171. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

490/2019 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak onesten dituena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez goi mailako arte irakaskuntzak arautu ziren, eta urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak irakaskuntza horien antolamendua ezarri zuen. Bestalde, maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen plan berriaren oinarrizko edukia arautu zuen, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

Nafarroan, Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 5ean emandako 30/2013 Foru Aginduaren bidez (gero Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 6ko 39/2015 Foru Aginduaren bidez aldatua), diseinuko goi mailako ikasketen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

Arte Ikasketen Atalak 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzen dituzten jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak onestearen aldeko txostena egin du.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onestea, irakaskuntza horiek Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko. Jarraibideak eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara eta Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 7an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza

ERANSKINA

2019-2020 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

I.–Urteko programazio orokorra.

1.–Urteko programazio orokorraren edukia.

Arte eta goi mailako diseinu eskolek, ikasturtearen hasieran, urteko programazio orokorra prestatuko dute; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak modu koordinatuan garatzen direla bermatuko du, eta, orobat, eskolaren eskumenak zuzen betetzen direla eta hezkuntza komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.

Urteko programazio orokor hori Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan (LOE) eta abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan (LOMCE) ezartzen denari jarraikiz prestatuko da.

Urteko programazio orokorrean honako hauek jasoko dira:

A.–Bi urteko hobekuntza plana.

B.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzen ordutegia eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

C.–LOEn araututako diseinuko goi mailako arte irakaskuntzei dagozkien irakaskuntza-jarduerak kasuan kasuko ikasketa planetarako.

D.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako irakasleen prestakuntza plana.

E.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

F.–Memoria administratiboa.

G.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

H.–Curriculum proiektua edo hari egiten zaizkion aldaketak.

A.–Bi urteko hobekuntza plana.

Indarrean dagoen araudian jasotako ebaluzioaren esparruaren barruan, 2019-2020 ikasturte amaierako memorian ebaluatuko da 2017-2018 ikasturtean ikastetxeek egindako autoebaluazioa; baita dagokion ikastetxeko bi urteko plana eta departamentuena ere.

Memoria horretan egindako ebaluazioa oinarritzat hartuta, ikastetxeek bi urteko plan berri bat aurkeztuko dute 2020/2022 urteetarako, ikastetxearen eta departamentuen jardunari buruzkoa. 2018-2020ko biurteko planean lortu ez diren helburuak mantentzen ahalko dira, eta beste hobekuntza arlo batzuk ere bai, 2017-2018ko jardunaren autoebaluazioan hautemandakoak, amaitutako biurteko planean sartu gabeak. Ez da ahaztu behar, bestalde, azken bi ikasturte horietan lortutako emaitzen bilakaeraren analisia eguneratzea. Horretarako, Educa erabil daiteke, zenbait emaitza akademiko ateratzeko, bai eta ebaluazio diagnostikoa ere.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du jardunari buruzko biurteko hobekuntza plan berrien garapena eta ezarpena, zeinak aplikatuko baitira 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan.

B.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzen ordutegia eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

Ordutegia zuzendaritza taldeak prestatuko du, eta bide eman beharko du urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko.

Honako hauek bilduko ditu, gutxienez:

a) Ikasleen eskola orduak.

b) Eskola izaerakoak izan gabe, ikasleentzat prestatzen diren beste jarduera batzuen ordu-banaketa.

c) Urtarrileko, maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Apirilaren 20a baino lehen, Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

d) Irakasleen ordutegi orokorra.

e) Irakasleen banakako ordutegia.

C.–Irakaskuntza-jarduerak.

Klaustroak, departamentu didaktikoen bidez, diseinuko goi mailako irakaskuntzen irakaskuntza-jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendaritzak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.

Irakaskuntza-jardueren programazioa egiteko, ordutegiak prestatzeko erabilitako irizpideak hartuko dira kontuan, eta, gutxienez, honako hauek bilduko ditu: tutoretza plana, ebaluazioak eta errekuperazio sistemak, eta programazio didaktikoak.

D.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako irakasleen prestakuntza plana.

Programazioan prestakuntza plan bat gehituko da diseinuko goi mailako irakaskuntzetako irakasleentzat. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak irakasleak prestatzeko planaren proposamena aurkeztuko dio klaustroari. Proposamen hori egiteko, aintzat hartuko ditu Hezkuntza Departamentuak aurkezten duen prestakuntza planeko eskaintza eta ikastetxeak berak proposatzen dituen prestakuntza jarduerak. Nolanahi ere, irakasleek egindako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.

Atal honetan aipatzen den planean kontuan hartuko dira curriculum proiektua egin eta berrikusteko prozesuan diagnostikatzen diren beharrak, bai eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan irakas-praktikari buruzko hausnarketaren eta berriztapenaren emaitza direnak ere.

E.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

Diseinuko goi mailako irakaskuntzetarako programatzen diren jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak irakaskuntzako ekintzak osatu edo garatzeko izanen dira.

F.–Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak prestatuko du, eta bertan, besteak beste, ikastetxea antolatzeko dokumentua sartuko da.

Ikastetxea antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeari bidaltzen dizkien inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskola jarduerak hasi eta 20 eguneko epean.

G.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako organoek 2019-2020 ikasturtean beteko duten jarduketa planaren barnean, diseinuko goi mailako irakaskuntzei buruzko alderdi hauek gehitu beharko dira, gutxienez:

–Programazio didaktikoak prestatzea eta berrikustea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak indarrean dagoen araudiari egokitzen zaion egiaztatuko du, ikasturtean zehar horren garapenaren jarraipena eginen du, eta modu egokian betetzeko behar den laguntza eskainiko du.

H.–Curriculum proiektua.

Ikastetxeak ikasketa planari eta programazio didaktikoei jarraikiz emanen ditu diseinuko goi mailako irakaskuntzak. Agiri horietan, martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduan araututakoa zehaztuko da (foru agindu horren bidez diseinuko goi mailako irakaskuntzen ikasketa plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitaterako, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko), baita foru agindu hura aldatzeko Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 6an emandako 39/2015 Foru Aginduan araututakoa.

Curriculum proiektuak, ikasketa planeko elementuei buruzko erabaki multzo bat den aldetik, ikasleen prestakuntza behar profesionalei erantzun nahi die. Gainera, irakasleen jarduketa guztiak koherenteak direla ziurtatu behar du. Curriculum proiektuak hezkuntza proiektua du abiapuntu.

Curriculum proiektuan honako hauek sartuko dira:

1.–Curriculumaren gaineko koordinazioari buruzko erabaki eta neurriak, ondotik heldu direnak:

a) Diseinuko goi mailako ikasketen gaitasunak ikastetxearen eta ikasleen inguruabarrei egokitzea, helburu horiek benetan lortzeko hartu behar diren neurriak zehaztuta.

b) Metodologiari buruzko erabaki orokorrak.

c) Ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko prozesuari buruzko irizpideak.

d) Erabiliko diren curriculum materialak eta baliabide didaktikoak.

e) Irakasleen irakaskuntza-prozesuak eta irakas-praktika, baita curriculum proiektu bera ere, ebaluatzeko eta, kasua bada, berrikusteko irizpideak.

2.–Tutoretza planaren ezarpena.

3.–Curriculum proiektuak irakasgai bakoitzerako programazio didaktikoa ere izanen du. Irakasleek ikasgelan gauzatuko dituzte programazio didaktikoak, gelako programazioen bidez.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak curriculum proiektuaren prestaketa-lana koordinatuko du, honako hauei jarraikiz: ikasketa-plana, hezkuntza-proiektua, klaustroak ezarritako irizpideak eta departamentuek egindako proposamenak. Proiektuaren erredakzioaren ardura ere izanen du. Curriculum proiektua prestatzeko aldian Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak irakasleen parte-hartzea sustatuko du.

Curriculum proiektua irakasleen klaustroak ebaluatu eta onetsiko du, eta jendaurrean jarriko. Irakasleek curriculum proiektuaren garapena eta programazioak ebaluatu beharko dituzte, ikasleen hezkuntza beharrei egokitzen zaizkiela ziurtatzeko.

Programazio didaktikoak curriculum proiektua garatzeko baliabideak dira, eta haien prestaketa departamentuei dagokie.

Irakasleek beren departamentuetako programazio didaktikoen arabera programatuko dute irakaslana. Irakasleren batek erabakitzen badu gelako programazioan aldaketaren bat egitea bere departamentuko baterako programazioan, aldaketa hori eta behar den justifikazioa departamentuko programazio didaktikoan sartuko dira.

Ikasketa planaren arabera ematen diren irakasgaien programazio didaktikoak irakaskuntza horietarako indarra duen araudira egokituko dira. Bertan honako hauek aipatu dira:

a) Inplikatutako gaitasun orokorrak, zeharkakoak eta berariazkoak.

b) Edukiak eta haien denbora banaketa.

c) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

d) Horretarako zehazten diren parametroen arabera neurtzeko modukoak diren ebaluazio irizpide eta prozedura objektiboak.

e) Kalifikazio irizpideak.

f) Erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.

g) Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Departamentuburuek programazioaren jarraipena eginen dute. Departamentuko bilkuren aktetan jarraipen horren berri jasoko da.

Ikastetxeko zuzendaritzak egiaztatuko du programazioak jarraibide hauetan ezarritakoarekin bat prestatu diren. Hala ez bada, zuzendaritzak kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio programazioa, berregin dezan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak programazio didaktikoen gaineko adostasun agiriak berrikusiko ditu, eta egin beharreko aldaketak bilduko dituen txostena igorriko du zentrora edo departamentu bakoitzera.

2.–Urteko programazio orokorra prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra zuzendaritza taldeak prestatuko du, klaustroaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta, eta, behin onarturik, ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.

Ikastetxeko zuzendaritzari dagokio urteko programazio orokorra egoki prestatzeko jarduketa-egutegi bat ezartzea.

Irakasleen klaustroak urteko programazio orokorrari buruzko txostena egin ondoren, Eskola Kontseiluak ebaluatu beharko du, eta zuzendariak onetsi; betiere, klaustroaren eskumen diren irakaskuntzako alderdiak errespetatuko dira. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da, urriaren 31 baino lehen. Ale horretan ez dira irakasgaien programazio didaktiko osoak sartuko, baizik eta dagozkien adostasun agiriak bakarrik. Urteko programazio orokorraren beste ale bat ikastetxearen Idazkaritzan geldituko da, irakasleen eta Eskola Kontseiluko kideen eskura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaiola, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Ikasturtea bukatutakoan, ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta Eskola Kontseiluak ebaluatuko dute zenbateraino bete den urteko programazio orokorra. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira, eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da uztailaren 10a baino lehen.

II.–Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen jarduna.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzek Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan eta Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan jadanik dauden gobernu organoak eta kide anitzeko organoak partekatuko dituzte.

1.–Goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailea.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetako irakasleak ikastetxean jadanik dagoen departamentu egituraren barnean sartuko dira. Hala ere, ikasketa horien abiaraztea gainbegiratzeko asmoz, goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailearen figura sortuko da, honako eginkizun hauek izanen dituena:

a) Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien programazio didaktikoak prestatzeko lana koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, horien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko.

c) Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari ikastetxearen hezkuntza proiektuari eta urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.

d) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bidezko organoek finkatzen dituzten gidalerroen arabera.

e) Ikasketa planeko irakasgaien programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea, eta ebaluazio horrek aholkatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.

f) Ikasturtearen bukaeran memoria bat egitea eta horretan programazio didaktikoaren garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea.

g) Ebaluazio eta kalifikaziorako irizpide komunak prestatzea.

Goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzaileak bere eskola-ordutegitik astero 2 ordu erabiliko ditu lan horietarako, eta astean zenbatu beharreko multzotik beste 2 ordu.

2.–Tutoreak.

A.–Tutorea izendatzea.

Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren beharrekin bat, tutoretzak ikasketei buruzko orientabideak emateko dira.

LOE/LOMCEren ikasketa planerako aplikatzekoa den araudian xedatutakoak arautuko du Nafarroako diseinuko goi mailako irakaskuntzetarako tutoreen izendapena.

B.–Tutorearen eginkizunak.

Tutorearen eginkizunak hauek dira:

a) Ikasketaburuak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezkoak diren bilerak egitea.

b) Ikasketaburuak deiturik, bere ikasleei dagozkien ebaluazio bileretan buru izatea.

c) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.

d) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.

e) Ikasleei eta irakasleei informazioa ematea irakaskuntza-jarduerei eta eskola-errendimenduari lotuta dauden gai garrantzitsu guztiei buruz.

f) Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren aukerabideei, hezkuntza edo lanbide arloan dituzten hautabideei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.

g) Bere ikasleen ebaluazioaren etengabeko jarraipena egitea.

3.–Zaintza.

Kontuan harturik Nafarroako goi mailako diseinuko irakaskuntzetako ikasleen ezaugarri bereziak, zaintza kontzeptuak esan nahi du ikastetxeak erantzukizuna duela eskola-ordu guztietan irakasleen arretapeko guneak izanen direla bermatzeko, horrela ikasleak, nahi badute, gune horietan beren ikaskuntza prozesuari dagozkion zereginetan aritu ahal izateko. Irakaskuntzarako diren eremuen funtzionamendu egokia ere bermatuko da.

Hortaz, eskola-ordutegiaren barruan, zuzendaritza da ikasleen arduraduna; beraz, uneoro, zaintzako irakasleren bat egon beharko da ikastetxean.

III.–Irakaskuntzen ordu banaketa.

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleak irakaskuntza hauetan sartzeko modua, irakasle-ikasle ratioa eta irakaskuntzen iraupena indarra duen araudian ezarri denari egokituko zaizkio.

IV.–Irakasleak.

1.–Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren menpeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua. Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.

Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan. Denbora hori eskola-orduetan eta ordu osagarrietan banatuko da. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, irakaskuntza-jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira.

2.–Orduen banaketa.

Ikastetxearentzat zuzenean eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A.–Eskola-orduak.

Oro har, ikasleei eskola zuzenean emateko erabiltzen direnak jotzen dira eskola-ordutzat.

Astean egin beharreko eskola-orduen kopurua Departamentuak ezarritako araudi indardunean finkatutakoa izanen da.

Eskola-orduak zenbatzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Bost irakasgai edo gehiago ematen dituzten irakasleak.

Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan bost irakasgai baino gehiago ematen dituzten irakasleei ordu bat kenduko zaie beren eskola-ordutegitik. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

b) 58 urtetik gorako irakasleak.

58 urtetik gorako irakasleei Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian ordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko zaizkie.

B.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren ordutegian jasotako eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak baturik, guztira, hogeita bost ordu izanen dira astean.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako eginkizunen arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

b) Astean ordu bat irakasle taldeko kide bakoitzaren eta goi mailako arte irakaskuntzen koordinatzailearen arteko koordinazio lanetarako.

c) Astean bi ordu ikasketen gaineko tutoretza lanak egiteko.

d) Astean ordu bat irakasleek Eskola Kontseiluan dituzten ordezkarientzat.

e) Zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.

a), b), c) d) eta e) ataletan aipatutako eginkizunen bidez asteko ordutegia betetzen ez duten irakasleei zuzendaritza taldeak honako hauek esleituko dizkie:

a) Lankidetza orduak Diseinuko Urteko Jardunaldiak prestatzen laguntzeko, webgunearen mantentze-lanetarako, Facebook, Twitter, etab.

b) Irakasle taldeek ikastetxeak parte hartzen duen erakunde-proiektuetan eta proiektu solidarioetan lan egiteko orduak.

c) Zaintza-orduak.

d) Beste batzuk.

D.–Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez eman behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilero zenbatuko dira, eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:

a) Klaustroko bileretan parte hartzea.

b) Ebaluazioko eta irakaskuntza taldeko bileretara joatea.

c) Planifikazio instituzionalerako tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko lanetan.

d) Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuetarako.

3.–Ordutegiak prestatu, onetsi eta argitaratzea.

Ordutegiak ikasketaburuak prestatuko ditu, irakasleen klaustroak ezartzen dituen irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan jasotakoari jarraikiz. Ikasleentzat ordutegi funtzionala izatea bermatuko da, baina lehentasuna, betiere, ikastetxearen beharrek izanen dute.

Ikastetxeko matrikulak egin ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen kopuruaren berri emanen die departamentuei, eta irakas-karga banatuko du.

Plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan hartuz baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta haien titular ez den irakaslearenak antzekoak diren.

Zuzendaritzak onetsiko du ikastetxeko ordutegia. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, 15 eguneko epea izanen du gehienez. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.

Irakasle bakoitzaren ordutegiak eta lantokia (bai eskola-orduei dagokienez bai tutoretza-orduei, zaintzei, departamentuko bilerei eta abarri dagokienez) jasotzen dituen informazioa iragarki-taulako eta ikasketaburuaren bulegoko toki ikusgarri batean eta sarbide guztietan erakutsi beharko da denbora guztian.

4.–Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.

Zuzendaritza taldeak diseinuko goi mailako irakaskuntzetako irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan araubideko kontratudunak zein egunetan hasten diren lanean ikastetxean.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Irakaslea agertzen ez bada, hutsegiteen egiaztagiriak lanera itzultzen den egunean berean aurkeztu beharko zaizkio zuzendaritzari. Hutsegiteen egiaztagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko.

Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Baja agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat lantokira bidali edo han aurkeztu beharko da ahalik eta lasterren, ikastetxean bajaren eta altaren data zehatzen berri izan dezaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean bakar-bakarrik, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.

V.–Ikasleen eskubideak eta eginbeharrak.

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta eginbeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez.

2.–Ikasleak eskoletara joatea.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 16an emandako 204/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako bizikidetza arautzen du, eta ikastetxe bakoitzak, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barnean, bere bizikidetza plana prestatu behar duela ezartzen du.

Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du, eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.

Eskoletara behin eta berriz huts egitea zer den eta jokabide horren ondorioak ikastetxeko Bizikidetza Erregelamenduan zehaztuko dira.

3.–Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik ezagutzea gaitasunak, edukiak eta ebaluazio irizpideak, bai eta balorazio positiboa izateko eskatzen diren gutxienekoak, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio irizpideak eta ebaluazio prozedurak ere.

Irakasle titularrak ikasleek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.

Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

VI.–Onartzeko irizpideak eta matrikulazioa.

Ikasleen onarpenari eta matrikulazioari dagokienez, irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.

VII.–Beste jarraibide batzuk.

1.–Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Departamentuak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko du irakasle funtzionarioen kontrako prozedura judizialetatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarrien estaldura; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek beren eginkizunak betetzearen ondorioz letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

2.–Eskola informazioaren kudeaketa: Educa.

Irakaskuntza hauetan sortzen den eskola informazioaren kudeaketa Educa programaren bidez gauzatuko da.

Irakasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili beharko dituzte bai tutoretzan bai beren harreman profesionaletan.

3.–Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako langileen jarduerak.

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egin ahal izateko, ikastetxeko Zuzendaritzaren berariazko baimena beharko da.

4.–Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.

Ikastetxea ikasle guztien eta hezkuntza komunitatearen osasuna babestu eta sustatzeko baldintzak betetzen dituen ingurune egokia sortzea sustatuko du, eta bizimodu osasungarriak bultzatuko ditu.

Eskola Kontseiluak erretzeko debekua (indarreko legeriak ezartzen duena) zorrozki betearazi behar du eta neurri egokiak ezarri behar ditu edari alkoholdunik ez saltzeko eta ez kontsumitzeko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko bizikidetza arauak prestatzean.

5.–Bizikidetza.

Ikastetxe bakoitzaren bizikidetza planean curriculumeko eta antolaketako neurriak biltzen dira bizikidetza, tratu ona eta eskola giroa hobetzeko, indarkeria mota guztiak saihesteko eta gatazken, eskola-jazarpenaren, abusuen eta hezkuntza komunitatea osatzen dutenen segurtasun fisikoa, emozionala edo pertsonala arriskuan jartzen duten diskriminazioaren edo tratu txarren egoerei aurrea hartzeko eta arreta emateko.

Programazio horretan nabarmenduko da zein garrantzitsua den hezkuntza komunitate osoa inplikatzea arlo horretan prebentzio lana egin eta tratu onak ikasteko, gatazkak konpontzeko, emozioen aldetik seguruak eta osasungarriak diren inguruneak sortzeko eta eskola-jazarpena desagerrarazteko jarrera irmoa lantzeko orduan.

Hezkuntza Departamentuak, “Laguntza” programaren eta ikastetxeen eskura jartzen diren beste baliabide batzuen bidez, bizikidetza planak egiteko orientazioa, prestakuntza eta aholkularitza emanen du. Gainera, erraztasunak emanen ditu bizikidetza batzordeko kideek pixkanaka-pixkanaka gatazkak konpontzeko eta eskola bitartekari aritzeko behar den prestakuntza lor dezaten, indarkeria, jazarpena edo tratu txarrak gertatzen direnean azkar eta kalitatez esku har dezaten.

Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoaren webguneak zenbait baliabide, eredu, protokolo eta iradokizun jartzen ditu ikastetxeen eskura beren jarduketa plana zehazten laguntzeko eta zenbait kasuren aurrean (suizidioak, doluak eta abar) berariazko erantzuna bideratzeko. Ikastetxe guztietan, bizikidetza plana eta haren urteko zehaztapena eguneratu beharko dira, eta webgune honetan bildu den bizikidetzari eta indarkeriaren prebentzioari buruzko indarreko araudira egokitu:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/educacion-en-valores/asesoria-para-la-convivencia

Irakasleek Irakasleentzako Arretaren Bulegora jo dezakete orientazioa eta laguntza jasotzeko.

6.–Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzez kanpoko pertsonak sartzea.

Diseinuko goi mailako irakaskuntzetako ikasleen artean edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendaritza taldearen baimena beharko dute. Betiere, baimen hori eman izana idatziz jasoko da ikastetxeko artxiboan.

Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.

7.–Jarraibide hauen berri ematea.

Zuzendaritza taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

Iragarkiaren kodea: F1910623