172. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERRIOZAR

Euskara teknikarien kontratazio-zerrenda sortzeko deialdia

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da euskara teknikarien kontratazio-zerrenda sortzea Berriozarko Udalarekin Lankidetza-Hitzarmena sinatu zuten Nafarroako toki- erakundeetan aldi baterako aritzeko. Zerrenda lehentasunezkoa izanen da eta aurretik sortutako zerrendak indargabetuko ditu.

1.2. Deialdi hau argitaratzean, honakoak dira toki-erakunde sinatzaileak: Aezkoako Batzarre Nagusia, Aranguren Ibarreko Udala, Atarrabiako Udala, Aurizko Udala, Barañaingo Udala, Baztango Udala, Berriobeitiko Udala, Berriozarko Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Burlatako Udala, Eguesibarko Udala, Erronkariko Ibaxaren Batzordea, Estella-Lizarrako Udala, Esteribarko Udala, Galarko Udala, Garesko Udala, Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Irantzu Mankomunitatea, Izarbeibarko Mankomunitatea, Lizoainibar-Arriasgoitiko Udala, Malerrekako Mankomunitatea, Noain-Elortzibarko Udala, Orkoiengo Udala, Sakanako Mankomunitatea, Tafallako Udala, Uharteko Udala, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordea, Zizur Nagusiko Udala.

1.3. Lanpostuek B mailako lansaria izanen dute, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen lansarien behin-behineko erregelamenduan eta hura garatzen edo aldatzen duten gainerako xedapenetan ezarri bezala; baita kontratua egiten duen toki-erakundearen plantilla organikoan ezarritako osagarriak ere.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta administrazio organo eskudunak noiznahi aldatu ahalko du.

2.–Bete beharrak.

2.1. Toki-erakundeetan euskara sustatzeko plan orokor eta sektorialak prestatzea eta kudeatzea, eta horien kontrola eta jarraipena egitea.

2.2. Toki-erakundeak euskararen sustapenari buruz hartzen dituen erabakiak betetzen direla begiratzea, eta horiei kontrola eta jarraipena egitea.

2.3. Toki-erakundeari nahiz gizarteko beste sektoreei beren euskarazko jardunetan aholku eta laguntza teknikoa ematea.

2.4. Toki-erakundeko taldeei nahiz bertako gizarte eragileei soziolinguistika alorrean aholku ematea.

2.5. Toki-erakundeko euskara batzordean parte hartzea.

2.6. Beste udal, mankomunitate eta euskara zerbitzuekin nahiz foru erakundeekin harremanean jarri eta koordinatzea.

2.7. Euskararen sustapenean diharduten eskualdeko nahiz kanpoko elkarte eta taldeekin harremanean jarri eta koordinatzea.

2.8. Toki-erakundeko organoek agindutako beste edozein eginkizun, betiere lanpostuarekin ikusteko badu.

3.–Izangaien betekizunak.

3.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek ondoren aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako:

a) Espainiarra izatea, edo Europako Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europako Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen duen eremuko estatu batekoa. Espainiarren eta Europako Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek ere hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Euskarazko hizkuntza gaitasuna egiaztatzen duen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailako titulua edo baliokideren bat izatea.

d) Unibertsitateko diplomatu edo graduatuko, ingeniari teknikoko, arkitekto teknikoko edo horien baliokidea den titulu bat edukitzea eskabideak aurkezteko mugaegunean, edo halakoak eskuratzeko moduan egotea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

g) Ibilgailuak gidatzeko B mailako baimena izatea.

Aipatutako baldintzak, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean betetzeaz gain, hautaketa-prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Berriozarko Udalaren Erregistroan aurkeztuko dira (Euskal Herria plaza 1) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat baliatuz:

a) Zuzentzen zaizkion administrazioaren erregistro elektronikoan edo 39/2015 Legearen 2.1 artikuluak aipatzen dituen edozein subjekturen erregistro elektronikoan.

b) Posta-bulegoetan, erregelamenduz ezartzen den moduan.

c) Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo bulego kontsularretan.

d) Erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan.

e) Indarrean dauden xedapenetan ezarritako beste edozein tokitan.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera; hori Berriozarko Udalaren Auzo Bulegoan eskuratzen ahalko da (Euskal Herria plaza 1), edo internet bidez www.berriozar.eus atarian (administrazio elektronikoa / egoitza elektronikoa / iragarki ofizialak).

Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute deialdiak jarritako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

4.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dituzte izangaiek:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua.

b) Deialdi honen 3.1. ataleko c, d eta g puntuetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agirien fotokopia konpultsatuak.

c) Lehiaketaldian aurkeztu nahi diren merituak egiaztatzeko agirien fotokopia konpultsatuak, deialdi honetako 7. atalean ezarritakoa jarraiki.

4.3. Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5.–Izangaien onarpena eta prozedura.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondotik, Berriozarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan argitara emanen du: www.berriozar.eus (administrazio elektronikoa / egoitza elektronikoa / iragarki ofizialak). Bazterturik ez badago, onartutakoen zerrenda behin betikoa izanen da.

5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta, akatsik egin badute, horiek zuzendu.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta horiek ebatzi ondotik, Berriozarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, baita deialdian aurreikusitako lehenengo proba egiteko eguna eta lekua eta epaimahaikide kalifikatzaileen zerrenda iragartzeko ere, eta Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan argitara emanen du.

5.4. Onartu eta baztertutako pertsonen zerrenda argitaratzean jakinarazpena egintzat joko da azaroaren 26ko 30/1992 legearen 59.6 artikuluak aurreikusitako baldintzetan.

6.–Epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

a) Mahaiburua: Berriozarko Udaleko alkatea edo horrek eskuordetutako pertsona.

Ordezkoa: Berriozarko Udaleko euskara arloko zinegotzi arduraduna edo horrek eskuordetutako pertsona.

b) Mahaikidea: Nafarroako Euskara Zerbitzuen Sareko euskara teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Euskara Zerbitzuen Sareko euskara teknikaria.

c) Mahaikidea: Nafarroako Euskara Zerbitzuen Sareko euskara teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Euskara Zerbitzuen Sareko euskara teknikaria.

d) Mahaikidea: Berriozarko Udaleko ordezkari sindikala edo horrek eskuordetutako pertsona.

Ordezkoa: Berriozarko Udaleko ordezkari sindikala edo horrek eskuordetutako pertsona.

e) Mahaikide-idazkaria: Berriozarko Udaleko euskara teknikaria, edo horrek eskuordetutako pertsona.

Ordezkoa: Berriozarko Udaleko idazkari nagusia edo horrek eskuordetutako pertsona.

6.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehen epaimahaia eratuko da.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu dei honen oinarriak ulertu eta aplikatzean sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaikideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta deialdia egin duen organoari jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen badira. Halaber, izangaiek epaimahaikideak errefusatzen ahalko dituzte, arrazoi horiek izanez gero.

6.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta horietan baino ez diote laguntzarik emanen epaimahaiari.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketak gehienez ere 25 puntuko balorazioa izanen du, eta gisa honetan banatuko da:

a) Toki-erakunde baten zerbitzuan euskara teknikarien funtzioetan aritu izana. Urte bakoitzeko 3 puntu eta gehienez ere 12 puntu. Zati bakoitzeko (egunak edo lanaldia) haren ehunekoa.

b) Bestelako administrazio publiko batean euskara teknikarien funtzioetan aritu izana. Urte bakoitzeko puntu 1 eta gehienez ere 3 puntu. Zati bakoitzeko (egunak edo lanaldia) haren ehunekoa.

c) Elkarte edo erakunde pribatuetan euskararen normalizazioan dinamizatzaile, koordinatzaile edo teknikarien funtzioetan aritu izana. Urte bakoitzeko puntu 1 eta gehienez ere 3 puntu. Zati bakoitzeko (egunak edo lanaldia) haren ehunekoa.

d) Hizkuntza plangintzari buruzko graduatu ondokoa: 5 puntu.

e) Epaimahaiaren iritziz deialdiko lanpostuarekin zerikusia izan eta 10 ordutik goitiko iraupena duten ikastaroetan parte hartu izana. Gehienez ere 2 puntu. Puntuak honela banatuko dira:

–10-30 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,25 puntu.

–31-50 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,50 puntu.

–51-100 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,75 puntu.

–101 ordutik aurrerako ikastaroak: puntu 1.

Ez da kontuan hartuko hizkuntzalaritza, pedagogia edo glotodidaktika arloetako ikastarorik.

7.2. Lan-esperientzia egiaztatzeko derrigorrezkoa izanen da, batetik, kontratatzaileek egindako ziurtagiriak aurkeztea (egindako lan mota azalduko dute, baita kontratuaren hasiera eta bukaera data eta lanaldi mota ere) eta, bestetik, Gizarte Segurantzak ematen duen lan-bizitzaren agiria. Indarrean diren kontratuen kasuan, deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egun bera izanen da lan esperientzia aintzat hartzeko azkeneko eguna.

7.3. Epaimahaiak eskatu ahalko die izangaiei lehiaketaldiko puntuak erabakitzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarria.

7.4. Izangaiek lehiaketan lortutako puntuazioa Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, oposizioaldia hasi baino lehen.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Proba guztien gehieneko balorazioa 75 puntukoa izanen da. Proba eta ariketa bakoitzean jarritako puntuazioaren erdia lortu beharko dute izangaiek. Hori lortzen ez duena baztertua geratuko da.

8.2. Hiru proba eginen dira: lehenengoan lanpostuarekin lotutako ezagutza teorikoa neurtuko da, bigarrenean lanpostuan beharrezkoa den idatzizko euskara gaitasuna eta hirugarrenean euskara teknikaren profilarekin lotutako gaitasun eta baliabideak neurtuko dira.

Proba bakoitzean honako ariketa hauek eginen dira:

a) Lehenengo proba. Lanpostuan beharrezkoak diren oinarrizko eduki teorikoen ezagutza maila neurtuko du.

Ariketa bakarra. Bigarren eranskineko gaitegiaren gaineko testa. Gehienez ere 20 puntu (hurrengo probako ariketa ez da zuzenduko izangaiak, gutxienez, 10 puntu lortzen ez baditu).

Testak ordu eta erdian erantzuteko 80 galdera (gehi ordezko 5 galdera) izanen ditu eta galdera bakoitzak erantzun zuzena aukeratzeko hiru aukera. Erantzun zuzen bakoitzak 0,25 puntu gehituko du. Erantzun oker bakoitzak 0,05 puntu kenduko du.

b) Bigarren proba. Lanpostuan beharrezkoak den idatzizko euskara gaitasuna neurtuko du, zehazki:

–Testu espezializatuak bere osotasunean ulertzeko eta hizkuntza formalean nahiz informalean idazteko gaitasuna. Era guztietako testuak zuzen eta egoki idazteko eta beste batek egindakoak zuzentzeko eta hobetzeko gaitasuna.

–Itzulpenak zuzen eta egoki egiteko gaitasuna.

Bi orduko ariketa bakarra. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu (ariketa gainditzeko eta hurrengoa egin ahal izateko, izangaiak, gutxienez 5 puntu lortu beharko ditu).

Lehenengo eta bigarren probetako ariketak egun berean eginen dira, baina bigarren probako ariketa ez da zuzenduko izangaiak lehenengo probako ariketa gainditu ez badu.

Lehenengo bi proben notekin batera argitaratuko da hirugarren probako lehen ariketa egiteko eguna eta ordua.

c) Hirugarren proba. Lanpostuan beharrezkoak diren oinarrizko eduki praktikoen ezagutza eta euskara teknikaren lanpostuan aritzeko gaitasun eta baliabideak neurtuko dira.

Lehenengo ariketa. Epaimahaiak euskararen sustapenarekin lotura duten bi egoera aurkeztuko ditu. Izangaiak bat aukeratuko du, gehienez hiru orduz horri buruz egoki ikusten duen garapena idatziz egiteko. Gehienez ere 20 puntu (10 puntu lortu beharko dira hurrengo ariketara pasatzeko).

Bigarren ariketa. Izangaiak lehenengo ariketan garatutako proposamena ahoz azalduko dio epaimahaiari hogei minutuz (aurretik idatziz egindako ariketaren kopia digitala jasoko dute). Azalpena aurkezpen informatiko batek lagunduta eginen du, derrigorrez. Gehienez ere 15 puntu (7,5 puntu lortu beharko dira hurrengo ariketara pasatzeko).

Azalpena bukatuta, epaimahaiak ariketari buruzko galderak egin ahalko ditu.

Hirugarren ariketa. Izangaiak hiru edo lauko taldeetan banatuko dira, zoriz, eta epaimahaiak proposatutako ariketa egin beharko dute, elkarrekin (hamar minutu banaka eta isilik prestatzeko eta hogei minutu proposatutako ariketa elkarrekin eta ahoz bideratzeko). Ariketa honetan gaitasun hauek baloratuko dira: talde-lanerako eta parte-hartzeko konpetentzia, negoziaziorako eta adostasunak bilatzeko gaitasuna, bilerak antolatzeko gaitasuna, sormena sustatzeko gaitasuna, ideiak azaltzeko argitasuna eta eraginkortasuna, arazoak eta egoerak aurreikusteko gaitasuna, proposamen eta ekarpenak egiteko gaitasuna eta besteak entzuteko gaitasuna.

Gehienez ere 10 puntu (ariketa gainditzeko izangaiak, gutxienez, 5 puntu lortu beharko ditu).

Hirugarren probako ariketa guztietan euskaraz komunikatzeko ahozko zuzentasuna eta egokitasuna ere baloratuko dira.

8.3. Lehenengo eta bigarren probetako ariketetan, baita hirugarren probako lehen ariketan ere, plika sistema erabiliko da eta izangaiek boligrafo urdina erabiliko dute. Pliken jendaurreko irekitzearen lekua, eguna eta ordua ekitaldia baino 48 ordu lehenago iragarriko dira Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan.

8.4. Ariketa guztiak euskaraz eginen dira.

8.5. Galarazia dago ariketetara kontsultarako materiala eramatea.

8.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiria aldean dutela agertu beharko dute.

9.–Proben balorazioa.

9.1. Epaimahaikide bakoitzak bere aldetik emanen du ariketa bakoitzaren kalifikazioa, eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da ariketa horren puntuazioa. Epaimahaikideek emandako puntuaziorik handienaren eta txikienaren arteko aldea ariketa horretarako aurreikusitako puntuazioaren ehuneko 30 baino handiagoa bada, muturreko bi puntuazio horiek ez dira kontuan hartuko, eta banaz besteko aritmetikoa lortzeko gainerako puntuazioak baino ez dira erabiliko.

9.2. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak gainditu dituztenen zerrenda eta erdietsitako kalifikazioa jarriko ditu Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan. Horietan zehaztuko da hurrengo ariketa non, noiz eta zein ordutan hasiko den.

10.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

10.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda jarriko du Berriozarko Udalaren egoitza elektronikoan. Zerrenda hori erdietsitako puntuazioaren arabera eginen da, puntuazio gehien lortu duen izangaitik hasita, behin izangai bakoitzak ariketetan eta lehiaketan lortutako puntuak batuta.

10.2. Azken puntuazioan bi izangairen edo gehiagoren artean berdinketa gertatuz gero, hirugarren probako lehen ariketan puntu gehien lortutako izangaia geratuko da aurretik kontratazio-zerrendan. Horretan ere berdinketa izanez gero, honako puntuazioei begiratuko zaie, hurrenkera honetan: hirugarren probako bigarren ariketa eta lehen probako ariketa. Berdinketak jarraitzen badu zozketaz erabakiko da.

11.–Zerrenden kudeaketa.

11.1. Deialdi honen bidez sortutako kontratazio-zerrenda lau urtez egonen da indarrean eta lehentasuna izanen du Lankidetza-Hitzarmena sinatutako toki-erakundeetan euskara teknikarien lanpostu hutsak aldi baterako betetzeko.

11.2. Izangaiak deitzeko honako arau orokorrak jarraituko dira:

a) Eskaintzak betetzeko, zerrendako hurrenkera jarraituz, izangai bakoitzari hiru aldiz deituko zaio, gehienez (telefono mugikorra eta helbide elektronikoa erabiliko dira). Horretarako izangaiek telefono mugikor baten zenbakia eta helbide elektronikoa emanen dituzte. Informazio hori eguneratuta izanen dute beti. Izangaiak 48 orduan ez badu erantzuten hurrengoari deituko zaio.

b) Sei hilabeteko epean egindako deiei erantzuten ez dieten izangaiak “ez erabilgarri” izatera pasako dira.

c) Kontratu bat onartu dutenei ez zaie beste lanposturik eskainiko kontratuak indarra duen bitartean, salbu bi egoera hauetan:

–Eskaintza berriaren iraupena sei hilabete edo luzeagoa denean.

–Izangaiak lanaldi partziala duenean.

d) Jaso duen eskaintza onartzen ez duen izangaia zerrendaren azken postura pasako da, kasu hauetan izan ezik:

–Indarrean dagoen lan-kontratua izatea.

–Lanerako aldi baterako ezintasuna.

–Gurasotasun, adopzio edo harrera baimena izatea.

–6 Urte baino gutxiagoko haur bat zaintzea.

–Pertsona ezindu bat zaintzea, odolbidez nahiz ezkontzaz bigarren gradurainoko ahaidea dena.

Egoera horietako batean diren izangaiek egoera hori egiaztatu egin beharko dute era sinesgarrian eta dokumentuen bidez, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik zazpi egun naturaleko epean. Hori eginez gero, zerrendan duten leku berean geratuko dira eta ez zaie lanpostu gehiagorik eskainiko idatziz adierazi arte berriro prest daudela lan egiteko.

e) Zerrendako azken lekura igaroko dira honako egoera hauetako batean diren izangaiak:

–Eskainitako lanpostuari uko egitea d) atalean zerrendatutako arrazoiren bat izan gabe.

–Dagokion kontratua ez sinatzea, eskaintza onartu ondoren.

–Sinatutako kontratuari uko egitea.

12.–Datuen babesa.

2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (RGPD) ezarritakoarekin bat eginik, izangaiei jakinarazten zaie:

–Berriozarko Udala dela deialdian parte hartzen dutenek emandako datuen tratamendu-arduraduna.

–Tratamenduaren xedea da deialdi honen helburua diren lanpostuak hornitzeko langileak hautatzea.

–Oinarri juridikoa: RGPDren 6.1.c) art., tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-eginbeharra betetzeko, eta RGPDren 6.1.b) art., tratamendua beharrezkoa da interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko.

–Datuak gordeko dira horiek biltzeko izan den helburua betetzeko eta deialdiaren eta datuen tratamenduaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak ebazteko beharrezko denboran. Aplikagarria izanen da fitxategiei eta agiriei buruzko araudian ezarritakoa (Nafarroako Toki-Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta deuseztatzeko argibideak).

–Datuak legeak aurreikusitako egoeretan komunikatuko dira (urriaren 30eko 5/2015 ELD), gardentasunerako atarian argitaratzea barne (5/2018 Foru Legearen 19.2.f art.). Halaber, datuak euskara teknikariaren lanpostua bete behar duten eta Berriozarko Udalari eskatzen dioten toki-erakundeei emanen zaizkie, administrazioen artean sinatutako hitzarmenean xedatutakoarekin bat.

–Titularrek datuen sarbiderako, zuzenketarako, ezabatzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta eramangarritasunerako eskubideak gauzatu ditzakete udal bulegoetan, datuen babeserako ordezkariaren bidez (dpd@berriozar.es) edo webgunean (www.berriozar.eus) non informazio gehiago aurkituko duten.

–Halaber, badute Datuen Babeserako Espainiako Agentziaren aurrean erreklamatzeko eskubidea (aepd.es) haien ustez datuen tratamendua ez bada indarrean den legeak arautu bezalakoa.

13.–Errekursoak.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat jarri ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aurrera.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Epaimahai kalifikatzailearen egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aurrera.

Berriozarren, 2019ko abuztuaren 10ean.–Alkatea, Raul Maiza González.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Eduki teorikoen ezagutza maila neurtzeko gaiak

Hizkuntza-ukipena:

1. Oinarrizko kontzeptuak: eleaniztasuna, interferentziak, hizkuntzaren aldakortasuna, diglosia, hizkuntza ekologia, hizkuntza eskubideak, minorizazioa eta ordezkapena.

2. Hizkuntza minorizatuak indartzeko eredu teorikoak.

3. Hizkuntza politika eta hizkuntza plangintza.

4. Hizkuntza komunitate minorizatuak munduan: egoera, estatus juridikoa, ofizialtasuna. Nazioarteko itun eta adierazpen nagusiak.

Hizkuntza komunitate minorizatuak garatzeko faktoreak.

5. Motibazioa. Hiztunen motibazioan eragiteko metodologiak eta bitartekoak.

6. Ezagutza. Hizkuntza komunitateek hiztun gehiago izateko landu daitezkeen tresnak eta bideak.

7. Erabilera. Hiztunek hizkuntza gehiagotan erabil dezaten lortzeko moduak eta bitartekoak.

Hizkuntza komunitate minorizatuen egoera hobetzeko programak eta ekinbideak:

8. Planak edo proiektuak diseinatzeko urratsak; hau da, eremu jakin bateko hizkuntza komunitatearen testuinguruan jarritako helburuak lortzeko egin beharreko jarduerak antolatzeko metodologia.

9. Egoeraren diagnostikoa. Ikerketa soziolinguistikorako metodologiak eta teknikak.

10. Ebaluazioaren zeregina hizkuntza planifikazioan eta ebaluazioa egiteko teknikak.

11. Komunikaziorako oinarri teorikoak eta teknikak. Gaurko gizartearen beharrak eta erabilpen aurreratuak informazio eta komunikazioaren arloetan.

Euskararen hizkuntza komunitatea:

12. Euskararekin lotutako legedia (foru legedia eta udal ordenantzak). Euskararen legezko estatusa.

13. Euskararen hizkuntza komunitatearen egoera demolinguistikoa.

14. Euskararen historia soziolinguistikoa.

15. Euskararen normalizaziorako azpiegiturak eta baliabideak. Euskalgintzaren egungo egoera, historia eta egindako ekarpena. Gizarte eragileen eta administrazioaren arteko elkarlana. Euskararen Hizkuntza Komunitatea indartzeko izan diren ekimen nagusiak.

Toki administrazioa:

16. Toki-administrazioen oinarriak: aginte organoak, erakundeen arteko elkarlana, eskumenak, kontratuak, mankomunitateak...

17. Euskararen gaitasuna administrazioko lanpostuetan.

18. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea: 12., 13., 17., 18. eta 21. artikuluak.

Iragarkiaren kodea: L1911189