172. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

184E/2019 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen duena “La Salve Regina” parke fotovoltaikoa eraikitzeko proiekturako, Erriberriko udalerriko 14. poligonoko 443., 444., 445. eta 446. lurzatietan. Sustatzailea Monteplano Solar SL da.

2018ko irailaren 7an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago espediente hori. Aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Hasiera batean eskatutako jarduketa guztira 27.720 kW-eko potentzia instalatua duen parke fotovoltaiko bat instalatzea da, Erriberriko udalerriko 14. poligonoko 446. lurzatian, herrigunetik kanpo dagoen “La Salve Regina” izeneko alderdian.

Parkeak hiru instalazio zituen, 954 modulukoa bakoitza, eta moduluak altzairu galbanizatuzko euskarri-egitura baten bidez iltzatuta zeuden, ardatz horizontal baten gaineko jarraipenarekin. KZ/KA konbertsioa egiteko hiru inbertsore aurreikusten ziren, bat instalazio bakoitzeko, lur azpiko kanalizazio bidez transformazio zentroarekin eta handik maniobra zentro berri batekin bat egin behar zutenak. Maniobra zentroa “Zidacos-Tafalla” aireko linearen 2215 zenbakiko euskarriaren ondoan eraikitzekoa zen, eta hori zen energia 13,2 kV-eko banaketa sare elektrikora ateratzeko aurreikusitako puntua.

Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, eta kontuan hartuz eguzki-parkea kokatuta zegoen lurren zati bat II. klase agrologikoari zegokiola eta SECA bezala identifikatuta dagoela (bertan instalazio energetikoak ezartzea debekatutako jarduera da), Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak errekerimendu bat egin zion sustatzaileari, proposamena eta jarduketaren kokapena berrikusteko eskatuz. Aipatu errekerimendua Monteplano Solar SLri igorri zitzaion.

Aipatutako errekerimenduaren aurrean jasotako dokumentazioan hasiera batean adierazitako potentzia aldatzen da: 950 KWp-tik 4 MWp-ra, gehienez. Proiektatuko eguzki-instalazio fotovoltaikoa ere handitzen da: 14. poligonoko 446. lurzatian hasiera batean proposatutako instalaziotik, poligono bereko 443., 444., 445. eta 446. lurzatietan banatutako eremu bat hartzera pasa da, 7,65 Ha-ko azalera duena. Era berean, hasiera batean planteatutako ebakuazio puntua aldatzen da; izan ere, antolamendu berrian linea bat aurreikusten da 446. lurzatiaren hego-ekialdeko muturrean proiektutako transformazio azpiestazioa ondoko lurzatian (14. poligonoko 447.ean) dagoen 66 kV-eko goi-tentsioko linearen 18. euskarriarekin konektatzeko.

Aurkeztutako dokumentuan sustatzaileak honako hau azaltzen du: “parkea ezartzeak, ustiatzeak eta ondoren desmuntatzeak ez lituzke lurzoruaren ahalmen agrologikoak mugatuko etorkizunean alor gisa ustiatzeari begira, eta ondorioz proiektatutako erabilera (zimendatzerik eta lur mugimendurik gabe lurrean iltzatutako jarraitzaileak dituen parke fotovoltaikoa) bateragarria da lurzoruaren kategoriarekin (II eta IIs kategoriak)”. Proposamena eta kokapena berrikustea bideraezintzat jotzeko arrazoiak ere azaltzen ditu.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txosten berri bat dago, non aurkeztutako dokumentazio berria baloratu ondoren, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako, kontrako txostena ematen baita Erriberriko udal-mugarteko 14. poligonoko 443., 444., 445. eta 446. lurzatietan eguzki-instalazio fotovoltaiko bat ezartzeari buruz (sustatzailea Monteplano Solar SL da). Zehazki, txosten horretan honako hau adierazten da: “Lurzoru eta Klimatologia Bulegoak 2018ko abenduaren 27an emandako txostenari jarraikiz, jarduketaren eremurik handieneko lurrak II. klase agrologikokoak dira eta ahalmen agrologiko handiko lurzorutzat (SECA) jo daitezke, beren baldintza onak direla eta.

Lurralde Antolamenduko Planari (LAP 4) jarraikiz, II. klase agrologikoari dagozkion lurrak, babes bereziko eremuen zati izanik, ahalmen agrologiko handiko lurzoru gisa (SNUPrtEN:SECA) identifikatuta daude, eta lurzoru mota horretan instalazio energetikoak ezartzea debekatutako jarduera da.

Bestalde, laborantzarako balio natural handikoak diren lurretan ez da eguzki instalaziorik paratzen ahalko, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 24an emandako 64/2006 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz. Foru agindu horretan lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia biltzeko instalazioak ezartzeko irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak ezartzen dira”.

Era berean, espedientean ageri da Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoaren txostena.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Erriberriko udal-mugartean “La Salve Regina” parke fotovoltaikoa eraikitzeko proiekturako, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostenean bildutako eta azalpen zatian adierazitako arrazoiengatik. Sustatzailea Monteplano Solar SL da.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Erriberriko Udalera, Basozaintza Atalera (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 17an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1909731