170. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

475/2019 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2019-2020 ikasturteko eskola-garraioaren zerbitzua antolatzeko eta haren funtzionamendurako jarraibideak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 6/2006 Lege Organikoaren 4. artikuluak ezartzen duenez, “lege honen 3.3 artikuluan aipatutako oinarrizko irakaskuntza nahitaezkoa eta doakoa da pertsona guztientzat”. Lehen hezkuntzak eta derrigorrezko bigarren hezkuntzak osatzen dute oinarrizko hezkuntza (LOEren 3.3 artikulua).

Eskola-garraioaren zerbitzua tamaina handikoa eta gero eta konplexuagoa denez, beharrezkoa izan da azaroaren 13ko 102/2017 Foru Agindua onestea, eskola-garraioaren antolaketa eta funtzionamendua eta jantokirako banakako laguntzak arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean, non zerbitzu horren ildo nagusiak eta jarduketa-irizpideak finkatzen baitira. Foru agindu horretan ezartzen da, orobat, beste alderdi koiunturalago batzuk ebazpen baten bidez zehaztuko direla, zeinak ikasturte bakoitzeko beharren araberako jarraibideak onetsiko baititu.

Hori horrela, ebazpen honen helburua da foru agindu hartan adierazitako alderdiak finkatzea 2019-2020 ikasturterako.

Banakako laguntzak deitutakoei dagokienez, Ogasuneko eta Finantza Politikarako Departamentuko Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuak eskatutakoari jarraituz, 2019-2020 ikasturteko kostu ekonomikoaren aurreikuspena egin da, gutxi gorabehera.

Gainera, ebazpen honetan honako hauek aurreikusten dira: derrigorrezkoak ez diren irakaskuntzetako ikasleen garraio zerbitzua guraso elkarteekin eta bestelako entitate sustatzaileekin batera antolatzeko aukera, hutsik gelditzen diren eserlekuekin zer egin, eta eskola-garraioaren, aurreikuspenaren, antolaketaren, kudeaketaren eta gainbegiraketaren inguruko hainbat alderdi, besteak beste.

Horiek horrela, abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuak eskola-garraioaren ezarpenaren eta kudeaketaren arloan ezartzen dituen eginkizunak betez (errege dekretu horren bidez onetsi zen Estatuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzea irakaskuntza ez-unibertsitarioko eginkizun eta zerbitzuak).

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

1. 2019-2020 ikasturteko eskola-garraioaren zerbitzua antolatzeko eta haren funtzionamendurako jarraibideak, ebazpen honi erantsita daudenak, onestea.

2. Ebazpen honetan aipatzen diren banakako laguntzen kostua onestea 2019-2020 ikasturteko 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 arteko eperako: 350.000 euroko gastua da; horietatik 140.000 euro 2019ko irail eta abendu arteko eperako dira, eta 2019ko gastu-aurrekontuko “Eskola-garraioa” izeneko 410004 41830 4800 324100 partidaren kargura finantzatuko dira; gainerakoa, 210.000 euro, 2020ko urtarril eta abuztu arteko epeari dagokio, eta 2020an horretarako sortzen den partidaren bidez finantzatuko da, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

3. Ebazpen honetan xedatutakoa eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Adieraztea honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea interesa duten ikastetxe publiko guztiei, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Garraio Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 7an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

I. ERANSKINA

1.–Eskola-garraioaren eta haren ibilbideen aurreikuspena 2019-2020 ikasturterako.

Eskola-garraioaren antolaketa, kudeaketa eta finantzaketa Hezkuntza Departamentuaren ardura da, azaroaren 13ko 102/2017 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, horren bidez arautzen baitira eskola-garraioaren antolaketa eta funtzionamendua eta jantokirako banakako laguntzak Nafarroako Foru Komunitatean. Zerbitzu horiek kudeatzeko, beharrezkoa da ikastetxeek eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak ikastetxe bakoitzari dagozkion datuak ematea Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari, dela hemengo eranskinak erabiliz (V. eranskina, “Eskola-garraiorako eskubidea duten ikasleen zerrenda”; VI. eranskina, “Eskola-garraioko ibilbideen laburpena”; eta IV. eraskina, “Eserleku hutsak erabiltzen dituzten ikasleak”), dela Hezkuntza Departamentuak horretarako jartzen dituen baliabide elektronikoak erabiliz. Datuak aurkezteko epea ezartzean kontuan hartuko da Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleak onartzeko ebazpenean eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak onartzeko ebazpenean finkatzen den egutegia.

2.–Eskola-garraiorako banakako laguntzak ematea.

2.1.–2019-2020 ikasturterako laguntza motak eta horien zenbatekoak honakoak izanen dira:

a) Bidaiarien garraio erregularra erabil dezaketen ikasleak: txartelaren prezioa.

b) Garraio erregularra erabili ezin duten ikasleak: familia edo herri berekoak badira edo, eskualde jakin batzuetan, bizitegi bakanduak dituzten eremu berberetan bizi badira (baserrietan), beren artean antolatu beharko dira halabeharrez ibilgailu bera partekatzeko (baimendutako eserlekuak bete arte). Ikaslearen etxetik ikastetxeraino edo hurbilen duen ikasleen autobus geralekuraino dauden kilometroen arabera finkatuko da laguntzaren zenbatekoa, ibilgailua nahitaez partekatu beharko dutela kontuan harturik, eta honako kilometro eskala honi jarraikiz:

10 KM BITARTE

10 KM BAINO GEHIAGO ETA 20 KM BITARTE

20 KM BAINO GEHIAGO ETA 30 KM BITARTE

30 KM BAINO GEHIAGO

Ikasle bat

482,56

676,34

949,80

1.328,93

Bi ikasle

375,33

524,67

726,47

1.011,47

Hiru ikasle edo gehiago

280,20

387,67

532,03

741,93

Diru kopuru horiek ikasturte eta ikasleko dira.

Laguntza hauek emateari begira, distantzia neurtuko da ikaslearen helbideari dagokion hirigunetik ikastetxeraino edo hurbilen dagoen ikasleen autobus geralekuraino, zein den kasua. Populazio barreiatuaren kasuan (baserriak), distantzia ikaslearen etxetik bertatik kontatuko da.

c) Hezkuntza Departamentuak, aldez aurretik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak edo Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak txostena emanda, banakako laguntzen zenbatekoa handitzen ahalko du, baldin eta egoera bereziak badaude desgaitasun fisiko edo psikikoak dituzten ikasleen eskolatze prozesuan.

2.2.–Eskola-garraiorako banakako laguntzak eskatzeko data. Familiari ordaindu izanaren eta ikastetxera joatearen frogagiria.

Ikasleak eskolatuak dauden ikastetxe publikoen bidez eskatuko dira laguntzak. Horretarako, ebazpen honen II. eranskinean dagoen eskabide eredua erabiliko da. Laguntza horiek har ditzaketen ikasleentzako laguntza eskabideak eta horretarako eskubidea dutela frogatzeko agiriak Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari bidali beharko dizkiote, 2019ko urriaren 11 baino lehen, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuek. Nahitaezko betebeharra da eskaerarekin batera ikaslearen bizileku-ziurtagiria aurkeztea, herriko udalak luzatua.

Ikastetxeek bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalak emandako dirulaguntzak ordainduko ditu.

Ordainketa ikastetxeetara igorri ondoren, ikastetxe horiek ikasleen familiei ordainduko diete, eta Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari justifikatuko beharko diote ordainketa hori egin dutela eta ikaslea ikastetxera joan dela, Hezkuntza Departamentuak horretarako eskaintzen dituen bitarteko elektronikoen bidez.

Departamentuak noiznahi ere erabil ditzake esleiturik dituen egiaztatze, kontrol eta ikuskatze ahalak; horrek ekar dezake onartutako zenbatekoak hein batean edo osorik itzuli behar izatea.

3.–Laguntzailearen eginkizunak.

Ikasleak garraiatu bitartean zaintzeak eginbehar hauek dakartza:

a) Ikasleak jasotzea eta haiei lagun egitea ikastetxearen eremuaren barnetik eta ikastetxearen eremu barneraino, eta burua izanen da ikastetxeko eremura sartzeko eta hura uzteko. Lan horretan, ikastetxeko Zerbitzu Osagarrien Planean eginkizun horretarako ezarritako irakasleen laguntza izanen du, uztailaren 16ko 257/1998 Foru Aginduaren 7. artikuluan eta uztailaren 16ko 258/1998 Foru Aginduaren 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (lehenbiziko foru aginduaren bidez garatu zen Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa, eta bigarrenaren bidez garatu zen Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa).

b) Ibilbidea egitea, lehenbiziko geralekutik ibilbidearen bukaeraraino, kontrolatuz nola igotzen eta jaisten diren ikasleak ezarritako geralekuetan.

c) Ibilbideko lehenbiziko geralekura iristea garraiorako ezarritako ordua baino 5 minutu lehenago, eta ibilgailuan egotea lehen ikaslea igotzen denetik azkenekoa jaisten den arte, bere eginkizunak betez, azkeneko ikaslea ikastetxearen eremuan sartzen den arte.

d) Orobat, itzultzeko ibilbidean, abiaburuko ikastetxearen eremuan egotea ikasleak ateratzeko ordua baino 5 minutu lehenago, egiaztatzea ikasleak autobusera igotzen direla eta ibilgailuan egotea, bere eginkizunak betez, azkeneko ikaslea jaitsi arte.

e) Egiaztatzea ezen ikastetxeak emandako ikasleen zerrendako ikasleek bakarrik erabiltzen dutela dagokien garraio zerbitzua.

f) Mugikortasun murriztua duten ikasleei laguntzea autobusera igotzen eta autobusetik jaisten.

g) Ikasleei eserlekuak banatzea, kontuan harturik haien adina, nongoak diren edo bidezkotzat jotzen diren bestelako irizpideak. Autobusa abiatu baino lehen ikasle guztiak eserita daudela egiaztatzea. Inola ere ez uztea leku baino ikasle gehiago egoten, eta ikasleei ez uztea beren eserlekuetatik kanpo egoten.

h) Ibilgailuan, zerbitzu-atetik hurbil dauden lekuak gordetzea mugikortasun gabeziak dituzten ikasleentzat.

i) Egiaztatzea eskolako materialak (bizkar-zorroak, karterak, karpetak, etab.) dagozkien lekuetan daudela, erdiko korridorea okupatu gabe, goitik erortzeko aukera saihestuz, haurrek ez dezaten arriskurik izan bidaian.

j) Bagajea maletategian jarri behar bada, bertan egotea bagajea kargatu eta jaso bitartean, eta ibilgailuaren inguruko jende pilaketa saihestea.

k) Ikasleak ongi portatzen direla begiratzea, borrokarik, eztabaidarik eta jokabide txarrik gabe.

l) Geralekuetan jaisten lehenbizikoa izatea, adierazteko zein den unerik egokiena erabiltzaileak ibilgailura sartzeko edo handik ateratzeko.

m) Ikasleak gaizki sentitzen badira edo bidaian beste gorabeherarik gertatzen bada, horren berri ematea ikastetxeko arduradunari, helmugara iritsitakoan. Etxera itzultzeko bidaia bada, horren berri ematea gurasoei edo arduradunei, egoki den geralekuan. Ondoezak larria baldin badirudi, gaizki dauden haurrak zaintzea, eta larrialdietako medikuei deitzea (112), jakiteko nola jokatu.

n) Ikastetxeko zuzendaritzari ikasleen diziplinako hutsegiteen berri ematea, horrelakorik badago.

ñ) Segurtatzea gurasoek edo haiek izendatutakoek jasotzen dituztela ikasleak, eta, haietako inor ez badago, ez uztea haurrak autobusetik jaisten. Halakoetan, saiatuko da gurasoekin edo ikastetxeko arduradunekin harremanetan jartzen. Haietako inor topatzen ez badu, hurbilen dagoen agintaritza publikoaren egoitzan utzi beharko du ikaslea (Udaltzaingoa, Foruzaingoa edo Guardia Zibila), behin bidaia bukaturik.

o) Eramaten diren ikasleen kopuruari, atzerapenei edo zerbitzuaren beste edozein alderdiri dagokionez aldaketarik baldin badago, haren berri ematea ikastetxeko zuzendaritzari.

p) Laguntzailearen presentzia nahitaezkoa den kasuetan, ezin izanen da garraioa egin bertan ez badago laguntzailea, salbu eta garraioa ez egiteak arrisku handiagoa balekar adingabeentzat. Ustekabean laguntzailea agertzen ez bada, enpresak behar diren neurriak hartuko ditu hura berehalakoan ordezteko.

q) Ibilgailua matxuratzen bada, ibilgailuaren barnean geldituko da ikasleekin, lasai, eta ikasleak entretenituko ditu harik eta gorabehera konpontzen den arte. Gertatutakoaren berri emanen dio ikastetxeari.

r) Istripurik izanez gero, lasai egon beharko du, eta erabiltzaileak lasaitu, kalte fisikoak baloratu eta zauritutakoak zaindu, eta artatu, lehen laguntzaz dakienaren arabera; halaber, zaurituak kalte ditzakeen deus ez du eginen, 112 zenbakira deituko du eta istripuaren berri emanen dio ikastetxearen zuzendaritzari. Ikastetxeak, orobat, erabiltzaileen gurasoei edo arduradun baimenduei emanen die horren berri.

s) Jakingarria izan daitekeen edozein aldaketaren berri (ibilgailua, ibilbidea, etab.) ematea ikastetxeari eta Hezkuntza Departamentuari (mezu elektronikoa bidaliz helbide honetara: complementarioseducativos@navarra.es).

t) Garraioaren arduradunei laguntzea zerbitzua hobetzeko datuak hartzen eta kontrolatzen.

u) Ibilgailuaren segurtasun gailuen egoera eta funtzionamendua ezagutu beharko ditu, eta gidariari behar den informazioa eskatuko dio horiek erregularki egiaztatzeko: seinaleztapena, itzalgailuak, beirak hausteko mailua, ABSren funtzionamendua, frenoak, lehen laguntzako botikina, argiak, ateak, larrialdiko neurriak eta ibilgailutik ateratzeko moduak.

v) Egiaztatzea ikasleek jarrita dituztela segurtasun-uhalak, halakoak dituzten ibilgailuetan.

x) Egiaztatzea larrialdietako botikina ongi horniturik dagoela, egoera onean, eta erregularki berrikusten dela.

y) Eskola-garraioari buruzko indarreko araudia ezagutzea eta betearaztea.

z) Zuzendaritzak aginduta, garraio zerbitzuko segurtasuna hobetzen laguntzen duen beste edozein.

4.–Garraioaren plangintza bateratua.

Eskola-garraioa beste entitate batzuekin koordinaturik planifikatzen ahalko da, konparazio batera, udalekin eta ikastetxe publikoetako guraso elkarteekin, azaroaren 13ko 102/2017 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, horren bidez arautzen baitira eskola-garraioaren antolaketa eta funtzionamendua eta jantokirako banakako laguntzak Nafarroako Foru Komunitatean.

Derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko maila ez-unibertsitarioetako ikasleentzako garraio kolektiboa sustatzen duten entitateek eskatu beharko dute ikasleen eskola-garraiorako antolaketa bateratua, ikasturte bakoitzerako.

5.–Eserleku hutsak erabiltzea.

5.1.–Eserleku hutsak erabiltzeko eskaerak egiteko epea eta horretarako baimenen zerrenda.

Bete gabe gelditzen diren eserlekuak erabiltzeko eskaerak, ebazpen honen III. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak, garraio zerbitzua erabiltzen duen ikastetxe publikoan aurkeztuko dira, 2019ko irailaren 20a baino lehen.

5.2.–Epe horietatik kanpo aurkezten diren eskaerak onartuak izanen dira baldin eta ezarritako epearen barruan aurkeztutakoak ebatzi ondoren eserleku hutsik gelditzen bada. Kasu horretan, ez dira lehentasun irizpideak aplikatuko, eskaerak aurkezteko hurrenkera baizik.

5.3.–2019ko urriaren 11 baino lehen, ikastetxe publikoko zuzendariak Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari igorriko dio eserleku hutsak erabiltzeko emandako baimenen behin betiko zerrenda izenduna, azaroaren 13ko 102/2017 Foru Aginduan adierazitako lehentasun irizpideak aplikaturik ateratzen den hurrenkeraren arabera ordenatua. Garraio zerbitzuaren xedeko ikastetxearen datuez gainera, eserleku hutsak erabiltzen dituzten ikasleen datu hauek ere adierazi beharko dira: izen-deiturak, bizilekua non duten, ikasketa maila eta kurtsoa, matrikulatuak dauden ikastetxea, Hezkuntza Ministerioko bekadunak izan diren ala ez 2018-2019 ikasturtean, egiten duten ibilbidea eta geralekuaren herria, IV. eranskinean ageri den ereduari jarraikiz.

6.–Datuak bidaltzeko egutegia.

INFORMAZIOA BIDALTZEKO AZKENEKO EGUNA

ERANSKINA

2019ko irailaren 20a

III. eranskina. Eserleku hutsak erabiltzeko eskabidea.

2019ko urriaren 11

II. eranskina. Eskola-garraiorako banakako laguntzetarako eskabidea.

IV. eranskina. Eserleku hutsen erabiltzaileen zerrenda.

2020ko martxoa-apirila

V. eranskina. Garraiorako eskubidea duten ikasleak (2020-2021 ikasturterako aurreikuspena).

VI. eranskina. Eskola-garraioaren ibilbideen laburpena (2020--2021 ikasturterako aurreikuspena).

Ikasturte guztian

V., VI. eta IV. eranskinak. Datuak eguneratzea.

Iragarkiaren kodea: F1910680