170. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

354/2019 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloen eskaintza 2019-2020 ikasturterako, eta, horrekin batera, jarraibideak onarpen prozedurari buruz, eskola-egutegiari eta ordutegi orokorrari buruz eta ziklo horien antolamenduari eta funtzionamenduari buruz.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 1. eta 2. artikuluetan ezartzen du helburuetako bat dela funts publikoekin ordaintzen den prestakuntza-eskaintzak aukera ematea prestakuntza bizitza osoan zehar jasotzeko, betiere aurreikuspen eta egoera pertsonal eta profesionaletara egokituta.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 5. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du herritar guztiek izan behar dutela bizitza osoan prestatzeko aukera, hezkuntza sistemaren barrenean eta kanpoan, horrela eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaldu ditzaten garapen pertsonalerako eta profesionalerako ahalmenak, ezagupenak, trebetasunak eta gaitasunak. Eta 69. artikuluak xedatzen du hezkuntza administrazioei dagokiela behar diren neurriak hartzea helduek ikasketa-eskaintza berariazkoa izan dezaten, haien ezaugarrien arabera antolatua.

Helduen hezkuntza arautzen duen ekainaren 21eko 19/2002 Foru Legeak xedatzen du bere jarduketa eremuaren barruan dagoela lan munduan sartzeko bidea ematen duten tituluak lortzeko prestakuntza. Eta 5. artikuluan ezartzen du, prestakuntza programen artean, lan munduan sartzea ahalbidetzen duten tituluak eta lanbide sustapena eta eguneratzea errazten dutenak lortzera bideratuta daudenak egonen direla.

Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 5. artikuluan, Lanbide Heziketa ikasteko hainbat modalitate eta eskaintza jasotzen dira.

Horrekin bat etorriz, aurreko ikasturteetan, Hezkuntza Departamentuak jarduneko langileen ezaugarrietara egokitutako zenbait prestakuntza eskaintza egin ditu, Lanbide Heziketako tituluak lor ditzaten, lanpostuan lortu duten ezagutza profesionala kontuan hartuta; eskaintza mota horri jarduneko langileentzako Lanbide Heziketaren eskaintza esaten zaio.

Bestalde, Europako esparruan gomendatzen da helduen gaitasunak hobetzeko eta haiei aukerabide berriak emateko prestakuntza ibilbideak ezartzea.

Horregatik guztiagatik, egokitzat jo da “Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintza” izenpean biltzea lehenago “Jarduneko langileentzako Lanbide Heziketaren eskaintza” deitzen zena.

Horrenbestez, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak egindako aldeko txostena ikusirik, non helduen ezaugarrietara egokitutako Lanbide Heziketako tituluak lortzera bideratutako prestakuntza eskaintza batzuk egitearen alde agertzen baita.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintza ezartzea 2019-2020 ikasturterako, ebazpen honetako 1. eranskineko jarraibideetan adierazten diren heziketa zikloetan eta ikastetxeetan Lanbide Heziketako tituluak lor ditzaten laguntzeko.

2. Ikastetxe publikoetan Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintzako zikloak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko prozeduraren jarraibideak, egutegia eta beste alderdi batzuk onestea 2019-2020 ikasturterako. Hori guztia ebazpen honen 2. eta 3. eranskinetan dago jasota.

3. 2019-2020 ikasturtean helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintza emanen duten ikastetxeen egutegiari eta ordutegi orokorrari buruzko jarraibide berariazkoak onestea. Ebazpen honen 4. eranskinean ageri dira.

4. 2019-2020 ikasturtean helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintza emanen duten ikastetxeen antolamendua eta funtzionamendua arautzeko jarraibide berariazkoak onestea. Ebazpen honen 5. eranskinean ageri dira.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak igortzea Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Eskolatze Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

7. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko ekainaren 12an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

Helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintza

2019-2020 ikasturtea

1.–Eskaintza.

1. Helduek kualifikazio aukera berriak lortzera bideratuta dagoen Lanbide Heziketa erdipresentzialaren prestakuntza eskaintza hau prestakuntza mota berezi eta osoa da, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sisteman Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

Horregatik, helduei zuzenduta dago, eta ikasturtea osatzen duten modulu guztiak hartzen ditu bere baitan matrikulak.

Zikloren batean hamabost ikasle baino gutxiago inskribatzen badira, Hezkuntza Departamentuak 2019-2020 ikasturteko eskaintzatik kentzen ahalko du.

2. Oro har, sartu berrientzako 25 ikaspostu eskaintzen dira, ondoren adierazten diren ziklo multzo bakoitzean.

3. Hauxe da Nafarroan helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintza 2019-2020 ikasturterako:

a) “Erizaintzako Zainketa Lagungarriak” erdi mailako heziketa zikloa. Bi ikasturteko iraupena du. 2019-2020 ikasturtean, zikloko lehen eta bigarren ikasmailak eskainiko dira.

2019-2020 ikasturtean eskainiko den lehen ikasmailak lanbide modulu hauek izanen ditu:

–Lantaldeko harremanak.

–Lanerako prestakuntza eta orientabideak.

–Erizaintzako oinarrizko teknikak I.

–Ospitaleko higienea eta materialaren garbiketa.

2019-2020 ikasturtean eskainiko den bigarren ikasmailak lanbide modulu hauek izanen ditu:

–Administrazio eragiketak eta osasun arloko dokumentazioa.

–Pazientearentzako laguntza psikologikoa eta osasunaren sustapena.

–Erizaintzako oinarrizko teknikak II.

–Laguntza odontologikoaren/estomatologikoaren teknikak.

–Lantokiko prestakuntza.

b) “Gizarte Integrazioa” goi mailako heziketa zikloa (HLO). Hiru ikasturteko iraupena du. 2019-2020 ikasturtean, zikloko lehen ikasmaila eskainiko da, eta bigarren ikasmaila garatzen jarraituko da. 2020-2021 ikasturtean, berriz, zikloko hirugarren ikasmaila eskainiko da.

2019-2020 ikasturtean eskainiko den lehen ikasmailak lanbide modulu hauek izanen ditu:

–Gizarte trebetasunak.

–Esku-hartze sozialaren testuingurua.

–Autonomia pertsonala sustatzea.

–Esku-hartze sozialaren metodologia.

–Komunikazio sistema handigarriak eta alternatiboak.

2019-2020 ikasturtean eskainiko den bigarren ikasmailak lanbide modulu hauek izanen ditu:

–Gizartean eta lan munduan txertatzea.

–Lehen sorospenak.

–Ingelesa I.

–Lanerako prestakuntza eta orientabideak.

–Enpresa eta ekimen ekintzailea.

–Bizikidetza-unitateen arreta.

–Bitartekaritza komunitarioa.

–Hezkuntzako esku-hartzerako sostengua.

2020-2021 ikasturtean eskainiko den hirugarren ikasmaila osatzen duten lanbide moduluak:

–Gizarte integrazioaren proiektu integratua.

–Lantokiko prestakuntza.

2.–Ikastetxeak.

IKASTETXEA

HERRIA

Erdi mailako zikloa: Erizaintzako Zainketa Lagungarriak

“Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa” IB

Iruña

“ETI” IBP

Tutera

IKASTETXEA

HERRIA

Goi mailako zikloa:

Gizarte Integrazioa

“Hezitzaile Eskola” IB

Iruña

2. ERANSKINA

Helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintzan
ikasleak onartzeko prozeduraren jarraibideak

2019-2020 ikasturtea

1.–Betebeharrak.

Helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialean eskaintzen diren heziketa zikloetan ikaspostua eskatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Frogatzea betetzen direla erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan onartua izateko prozedura arautzen duen apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 5.1 eta 5.2 oinarrian eta 7.1 eta 7.2 oinarrian, hurrenez hurren, ezarritako sarrera baldintzak.

b) Gutxienez 18 urte beteak izatea izena ematen den urte naturalean.

2.–Onartzeko irizpideak.

1. Zerrendak eginen dira LH erdipresentzialeko eskaintzako heziketa zikloetan inskribatzea eskatzen duten pertsona helduen izenekin, hezkuntza maila bakoitzeko. Lehentasun hurrenkeran jarriko dira, honako irizpide hauei jarraituz.

2. Erizaintzako Zainketa Lagungarriak erdi mailako heziketa zikloa:

2.1. Lehentasun hurrenkeraren araberako zerrenda irizpide hauei jarraituta ezarriko da:

–Lehena. Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen duten helduak, edo, azkeneko 5 urteetan, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan Nafarroako enpresetan.

–Bigarrena. Aurreko bi egoera horietako bakar batean ere ez dauden helduak.

2.2. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen diren bi taldeetatik bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehena. 1.a) jarraibidean adierazitako sarrera baldintzetako bat betetzen dutenetatik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatutik gorako bestelako ikasketa titulurik ez daukatenak:

  • DBHko graduatu titulua.
  • Oinarrizko lanbide titulua.
  • Erdi mailako zikloetan sartzeko berariazko prestakuntza ikastaroa.
  • Zikloetan sartzeko probaren ziurtagiria.
  • Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programa bateko nahitaezko moduluak gainditu izanaren ziurtagiria, oinarrizko modalitatekoak edo lanbide lantegi batekoak.
  • Ondorio akademikoetarako aurreko horien baliokide diren beste ikasketa batzuk.

–Bigarrena. Sarrera-baldintza hauetako bat betetzen dutenak:

  • Batxilergo titulua izatea.
  • Teknikari titulua izatea.
  • Ondorio akademikoetarako aurreko horien baliokide diren beste ikasketa batzuk izatea.

–Hirugarrena. Sarrera-baldintza hauetako bat betetzen dutenak:

  • Goi mailako teknikari titulua izatea.
  • Unibertsitateko gradudun titulua izatea.
  • Ondorio akademikoetarako aurreko horien baliokide diren beste ikasketa batzuk izatea.

2.3. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den azpitalde bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehena. Erdi mailan sartzeko notaren arabera, handienetik txikienera, hura ikasketa espedientetik, ikasketa ziurtagiritik edo sarrera-probatik aterata, zein dagokion, apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 12. oinarriko atalen arabera.

Espedientetik edo ziurtagiritik sarrerako nota ateratzerik ez dutenak beren azpitaldeko azken tokian jarriko dira.

–Bigarrena. Berdinketarik izanez gero, hura hausteko Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian egindako zozketaren emaitza aplikatuko da, zozketa hori aplikatzekoa baita 2019-2020 ikasturteko onarpen prozesuetan.

3. Gizarte Integrazioa goi mailako zikloa:

3.1. Lehentasun hurrenkeraren araberako zerrenda irizpide hauei jarraituta osatuko da:

–Lehena. Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen duten helduak, edo, azkeneko 5 urteetan, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan Nafarroako enpresetan.

–Bigarrena. Aurreko bi egoera horietako bakar batean ere ez dauden helduak.

3.2. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen diren bi taldeetatik bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehena. 1.a) jarraibidean adierazitako sarrera-baldintzetako bat betetzeaz gainera, ez daukatenak Batxilergo titulutik edo teknikari titulutik gorako bestelako ikasketa-titulurik:

  • Batxilergo titulua izatea.
  • Lanbide Heziketako teknikari titulua izatea.
  • Goi mailako zikloetan sartzeko proba edo 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izanaren ziurtagiria izatea.
  • Aurreko horien baliokide diren beste ikasketa batzuk izatea.

–Bigarrena. Sarrera-baldintza hauetako bat betetzen dutenak:

  • Goi mailako teknikari titulua izatea.
  • Unibertsitateko gradudun titulua izatea.
  • Ondorio akademikoetarako aurreko horien baliokide diren beste ikasketa batzuk izatea.

3.3. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den azpitalde bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehena. Goi mailan sartzeko notaren arabera, handienetik txikienera, hura ikasketa espedientetik, ikasketa ziurtagiritik edo sarrera-probatik aterata, zein dagokion, apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 12. oinarriko atalen arabera.

Espedientetik edo ziurtagiritik sarrerako nota ateratzerik ez dutenak beren azpitaldeko azken tokian jarriko dira.

–Bigarrena. Puntu-berdinketarik izanez gero, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian egin zen zozketa publikoaren emaitza aplikatuko da, zozketa hori aplikatzekoa baita 2019-2020 ikasturteko onarpen prozesuetan.

3.–Onarpen prozesua.

1. Epe bakar bat dago helduentzako Lanbide Heziketaren eskaintzan onartua izateko: epe arrunta. Ikasturtearen gainerakoa epez kanpoko garaitzat joko da.

2. Sartzeko baldintzak betetzen dituztela frogatuta inskribatzen diren pertsonek parte hartuko dute onarpen prozesuaren epe arruntean. Onartuen behin-behineko zerrenda eta behin betiko zerrenda argitaratuko dira.

3. Epe arrunteko onarpen prozesua bukatuta, inguruabar hauen ondorioz esleitu gabe gelditzen diren ikaspostuak esleituko dira:

a) Onartutako pertsonak ezarritako epean ez matrikulatzeagatik.

b) Matrikulatuta egonda ere, kurtsoaren hasiera egunetik 15 eguneko epean kurtsoa hasten ez dutenei baja emateagatik, ofizioz.

c) Beste edozein inguruabar.

4.–Inskribatzeko eskabidea aurkeztea.

1. Eskatzaile bakoitzak eskabide bakar bat aurkeztu beharko du, behar bezala beterik, heziketa ziklo eta ikastetxe bakar baterako, Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko “Helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentziala” tramite fitxan agertzen diren inskribatzeko ereduei egokitua.

Zer heziketa ziklo aukeratu, hura ematen duen ikastetxeko bulego administratiboetan aurkeztuko da inskribatzeko eskaera. Ikastetxeek eskabide-orriaren fotokopia zigilatua emanen diete ikasle eskatzaileei, zein egunetan sartu den adierazita.

2. Inskribatzeko eskabidea aurkezteko epea 2019ko irailaren 2tik 6ra bitartekoa da (14:00ak arte).

3. Inskribatzeko eskabidean sarrera-baldintza zein den adierazi beharko da. Horrela, bada, gerta liteke sarrera-baldintza gisa eskatzen den maila apaleneko ikasketa titulua baino ikasmaila handiagoko tituluren bat izatea izangaiek. Horrelakoetan, horixe adierazi beharko dute inskribatzeko eskabidean, bakoitzak aukeraturiko zikloari dagokion sarrera-taldean parte har dezan onarpen prozesuan. Hori betetzen ez badute, inskribatzeko eskaera ofizioz baliogabetuko zaie, lorturiko ikaspostua galduko dute eta, matrikulatuta izanez gero, matrikula eta zikloko moduluetan lortutako kalifikazio guztiak baliogabetuko dira.

4. Ezin izanen da helduentzako LH erdipresentzialean eskaintzen diren zikloetatik baterako baino gehiagotarako inskripzio eskaerarik aurkeztu, ez eta ikastetxe batean baino gehiagotan ere. Inskripzio eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak, eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

5. Onarpen prozesuan parte hartuko dute, bakar-bakarrik, helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintza honetan sartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten pertsonek.

6. Onartuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, baliorik gabe geldituko dira osatu gabeko inskripzio eskaerak, existitzen ez direnak, datuak behar ez diren laukitxoetan dituztenak edo parte-hartzaileak eskatzen ahal dituen ikaspostuekin bat ez datozenak.

7. Onartuen behin betiko zerrenda argitaratuta, eskatzaileak daturen bat oker eman badu edo eman gabe utzi badu, ezin izanen du halakorik aipatu geroko erreklamazioetan, ez eta ondorioztatu ere hargatik bere interes nahiz eskubideak urratu direla.

8. Inskripzio eskaerak aurkezteko epe arrunta bukaturik, ezin izanen da inola ere beste inskripzio eskaerarik aurkeztu, ez eta aurkeztutako eskaera aldatu ere.

9. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman dezake bukatu ez den ikasturtean ikastetxez aldatzeko, behar bezala frogatutako arrazoi bereziak daudenean. Ikastetxez aldatzeko, eskabide bat igorri beharko da Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Eskolatze Arlora.

5.–Inskribatzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Inskribatzeko eskabidearen ereduetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da. Atzerritarrek eskubidea dute espainiarren baldintza berberetan sartzeko derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

2. Hona hemen inskribatzeko eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa:

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Eskatutako zikloan sartzeko baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Eskatutako zikloari dagokion sarrera-nota frogatzen duen dokumentazioa.

–Ikaspostua eskatzen bada ikaspostuak gordetzeko ezarritako bideren bat erabiliz, behar diren frogagiriak aurkeztu beharko dira, eranskin honen 6. jarraibidean ezarritakoari jarraikiz.

–Hala badagokio, erroldatzea edo lan esperientzia frogatzeko dokumentazioa, eranskin honen 7. jarraibidean adierazitakoari jarraikiz.

6.–Desgaitasuna izateagatik edo goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izateagatik ikaspostua gordetzeko aukera izateko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Desgaitasuna dutenentzat gordetako ikaspostu bat nahi dutenek agiri hauetako bat aurkeztu behar dute egoera hori frogatzeko:

a) Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo kasuan kasuko autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria (Nafarroan, egun, Eskubide Sozialetako Departamentua da organo eskuduna).

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) ebazpena; Lanaren, Migrazioen eta Gizarte Segurantzaren Ministerioarena; edo Defentsa Ministerioarena.

c) Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandako txartela, desgaitasun maila aitortzen duena, identifikatzeko baliozko dokumentu batekin batera.

2. Goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izateagatik gordetako ikaspostu bat nahi dutenek Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia arautzen dituen apirilaren 5eko 177/2019 Ebazpenaren I. eranskinean adierazitako dokumentazioa aurkeztu behar dute (“Ikaspostuak gordetzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, desgaitasuna izateagatik, goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izateagatik eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik” oinarria, 1.b) atala).

3. Ikaspostua gordetzeko eskatzen dutenek 2019ko irailaren 6ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dute horretarako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa, inskribatzeko eskabidea aurkeztu zuten ikastetxean.

Dokumentazio hori adierazitako datan aurkezten ez badute, ez dute aukerarik izanen kasuko onarpen prozesuan eskatutako ikaspostuak gordetzeko.

4. Norbaitek kasu batengatik baino gehiagorengatik eskatzen baldin badu gordetzeko, eskaerak ordena honen arabera lehenetsiko dira:

–Lehenik: ikaspostua gordetzea desgaitasunagatik.

–Bigarrenik: ikaspostua gordetzea goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik.

7.–Esperientzia eta erroldatzea frogatzea.

1. Dokumentu hauen bitartez frogatuko da lan esperientzia:

a) Besteren konturako langileak: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria) edo Lan Mutualitatearena. Ziurtagiri horretan, enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jasoko dira.

b) Norberaren konturako langileak: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria), autonomoen araubide berezian afiliatuta egondako aldiak jasotzen dituena.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada behar bezala frogatzeko izangaiaren lan esperientzia, jarraibide honetako hurrengo atalean azaltzen den batzordeak informazio osagarria eska diezaieke.

2. Nafarroan erroldatuta dagoela frogatzeko, Nafarroako herriren bateko biztanleen udal erroldan erregistratuta dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztuko da.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada izangaiaren erroldatze egoera behar bezala frogatzeko, jarraibide honetako hurrengo atalean azaltzen den batzordeak informazio osagarria eskatzen diezaieke.

3. Batzorde batek gainbegiratuko ditu aurkezten den lan esperientzia eta erroldatzea. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: ikastetxeko zuzendariak eta helduentzako LH erdipresentzialean eskaintzen den zikloa irakasten duten bi irakaslek gutxienez. Batzorde horrek lan esperientziaren gaineko frogagiriak aztertuko ditu, honako hauek egiaztatzeko:

–Aurkezten den lan esperientzia Nafarroako enpresetan egin dela eta urtebetekoa edo hortik gorakoa dela, lanaldi osoan egina eta azkeneko bost urtean neurtuta.

–Aurkeztu den erroldatzea Nafarroako herriren batekoa dela eta urtebeteko edo hortik gorako antzinatasuna duela.

–Informazio hori eramatea onarpena barematzeko prozesua kudeatzen duen aplikazio informatikora.

8.–Ikaspostuak gordetzea.

1. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako onarpen prozesuaren epe arruntean, talde bakoitzean ikaspostu bat gordeko da desgaitasunen bat dutela frogatzen duten pertsonentzat.

Desgaitasunen bat frogatzen duten bi pertsona edo gehiago badira, eranskin honen 2. jarraibidean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den lehentasun hurrenkeraren araberako zerrendan gorago dagoenari gordeko zaio ikaspostua.

2. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako onarpen prozesuaren epe arruntean, talde bakoitzean ikaspostu bat gordeko da goi mailako edo goi errendimenduko kirolariak direla frogatzen dutenentzat.

Baldin pertsona batek baino gehiagok frogatzen badu goi mailako edo goi errendimenduko kirolari dela, ikaspostua gordeko zaio kirol maila handiena duenari, Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia arautzen dituen apirilaren 5eko 177/2019 Ebazpenaren I. eranskinean jasotakoaren arabera (“Ikaspostuak gordetzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, desgaitasuna izateagatik, goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik” oinarria, 2.b) atala).

3. Baldintza horiek betetzen dituztela frogatzen duten pertsonentzat gordetako ikaspostuak betetzen ez badira, eskaintza orokorrekoei gehituko zaizkie.

9.–Jendaurrean jartzea baremoa aplikatzeko irizpideak eta erreklamazioak egiteko prozedura.

1. Baremoa aplikatzeko irizpideak eta, orobat, erreklamazioak egiteko prozedura jendaurrean jarri beharko dira.

2. Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

10.–Ikasketa-espedientearen batez besteko nota.

1. Ikasketa-espedientearen batez besteko nota frogatzeko, ikaslearen ikasketen historia, kalifikazio liburua edo, besterik ezean, ikasketen ziurtagiri pertsonala aurkeztuko da. Zer ikastetxetan lortu zen titulua, hark kalkulatu beharko du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta heziketa zikloetako batez besteko nota.

2. Batez besteko sarrera-nota kalkulatzeko, apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren eranskineko “Sarrera-nota” izeneko 12. oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

11.–Beste hezkuntza sistema batzuetatik etorritako pertsona helduak.

Atzerriko hezkuntza sistemetatik datozen ikasleek, eskabidearekin batera, ikasketen homologazioari buruzko behin betiko egiaztagiria edo baldintzapeko inskripzioa egiteko agiria aurkeztu beharko dute ikastetxean, batez besteko nota erakutsiko duena.

Dokumentazio hori 2019ko irailaren 6ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko da.

12.–Zozketa.

2019-2020 ikasturteko onarpen prozeduretan berdinketak hausteko zozketa, ebazpen honetan aipatzen dena, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian egin zen, eta haren emaitza aplikatzekoa da helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloetan onartzeko prozeduran, beharrezkoa izanez gero.

13.–Onarpena.

Ikaslea helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako ziklo eta ikastetxe batean onartutzat joko da hala agertzen denean onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan, edo ikastetxeko zuzendaritzak ikaspostu bat esleitzen dionean eranskin honen 17. jarribidean ezarritako kasuen ondorioz.

14.–Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak. Matrikula egiteko egunak.

1. Onartuen zerrendak, behin-behinekoak eta behin betikoak, izanen dira onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko bide ofiziala.

Zerrenda horiek 1. eranskinean aipatutako ikastetxeetan argitaraturiko dira.

2. Onartzen diren ikasleen behin-behineko zerrenda 2019ko irailaren 18an argitaratuko da.

3. Zer ikastetxetan aurkeztu den inskripzio eskabidea, hango zuzendaritzara igorri beharko dira behin-behineko zerrendari egiten zaizkion erreklamazioak, 2019ko irailaren 18tik 20ra bitarte (14:00ak arte).

4. Onartzen diren ikasleen behin betiko zerrenda 2019ko irailaren 25ean argitaratuko da.

5. Onartzen diren ikasleek dagokien ikastetxean egin beharko dute matrikula, 2019ko irailaren 26tik urriaren 2ko 14:00ak bitarte.

6. Ikaspostua lortzen duten pertsonek epe horietan egin beharko dute matrikula. Ikasle onartuen behin betiko zerrendan adierazten diren epeetan egiten ez bada matrikula, ikasleak dagokion ikasposturako eskubidea galduko du.

7. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloetan matrikula egiten duten ikasleak, kurtsoa hasi eta 15 eguneko epean, eskoletara agertzen ez badira arrazoirik azaldu gabe, ikastetxeak ofizioz baja emanen die eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

8. Matrikula egiteko, hurrengo jarraibidean (“Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa”) adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

15.–Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa.

1. Ikasleek matrikularen inprimakia bete behar dute matrikula formalizatzeko. Ikastetxeak bestelako informazioa eska badezake ere, inprimakian honako hauek adieraziko dira, gutxienez ere:

a) Ikaslearen identifikazio datuak: deiturak eta izena, NANa/AIZ, sexua, Gizarte Segurantzako zenbakia, jaiotzari buruzko datuak (eguna, herria, herrialdea), nazionalitatea, bizilekuari buruzko datuak eta harremanetarako datuak (helbidea, herria, posta kodea, telefonoa, helbide elektronikoa).

b) Zer ikasketatan egiten den matrikula, horri buruzko datuak: maila (erdi maila, goi maila), heziketa zikloa, hizkuntza.

Matrikularen inprimakiak ikaslearen sinadura eraman behar du. Bi kopia aurkeztu beharko dira, eta horietako bat ikasleari itzuliko zaio, ikastetxeak zigilaturik, matrikula egin dela frogatzeko.

2. Honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

–NANaren, AIZren, AITaren, ikasle txartelaren edo horien baliokide baten fotokopia.

Inskribatzeko eta matrikulatzeko tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira aipatu dokumentazioan agertzen direnekin.

Atzerritarrek eskubidea dute Espainiakoen baldintza beretan egiteko ikasketa hauek, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

–Behar bezala justifikatutako kasuetan, eskatzaileei Osasun Txartelaren fotokopia eskatzen ahalko zaie.

–Egindako osasun azterketen txostena, ikasleak desgaitasunik, gaixotasunik edo beste osasun arazorik baldin badu, ikastetxeak jakin beharrekoa.

–Ikaspostua lortu den ikastetxean eskatzen zaion beste edozein dokumentazio.

16.–Baztertzea.

Ikaspostua lortuta ere, ezartzen diren egunetan matrikulatzen ez direnak onarpen prozesutik baztertuko dira, eta esleitutako ikaspostuaren ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

17.–Matrikulazio epea bukatuta hutsik gelditzen diren ikaspostuak.

1. Onarpen prozesuaren epe arrunta bukatu ondoren hutsik gelditzen diren ikaspostuak itxaron zerrendan dauden pertsonei eskainiko dizkie ikastetxeak, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta denak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

2. Kurtsoaren hasiera-egunetik 15 eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe, eskoletara agertzen ez diren ikasle matrikulatuei ofizioz emanen zaien bajaren ondorioz hutsik gelditzen diren ikaspostuak ere eskainiko dizkie ikastetxeak itxaron zerrendan daudenei, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta ikaspostu guztiak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denentz, interesdunek jakin dezaten.

18.–Jaiegunak.

Ebazpen honen X. eranskinean adierazitako datak aginduzkoak dira. Adierazitako dataren bat jaieguna bada ikastetxean, jai ez den hurrengo egunera aldatuko da, eta behar duen publizitatea emanen zaio.

19.–Ikasturteko egutegia.

1. Eskaintzen diren bi zikloetako lehen ikasmailako eskolak 2019ko urriaren 7an hasi eta 2020ko ekainaren 15ean bukatuko dira.

“Gizarte Integrazioa” goi mailako zikloko bigarren ikasmailako eskolak 2019ko irailaren 6an hasi eta 2020ko ekainaren 15ean bukatuko dira.

“Erizaintzako Zainketa Lagungarriak” erdi mailako zikloko bigarren ikasmailako eskolak noiz hasiko diren kalkulatzeko, kontuan hartuko da, alde batetik, Lantokiko prestakuntza modulua 2020ko ekainaren 15ean bukatuko dela, oro har, eta, bestetik, formula bat aplikatu beharra dagoela kalkulatzeko zenbat eskola-egun izan behar dituzten Lantokiko prestakuntza modulua duten ikasmailek (Hezkuntzako zuzendari nagusiak maiatzaren 22an emandako 291/2019 Ebazpenean ezarri da formula hori).

2. Ebaluazio partzialeko azken saioan erabakitzen da zein modulu gainditu dituzten ikasleek, eta zein dituzten gainditzeke. 2020ko ekainaren 5a izanen da ikasleei erabaki horiek jakinarazteko azken eguna. Hortaz, ebaluazio partzialeko azken saiorako ebaluazio probak egun horren aurretik egin beharko dira, nahikoa denboraz, ebaluazio partzialeko azken saioa ekainean egin ahal izateko.

Ikasleei azken ebaluazio partzialeko moduluak gainditu dituzten edo ez jakinarazteko azken egunaren biharamunetik hasi eta eskolak bukatzen diren egunera arte, ikasleei aukera emanen zaie gaina har diezaieten kasuan kasuko modulua edo blokea ez gainditzea eragin duten zailtasunei, eta amaierako ebaluazioa behar bezala presta dezaten. Ikastetxeak antolatuko du aldi hori, berreskurapen programa eta moduluaren programazioan ezarritako jarduera guztiak garatuta.

Aldi hori antolatzeko orduan, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakasmailak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakasmailak irakasten dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituzten jarraibideak onesteko Hezkuntzako zuzendari nagusiak ematen duen ebazpenean ezarritakoa bete beharko da.

Amaierako ebaluazioari dagozkion ebaluazio probak ekainean eginen dira, kontuan izanda 2020ko ekainaren 15a azken eguna dela ikasleei amaierako ebaluazioko kalifikazioak emateko.

3. Lantokiko prestakuntza modulua hasi aurretik ebaluazio partzialaren saioa egin behar denez, ebaluazio partzial horretarako probak aurretik egin behar dira, nahikoa denboraz. Ebaluazio partzialeko saio horretan erabakiko da moduluak gaindituta edo gainditzeko dauden, eta horretaz gain, Lantokiko prestakuntza modulua egitera pasatzen den edo ez.

Ikastetxeak antolatuko du denboraldi bat (prestakuntza modulua edo prestakuntzaldi praktikoa egin baino lehenagoko ebaluazio partzialaren emaitzen berri emateko azken egunaren biharamunetik eskolak amaitzeko finkatu den azken egunera artekoa), Lantokiko prestakuntza modulura pasatzen ez diren ikasleentzat, edo gainditu gabeko moduluekin pasatzen diren ikasleentzat, berreskurapen programa garatzeko eta moduluen programazioan ezarritako jarduerak aurrera eramateko, ikasleei aukera emateko dagokion modulua “gainditu gabe” kalifikazioarekin gelditzeko izan zituzten zailtasunak gainditzeko eta amaierako ebaluazioa modu egokiagoan prestatzeko.

Aldi hori antolatzeko orduan, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzak irakasten dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituzten jarraibideak onesteko Hezkuntzako zuzendari nagusiak ematen duen ebazpenean ezarritakoa bete beharko da.

Amaierako ebaluazioari dagozkion probak ekainean eginen dira, kontuan izanda 2020ko ekainaren 19a azken eguna dela ikasleei amaierako ebaluazio horri dagozkion kalifikazioak emateko.

20.–Heziketa zikloen eskaintza.

Talde batean inskribatuen kopurua hamabostetik beherakoa baldin bada, Hezkuntza Departamentuak eskaintza bertan behera utz dezake, beste aldagai batzuk ere kontuan hartuta. Aldagai horiek dira, besteak beste, kasuko taldean matrikulak izan duen bilakaera historikoa, lurralde kohesioko irizpideak eta Nafarroako ekoizpen eta zerbitzu sektoreei ematen zaien erantzuna.

21.–Epe arruntetik kanpo eskolatzea.

1. Ikaspostu hutsen esleipena bukatu ondoren –halakorik egiten bada–, zilegi izanen da urrian zehar ikasle gehiago sartzea hasitako kurtsoan, betiere ikasposturik gabe eta ikaspostu hutsik eskaini gabe gelditutako inor ez badago lehentasun zerrendan. Ikaspostuen esleipen hori ikastetxe bakoitzak ebatziko du.

2. Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak, halaber, ikasturtean zehar ikastetxez aldatzeko baimena eman dezake, behar bezala frogatutako arrazoi bereziak daudenean.

22.–Matrikulen bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

1. 2019-2020 ikasturtean helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako heziketa ziklo batean matrikulatuta dauden ikasleak Batxilergoko ikasketetan ere matrikulatuta egon daitezke aldi berean, betiere, sarrera-baldintzak betetzeaz gainera, “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira urrutiko irakaskuntzen araubidean.

2. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzan matrikulatzea bateraezina da honako egoera hauekin:

a) 2019-2020 ikasturtean derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzetan eta goi mailakoetan matrikulatzearekin, ikastetxe berean nahiz beste batzuetan. Salbuespena da aurreko paragrafoan aipatutakoa.

b) 2019-2020 ikasturtean Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko probetan matrikulatzearekin, ikaslea matrikulatzen den zikloko modulu beretan.

c) Zer modulutan matrikulatzen den modalitate honetan, haiei dagozkien gaitasun-unitateetako lanbide gaitasunak ebaluatu eta frogatzeko prozedura batean parte hartzearekin 2019an eta 2020an.

Nafarroan helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintzan eta, aldi berean, lehen aipatutako a), b) eta c) kasuetan matrikulatu edo parte hartuz gero, ofizioz deuseztatuko da dagokion zikloan egindako matrikula.

23.–Lantokiko Prestakuntzan (LP) inskribatzea eta matrikulatzea.

1. Lantokiko Prestakunza modulua egin behar izatetik salbuesteko eska dezakete Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintzako “Gizarte Integrazioa” goi mailako zikloko bigarren ikasmailako ikasleek. Ikasleak erabateko salbuespena lortzen baldin badu modulu horretan matrikulatu ahal izanen da, baita Proiektua moduluan ere.

2. Ikastetxeak ezarriko du zein datatan gauzatu eta ebatziko den Lantokiko prestakuntza modulua egin behar izatetik salbuesteko eskaera.

3. Ikastetxeak antolatuko du, eskura dituen baliabideak erabilita, nola gauzatuko duten Lantokiko prestakuntza modulua egin behar izatetik erabat salbuetsita geratu ondoren hartan matrikulatu diren ikasleek Proiektua modulua.

24.–Argitalpena.

Ebazpen hau eta eranskinak ikastetxeetako iragarki oholean jarriko dira ikusgai, haiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek haien berri izan dezaten.

25.–Informazioa.

Eskatuz gero, ikastetxeek beren eginkizunei buruzko txostenak bidali beharko dizkiete departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

26.–Komunikazio bideak.

–Helbide elektronikoak: nescolar@navarra.es eta ordenafp@navarra.es.

–Gurasoei eta ikasleei aholkuak eta orientazioa ematea: 848 426617.

–Tramitazio eta onarpen kontuak, ikastetxeentzat: 848 426977.

–Eskolatze Arloko koordinatzailea: 848 426557.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzua: 848 426628, 848 426036.

–Faxa: 848 426987.

3. ERANSKINA

Ikasleak Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintzan onartzeko eta matrikulatzeko prozesuaren egutegia

2019-2020 ikasturtea

EPE ARRUNTA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

Izena emateko epea.

2019ko irailaren 2a

2019ko irailaren 6a (14:00ak arte)

Onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzea.

2019ko irailaren 18a

Onartuen behin-behineko zerrendari erreklamazioak aurkeztea.

2019ko irailaren 18a

2019ko irailaren 20a (14:00ak arte)

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzea.

2019ko irailaren 25a

Ikastetxean eta zikloan ikaspostua lortu duten ikasle onartuen matrikulazioa.

2019ko irailaren 26a

2019ko urriaren 2a

IKASPOSTU HUTSEN ESLEIPENA

Ikaspostua lortu duten ikasleak ez matrikulatzearen ondorioz ikaspostu hutsak gelditzen diren zikloetan.

2019ko urriaren 4a

Gelditzen diren ikaspostu hutsak bete arte

Bidezko arrazoirik izan gabe, lehenengo hamabost egunetan eskoletara ez agertzeagatik ofizioz ematen diren bajen ondorioz ikaspostu hutsak gelditzen diren zikloetan.

2019ko urriaren 23a

Gelditzen diren ikaspostu hutsak bete arte

Data garrantzitsuak

Lehen ikasmailetako ikasturte hasiera.

2019ko urriaren 7a

Bigarren ikasmailetako ikasturte hasiera.

2019ko irailaren 6a

Eskolen bukaera (Lantokiko Prestakuntzarik gabeko kurtsoak).

2020ko ekainaren 15a

Hasierako ebaluazioa.

2019ko urriaren 28tik 31ra

Ebaluazio partzialeko azken saioa (lehen ikasmaila eta Lantokiko prestakuntza modulurik ez duen bigarren ikasmaila) (ikasleei “Gaindituta” edo “Gainditzeke” dauden jakinaraztea).

Azken eguna: 2020ko ekainaren 5a

Berreskurapen programa garatzea.

2020ko ekainaren 5etik 15era

Amaierako ebaluazioa (ikasleei kalifikazioak ematea).

Azken eguna: 2020ko ekainaren 19a

4. ERANSKINA

Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintzako zikloen eskola-egutegiari eta ordutegi orokorrari buruzko jarraibide berariazkoak

2019-2020 ikasturtea

1.–Egutegia.

1. Helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintzako zikloak ematen dituzten ikastetxeetan, 2019-2020 ikasturtea 2019ko irailaren 2an hasiko da, eta 2020ko ekainaren 30ean bukatuko.

2. Egutegiak bete behar dituen ezaugarriak Hezkuntzako zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 181/2018 Ebazpenaren eranskineko 1. jarraibideko 2. klausulan jasotakoak dira, salbu eta h), k) eta m) betebeharrak, jarraian aipatzen diren hauek izanen baitira (aipatu ebazpenaren bidez jarraibideak onetsi ziren 2018-2019 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola-egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko):

a) Eskola-egunen kopurua helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzan:

–Lantokiko prestakuntza modulua ez duten heziketa zikloen bigarren ikasmailarako: 175 egun.

–Heziketa zikloetako lehen ikasmailarako: 154 egun.

b) Lehenbiziko eskola-eguna 2019ko urriaren 7a izanen da, eta azkena, berriz, 2020ko ekainaren 15a.

c) Ebaluazio partzialeko azken saioko eta amaierako ebaluazioko datak zehazteko, ebazpen honetako 3. eranskineko 19. oinarriko 2. eta 3. ataletako baldintzak hartuko dira kontuan.

3. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloetan eskola ematen duten irakasleek kurtsoa antolatzeko erabiliko dute irailaren 2tik eskolak hasi bitarteko denbora, eta, bereziki, ikasle sartu nahi duten helduen lan esperientzia eta erroldatzea aztertzen laguntzeko.

4. Eskolak bukatzen direnetik 2020ko ekainaren 30a arte, bidezkoa bada, honako hauek eginen dira: amaierako ebaluazioei dagozkien probak, kurtsoaren berrikusketa eta ebaluazio lan berariazkoak, modulu bakoitzaren memoria didaktikoak, departamentuen memoriak, azken memoria, orientazioa, erreklamazioak eta ikasleen arreta, baita beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak eta hurrengo ikasturtearen antolamenduarekin lotutako jarduerak ere.

2020ko uztailaren 3a baino lehen, helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloei dagokien ikasturte bukaerako memoria bidali beharko zaio Lanbide Heziketaren Zerbitzuari.

5. Eskola-egunetan eskolak eteten ahalko dira, bai ebaluazio jarduerak egiteko, bai Hezkuntza Departamentuak lehentasunezkotzat jotzen dituen beste batzuk egiteko.

6. Oro har, ebaluazio bilkurak eta klaustroak ezin izanen dira eskola-orduetan egin.

2.–Ordutegi orokorra.

1. Eskolak, oro har, arratsaldeko eskolaldietan emanen dira, astelehenetik ostegunera. Hona hemen asteko ordutegia:

a) Erizaintzako Zainketa Lagungarriak erdi mailako zikloa.

–Lehen maila: aste bateko 14 eskolaldi.

–Bigarren maila: lehen eta bigarren hiruhilekoetan, aste bateko 13 eskolaldi; hirugarren hiruhilekoan, berriz, Lantokiko prestakuntza modulua (presentziala).

b) Gizarte Integrazioa goi mailako zikloa:

–Lehen maila: aste bateko 12 eskolaldi.

–Bigarren maila: aste bateko 13 eskolaldi.

–Hirugarren maila: kurtso osoan zehar, aste bateko 4 eskolaldi, eta Lantokiko prestakuntza modulua, hori ere kurtso osoan zehar.

2. Bizpahiru eskola-saioren ondoren, gutxienez ere 20 minutuko atsedenaldia programatuko da, uztailaren 16ko 258/1998 Foru Aginduaren 2.1.b) artikuluan ezartzen den moduan, ikastetxearen antolamendu beharren arabera.

3. Egutegia eta ordutegi orokorra, behin onartu eta gero, nahitaez bete beharko dira. Ikastetxeko zuzendariaren ardura izanen da horiek betearaztea, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio betetzen diren ikuskatzea eta kontrolatzea.

4. Ikastetxe bakoitzaren egutegia eta ordutegi orokorra ikastetxeko iragarki-taulan jarri beharko dira ikusgai, eta aldaezinak izanen dira, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimenik ematen.

5. Jarraibide hauetan finkatu ez diren alderdi guztietan, Hezkuntzako zuzendari nagusiak maiatzaren 22an emandako 291/2019 Ebazpenean orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, haren bidez onetsi baitziren 2019-2020 ikasturtean eskola-egutegia prestatzeko jarraibideak; edo, bestela ere, helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintza garatzen duten beste ebazpen batzuetan xedatutakoari.

3.–Salbuespenak.

Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, hark azter ditzan.

4.–Tramitazioa.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak maiatzaren 22an emandako 291/2019 Ebazpenaren eranskineko 4. jarrabidean azaldu bezala eginen da tramitazioa (aipatu ebazpenaren bidez, 2019-2020 ikasturtean eskola-egutegia prestatzeko jarraibideak onetsi ziren).

5. ERANSKINA

Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintzako zikloak ematen dituzten ikastetxeen antolamendua eta funtzionamendua arautzeko jarraibide berariazkoak

2019-2020 ikasturtea

1.–Irakaskuntzak antolatzeko jarraibideak.

1.1. Antolaketaren eta funtzionamenduaren gaineko jarraibideak.

Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloak ematen dituzten ikastetxeek, jarraibide hauetan jasota ez dauden alderdi guztiei dagokienez, men egin beharko diote Hezkuntzako zuzendari nagusiak Nafarroako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolamendua eta funtzionamendua 2019-2020 ikasturtean arautzeko emandako ebazpenean orokorrean ezarritakoari.

1.2. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzaren ezaugarriak:

1. LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloak emanen dira konbinatuz eskola-saio presentzialak, zeinak nahitaez bertaratzekoak baitira ikasleentzat, eta ikasleen lan autonomo eta pertsonaleko saioak.

LH erdipresentzialaren eskaintzaren beste gako-elementu bat tutoretza da, eskaintza honetako ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan erabat ezinbestekoa baita.

2. Irakas saio presentzialen helburu nagusia da curriculumaren funtsezko alderdiei buruzko irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak egitea, ikasleen arteko lankidetzarako interakzioak sendotzea, ikaskuntza prozesuan autonomoagoak izan daitezen, eta ikasleek behar diren ezaupideak eta oinarrizko eta lanbide gaitasunak eskura ditzaten sustatzea.

3. Tutoretza gauzatuko da tutoretza-saio presentzialen bidez, berariazko jardueren bidez edo gainerako irakaskuntza-jardueretan txertatuko diren jardueren bidez. Urrutitik ere egiten ahalko da tutoretza, ikastetxe bakoitzak ezartzen duen prozedura erabiliz.

Tutoretza lana prestakuntza prozesuaren osagai garrantzitsuenetako bat da, eta heziketa zikloan aritzen diren irakasle taldeko irakasle guztiek egin beharko dute. Tutoretza lan horren bidez, besteak beste, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena eginen da, eta ikaslearen motibazioa sustatuko da.

1.3. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzaren curriculuma eta antolamendua:

1. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloak bi ikasturtetan banatuta daude, 1.400 orduko zikloen kasuan, eta hiru ikasturtetan, 2.000 orduko zikloen kasuan, arau hauei jarraikiz:

a) “Erizaintzako Zainketa Lagungarriak” erdi mailako zikloa (LOGSE).

–Ziklo erdipresentzialeko lehen ikasmaila. Modulu hauek ditu: Lantaldeko harremanak, Lanerako prestakuntza eta orientabideak, Erizaintzako oinarrizko teknikak I (I. prestakuntza blokea) eta Ospitaleko higienea eta materialaren garbiketa.

—Ziklo erdipresentzialeko bigarren ikasmaila. Modulu hauek ditu: Administrazio eragiketak eta osasun dokumentazioa, Osasunaren sustapena eta pazientearentzako laguntza psikologikoa, Erizaintzako oinarrizko teknikak II (II. prestakuntza blokea), Laguntza odontologikoaren/estomatologikoaren teknikak eta Lantokiko prestakuntza.

b) “Gizarte Integrazioa” goi mailako heziketa zikloa (HLO).

–Ziklo erdipresentzialeko lehen ikasmaila. Modulu hauek ditu: Gizarte trebetasunak, Esku-hartze sozialaren testuingurua, Autonomia pertsonalaren sustapena, Esku-hartze sozialaren metodologia eta Komunikazio sistema handigarriak eta alternatiboak.

–Ziklo erdipresentzialeko bigarren ikasmaila. Modulu hauek ditu: Gizartean eta lan munduan txertatzea, Lehen sorospenak, Ingelesa I, Lanerako prestakuntza eta orientabideak, Enpresa eta ekimena, Bizikidetza-unitateen arreta, Bitartekaritza komunitarioa eta Hezkuntzako esku-hartzerako sostengua.

–Ziklo erdipresentzialeko hirugarren ikasmaila. Modulu hauek ditu: Gizarte integraziorako proiektu integratua eta Lantokiko prestakuntza (biak presentzialak).

2. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloen curriculumari dagokionez, kasuan kasuko heziketa zikloaren egitura eta curriculuma onesten dituen foru dekretuak Nafarroarako ezartzen duen berbera izanen da.

3. LH erdipresentzialaren eskaintzan ematen diren lanbide moduluen programazio didaktikoetan behar diren egokitzapenak eginen dira eta alderdi pedagogiko egokiak finkatuko dira, eranskin honen 1.5 jarraibidean xedatutakoarekin bat.

1.4. Ordu banaketa.

Hauxe da helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloen ikasleentzako asteko ordutegia, oro har, arratsaldez eginen dena:

a) “Erizaintzako Zainketa Lagungarriak” erdi mailako heziketa zikloa.

Lehen ikasmaila:

–“Lantaldeko harremanak eta Lanerako prestakuntza eta orientabideak”: 3 eskolaldi.

–“Erizaintzako oinarrizko teknikak I”: 8 eskolaldi.

–“Ospitaleko higienea eta materialaren garbiketa”: 3 eskolaldi.

Bigarren ikasmaila:

–“Erizaintzako oinarrizko teknikak II”: 6 eskolaldi, Lantokiko prestakuntza modulua hasi arte.

–“Laguntza odontologikoaren/estomatologikoaren teknikak”: 3 eskolaldi, Lantokiko prestakuntza modulua hasi arte.

–“Administrazio eragiketak eta osasun dokumentazioa eta Osasunaren sustapena eta pazientearentzako laguntza psikologikoa”: 4 eskolaldi, Lantokiko prestakuntza modulua hasi arte.

–“Lantokiko prestakuntza”: (presentziala) lan ordutegiaren barruan, ikasturteko hirugarren hiruhilekoan.

b) LH erdipresentzialaren eskaintza jarduneko langileentzat: “Gizarte Integrazioa” goi mailako heziketa zikloa (HLO).

Lehen ikasmaila:

–“Gizarte trebetasunak”, “Esku-hartze sozialaren testuingurua”, “Autonomia pertsonalaren sustapena” eta “Esku-hartze sozialaren metodologia”: 10 eskolaldi.

–“Komunikazio sistema handigarriak eta alternatiboak”: 2 eskolaldi.

Bigarren ikasmaila:

–“Hezkuntzako esku-hartzerako sostengua”: 2 eskolaldi.

–“Gizartean eta lan munduan txertatzea”, “Bizikidetza-unitateen arreta” eta “Bitartekaritza komunitarioa”: 6 eskolaldi.

–“Ingelesa I”: eskolaldi bat.

–“Lanerako prestakuntza eta orientabideak” eta “Enpresa eta ekimena”: 3 eskolaldi.

–“Lehen sorospenak”: eskolaldi bat.

Hirugarren ikasmaila:

–Gizarte integraziorako proiektu integratua (presentziala): ikasturtean zehar, 4 eskolaldi.

–Lantokiko prestakuntza: (presentziala) lan ordutegiaren barruan, ikasturtean zehar.

1.5. Alderdi pedagogikoak:

1. LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloen antolamenduaren eta garapenaren funtsean eredu pedagogiko bereziki praktikoa dago, ezaugarri hauek dituena:

–Funtsean, proiektuetan onarritutako ikaskuntzan oinarritzen da.

–Ikaslearen ikaskuntza autonomoa sustatzen du.

–Elkarlanaren bidezko ikaskuntza sustatzen du, kurtso berean matrikulatutako gainerako ikasleekin partekatua.

–Ebaluazio ponderatuan oinarritutako eredu bat erabiltzen du, LH erdipresentzialaren eskaintzan parte hartzen duten oinarrizko alderdiak proportzionalki baloratzen dituena.

2. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako erdi mailako zikloetan, derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzako ikasketak direnez, eredu pedagogikoaren oinarri nagusia da curriculumaren funtsezko alderdiei buruzko irakaskuntza-ikaskuntza presentzialeko jarduerak egitea, batez ere ikaskuntza-metodologia aktiboen bitartez.

3. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako goi mailako zikloetan, goi mailako irakaskuntzako ikasketak direnez, eredu pedagogikoaren oinarri nagusia da hala curriculumaren funtsezko alderdiei buruzko irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak egitea –batez ere ikaskuntza-metodologia aktiboen bitartez–, nola ikaslearen ikaskuntza autonomoari lotutako jarduerak egitea, tutoretzarekin.

4. Curriculumaren funtsezko alderdiei buruzko irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak –batez ere ikaskuntza-metodologia aktiboen bitartez– garatzen dituzten saio presentzialak honelakoak izan daitezke, besteak beste:

–Orientazio saioak: heziketa zikloaren eta lanbide modulu(ar)en antolamenduari eta garapenari buruzko jarraibide eta irizpideak ezartzeko, horiei esker irakaskuntzak egoki aprobetxatzeko eta modulu bakoitzaren ikaskuntza-emaitzak aisago lortzeko.

–Azalpen saioak: unitatea ezagutzera emateko edo, irakaslearen iritziz, dedikazio berezia behar duten alderdietan sakontzeko.

–Metodologia aktiboen bidezko lan saioak: proposatzen den proiektuaren arabera, saio horiek modulu bakar bat edo gehiago lantzeko izan daitezke.

–Praktika presentzialak egiteko saioak: saio hauen helburua da ikasleek kasuan kasuko lanbide moduluaren ikaskuntza-emaitzei edo amaierako gaitasunei lotutako lantegi praktiko bat egitea.

–Ikasleak egin beharreko ikaskuntza autonomoaren prozesuari sostengu emateko saioak, ikaslea gai izan dadin lanbide moduluaren heziketa helburuak bere kasa gainditzeko.

–Ebaluazio proba presentzialak egiteko saioak: ikasturte bakoitzean, gutxienez, bi edo hiru ebaluazio proba eginen dira, ikasturterako finkatutako ebaluazio partzialekin batera. Ebaluazio proba horien bidez lanbide modulu bakar bat edo gehiago ebaluatzen ahalko dira.

1.6. Ebaluazioa, mailaz igotzea, ziurtapena eta titulazioa:

1. Lanbide Heziketako modalitateetako ebaluazio arau espezifikoak eta Lanbide Heziketako tituluak lortzeko proben arlokoak garatzen ez diren bitartean, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan eta haren garapenetan ezarritakoari jarraituz eginen dira ebaluazioak; halaxe xedatu baita foru agindu horren hirugarren xedapen iragankorrean (foru agindu horren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena). Izan ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez garatu daiteke modalitate bakoitza, baita Lanbide Heziketako tituluak lortzea ahalbidetzen duten probak ere.

Beraz, eskaintza erdipresentzialeko modalitaterako ebazpen espezifiko bat garatzen ez den bitartean, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialaren eskaintzako ikasleen ebaluazioari, kalifikazioari, sustapenari, ziurtapenei eta titulazioari buruzko guztian.

2. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzan ematen diren irakaskuntzek ohiko modalitate orokorrean ematen diren irakaskuntzen ondorio akademiko berberak izanen dituzte.

1.7. Bizikidetza arauak.

LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloak ematen dituzten ikastetxeek beren bizikidetza arauak egokitu beharko dituzte LH erdipresentzialaren eskaintzako ikasleen ezaugarri berezietara eta eskaintza mota horretara.

1.8. Ikasleak eskoletara joatea.

Ikasleek nahitaezkoa dute eskoletara eta programatutako prestakuntza jardueretara joatea.

Irakasleek egunero kontrolatu beharko dute ikasleen bertaratzea. Horretarako, bertaratze partea beteko dute egunero, eta izaten diren gorabeherak azalduko dituzte bertan.

Eskoletara behin eta berriz huts egitea zer den eta horren ondorioak ikastetxeko Bizikidetza Erregelamenduan zehaztuko dira.

1.9. Guardiak Lanbide Heziketan:

1. LH erdipresentzialaren eskaintzako Lanbide Heziketako irakaskuntzak helduei zuzenduta daude, eta hezkuntza etapa hauei dagozkie:

–Derrigorrezko hezkuntzaren ondokoa: erdi mailako heziketa zikloak.

–Goi mailako hezkuntza: goi mailako heziketa zikloak.

2. LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloetan irakasleak huts eginez gero, ikastetxeko zuzendaritzak aukeran izanen du guardia jartzea ala ez.

2.–Irakasleen gaineko jarraibideak.

2.1. Irakasleak:

1. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloetan irakasten duten irakasleak kasuan kasuko heziketa zikloaren egitura eta curriculuma arautzen dituzten foru dekretuetan ezarritakoak izanen dira.

2. Lanbide modulu bakoitzean irakasleek LH erdipresentzialaren eskaintzako ikasleei arreta emateko eta irakasle lanetan bete beharreko ordu kopurua eranskin honen “1.4. Ordu banaketa” jarraibidean ezarritakoa izanen da. LH erdipresentzialeko modalitatean eskaintzen den goi mailako zikloko irakasleek ordu bat gehitu beharko diete, lehen eta bigarren ikasmailetako modulu guzti-guztietan, eranskin honetako “1.4. Ordu banaketa” jarraibidean adierazitako orduei, ikasleen lan pertsonala baimentzeko eginbeharrak gauzatzeko.

2.2. LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloko koordinatzailearen berariazko eginkizunak.

Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 45. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloko koordinatzaileak berariazko eginkizun hauek izanen ditu:

–LH erdipresentzialaren eskaintzako irakasleei harrera egiteko prozedura aplikatzea.

–Irakasleen jarduerak sustatzea, orientatzea eta laguntzea.

–Ikasleei harrera egiteko saioa egitea.

–Kurtsoa planifikatzeko prozesuan laguntzea.

–Programazioak prestatzeko lanak dinamizatzea, orientatzea eta laguntzea.

–Ikastetxearekin kolaboratzea ikasleak onartzeko eta altak eta bajak emateko prozesuetan, baita kurtsoan gerta daitezkeen baliozkotze, aitortze eta salbueste eskaeretan ere.

–LH erdipresentzialaren eskaintza ematen duten gainerako ikastetxeekin eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuarekin etengabe koordinatuta egotea.

–Materiala argitaratzeko eta eguneratzeko lanetan laguntzea.

2.3. LH erdipresentzialeko irakasleen berariazko eginkizunak.

Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 91. artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, LH erdipresentzialean eskola ematen duten irakasleek berariazko eginkizun hauek izanen dituzte:

–LH erdipresentzialaren eskaintzan matrikulatutako ikasleei harrera egiteko plana aplikatzea.

–Ikasleak orientatu eta gidatzea, lanbide moduluen programazioan aurreikusitako helburu orokorrak eskura ditzaten laguntzeko.

–Ikasleek proposatzen diren jardueretan parte har dezatela sustatzea eta horretarako motibatzea, jarduera indibidual eta kolektiboak dinamizatu eta estimulatzea, baita ikasleen arteko komunikazioa ere, hausnarketa eta eztabaida sortzen duten jarduerak bultzatuz.

–Ikasleei proposatutako eginkizun eta lanen segimendua eta ebaluazioa egitea.

–Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa egitea, ezarritako irizpideekin bat, eta parte hartzea ikasleak ebaluatzeko proben eta ebaluazio eta kalifikazio saioen antolaketan eta garapenean.

–Eskola-uztea antzemateko baliabideak aplikatzen kolaboratzea, baita ikastetxean eskola-uzteari aurre egiteko ezarrita dauden jarduketa estrategietan ere.

–Ikastetxeak edo Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaritzak, nork bere eskumenen esparruan, esleitzen dien beste edozein eginkizun.

2.4. Tutoretza:

1. LH erdipresentzialaren eskaintzako ikasle talde bakoitzak irakasle bat izanen du tutore.

2. Tutore lanak koordinatzearren, gomendatzen da ikastetxearen ikaskuntza-ingurune birtualaren plataforman topagune bat sortzea heziketa ziklo osoko ikasle eta irakasleentzat.

2.5. Ordutegi osagarria: koordinazio saioetarako erreserba.

LH erdipresentzialaren eskaintzako irakasleen lanaldian ordu batzuk erreserbatu beharko dira honako lan hauetarako:

–Irakasle taldeek koordinazio horizontaleko saioak egiteko, ebaluazio saioez gain. Saio horiek zuzendaritza taldeak zehaztuko ditu. Garrantzi berezia izanen du lehenengo koordinazio bilerak, ikasleekiko eskola-jarduerak hasi baino lehen egiten denak.

–Irakasle taldeak koordinazio saioak egiteko, proiektuetan oinarrituriko ikaskuntzaren metodologia aplikatzearren.

Prestakuntza instituzionalaren planak hala eskatzen duenean, irakasle taldeak koordinatzeko saio horietarako orduak prestakuntza ordutzat hartzen ahalko dira, ikastetxeko zuzendariak horren berri izan ondoren oniritzia ematen badu.

2.6. LH erdipresentzialaren eskaintzako irakasleen jarduna kurtsoaren hasieratik eskolak hasi bitartean.

LH erdipresentzialaren eskaintzako irakasleek nagusiki lan hauetan erabiliko dituzte ikasleen kurtsoa hasi bitarte osatzen ez dituzten eskola-orduak: hautagaiek lan esperientzia eta erroldatzea frogatzeko aurkezten dituzten agiriak aztertzeaz arduratzen den batzordeari laguntzen.

2.7. LH erdipresentzialaren eskaintzako irakasleei sostengu emateko neurriak:

1. Hezkuntza Departamentuak hezkuntza arloko ikerkuntza, esperimentazioa eta berrikuntza bultzatuko ditu, batez ere LH erdipresentzialaren eskaintzari egokitutako curriculum-materialak garatzeari dagokionez.

2. Hezkuntza Departamentuak, orobat, curriculuma garatzeko materialak prestatzea sustatuko du, irakasleei laguntzekoak, bereziki LH erdipresentzialaren eskaintza honetarako direnak.

2.8. Ikastetxeen eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren arteko koordinazioa:

1. LH erdipresentzialaren eskaintzako heziketa zikloaren koordinatzaileari dagokio Lanbide Heziketaren Zerbitzuarekiko komunikazioaz arduratzea, LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloak ematen dituzten ikastetxe guztiak koordinatzearren.

2. Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Ataleko langileek eta kasuan kasuko zikloetako koordinatzaileek osatuko dute helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako koordinazio taldea. Taldea zuzentzea Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalaren eskumena izanen da.

Iragarkiaren kodea: F1908188