170. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABREDO

Ordenantza fiskala, Cabredoko Udalaren ur banaketa eta saneamendua emateko eta zerbitzu egiteko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Udalak, 2019ko martxoaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Cabredoko Udalaren ur banaketa eta saneamendua emateko eta zerbitzu egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 3an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Cabredon, 2019ko uztailaren 11n.–Alkatea, Aranzazu Fernández Cayetano.

ORDENANTZA FISKALA, CABREDOKO UDALAK UR BANAKETA ETA SANEAMENDUA EMATEKO ETA ZERBITZU EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

Ezartzen diren tasetarako, ondotik aipatzen diren inguruabarrek dakarte zerga-egitatea:

A.–Edateko uraren hornidura zerbitzua eskura izatea eta mantentzea, hau da, hornidura zer lekutarako kontratatu zen, edateko ura berehala hantxe izateko aukera.

B.–Udalak banatzen duen edateko ura erabiltzea eta eskura izatea. Tasa hau hartutako uraren erabileren edo xedeen arabera aldatu ahalko da.

C.–Edateko urez hornitzeko zerbitzuan sarrera ematea. Horren barnean daude kontratu jarduketa guztiak, administratiboak zein materialak, edateko ur horniduraren zerbitzua eskuratzeko instalazio egokiak aurretik dituen halako leku edo esparru bati ematen hasteko.

D.–Saneamendu zerbitzuan sarrera ematea. Horren barnean daude kontratu jarduketa guztiak, administratiboak zein materialak, saneamendu zerbitzua eskuratzeko instalazio egokiak aurretik dituen halako leku edo esparru bati ematen hasteko.

E.–Edateko uraren eta saneamenduko uraren zerbitzurako hargunea edo lotunea egitea.

Eskatzailearen kontura izango da hargunea egiteko obra eta haren finantzaketa. Udalak egiten duen zerbitzua, tasa honen zergapeko egintza sortzen duena, honako hau izango da: hargunea egiteko gainbegiratze teknikoa eta etxebizitzek zein lokalek zerbitzua izateko Udalak inbertsio orokorretan egin beharreko konpentsazioa.

F.–Hondatutako kontagailuak konpontzea, erabiltzailearen kontura. Hau da, matxuratutako kontagailu bat kendu, konpondu eta berriz jartzeko egin beharreko jarduketa guztiak.

G.–Kontagailu berriak jartzea.

H.–Berriz lotzea hornidura zerbitzuan. Hau da, etxebizitza zein lokal batean zerbitzua bajan izan ondotik, berriz ere ur hornidura izateko egin beharreko jarduketa guztiak.

I.–Erabiltzaileak eskatutako ikuskatze lanak. Horren barnean daude Udalak, eskatzaileak eskatuta, egin beharreko ikuskapen lan guztiak, hala nola kontagailuen funtzionamendua egiaztatzea, kontagailuen irakurketak, ustez oker eginak eta gisako jarduketak, ikuskapena burutu ondotik egiaztatzen bada erabiltzaileak ez duela behar bezainbat arrazoirik izan ikuskapena eskatzeko.

Salbuespenak

3. artikulua.

Nafarroako Parlamentuan onetsitako foru legeetan espresuki jasota dauden salbuespenak baizik ez dira onartuko, eta indarrik gabe geldituko dira Nafarroako Foru Diputazioak edo beste edozein entitate edo erakunde publikok hartutako erabaki edo egindako jarduketa orotik sortzen diren guztiak.

Subjektu pasiboak

4. artikulua.

Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera beharturik diren subjektu pasiboen izaera izango dute, zergadun gisa, pertsona fisikoek eta juridikoek, eta entitateek, baldin eta zergapeko egintza izaten ahal diren unitate ekonomiko edo ondare banatua osatzen badute, nahiz eta izaera juridikorik ez izan; ordenantza honen xedeko zerbitzu eta jarduketen onura erreal edo potentzialak jasotzen badituzte edo ukitzen badituzte.

2/1995 Foru Legearen 104. artikuluari jarraikiz, zerbitzuaren xedeko finka edo higiezinen jabeak dira zergadunaren ordezkoak. Zerbitzuaren onuradunak beste batzuk badira, jabeek haiei kobratzen ahalko dizkiete kuotak.

Arrazoi bategatik edo besteagatik titulartasunean edo erabileran ondorengoak direnei eskatzen ahal zaie pertsona fisikoek zein juridikoek egindako ustiapenen edo ekonomia jardueren ondoriozko zorra.

Ordaintzeko borondatezko epea bururatuta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izango dira.

Ustiapen edota ekonomia jardueraren titulartasunaz jabetu nahi duenak, aurretik titular denaren onespena izanik, eskubidea izango du Udalari jarduera edo ustiapenak sorrarazitako zerga zorren ziurtagiri xehatua eskatzeko.

Zerga-oinarria

5. artikulua.

2. artikuluko zerrendan aipatutako zerga-egitateetan, honako hauek dira bakoitzaren karga oinarriak:

1) 2. artikuluaren A) atalean ezarritako zerga-egitaterako: edateko uraren hodietan kontagailua instalatzea.

2) 2. artikuluaren B) atalean ezarritako zerga-egitaterako: kontagailuaren arabera kontsumituriko metro kubikoak, eta matxurarik izanez gero, aurreko urteko seihileko berean kontsumitu direnetan oinarriturik egindako zenbatespena.

3) 2. artikuluaren C) atalean ezarritako zerga-egitaterako: behin betiko sarreraren kuota, edateko uraren hodian kontagailua instalatzean.

4) 2. artikuluaren D) atalean ezarritako zerga-egitaterako: behin betiko sarreraren kuota, saneamenduko kutxatila instalatzean.

5) 2. artikuluaren E) atalean ezarritako zerga-egitaterako: etxebizitza edo lokal bakoitza hornidura eta/edo saneamendu zerbitzuari lotzeko kuota, banaka erabili edo aprobetxatzeko modukoa bada.

6) 2. artikuluaren H) atalean ezarritako zerga-egitaterako: kuota, hornidura zerbitzura berriz ere lotzeagatik.

7) 2. artikuluaren F) eta G) ataletan ezarritako zerga-egitateetarako: zerbitzua egiteko behar diren lanen kostua.

8) 2. artikuluaren I) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: zerbitzua egiteko behar diren lanen kostua.

Tarifak

6. artikulua.

Zerbitzuaren tarifak honako kontzeptu hauengatik kobratuko dira:

A.–5. artikuluaren 1) atalean ezarritako zerga-oinarriari: hornidura zerbitzua eskura izateagatik eta haren mantentze-lanagatik, 30 euro urtean.

B.–5. artikuluaren 2) atalean ezarritako zerga-oinarriari, horniduraren kuota aldakorra sortuko baitu:

–C1 tarifa Etxeetan erabiltzeko hornidura: 0,18 euro/metro kubikoa.

–C2 tarifa: industriarako horniduragatik, kontsumitutako metro kubiko bakoitzeko: 0,20 euro/metro kubikoa.

C.–5. artikuluaren 3) eta 4) ataletan ezarritako zerga-oinarriari, hornidura zerbitzuan sarrera emateko tasa sorrarazten baitu: 60 euro.

D.–5. artikuluaren 5) atalean ezarritako zerga-oinarriari, zerbitzura lotzeko tasa sortuko baitu:

–Hornidura sarera lotzea: 400 euro.

–Saneamendu sarera lotzea: 400 euro.

E.–5. artikuluaren 6) atalean ezarritako zerga-oinarriari, erabiltzaileak eskaturik zerbitzura lotzeko tasa sortuko baitu: 400 euro.

F.–5. artikuluaren 7) atalean ezarritako zerga-oinarriari, kontagailua konpontzeko, birkokatzeko edo instalatzeko lanek sortuko baitute: teknikariak egindako lanen zenbatekoa.

G.–5. artikuluaren 8) atalean ezarritako zerga-oinarriari, erabiltzaileak eskatuta alferrikako ikuskapenaren jarduketen tasa sorrarazten baitu: lanak egiteko ardura hartu duen teknikariaren fakturaren arabera.

H.–Instalazio partikularretan gertatzen diren ur-ihes ezkutu edo matxuren tarifak:

Matxuraren bat edo ihesen bat badago eta horren ondorioz ur kontsumo gehiegizkoa dagoenean, abonatuaren premiekin bat egiten ez duena, ondoko tarifa aplikatuko da, non ez duen interesdunak axolagabekeriaz edo nahita jokatu:

–Abonatuak frogatu beharko du matxura bere kontura konpondu duela, fakturaren kopia aurkeztuta.

–Kobrantza, kontsumitutako metro kubikoen arabera: aurreko urteko seihileko berekoak kontatuko dira, artikulu honen B atalean ezarritako tarifen arabera.

Tributu-kuotak

7. artikulua.

Zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik aterako dira tasa bakoitzari dagozkion kuotak.

8. artikulua.

Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeetan ezartzen den moduan eta baldintzetan.

Kudeaketa arauak

9. artikulua.

Kontagailua erosteko gastuak sarearekiko lotura edo hornidura eskatzen duenaren bizkar izango dira, baita ezarri eta hornitzeko behar diren materialak eta eskulana ere.

Orobat, erabiltzailearen bizkar izango dira kontagailua konpondu, berria jarri edo tokiz aldatzeko gastuak.

Kontagailuak toki saneatuetan ezarriko dira, aise heltzeko eta ikusteko lekuan, ahalik eta erosoen zaindu, aztertu eta irakurtzeko moduan. Beti ere, Udalak edo hark baimendutako pertsona batek erabakiko du non kokatu, eta hari dagokio kontagailuaren eta instalazioko hodiaren arteko lotunea zigilatzea; edozein inguruabar dela eta, zigilua hautsiz gero, erabiltzailea behartua dago horren berri ematera Udalari, neurri egokiak har ditzan.

Higiezin batean hargunea jarri nahi duten sustatzaile, eraikitzaile, pertsona juridiko edo fisikoek eskabidea aurkeztu beharko diote Cabredoko Udalari. Bertan adierazi beharko dute zenbat etxebizitza, etxabe edo lokaletan instalatzen ahal den hornidura partikularra, zenbatek hartzen duten zerbitzua, higiezinaren azalera erabilgarria eta ezarri nahi den hargunearen diametroa. Beharrezkoa da kontagailu bat izatea herritar edo familia-unitate bakoitzeko.

Eskabidea ikusita, Udalak eskaria ebatziko du. Egoki iritziz gero, argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu eta hargune orokorra egiteko komenigarritzat jotzen dituen jarraibideak emango ditu.

10. artikulua.

Hornidura eta/edo saneamenduko sare orokorrari lotzeko lanak hasteko, aldez aurretik ordaindu behar dira beharrezko tasak Udalaren Diruzaintzan edo horretarako gaitutako banku edo aurrezki bulegoetan, ordenantza honen 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11. artikulua.

Udalak ardura handiz zainduko du ur horniduraren zerbitzua, lanak eta antzeko zerbitzuak ahal diren baldintza hoberenetan emateko, baina horregatik ez da erantzule izango erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeretan, presio gutxiegi, ur hornidura eten edo zerbitzuan bertze edozein goiti-beheiti gertatuz gero. Udalak bando bidez ohartaraziko du etenaldi luzeak izaten direnean, salbu eta larritasun handiko kasuak badira.

Aurreneurri moduan, etxe edo instalazio barrenean ur galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari ur hornidura mozten ahalko zaio.

12. artikulua.

Erabiltzaileak behin ere ez du urez hornitzen ahalko beste pertsona bat, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Hala gertatuz gero, erabiltzailea izango da errudun bakarra.

13. artikulua.

Erabiltzaileak behartuak daude toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak.

14. artikulua.

Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.

15. artikulua.

Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile baimenduari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako beste zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

16. artikulua.

Kontagailua matxuratua izan eta gehienez ere 15 eguneko epean konpondu ez duenari haren ezaugarri berdintsuenak (familia unitateko kideak, aziendak etab.) dituen zergadunak egin duen kontsumoa halako bi kobratuko zaio.

Sortzapena

17. artikulua.

Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen dira:

a) Kuota finkoei dagokien seihileko bakoitzeko lehen egunean sorraraziko dira 5. artikuluaren 1) atalean ezarritako tasak, erabiltzaile guztientzat. Kuota horiek ez dira murrizten ahalko ezta hainbanatzen ere.

b) Ur kontsumoa egiten den unean sortuko dira 5. artikuluaren 2) atalean ezarritako tasak.

c) Zerbitzua emateko edo lotura berriz egiteko eskabide ofiziala egiten den unean sortuko dira 5. artikuluaren 3), 4), 5) eta 6) ataletan ezarritako tasak.

d) Zerbitzua egiten den unean sortuko dira 5. artikuluaren 7) eta 8) ataletan ezarritako tasak.

Ordainarazpena

18. artikulua.

1. Urtero ordainduko dira 5. artikuluaren a), b), c) eta d) ataletan ezartzen diren tasak.

2. 5. artikuluan jasotzen diren gainerako ordainarazpenak sortzen diren unean ordainduko ditu erabiltzaileak.

Diru-bilketa

19. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 86. artikuluan ezarritakoari jarraituz, ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako tasak aplikatzetik sortzen diren zerga zorrak jakinarazpen gabekotzat hartuko dira.

5. artikuluaren 1) eta 2) ataletan ezarritako tasengatik sortutako zerga zorrak, ordainarazi eta gero, isilbidez jakinarazitzat hartuko dira seihilekoko lehenbiziko egunean. Egun horretatik aurrera, 30 egun baliodun izango dira borondatezko aldian ordaintzeko.

Borondatezko ordainketa egiteko aldia iraganik, mugaeguna gainditu duten zor likidoak direnean, premiamendu bidez eskatzen ahalko dira, dagokien errekarguarekin.

Zerbitzua eskatu duenari tasaren likidazioa agertzen duen agiri bat emanez jakinaraziko dira 3), 4), 5), 6), 7) eta 8) ataletan ezarritako tasek sortutako tributu-zorrak.

Hortik aurrera, ordenantza honetan jasotako jakinarazpenik gabeko tasetan bezala, 30 egun balioduneko epea hasiko da borondatezko aldian eta errekargurik gabe ordaintzeko.

Aurreko artikuluan ezarritakoari jarraikiz zerga-zorrak borondatezko aldian ez badira ordaintzen, premiamendu aldian ordaintzen ahalko dira, betiere legezko errekarguak aplikatuta.

Borondatezko epe hori iragan eta zorrak ordaindu ez badira, premiamendu aldia hasiko da, non ez duen Udalak haiek atzeratzeko edo zatika ordaintzeko baimenik eman.

Zorren ordainketa honela egiten ahalko da:

–Ordainketak helbideratu dituzten subjektu pasiboentzat, horretarako adierazitako banku edo aurrezki kutxako kontuan kargatuz.

–Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboentzat, edota helbideratua izan arren edozein arrazoirengatik zorrak ordaindu gabe geratu diren kasuetan, Udalaren diruzaintzan, edota honek kobrantzarako gaitu ditzakeen banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua.

Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:

a) Toki entitateko langileei sartzen ez uztea, behar bezala kreditaturik joanda ere.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten frogaketak eragoztea.

c) Toki entitateak paraturiko prezintu, sarraila edo aparatuak maneiatzea.

d) Toki entitateak kontsumoa neurtzeko aparatuen aldaketaz edo ordezkatzeaz ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

f) Kontagailua eta kare iragazkiak kentzea.

g) Banaketa sarean atzematen den edozein matxura edo gorabeheren berri ez ematea Udalari, bereziki hiru hauetakoeren batek eragindakoa denean: ihes bat, edateko uraren edo hondakin uraren galera edo saneamendu sareko buxadura.

h) Ur kontsumoak egitea neurgailu batek kontrolatu gabe, edo instalazioak nolanahi bestelakotzea hura posible egiteko, eta orobat kontrolatzen diren isurketekin.

i) Aldez aurreko baimenik gabe, ur hornidurarako edo hustuketarako hodiak instalatzea, eta, orobat, punpak edo sare nagusiaren egoerari eta beste erabiltzaileei egiten zaizkien zerbitzuei eragiten ahal dien beste edozein aparatu.

j) Ur hornidura edo saneamendu sareari lotura egitea baimenik izan gabe.

k) Saneamendu sarean euri ura isurtzea.

l) Erabiltzaile abonatuak bakar-bakarrik manipulatzen ahalko du kontagailuaren irteerako giltza. Pasoko giltza ezinbestekoetan baizik ez du erabiliko, halakorik dagoenean, eta halakorik ez bada, erregistroko giltza, baina Udalari gaztigatu beharko dio berehala.

m) Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatu bezala egingo da.

21. artikulua.

Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatuari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatuari ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Lehenbizikoa.–Indarrik gabe geldituko dira, inongo balio eta ondoriorik ez dutela, ordenantza honek indarra hartzen duen unetik hasita, hari kontra egin eta ezarrita diren maila bereko edo txikiagoko xedapen, erregelamendu eta ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1909461