170. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako ordenantza.
Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2019ko martxoaren 28an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Zizur Nagusiko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako udal ordenantzaren espedientea, baita horren arauzko tramitazioa ere.

Ordenantzaren aldaketaren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2019ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 2an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.

Zizur Nagusian, 2019ko ekainaren 14an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ZIZUR NAGUSIKO EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNERAKO UDAL ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako ordenantza bat onestea emakumeek jasaten duten diskriminazioaren aurka borroka egiteko beharrean datza. Diskriminazio hori garapen ekonomikorako, sozialerako eta giza garapenerako oztopo handia den fenomeno menderatzailea, egiturazkoa eta sistemikoa da, eta Zizur Nagusian ere gertatzen da. Emakumeek jasaten duten desberdintasuna eta indarkeria desagerrarazteko araudiak eta ekimenek nazio zein nazioarteko esparruak hartzen badituzte ere, toki entitateek funtsezko rola dute arlo honetan, herritarrenganako eta desberdintasunen errealitatearekiko duten hurbiltasunak egoera aldatzeko sortzen ahal duten eragina askoz ere handiagoa izatea ahalbidetzen baitu.

Azken urte hauetan aurrerapen asko lortu dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan. Ez da soilik emakumeen bizi kalitatea hobetu izana; batez ere, emakumeen eta gizonen artean eskubideen eta betebeharren berdintasuna lortu da bizitzaren arlo guztietan. Aldaketa hauek eman diren arren, emakume eta emakume talde askoren egoerak adierazten duenak Zizur Nagusiko Udala benetako berdintasun maila handiagoen alde lan egiten jarraitzera bultzatzen du, aipatu berdintasun formalak ez baitu islarik gizartean.

Gizarteari aukeren berdintasun errealeko egoera lortzea eragozten dioten egoerak, aurreiritziak eta jokabide edo praktika kultural eta sozialak ezabatzeko mekanismoetako bat da txertatzea genero-ikuspegia, zeharkakotasuna edo mainstreaming-a. Zeharkakotasuna deritzo emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko helburuari lehentasuna ematen dion jarduketa metodologiari. Helburu hori politika guztietan eta erabakitzeko maila orotan txertatu behar da, baliabide guztiak eskuratzeko baldintza berberak bermatuz, politika publikoak egun dauden desberdintasunak kontuan izanik planifikatuz, eta politika horiei esker benetako berdintasunerako bidean lortu diren emaitzak identifikatuz eta ebaluatuz. Nazio Batuek 1995. urtean Beijingen antolatutako Emakumeei buruzko Munduko IV. Biltzarrean sortu zen mainstreaming terminoa. Orduz geroztik, administrazio publikoen lehentasunezko estrategia bilakatu da emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko. Ikuspegi honek ez dakar berekin berariazko politikak (ekintza positiboak) egiteari uztea, zeharkakotasunaren estrategia bikoitz bati ekiten baitzaio: politika orokorren barneko genero-ikuspegia uztartzen da emakumeentzako benetako berdintasuna lortzera bideratutako ekintza positiboekin.

Europar Batasunaren esparruari dagokionez, zeharkakotasuna Amsterdamgo Tratatuak sartu zuen 1999. urtean. Tratatu horrek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ezartzen du Europako Erkidegoaren helburuen artean; hala, xede nagusi ditu emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak eragiten dituzten egoerak ezabatzea eta berdintasuna sustatzea. Era berean, aipatu arauaren 13. artikuluak Europar Batasuneko erakundeak hertsatzen ditu haien eskumen esparruan neurriak har ditzaten, sexu edo sexu orientazioa dela medio etor daitekeen bazterkeria ororen kontra borroka egiteko. Hori horrela, Amsterdamgo Itunaren aurreikuspenekin bat, Nazio Batuek Emakumeei buruz antolatutako Munduko IV. Biltzarraren Deklarazioaren eta Ekintzarako plataformaren gomendioak txertatu ziren Batasuneko Zuzenbidean, eta, ondoren, Europar Batasuneko estatuen ordenamendu juridikoan.

Estatuari dagokionez, Espainiako 1978ko Konstituzioa da aipatutakoaren bermatzaile gorena. Izan ere, haren artikuluetan, 14.ean zehazki, oinarrizko eskubideen artean jasotzen du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, eta debekatzen du sexuarengatik edota bestelako egoera pertsonal zein sozialengatik diskriminatzea. Era berean, legezko testu horren 9.2 artikuluak ezartzen du botere publikoek norbanakoen eta haien taldeen artean berdintasun erreal eta eraginkorra ahalbidetzeko baldintza egokiak sustatu behar dituztela.

Bestalde, genero zeharkakotasuna gure araubide juridikoan sartu zen Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren bitartez. Arau horrek nazioarteko arauak biltzen ditu eta Europako bi zuzentarau txertatzen ditu Espainiako ordenamendu juridikoan. Ezarritako arau-esparru horri esker, bermatzen da administrazio publikoek emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunaren alde esku-hartzea. Legearen zioen azalpenean mainstreaminga jasota dator, diskriminazioaren kontrako zuzenbide modernoaren nortasun-ikur gisa, eta botere publikoen jarduteko gidalerro orokor bilakatzen du. Nolanahi ere, 15. artikuluan definitzen da modu zehatzago batean zeharkakotasun printzipioa: “Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa kontuan hartuko da botere publiko guztien jardunean, zeharkakotasun-izaerarekin. Administrazio publikoek printzipio hori modu aktiboan barneratuko dute, euren arau-xedapenak ematean nahiz betetzean, esparru guztietako politika publikoak zehaztu eta horien inguruko aurrekontuak egitean”.

Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, erreferentziazko araua 33/2002 Foru Legea da, azaroaren 28koa, Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuna sustatzekoa. Lege aitzindaria da, estatukoa baino urte batzuk lehenago onetsi baitzen, eta bultzada eman zien Nafarroako administrazioek egiten ahal zituzten ekintza guztiei. Une honetan etorkizuneko Berdintasunari buruzko Foru Legea prestatzeko eta onesteko prozesuan gaude bete-betean. Lege horrek aurrekoa eguneratuko du eta bultzada berri bat izanen da emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren alde, eta, beraz, emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak desagerraraztearen alde lan egiten jarraitzeko beharra balioesteko. Era berean, eta emakumeen kontrako indarkeriari dagokionez, ez dugu ahaztu behar Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea. Erreferente bat da estatuan, emakumeek emakume izate soilagatik jasaten dituzten indarkeria guztiak kontuan hartzen dituelako eta haientzako babes instituzionala bermatzen duelako; gainera, aipatu indarkeriak saihesteko prebentzio eta sentsibilizazio mekanismoa ere bada.

Zizur Nagusiko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako udal ordenantzaren diseinuak, egiturari dagokionez oinarri izan du Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egindako “Udalen berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean” izeneko dokumentua. Dokumentu horrek berak Zizur Nagusiko emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunerako II. Planaren egitura gisa ere balio izan du; horrela, lerro estrategiko eta helburu berberetan kokatutako ikuspegi bat ematen digu. Ildo estrategiko horiek lan programen norabidea eta orientazioa finkatzen dituzte honako gai hauen gainean: toki gobernamendua eta genero zeharkakotasuna; emakumeen aurkako indarkeria; zaintza, erantzunkidetasuna eta eginkizunak bateratzea; eta emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Horrenbestez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko ezinbestekoa da administrazio publiko guztiak koordinatzea, helburu berak eta lan estrategia bateratua ezarriz, eta beharrezkoa da horien guztien inplikazioa. Horregatik, Zizur Nagusiko Udalak benetako berdintasuna lortzeko zuzeneko konpromiso baten alde egiten du, azken 12 urte luze hauetan hainbat jarduketaren bidez egin izan duen bezala. 2005. urtean herriko emakumeen eta gizonen egoera sozioekonomikoaren gaineko diagnostikoa egin zen; horrek bide eman zion Zizur Nagusiko aukera berdintasunerako I. plana onesteari. Hortik abiatuta, Zizur Nagusiko Udalak berdintasun politikekiko konpromisoa hezurmamitu du, berdintasun alorra sendotuz giza baliabide eta baliabide ekonomiko gehiagorekin eta zenbait plan, programa eta proiekturen bidez. Horien artean, hauek nabarmendu behar dira: aukera berdintasunerako I. planaren inplementazioa eta ebaluazioa, eginkizunak bateratzeko tokiko itunaren garapena, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunari buruzko I. barreneko planaren prestaketa eta ezarpena, klausula sozialak kontratazio publikoan eranstea, udal esparruan hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio barneratzailearen sustapena arautzen dituen ordenantzaren onespena, eta Zizur Nagusiko Udalaren Sexu jazarpenari eta sexuagatiko jazarpenari aurrea hartzeko eta horren kontra jarduteko protokoloaren onespena. Gaur egun, Zizur Nagusiko emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunerako II. Plana ezartzen ari da. Lan tresna hauen bidez genero zeharkakotasunaren estrategiaren txertaketa eta ekintza positiboen ezarpena sistematizatu dira. Horretarako, berdintasun arloko udal politika publikoak garatu dira, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna eragiten duten egiturak aldatzeko eta herri zuzenagoa eta demokratikoagoa egiteko, non emakumeak eta gizonak, beren bizialdi osoan eta berezkoa duten aniztasuna kontuan izanik, bizitza sozial, ekonomiko, kultural eta politikoan berdintasun errealeko posizioetan egonen baitira. Horregatik, ordenantza honen helburua ez da soilik egindako lanari jarraipena ematea, baizik eta hura sendotzea eta ikustaraztea, planteatutako ildoetan aurrera egiten jarraitzeko.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua–Helburua eta arau esparrua.

1. Ordenantza honen helburua da udal mailan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko araubide juridikoa ezartzea, nazioarteko, Europako, estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko arauen esparruan. Horretarako, onartzen du emakumeen aurkako diskriminazioa dela fenomeno unibertsala, menderatzailea, egiturazkoa eta sistemikoa.

2. Ordenantza honek Zizur Nagusiko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren jokabidean goiburu izan behar duten printzipio orokorrak zehazten ditu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan; halaber, neurri sorta bat jasotzen du bizitzako eremu guztietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko, emakumeen kontrako diskriminazio era guztiak baztertuz eta haien eskubideak eraginkorki eta benetan erabiltzea eragozten duten oztopoak ezabatuz.

3.Aurreko atalean adierazitakoarekin bat, ordenantza honek indarrean dagoen araudian ezarritakoa beteko du. Erregulazioaren xedeko gaia kontuan izanik, nabarmentzekoak dira honako arau hauek:

a) Emakumeen kontrako diskriminazio era guztiak ezabatzeko konbentzioa (CEDAW).

b) Nazio Batuek Emakumeei buruz antolatutako Munduko IV. Biltzarra (Beijing, 1995).

c) 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzkoa.

d) 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarriari buruzkoa.

e) 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

f) 9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero indarkeriaren aurkako Estatu Hitzarmena garatzeko premiazko neurriei buruzkoa.

g) 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

h) 33/2002 Foru Legea, azaroaren 28koa, Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzekoa.

i) 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitekoa.

2. artikulua.–Helburuak.

Ordenantza honen helburu orokorra da emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra udal mailan lortzen laguntzea, emakumeen aurkako diskriminazio modu oro ezabatuz. Hala, berdintasunaren aldeko konpromisoa aldarrikatzeaz gain, udal gobernuak beste erakunde publiko eta politikoen inplikazioa bilatuko du, bai eta sozietate zibileko erakunde pribatuena eta herritar guztiena ere.

3. artikulua.–Aplikazio esparrua.

1. Ordenantza hau Zizur Nagusiko Udaleko Administrazioan eta haren sektore publiko instituzionalean aplikatuko da.

2. Enpresa-entitate publikoak, merkataritza- eta lan-sozietateak, fundazioak edo Zizur Nagusiko Udalari loturik edo haren mendean diharduten beste entitate batzuk edo horietako edozeinen elkarteak, nortasun juridikoa badute, publikoa nahiz pribatua, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Beren jardueraren bidez, neurri batean bederen, interes publikoko helburuak betetzea, industria edo merkataritza izaerarik ez dutenak.

b) Zizur Nagusiko Udalak, zuzenean edo zeharka, haien jardueraren erdia baino gehiago finantzatzea edo haien jardueren gain eragin nagusia izatea, kudeaketa kontrolatzeko mekanismoen bitartez edo administrazio, zuzendaritza nahiz zaintza organoetako kideen erdiak baino gehiago izendatzea ahalbidetzen duten mekanismoen bitartez.

4. artikulua.–Printzipio orokor eta instrumentalak.

1. Ordenantza honetan Zizur Nagusiko Udalaren jarduna arautzen duten printzipio orokorrak honako hauek dira: tratu berdintasuna, aukera berdintasuna, zeharkakotasuna, ekintza positiboak, erantzunkidetasuna, ordezkaritza orekatua, emakumeen ahalduntzea, diskriminazio anitzari arreta ematea, administrazioen arteko harremanak sustatzea, komunikazio inklusiboa eta gardentasuna.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako printzipioen interpretazioa eta gauzatzea une bakoitzean indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Legean jasotako definizioekin bat eginen dira.

3. Printzipio horien definizioan gizon eta emakumeei buruz eginiko erreferentzia simetrikoa gorabehera, gizartean emakume eta gizonen artean dagoen desberdintasunaren harira, ordenantza honetan garatuko den udal politikak aintzat hartuko du emakumeek gehiago jasaten dutela, bi sexuei eragiten badie ere.

II. TITULUA

Toki gobernamendua eta genero zeharkakotasuna

I. KAPITULUA

Egiturak eta koordinazioa

5. artikulua.–Berdintasunaren Alorra.

1. Berdintasunaren Alorrak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen du, ekitatea lortu arte. Alor hori arduratzen da berdintasunaren arloko eta genero indarkeriaren aurkako politikak sustatzeaz eta koordinatzeaz, zeinak, edonola ere, zeharkakotasun-izaeraz aplikatu behar diren Udalaren ekintza esparru guztietan.

2. Berdintasunaren Alorra, alkatetzaren mende baitago, Udalaren berdintasun politiken garapenera egokituko da. Horretarako, Zizur Nagusiko Udalak garapen horri dagozkion baliabide teknikoez, ekonomikoez eta langileez hornituko du aipatu alorra.

3. Berdintasunaren Alorrean diharduten kide politikoen eginkizunak honako hauek dira:

a) Berdintasunaren Alorraren izenean jardutea eta beren helburuak zein lana ikusgai egitea.

b) Zizur Nagusiko Udalaren plangintza, kudeaketa eta urteko plana ongi ezagutzea.

c) Plangintzari buruzko erabakiak hartzea lan programen ebaluazioaren emaitzen arabera.

4. Berdintasunaren Alorrean diharduten teknikarien eginkizunak honako hauek dira:

a) Nafarroako Gobernuko Toki Entitateek berdintasunaren alorrean duten ibilbidea ezagutzea, eta marko gisa erabiltzea Udalaren Berdintasunaren Alorraren urteko plangintza diseinatzeko.

b) Berdintasunaren Alorraren urteko lan plana diseinatzea, koordinatzea eta kudeatzea, bai eta horretatik eratorritako ekintza zehatzak ere.

c) Berdintasunaren Alorraren urteko plangintza ebaluatzea, hobetu beharra duten arloak hautematea eta haiek hobetzeko bideak sortzea.

d) Erantzukizunaren aldetik, beste interes talde batzuei (udal alorretako teknikariei, kide politikoei, emakumeen elkarteei eta/edo elkarte feministei, erakundeei eta abar) aholkuak eta prestakuntza ematea berdintasunaren arloan, ordenantza honetan ezarritakoa betez.

e) Berdintasunaren Alorrean egiten den lanaren berri ematen du, eta hura ikusgai egiten.

f) Koordinaziorako bideak zabaltzea bestelako elkarte eta instituzioekin, eta berdintasun alorrak dituzten beste toki entitate batzuekin.

g) Koordinazio eta errazte lana egitea Zizur Nagusiko Udalak udalez gaindiko nahiz Europako berdintasun programetan parte har dezan, aurrekontuak eta baliabideak hobetzeko eta optimizatzeko helburuarekin.

5. Zizur Nagusiko Udalak bermatu behar du Berdintasunaren Alorreko teknikari arduradunek berdintasunari buruzko berariazko prestakuntza dutela; hortaz, gai horri buruzko ezagutza-eskakizunak ezarriko ditu alorrean aritzeko.

6. artikulua.–Berdintasunaren Alorrak eskaintzen dituen zerbitzuak.

1. Aholkularitza Psikologikoaren Zerbitzua:

Aholkularitza Psikologikoaren Zerbitzuak helburu hauek ditu:

a) Banakako aholkularitza psikologikoa genero-ikuspegitik, generoan oinarritutako diskriminazioak eragindako egoera latza dela-eta berariazko laguntza psikologikoa behar duten pertsonei zuzendua, bereziki honako hau jasan duten edo jasaten ari diren emakumeen kasuan: diskriminazioa, tratu txar fisiko eta/edo psikikoak, sexu erasoak, sexu jazarpena edo sexuak eragindako jazarpena, laneko jazarpena, banaketa gatazkatsuak, sexu orientazioari eta genero identitateari buruzko kontuak, sexualitatearen alorrarekin loturiko zailtasunak, funtzio sozialen segregazioa...

b) Taldekako esku-hartzea egitea pertsona horiekin, beren ezaugarrien arabera eta autolaguntza, asertibitatea, autonomia eta ahalduntzea bultzatuz. “Genero-indarkeria” ere esaten zaion emakumeen aurkako indarkeria oro prebenitzea.

c) Emakumeen garapen pertsonal eta soziala sustatzea, haiek beraiek gai izan daitezen planteatzen zaizkien egoerak eta arazoak konpontzeko.

2. Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzua:

Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuak helburu hauek ditu:

a) Zizur Nagusiko emakumeei arreta, aholkularitza eta orientazioa ematea diskriminazioa dela-eta, bereziki tratu txarrak edo sexu erasoak jasandakoak badira. Aholkularitzak barnean hartuko ditu, oro har, hainbat esparrutan emakumeek jasaten duten diskriminazioarekin loturiko kontuen gaineko informazio eskaerak (gizartea, lana, ekonomia, zigor arloa, arlo zibila eta administratiboa).

3. Zizur Nagusiko Udalak aipatu zerbitzuak garatzeko eta mantentzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak sustatuko ditu, herrian dagoen beharraren arabera.

7. artikulua.–Berdintasunaren Batzordea.

1. Zizur Nagusiko Udalak, alor guztien bidez, ordenantza hau betetzen dela bermatuko du.

2. Berdintasunaren Informazio Batzordea udal taldeak ordezkatuta dauden lan organo politikoa da, eta hari dagokio berdintasun politiken aldeko eta genero indarkeriaren aurkako sustapena, adostasun politikoa eta erakundeen konpromisoa bultzatuz.

3. Horretarako, erabakiak hartzeko orduan, behar diren konpromisoak sustatuko ditu, genero berdintasuna lehentasun politiko partekatua eta gobernatzeko moduaren elementu nagusi bat izan dadin.

4. Gutxienez ere hiru hilean behin bilduko da.

8. artikulua.–Alorrak koordinatzeko mahai teknikoa.

1. Alorrak koordinatzeko mahai teknikoa arduraduna da ordenantza honetan bildutako berdintasun politika publikoak sustatzeko, koordinatzeko eta ezartzeko, bai eta genero zeharkakotasuna toki administrazioan sartzeko ere.

2. Gaur egun, Barne Kudeaketaren Batzordea da, besteak beste, ordenantza honetan bildutako berdintasun politika publikoak sustatzeko, koordinatzeko eta ezartzeko arduraduna, bai eta genero zeharkakotasuna toki administrazioan sartzeko ere. Azken batzorde hau ez badago, alorrak koordinatzeko mahai tekniko bat eratuko da, artikulu honen 1. atalean bildutako helburua betetze aldera.

3. Alorrak koordinatzeko mahai teknikoa udal alor guztietako arduradunek osatuko dute.

4. Udal alorretako arduradunak erreferentzia teknikoa izanen dira genero zeharkakotasunaren estrategia haietako bakoitzari dagokion lan alorrean sustatu eta aplikatzeko.

9. artikulua.–Berdintasuna sustatzea.

Berdintasunaren Alorraren eginkizunak gorabehera, Udalaren alor guztiek ezabatu behar dute diskriminazioa, bakoitzak bere jarduera esparruan, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu.

10. artikulua.–Erakunde arteko parte-hartzea.

Berdintasunaren aldeko udal politika beste udalerriekin eta erakunde publiko zein pribatuekin modu bateratuan sustatze aldera, Zizur Nagusiko Udalak harremana mantenduko du horiekin guztiekin, eta jadanik dauden sareak babestuko ditu; horrez gain, beste sare batzuen partaidetza eta etorkizuneko koordinazio formula berriak sustatuko ditu.

11. artikulua.–Sareko lana Nafarroako Toki Entitateetako Berdintasunerako langile teknikariekin.

Zizur Nagusiko Udalaren Berdintasunaren Alorrak Nafarroako Toki Entitateetako Berdintasunerako langile teknikarien arteko lan eta elkartruke profesionala sustatuko ditu.

II. KAPITULUA

Udal organoen ordezkaritza politikoa eta osaketa

12. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udalak organo guztietan ordezkaritza eta osaketa orekatua izanen du, ordenantza honen 13. artikuluan xedatutakoa galarazi gabe.

2. Ordezkaritza eta osaketa orekatutzat joko da –kasuan kasuko taldeari dagokionez– sexu bakoitzeko pertsonak guztizkoaren ehuneko berrogei eta hirurogei bitarte izatea bermatuko duen egoera.

13. artikulua.–Eragindako organoak.

1. Ordezkaritza eta osaketa orekatuak eragina izanen du hauteskunde ondorengo udal gobernuaren eraketan; izan ere, oreka hori mantendu behar da batzorde eta patronatuen osaketan, izendapen askeko edo udal gobernuaren konfiantzako karguetan, partaidetzako kontseilu, batzorde eta organoetan, eta udaleko gainerako administrazio organoetan.

2. Ondorio horietarako, eta Berdintasunaren Alorraren aldeko txostenarekin, ez da derrigorrezkoa izanen presentzia orekatuaren irizpidea aplikatzea honako kasu hauetan:

a) Udal organo horren jarduera esparruan sexuren baten presentzia %40tik beherakoa denean. Kasu horretan, presentzia txikia duen sexuak jarduera esparru horretan duen presentzia izan behar du gutxienez, hurrengo ataletan deskribatu den egoeraren bat dagoenean salbu.

b) Emakumeen presentzia %60tik gorakoa denean, baina gehiegizko presentzia hori aurretik, erabakiak hartzeko eremuetan gutxietsita egon izanaren ondorioz, jasan duten desoreka historikoa zuzentzeko baliagarritzat jotzen denean.

c) Organo horretako kide izateko ahalmen, gaitasun eta prestakuntza egokia ez duten gizon edo emakume nahikorik ez dagoenean, edo, daudenean ere, ez dutenean kide izan nahi, edo gainkargari aurre egin ezin diotenean.

d) Kideak karguaren arabera izendatzen dituzten administrazio organoen kasuan, eta/edo izendapen hori hainbat erakundek batera egiten dutenean. Kasu horretan, erakunde berberak izendatutako kideen artean mantendu behar da emakumeen eta gizonen arteko oreka, aurreko ataletan deskribatutako egoerak daudenean salbu.

III. KAPITULUA

Prestakuntza eta trebakuntza teknikoa zein politikoa zeharkakotasunaren estrategia txertatzeko

14. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Administrazioaren jardunean genero-ikuspegia modu eraginkorrean txertatzeko, Zizur Nagusiko Udalak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko oinarrizko prestakuntza progresiboa eta iraunkorra emanen die bere langile teknikoei eta kide politikoei. Era berean, berariazko prestakuntza eta gaikuntza bermatuko du alorrak koordinatzeko mahai teknikoa osatzen duten lanpostuetarako eta/edo beren Udaleko lan arloetan genero zeharkakotasunaren estrategia sustatzeko eta aplikatzeko erreferente eta arduradun diren teknikariendako.

15. artikulua.–Neurriak.

Aurreko artikulua betetze aldera, Zizur Nagusiko Udalak, Berdintasunaren Alorraren aholkularitzarekin, neurri hauek hartuko ditu, gutxienez:

1. Diagnostikoak egitea langileek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruz duten prestakuntza mailari buruz, bai eta erantzukizun politikoa duten langileen sentsibilizazio maila ere. Diagnostiko horiek legegintzaldi bakoitzaren lehen urtean eginen dira.

2. Diagnostikoaren arabera, langileentzako prestakuntza planak prestatzea eta martxan jartzea, bai eta erantzukizun politikoa duten langileentzako sentsibilizazio planak ere.

3. Langileen ordutegiak egokitzea, eta berdintasunaren esparruko prestakuntzarako erabili duten denbora aintzat hartzea.

IV. KAPITULUA

Berdintasunaren printzipioari lotutako lan- eta administrazio-prozedurak

I. ATALA

Zizur Nagusiko emakumezkoen eta gizonezkoen Berdintasunerako Plana

16. artikulua.–Xedapen orokorra.

Berdintasunerako Plana izeneko agiriak udal politikaren bilakaera eta zehaztapena islatzen ditu aldian behin emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan, eta ordenantza hau du oinarri. Genero sistemaren eraldaketa lortzeko esparru bat da, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna gauzatze aldera.

17. artikulua.–Esku hartzeko arloak.

1. Berdintasunerako Planean jarduketa neurriak garatuko dira ordenantza honetan bilduta dauden esku hartzeko arloetan, bai eta interesgarriak izan daitezkeen beste arlo batzuetan ere.

2. Nolanahi ere, Planean berariaz kontuan hartzekoak izanen dira “Udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean” izeneko dokumentuan bildutako honako jarduketa esparru hauetan –edo beharrezkotzat jotzen diren horietan– emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzera zuzendutako neurriak:

a) Toki gobernamendua eta genero zeharkakotasuna.

b) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

c) Zainketa, erantzunkidetasuna, eta eginkizunak bateratzea.

d) Emakumeen kontrako indarkeria.

II. ATALA

Berdintasunaren integrazioa Udalaren barne kudeaketan

18. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udalak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna dagoela bermatu behar du lanpostuen definizioan, sarbidean, sailkapen profesionalean, igoeran, prestakuntzan, laneko osasunean, soldatetan eta laneko eskubideetan; horrenbestez, inor diskriminatzen ez duten baldintza duinak bermatu behar ditu lanean.

2. Zizur Nagusiko Udalak ordenantza honetan jasotako neurriak hartuko ditu, eta, oro har, honako hau eginen du:

a) Langileei buruzko politika aztertuko du genero-ikuspegitik.

b) Beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu langileen kudeaketan berdintasunaren printzipioa betetzen dela bermatzeko.

c) Lan eskubideen hobekuntza eta erabilera sustatuko ditu berdintasunaren ikuspegitik.

19. artikulua.–Sarbidea eta langileen hautaketa.

Hautaketa prozesuetan berdintasunaren printzipioa betetzen dela eta kontratatzen diren langile berriek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza egokia dutela bermatzeko, Zizur Nagusiko Udalak honako neurri hauek hartuko ditu:

1. Berdintasunari buruzko edukiak txertatu gai zerrenda guztietan, bai eduki orokorrak bai eta lanpostuaren esparruarekin lotura duten eduki zehatzak ere.

2. Deialdietako kalifikazio epaimahai guztietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa betetzea; salbuespen bakarra behar bezala arrazoituriko arrazoi objektiboak izanen dira.

3. Aktiboki sustatzea emakumeek lanpostu eta sailkapen maila guztiak eskuragarri izatea, aurrerapausoak emate aldera bereizketa horizontala nahiz bertikala errotik kentzeko.

4. Aktiboki sustatzea feminizatuta edo maskulinizatuta egon ohi diren guneak beste generoko pertsonek betetzea.

20. artikulua.–Igoera.

Zizur Nagusiko Udalak lanbide karreran zeharkako diskriminazioa saihesteko mekanismoak aplikatuko ditu igoera prozesuetan, bai segregazio bertikalari bai horizontalari dagokionez.

21. artikulua.–Lansariak.

Zizur Nagusiko Udalak langileen artean dauden soldata arrakalak identifikatuko ditu, eta genero-lerratzeak ezabatuko; hala, politika berdinzalea aplikatuko du, bai lanpostuen balorazioan bai lansarien politikan.

22. artikulua.–Laneko segurtasuna eta osasuna.

Laneko osasuna eta segurtasunari lotuta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eraginkorra izan dadin, Zizur Nagusiko Udalak honako neurri hauek hartuko ditu:

1. Genero-ikuspegitik lan-baldintzetan, laneko arrisku psikosozial, ergonomiko eta higienikoekiko esposizioan eta osasunean dauden desberdintasunak aztertu, eta horien prebenitzeko mekanismoak aplikatzea.

2. Langileen osotasun fisiko zein psikikoa arriskuan jartzen ez duen lan giroa sortu eta mantentzea.

3. Plantillako langileek hartutako laneko bajen intzidentzia aztertzea lanpostuen arabera, zenbait egoera prebenitzeko, non lanak eragindako kalteak pertsonen sexuarekin lotuta egon daitezkeen.

4. Laneko gaixotasunei buruzko ikerketak bultzatzea, genero-ikuspegia aintzat hartuta.

5. Prebentzioa sustatzea langileen ugalketa-osasunari, haurdunaldiari eta edoskitzaroari dagokienez.

6. Gizonen erantzunkidetasuna sustatzea zainketa lanetan eta bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateragarri egiteko prozesuan.

7. Langileak laneko arriskuen prebentzioan prestatzea, genero-ikuspegia aintzat hartuta.

23. artikulua–Sexu jazarpenik eta sexuan oinarritutako jazarpenik gabeko lan ingurunea.

1. Zizur Nagusiko Udalak eta bertan lan egiten duten pertsona guztiek, ordezkariak barne, konpromisoa hartu dute sexu jazarpenik eta sexuagatiko jazarpenik gabeko lan giroa sustatzeko. Zehazki, udal organoek eta zuzendariek beren esku dauden bitarteko guztiak jarriko dituzte eskura, sexu jazarpenezko edo sexuan oinarritutako jazarpenezko egoera oro prebenitu eta eragozteko eta, hala bada, horrelako egoera oro atzeman eta ezabatzeko, bai eta horrelako egoerek eragiten dituzten portaera guztiak zehatzeko ere. Nolanahi ere, biktimentzako laguntza eta babesa isiltasunez, profesionaltasunez, objektibotasunez, inpartzialtasunez eta arintasunez ematea bermatuko da.

2. Konpromiso hori betetzen dela egiaztatzeko, jarri zen martxan Zizur Nagusiko Udalaren Sexu jazarpenari eta/edo sexuagatiko jazarpenari aurrea hartzeko eta horren kontra jarduteko protokoloa.

Aipatu protokoloa aplikatuko zaie Zizur Nagusiko Udalaren zerbitzuan lanean ari diren langile guztiei, edozein izanik ere langileekiko lan harremanaren izaera juridikoa.

Protokoloa bera ebaluatzea aurreikusia dago, sexu jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio- eta jarduketa-tresna gisa, 4 salaketaren tramitazio bakoitzaren jarraian, bai eta lege aldaketak gertatzen diren bakoitzean eta gaiari buruzko ezagutza teknikoetan hobekuntzak dauden bakoitzean ere.

24. artikulua–Zizur Nagusiko Udaleko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko Barne Plana.

1. Ordenantza honetan bildutako neurriak gauzatzeko, Zizur Nagusiko Udaleko emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko barne planen bitartez lan eginen da, daudenak ebaluatuz eta plan berriak egitea bultzatuz.

2. Berdintasunerako Barne Planaren Jarraipen Batzordea izanen da Berdintasunerako Barne Planaren jarraipenaz eta ebaluazioaz arduratuko den erakundea, eta bere jardueraren berri emanen die Berdintasunaren Batzordeari.

3. Berdintasunerako Barne Planaren Jarraipen Batzordean buru egiten duena Berdintasunaren Batzordeko burua da, eta alkateak ordeztu ahal izanen du. Honako kideek osatzen dute: giza baliabideen arduradun bat, langileen batzordearen ordezkaritza bat, berdintasuneko agentea eta Udaleko arlo desberdinetako 3 ordezkari tekniko edo administratibo. Aipatu batzordean parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da partaideek genero eta aukera berdintasunari buruzko sentsibilizazioa eta/edo prestakuntza izatea.

4. Berdintasunerako Barne Planaren Jarraipen Batzordeak urtean bitan eginen du bilkura arrunta, Berdintasunerako Barne Plana ezartzeko eta ebaluatzeko behar den planifikazioa eta lan banaketa egite aldera. Berdintasunerako Barne Planean ezarritako neurriak garatzeko, behar diren lan bilkura bereziak eginen dira.

5. Berdintasunerako Barne Plana urtero ebaluatuko da.

III. ATALA

Genero eraginari buruzko txostenak

25. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Generoaren eraginari buruzko azterlanaren helburua da arauzko xedapenek edo politika publikoek emakumeen eta gizonen bizitzan –modu bereizian– izan ditzaketen ondorioak identifikatzea eta baloratzea, genero desberdintasunak gertatzea, mantentzea edo areagotzea identifikatu, prebenitu eta ekiditeko asmoz.

26. artikulua–Genero eraginari buruzko txostenak prestatzearen egokitasuna.

1. Genero eraginari buruzko txostenak egin beharko dira udal alor bakoitzaren arauen, planen eta programa nagusien proiektuetan.

2. Udal alor bakoitzak finkatuko du arauen, planen eta programen garrantzia, Berdintasunaren Alorrarekin koordinaturik, eta Zizur Nagusiko Udalak osoko bilkuran onetsiko du urtero.

3. Aurreko ataletan ezarritakoa alde batera utzita, gastu arrunten aurrekontuaren %5 gainditzen duten kontratazio espedienteek genero eraginari buruzko txostenak izan beharko dituzte.

27. artikulua–Genero eraginari buruzko txostenak prestatzeko prozedura.

Hona hemen genero eraginari buruzko txostena prestatzeko faseak.

1. Araua, programa edo plana sustatu duen alorrak prestatuko du genero eraginari buruzko txostena.

2. Araua, programa edo plana bidaliko zaio, genero eraginari buruzko txostenarekin batera, Berdintasunaren Alorrari.

Berdintasunaren Alorrak, arau proiektua, programa edo plana eta txostena aztertu ondoren, iruzkinak bidaliko dizkio udalean hura sustatu duen alorrari, arau proiektua, programa edo plana indarrean dagoen berdintasunari buruzko legediak ezarritakoari egokitzeko egin beharreko zuzenketekin.

3. Datuak biltzeko sistemen diagnostiko bat eginen da alor bakoitzean, horien sistematizazioa eta egokitzapena behar bezala gauzatzeko, helburua izanik informazioa biltzea eraginari buruzko txostenak modu egokian egin ahal izateko.

4. Genero eraginari buruzko txostenak osatzeaz arduratzen diren teknikariek prestakuntza jasoko dute haiek egiteko beharrezkoa den gaikuntza izateko.

28. artikulua.–Inpaktu mota.

Arau, plan edo programaren edukiaren arabera, txostenean ondoriozta daiteke generoan oinarritutako inpakturik duen ala ez.

1. Joko da generoan oinarritutako inpaktua dagoela, baldin eta araututako gaiak eragina badu emakume eta gizonen egoera pertsonal eta sozialean. Kasu horretan, txostenak erakutsi beharko du nolako eragina duen honako hauetan:

a) Eragin positiboa berdintasunean. Halakoa izanen da emakume eta gizonen arteko desberdintasunak –aurrez identifikatuak– murrizten baditu. Araua, plana edo programa egokitzen zaio emakumeen eta gizonen arteko aukera eta tratu berdintasunerako printzipioari.

b) Eragin negatiboa berdintasunean. Halakoa izanen da desberdintasunak murrizten ez baditu edo areagotzen baditu. Araua, plana edo programa berrikusi beharko da, eta behar diren zuzenketak sartu inpaktu positiboa izan dezan.

2. Joko da generoan oinarritutako inpakturik ez dagoela baldin eta araututako gaiak ez badu inolako eraginik emakume eta gizonen egoera pertsonal eta sozialean, eta, horrenbestez, egiazko berdintasuna lortzeko inolako eraginik ez badu.

29. artikulua.–Generoan oinarritutako inpaktuaren edukia eta hura identifikatzeko prozesua.

1. Aurreikusten bada arauak, planak edo programak generoan oinarritutako inpaktua duela, txostenak honako hauek jaso beharko ditu:

a) Datu estatistiko ofizialak, arauaren, planaren edo programaren eduki eta helburuarekin alderatuta emakumeak eta gizonak zein egoeratan eta tokitan dauden ikusteko. Hau da, berekin dakar arautzen ari den gaiarekiko emakume eta gizonek duten egoera eta kokapen hierarkikoaren deskribapena, benetako kopuruak edo genero adierazle arruntak erabiliz, besteak beste “genero-arrakala”. Pertsona juridiko edo kide anitzeko organoetan, horiek osatzen dituzten emakume eta gizonen ehunekoei buruzko datuak emanen dira, baita ardura maila eta jarduera esparruei buruz ere.

b) Aipatutako datuen azterketaren emaitza, dagoen berdintasun edo desberdintasun maila adierazita, hala alderdi kuantitatiboekin nola kualitatiboekin lotutakoei dagokienez.

c) Aurreko azterketako emaitzak eta arau, plan edo programaren edukiak alderatuta, aurreikusiko da nolako eragina izanen duen hura aplikatzeak identifikatu diren desberdintasun egoeretan, eta balizko emaitza erakutsiko da: onetsia izanez gero, xedapenak, planak edo programak eragina izanen ote duen egun dauden desberdintasunak betikotu edo areagotzeko, edo, kontrara, horiek zuzendu eta txikitzen lagundu eta genero berdintasuna bultzatuko ote duen.

I. Aurreko analisitik ondorioztatzen bada inpaktua negatiboa dela, txostenak modu arrazoituan iradokiko ditu araua, plana edo programa zuzentzeko neurriak, inpaktu positiboa izate aldera.

II. Arauaren, planaren edo programaren analisia eginda, ondorioztatzen bada inpaktua positiboa dela, txostenean adieraziko da emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasunean aurrerapausoak emateko eragina izanen luketen neurri, ekintza edo alderdiak arau proiektuaren zein artikulutan edo planaren edo programaren zein edukitan zehazki jasota dauden.

2. Aurreikusten bada arauak, planak edo programak ez duela genero inpakturik, ez da nahikoa izanen txostenak adieraztearekin edukia neutroa dela, eta, horrenbestez, ez duela aldeko edo kontrako inpakturik berdintasunari dagokionez; alabaina, justifikatu beharko du zergatik ez duen inolako eraginik emakume eta gizonen egoera pertsonal eta sozialean, eta, horrenbestez, ez dion inolaz ere eragiten egiazko berdintasuna erdiesteari. Halaber, eta, edozein kasutan, erabiltzen den hizkerak berdintasunaren printzipioarekin bat eginen du, hizkera inklusiboa erabiliz.

3. Berdintasunaren Alorrak jarraibideak emanen dizkie Udaleko alorrei –zehazki, txosten horiek egiteko ardura duten langileei– egiaztatze aldera arau, plan edo programa zein mailatan egokitzen zaion emakume eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzeari.

IV. ATALA

Genero-ikuspegia kontratazioan

30. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udalak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatuko du kontratazio publikoan.

2. Horretarako, integratuko dira “Zizur Nagusiko Udalaren kontratu publikoetan klausula sozialak eta ingurumenekoak sartzeko Akordioa” izeneko dokumentuan bildutako irizpideak.

31. artikulua.–Neurriak.

Aurreko artikuluko konpromiso, aitorpen eta bermeen esparruaren barruan, Zizur Nagusiko Udalak honako neurri hauek aplikatuko ditu:

1. Aintzat hartu beharko ditu kontratu bakoitzak berdintasuna sustatzeko eskaintzen dituen genero ondorioak eta aukerak, eta kontratuen inguruko foru araudia aplikatu, berdintasunari buruzko gizarte irizpideez bezainbatean.

2. Adjudikazio irizpideen artean nahitaez txertatuko dira gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin lotutako irizpideak (beren haztapena guztiaren %5ekoa izanen da gutxienez), salbu eta horien txertaketa gehiegizkoa den eta Berdintasunaren Alorraren oniritzia duten justifikatutako kasuetan.

32. artikulua.–Eginbeharrak.

Zizur Nagusiko Udalarekin kontratatzen duten entitate edo pertsona guztien betebeharra izanen da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurri hauek hartzea.

1. Hizkera ez-sexista eta komunikazio inklusiboa erabiltzea kontratatutako programa, proiektu edo jarduerak sustatzeko egiten diren kartel, testu eta agirien edukietan, Hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio barneratzailearen sustapena arautzen dituen udal ordenantzan ezarritakoa betez. Ordenantza Zizur Nagusiko Udalak 2015eko apirilaren 30ean egindako osoko bilkuran onetsi zen.

2. Genero-ikuspegia txertatzea kontratuaren xede diren programa, proiektu eta jardueretan, salbu eta bidezkoa ez denean; kasu horretan, arrazoituz justifikatu beharko da.

3. Sexuagatik zuzeneko zein zeharkako diskriminazioa eragiten ez duen programa, proiektu edo jarduerarik ez prestatzea.

4. Sexuaren arabera banandutako estatistikak prestatzea.

V. ATALA

Genero-ikuspegia dirulaguntzetan

33. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udalak, dirulaguntzak emateko orduan, genero-ikuspegia barne hartuko du balorazio irizpideen artean, bai aurkeztutako eskaintzan bai diruz lagundu nahi den proiektu edo jardueran.

2. Horretarako, integratuko dira “Zizur Nagusiko Udalaren dirulaguntza publikoetan klausula sozialak eta ingurumenekoak sartzeko Akordioa” izeneko dokumentuan bildutako irizpideak.

34. artikulua.–Neurriak.

1. Zizur Nagusiko Udalak ez die inolako laguntza edo dirulaguntzarik emanen sexu arrazoiak direla medio diskriminatzen duten jarduerei –salbu eta sexuen arteko desberdintasunak zuzentzea xede duten kasuetan–, ez eta sexu zioak direla eta diskriminatzeagatik zehapen administratibo edo penal baten xede izan diren pertsona fisiko eta juridikoei ere, dagokien zehapenak ezarritako epean.

2. Elkarte, erakunde edo kolektibo eskatzaileei dirulaguntzak esleitzeko orduan, balorazio irizpide gisa txertatu ahalko da horien konpromisoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko, hala bere zuzendaritza organoen osaerari nola garatu nahi dituzten jarduerei dagokienez.

35. artikulua.–Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntzaren baten onuradun diren pertsona eta entitate guztiak, dirulaguntzak emateko prozedura eta ildoa edozein delarik ere, honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Hizkera inklusiboa eta hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzea kontratatutako programa, proiektu edo jarduerak sustatzeko egiten diren kartel, testu eta agirien edukietan, Hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio barneratzailearen sustapena arautzen dituen udal ordenantzan ezarritakoa betez. Ordenantza onetsi zen Zizur Nagusiko Udalak 2015eko apirilaren 30ean egindako osoko bilkuran.

2. Genero-ikuspegia txertatzea dirulaguntzaren xede diren programa, proiektu, jarduera eta gogobetetasun inkestetan, salbu eta bidezkoa ez denean; kasu horretan, arrazoituz justifikatu beharko da.

3. Sexuagatik zuzeneko zein zeharkako diskriminazioa eragiten duen programa, proiektu edo jarduerarik ez prestatzea.

4. Sexuaren arabera banandutako estatistikak prestatzea.

VI. ATALA

Plangintza eta aurrekontuen ebaluazioa

36. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Udalak urtero esleitu eta zehaztuko ditu bere aurrekontuetan ordenantza honetan aurreikusitako eginkizunak betetzera eta neurriak gauzatzera zuzendutako baliabide ekonomikoak, baita emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, oro har, sustatzera bideratutakoak ere.

2. Nolanahi ere, Udalak bermatuko du aurrekontuko partidak egokiak eta nahikoak direla berdintasun politika publikoak garatzeko.

3. Halaber, sustatuko du gastu arrunten aurrekontuan Udalaren berdintasun politikek gutxienez %1eko zenbatekoa duen partida bat izatea.

4. Sarreren eta gastuen politiken diseinuan, exekuzioan eta ebaluazioan, Udalak kontuan izanen ditu emakumeen eta gizonen baldintzen, egoeren eta beharren arteko desberdintasunak. Horretarako, sustatuko du genero-ikuspegia duten aurrekontuak egitera bideratutako ekimenak abiatzea edo finkatzea eta horien inguruko hausnarketa eta analisia egitea.

VII. ATALA

Informazioaren kudeaketa eta komunikazio-politika

37. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Ezertan galarazi gabe Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako 3/2007 Lege Organikoaren 28. artikuluan jasotako betebeharrak betetzea, Zizur Nagusiko Udalak zuzenean edo hirugarren pertsona fisiko edo juridikoen bidez sortutako idatzizko agiri, ikono eta euskarrietan (irudiak, webguneak, txatak...) erabilera ez-sexista baliatuko dute informazio, komunikazio eta hizkuntza mota oro ekoiztu eta kudeatzean.

2. Halaber, aurreiritziak saihestu eta prebenituko ditu, bai eta sexu baten zein bestearen gehiagotasuna edo gutxiagotasuna edota estereotipatutako rol maskulino eta femeninoak islatzen dituzten esamoldeen eta irudien erabilera ere.

3. Era berean, emakumeak eta gizonak modu berdintsuan tratatzea sustatuko da, haien protagonismoa eta balorazioa parekoak direla bermatuz, idatziz zein ahoz emandako informazioan, ikonografian, publizitatean eta barneko zein kanpoko komunikazioetan.

4. Aipatu gaiak araututa daude Hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio barneratzailearen sustapena arautzen dituen udal ordenantzan, eta horretara jotzen dugu.

VIII. ATALA

Udalaren azterlanak eta estatistikak

38. artikulua.–Xedapen orokorra.

Ordenantza honetako arauak benetan gauzatzeko eta genero-ikuspegia ohiko jardueran benetan txertatzeko, Zizur Nagusiko Udalak, bere eskumenen barnean, honako hauek egin beharko ditu:

1. Sexu-aldagaia sistematikotasunez sartzea egiten dituen estatistiketan, inkestetan eta datu-bilketetan.

2. Estatistika-eragiketetan adierazle berriak erabiltzea, ahalbidetuko dutenak hobeki ezagutzea emakumeen eta gizonen desberdintasunak, honako hauei dagokienez: baloreak, eginkizunak, egoerak, baldintzak, asmoak eta beharrizanak.

3. Beharrezko adierazleak eta mekanismoak diseinatzea eta sartzea, ahalbidetuko dutenak beste aldagai batzuen eragina ezagutzea, esku-hartzearen esparruetan askotariko diskriminazio egoerak sortzen dituztenak.

4. Behar besteko edukia duten laginak egitea, sartutako aldagaiak sexu-aldagaiaren arabera erabili eta aztertu ahal izateko.

5. Eskuragarri dauden datuak erabiltzea, jakin ahal izateko zein diren emakumeek eta gizonek esku-hartzearen esparruetan dituzten egoera, baldintza, asmo eta behar desberdinak.

6. Eginda dauden estatistiketako definizioak aztertu eta, hala denean, egokitu, hori lagungarri izan dadin, emakumeen lana aitortu eta baloratzeko, eta emakumeen zenbait kolektiboren gaineko estereotipo negatiboa saihesteko.

III. TITULUA

Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze
soziopolitikoa eta balioen aldaketa

I. KAPITULUA

Emakumeen autonomia ekonomikoa

39. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udalak konpromisoa hartzen du emakumeek egun ez ezik udalerriaren historian zehar ere tokiko garapenean eduki duten rola ezagutzera eman, ikusarazi, azpimarratu eta hedatzeko. Horretarako, hala Berdintasunaren Alorraren ekimenez nola Zizur Nagusiko Udalari lotutako beste zenbait zerbitzu, entitate eta erakundek bultzatuta, dela beren kabuz dela beste entitate batzuekin elkarlanean, zenbait ekintza sustatuko dira emakumeek herriaren garapen sozioekonomikoan bete duten zeregina ikertu eta ezagutzera emateko.

2. Harreman iraunkor eta arinak ezarriko dira jarduera ekonomiko eta enpresarialaren garapena sustatzen duten tokiko eragile guztiekin, emakumeek arlo horretan dituzten baldintzak hobetze aldera.

3. Zizur Nagusiko Udalak prestakuntza, orientazioa, informazioa eta laguntza arloetako jarduerak eta programak sustatuko ditu edo laguntza emanen du haietan, emakumeak gizarteratu eta laneratzeko, eta arreta berezia emanen zaie gizartean baztertuta dauden emakumeei.

4. Halaber, emakumeei kalitateko lanpostuak emateko konpromisoa hartzen duten enpresak lagundu eta/edo aitortuko ditu, eta, bestalde, modu autonomoan laneratzea erabakitzen duten emakumeak babestu eta animatuko ditu.

5. Zizur Nagusiko Udalak, ikastetxeekin zein tokiko prestakuntza zentroekin dituen harremanetan, indarreko genero estereotipoak hausten dituen lanbide-orientazio bokaziozkoaren aldeko jarduketak edo programak sustatuko ditu; izan ere, estereotipo horien arabera, mutilek zein neskek tradizioz esleitzen zaizkien ikasketak hautatzen dituzte, gizarteak gizonengandik eta emakumeengandik espero daitekeena berriz ere gauzatuz eta, hortaz, desberdintasunak sortuz.

II. KAPITULUA

Partaidetza eta eragin politikoa

40. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko emakumeek eta gizonek eskubidea dute berdintasunean parte hartzeko tokiko gobernuan eta bizitza publikoan, Zizur Nagusiko Herritarren parte-hartzearen udal ordenantzaren espirituaren eta edukiaren arabera.

2. Zizur Nagusiko Udalak konpromisoa hartzen du emakumeen tokiko parte-hartzearen gaineko diagnostikoa egiteko eta gaian sakontzeko, haien parte-hartzea mugatu ohi duten zergatiak eta zioak ezagutze aldera.

3. Orobat, Zizur Nagusiko Udalak, Berdintasunaren Alorraren bitartez, formulak bilatuko ditu emakumeen parte-hartzea zailtzen duten oztopoak kentzeko, haien parte-hartzea sustatze aldera, dela banaka dela taldeka, barne harturik, egokia balitz, honako alderdi hauek: parte-hartzerako prestakuntza edo neurriak abiaraztea parte-hartze prozesuak egokitu daitezen emakumeen behar praktikoetara eta interes estrategikoetara. Elkarte eta talde feministak eta/edo emakumeen elkarte eta taldeak lagunduko ditu, eta haien garapena sustatuko.

III. KAPITULUA

Hezkuntza eta hezkidetza

41. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udala, Berdintasunaren Alorraren bitartez, harremanetan egonen da hezkuntzaren, prestakuntzaren eta pertsonen sozializazioaren arloan diharduten erakundeekin, ezinbestekotzat jotzen baitira berdintasunean oinarritutako balioak, ereduak eta erreferenteak sustatzeko.

2. Zizur Nagusiko Udalak, eta zehazkiago Berdintasunaren Alorrak zein horren burutzan ari diren kide politiko eta langile teknikoek lehentasunezko helburutzat edukiko dute harreman iraunkorrak eta arinak edukitzea tokiko eskola komunitatearen ordezkaritzarekin (irakasleak, gurasoak, ikasleak, etab.) eta beste zenbait prestakuntza organo eta entitaterekin, beharrei antzemateko eta diagnostiko partekatua egiteko udalerrian berdintasunezko kultura garatzeari begira.

3. Halaber, Berdintasunaren Alorrak kontuan hartuko du komenigarri ote den eskatzea udalerrian lanean ari diren era askotako eskola-foroetan sartu eta parte hartzeko.

4. Zizur Nagusiko Udalak, Berdintasunaren Alorraren bitartez, lankidetza ekimenak diseinatzen eta abiatzen ahalko ditu ikastetxeekin eta prestakuntza-entitateekin batera, berdintasunezko balioak sustatzeari begira.

5. Haurrei eta gazteei egokitzen ahal zaizkien berdintasunaren aldeko sentsibilizazio kanpainek berariazko hedapena eta tratamendua edukiko dituzte, dagozkien entitate publikoekin elkarlanean.

IV. KAPITULUA

Sexu-eskubideak eta sexu zein genero identitate aniztasuna

42. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udalak aitortzen du pertsona orok baduela oinarrizko eskubide guztiak eta giza eskubide unibertsal guztiak bete-betean baliatzeko eskubidea, kontuan hartu gabe bere sexu orientazioa, genero adierazpena eta sexu edo genero identitatea.

2. Hori dela eta, Zizur Nagusiko Udalak diskriminatua ez izateko eskubidea babestuko du, pertsonaren, bere familiaren edo talde sozialaren sexu orientazioa, genero adierazpena eta sexu edo genero identitatea edozein direla ere.

3. Halaber, konpromisoa hartzen du berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioak benetan betetzen direla sustatu eta bermatzeko, beharrezkoak izan daitezkeen ekimen positibo guztiak gauzatuz, sexu orientazioak, genero adierazpenak eta sexu edo genero identitateak eta familia edo talde sozial batekoa izateak eragindako egoera oro ezabatzeko.

4. Halaber, Zizur Nagusiko Udalak babesa emanen du gogoan hartzeko moduko egunetan ekitaldiak eta antzekoak ospatzeko, gai hau ikusgarri bihurtzeko moduak diren neurrian, LGTBI+ pertsonen bizitzan berdintasun sozial bete-betea eta eraginkorra lortzeko tresnak baitira. Bereziki, LGTBI+ mugimendu sozial ekintzaileak ekainaren 28an, sexu eta genero aniztasunaren aldeko nazioarteko egunean, alegia, egiten dituen ekintzak babestu eta lagunduko dira.

5. Zizur Nagusiko Udalaren Berdintasunaren Alorrak kanpainak sustatuko ditu emakume homosexualek, bisexualek eta transexualek jasaten duten diskriminazioa ezabatzen laguntzeko, genero adierazpen eta sexu zein genero identitateagatik jasaten duten diskriminazio anizkoitza errotik ezabatzeko.

V. KAPITULUA

Ohitura osasungarriak, jarduera fisikoa eta kirolean parte hartzea

43. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udalak udalerriko kirol eragileekiko lankidetza sustatuko du, kirol praktikan esku hartze aldera, baldin eta kirol jarduera batean, aisialdikoa, lehiakoa edo osasunera bideratua delarik, antzematen bada objektibotasunez emakumearen kontrako diskriminazioa izan dela zio hauetako batengatik: emakumeen intereseko kirol eskaintzarik eza, kultura eta hezkuntzaren arloetako arazoak emakume eta neska kirolarien ingurunean, komunikabideetan ez agertzea emakume kirolari erreferenterik edo denbora libre gutxiago edukitzea kirola egiteko, besteak beste.

2. Zizur Nagusiko Udalak emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatuko du kirol eginkizunetan (kirolariak, zuzendariak, arbitroak, boluntarioak eta abar), horietan objektiboki emakumearen kontrako diskriminaziorik atzemanez gero.

3. Zizur Nagusiko Udalak baliabide publikoen bidez bultzatuko du udalerrian zenbait kirol eskaintza egitea, baldin eta, aurrez diagnostiko objektiboa eginda, ahalbidetzen badute edozein sexutako biztanleria talde ororen aukera askotarikoak ugaltzeko, eta pertsona jakin batzuk beste kirol ezberdin batean aritzea nahi izanda ere, kirol praktika mota zenbaiti lotarazten dieten hezkuntza eta kultura arloko oztopoak gutxiagotzen badituzte.

4. Zizur Nagusiko Udalak ariketa fisikoa eta kirola sustatuko ditu edozein adineko emakumeen artean, bereziki eskola-adinean eta hirugarren adinean, betiere kirol eta osasun arloetako erakunde ofizialek aholkatzen duten ariketa fisiko zein kirol motarekin eta kantitatearekin bat.

5. Zizur Nagusiko Udalak baliabide publikoekin antolatu edo babesten dituen torneo, lehiaketa eta txapelketetan sustatuko da emakumeen eta gizonen presentzia albait orekatuena izan dadila. Halaber, kirol jarduera mistoak sustatuko dira, hezkidetza bultzatzekoak, berdintasuna beren balio erantsien artean modu planifikatu batez txertatua dutenak.

6. Zizur Nagusiko Udalak emandako sari, aitortza edo dirulaguntzetan sexuen araberako ordezkaritza zein ikusgarritasun albait orekatuenak bermatuko dira onuradunen artean.

7. Zizurko Udalak Ardoi Kirol Patronatuaren bidez egindako programa berekiak hezkidetzaren edo berdintasunezko balioetan oinarritutako hezkuntzaren erreferenteak izanen dira. Parte hartzaileen, haien familien eta ingurukoen artean berdintasunaren balioak zabaltzen direla zainduko da.

44. artikulua.–Osasunaren sustapena.

1. Zizur Nagusiko Udalak osasuna sustatzeko egiten dituen jarduketetan, emakumeak beren buruen gaineko kontrol handiagoa edukita, osasun maila hobetzen duen prozesua bultzatuko du. Horien artean, hezkuntzako, prebentzioko eta osasuna sustatzeko ekintzak sartzen dira, zeinetan herritarrek bizimodu eta politika osasuntsuen aldeko jarrera erakusten duten; hala, ahalduntzearen eta babes sozialaren bitartez, osasuntsuago bizi daitezke.

2. Zizur Nagusiko Udalak konpromisoa hartzen du emakumeei eragiten dieten osasunaren determinatzaileak ikertu eta ikusarazteko, bereziki azpimarratuta genero sistemak esleitzen dizkien eginbehar eta betebeharretatik eratorritakoak.

3. Zizur Nagusiko Udalak, bere eskumenak erabiliz –Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren osasunaren arloko plan eta gidalerroen baitan–, konpromisoa hartzen du Oinarrizko Osasun Laguntzako eta Pediatria zerbitzuekin harremanetan egoteko eta elkarlanean aritzeko, bai eta emakumeen osasun afektibo-sexuala eta ugalketakoa hobetzen laguntzen duten osasun zerbitzuekin ere; horretarako, arreta berezia emanen die zaurgarritasun egoeran dauden emakumeei.

4. Berdintasunaren, Kirolaren, Gizarte Zerbitzuen edo bidezko diren beste edozein udal alorrek modu bateratuan eginen dute lan Zizur Nagusiko gazteei hezkuntza afektibo-sexuala eta ugalketakoa emateko jarduketen diseinuan eta garapenean, sexualitatea modu askean bizi behar dela transmititzeko, aurreiritzirik eta estereotiporik gabe, norberak erabakitzen duenaren arabera, bera baita bere gorputzaren eta sexualitatearen arduraduna.

5. Zizur Nagusiko Udalak konpromisoa hartzen du herritarrak, oro har, eta osasuneko langileak bereziki sentsibilizatzeko ohartu daitezen emakumeen kontrako indarkeriak kaltetu egiten duela emakumeen osasuna eta beren familiena (seme-alabena, bereziki).

6. Zizur Nagusiko Udalak zenbait jarduketa diseinatu eta gauzatuko ditu, generoak eragindako estereotipoek udalerriko emakumeen eta gizonen osasuna kaltetu dezaten saiheste aldera.

VI. KAPITULUA

Kultura eta kultur sorkuntza

45. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udalak zainduko du emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa eragingarri izatea, sorkuntza eta ekoizpen artistiko nahiz intelektualari eta hori hedatzeari lotutako edozein aldetan.

2. Zizur Nagusiko Udalak tokiko kultur politika berrikusiko du genero-ikuspegitik abiatuta, eta beharrezko neurriak hartuko ditu kulturaren esparruan emakumeen parte-hartzeari dagokionez atzemandako defizitak (sorkuntzan, emanaldietan edo hedapenean eta kontsumoan) gero eta gehiago gainditzeko.

3. Orobat, egungo joerak orekatzeko xedez, bitarteko egokiak eta eskuragarriak jarriko ditu emakumeak arte- eta sormen-ekoizpenean gehiago engaia daitezen eta horiek ekoizle edo protagonista diren kultur jardueretan parte-hartzea handiagoa izan dadin, bai eta gizonezkoentzat rolak aldatzea dakarten horietan ere.

4. Zizur Nagusiko Udalak, halaber, zainduko du bere kultur politikaren esparruan programatutako edukiek ez dezatela eduki mezu edota ikonografia sexistarik, eta programazioetan genero-ikuspegia aintzat hartzen dela.

5. Horretarako, Kultura eta Euskararen Alorra eta Berdintasunaren Alorra elkarlanean arituko dira planteatutako gai guztiak diseinatu eta garatzeko.

46. artikulua.–Tokiko memoria.

Tokiko memoria udalerriari identitatea ematen dion funtsezko osagarria da. Hori dela eta, Berdintasunaren Alorraren bitartez, ekimenak sustatuko dira emakumeek udalerriaren historian eta garapenean izan duten garrantzia azpimarratzeko, eta pixkanaka haien presentzia areagotuko da udalerriaren imajinarioan, adibidez, plaza, parke, eraikin, monumentu eta bestelako elementu sinbolikoei beren izena jarriz. Bereziki sustatuko da egun dauden eraikinak izendatzea: esate baterako, kultur etxea, musika eskola, liburutegia eta Bigarren Hezkuntzako Institutua.

VII. KAPITULUA

Festak

47. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udalak aitortu egiten du festa gunearen eta festa denboraren balio sinbolikoa tokiko esparruan, eta, hori horrela, konpromisoa hartzen du bertan egon daitezkeen emakumeekiko bereizkeriak diagnostikatu, ezagutu eta aitortzeko. Halaber, ahaleginduko da festa gunea eta festa denbora osatzen dituzten elementu guztiak bat etor daitezen, bete-betean etorri ere, berdintasun irizpideekin.

2. Zizur Nagusiko Udala arduratuko da festa jarduerek eta horiek sortzen duten giroak udalerriko pertsona guztien gozamena areagotu dezaten, festa ekitaldietan parte hartzeko eskubidea ezein kasutan mugatu gabe, sexua, adina, jatorria, hezkuntza maila, egoera ekonomikoa edo sexu aukera direla bide.

48. artikulua.–Eraso Sexisten aurkako Mahaia.

1. Zizur Nagusiko Udalak bere gain hartzen du ardura emakumeen kontrako indarkeriaz bezainbatean eta apustu egiten du emakumeen kontrako erasorik gabeko herri bat eraikitzearen alde. Hori horrela, herri eredu horrekiko konpromisoa erakusten du, indarkeria sexistako kasuak gertatzen direnean modu koordinatu eta koherentean erantzunez.

2. Horrez gain, Festetan Eraso Sexisten aurkako Mahaiaren bitartez, Zizur Nagusiko Udala herriko mugimendu feministarekin elkarlanean arituko da festetan eraso sexistak prebenitzeko kanpaina egiteko. Haren helburua izanen da festetan eraso sexistak prebenitzeko kanpaina diseinatzea, sustatzea eta ebaluatzea, eta Berdintasunaren Informazio Batzordeari eta dagokion gobernu organoari hura onesteko eta egiteko proposatuko die.

3. Eraso Sexisten aurkako Mahaia honako hauek osatuko dute: Zizur Nagusiko Udala, berdintasun teknikariak ordezkatzen duen Berdintasunaren Alorraren bidez (teknikariak koordinazio lanak eginen ditu), eta Zizur Nagusiko emakumeen elkarte eta/edo elkarte feminista bakoitzeko ordezkari bana.

4. Hona hemen prebentzio kanpainaren helburu orokorrak:

a) Festetan eraso sexistak ezabatzeko Udalak hartu duen konpromisoari heltzea.

b) Herritarrak engaiatzea, udalerriak bere osotasunean eraso sexisten kontra jardun dezan.

c) Herritarrak sentsibilizatzea emakumeen aurkako indarkeria mota desberdinen eta horien eraginaren gainean, bai eta gizartearen arbuio irmoa erakusteko beharraren gainean ere.

d) Posible egitea emakumeek bizi dezatela Zizur Nagusia espazio aske eta seguru gisara.

e) Herritarrei jakinaraztea zer nolako baliabideak dituzten eskuragarri festetan gertatzen diren eraso sexistak salatzeko.

f) Eraso sexistarik gertatuz gero, erakunde eta herritarrek erantzun koordinatua ematea.

49. artikulua.–Emakumeek festetan parte har dezaten sustatzea.

Zizur Nagusiko Udalak konpromisoa hartzen du festa guneetan emakumeen partaidetza sustatzeko. Horretarako, Berdintasunaren Alorra festetako programazioaren ardura daraman alorrarekin edo, kasua bada, alorrekin koordinatuko da, emakumeen presentzia ikusgai izan dadin bai egitarauan bai herriko festen garapenean, eta parte hartzeko prozesu eta foroetan genero-ikuspegia sartzen dela zainduko du.

VIII. KAPITULUA

Maskulinitate berriak

50. artikulua.–Xedapen orokorra.

Zizur Nagusiko Udalak konpromisoa hartzen du sistema patriarkalean emandako pribilegio hegemonikoak kolokan jartzen dituzten balio eta maskulinitate-erreferente berriak sustatzeko, horiek emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko ezinbesteko eragile bilaka daitezen.

IX. KAPITULUA

Garapenerako lankidetza

51. artikulua.–Xedapen orokorra.

Zizur Nagusiko Udalak zainduko du bera parte den lankidetza proiektuetan genero-ikuspegia eta jasangarritasunekoa kontuan har daitezen, modu koherente, integral eta zeharkakoan, proiektuen fase guztietan.

IV. TITULUA

Zaintzak eta erantzunkidetasuna ezinbesteko elementutzat
hartzea bizitzaren jasangarritasunerako

I. KAPITULUA

Herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea, zaintzaren
eta kontziliazio arduratsuaren etika garatuz

52. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udalak hausnartzeko eta lan egiteko guneak sustatuko ditu zaintzaren eta kontziliazio arduratsuaren etikatik.

2. Zizur Nagusiko Udalak ikerketa, sentsibilizazio eta prestakuntza arloko ekintzak garatuko ditu genero berdintasuna ekarriko duen balio-aldaketa eragiteko, zaintzaren etikatik.

3. Halaber, zaintza eta kontziliazio arduratsua errazten dituzten baliabideen, sareen eta denbora kudeatzeko era berrien garapena sustatuko da.

II. KAPITULUA

Inguru bizigarri, jasangarri eta segurua

I. ATALA

Hirigintzako plangintza

53. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udalak aitortzen du hirigintza ez dela neutroa genero-ikuspegitik, hobetu edo kaltetu egiten ahal duelako emakumeek beren era askotako ardurak esparru publikoan zein pribatuan gauzatzeko modua.

2. Horregatik, Zizur Nagusiko Udalak konpromisoa hartzen du espazioa eta lurra erabiltzeko politikak eta planak garatzeko orduan, udalerrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko baldintzak sortze aldera.

3. Zizur Nagusiko Udalak berdintasun politikek eskatzen dituzten erantzunkidetasuna eta eginkizunen bateragarritasuna bultzatuko ditu, lurralde antolamenduaren eta hiri-planeamenduaren bidez; horretarako, funtzio anitzeko hirigintza sustatuko du (hirigintza zonifikatua eta funtzio bakarreko hirigintzaren ordez), irisgarritasuna eta barrera arkitektonikoak desagertzea sustatuz, bateratzea errazten duten zerbitzuen eta ekipamenduen kokapen estrategikoa ziurtatuz, edo ekipamenduen eta zerbitzuen ordutegiak bateratze beharretara egokituz.

54. artikulua.–Laguntza eta babesa.

Zizur Nagusiko Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

1. Aztertzea, sexua kontuan izanik, emakumeen eta gizonen segurtasunean eragiten duten gertakarien kopuruari eta motei buruzko estatistikak. Gertakari horien artean, pertsonen aurkako delituak sartzen dira.

2. Estrategiak, politikak eta ekintzak garatu eta aplikatzea, ingurumenaren egoeran edo osaeran berariazko hobekuntzak barne harturik eta alderdi hauek kontuan izanik: argiztapena, oinezkoen bideen luzera, autobus geralekutik edo garajetik dagoen distantzia, sarbide mota, plazen eta lorategien konfigurazioa, eta antzekoak. Hori dena, herritarren segurtasuna modu praktikoan hobetzeari begira eta segurtasun ezaren pertzepzioa murrizten saiatzeko.

II. ATALA

Etxebizitza

55. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udalak aitortzen du etxebizitza duin eta kalitatekoa eskuratzeko eskubideak oinarri duela pertsonen eta beren familien ongizatea lortzeko funtsezko beharretako bat asetzea.

2. Aitortzen du, halaber, gizonak eta emakumeak eskubide horretaz berdintasunean baliatzeko, kontuan hartu behar dela emakumeek zailtasun handiagoak eta behar bereziak dituztela. Eta horrela izanen da Zizur Nagusiko Udalak etxebizitzaren arloan egiten duen edozein neurri edo politikatan.

III. ATALA

Merkataritza eta garraioa

56. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Mugikortasuna funtsezko baldintzatzat hartzen da, emakumeek eta gizonek hirian gauzatu ahal ditzaten beren eskubideetako asko eta asko eta horietatik eratorritako zerbitzuak eskuratu ditzaten.

2. Zizur Nagusiko Udalak genero-ikuspegia txertatuko du mugikortasuna hobetzea helburu duten diagnostiko, ekintza, programa edo plan guztietan.

3. Zizur Nagusiko Udalak, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Orokorra garraioko egoitzan osatzen duten pertsonen bidez, genero-ikuspegia haren funtzionamenduan, araudian eta kudeaketan txertatzeko konpromisoa hartuko du. Konpromiso horrek hainbat neurri ekartzen ahal ditu; besteak beste, trazadurak, ordutegiak eta maiztasunak aldatzea, erabilitako ibilgailuetan aldaketak egitea, edo ordutegiei eta ibilbideei buruzko informazioaren zabalpena hobetzea. Baita sentsibilizazio kanpainen diseinuari dagokionez ere.

Zehazki, Zizur Nagusiko Udalak zainduko du garraio publikoak erantzuten diela pertsonen ongizatea bermatzeko ezinbestekoak diren eguneroko lanetatik eratorritako beharrei; hala, lortu behar du garraio publikoak, ekoizpen laneko (soldatapeko lana) beharrei ez ezik, etxeari lotutako beharrei ere (zaintza eta hornidura) erantzuteko funtzionatzen duela.

4. Zizur Nagusiko Udalak nagusiki emakumeen partaidetza sustatuko du garraio publikoari lotutako diseinuan, plangintzan, kudeaketan eta erabakietan, haiek baitira, egun, gehien erabiltzen dutenak.

5. Eskola adineko ikasleen autonomia garatzen ere lagunduko du, bai eta horien zaintzaz arduratzen diren pertsonen lan bizitza, bizitza pertsonala eta familiakoa uztartzeko neurriak abiarazten lagunduko ere. Horretarako, beste ekimen batzuen artean, eskolako bideak eginen dira udalerrian: ibilbide malguak eta trazadura soilekoak, neskei eta mutilei oinez joatea ahalbidetzen dietenak, hainbat eragileren inplikazioari esker (eskola, irakasleak, familiak, udal administrazioa, auzoko saltegiak, elkarteak, etab.) haurrak seguru sentitzen diren ingurune batean.

IV. ATALA

Ingurumena

57. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udalak aitortzen du bere lurraldean ingurumenaren kalitatea hobetzeko ardura, barne harturik udal eskumenei dagozkien tokiko politikak abiatzea.

2. Aitortzen du, halaber, emakumeek zein gizonek eskubidea dutela Udalak ingurumenaren arloan abiatutako zerbitzuen eta politiken onuradun izateko. Horretarako, kontuan hartu beharko du emakumeen eta gizonen bizimoduak maiz ezberdinak direla, emakumeek eta gizonek joera dutela tokiko zerbitzuak eta aire zabaleko eremuak modu ezberdinez erabiltzeko, edo, ingurumen arazo ezberdinei aurre egin behar dietela.

3. Aurrekoaren ondorioz, Zizur Nagusiko Udalak, ingurumen politikak eta zerbitzuak garatzeari dagokionez, neurri berean hartuko ditu aintzat emakumeen eta gizonen bizimoduei eta belaunaldien arteko elkartasunaren printzipioari lotutako berariazko beharrak.

4. Horrez gain, herritarrak sentsibilizatuko ditu kontsumo jarrera jasangarriaren garrantziaz, kontuan hartuta emakumeen eta gizonen errealitatea ezberdina dela eta, hortaz, kasuan-kasuan egokiak diren mezuak, formatuak eta kanalak erabili behar direla.

5. Uraren zein energiaren kontsumoa eta etxeetan hondakinen sorrera eta kudeaketa jomuga dituzten sentsibilizazio ekintzen kasuan, Udalak erantzunkidetasuna sustatuko du kontsumo mota horiei lotutako etxeko lanez bezainbatean.

III. KAPITULUA

Zainketa lanen balioa gehiago aitortzea,
eta haien interdependentzia ekoizpen sistemarekiko

58. artikulua.–Xedapen orokorra.

Zizur Nagusiko Udalak beharrezko mekanismoak ezarriko ditu honako neurri hauek garatzeko:

1. Langileei laguntzea laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten, betiere emakumeak ahalduntzearen ikuspuntutik, eta zaintza lanetan gizonen erantzunkidetasuna sustatuz.

2. Aldaketa prozesuak sustatzea antolaketan, erdigunean jartze aldera emakumeen eta gizonen berdintasuna eta bizitzaren zaintza.

3. Jarduketa batzuk bultzatzea, zerbitzuko langileen amatasun- eta aitatasun-baimen besterenezinak parekatzeko.

4. Langileen ordutegi- eta espazio-malgutasuna bultzatzea, betiere emakumea ahalduntzen duen ikuspegi batetik abiatuta, zeinak, horrez gain, gizonen erantzunkidetasuna bultzatuko baitu zaintza lanetan.

5. Sustatzea Udala hornitzen duten enpresek aldaketa prozesuak garatu ditzatela beren antolaketan, bateragarritasuna, erantzunkidetasuna eta emakumeen eta gizonen berdintasuna kontuan harturik.

6. Sustatzea Zizur Nagusiko udalerrian egoitza duten enpresek aldaketa prozesuak garatu ditzatela beren antolaketan, bateragarritasuna, erantzunkidetasuna eta emakumeen eta gizonen berdintasuna kontuan harturik.

7. Udal ekipamendu zein zerbitzuen ordu eskaintza egokitzea bateragarritasunaren arloko beharretara.

V. TITULUA

Emakumeen kontrako indarkeria

I. KAPITULUA

Esparru orokorra

59. artikulua.–Xedapen orokorra.

Ordenantza honen ondorioetarako, emakumeen kontrako indarkeria da emakumea izateagatik emakumeen kontra bideratzen dena edo haiengan proportziorik gabeko eragina duena, genero diskriminazioaren agerpen gisa eta emakumeentzako kalte edo oinaze fisikoa, psikologikoa, sexuala edo ekonomikoa dakarrena edo ekar dezakeena, mehatxuak, beldurrarazteak eta hertsatzeak edo askatasun-gabetze arbitrarioak barne hartuta, bizitza publikoan nahiz pribatuan gertatzen direnak. Nolanahi ere, emakumeen kontrako indarkeriatzat jotzen da Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean jasotakoa.

60. artikulua.–Jarduteko esparru orokorra.

Zizur Nagusiko Udalak konpromisoa hartzen du, indarkeria jasaten duten emakumeei eta haien seme-alabei begira, beren eskumenen esparruan betetzeko Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak zein Genero-Indarkeriaren aurka osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak jasotzen dituen betebeharrak, bai eta erakundeen arteko protokolo edo prozeduretan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko ere.

61. artikulua.–Arreta oso eta koordinatua izateko eskubidea.

1. Indarkeria jasan duten emakumeek arreta oso eta pertsonalizatua izateko eskubidea dute; hala, indarkeriaren egoerak eragindako behar guztiak aztertu eta, biktimaren egoera pertsonal eta sozialaren arabera, baliabide egokiak eskainiko zaizkio.

2. Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko udalaren jardunak, bereziki biktimei arreta ematera zuzendutakoak, honako hauek bete beharko ditu:

a) Berdintasuna bermatzea, honako zio hauetako batek eragindako diskriminazioari aukerarik eman gabe: egoera zibila, sexu orientazioa, adina, sinesmena edo ideologia, gutxiengo etniko, nazional edo hizkuntza bateko kidea izatea, maila ekonomikoa, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial oro edo beste zenbait inguruabar pertsonal edo sozial. Beharrezko neurriak hartuko dira beren eskubideak benetan gauzatzeko bermea izan dezaten inguruabar pertsonalak eta sozialak direla bide, laguntza modu integralean jasotzeko zailtasun handiena duten biktimek eta, bereziki, dibertsitate funtzionala duten emakumeek eta emakume etorkinek, haien egoera administratiboa edozein delarik ere.

b) Indarkeriaren biktima izan diren emakumeen autonomia pertsonala erraztea, bizimodu normalizatua bultzatuz.

c) Adingabekoen interesen defentsa bermatzea.

d) Modu eraginkor eta zaluaz antolatzea, egoeren larriak eskatzen duen bezain azkar erantzuteko.

e) Biktimizazio sekundarioa ahalik eta gehien ekiditea, profesionalek eta erakundeek esku hartzen dutenean biktimei eragiten ahal dizkieten eragozpenak ahal den gehien murriztuz.

f) Behar bezalako koordinazioa eta indarkeria jasaten duten emakumeentzako arreta bermatzeko, Zizur Nagusiko Udalak jarduketa protokolo bat lantzeko konpromisoa hartzen du, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarduna koordinatzeko Tokiko Protokoloak Lantzeko Gidari jarraikiz.

II. KAPITULUA

Prebentzioa eta sentsibilizazioa

62. artikulua.–Xedapen orokorra.

1. Zizur Nagusiko Udalak, bere kabuz edo beste erakunde batzuekin elkarlanean, kanpainak bideratuko ditu herritarrak errealitate honen gainean sentsibilizatzeko, eta emakumeei zuzendutako ekintzak antolatuko; horien helburua izanen da emakumeen kontrako indarkeria halakotzat aitortu eta ezagutzea, hori baita lehen urratsa arazoari aurre egiteko.

2. Zizur Nagusiko Udalak konpromisoa hartzen du bere kanpaina guztietan emakumeen kontrako indarkeria giza eskubideen urraketa gisara kontzeptualizatzeko, bai eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna indarkeria horren eragile gisara identifikatzeko ere.

3. Zizurko Udalak txosten bat eginen du urtero, martxoaren 31 baino lehen, non aditzera emanen den udalerriko genero indarkeriaren egoera aurreko urtean, herritarrak sentsibilizatze aldera.

63. artikulua.–Ikerketa.

Zizur Nagusiko Udalak aktiboki lagunduko du eta ikerlanak egitea bultzatuko du udalerrian emakumeen kontrako indarkeria nola gauzatzen den ezagutze aldera, zer ziok eragiten duten, zenbat emakumek jasaten duten eta zer bide har daitezkeen egoera hobetzeko. Jokabide matxistak nola indartzen diren ere aztertuko da, haiek zuzendu eta errotik ezabatzeko politikak abiatze aldera.

III. KAPITULUA

Koordinazioa, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko

64. artikulua.–Udal baliabideen arteko koordinazioa.

Titulu honetan hizpide hartutako arreta, horretan engaiaturik dauden udal zerbitzu guztiek emanen dute koordinaturik bai haien artean bai emakumeak modu egokian suspertzen laguntzen duten gainerako erakundeekin. Xede horretarako, Zizur Nagusiko Udalak lankidetza-hitzarmenak eta protokoloak sustatuko ditu tokiko esparruan, Foru Komunitatearen mailan sinatutako akordioak eta protokoloak udalaren errealitatera garatu, zehaztu eta egokitzeko.

65. artikulua.–Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko erakundeen arteko Nafarroako Akordioa eta Batera Jarduteko Protokoloa.

1. Zizur Nagusiko Udalak bat egiten du Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko erakundeen arteko Nafarroako Akordioarekin.

2. Zizur Nagusiko Udalak beteko du erakundeen arteko Akordioaren esparruan sortutako Batera Jarduteko Protokoloan jasotakoa.

3. Erakundeen arteko akordio hori gauzatuko da Emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarduna koordinatzeko Tokiko Protokoloa egitearen bidez.

66. artikulua.–Udaleko langileen gaikuntza.

Zizur Nagusiko Udalak bere langileak trebatuko ditu emakumeen kontrako indarkeriaren arloan. Batez ere indarkeriaren biktimak diren emakumeei arreta emateaz arduratzen diren langileei, baina ez bakarrik; hainbat sektoreri (gazteak, adineko pertsonak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta abar) zuzendutako politikak diseinatzen dituztenei ere bai, emakumeen kontrako indarkeriari buruz informatzeko eta arazo hori prebenitzeko politikak zeharkakoak izan daitezen. Udalerriko emakumeei zuzendutako jardueren artean, zeharkako prestakuntza jarduerak proposatuko dira, bereziki, emakumeek jakin dezaten nola jartzen den agerian emakumeen kontrako indarkeria, nola errekonozitu daitekeen eta nola egiten ahal zaion aurre.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Genero eraginari buruzko txostenak.

Genero eraginari buruzko txostenei lotuta ordenantza honetan xedatzen dena (25.etik 29.era bitarteko artikuluetan) nahitaez bete beharko da ordenantza indarrean sartu eta urtebete igaro ondoren.

Bigarrena.–Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurrean Jarduteko eta Koordinatzeko Protokoloa egitea.

Berdintasunaren Alorrak konpromisoa hartzen du ordenantzaren 60.2 artikuluko f) puntuan biltzen den protokoloa onesteko prozesua bukatzeko, ordenantzak indarra hartu eta bi urteko epean.

Hirugarrena.–Genero-indarkeriaren egoerari buruzko txostena.

Ordenantzaren 61.3 artikuluan jasotakoa nahitaez bete beharko da 2021. urtetik aurrera.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko dira harekin bat heldu ez diren udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L1908228