172. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

225E/2019 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Carcarko udal-mugartean etxeko hondakinen tratamendu zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia hartzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integraturako ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa onartzen duena. Jardueraren titularra Servicios de Montejurra SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren zuzendari nagusiaren urriaren 29ko 2125/2004 Ebazpenaren bidez emana.

2019ko maiatzaren 14an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskineko kudeatutako hondakinen zerrendan LER 190801 kodeko bahetze hondakin berri bat sartzea bioegonkortzeko prozesuan.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta eskura dauden teknika onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, aldaketa-espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar iritzita.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Etxeko hondakinen tratamendu zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia hartzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera onartzea; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak ere. Instalazioa Carcarko udal-mugartean dago eta haren titularra Servicios de Montejurra SA da.

Bigarrena.–Ingurumenaren zuzendari nagusiaren urriaren 29ko 2125/2004 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako ingurumen baimen integratuan lurzoru urbanizaezinari, hondakin-uren isurketei eta hondakinen ekoizpenari eta kudeaketari buruzko baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua ematen duen espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Servicios de Montejurra SAra eta Carcarko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 5ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1909488