170. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

484/2019 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak onesten baitira, Lanbide Heziketako irakaskuntzez gain, araubide bereziko kirol irakaskuntzak ere ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko 2019-2020 ikasturterako.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du. Ebazpenaren xedea da indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta garatzeko balioko duten jarraibideak onestea, horri esker behar bezalako antolaketa eta funtzionamendu egokia lortzeko, Lanbide Heziketako irakaskuntzez gain, araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoetan, 2019-2020 ikasturtean, haien autonomiaren esparruan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Eranskinean ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horietan Nafarroako Foru Komunitatean, Lanbide Heziketako irakaskuntzez gain, araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dira 2019-2019 ikasturterako.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzura, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Sakana LH IBPra, Irunberri LH IBPra, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 7an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Jarraibideak, Lanbide Heziketako irakaskuntzez gain, araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko 2019-2020 ikasturtean

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

Jarraibideak hiru kapitulutan daude bereizita:

Lehenbizikoa ikastetxe bateratuaren plangintzari buruzkoa da, eta zenbait ohar ditu araubide bereziko kirol irakaskuntzetako zikloen ezaugarri berariazkoen gainean.

Bigarrenean, antolaketa-alderdi berariazko batzuk zehazten dira, beharrezkoak direnak araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen funtzionamendurako.

Hirugarrenean, gehien erabiltzen diren arauak azaltzen dira.

I. KAPITULUA

Ikastetxe bateratuaren plangintza

2019-2020 ikasturtean Hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko jarraibideak onesteko ebazpenean adierazitakoa deusetan galarazi gabe, honako alderdi hauetan arreta berezia jarri beharko dute, Lanbide Heziketako irakaskuntzez gain, araubide bereziko kirol irakaskuntzak ere ematen dituzten ikastetxeek:

1.–Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak ezarri duen Jarduketa Planarekin lotutako kirol irakaskuntzei buruzko neurrien berrikuspena eta programazioa.

Kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek berraztertu, eta, beharrezkoa bada, zuzendu beharko dituzte Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak ezarri duen Jarduketa Planean aipatzen diren bost jarduketa-ildo estrategikoekin lotutako neurriak. Jarduketa-ildo horiek hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2019-2020 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko ebazpenaren 1. jarraibidean garatzen dira.

Hona hemen bost ildo estrategiko horiek:

a) Metodologiaren eta teknologiaren arloko berrikuntza.

b) Lanbide informazioa eta orientazioa hobetzeko modu erabakigarrian laguntzea.

c) Lanbide Heziketa Dualaren garapena eta finkapena.

d) Kanpoko ekintzen sustapena.

e) Ikastetxearen identitatea ezaugarritzea.

2.–Araubide bereziko kirol irakaskuntzen berariazko planen berrikuspena eta programazioa.

Ikastetxeek bertan ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzekin loturiko planak berrikusi eta, beharrezkoa bada, aldatuko dituzte.

3.–Araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek araubide bereziko kirol irakaskuntzei buruzko Jarduketa Plana prestatzen laguntzea.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetako gobernu organoek Jarduketa Plana prestatzen lagun dezaten sustatzeko, ikastetxeko zuzendariak, ikastetxeko gobernu organoen parte-hartzea bermatuko duen eta ikastetxeak berak erabakitzen duen barne prozesuaren ondoren, txosten idatzi bat bidaliko dio Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari, egoki jotzen diren proposamen edo iradokizunekin, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak kontuan har ditzan hurrengo bi urteetarako Jarduketa Plana prestatzeko orduan.

Txosten hori 2019ko abenduaren 31 baino lehen bidaliko da, eta alderdi hauek jorratzen ahalko ditu: tituluak berritzea, prestakuntza eskaintza, enplegurako prestakuntza, lanbide arloko informazioa eta orientazioa, berrikuntza, antolaketa eta kudeaketa eredua eta/edo ikastetxeak nahi duen beste edozein alderdi.

4.–Programazio didaktikoak.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek modulu guztien programazio didaktikoak prestatu beharko dituzte, baita modulu horien zati diren lan unitateenak ere, eta dagokien plangintza dokumentuan jasoko dira.

Programazio didaktikoetan gauzatzen da nola garatuko den curriculuma ikasgelan. Programazio didaktikoetan alderdi hauei erreparatuko zaie bereziki:

a) Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren curriculum berria duten zikloak ezartzearen ondorioz egin beharreko egokitzapena.

b) Urriaren 21eko 93/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan adierazitakoa, ebaluazio prozesuaren plangintzarako irizpideei dagokienez eta arlo horretan erabakiak hartzeari dagokionez.

Ikasleek idatziz jaso beharko dute programazio didaktikoen oinarrizko alderdiei buruzko informazioa, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarri bezala. Horren bidez, ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetarako.

II. KAPITULUA

Antolaketaren gaineko alderdiak

1.–Irakasle espezialistak.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzetako zikloetan, indarrean dauden titulu eta curriculumetan jasota dagoenari jarraikiz, irakasle espezialistek zenbait modulutarako irakas-gaitasuna daukate.

Publizitate, merezimendu eta gaitasun printzipioen araberako kontratazioa egiteko helburuarekin, Hezkuntza Departamentuak, bere garaian, hainbat kirol espezialitate/modalitatetan espezialista ziren irakasleen zerrendak irekitzeko deialdia egin zuen.

Lanbide Heziketaren Zerbitzuak zehazten du ikasturte bakoitzean irakasle espezialistak kontratatzeko zer-nolako beharra dagoen. Hau, gainerako irakaskuntzetan bezala, eskolaratze-aurreikuspenak oinarri hartuta egiten da, kontuan hartuz kalitate-baldintzak eta, orobat, irakaskuntza hauek arautu eta garatzeari begira ohikoa den berezko malgutasuna.

2.–Irakasle espezialisten eginkizunak.

2.1. Hona hemen kirol irakaskuntzetako irakasle espezialisten eginkizunak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 91. artikuluan aurreikusitako eginkizun orokorrak zehaztuz eta malgutasuna kontuan harturik:

a) Esleiturik dituzten modulu eta blokeen programazioa eta irakaskuntza.

b) Ikasleen ikaskuntza-prozesuaren ebaluazioa.

c) Ikasleen tutoretza, esleiturik dituzten modulu eta blokeei dagokienez.

d) Ikasleen orientazioa prestakuntza, kirol eta lanbide arloetan, zerbitzu edo departamentu espezializatuekin elkarlanean.

e) Ikastetxearen jarduera orokorrean parte hartzea, ebazpen honetan ezarritakoarekin bat.

f) Hezkuntza Departamentuak erabakitzen dituen ebaluazio planetan parte hartzea.

g) Kasuan-kasuan dagozkien irakaskuntza-prozesuetan, ikerketa, saiakuntza eta etengabeko hobekuntza.

2.2. Irakasle espezialistek elkarlanean eta talde-lanean gauzatuko dituzte aurreko atalean adierazitako eginkizunak.

3.–Irakasle espezialisten lanaldia.

3.1. Irakasle espezialisten lanaldia egin beharreko lanaren ezaugarrietara eta kirol irakaskuntzen berezko malgutasunera egokituko da.

3.2. Lanaldia, oro har, ikasturtearen eskola-aldian beteko da, hau da, irailaren 1etik ekainaren 30era arte, salbu eta prestakuntza praktikoaren blokearekin zerikusia duen jarduera, zeina abuztuaren 31ra arte betetzen ahalko baita. Kirol modalitate eta espezialitateen inguruabarrak kontuan harturik, ikasturte bakoitzaren egutegia arautzen duen ebazpenean finkatuko da eskola-aldi zehatza.

4.–Irakasle espezialisten ordutegiaren alderdi orokorrak.

Irakasle espezialistek bakoitzaren kontratuan ezarritako orduetan gauzatuko dituzte irakaslanari eta ikastetxeari lotutako jarduerak.

5.–Irakasle espezialisten eskola-denbora.

5.1. Eskola-saioek eta eskola-denboratzat hartzen diren ordu osagarriek osatzen dute eskola-denbora. Ikastetxean edo ikastetxetik kanpo egin daitezke biak. Eskola-saio baten iraupena berrogeita hamabost minutukoa da. Eskola-denboratzat hartzen den saio osagarri baten iraupena hirurogei minutukoa da.

5.2. Eskola-saioetan zuzenean irakasten da, hau da, irakaskuntza teorikoa eta praktikoa ematen zaie ikasleei, ikastetxean zein ikastetxetik kanpo, edo bestelako jarduerak egiten dira, beste eginkizun batzuk betetzeko.

6.–Irakasle espezialisten eskola-denbora: banaketa eta alderdi orokorrak.

6.1. Zuzeneko eskolako saioek eta eskola-denbora gisa kontatzen diren saio osagarriek osatzen dute irakasle espezialisten eskola-denbora. Hala, zuzeneko eskolako 4 saioko, eskola-denbora gisa kontatzen den ordu osagarri bat esleituko da. Azken ordu horiek, gainera, astean zenbatu beharrekoak izan daitezke eta/edo hilean zenbatu beharrekoak.

6.2. Orduen banaketan irakaskuntza hauen berezitasuna kontuan hartu beharko da, malgutasun neurriei dagokienez.

6.3. Orobat, kontuan hartu beharko da kirol irakaskuntzetako irakasle espezialistak kirol eta lanbide arloetako jarduera egiten duten profesionalak direla, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 51. artikuluan adierazten den bezala, eta, horregatik, jarduera horiek (irakasle espezialista izateko beharrezko baldintza direnak) eskola-denbora betetzearekin bateratu behar dira.

6.4. Honako hauek hartzen dira zuzeneko eskolako ordutzat:

6.4.1. Ikasleei eskola edo irakaskuntza emateko saioak. Zuzeneko eskolako irakastorduen artean kontzeptu hauekin bat datozenak daude:

a) Talde edo klase arruntarekin emandako orduak, berariazko blokearen moduluetan eta prestakuntza praktikoaren blokean, ikastetxean zein ikastetxetik kanpo.

b) Bikoizketa orduak, berariazko blokearen moduluetan eta prestakuntza praktikoaren blokean, ikastetxean zein ikastetxetik kanpo.

c) Ikastetxetik kanpo egin beharreko saio praktikoak prestatzeko behar diren orduak.

6.4.2. Erantzukizuneko karguen eginkizunak betetzeko denbora, zuzeneko eskolako orduak berariaz esleitu beharra dakartenak, ondoren adierazten denarekin bat:

a) Berariazko blokearen moduluen koordinazioa eta tutoretza. Kontratuan berariazko blokearen moduluen koordinazio lanak esleiturik dituen irakasle espezialistak hemezortzi ordu izanen ditu bere eskola-ordutegiaren barruan modulu horiek edo bloke hori koordinatzeko, lehenbiziko mailan edo hasierako zikloan, edo hogeita zazpi ordu, bigarren mailan edo amaierako zikloan.

b) Prestakuntza praktikoaren moduluaren tutoretza, eta, goi mailako kirol irakaskuntzetan, aurrekoaz gainera, proiektuaren moduluaren tutoretza: prestakuntza praktikoaren moduluaren tutoreak, eta, halakorik bada, proiektuaren moduluaren tutoreak, tutoretzan dituen ikasle kopuruaren arabera, eskola-ordu hauek izanen ditu bere kontratuan:

–LOE tituluetan, tutoretzapean dituen ikasle kopuruaren arabera: 2 eskola-ordu tutoretzapean duen ikasle bakoitzeko.

–LOGSE tituluetan: kirol modalitate eta espezialitatean hasi eta hobetzeko saioei dagozkien orduak, kasuan kasuko egitura eta curriculuma onesten dituen foru dekretuan ezarriak.

6.5. Eskola-denbora gisa kontatzen diren ordu osagarriak dira, zorrozki, zuzeneko eskolatzat hartu ezin direnak, baina, berariazko jarduera batzuk egitea eskatzen dutenez, eskola-ordutegia handitzea dakartenak. Kontzeptu hauei dagozkie:

a) Departamentuko bilera.

b) Berariazko blokeko eta prestakuntza praktikoko irakasle espezialisten bilera.

c) Klaustroko bileretan parte hartzea.

d) Ebaluazio saioetara eta irakasle taldeko bileretara joatea.

e) Kirol irakaskuntzei dagozkien koordinazio tresnak prestatu eta berrikustea.

7.–Antolamenduzko alderdi metodologikoak.

Kirol irakaskuntzetako bloke espezifikoen moduluetarako erabiltzen diren ordu praktikoak modu komunean ematen ahalko dira, horretarako berariaz prestatzen diren jardunaldietan. Jardunaldi horietan, modulu ezberdinetako alderdi praktikoak batera lantzen ahalko dira.

8.–Kirol irakaskuntzen departamentua.

8.1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan, kirol irakaskuntzen departamentu berariazko bat izanen da. Kirol irakaskuntzetako irakasle espezialistak departamentu horretan sartuta egonen dira, curriculumaren programazioaren eta programazio didaktikoaren ondorioetarako eta departamentuari atxikitako irakaskuntzen koordinazio orokorraren ondorioetarako.

8.2. Irakasle espezialistek parte hartuko dute departamentu horretan, hitza eta botoa izanik, baldin eta kontratatuak edo izendatuak izan badira, gutxienez, ikasturte batean berariazko blokearen eta prestakuntza praktikoaren blokearen moduluak emateko behar den denborarako.

9.–Irakasle espezialisten parte-hartzea ikastetxeko organoetan.

9.1. Irakasle espezialistek klaustroan eta taldeko irakasle-taldeetan parte hartuko dute. Irakasle espezialistek ez dute parte hartuko ikastetxeko koordinazio pedagogikorako gainerako organoetan.

9.2. Kontuan hartu beharko da kirol irakaskuntzetako irakasle espezialistak kirol eta lanbide arloetako jarduera egiten duten profesionalak direla, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 51. artikuluan adierazten den bezala; horregatik, jarduera horiek (irakasle espezialista izateko nahitaezko baldintza direnak) bateratu beharko dira kontzeptu honengatik dituzten betebeharrekin. Beraz, kirol eta lanbide arloetako jardueren ondoriozko betebeharrek galarazten badiete klaustroko bileretara joatea, ez dute joan beharrik izango.

9.3. Kirol irakaskuntzetako irakasle espezialista gisa kontratatutako edo izendatutako pertsonak ezin dira hautagai edo hautesle izan ikastetxeetako kide bakarreko gobernu organoetarako.

10.–Prestakuntza praktikoaren antolaketa.

Kirol irakaskuntzetako irakasle espezialistak kontratatzen ahalko dira prestakuntza praktikoa garatzeko, bereziki alderdi hauetan:

–Prestakuntza praktiko hori emateko kirol, federazio eta lanbide entitateak bilatzea.

–Prestakuntza praktikoa egiteko prestakuntza programa prestatzea.

–Harremanak lantzea entitate horiekin eta Hezkuntza Departamentuarekin, hitzarmenak prestatu eta garatzeko.

–Ikasleen tutoretza.

11.–Kirol irakaskuntzen koordinazioa.

11.1. Koordinazio karguak.

Kirol teknikari titulu batera bideratzen duen kirol irakaskuntzetako ziklo bakoitzak zikloko koordinatzaile bat izanen du, eta, horrez gainera, berariazko blokeen koordinatzaileak izanen dira:

–Kirol teknikari titulu batera bideratzen duen kirol irakaskuntzetako ziklo bakoitzak zikloko koordinatzaile bat izanen du. Bloke komunaren eta/edo osagarriaren moduluetan irakasten duen irakasle bat izanen da koordinatzaile hori.

–Orobat, kirol irakaskuntzetako zikloetako maila edo ziklo bakoitzean, maila edo ziklo bakoitzeko berariazko blokeen koordinatzaile bat izanen da. Berariazko bloke horietako batean irakasten duen irakasle espezialista bat izanen da koordinatzaile hori.

11.2. Eginkizunak.

–Kirol irakaskuntzetako zikloko koordinatzaileak bere gain hartuko ditu otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 45.3 artikuluan aipatutako eginkizunak (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa), eta arreta berezia emanen dio berariazko blokeko moduluak ematen dituzten irakasleak koordinatzeari, kontuan harturik irakaskuntza hauen ezaugarri bereziak.

–Ziklo edo maila bakoitzeko berariazko blokeetako koordinatzaileak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Berariazko blokeko irakasle taldearen koordinazio bilerak zuzentzea.

b) Ziklora sartzeko berariazko probak prestatzen eta ebaluatzen laguntzea, oinarri harturik Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen jarraibideak.

c) Berariazko blokeko moduluak ezartzearekin eta garatzearekin lotutako prestakuntza beharrak diagnostikatzea, kirol irakaskuntzetako zikloko koordinatzailearekin elkarlanean.

d) Behar materialak hautematea eta behar diren kudeaketak egitea berariazko blokeko moduluan behar diren baliabideak erosteko, kirol irakaskuntzetako zikloko koordinatzailearekin elkarlanean.

Orobat, LOEren arabera ezarritako kirol irakaskuntzetako zikloetan, prestakuntza praktikoaren moduluko tutore lana bere gain hartuko du, ikastetxea ordezkatuz, kirol irakaskuntzetako zikloko koordinatzailearekin elkarlanean.

12.–Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko ikastaroa.

Ebazpen hau aplikagarria da oraindik: 151/2016 Ebazpena, maiatzaren 6koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.5 artikuluak aipatzen dituen borondatezko irakasgaiak arautzen dituena, Nafarroan goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa izeneko kurtsoan modu esperimentalean antolatuak. Sartzeko ikastaroaren curriculuma 2017-2018 ikasturtekoa bezalakoa izanen da.

Kirol teknikari titulua daukaten ikasleen kasuan, sartzeko ikastaroak goi mailako zikloetan sartzeko proba baten balioa izango du.

Sartzeko ikastaroan onartzeko prozesua Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez arautuko da.

13.–Matrikulak bateragarri egitea.

a) 2019-2020 ikasturtean kirol irakaskuntzen heziketa ziklo batean matrikulatuta dauden ikasleek aldi berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko irakaskuntzak egin ditzakete, baina, betiere, azken ikasketa horiek egiteko, “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira, urrutiko araubidean, bertan sartzeko baldintzak beteta.

b) 2019-2020 ikasturtean kirol irakaskuntzetako ziklo batean matrikulaturik dauden ikasleek, gainditzeke duten modulu bakarra prestakuntza praktikoa baldin bada, zilegi izanen dute irakaskuntza horiek helduentzako Batxilergoko ikasketekin bateratzea, betiere baldintza akademikoak eta Batxilergo horretan sartzekoak betetzen badituzte.

c) 2019-2020 ikasturtean derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzetan eta/edo goi mailako irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleek aldi berean egin ditzakete araubide bereziko kirol irakaskuntzak, onarpen prozesua bukatzen denean esleitu gabeko ikasposturik bada, itxaron zerrendan inor ez badago eta ordu-bateragarritasuna %90ekoa bada gutxienez.

14.–Kirol irakaskuntzetan matrikulatzeko prozesuaren berezitasunak, epe bereziaren barruan eta ondoren.

1. Epe berezian inskribatzen diren pertsonei ezinezkoa bazaie dokumentazio guztia aurkeztea ezarriko den epean, baldintzapeko matrikula bat egiten ahalko dute, halako moduan non eskolak hasi eta urriaren 31ra arte baldintzapeko matrikula duten ikasleak prestakuntza jarduera guztietara joanen diren normaltasunez, baina egun horretarako behar den dokumentazio guztia aurkezten ez badute, matrikula baliogabetuko zaie eta ondoriorik gabe geldituko da ordura arte egin duten guztia.

2. Onarpen prozesua bukatutakoan, prestakuntza hasi eta ondorengo hilabetean, ikasle gehiago sartzen ahalko dira hasita dagoen kurtsorako, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emandako jarraibideen arabera.

Lehen hilabetea iragandakoan, eskolatu eta matrikulatu nahi duten ikasle berrien kasuan, ikastetxeak egin beharko du matrikulazio eskaera, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Eskolatze Arloaren bidez, eta organo horrek erabakiko du bidezkoa den edo ez eskatutako matrikula.

15.–Kirol irakaskuntzen bloke komunean inskribatu eta matrikulatzea.

15.1. LOGSEren babesean garatutako araubide bereziko kirol irakaskuntzetako lehenengo mailako bloke komuna.

Irakaskuntza hauetako lehenengo mailako bloke komuna bakarrik egin nahi duten pertsonek aukera izanen dute inskripzioa eta matrikula Hezkuntzako zuzendari nagusiaren apirilaren 1eko 153/2019 Ebazpenean ezarritako epeetan egiteko (ebazpen horren bidez Nafarroan, 2019-2020 ikasturtean, kirol irakaskuntzetan sartzeko prozesua arautu zen), arau hauei jarraikiz:

a) Matrikularik gabe gelditutako ikaspostu hutsak eskainiko dira, ebazpen horretan ezarritako gehieneko kopurua kontuan hartuta.

b) Inskribatzen den jende kopurua ikaspostuena baino handiagoa bada, onartzeko lehentasuna ezartzeari begira, Nafarroako 2019-2020 ikasturteko onarpen prozesuetarako egin den zozketa publikoa aplikatuko da.

15.2. LOGSEren babesean garatutako araubide bereziko kirol irakaskuntzetako bigarren mailako bloke komuna.

LOGSEren babesean garatutako araubide bereziko kirol irakaskuntzetako lehenengo maila gainditu duten pertsonek, irakaskuntza hauetako bigarren mailako bloke komuna bakarrik egin nahi badute, aukera izanen dute inskripzioa eta matrikula Hezkuntzako zuzendari nagusiaren apirilaren 1eko 153/2019 Ebazpenean ezarritako epeetan egiteko (ebazpen horren bidez Nafarroan, 2019-2020 ikasturtean, kirol irakaskuntzetan sartzeko prozesua arautu zen), arau hauei jarraikiz:

a) Matrikularik gabe gelditutako ikaspostu hutsak eskainiko dira, ebazpen horretan ezarritako gehieneko kopurua kontuan hartuta.

b) Inskribatzen diren pertsonak eskaintzen diren ikaspostuak baino gehiago badira, honela ebatziko da:

–Lehenbizi, kirol irakaskuntzetan egindako lehenengo mailako batez besteko nota hartuko da kontuan, handienetik txikienera ordenatu ondoren. Batez besteko notarik frogatzen ez bada, 5 puntu emanen dira.

–Berdinketa kasuetan, onartzeko lehentasuna ezartzeari begira, Nafarroako 2019-2020 ikasturteko onarpen prozesuetarako egin den zozketa publikoa aplikatuko da.

III. KAPITULUA

Erreferentziazko agiri estrategikoak eta araudia

Erreferentziazko agiri estrategikoak.

Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoa.

Araudia.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzak.

a) Antolamendua:

–248/2011 Foru Dekretua (Araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena).

b) Nazioartekotzea:

–31/2012 Foru Agindua (Prestakuntza egonaldiak atzerrian: ikasleak eta irakasleak).

c) Ebaluazioa:

–93/2014 Foru Agindua (Araubide bereziko kirol irakaskuntzetako zikloen ebaluazioa).

–49/2013 Foru Agindua (Ebaluazio prozesuan erreklamazioak egiteko sistema).

d) Zikloetan sartzeko probak:

–35/2018 Ebazpena, otsailaren 13koa (Heziketa zikloetan sartzeko 2018an egin behar diren probetarako deialdia).

e) Berariazko sarrera probak:

–154/2019 Ebazpena, apirilaren 1ekoa (Berariazko sarrera proba, 2019-2020 ikasturteari dagokiona).

f) Kirol irakaskuntzetan sartzeko prozedura:

–153/2019 Ebazpena, apirilaren 1ekoa (Ikastetxe publikoetan kirol irakaskuntzak egiteko ikasleak onartzeko prozeduraren erregulazioa, 2019-2020 ikasturtean).

Iragarkiaren kodea: F1910611