172. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Aldaketa, Etxabeak eta/edo biltokiak erabiltzeko baimen administratiboa ematea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2019ko apirilaren 25ean egin osoko bilkura berezian, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa Etxabeak eta/edo biltokiak erabiltzeko baimen administratiboa ematea arautzen duen ordenantzan. Aldatu egin dira honako artikulu hauetako zati batzuk:

–4. bis artikulua: artikulu berri gisa erantsi da.

–8. artikulua.

–10. artikulua.

–13. artikulua.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatuari jarraikiz, hasierako onespenaren erabakia 2019ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 16an, baita Barañaingo Udalaren ediktuen taulan ere.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantzan egindako aldaketa behin betiko onetsitzat jo da, eta haren testua argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen ordenantzaren aldaketa honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2019ko uztailaren 15ean.–Alkate udalburua, María Lecumberri Bonilla.

ETXABEAK ETA/EDO BILTOKIAK ERABILTZEKO BAIMEN ADMINISTRATIBOA EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Ordenantza honen helburua da Barañaingo udalerrian aplikatzeko testu arauemailea eratzea, egun ez baitago araurik, udalerrian, bereziki gazteek, etxabeak eta/edo lokalak aisialdiko eta biltzeko toki bezala erabiltzeari buruz. Egun, halako etxabe eta lokal asko dago eta, haien higiene eta osasun baldintzak, higiezinen segurtasunari buruzko betebeharrak eta baimendutako erabilera eta jarduerak arautzen dituen berariazko araudirik ez dagoelarik, liskarrak sortu dira maizterren eta inguruko bizilagunen artean; eta, esan bezala, egungo legedian ez dago horiei buruzko indarreko araurik.

Jarduera horiek gaur egun ez daude sartuta Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak jarduera sailkatuetarako emandako araubidean, ez daudelako sartuta haren eranskinetako batean ere, nahiz eta ingurumenean eragin dezaketen, ingurumena osorik hartuta, eta horren ondorioz eragina izan dezaketen pertsonen eta haien ondasunen segurtasunean eta osasunean, nahiz eta instalazioak, azalera, potentzia mekanikoa, su karga eta Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko Foru Legeko beste parametro batzuk azterturik, jarduera horiek elkarte gastronomiko gisa ezin diren sailkatu eta, horren ondorioz, aipatutako legearen araubidean ezin diren sartu.

Era berean, ordenantza honetan arautu nahi diren jarduerak industriako edo merkataritzako jarduerak ez direnez, ez daude irekitzeko lizentziari lotuta, Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamendua onesten duen 1955eko ekainaren 17ko Dekretuaren 22. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Zernahi ere den, lokal horiek erabiltzeari buruzko berariazko araudirik ez egoteak eragozpenak sortzen ahal ditu, batez ere higiezin bereko bizilagunei eta inguruko eraikinetakoei, batik bat zaratek ez dietelako uzten deskantsatzen; horren ondorioz, Konstituzioko 45. artikuluan ezarritako eskubidea urratzen da; alegia, pertsona garatzeko ingurumen egokia izateko eskubidea eta hura zaintzeko betebeharra.

Era berean, suteen aurkako neurririk ez izateak bizilagunen eta eraikinaren segurtasunean eragiten du, baina baita lokalen erabiltzaileen segurtasunean ere, zuzen-zuzenean. Hori dela-eta, beharrezkoa da neurri zuzentzaile egokiak ezartzea lehenbailehen eta, lokala erabiltzen hasi aurretik, Administrazioak neurri horiek paratzen direla begiratzea, bere eskuan dituen kontroleko eta poliziako eskumenak erabilita.

Arazo hauen berri eman zuen jada abenduaren 10eko 26/2001 Foru Legeak –Jendaurreko ikuskizunak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 14ko 2/1989 Foru Legea aldatzen duenak– zioen azalpenean. Han esaten da josteta jarduera sozialak egiteko lokalek eta instalazioek, sarbide mugatukoek, dakarten arazoari aurre egin behar zaiola, bereziki segurtasun baldintzak, osasungarritasuna eta hirugarrenei egiten zaien traba gogoan izanik. Horregatik testu berria ematen dio martxoaren 14ko 2/1989 Foru Legeko 1.2 artikuluari; horrek dioenez, nahiz eta jendearentzat oro har irekita ez dauden esparru pribatuko jarduerak edo familietakoak eta, halaber, Konstituzioko oinarrizko eskubideak gauzatzeko egiten direnak aplikazio esparrutik kanpo dauden, josteta edo aisialdi jarduera egiteko lokal horiek behar diren baldintza teknikoak beteko dituztela hirugarrenei traba ez egiteko eta pertsona eta ondasunen segurtasuna bermatzeko, bereziki egituren sendotasunari eta instalazioaren funtzionamenduari dagokienez, suteei aurrea hartzeko eta babesteko neurriei dagokienez eta osasungarritasun eta higiene baldintzei dagokienez; horretarako, behar den udal lizentzia eduki beharko dute.

Horregatik, Barañaingo Udalak, biltoki horien erabileraren inguruan dauden arazoen berri baduelako, esku hartze administratiboa egingo du jarduera horietan, baina adostasuneko ikuspuntu posibilista bat hartuta. Adostasunekoa, maizterren eta bizilagunen eskubideak eta betebeharrak bermatu nahi dituelako, esku hartzen duten aldeen erantzukizunak zehaztuta, alegia, jabe, maizter eta, halakorik badago, adingabeen arduradun diren pertsona helduenak. Eta posibilista, zeren, bideragarritasunerako ezinbesteko beharkizunak betetzen direla bermatuz, legearen barruan ahalik eta etxabe gehien sartzeko prozedurak hartzen dituelako aintzat. Ildo honetatik, ordenantza hau bultzatzen duen filosofia da Toki Administrazioak gizarte eskari hazkor bat bideratu behar duela eta, era berean, ukitutako bizilagunen eta erabiltzaileen segurtasuna eta deskantsu egokia bermatu behar dituela.

Izpiritu horren arabera, Barañaingo Udalak egoera hori leundu eta zuzendu nahi du, esku hartzeko ahalmen administratiboa erabilita. Izan ere, Udalak badaki aipatu lokal horiek ingurumenari kalteak egiten ahal dizkiotela eta lokal horien erabilera okerra egin daitekeela; eta, gainera, higiene eta osasun alorretako neurririk ez dagoela, suteen aurkako segurtasun neurririk ez dagoela edo ia bat ere ez dagoela, eta beste kausa batzuk ere badirela erabiltzaileei, hirugarrenei eta interes publikoari kalte materialak eta pertsonalak eragiten ahal dizkietenak.

Aurrekoa ukatu gabe, ordenantza honek aintzat hartzen du gurasoak eta tutoreak seme-alaben heziketan zuzenean inplikatzea; aintzat hartzen du, zehazki, haiek egin dezaketen aldez aurreko lana, gero adingabeek alokatzen dituzten lokalek egokiro funtziona dezaten, segurtasun eta higiene neurriei eta bake sozialeko neurriei dagokienez, Barañaingo gazteek beren aisialdia gozatzeak beste herritarren eskubideei inolako kalterik egin gabe.

Ordenantza honen prestaketan Udaleko hainbat alorrek parte hartu dute, diziplinartekotasunez, ekarpen esanguratsuak egiten ahal zituztelako fenomeno hau osorik hartu eta lantzeko. Prozesu honetan, ukitutako pertsonen elkarte guztiek esku hartzen ahal dute. Hainbat udalek onetsitako arauak ere kontuan hartu dira, arau honen helburuarekin bat etorri eta Barañaingo udalerrian egokiro aplikatzen ahal diren alderdiak eta prozedurak hartuta.

Horrenbestez, ordenantza honek arautu nahi du baimen administratiboa emateko prozedura, partikular interesdunek titulartasun pribatuko lokaletan jarduera sailkatu gisa sailkatua ez dagoen aisialdiko jarduera bat egin ahal dezaten, aldez aurretik egiaztatuta legediaren araberakoa dela, betiere interes publikoa eta ukitutako hirugarrenak babestu nahirik.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea eta helburuak.

Ordenantza honen helburua da Barañaingo Udalaren esku-hartze administratiboa arautzea, bai etxabeak eta/edo lokalak aisialdiko eta biltzeko toki bezala erabiltzeak dakartzan kalteak bai haietatik gauzendako eta pertsonendako sor daitezkeen kalte-galerak prebenitzeko, murrizteko eta kontrolatzeko.

Zehazki, hona hemen ordenantza honen helburuak:

–Biltokien erabilera bizilagunen eskubideekin bateragarri egitea.

–Bermatzea aisia alternatiborako eskatzen diren lekuek segurtasun eta higiene baldintza gutxienekoak betetzen dituztela, erabiltzaileei beraiei eta herritarrei oro har eragozpenik eta arriskurik ekar ez diezaieten.

–Zerikusia duten aldeen arteko erantzukizun araubidea ezartzea (jabeak, maizterrak eta, adingabeen kasuan, gurasoak edo tutoreak), denek eskubideen eta eginbeharren kontzientzia izan dezaten.

–Egun dauden lokalak oraingo araudian sartzen laguntzea.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Ordenantza honen mendean geratzen dira aisialdiko gune eta biltoki guztien erabilera, abian jartzea eta eskualdatzea, bai Barañainen egun direnena bai udalerri honetan etorkizunean irekitzen direnena.

Ordenantza honek arautzen duen esku-hartze administratiboak ez ditu deusetan ukatzen udal honi eta beste administrazio publiko batzuei, beren eskumenak direla-eta, dagozkien gainerako baimen, lizentzia eta esku-hartzeak.

3. artikulua. Definizioa.

Ordenantza honetan xedatuari begira, aisialdiko lokala edo biltokia da sarrera mugatuko eta titular pribatuko lokala, jende guztiarentzat irekita ez dagoena eta eraikinen beheko solairuan dagoena, Udal Planeamenduak merkataritzako lokalen arauetan baimena emanda.

Espresuki izendapen hau ematen ez den kasuetan, antzeko erabilera duten eta jendea helburu kulturalak, didaktikoak, aisialdikoak eta horien gisakoak lortzeko biltzen dituztenekin egingo da parekotasuna.

I. TITULUA

Funtzionatzeko baimen administratiboa

4. artikulua. Funtzionatzeko baimen administratiboa.

Biltoki bat erabili, abian jarri eta/edo eskualdatu aurretik, Barañaingo Udalaren baimen administratiboa lortu beharko da.

4. bis artikulua. Gutxieneko distantzia etxabeen edo biltokien artean.

Barañaingo Udalak etxabe edo biltokietarako baimena eman ahal izateko, aldez aurreko baldintza izango da halako erabilera duten lokal horien artean gutxienez 50 metroko distantzia egotea. Era berean, baldintza hori bete beharko da helburu horietako lokalak handitzeko eskaera egiten denean.

Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, distantzia horien arteko neurketa egingo da ondoko planoaren arabera, A eta B lokalen arteko tartea izanik bi puntu hurbilenak lotuz ateratzen den gutxieneko marra hautsia, bi lokalen fatxaden arteko bi puntu hurbilenak espazio publikotik lotuta.

Ez da baimenik emango lokalek, aipatu gutxieneko tarteak beteta ere, paretaren bat partekatzen badute edo mugakideak badira.

L1909567_0.pdf

Hainbat eskaera aldi berean egiten badira eta, baimenak ematea bateraezina bada haien arteko tarteak direla eta, etxabea edo lokala erabiltzeko lehentasuna izango du Barañaingo Udalean eskaera lehenik erregistratua duenak, baldin eta baimenerako beharrezko baldintzak betetzen baditu.

I. KAPITULUA

Baimentzeko prozedura

5. artikulua. Biltokiak funtzionatzeko behar den baimen administratiboaren eskaera.

Ordenantza honetan araututako jarduerak gauzatu aurretik, sustatzaileek, ordezkariaren bidez, Udalari eskatuko diote funtzionatzeko behar den baimen administratiboa.

Eskabidearekin batera, honako administrazio agiri hauek aurkeztuko dira beti:

A) Identifikazioko inprimakia, honako datu hauek gutxienez zehaztuko dituena:

–Etxabearen helbidea.

–Etxabea dagoen auzokideen erkidegoko lehendakariaren eta administrariaren izena eta helbidea.

–Taldearen izena, baldin eta taldea pertsona juridiko gisa badago eratuta (elkartea, merkataritzako sozietatea, etab.). Harremanetarako pertsonak estatutuek edo barne arauek zehaztutakoak izango dira. Kasu honetan, estatutuen eta karguak izendatzeari buruzko akten kopiak aurkeztuko dira.

–Taldea ez badago pertsona juridiko bezala eratuta, hura osatzen duten pertsonen erantzunkidetasuna egiaztatzeko, idatzizko konpromisoa emango zaio Udalari, eta hartan jasoko dira kide guztien izena, helbidea, telefonoa, kontratuaren kopia eta kide guztien zerrenda; orobat, taldeko bi kideren izendapena, guztien ordezkariak izan daitezen eta Udalak, beharra izanez gero, haiei bidaltzeko jakinarazpenak. Taldea adingabeek eratzen badute, haien gurasoetako bat ere izendatuko da. Adingabea bada, hirugarren pertsona bat izendatuko da, adin nagusikoa eta kaudimenduna, fidatzaile-erantzulea izan dadin (egitekoa onartzen duela azaldu ondoan), ordezkariari ezartzen zaizkion egitekoak betetzen ez badira ondorioak bere gain har ditzan (nagusiki, kaltea konpondu beharra eta, kasu batzuetan, zehapena). Hori guztia, ahantzi gabe batasuneko kideei ere ondorioak ekartzen dizkiela.

B) Titulartasuna ziurtatzeko edo eskatzaileek lokala erabiltzea zilegi dutela erakusteko agiriak, eta errentariak etxabearen jabetza erakustekoak. Horretarako, errentamenduaren kontratuaren edo erabilera lagapenaren kopia, edo jabetza eskritura aurkeztu beharko da.

C) Suteen aurkako eta erantzukizun zibileko aseguru-polizaren kopia. Poliza horrek higiezinean egindako kalteak eta hirugarrenei eragindakoak babestuko ditu eta ordenantza honetan adierazitako gutxieneko arriskuak estaliko.

D) Lokalean egingo den jardueraren txosten laburra, Udalak onetsitako ereduari jarraitzen diona.

E) Ordenantza honen 8. artikuluan aipatzen diren ekipamenduei dagozkienak betetzen direla justifikatzea.

Prozedura hasteko eskaerari, orobat, honako agiri tekniko hauek erantsiko zaizkio:

A) Lokalaren plano kotaduna, instalazio elektrikoak, altzariak, eta suteen kontrako eta ebakuatzeko neurriak azaltzen dituena; oinplanoa eta fatxada.

B) Lokalaren jabearen adierazpena, higiezinak energia elektrikoa baduela dioena; energia elektrikoa izaten ahal du bai instalazio propio bati esker bai behar adinako segurtasun neurriak betetzen dituen beste edozein bideri esker.

C) Lokalerako tramitatu bada jada hirigintzako udal espediente bat eta erabilera berria dela-eta ez badago egokitu beharrik: edukiaren inbentarioa. Udalak banatuko duen galdetegia erabiliko da horretarako eta bertan adieraziko dira arriskurik handiena sor dezaketen materialak, instalazioak, etxetresna elektrikoak, etab.

D) Lokala modu batera edo bestera erabiltzeko ez bada hirigintzako udal espedienterik tramitatu, edo erabilera hura oso bestelakoa bada eskaeran agertzen denarekiko: proiektu tekniko ikus-onetsia, non deskribatuko baitira egingo diren obrak eta lokalak izango dituen ezaugarriak, behin egokitzapena egin eta gero. Txostena, baldintzen agiriak, planoak, aurrekontua eta segurtasun zein osasun azterlana ere aurkeztuko dira.

Betiere honako hauek aurkeztuko dira: kokalekuaren planoa, 1:5000 eskalakoa gutxienez. Lokalaren planoa, eskala batean emana, teknari batek sinatua, non azalduko baitira azalera, banaketa, solairuarteak eta altuera libreak; orobat, suteen aurka paratutako neurriak. Teknikari eskudunak sinatutako ziurtagiria, ikus-onetsia, non azalduko baitira egingo diren jarduerak, lokalak dituen instalazio eta ekipamenduak, eta non ziurtatuko baita biltoki gisa erabiltzeko egokia dela; orobat aipatuko da zenbat pertsona sartzen ahal diren. Suteei aurrea hartzeko instalazioen ziurtagiriak eta homologazioa. Lokala egokitzeko obrak egin badira, obra amaierako ziurtagiria aurkeztuko da, obren benetako kostua adierazita; zuzendaritza teknikorik eskatzen ez duten obra txikiak direnean, obren benetako kostua erakusten duten agiriak aurkeztuko dira, hala nola, fakturak.

6. artikulua. Zuzenketa.

Barañaingo Udalak errekerimendua egingo dio eskatzaileari, hamar eguneko epean eskabideko akatsak edo aurkeztutako agirienak zuzendu ditzan, agiri horiek gutxieneko eskakizunak betetzen ez dituztenean edo gutxienekoak jasotzen ez dituztenean; eskatzaileari jakinaraziko zaio, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Emandako epean akatsak ez badira zuzentzen, ebazpena emango da atzera egite hori deklaratuz, eta agiriak itzuliko zaizkio sustatzaileari.

7. artikulua. Izapidetzea.

Aurkeztutako eskabideak iragarki-taulan egongo dira hamabost eguneko epean, eta bizilagun komunitateko buruari horren berri emango zaio, ukitutako parte guztiek esan beharrekoak esan ditzaten.

Eskabidea onartu eta aurreko artikuluan adierazitako agiriak aurkeztu ondoren, Udalaren hirigintza zerbitzuek horien gaineko txostena idatziko dute, zehazteko ea ongi betetzen ote diren egituren sendotasunari edo instalazioen funtzionamenduari buruzko baldintza teknikoak, suteei aurrea hartzeko eta haietatik babesteko neurriak, osasungarritasun eta higiene baldintza beharrezkoak, eta teknikoki beharrezkotzat jotzen den beste edozein baldintza.

Dagokion udal teknikariak txostena eman ondoren, horren edukia kontuan izanda, Udalak behar diren errekerimenduak egingo ditu ebazpena eman aurretik edo, bestela, ebazpena emango du, funtzionatzeko baimen administratiboa emateko edo ukatzeko, eta neurri osagarriak ezarri ahalko ditu, jarduerak behar bezala egiteko.

Nolanahi dela ere, prozedurak bat egingo du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

8. artikulua. Ezinbesteko dotazioak.

Eskabidearen baimena tramitatzeko, ziurtagiri teknikoa aurkeztuko da, teknikari eskudunak sinatua eta lanbide elkargoak ikus-onetsia, non ziurtatuko baita higiezinak jarraian zehaztuko diren dotazioak badituela. Ziurtatze hori lokalak dagoeneko badituen elementuei buruzkoa izaten ahalko da edo, bestela, abian jarri aurretik ezarriko direnei buruzkoa.

a) Eraikuntza Udalaren edo Udalaz gaindiko araudiaren araberakoa izatea.

b) Edateko ur korrontearen zerbitzua.

c) Komun-zuloa eta konketa dituen komuna.

d) Aireztatze sistema natural edo behartua.

e) Suteei aurrea hartzeari eta erabilpen segurtasunari buruzko Kode Teknikoa betetzea.

f) Larrialdietako argiak eta seinaleak, Kode Teknikoaren araberakoak.

g) Nolanahi ere, musika ekipoa jartzen bada, bi aukera aurreikusi beharko dira: lokalaren sabaia intsonorizatzea edo soinu-potentziaren mugagailua jartzea (etxebizitzetarako eskatutako hots maila bermatuko duena, lokalaren ezaugarriak kontuan izanik). Musika ekipoa instalatzen ez bada, teknikoki justifikatuko da lokala intsonorizatu beharra dagoen ala ez dagoen. Horrek guztiak ez du ukatzen zehapen espedienteak abiaraztea, zaratei buruzko araudia ez betetzeagatik.

h) Zaratei buruzko 135/89 Foru Dekretuaren gainerako determinazioak betetzea: 30 dB (A) etxebizitzetan, 45 dB (A) patioan eta 50 dB (A) kaleetan.

i) Erantzukizun zibileko aseguru poliza sinatzea.

j) Lokalak ezin du sukalderik izan, ezta janariak prestatzeko bestelako tresnarik ere.

k) Josteta makinak dirurik ordaindu behar ez denetakoak izango dira, eta saririk ematen ez dutenetakoak.

l) Gehieneko okupazioa, udal zerbitzuek gainbegiratuko dutena, aplikatzekoa den araudiaren araberakoa.

m) Lokalaren egitura egokia izatea biltokiak izango duen erabilerarako.

9. artikulua. Ebaztea.

Alkate udalburuak, ebazpen arrazoitua emango du txosten teknikoak ikusi ondoren, funtzionatzeko baimen administratiboa emateko edo ukatzeko, gehienez ere bi hilabeteko epean, eskabidea aurkezten denetik hasita. Funtzionatzeko baimen administratiboa emango da jabetza eskubidea mugatu gabe eta hirugarrenei kalterik egin gabe.

Prozedurako interesdunei eta prozeduran txostenak egin dituzten organoei eta beste administrazio publikoei jakinaraziko zaie ebazpena.

Bi hilabeteko epean ez bada ebazpenik eta jakinarazpenik, eskakizuna ezetsi dela ulertuko da.

Baimena eman eta urtebete igarotzen bada jarduera hasi gabe, funtzionatzeko baimen administratiboa iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da.

10. artikulua. Funtzionatzeko baimen administratiboak eskualdatzea.

Ordenantza honetan araututako baimenak (lokalek funtzionatzeko baimen administratiboak) eskualdatzen ahalko dira, baina titular zahar eta berriek horren berri emango diote idatziz Udalari, hark baimen administratiboaren eskualdaketa onets dezan; horretarako, emateko ezarrita dagoen prozedura berari jarraituko zaio.

Nolanahi dela ere, etxabe edo biltoki moduan erabiltzeko Barañaingo Udalaren baimena daukan higiezinaren titularrak Udalari jakinarazi behar dio lokalaren alokairu kontratuan gertatzen den titulartasun aldaketa oro.

11. artikulua. Ondorioen iraungipena eta baliogabetzea.

1. Ordenantza honetan araututako lokalek funtzionatzeko baimen administratiboak ondoriorik gabe geratuko dira, haien ezinbesteko baldintzak ez badira betetzen, eta baliogabetu egingo dira administrazioak haiek ematea ekarri zuten inguruabarrak aldatzen direnean edo beste inguruabar batzuk sortzen direnean, baldin eta horiek baimena eman zen garaian egon izan balira hura ukatzea ekarriko bazuten, eta baliogabetzen ahalko dira gai honi buruzko beste irizpide batzuk ezartzen direnean.

2. Baimen administratiboak baliogatzen ahalko dira, huts baten ondorioz eman badira.

II. KAPITULUA

Bestelako baimenak

12. artikulua. Funtzionatzeko baimen administratiboa aldez aurretik lortu beharra.

Funtzionatzeko baimen administratiboa aldez aurretik lortu beharko da, gero baimen hauek lortu ahal izateko: energia elektrikoa eskuratzeko lotunea izateko baimena edo energia horren hornidura handitzekoa, erregai likidoak edo gas erregaiak erabiltzekoa, edateko urez hornitzekoa eta jarduera egiteko ezinbestekoak diren beste baimenak; salbu eta irizpide teknikoei jarraikiz zehazten direnak, neurri zuzentzaileak ezartzeko probak egin behar direla eta.

III. TITULUA

Funtzionatzeko baimen administratiboaren edukia

13. artikulua. Erabilera mugak.

Funtzionatzeko baimen administratiboak babesten du lokalak aisialdiko espazio eta biltoki gisa erabiltzea, ordenantza honetan eta sektorean aplikatzekoa gertatzen den araudian jasotzen diren muga eta xedapenekin bat.

Betiere honako muga hauek beteko beharko dira:

1. Erabileren mugak:

–Beheko solairutik iristeko moduko solairuarte edo gainen erabilera:

1.–Biltegiratzeko erabilera esklusiboa ezartzen da, eta debeku da bertan egoteko erabiltzea, lokalak 2,2 metrotik gorako garaiera erabilgarria ez badu gutxienez.

Ezin da lastairarik, kartoirik eta plastikorik (edalontziak kenduta) erabili edo pilatu, ezta sutea sortu edo zabaltzeko arriskua izan dezakeen beste ezein material ere.

2.–Aisialdiko lokalen halako erabilerak bakarrik baimenduko dira beheko solairuetan, eta debeku dira bizitegi anitzeko eraikinetako etxebizitzetan.

2. Zarata mugak:

Debeku da gainditzea araudi aplikagarrian ezarritako gehieneko zarata maila, egunez zein gauez; lokalaren erabilera baimenean laburturik zehaztuko dira gehieneko zarata mailak, bai eguneko orduetarako bai gauekoetarako.

Instalazioak telebista edo musika ekipoa baldin badu, etxebizitza kaltetuenean izan daitekeen hots mailarik altuena 36 dBA izango da eta 30 dBA 22:00etatik aurrera, betiere zaratei buruzko araudian ezarritakoaren arabera.

Soinu ekipoa piztuta dagoen aldiro, ate-leihoek itxita egon beharko dute.

3. Edukiera mugak:

Lokalaren gehieneko edukiera muga, erabiltzaile kopuru osoari dagokio, eta kontuan hartuko da Eraikingintzaren Kode Teknikoan eta suteen aurkako segurtasuneko CTE-DBI agiri oinarrizkoan ezarritakoa.

Nolanahi dela ere, bete beharreko gehieneko edukiera mugarako, honako irizpide hau ezarri da:

–Biltokien erabilera muga ezartzeko, kontuan hartuko da erabiltzaileak egoteko eremuen azalera erabilgarria, honako irizpide honen arabera:

  • Lehen 20 metroetan: bi metro koadro pertsonako.
  • 20 metrotik gora: bost metro koadro pertsonako.

Gehieneko edukiera hori, lokalaren sarreran bertan erraz ikusteko moduko plaka edo euskarri batean ezarriko da.

4. Ordutegi mugak:

Lokalek itxita, bertan inor izan gabe eta erabilerarik gabe egon beharko dute 23:30etik 09:00ak arte, astelehenetik ostiralera.

Larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan itxita, bertan inor izan gabe eta erabilerarik gabe egon beharko dute 02:00etatik goizeko 09:00ak arte.

Barañaingo jaietan, Eguberri egunean eta Urteberri egunean ez da muga hori izango, Alkatetzaren ebazpen baten bidez ezarriko baitira lokalak irekitzeko eta ixteko ordutegiak.

5. Beste muga batzuk:

–Ezin da altzaririk atera kalera eremu publikoa okupatuz.

–Adingabeei alkoholdun edariak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzko martxoaren 16ko 10/1991 Foru Legeak adingabekoendako ezarri alkohol debekuak beteko dira.

–Adingabeek alokatzen badute lokala, kontratua sinatzen duten gurasoen edo tutoreen ardura izango da han alkoholdun edariak ez kontsumitzea eta lokala eskola-ordutegian ez erabiltzea.

–Eskola-adinean dauden gazteei debekatzen zaie biltokiak erabiltzea eskola-ordutegiaren barrenean, jolas-orduak barne direla.

–Eremu publikoa garbitu beharko da, baldin eta zerbaitetarako erabili denean zikindu bada.

–Lokalean ezin izango da merkataritzako inolako jarduerarik edo salmentarik egin.

–Ez da izango sukalderik ez lurruna, kea edo usaina sortzen duen elementurik.

–Lokalak baldintza egokietan egon beharko du, kontserbazio eta garbitasun aldetik.

–Beste edozein, ordenantza honetako edo sektore honetan aplikatzekoa den araudiko xedapenen ondoriozkoa.

Baimendutako erabilera baldintzak ez betetzea lokalaren erabiltzaileen ardura izango da, ordenantza honetako 8. artikuluan xedatuari jarraikiz.

IV. TITULUA

Funtzionatzeko baimen administratiboaren mendeko jarduerak ikuskatzea

I. KAPITULUA

Ikuskapena

14. artikulua. Ikuskapenaren xedea eta helburuak.

1. Funtzionatzeko baimen administratiboaren mendeko jardueren ikuskapenaren xedea da bermatzea bai legediarekin bat datorrela bai funtzionatzeko baimen administratiboan bertan ezarritako txostenak, baldintzak eta gainerako inguruabar interesgarriak betetzen direla.

Jardueren ikuskapenak honako helburu hauek ditu, zehazki:

–Egiaztatzea jarduerak egiten direla baimenean adierazitako baldintzei eta indarra duen legediari jarraikiz.

–Zehaztea eraginkorrak ote diren funtzionatzeko baimen administratiboan dauden prebentzio eta zuzenketa neurriak.

–Egiaztatzea jarduera funtzionatzen dagoen bitartean sortzen dituen kalte-galerak.

2. Betiere, ebazpenean ezarriko dira lokalak izango dituen aldian behingo berrikusteak, zehaztapen teknikoei jarraikiz. Berrikuste horrek baimen administratiboa berritzea baldintzatzen ahalko du. Inguruabarrak bultzaturik, berrikustea aurreratzen ahalko da, lokala erabiltzeko baimenari eusteko baldintzek bere hartan ote dirauten egiaztatzeko.

15. artikulua. Ikuskatzeko ahalmenak.

1. Barañaingo Udalarenak dira funtzionatzeko baimen administratiboaren mendeko jardueretan ikuskapena egiteko eskumenak, eta ofizialki izendaturiko langileen bidez egingo ditu.

2. Ikuskapen lanak egiteko ofizialki izendaturiko langileak autoritatearen agenteak izango dira berezko dituzten egitekoak betetzean.

16. artikulua. Ikuskatzaileen ahalmenak.

Funtzionatzeko baimen administratiboari lotutako jardueren ikuskatzaileen ahalmenak hauek dira:

a) Organo eskudunari proposatzea urratutako legedia babesteko eta, beharrik bada, hura bere onera ekartzeko neurriak eta aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeko neurriak.

b) Organo eskudunari jakinaraztea ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteak izan daitezkeen egintzak izan direla eta egindako urratsen berri ematea; orobat, proposatzea zehapen prozedura abia dadila.

c) Indarra duen legedia babestearen arloan organo eskudunak esleitutako beste edozein jarduketa egitea.

II. KAPITULUA

Erregistroak

17. artikulua. Funtzionatzeko baimen administratiboen erregistroa.

Udal erregistroa sortuko du Udalak, eta eman diren funtzionatzeko baimen administratibo guztiak eta haiei buruzko datu eguneratuak jasoko dira han. Horregatik, baimenen titularrek bost eguneko epean jakinaraziko beharko dituzte udal erregistroetan diren datuen aldaketa guztiak, beharrezko bada aldaketa erakusten duten agiriak erantsita, taldeko kideen aldaketaren berri ere emanda, ordenantza honetako 5.A) artikuluan xedatuarekin bat.

V. TITULUA

Zehapen-araubidea

I. KAPITULUA

Arau-hausteak

18. artikulua. Definizioa.

Sektoreko legediak ezartzen dituenak ukatu gabe, ordenantza honek arauturiko gaietan arau-hauste administratiboak dira ondorengo artikuluetan sailkatutako eta zehatutako egintzak eta ez egiteak.

19. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hauste oso astunak izango dira honako hauek:

a) Biltokirako lokalaren lizentzia eskabidean eta haren erabilera baimentzen duen ebazpenean aipatzen den xedea ez beste baterako erabiltzea.

b) Lokala ireki eta/edo erabiltzea behar den baimena eskuratu baino lehen.

c) Gai sukoiak pilatzea, pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arriskutsuak badira.

d) Lokala berralokatu, laga edo eskualdatzea.

e) Pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak dakartzaten elementuak edo sukaldea instalatzea.

f) Ordenantza honetako 5. artikuluan jasotzen diren gutxieneko ekipamenduak aldatu, mugatu edo kentzea, ondorioz pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak ekarrita.

g) Lokalean gehienez sartzen ahal den jende kopurua gainditzea, horren ondorioz pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak sor badaitezke.

h) Barañaingo Udalak baimendutako langileei sartzen ez uztea.

i) Barañaingo Udalak dotazioei edo erabileraren mugei buruz egindako errekerimenduari kasurik ez egitea.

2. Arau-hauste astunak izango dira honako hauek:

a) Lokala baldintza egokietan ez edukitzea, kontserbazio eta garbitasun aldetik.

b) Lokalean gauez edo egunez animaliak edukitzea konpainiarik gabe.

c) Ordenantza honetan ezarritako garbiketari buruzko eginbeharrak ez betetzea.

d) Adingabeek alkohola kontsumitzeko debekua ez betetzea.

e) Leihoak eta ateak itxita ez edukitzea musika izanez gero.

f) Gai sukoiak pilatzea.

g) Pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arriskua dakarten elementuak edo sukaldea paratzea.

j) Ordenantza honetako 5. artikuluan ezarritako gutxieneko ekipamenduak aldatu, mugatu edo kentzea.

k) Lokalera sartzeko baimendutako jende-kopurua gainditzea.

l) Eremu publikoa behin eta berriz okupatzea, barreneko jarduera kanpoaldera zabalduta.

3. Arau-hauste arinak izango dira honako hauek:

a) Dokumentazioa ez eguneratzea, ordenantza honetako 6.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

b) Edozein altzari mota kalera ateratzea.

c) Bestelako edozein, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzeaz gainera aurreko zenbakietan espresuki aipatzen ez badira.

20. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

1. Ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteak preskribituko dira:

a) Arau-hauste oso astunak direnean, bost urte igarotakoan.

b) Arau-hauste astunak direnean, hiru urte igarotakoan.

c) Arau-hauste arinak direnean, urtebete igarotakoan.

2. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen.

21. artikulua. Subjektu erantzuleak.

19. artikuluan arau-hauste gisa sailkaturik agertzen diren egintzak benetan egin dituzten pertsonak izango dira arau-hausteen erantzuleak.

Nolanahi ere, arau-haustea egin badute juridikoki eratzean araudian ezarritako formetako bat (elkarte, erantzukizun mugatuko sozietate etab.) hartu ez duen talde bateko kideek eta/edo ezin bada autorea bereizi, taldeko gainerakoen ordezkari gisa agertzen diren kideei zuzenduko zaie espedientea, ordenantza honetako 5.A) artikuluan xedatuarekin bat. Horrek guztiak ez du ukatzen zehapena, ekonomikoa bada, taldeko kide gisa agertzen diren guztiei eskatzea modu solidarioan, baldin eta ez badute borondatezko epean ordaintzen.

II. KAPITULUA

Zehapenak

22. artikulua. Artikulu aldatua (2015eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 10ekoa).

Zehapenen mugapena.

1. Arau-hauste oso astunak egiteagatik, honako zehapen hauetakoren bat edo batzuk ezartzen ahal dira:

–1.201 eurotik 1.800 eurora bitarteko isuna.

–Lizentzia baliogabetzea, lokala behin betiko ixtea aurreikusitako erabilerarako, eta 3 hilabetetik 3 urtera bitarteko epean beste lizentzia bat eskuratu ezina.

2. Arau-hauste astunak egiteagatik, honako zehapen hauetakoren bat edo batzuk ezartzen ahal dira:

–601 eurotik 1.200 eurora bitarteko isuna eta/edo,

–Baimena etetea, lokala gehienez ere 180 egunetarako itxita.

3. Arau-hauste arinak egiteagatik, honako zehapen hauetako bat edo batzuk ezarri ahalko dira:

–600 eurora bitarteko isuna eta/edo,

–Ohartarazpena.

23. artikulua. Goragoko mailako zehapena.

Batere ukatu gabe 7. artikuluan aipatzen den berrerortzeari buruzko printzipioa, edozein mailatako arau-hausteak behin eta berriz eginez gero, goragoko mailako zehapena jarriko da, baldin eta kalifikazio bereko 5 arau-hauste baino gehiago egiten badira urtebetean edo 3, hilabeteko epean.

24. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

Arau-hauste oso astunak egiteagatik ezarritako zehapenak lau urte igarotakoan preskribituko dira, arau-hauste astunak egiteagatik ezarritakoak, berriz, hiru urte igarotakoan, eta arau-hauste arinak egiteagatik ezarritakoak, urtebete igarotakoan, zehapena ezartzen duen ebazpenak indarra hartu eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita.

25. artikulua. Zehapenen mailaketa.

Ordenantza honetako zehapen araubidea zehazteko, kontuan hartuko dira honako printzipio hauek:

a) Diru bidezko zehapena ezarriko da kontuan izanda egindako arau-haustea ez dadila izan zehatuarentzat onuragarriagoa hautsitako arauak betetzea baino.

b) Halaber, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean. Honako irizpide hauek bereziki aintzat hartuko dira zehapena mailakatzeko:

–Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

–Kalteak nolakoak diren.

–Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

–Arau-hausteak giza osasunean izan dezakeen eragina, kaltearen atzeraezintasuna, lekuaren ezaugarriak, asmoa, berrerortzea eta kutsadura edo istripurako arriskua.

26. artikulua. Zaraten alorreko zehapenen araubidea.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean jasotako zehatzeko prozedura eta araubidea aplikatuko dira arau-hausteak daudenean.

27. artikulua. Ordezko zehapenak.

1. Zehapen ebazpenean ezartzen ahalko da ezen egindako arau-hausteari dagokion zehapenaren ordez beste ordainbideren bat jartzen ahal dela, honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Arau-haustearen aurreko urtean inolako arau-hausterik egin ez izana.

b) Arau-haustea ez izatea astunak edo oso astunak direnetakoa.

c) Gertaerak onartzea eta zehapen espedientean etendura eskatzea.

d) Egotz daitekeen zehapenaren %10a ematea dirutan, fidantza gisa, gero urtebeteko epean itzultzeko, ordezko zehapena betetzen denetik hasita, betiere inolako arau-hausterik berriz egin ezean.

Zehapenen ordezko ordainbideak honako taula honetan zehazten dira:

–Ordezkatzekoa: 750 eurorainoko isuna.

–Ordezkoak: komunitatearen aldeko lanak: 25 euro bakoitzeko, egun bat egin beharko da lanean.

2. Komunitatearen aldeko lanak, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera zehapen batzuen ordez egiten ahal direnak, kargu-orrian agertuko dira, espedientatuek alegazioetan aukera ditzaten. Zehapenaren ebazpenean, organo eskudunak zehatz-mehatz adieraziko du ordezko zehapen gisara eta komunitatearen alde zer lan mota egin behar den eta zenbat denboran. Era berean, zehaztuko du zer organo, pertsona edo pertsonak arduratuko diren ordezko zehapena osorik eta modu egokian bete dela ziurtatzeaz. Txosten hau proposamen modura igorriko zaio organo eskudunari, hark zehapena bete dela aitortzen duen ebazpena eman dezan.

3. Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuko 8. artikuluan xedatuarekin bat, zehapen prozedura abiatu ondoren, arau-hausleak bere erantzukizuna aitortzen badu, prozedura ebazten ahalko da bidezko den zehapena ezarrita.

4. Diru-zehapena denean, inputatuak ebazpena baino lehenago bere borondatez ordaintzen badu, prozedura bukatzen ahalko da, bidezko diren errekurtsoak aurkezteko aukera ukatu gabe.

28. artikulua. Zehapenak pilatzea.

Egintza eta oinarri juridiko berengatik arau-hausleari ordenantza honetako, beste ordenantza bateko eta aplikatzeko diren beste lege batzuetako zehapenak ezartzen ahal zaizkionean, zehapenik handiena ezarriko zaio.

Organo eskudunak uste duenean egintzek delitu penala eratzen ahal dutela, organo jurisdikzional penal eskudunari edo ministerio fiskalari jakinaraziko dio. Zehapen prozedura administratiboaren organo instrukziogileak tramitazioa etengo du epaileek ebazpena eman bitartean, delitu administratiboaren eta delitu penalaren egintza, subjektuak eta oinarria berberak direnean.

III. KAPITULUA

Zehapen prozedura

29. artikulua. Behin-behineko neurriak.

Ordenantza honetan sailkatutako arau-hauste bategatik zehapen prozedura hasten denean, zehapena ezartzeko eskua duen pertsonak behin-behineko neurri hauetako bat edo batzuk hartzen ahal ditu:

a) Zuzenketa, segurtasun edo kontrol neurriak, arriskua edo kaltea egiten ez jarraitzeko.

b) Tresnak edo ekipoak zigilatzea.

c) Instalazioen zati bat edo instalazio guztiak denbora baterako ixtea.

d) Jarduerak etetea.

30. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Zehapenak ezartzeko, dagokion zehapen prozedura instruituko da, estatuan administrazio prozedura erkideari buruzko legeetan ezarritakoarekin bat.

2. Zehapen prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitua izango da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu. Prozedura hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei.

31. artikulua. Organo eskuduna.

Alkatea izango da zehapen espedienteak abiarazteko eta ebazteko organo eskuduna.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartu aurretik dauden lokalen aldi baterako araubidea.

Arau hauetan ezartzen diren determinazioak ordenantza honek indar hartzen duenetik aurrera instalatzen diren biltokiei ez ezik, lehendik zeudenei ere aplikatuko zaizkie, eta, beraz, indar hartzen duenetik kontatzen hasi eta urtebeteko epean, horiek beren egoera arautu beharko dute hemen aipatzen diren determinazioen arabera.

Interesdunek eskatzen ahalko dute aurreko paragrafoan ezarritako urtebeteko epea luzatzeko, baldin eta eskakizun hori arrazoitzen badute eta alokairuaren kontratuaren kopia aurkezten badute, kontratu horrek erakusten badu 9 hilabete baino lehen bukatuko dela. Luzapeneko epea 9 hilabetekoa izango da gehienez ere.

AZKEN XEDAPENAK

Bakarra.–Indarra hartzea.

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei eguneko epean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1909567