eta adoretsua.

c) Ile motza.

d) 60 eta 80 zentimetro arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetro arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik gorako pisua.

e) Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.

f) Lepo zabala, gihartsua eta motza.

g) Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.

h) Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelu ez oso handia egiten dutenak.

Iragarkiaren kodea: L1909989