172. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

221E/2019 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Azkoiengo udal mugartean metalezko piezen zinkeztaketa elektrolitikoa egiteko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketa onartzen duena. Jardueraren titularra Industrias de Recubrimientos Galvánicos SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 22ko 450/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 21eko 117E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 27ko 348E/2016 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2019ko martxoaren 18an, titularrak bere ingurumen baimen integratuko baldintzak aldatzeko eskatu zuen, zehazki, isuriaren pH-aren gehieneko muga pH=10,5era aldatzea, zink metalaren hauspeatzea handitzeko, saneamenduko udal sarera isuritako zama arintze aldera.

Ingurumen baimen integratuan mugako isurtze balioak zehazteko, kontuan hartu behar dira, baimena ematen den egunean indarrean diren arauetan finkatutako mugako isurtze balioez gain, isurtzeen izaera, ingurune batetik bestera hedatzeko duten ahalmena, eta nolako eragina izan dezaketen ukitutako gizakien osasunean eta albaitaritza eta landare osasuneko baldintza orokorretan; halaxe adierazi baita Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluan.

Metalen eta plastikoen gainazalak tratatzeko teknika erabilgarri onenei buruzko BREF dokumentuan adierazitakoaren arabera (4.16.7. puntua “Metalen malutapena eta hauspeatzea”) kontrol prozesuaren azken urratsa metalen hauspeatzea da (metalarentzako baliorik onenean behar du pH-ak), eta trantsizio metalak neutralizazio eta hauspeatze bidez kentzen dira, pH-a 9 eta 11 bitarteko balioetan.

Otsailaren 20ko 12/2006 Foru Dekretuak, saneamendu kolektore publikoetara ur isurketak egin ditzaketen jardueren ezarpenerako eta funtzionamendurako baldintza teknikoak jartzen dituenak, pH-aren gehieneko muga 9,5ean ezarri zuen. Kasu honetan, pH-a hortik gorakoa baldin bada, osotara hauspea daitezke zinka eta beste metal astun batzuk, hala nola kobrea, nikela eta kromoa, metalezko piezak zinkeztatzeko putzuetan egon daitezkeenak.

Isuriaren emaria txikia denez, hondakin uren udal araztegira egiten diren gainerako isuriek behar bezain beste diluitzen dute ohi baino pH handiagoko isuria, eta hark izan lezakeen eragina ezereztu; hartara, araztegian ez litzateke funtzionamendu arazorik izanen.

Horregatik guztiagatik, aurkeztutako eskaera aztertuta, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak onargarria dela ondorioztatu du, kontuan izanik ingurumenarentzat mesedegarria dela kolektorera iristen diren metal astunen zama arintzea. Gainera, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta eskura dauden teknika onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, aldaketa-espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar iritzita.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onartzea Azkoiengo udal mugartean metalezko piezen zinkeztaketa elektrolitikoa egiteko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak bete beharko dituzte instalazioari ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak, baita ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioaren titularra Industrias de Recubrimientos Galvánicos SA da.

Bigarrena.–Mantentzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 22ko 450/2007 Foru Aginduaren bidez instalazio horri emandako ingurumen baimen integratuan, hondakinen produkzioari eta kudeaketari buruz, agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dioten bitartean.

Hirugarrena.–Eguneratzea hondakin urak udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen dira zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Industrias de Recubrimientos Galvánicos, SAri, Azkoiengo Udalari eta NILSAri, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 4an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1909486