169. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

181E/2019 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: zuntz optikozko linea, Otsagabiko herrigunetik Muskilda Telekomunikazio Zentroraino, Otsagabiko udal-mugartean. Sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA da.

2019ko apirilaren 4an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartzen denetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatu den jarduketa hau da: zuntz optikozko kable bat paratzea, Otsagabiko herriguneko Nasertic ekipoen koadrotik Muskilda Telekomunikazio Zentroraino (TZ).

Horretarako, Otsagabiko herrigunetik kanpo, tentsio baxuko aireko linea elektriko baten euskarriak erabiliko dira, Muskilda TZra iritsi baino lehenagoko 25 metrora iritsi arte. Handik aurrera zuntz optikoa lurpeko kanalizazio batetik joanen da. Linea elektrikoaren azken euskarria ordezkatu beharko da, eta dagoenaren ordez hormigoi dardaratuzko bat jarri beharko da, eta bi kutxeta berri eraiki beharko dira euskarri berriaren eta Muskilda TZren artean.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak ere aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: zuntz optikoko linea, zuntz optikozko linea, Otsagabiko herrigunetik Muskilda Telekomunikazio Zentroraino, Otsagabiko udal-mugartean. Sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Linea elektrikoaren azken euskarriaren eta Muskilda TZren arteko kanalizazioa egiteko, lan-kalea eta materialak pilatzeko eremua definituko dira. Gainera, landaredi naturalaren gaineko ukipena ahalik eta gehien gutxituko da, batez ere zuhaitzen gainekoa.
  • Obrak egitean, zuhaitzik kendu behar bada, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio aldez aurretik Basozaintzari (Erronkari-Zaraitzuko Koordinazio Unitatea, gmaroncal@navarra.es, 699-307698 telefonoa), bat etorriz Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean zehaztutakoarekin (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak eta hori garatzen duen erregelamenduak aldatua).
  • Lanak amaitu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira; obraren hondakin guztiak garbituko dira, eta hondeaketak ukitutako eremuak behar bezala kendu eta gordeko den landare lurraren geruza batekin estaliko dira.
  • Ateratako lurrik soberan bada, lurzatian bertan uzten ahalko da, baldin eta bete-lur horrek inguruko eremuarekin fisiografikoki modu egokian bat egitea lortzen bada. Hala ez bada, hondakin kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Hirigintza arlokoak:

  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • 2019ko maiatzaren 30eko Herri-lurren Atalaren txostenaren arabera, instalazioak 2-309 lurzatia ukitzen du. Toki erakundeek kasu bakoitzean prestatzen duten baldintza-agiriak zuzenduko du herri-lurren okupazioa. Beharrezkoa izanen da, halaber, Foru Komunitateko Administrazioak onestea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez. Horretarako, Otsagabiko Udalak ukitutako egin behar diren tramiteen ziurtagiriak emanen ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoa betez. Hemen dago ikusgai segitu beharreko prozedura: http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/16758/Ocupacion-de-bienes-comunales.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 10.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Otsagabiko Udalera, Basozaintza Atalera (Erronkari-Zaraitzuko Koordinazio Unitatera) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 4an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1909391