175. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

3/2019 FORU AGINDUA, abuztuaren 20koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro-liburuak eraman eta eginbidetzeko modua arautzen duena.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamendua maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen. Erregelamendu horren 61. artikuluak arautzen du zeintzuk diren enpresa-jarduerak edo lanbide-jarduerak garatzen dituzten zergaren subjektu pasiboen betebehar formalak, kontabilitatekoak eta erregistrokoak. Hartara, artikulu horren 8. apartatuan, baimena ematen dio tributu arloan eskumenak dituen departamentu horren titularrari esan dezan nola eraman eta eginbidetu behar dituzten subjektu pasiboek erregistro-liburuak, beren etekina zehazteko aplikatzen duten zenbatespenaren araubidearen arabera.

Orain arte, agindu horiek Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren maiatzaren 25eko 176/2004 Foru Aginduak ematen zituen; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro-liburuak eraman eta eginbidetzeko modua ezartzen da foru agindu horretan.

Foru agindu hori onetsi zenetik denbora iragan da. Hori dela-eta, beharrezkoa da haren edukia eguneratu eta berrikustea, batetik, 174/1999 Foru Dekretuak onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamendura egokitzeko, eta, bestetik, erregistro-liburuen edukia berrikusteko.

Berritasun handiena hau da: salmenta eta sarreren eta erosketa eta gastuen erregistro-liburuetan eragiketaren beste aldean dagoenaren identifikazio fiskaleko zenbakia agertu behar da. Erregistro-liburuen edukia erregulatzen duen araudia eguneratzean, beste zerga batzuetan jadanik ezarrita dauden kontzeptuen nola edo halako homogeneotasuna bilatu nahi izan da, hala nola balio erantsiaren gaineko zergaren laburpen-idazpenen arloaren gainean.

Foru agindu berri honen helburuetako bat da liburu hauek bateragarriak izateko aukera indartu eta zehaztea, hala aurreikusten duten zergen zerga-liburu moduan erabiltzeko, beharrezkoak diren gehikuntzak egin ondoren. Zehazki, foru agindu honen 12. artikuluan adierazitakoaren arabera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro-liburuak bateragarriak izan daitezke balio erantsiaren gaineko zergan eskatutakoekin, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 53.3 artikuluan aurreikusitako terminoetan. Zehaztapen hau, ezbairik gabe, beren jardueren erregistro-liburuak eramatera beharturik dauden subjektu pasiboen betebehar formalen modulazioa da.

Bat etorriz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 61.8. artikuluan zehaztutako gaikuntzarekin (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendua),

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Enpresa-jardueren erregistro-liburuak, etekina zuzeneko zenbatespeneko metodoko modalitate erraztuan zehazten dutenen kasuetarako.

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 61.4 artikuluan xedatutakoaren arabera (maiatzaren 24ko 174/1999 Errege Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori), etekina zuzeneko zenbatespeneko metodoaren modalitate erraztuan zehazten duten enpresa-jarduerak egiten dituzten subjektu pasiboak beharturik daude honako erregistro-liburu hauek eraman eta gordetzera:

a) Salmenten eta sarreren erregistro-liburua.

b) Erosketen eta gastuen erregistro-liburua.

c) Inbertsio-ondasunen erregistro-liburua.

2. Zergaren aplikazio-esparruan kokatutako establezimenduen titularrek establezimendu bakoitzean eraman ditzakete aurreko apartatuan ezarritako erregistro-liburuak (liburu horietan anotatuko dituzte modu berezian establezimendu horietan egindako eragiketak), baldin eta establezimendu horietako laburpen-idazpenak helbide fiskalean izan beharreko erregistro-liburu orokorretara eramaten badira.

2. artikulua. Salmenten eta sarreren erregistro-liburua.

1. Salmenten eta sarreren erregistro-liburuan anotatuko dira, behar bezala bereizita, jardueratik eratorritako sarrera guztiak, eta hartan agertuko dira:

a) Egindako fakturaren zenbakia eta, hala behar denean, seriea, zeinetan agertuko baita sarrera. Faktura egiteko beharkizunik ez denean, sarrerak hurrenez hurren zenbakituko dira, eta salmenten eta sarreren erregistro-liburuan kasu bakoitzari dagokion zenbakia anotatuko da.

b) Faktura noiz egin den eta eragiketak noiz egin diren, bi datak bat ez datozenean.

c) Hartzailearen izen-deiturak edo sozietatearen izena edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

d) Kontzeptua. Ondorio horietarako gutxienik adieraziko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken ereduan ageri diren sarrera osoen desglosea; eredu hori erregistro-liburu honetan anotatutako sarrerei dagozkien ekitaldiaren hasieran onetsitakoa izanen da.

e) Eragiketaren zenbatekoa edo, eragiketa balio erantsiaren gaineko zergaren mende badago, eragiketen zerga-oinarria, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 26. eta 27. artikuluen arabera zehaztutakoa, eta, hala behar denean, aplikatutako zerga-tasa eta tributu-kuota. Faktura beraren idatzoharra hurrenez hurreneko zenbait idazpenetan egitea ere zilegi izanen da, zerga-tasa desberdinak ordaindu behar dituzten eragiketak dituenean.

f) Eragiketa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipenari edo konturako sarrerari lotuta badago, bereizita zehaztuko dira eragiketari aplikatutako atxikipen-tasa eta hartzaileak atxikitako zenbatekoa.

2. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 7.1 artikuluan xedatutakoaren arabera (apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori) hartzailea identifikatzea nahitaezkoa izan gabe egindako fakturak direnean eta fakturaren sortzapena hilabete naturalaren beraren barnean gertatzen bada, artikulu honetan aipatzen diren fakturen banakako idatzoharra egin beharrean eguneko laburpen-idazpen bat egin daiteke, eta hartan honako hauek ezarri:

a) Fakturen hasierako eta bukaerako zenbakiak.

b) Fakturak noiz egin diren.

c) Egindako fakturen laburpen-idazpenari dagokion erreferentzia, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 7.1 artikuluan xedatutakoaren arabera (23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

d) Eragiketa balio erantsiaren gaineko zergari atxikita badago, zerga-tasa bakoitzari dagokion zerga-oinarri osoa, zerga-tasak, fakturen kuota osoa, hurrenez hurren zenbakituak eta egun berean egindakoak. Eragiketa ez bada balio erantsiaren gaineko zergari atxikia, eragiketaren zenbatekoa adieraziko da.

3. Era berean, bereizita anotatu beharko dira zuzenketa-fakturak (23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 15. artikuluan aipatutakoak), adieraziz egindako fakturaren zenbakia, egin den eguna, eragiketak egin diren eguna (bi egun horiek desberdinak badira), bezeroaren identifikazioa, zerga-oinarria, zerga-tasa eta kuota.

3. artikulua. Erosketen eta gastuen erregistro-liburua.

1. Erosketen eta gastuen erregistro-liburuan anotatuko dira, behar bezala bereizita, jardueratik eratorritako gastu guztiak, eta hartan agertuko dira:

a) Jasotako fakturaren zenbakia eta, hala behar denean, seriea, zeinetan agertuko baita gastua. Fakturan gastua adierazteko betebeharrik ez denean, gastuak hurrenez hurren zenbakituko dira, eta erosketen eta gastuen erregistro-liburuan kasu bakoitzari dagokion jasotze-eguna anotatuko da.

b) Faktura edo bestelako egiaztagiria noiz egin den eta eragiketak noiz egin diren, bi datak bat ez datozenean.

c) Faktura ematera behartutakoaren izen-deiturak edo sozietatearen izena edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

d) Kontzeptua. Ondorio horietarako gutxienik adieraziko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken ereduan ageri diren gastuen –zerga aldetik kengarriak direnen– desglosea; eredu hori erregistro-liburu honetan anotatutako gastuei dagozkien ekitaldiaren hasieran onetsitakoa izanen da.

e) Eragiketa balio erantsiaren gaineko zergaren mende badago, eragiketen zerga-oinarria, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 26. eta 27. artikuluen arabera zehaztutakoa, eta, hala behar denean, aplikatutako zerga-tasa eta tributu-kuota. Era berean, faktura bera hurrenez hurreneko zenbait idazpenetan anotatzea ere zilegi izanen da, zerga-tasa desberdinak ordaindu behar dituzten eragiketak dituenean.

f) Gastutzat hartzen den zenbatekoa, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako.

g) Eragiketa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipenari edo konturako diru-sarrerari lotuta badago, bereizita zehaztuko dira eragiketari aplikatutako atxikipen-tasa eta faktura egin duenari atxikitako zenbatekoa.

2. Era berean, bereizita anotatu beharko dira zuzenketa-fakturak (23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 15. artikuluan aipatutakoak), adieraziz egindako fakturaren zenbakia, egin den eguna, eragiketak egin diren eguna (bi egun horiek desberdinak badira) hornitzailearen identifikazioa, zerga-oinarria, zerga-tasa eta kuota.

3. Egun berean jasotako faktura guztien laburpen-idazpen orokorra egin daiteke; hartan hartzaileak fakturei esleitutako lehen eta azken zenbakiak agertuko dira, hornitzaile bakar batengandik heldu badira, zerga-tasa bakoitzari dagokion zerga-oinarri osoaren batura eta zerga-kuota osoa, baldin eta eragiketa guztien zenbateko osoa, balio erantsiaren gaineko zerga sartu gabe, 6.000 eurotik gorakoa ez bada, eta faktura bakoitzean dokumentatutako eragiketen zenbatekoa, balio erantsiaren gaineko zerga sartu gabe, 500 eurotik gorakoa ez bada.

4. artikulua. Inbertsio-ondasunen erregistro-liburua.

1. Inbertsio-ondasunen erregistro-liburuan erregistratuko dira, banaka behar bezala jarriz, enpresa- edo lanbide-jarduera bati atxikitako ondare-elementuak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 37. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Subjektu pasiboek erregistro-liburu honetan adierazi beharko dituzte idatzitako ondasun finkatu bakoitzari dagozkion fakturak edo aduanako agiriak zehatz-mehatz identifikatzeko behar diren datuak.

3. Era berean, banakako ondasun bakoitzeko honako hauek anotatuko dira:

a) Fakturaren zenbakia edo, inportazioa bada, aduanako dokumentuaren zenbakia edo, haiek izen ezean, jasotze-zenbakia.

b) Ondare-elementua zein egunetan dagoen funtzionatzeko moduan.

c) Ondasunaren deskribapena, adieraziz behar bezala identifikatzea ahalbidetuko duten datu guztiak.

d) Hornitzailearen izen-deiturak edo sozietatearen izena edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

e) Ondare-ondasunaren erosketa-balioa eta balio amortizagarria.

f) Amortizazio-metodo aplikagarria.

g) Zergaldi bakoitzari aplikatutako amortizazio-ehunekoa eta hortik ateratako amortizazio-kuota.

h) Amortizazio metatua.

Era berean, ondasunari edo eskubideari baja noiz eman zaion adieraziko da, baita noiz eta zergatik gertatu den ere. Ondasuna eskualdatu bada, eragiketa identifikatzeko beharrezkoak diren datuak adierazi beharko dira.

5. artikulua. Erregistro-liburuak, enpresa-jarduera zuzeneko zenbatespeneko araubidean ez dagoen eta merkataritza-izaerarik ez duen kasuetarako.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 61.3 artikuluan xedatutakoaren arabera (maiatzaren 24ko 174/1999 Errege Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori), Merkataritza Kodearen arabera merkataritzakoak ez diren enpresa-jarduerak egiten dituzten subjektu pasiboak beharturik daude honako erregistro-liburu hauek eraman eta gordetzera:

a) Salmenten eta sarreren erregistro liburua.

b) Erosketen eta gastuen erregistro-liburua.

c) Inbertsio-ondasunen erregistro-liburua.

Liburu horiek eramanen dira, 2., 3. eta 4. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

6. artikulua. Lanbide-jardueren erregistro-liburuak.

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 61.5 artikuluan xedatutakoaren arabera (maiatzaren 24ko 174/1999 Errege Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori), lanbide-jarduerak egiten dituzten subjektu pasiboak –haien etekina zuzeneko zenbatespeneko metodoaren bidez zehazten bada, edozein izanik ere haien modalitateak– beharturik daude honako erregistro-liburu hauek eraman eta gordetzera:

a) Sarreren erregistro-liburua.

b) Gastuen erregistro-liburua.

c) Inbertsio-ondasunen erregistro-liburua.

d) Funts-horniduren eta ordejarrien erregistro-liburua.

2. Artikulu honetan ezarritako sarreren, gastuen eta inbertsio-ondasunen erregistro-liburuak, hurrenez hurren, 2., 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoaren arabera eramanen dira.

3. Funts-horniduren eta ordejarrien erregistro-liburuan honako hauek anotatuko dira, bakoitza behar bezala bereizita:

a) Anotazioaren zenbakia.

b) Mugimenduaren izaera: funts-hornidura edo ordejarria.

c) Funts-hornidurak edo ordejarriak noiz gertatu eta ordaindu diren.

d) Horien zenbatekoak.

e) Horniduraren ordaintzailearen edo ordejarriaren jasotzailearen izen-deiturak, sozietatearen izena edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia.

f) Fakturaren zenbakia, zeinetan adieraziko baita eragiketa. Faktura egiteko betebeharrik ez bada, funts-hornidurak eta ordejarriak hurrenez hurren zenbakituko dira eta bakoitzari dagokion zenbakia liburu honetan anotatuko da.

7. artikulua. Enpresa-jardueren erregistro-liburuak, etekina zenbatespen objektiboko metodoaren bidez zehazten den kasuetarako.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 61.6 artikuluan xedatutakoaren arabera (maiatzaren 24ko 174/1999 Errege Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori), enpresa-jarduerak egiten dituzten subjektu pasiboak –haien etekina zenbatespen objektiboko metodoaren bitartez zehazten bada– beharturik daude salmenten eta sarreren erregistro-liburua eramatera, 2. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bigarren artikuluan ezarritako edukiaz gainera, liburu horretan sartu beharko dira dirulaguntza arruntak eta kapitaleko dirulaguntzak, egozpen-irizpideak eta kalte-ordainak barne. Balio erantsiaren gaineko zergan nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezira bildutako eragiketarik balego, konpentsazioaren zenbatekotik itzulitatako zenbatekoa bereizita jarriko litzateke.

8. artikulua. Errentak eratxikitzeko araubidea duten entitateen erregistro-liburuak.

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 61.7 artikuluan xedatutakoaren arabera (174/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori), jarduera ekonomikoak izan eta errentak eratxikitzeko araubidea duten entitateek egindako jarduerari dagozkion nahitaezko liburu bakar batzuk eramanen dituzte, haien bazkideei, ondorengoei, erkideei eta partaideei egin behar zaizkien etekinen eratxikipena galarazi gabe.

2. Aipatutako entitate horien erregistro-liburuak eramanen dira 1. artikulutik 7.era bitartekoetan ezarritakoaren arabera eta, orobat, kontuan izanen da jarduerarako entitateak aukeratu duen etekin garbia zehazteko araubidea edo, hala behar denean, aplikagarri zaiona, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duen araudian xedatutakoak ondorioak izan ditzan.

9. artikulua. Formazko betebeharrak.

1. Edozein izanik ere erabilitako prozedura, foru agindu honetan aipatutako erregistro-liburu guztiak argi eta zehatz eramanen dira, daten hurrenkeran, espazio zuririk eta interpolaziorik, zirrimarrarik edo marratzerik gabe eta, beti, datuak hiruhileko eta urte naturaletan emanen dira.

2. Erregistroko idatzoharretan balioak eurotan paratuko dira. Faktura edo bestelako egiaztagiria eman bada euroa ez den beste kontu- edo dibisa-unitate batean, behar den bihurketa egin beharko da erregistro-liburuetan adierazteko.

3. Liburuak baliabide elektroniko edo informatikoak erabiliz eramaten badira, liburuen euskarri diren programak, fitxategiak eta artxibategi informatikoak eta erabilitako kodifikazio-sistemak gorde beharko dira. Horrek guztiak datuak interpretatzeko aukera eman beharko du betebeharra sistema informatikoak erabiliz betetzen denean. Datu horiek formatu irakurgarri batera bihurtzeko aukera erraztu beharko da, datu horien irakurketa edo interpretazioa ezinezkoa bada enkriptatuta edo kodetuta daudelako.

Liburuak ez badira formatu elektronikoan eramaten, edozein prozedura egokiren bidez egiten ahalko dira idazpenak edo idatzoharrak, orri bereizietan, gero hurrenez hurren zenbakitu eta koadernatu beharko direnak aurreko apartatuan aipatutako liburuak egiteko.

4. Jarduera bat baino gehiago egiten dituzten subjektu pasiboek eta entitateek jarduera bakoitzeko liburu independenteak eraman beharko dituzte, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 37. artikuluan xedatutakoaren arabera (174/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori). Erregistro-liburuak formatu elektronikoan eramaten ez badira, zein jarduerari dagozkion agertu beharko du lehen orrialdean.

10. artikulua. Erregistroko idatzoharrak egiteko epea.

1. Erregistroan idatzoharrak izanen dituzten eragiketak behar bezala idatzita egonen dira behar diren erregistro-liburuetan, ordainketa zatikatuen aitorpen eta sarrera egiteko ezarrita dagoen epea bukatu baino lehenago. Ordainketa zatikatu horiek 174/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 91. artikulutik 94. artikulura bitarteko artikuluetan ageri dira.

2. Hori hala izanik ere, subjektu pasiboek fakturarik gabe egindako eragiketak zazpi eguneko epean anotatu beharko dira, eragiketak egiten diren edo dokumentuak ematen diren unetik hasita, baldin eta epe hori aurreko apartatuan ezarritakoa baino txikiagoa bada.

3. Jasotako fakturak behar den erregistro-liburuan anotatu beharko dira, zein hurrenkeratan jasotzen diren, hartan, eta beti haren kenkaria egin nahi den zergaldiaren barnean.

11. artikulua. Erregistroko idatzoharrak zuzentzea.

Enpresaburuek edo profesionalek aurreko artikuluetan aipatutako erregistroko idatzoharrak gauzatzean akats edo hutsegiteren bat egin badute, haren berri izan eta berehala zuzendu beharko dituzte. Zuzenketa hori idatzohar batez edo multzo batez baliatuz egin beharko da. Oharrek balio behar dute, behar den ordainketa zatikatuaren likidazioko hiruhileko bakoitzeko, zehazteko zein diren zergaldiko sarrera eta gastu osoak, behin zuzenketa hori egin ondoren.

12. artikulua. Beste liburu batzuekiko bateragarritasuna.

Foru agindu honetan araututako erregistro-liburuak balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako ere erabil daitezke, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte (86/1993 Foru Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori).

13. artikulua. Erregistro-liburuetan anotatutako eragiketen fakturak eta bestelako egiaztagiriak gorde eta Administrazioaren esku uzteko betebeharra.

174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 61.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, zerga honen subjektu pasiboak beharturik daude edozein motatako eragiketen, gastuen eta sarreren egiaztagiri, faktura eta gainerako dokumentuak gordetzera preskripzio-eperik handienean eta, orobat, tributu-administrazioaren organo eskudunei erakustera, hartarako eskaera egiten zaienean. Eragiketa, gastu eta sarrera horiek foru agindu honetan ezarritako erregistro-liburuetan agertutakoak dira.

14. artikulua. Erregistro-liburuak eginbidetzea.

1. Idazpenak eta idatzoharrak orrialde bereizien gaineko edozein prozedura egokitan egiten badira (orrialde horiek gero zenbakituko dira eta hurrenez hurren koadernatuko erregistro-liburuak egiteko), pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako subjektu pasiboek eta errentak eratxikitzeko araubidea duten entitateek ekitaldiari dagozkion datuak bete ondoren aurkeztu beharko dituzte erregistro-liburuak tributu arloan eskumena duen departamentuan eginbidetu ditzaten, zergaldia bukatu eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenak aurkezteko azken egunera bitarteko epean.

Aurreko paragrafoan ezarri gabeko kasuetan, erregistro-liburuak erabili baino lehenago aurkeztu beharko dira tributu arloan eskumena duen departamentuan, eginbidetu ditzaten.

2. Lehen apartatuko lehen paragrafoan aipatutako erregistro-liburuen eginbidetzean honako datu hauek aipatuko dira bereziki:

a) Erregistro-liburuen titularraren izen-deiturak edo sozietateren izena, hala nola haren identifikazio fiskaleko zenbakia.

b) Bere titularra ordezkatuz erregistro-liburuak aurkezten dituenaren izen-deiturak eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia.

c) Erregistro-liburuak noiz aurkeztu diren.

d) Enpresa- edo lanbide-jarduera eta, hala behar denean, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren edo lizentzia fiskalaren epigrafea.

e) Aurkeztutako erregistro-liburu mota eta bolumen-kopurua, zergaldi berean bat baino gehiago balego.

f) Erregistro-liburuko idatzoharrak zein zergalditakok diren eta zergaldi horren hasierako eta bukaerako egunak.

g) Eginbidetzen ari den erregistro-liburuko orrialde kopurua (zergaldian erabilitakoak), zergaldi horretan zenbat apunte egin diren eta zein egunetan egin den azkena.

h) Noiz egin den eginbidetzea eta eskumena duen funtzionarioaren sinadura.

Era berean, eginbidetzean adieraziko dira badaudela espazio zuriak, zirrimarrak edo urratzeak, baleude.

3. Hori hala izanik ere, erregistro-liburuak eginbidetzera behartuta dauden zergadunek (lehen apartatuko lehen paragrafoan aipatzen dira erregistro-liburuak) betebehar hori bete dezakete “Nahitaezko liburuen komunikazioa” izeneko 04 eredua betez eta aurkeztuz (abenduaren 22ko 1260/1995 Foru Aginduaren bidez onetsi zen eredu hori).

Aukera hori egiten bada, ez da nahitaezkoa izanen erregistro-liburuak aurkeztea tributu arloan eskumena duen departamentuan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzen duenean, indargabeturik geldituko da 176/2004 Foru Agindua, maiatzaren 25ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana. Foru agindu horren bidez pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro-liburuak eraman eta eginbidetzeko modua ezartzen da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2020ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, eta 2020ko eta hurrengo ekitaldietarako erregistro-idatzoharrei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 20an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F1910937