175. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

4/2019 FORU AGINDUA, abuztuaren 22koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako memoria historikoaren tokien identitate grafikoa.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak ezartzen dituen helburuetako bat aipatu tokien zabalkundea eta hedapena da.

Horretarako, legezko testu horren 15.2 artikuluak xedatzen du memoria historikoaren arloan eskumena duen departamentuak ezarriko duela memoria historikoaren tokien identitate grafikoa, seinaleztapen eta hedapen ofiziala egiteko, identitate korporatiboaren arloko eta Foru Komunitateko toponimoen erabilera ofizialaren arloko araudi indardunarekin bat.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak emandako txostena ikusirik, non proposatzen baita onestea Nafarroako memoria historikoaren tokien identitate grafikoa, bai eta horren aplikazioak eta erabilerak ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilari gisa ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Identitate grafikoa onestea memoria historikoaren tokitzat deklaratutako eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatutako gune, higiezin edo aurkintzak seinaleztatzeko. Foru agindu honen eranskin gisa erantsi da.

2. Honako hauek dira diseinuaren xehetasunak:

–Deskripzioa: kolorezko logotipoa, Toon Around Regular letra erabilita egindako “m” grafiaren bi forma simetrikok eratua; erdian ispilu gisako banda batek bereizten ditu, eta kolore beltzeko koadro baten barruan daude. Grafiaren azpian testu elebiduna dago, horizontalki zein bertikalki irakurgarria (Memoria Tokiak).

–Kolorea: logotipoaren goiko grafia “Pantone Process Black C 0 C, 0 M, 0 Y, 100 K RAL 9011” motako tinta erabiliz egina da. Grafiaren beheko zatia honako tinta hau erabiliz egina da: “Pantone 4715C 34 C, 58 M, 64Y, 14 K, RAL 8024”. Hori guztia hondo zuriaren gainean eta kolore beltzeko markoan.

–Informazioko euskarrietako aplikazioak: monolito, atril eta banderoletarako II. eranskinean ezarrita dagoenaren arabera.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 22an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

Identitate grafikoaren eskuliburua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1911227