170. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

18/2019 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, Legarrako leizeko memoriagunea (Gaztelu) Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen du Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta haien hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

2019ko apirilaren 24an, Donamariako Udalak izenpetutako eskaera bat sartu zen Erregistroan. Idazki horren bitartez, Udalak eskatu zuen abiaraz zedila Legarrako leizeko memoriagunea (Gaztelu) Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hura Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko prozedura, betetzen baititu Nafarroako memoria historikoaren tokitzat hartzeko baldintzak.

Haren eskaera ikusirik, Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatu zuen Legarrako leizeko memoriagunea (Gaztelu) Nafarroako memoria historikoaren toki deklara zedin, eta hura Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatu. Izan ere, toki horretan gauzatu zen 1936ko estatu kolpe militarraren ondoko krimenik izugarrienetako bat, bertara bota baitzituzten Juana Josefa Goñi Sagardíaren gorpua (38 urte) eta haren zazpi seme-alabetako seirenak: Joaquín (16 urte), Antonio (12 urte), Pedro Julián (9 urte), Martina (6 urte), José (3 urte) eta Asunción (18 hilabete). 1936an, Gaztelun bizi zen sendia, Donamarian. Estu bizi ziren, batez ere aita matxinatutako tropekin joan zenetik. Familia desagertu ondoren gertatutakoa ikertzen hasi baziren ere, ezin izan zen egiaztatu krimena gauzatu zenik. Eskualdean, alabaina, denek zuten kontuaren berri, ofizialki inork ezer esan ez bazuen ere. 2016ko irailean gorpuak lurpetik atera zituztenean egiaztatu ahal izan zen kontakizuna benetakoa zela. Hala ere, ez da adostasunik pertsona horiek zergatik bota zituzten azaltzeko orduan, tartean nahasturik baitaude aurreiritzi sozialak eta gai politikoak.

Edonola ere, 1936ko estatu kolpe militarraren ondotik zigorgabetasuna nagusi zen. Horrek aukera ematen zuen izu giroa zabaltzeko, eta galarazten zuen inork kontrako iritzia izatea edo kontra egitea. Horregatik gauzatu zen hain krimen larria –hainbat pertsona hil baitzituzten, tartean sei neska-mutiko– horren gaineko erantzukizunik inori egotzi gabe.

2017ko irailean, Sagardía sendiaren aldeko omenaldia egin zen Legarrako leizean. Ondoren, Gaztelun, gorpuzkiak eman zizkieten ahaideei, herriko hilerrian ehortzi zitzaten.

Gazteluko Legarrako leizeak, talde hilketen lekuko izan diren beste toki batzuen antzera, bisitariari galdegiten dio Nafarroan 1936ko estatu kolpearen ondotik nagusi zen izugarritasunari buruz.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez aitortutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Legarrako leizeko memoriagunea (Gaztelu) Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura abiatzea, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan prebentziozko haren idatzoharra egitea, LM-2019-0013 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzak jasota.

2. Prozedura abiatzeak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

3. Kautelaz etetea zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta tokiaren gainean emanak leudekeenen ondorioak.

4. Kautelaz etetea ondasunaren balioak arriskuan jartzen dituen esku-hartze oro.

5. Etete horiek mantenduko dira deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan ken dezake etete hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

6. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen zaio ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, jendaurrean jarriz hilabetez, argitaratzen denetik hasita.

Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio egin ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzenduta.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuari eta Donamariako Udalari, eta pertsona fisiko eta juridiko interesdunei hilabeteko entzunaldia ematea, ebazpen hau jakinarazten denetik aurrera, aurkez ditzaten beren eskubidea defendatzeko komenigarri iritzitako alegazio eta agiriak oro.

Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio egin ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1) Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzenduta.

Iruñean, 2019ko uztailaren 23an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Álvaro Baraibar.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

Legarrako leizeko memoriagunea (Gaztelu).

Katastroko erreferentzia: 310000000001158583BO.

Kokatze kodea: 1-173.

Ondasunaren ukitutako zatiak:

Oroitzapen eskultura.

Zehaztapen kartografikoa (IDENA):

1.639024,43.115843,490

1.639112,43.115727,490

1.638942,43.115653,493

1.638841,43.115778,493

1.639024,43.115852,490

Balioen identifikazioa:

Legarrako leizean (Gaztelu) emakume bat eta haren sei seme-alaba gazte elkarrekin hil izanak irudikatzen du, laztasun osoz irudikatu ere, 1936ko estatu kolpe militarraren ondotik Nafarroan nagusitu zen izugarrikeria, eta zer zigorgabetasun giro sortu zen pertsonen arteko desadostasun politikoak eta sozialak muturreko indarkeria erabiliz konpontzeko. Gorpuak lurretik atera eta oroitzapen eskultura bat jarri ondoren, memoriarako toki bilakatu da hizpide dugun izugarrikeriazko gune hori, baita erreparaziorako eta Nafarroaren iragan traumatikoari buruz hausnartzeko tokia ere.

Titulartasuna:

Lursailaren eta eskulturaren jabea:

Donamariako Udala.

NANa/IFK: P3108000E.

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak.

Neurri orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Mantentze lanen barnean sartzen dira oroitzapen eskultura zaintzea eta mantentzea.

Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako memoriaren tokien mapan jasoko da.

Kautelazko babes-neurriak.

Ez dira zehaztu.

Iragarkiaren kodea: F1910678