171. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABREDO

Aldaketa, Udal hilerria eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta kuotak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Udalak, 2019ko martxoaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea aldaketa Udal hilerria eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta kuotak arautzen dituen ordenantzan.

Onespenaren erabakia 2019ko 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 3an, eta jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Cabredon, 2019ko uztailaren 12an.–Alkatea, Aranzazu Fernández Cayetano.

UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA KUOTAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluen arabera, Cabredoko Udalari dagozkio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokion guztia, barne araubideari eragiten dion guztian.

c) Lurren, hilobien eta panteoien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta kuotak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Hilerrian, ehorzketarako ekartzen diren hilotz guztiei lur emanen zaie, legezko izapideak bete badira. Zerbitzuagatik ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

7. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie eskatzen dutenei, lan hori ikusi ahal dezaten, nahi badute.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako abisurik eman beharko.

Eskatzaileak bere kontura kontratatzen ahalko ditu hilotza ateratzeko lanak. Udalari jakinarazi beharko dio aurretik, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu.

8. artikulua. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren hondarrak ez dira gorputegira eramaten ahalko.

9. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Panteoietan ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bi urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere zortzi urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

c) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen, epaile batek manatu ezean.

Hala ere, hilabete horietan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkiak atera daitezke, hilarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko. Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

Salbuespenez, baimena ematen ahalko da aitzinetik aurreikusi gabeko gorpuzkiak ehorzteko edo ateratzeko, arrazoi sentimentalak edo bestelakoak baldin badira.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko, bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar den liburuetan.

12. artikulua. Kostu bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak, eta horretarako ehorzteko emakida administratiboa beharko da, Udalak emanen duena ordenantza honi jarraikiz.

Ez da inoiz eta inola ere epe mugarik gabeko emakidarik emanen.

Lurpeko lagun bakarreko hilobietarako, nitxoetarako eta panteoietarako emakida 25 urterako izanen da gehienez.

Hala ere, leku gutxi izateagatik premiarik izanez gero, legeak ezartzen duen gutxieneko epea beteta jasoko da.

13. artikulua. Interesdunek aitzinetik eskatuta, Udaleko alkateak eginen du hilobien emakida, eskaeren ordenari jarraikiz.

Eskatzaile bakoitzari gehienez ere hiru hilobi emanen zaizkio.

Adinez nagusia bada, jende guztiak eskatzen ahal du hilobien emakida.

14. artikulua. Prezio hauek ezarri dira emakidetarako:

Jada lurpean dauden hilobietarako: 90,15 euro, 25 urteko aldirako.

Panteoi berrietarako eta jada daudenetarako: 500 euro, 25 urteko aldirako.

Lurpeko hilobi berrietarako: 90,15 euro, 25 urteko aldirako.

Nitxoetarako: 90,15 euro, 25 urteko aldirako + 360,61 euro, nitxoa erabiltzeko.

Kolunbarioetarako: 150 euro, 25 urteko aldirako.

Aurreko erregela hori aplikatzetik aterako da luzapenaren prezioa.

Udalaren emakidarik lortzen ez duten hilobi, nitxo eta panteoiak 10 urteren buruan kenduko dira.

Emakidaren prezioaren diru-sarrera Cabredoko Udalarekin lan egiten duten banketxe eta aurrezki kutxetetan eginen da, emakida jakinarazi eta 15 eguneko epean; ordainketa egiaztatu arte ez du inolako ondoriorik izanen.

15. artikulua. Dohaineko nahiz kostu bidezko emakiden titularrek baimena izanen dute apaingarriak paratzeko, soil-soilik Hilotzen gaineko osasun neurriei buruzko maiatzaren 9ko 132/1986 Foru Dekretuari dagokionez, Hilotzen gaineko osasun neurriei buruzko ekainaren 20ko 2263/74 Foru Dekretuan hilobietarako ematen diren neurriei loturik.

16. artikulua. Hilerrian ematen diren lurren emakida guztiak, ehorzteko eta hilobietako elementuak paratzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira emakiden eskubide guztiak. Horren ondorioz, bai lurzatia bai paratzen diren hilobietako elementuak ordenantza honetan ezartzen diren baldintzei lotuko zaizkie.

17. artikulua. Lur emakidek ez dute salmentarik sorraraziko. Emakidako lurren gainean hilobi-elementuak jartzeak ez dakar haien gaineko xedapen egintzarik.

18. artikulua. Bi emakidadun ukitzen dituzten obretan, mehelinei buruz indarra duten xedapenek aginduko dute.

19. artikulua. Hilobien kokalekua, lurrerauzketa gastuak eta gainerako guztiak, lanak bukatu artekoak, emakidadunaren kontura izanen dira.

Hilobien alboetako tarteak egiteko, ehorzketa eremuak mugatzeko egungo zintarrietarako material eta luze-zabal berak erabiliko dira; Udalak bere gain har ditzake tarte horiek egiteko lanak, emakidadunen bizkar.

20. artikulua. Ordenantza honen aitzineko emakidak beren horretan eta haien tituluaren arabera errespetatuko dira, joaten ez badira hilerriko barne araudiaren kontra. Gero ematen direnek 12. artikuluan aipatu den iraupena izanen dute.

21. artikulua. Hilobien oinordekotzari buruz Udalak egiten duen aitorpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina arlo zibilean ondoriorik izan gabe.

22. artikulua. Onartutako panteoiak, kaperak eta lurrak eskualdatzen ahal dira inter vivos egintzen bidez, oinordetza bidez, haien titularrak testamentua egin ala ez, baita dohaintza bidez ere; horrelakoetan, araubidea oinordetzarena bera izanen da.

23. artikulua.

1) Eskualdatzea inter vivos egintzen bidez egin ahal izateko beharrezkoa izanen da hilobian ehorzketarik egin ez izana emakida eman zenetik. Salbuespenez, hilobia erabili izanik ere, Udalak baimena eman diezaioke eskualdaketari, eta hartarako behar diren baldintzak adieraziko ditu.

2) Eskualdaketa egiten bazaio ahaidetasun maila hauetan sartzen ez den pertsona bati:

–Titularraren ezkontideari.

–Horien bien lerro zuzeneko ahaideei, lerroa gorakoa nahiz beherakoa izan, mugarik gabe, eta alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. gradu zibileraino eta ezkontza bidezko ahaidetasunaren 3. graduraino. Eskuratzaile berriak emakida eman zenean lurraren truke ordaindu zen prezioaren eta subrogazioaren egunean tarifaren arabera ordaindu behar denaren arteko aldea pagatu beharko dio Udalari, eta eskualdatzaileak, berriz, ez du emakida hartu zuenean Udalari ordaindu ziona baino gehiago eskuratzen ahal.

Hala ere, erregistroko liburuaren arabera, emakida eman zenetik 5 urte baino gutxiago iragan baldin bada, Udalak emakida bertan behera uzteko eskubidea izanen du, eta hilobia Udalaren eskuetara itzuliko da. Udalak eskubide hori erabiltzen ez badu, aurreko lerroaldean ezarritakoari lotu beharko zaio. Eskubide hori erabiltzeko epea hilabetekoa da, Udalari modu sinesgarrian eskualdaketaren berri ematen zaionetik.

24. artikulua. Hilobia erabiltzeko eskubidea nork duen aldiro jakiteko, erregistroko liburuan paratuko da nor den eskubide horren edukitzailea eta horrengandik abiatuta kontatuko dira betiere, 26. artikuluak aipatzen dituen ahaidetasun mailak.

Eskubide horien eskualdaketak ere idatzita jarriko dira emakidaren tituluan.

25. artikulua. Hilerriko lurren emakidak hilobia erabiltzeko eskubidea sorrarazten die titularrari eta senideei, ordenantza honetako aginduei lotuz, betiere.

Lurren emakidetan, titularraz eta ezkontideaz gain, lerro zuzeneko haien ahaideak ere ehorzten ahal dira, aurrekoak nahiz ondokoak izan, mugarik gabe, baita alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. graduraino eta ezkontza-ahaidetasunaren 3. graduraino daudenak ere.

Udalak beste edozein ehorzketa baimentzen ahal du, titularrak baimen idatzia ematen badu aldez aurretik eta baimentzeko unean dagozkion eskubideak ordaintzen baditu.

26. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

Epe hori iraganik, Alkatetzak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, baita arlo horretako ordenantza fiskalean horren gainean xedatzen dena aplikatzea ere. Hortaz, horren ondoriozko kontua interesdunei pasatuko zaie, eta, ordaintzen ez badute, emakida amaitutzat joko da eta hilobia udalerriari itzuliko zaio.

27. artikulua. Emakidak honako hauengatik ere iraungitzen ahalko dira:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Hilobi, panteoi edo lurzati batek 10 urte baino gehiago egiten badu abandonaturik.

c) Hilobia erabili beharko luketenak desagertzeagatik.

II. KAPITULUA

Kuotak hilerrian zerbitzu emateagatik

28. artikulua. Zerga-egitatea honako zerbitzu hauek egitea da:

1. Hobitik ateratzeak eta ehorzketak.

2. Lekualdatzeak (hilobitik ateratzea eta ehorzketa).

3. Hilerriko beste lan batzuk.

29. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, izan horiek pertsona fisiko edo juridikoak edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak.

30. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen kuoten eranskinean agertzen da.

Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

31. artikulua. Hobi bakar batean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik goitiko lanak partikularraren kontura izanen dira.

32. artikulua. Hilerri honetako beste hilobi batzuetatik gorpuzkiak atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira kuotak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

33. artikulua. 29. artikuluko 1, 2, 3 eta 4 zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak egin baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 86. artikuluan xedatuari jarraikiz, tasen likidaziotik sortzen diren tributu-zorrak “jakinarazpen gabetzat” hartuko dira.

KUOTEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Ehorzketak, hobitik ateratzeak: zerbitzuaren kostua, non ez den eskatzailearen bizkar egiten; hark Udalaren jarraibideei jarraitu beharko die.

2. epigrafea.–Lekualdaketak (hobitik ateratzea eta ehorztea) propio ireki behar den hilobira: zerbitzuaren kostua, non ez den eskatzailearen bizkar egiten; hark Udalaren jarraibideei jarraitu beharko die.

3. epigrafea.–Beste zerbitzu batzuk. Inork eskatzen badu ordenantza honetan zehazturik ez dagoen zerbitzurik edo ehorzketa bat arau orokorretik kanpo egin nahi bada eta, beraz, Udalak baimendu behar badu, zerbitzuaren kostu osoa kobratuko da, Udalak egiten badu edo, bestela, eskatzaileak bere kontura kontrataturiko pertsonek egiteko baimena emanen da.

Prezio hori urtero handituko da, aitzineko urtean KPIak izan duen goiti-beheitiaren arabera. Kuota urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean eguneratuko da.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 262.2 artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Indarrik gabe uzten dira, baliorik eta eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: L1909537