169. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Aldaketa, trafikoaren gaineko ordenantzan.
Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2019ko martxoaren 5ean egin osoko bilkura berezian, erabaki zuen hasiera batean onestea aldaketa, Barañaingo trafikoa arautzen duen udal ordenantzan. Proposatu da, besteak beste, honako artikulu hauen atal batzuk aldatzea:

–51. artikulutik 55. artikulura.

–56. eta 57. artikuluak.

–58. artikulutik 62. artikulura.

–63. artikulutik 82. artikulura.

–83. artikulutik 91. artikulura.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatuari jarraikiz, hasierako onespen horren erabakia 2019ko 63. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 2an, baita Barañaingo Udalaren ediktuen taulan ere.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantzan egindako aldaketa behin betiko onetsitzat jo da, eta haren testua argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen ordenantzaren aldaketa honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Administrazio Auzitegian, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2019ko maiatzaren 28an.–Jarduneko alkate-udalburua, Oihane Indakoetxea Barberia.

10. ORDENANTZA-TRAFIKOARI BURUZKO ORDENANTZA

I. TITULUA

Portaera arau orokorrak

1. artikulua. Ibilgailuek ez dute asotsik eginen, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, ezta ihes hodi trukatuek, ozen-ozen jarritako musika ekipoek edo bestelako ezohiko inguruabarrek eragin dezaketenik ere.

2. artikulua. Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

3. artikulua. Debeku da suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.

4. artikulua. Oinezkoek debekaturik dute baimenduta ez dauden tokietatik galtzada gurutzatzea. Toki baimenduetatik gurutzatu beharko dute, ahal den azkarren, gelditu gabe edo beste erabiltzaileei traba egin gabe, eta zirkulazioa oztopatu gabe.

5. artikulua. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo beste zerbait dela eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoentzako eragozpenik gerta ez dadin.

6. artikulua. Ilunabarretik argi hastera bitarte, ibilgailuek argi laburrak piztuta eraman beharko dituzte, udal-mugarteko galtzada guztietan. Motozikletek egun osoan eramanen dituzte argiak piztuta. Halaber, eguraldiak hala eskatzen duenean, argi laburrak eraman beharko dira piztuta.

7. artikulua. Debeku da gidatu bitartean telefonoak edo komunikatzeko beste bitarteko batzuk erabiltzea, “esku libreko” delako gailu baten bidez erabiltzen ez badira, behintzat.

II. TITULUA

Bizikletak eta ziklomotorrak

8. artikulua. Ziklomotorren, bizikleten, gurpil oholen eta gidarien energiaz mugitutako gainerako ibilgailuen kasuan, zirkulazioaren arau orokorrak bete beharko dira.

9. artikulua. Bizikletak eta ziklomotorrak oinezkoen eremuetan edo espaloi eta pasealekuetan aparkatzen ahalko dira, baina Udalak ezarritako gune erreserbatu eta behar bezala seinalatuetan soil-soilik.

10. artikulua. Ziklomotorrak oinez eramanen dira aparkaleku horietaraino, jarlekuan jarri gabe eta motorra itzalita. Motorraren indarra soilik erabiltzen ahalko da espaloiaren koska gainditzeko.

11. artikulua. Ziklomotorrak erdibaterian aparkatuko dira galtzadan, metro eta erdiko zabalera okupatuz, gehienez ere.

12. artikulua. Motozikleta edo ziklomotor bat bi ibilgailuren artean aparkatuz gero, ez da haietan sartzea galaraziko, ezta zirkulaziora itzultzeko maniobra ere.

13. artikulua. Debeku da bizikletak, patinak eta gurpil oholak espaloietan, parkeetako eta lorategietako kaleetan ibiltzea, horretarako erreserbatutako erreirik ez bada.

14. artikulua. Bizikletak galtzadan barna joanen dira, espaloitik ahal den hurbilen. Zenbait errei dituzten bideetan, alboetatik ibiliko dira. Errei bat baino gehiagoko bidegurutzeetara hurbiltzean, zein aldetara egin gogo den bira, eskuin-eskuinean dagoen erreiaren eskuinaldetik joanen dira.

15. artikulua. Debeku da bizikletak gauez ibiltzea, aurreko argirik eta atzeko islatzailerik, gutxienez, ez badaramate. Argi keinukaririk ez duten bizikleten eta ziklomotorren gidariek garaiz seinalatu beharko dituzte egin beharreko norabide aldaketak eta biraketak, besoak erabiliz, erregelamenduak adierazten duen bezala.

16. artikulua. Ziklomotorren gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.

III. TITULUA

Salgai arriskutsuak eta garraioetako ibilgailu handiak

17. artikulua. Udalak zamalanetarako toki erreserbatuak ezar ditzake, erregelamenduzko seinale bertikalaren edo horizontalaren bidez adieraziak.

18. artikulua. Eremu horietan, salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte zamalanak, haietarako erreserbatutako guneen barruan eta erregelamenduzko seinale bertikalaren edo horizontalen bidez adierazitako orduetan; betiere, ibilgailuak 2 metro zabal edo 5,5 metro luze izanen dira, gehienez ere.

19. artikulua. Zamalanetarako erreserbatuetan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino luzeago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago.

20. artikulua. Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen ibilia eragotz edo oztopa, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbideak ere. Horretarako, zamalanetan erabiliko diren salgaiak, materialak eta gauzak zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera edo alderantziz, lurrean utzi gabe.

21. artikulua. Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da, eta arretaz ariko dira, azkar, arriskurik gabe eta asots gutxi aterata.

22. artikulua. Ibilgailuak espaloiarekiko paraleloan lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aurrealdea zirkulazio orokorraren noranzkoan, salbu eta bateriako aparkalekuetan, kasu horretan ibilgailuak ezin izanen baitira horretarako seinalatutako eremutik kanpora atera.

23. artikulua. Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak ematen ahalko ditu, lan zehatzak egiteko (etxe-aldairak, fuelaren hornidura, obrak eta abar), aurretik eskatzen bada eta dagokien tasa ordaintzen bada.

24. artikulua. Debeku dute Barañaingo hirigunean ibiltzea salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuetatik Salgai Arriskutsuak Errepidez Garraiatzeko Erregelamendu Nazionalaren (1754/1976 Dekretuaren bidez onetsia) 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetako salgaiak garraiatzen dituztenek eta erregelamendu horren 1 edo 2-A arrisku etiketak eraman behar dituztenek.

25. artikulua. Debeku da, arras, 24. artikuluan aipatu ibilgailuek Barañaingo udal-mugarte osoan aparkatzea.

26. artikulua. Ezaugarri bereziengatik, neurriengatik edo zama kokatzeko moduagatik, Zirkulazio Kodearen 222. artikuluan ezarritako baimena behar duten ibilgailuek eskaera egin beharko diote Barañaingo Udalari, Udaltzaingoak udalerri barruan gidatu, zaindu eta lagun egiteko zerbitzua eman diezaien. Dagokion tasa sorraraziko da, Barañaingo Udalaren ordenantza fiskalean jasoa.

IV. TITULUA

Oinezkoen eremuak

27. artikulua. Barañaingo Udalak ibilgailuak ibili eta aparkatzeko debekua ezar dezake udalerriko eremu batzuetan, erabatekoa edo hein batekoa. Eremu horiei “oinezkoen eremu” esanen zaie.

28. artikulua. Eremu horiek seinale bertikalen bidez zedarrituko dira, baita ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten beste elementu batzuk ezarrita ere.

29. artikulua. Oinezkoen eremuetan ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekuak:

a) Zedarritu eta seinalatutako eremuaren barruko bide guztiak har ditzake.

b) Ordutegi batera muga dezake ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekua.

c) Finkoa izan daiteke, edo astegun batzuetan soilik aplikatu.

30. artikulua. Nolanahi ere, murrizketa horiek ez dute eraginik izanen Udalak, tokiaren zein ibilgailua erabiltzen duenaren ezaugarriak kontuan hartuta, behar bezala baimendutako ibilgailuen gain.

31. artikulua. Oinezkoen eremuetan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdietan ibili eta, erregelamenduari jarraituz, hala adierazten denean.

32. artikulua. Barañaingo oinezkoen eremu guztietan abiadura mugaturik egonen da, eta 20 km/h-koa izanen da, gehienez.

V. TITULUA

Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak aparkatzea

33. artikulua. Arau orokorra izanen da 5.000 kg-tik gorako GMB duten ibilgailuek debeku izatea udal-mugarteko bide guztietan aparkatzea.

34. artikulua. Halaber, 21 bidaiari baino gehiagorentzako tokia duten autobusek debeku dute udal-mugarteko bide guztietan aparkatzea.

35. artikulua. 33. eta 34. artikuluetan ezarritakoa galarazi gabe, Udalak berariazko eremuak ezartzen ahalko ditu halako ibilgailuak aparkatzeko; kasu horretan, erregelamendu bidez zehaztuko den baimena eman beharko diete, aldez aurretik, udal agintariek.

36. artikulua. Debeku horiek ez dira bete beharko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan. Agintaritza eskudunak baimena eman beharko die, aldez aurretik.

37. artikulua. Karabanak eta atoiak aparkatzeko beharrezkoa izanen da udal organo eskudunak baimen berariazkoa ematea, eta lurzoruaren aprobetxamendu bereziaren prezio publikoa ordaintzea.

38. artikulua. Erabat debekaturik dago karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal-mugartearen barruan, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Toki horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko behar adina bitarteko izan beharko dute.

VI. TITULUA

Trafikoa kontrolatu eta antolatzeko neurriak

39. artikulua. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izanen ditu trafikoa antolatzeko. Horrela, bada, zenbait zonatan zirkulatzeko baldintzak aldatu, mugatu edo debeka ditzake, betiko nahiz aldi baterako, eta berrantolatu eta arautu ditzake aparkatzea, zamalanak egitea eta pertsona zein salgaiak garraiatzea.

40. artikulua. Udaltzaingoak aldi baterako aldatu ahal izanen du zirkulazioaren antolamendua hiriko eremu batzuetan, baita horietara sartzea debekatu edo murriztu ere, zirkulazioa seguruagoa eta errazagoa izan dadin.

41. artikulua. Udaltzaingoak oinezkoei zein gidariei ematen dizkien jarraibideek, trafikoaren arlokoek, lehentasuna izanen dute lehenagoko beste edozein bide seinale edo araudiren aldean. Jarraibide horiek argiak eta gidariarentzat edo oinezkoentzat ulerterrazak izan beharko dute.

42. artikulua. Udalak aldi baterako debekatu dezake aparkatzea, bai jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan, bai eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan ere. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik adierazita seinaleak paratuko dira, neurria noiz hasiko den adierazteko. Epe horretan kentzen ez diren ibilgailuak Udalaren Garabi Zerbitzuak eramanen ditu, inguruko toki batera edo udal gordailura, baina jarduketa horrek ez du ekarriko ez tasa ordaindu beharrik ez trafiko salaketarik. Kasu horietan ibilgailuak non dauden jakinaraziko zaie titularrei.

43. artikulua. Eremu publikoan edozein objektu paratzeko, Udalaren baimena beharko da. Horrelakorik ez duen oro berehalakoan kenduko da, interesdunaren bizkar, eta berdin gertatuko zaie baimena dutenei ere, haiei dagokienez bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartzen ez badira.

44. artikulua. Debeku da arras zirkulazio seinaleak paratzea, aurretik Udalaren baimena izan gabe.

Inolaz ere ez da baimenduko publizitatea paratzea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan.

45. artikulua. Udalak zenbait bide lehentasunekoak edo zirkulazio handikoak direla deklara dezake; haietan bigarren ilaran gelditzea debekatu eta isuna ezarriko du, arauak hausteagatik.

46. artikulua. Barañaingo udal-mugarteko bide publikoan ibilgailuak aparkatzeko tokia mugatua da. Hortaz, elkartasunez jokatzeko deia luzatzen da.

Horrenbestez, ibilgailu bat 7 egun gehienez egoten ahalko da toki berean mugitu gabe. Epe hori gaindituta, ibilgailua aurreko tokitik gutxienez 100 metrotara aparkatu beharko da.

Baimendutako eremuan denbora gehiegi emanez gero, zehapena jarriko da.

VII. TITULUA

Garraio publikoaren geltokiak

47. artikulua. Barañaingo Udalak zehaztuko du non kokatu beharko diren garraio publikoaren geralekuak eta bidaiarien eskatu ahalako garraioarenak.

Autobusak horretarako prestatutako tokian gelditu beharko dira, zirkulazio erreiak libre uzten dituztela.

48. artikulua. Geralekuetan, bidaiariak hartu eta uzteko behar den denbora baizik ezin da egon, autobus linearen hasiera eta amaiera gisa seinalaturiko lekuetan izan ezik.

49. artikulua. Taxi zerbitzurako garraio publikoko geralekuetan, bidaiarien zain eta lanerako prest dauden bitartean soilik egoten ahal dira ibilgailu horiek.

50. artikulua. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

VIII. TITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

51. artikulua. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen I. eranskineko 81. eta 82. zenbakiei jarraikiz, honela definitu da “gelditzea”: ibilgailu bat ibilgetzea, gehienez ere bi minutuz, gidaria barruan dagoela.

“Aparkatzea” hitzaren definizioa, berriz, honako hau da: geratuta edo geldituta ez dagoen ibilgailu bat ibilgetzea.

52. artikulua. Ibilgailua gelditzean, oro har, gidariak barruan egon beharko du, eta, salbuespenez ateratzen baldin bada, motorra itzali beharko du, eta harengandik hurbil egon, gertu egon beharko baitu hura kentzeko hala eskatzen zaion unean, edo egoerak behartuta.

53. artikulua. Gelditzea erabat debekaturik dago honako toki hauetan:

a) Oinezkoen babesguneetan, irlatxoetan, erdibitzaileetan, oinezkoen guneetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Ibilgailuak higiezinetara sartzeko eta ateratzeko bideetan, baldin eta dagokien pasabide seinalea badute.

c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.

d) Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.

e) Zubietan, tuneletan eta pasabide goratuen azpian, non ez dagoen kontrako seinalerik.

f) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoen alderdietan eta lorategietan.

g) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako bide lerro edo zatietan.

h) Urritasun fisikoa duten pertsonentzako edo beste erabilera batzuetarako espaloi oketsetan.

i) Zirkulazioaren errei bat oztopatzen den tokietan.

j) Seinaleak debekatzen duen tokietan.

k) Seinale bidez, biratzea baimenduta egonda, biratzeko aukera eragozten denean.

l) Hiriko garraio publikorako baizik ez diren geraleku eta aparkalekuetan.

m) Zirkulazioa oztopatzen den beste toki guztietan, oso denbora txikirako bada ere.

54. artikulua. Ibilgailuak ilaran aparkatu ahal izanen dira, hau da, zintarriarekin batean lerrokatuak; baterian, hau da, zintarriarekiko perpendikularrean; edo erdi-baterian, zeharka.

a) Seinaleak zoladuran dituzten aparkalekuetan, ibilgailuak markatutako esparruaren barruan kokatuko dira.

b) Ibilgailuak zintarritik ahalik eta hurbilen aparkatuko dira, baina galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko tarte txiki bat utzita.

c) Bide publikoetan ezin izanen dira atoiak aparkatu ibilgailu motordunetik bereizita.

d) Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

Baterian aparkatuz gero, alde bietan aparkatutako ibilgailuetara arazorik gabe sartzeko moduan aparkatuko da.

e) Zamalan, zerbitzu ofizial eta abarretarako aldi baterako erreserbaturiko alderdietan ordutegitik kanpo aparkatzea libre izanen da, salbu eta debeku espresa bada.

55. artikulua. Guztiz debeku da honelakoetan aparkatzea:

a) Seinaleek debekatzen duten tokietan.

b) Gelditzea debekatua dagoen tokietan.

c) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

d) Zamalanetarako seinalatutako tokietan, denbora mugen barruan.

e) Pasabideetan, osoki nahiz hein batean.

f) Zabor edukinontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

g) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz gero.

h) Espaloirik gabeko karrika urbanizatuetan.

i) Minusbaliatuek beste inork ez erabiltzeko seinalatutako tokietan.

j) Galtzadaren erdian.

k) Zerbitzu publikoaren, Barañaingo Udalaren, erakunde ofizialen eta antzekoen ibilgailuentzako erreserbatutako eremuetan.

l) Behar bezala seinalatutako toki erreserbatuetan.

IX. TITULUA

Ibilgailu abandonatuak

56. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Abandonatutako ibilgailuak mugarik gabe kaleetan aparkatuta egon ez daitezen, kendu eginen dira.

2. Ibilgailu bat eremu publikoan abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean, eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondatuta dagoenean edo matrikula plakak falta dituenean.

3. Bizikleten kasuan, honako hauek beteko dira:

Agintaritza eskudunek bizikleta edo zikloa bide publikotik ken dezakete, hura kentzeko betebeharra duenak egiten ez badu, honako hauek gertatzen direnean:

–Bizikleta edo zikloa 7 egun baino gehiago egon bada aparkatuta, horretarako bereziki prestatuta ez dagoen eremu batean.

–Bizikleta, zikloa edo horien osagaietako bat abandonatutzat jo badira.

–Ibilgailua legearekin bat ibilgetu behar denean hori egiteko toki aproposik ez badago.

Agintari eskudunek abandonatutzat jo eta bidetik kendu ahal izanen dituzte bide publikoan dauden bizikleta eta zikloetatik gurpilak ez dituztenak, mugitzea eragozteko moduko narriadurak dituztenak edota, beren egoera dela-eta, argi eta garbi baldin badago abandonaturik daudela.

Kasu horietan, udal agintariek ofizioz gauzatuko dute bizikletak eta zikloak erretiratzeko ekimena, loturetatik askatuz eta, halakorik balitz, gastuak haien jabeen kontura doazela.

Udalak udal biltegira eramanen ditu bizikleta eta ziklo abandonatuak.

Bidetik kendu direnetik hiru hilabete igarota, Udalak ibilgailu horiek erabili ahalko ditu indarreko legeekin bat.

4. Ibilgailu bat abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da, orobat, eremu publikotik kendu eta altxatu denetik, bi hilabete baino gehiago iragan direnean.

57. artikulua. Prozedura.

1. Ibilgailuak eremu publikoan daudenean, Barañaingo Udalak erregistroan ageri den ibilgailuaren titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta hamar egun naturaleko epea emanen dio ibilgailua dagoen tokitik kentzeko. Ibilgailuak arriskuren bat sortzen badu, hortik kenduko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio. Bizikletei dagokienez, ordenantza honetako aurreko artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Aurreko atalean aipatutako epean titularrak ez badu ibilgailua kentzen, udal gordailura eramanen da.

3. Abandonaturik egoteagatik edo beste arrazoiren batengatik ibilgailu bat gordailura eraman denetik bi hilabete iraganda, errekerimendua eginen zaio titularrari hilabeteko epean jaso dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidotzat hartuko dela.

4. Orokorrean eta bidezko arrazoirik izan ezean, ibilgailua gordailutik jaso aurretik ordaindu beharko dira hura kentzeko eta gordetzeko gastuak.

X. TITULUA

Ibilgailuak ibilgetu eta eremu publikotik kentzea

58. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzea.

1. Agintaritzaren agenteek eta Udaltzaingoko laguntzaileek ibilgailu bat ibilge dezakete, baldin eta hura erabiltzeak zirkulaziorako, pertsonentzako edo ondasunetarako arrisku larria ekar badezake bide segurtasunari buruzko araudiko aginduak ez betetzeagatik, baita honelakoetan ere:

a) Istripuren edo matxuraren bat izan eta segurtasun baldintza ohikoetan bidean jarraitu ezinik gelditzen denean edo galtzada hondatzen duenean.

b) Gidaria gaizkitu eta ibilgailua normaltasunez eraman ezinean gelditzen denean.

c) Ageri denean gidaria edari alkoholdunen eraginpean dagoela, edo droga toxikoak edo estupefazienteak hartu edo bere organismoan sartu dituenean, edo botiken edo bestelakoen eraginpean dagoenean, gidatzeko behar den egoera bestelakotzen badute gorputzez nahiz buruz.

d) Gidariak alkohola, estupefazienteak edo gisako beste substantzia batzuk hautemateko probak egin behar baditu eta horiei uko egiten dienean edo proba horiek eginda, araudian gehienekotzat jotzen diren parametroak baino handiagoak ateratzen direnean.

e) Gidariak gidabaimenik ez duenean edo aldean duena baliozkoa ez denean.

f) Ibilgailuak ez duenean zirkulatzeko administrazio baimenik, ez duelako lortu, baliogabetu delako edo indarra galdu duelako, edo ez direlako betetzen zirkulatzeko baimena lortzeko baldintzak.

g) Ibilgailuaren kanpo egoera dela-eta uste izatekoa denean arriskugarria dela, galtzadan kalte egin dezakeela, edo haren kargaren parte bat eremu publikora erortzen ahal zaiola.

h) Dabilen ibilgailu baten garaiera edo zabalera handiagoak direnean, Bide Segurtasunari buruzko Legeak edo haren Erregelamenduak, edo ibilgailuaren beraren baimen bereziak, halakorik badu, baimentzen dituenak baino.

i) Mugitzeko aukerak edo, kasuaren arabera, gidarien ikusmena modu arriskutsuan murrizten direnean bidaiari kopuruagatik edo haien posizioagatik, edo garraiatutako objektuen kokapenagatik, eta, edozein kasutan, bidaiari kopuruak erabilgarri dauden plazak %50ean gainditzen baditu, gidaria aintzat hartu gabe.

j) Kateak edo pneumatiko bereziak erabiltzea nahitaezkoa izan eta ibilgailua horiek gabe ibiltzen denean.

k) Ibilgailuak nahitaezko asegururik ez duenean.

l) Gidariak edo bidaiariak ez dituztenean erabiltzen babeserako kaskoa edo haurrei eusteko gailuak, derrigorrezkoak diren kasuetan. Neurri hori ez zaie ziklistei aplikatuko.

m) Ibilgailuak ateratzen duen asotsa eta aireratzen dituen gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak direnean.

n) Arau hausleak ez duenean egiaztatzen lurralde espainiarrean legezko bizilekua duela, ez badu agenteak ezarritako behin-behineko isunaren zenbatekoa gordailutu. Dena den, aintzat hartuko da %50ean murritz daitekeela hasiera batean ezarritako isuna, ordenantza honetako 60. artikuluaren arabera.

2. Ibilgailua ibilgetzeak ekartzen dituen gastuak titularraren bizkar izanen dira; horrek ordaindu beharko ditu edo ordaintzea bermatu, hori izanen baita neurriak kentzeko aldez aurreko baldintza. Titularrak, hala ere, defendatzeko eskubidea du, eta erantzukizuna pasa diezaioke Administrazioak halako neurria har dezan eragin duen erantzuleari.

3. Udal agintaritzak adierazten duen tokian gauzatuko da ibilgetzea, eta ez da indargabetuko harik eta hura ekarri duten akatsak zuzendu edo agintaritza horrek zehazten dituen baldintzetan ibilgailua kentzen den arte, aurretik behar den tasa ordainduta, horrela ezarri bada.

59. artikulua. Ibilgailuak eremu publikotik kentzea.

Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, Agintaritzaren agenteek eta Udaltzaingoko laguntzaileek eremu publikotik kendu eta udal gordailura eramaten ahalko dute, kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako ibilgetzen denean.

d) Arau haustea dela-eta ibilgailua ibilgetuta, arau hausleak ez duenean frogatzen ohiko bizilekua Espainiako lurraldean duela eta isunaren zenbatekoa ez ordaintzera edo haren ordainketa ez bermatzera tematzen denean.

e) Ibilgailua aparkatze murriztuko eremuan aparkatuta dagoenean, horretarako baimentzen duen indarreko txartela jarri gabe, edo jarritako txartela ez badagokio ibilgailuari. Ibilgailu berari hirutan edo gehiagotan ezarri bazaio zehapenik, edo salaketa jarri ondoko 48 ordutan ez bada tokitik mugitu, zehapena jarriko zaio, eta bertatik kenduko da.

f) Ibilgailua erreietan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako zatietan aparkatuta dagoenean.

g) Zabor edukiontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

h) Legez ibilgailua ibilgetu behar, eta hori egiteko manerarik ez dagoenean ibilgailu edo jendeen ibilia trabatu gabe.

60. artikulua. Arriskua eta trafikoa larriki trabatzea.

Aipatze aldera baizik ez, honelakoetan ulertuko da ibilgailua 61.a) artikuluan adierazitako egoeran dagoela eta, beraz, hura kentzeko arrazoiak daudela:

a) Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.

b) Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

c) Kale aleka baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata dagoela, beste gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.

d) Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo espaloian urritasun fisikoa duten pertsonak pasatzeko oketsan aparkatua dagoenean.

e) Ordutegi erreserbatuaren barruan pasabide bat osorik edo partez okupatzen duenean.

f) Zamalanetarako tokietan aparkatua dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan eta halako lanak egin gabe.

g) Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.

h) Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzat erreserbaturiko tokietan aparkatua dagoenean.

i) Desgaitasuna dutenentzako toki erreserbatuan aparkatua dagoenean.

j) Espaloi, nasa, oinezkoen babesgune, irlatxo, pasagune, bidegorri edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatua dagoenean, osorik nahiz partez, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

k) Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

l) Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

m) Bide batetik heldu diren gidariei beste bidea ikustea trabatzen dienean.

n) Eraikin bateko sarrera osorik nahiz partez oztopatzen duenean.

o) Galtzadan aparkaturik egonda zirkulazioa trabatzen duenean.

p) Bizitegi eremu batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatua dagoenean, espresuki baimendutako aparkalekuetan izan ezik.

q) Bizitegi eremuetan apartaturik dagoenean, seinaleen edo bideko marken bidez berariaz adierazitako tokietatik kanpo.

r) Asfaltatuta ez dauden landetan edo era horretako tokietan aparkatua dagoenean, hara sartzeko modu bakarra espaloietan barna baldin bada.

s) Lorategi eremuetan aparkaturik dagoenean.

t) Garraio publikorako erreserbaturiko erreietan aparkaturik dagoenean.

u) Taxien geralekuetan aparkaturik dagoenean.

v) Aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen larria sortzen zaienean.

Ebatsia denean edo, behar bezala frogaturik, ibilgailua titularraren borondatearen kontra bestela erabiltzen denean izan ezik, ibilgailua kentzen bada, horren ondoriozko gastuak titularraren kontura izanen dira; eta horiek ordaintzea edo haien ordainketa bermatzea aldez aurreko baldintza izanen du ibilgailua itzuliko bazaio. Horrek ez du deusetan ukatzen errekurtsoa aurkezteko duen eskubidea, ezta gastu horiek istripua eragin, ibilgailua abandonaturik utzi edo arau haustea egin duen lagunari kobratzea ere, egitate horietariko batengatik eraman badiote ibilgailua.

61. artikulua. Bestelako kasuak.

1. Arau hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte honelakoetan:

a) Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.

b) Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak jarri ahal izateko ibilgailua kendu behar denean.

c) Larrialdietan.

2. Inguruabar horien gaztigua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal gordailura, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

3. Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

62. artikulua. Kentzeko lanak bertan behera uztea.

Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere, behar den ordenantza fiskalean kontzeptu horrengatik agertzen den tasa ordaintzen bada.

XI. TITULUA

Aldi baterako aparkatze murriztuko eremua arautzea

63. artikulua. Izaera eta xedea.

Udalerriek hiribideen erabilera kontrola dezakete xedapen orokorren bitartez, eta zenbait tasa eska ditzakete ibilgailuak eremu jakin batzuetan aparkatzeagatik, halaxe xedatu baita Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 2. xedapen gehigarrian; Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7. eta 39. artikuluetan, eta Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 93. artikuluan. Horrez gain, Barañaingo udalerriko trafikoa hobetzeko premia dago, eta horretarako bitartekoa da erabilera publikoko bide eta aparkalekuetan ibilgailuen aparkatze zaindua arautzea -nolako funtzioa, halako lekua nahiz denbora-, bateragarri eginez aparkalekuen banaketa zuzena erabiltzaile guztien artean. Horrenbestez, aparkatze mugatu eta murriztuko eremuak arautzen dituzten xedapenak ezarri dira ordenantza honetako artikuluetan.

64. artikulua. Definizioa.

Xedapen hauen bidez, aldi baterako aparkatze murriztuaren zerbitzua arautzen da, Barañaingo udalerriko 1. eremuan, ondoren zehaztuko den moduan. Eremu horri Aldi Baterako Aparkatze Murriztuko Eremu (AAME) esanen zaio.

Eremu horretan, aparkatzeko txartela erakusten duten ibilgailuek baino ezin izanen dute aparkatu, ezarritako orduetan eta denbora mugarik gabe.

Aparkatze arautuko ordutegitik kanpo, libre izanen da eremuan aparkatzea.

65. artikulua. Seinaleztapena.

Aldi baterako aparkatze mugatuko eremua behar bezala seinaleztatuko da.

66. artikulua. Lurralde-esparrua.

Aldi baterako aparkatze mugatuko eremuan 1. eremuko kaleak sartzen dira (xedapen hauen 1. eranskineko planoan adierazi dira). Zehazki, honako hauek dira:

–Udalerriko hirigune osoa Barañaingo ingurabidea izan ezik, Kirol etorbidearekin bat egiten duen elkargunetik eta industrialdeko A, B eta C kaleak.

Aurrekoa gorabehera, eta eremu horren barruan diren Erdiko etorbidearen eta Barañaingo ingurabidearen tarteko erdibitzaileetan libre izanen da aparkatzea 20:00etatik 08:00ak arte (eranskineko planoan zehaztu da zein diren tarte horiek).

Halaber, arauditik kanpo gelditzen dira jarraian zehazten diren eremuak, eta hor libre izanen da aparkatzea egunaren 24 orduetan:

–Haraneko etorbideak, Eultzako etorbideak eta Valentziako Komunitatea kaleak (merkatu txikia) mugatzen duten lurzatia.

–Zizur Zendearen ingurabidea, Madrilgo Komunitatea kalearekin bat egiten duen bidegurutzetik Kataluniako Komunitatea kalearekin bat egiten duen bidegurutzera arte.

67. artikulua. Iraunaldia.

Arautu diren aparkatze murriztuko egunak eta orduak, oro har, honako hauek dira:

–Lanegunetan:

  • Asteleheneko 21:00etatik astearteko 10:00ak arte, murriztua.
  • Astearteko 21:00etatik asteazkeneko 10:00ak arte, murriztua.
  • Asteazkeneko 21:00etatik osteguneko 10:00ak arte, murriztua.
  • Osteguneko 21:00etatik ostiraleko 10:00ak arte, murriztua.
  • Ostiraleko 21:00etatik larunbateko 10:00ak arte, murriztua.
  • Igandeko 21:00etatik asteleheneko 10:00ak arte, murriztua.

–Jaiegunetan:

  • Larunbateko 10:00etatik igandeko 21:00ak arte, libre.

Jaiegunetan eta Barañaingo Udalak markatutako egunetan, jaiegunetarako xedatutako beteko da, hau da, jaiegunaren bezperako 10:00etatik azken jaieguneko 21:00ak arte.

Zenbait egoeratan, komenigarri delako, Barañaingo Udalaren Alkatetzak edo Tokiko Gobernu Batzarrak aparkatze mugatua zaintzeari utz diezaioke, aldi batez, araututako eremu osoan edo haren zati batean.

1. eremuaren barruan, txartela duten ibilgailuentzako aparkatze murriztuko gune bereziak ezartzen dira, eta horiek erregulatzeko ordutegia etengabea izanen da, egunak dituen 24 orduetan eta asteak dituen 7 egunetan. 1. eranskineko planoan azaltzen da zein diren gure horiek.

68. artikulua. Kontrola.

Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7. artikuluan ezarritakoarekin bat eta xedapen hauek betetzen direla bermatzearren, kontrol zerbitzua ezarriko da, jendez eta materialez behar dituen bitartekoez hornitua.

69. artikulua. Txartelaren kostua.

Berariazko prozedura baten bidez (ordenantza fiskal arau-emailea) ezarriko da zenbat ordaindu beharra dagoen eremuan aparkatzeko txartela eskuratzeko.

70. artikulua. Funtzionamendua.

Aparkatzeko eremuak ezin izanen du gainditu zedarritutako eremuko seinaleek markatzen duten muga.

Aparkatze librerako ezarritako denbora iraganik, erabiltzaileak ibilgailua eraman beharko du, baldin aldi baterako aparkatze mugaturako ezarritako ordutegiaren barruan aparkatzeko gaitzen duen txartelik ez badu.

Aparkatzeko orduak aldatzen ahalko dira, Informazio Batzordeak proposatu eta Barañaingo Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak hala erabakita.

71. artikulua. Gainerako seinaleen balioa.

Aldi baterako aparkatze murriztuko eremuaren barruan indarra izaten jarraitzen dute eremu horretako toki zehatzetan dauden seinale mugatzaile berariazkoek (zamalanetarako guneak ordu baimenduetan, gelditzeko eta aparkatzeko toki debekatuak, eta abar), etorkizunak ekar ditzakeen aldaketak gorabehera (handitu, murriztu, berritik sortu, kendu eta abar).

72. artikulua. Salbuespenak.

Ez dute eremu murriztuan aparkatzeko muga edo murriztapenetik izanen:

1. Eremuan aparkatzeko gaitzen duen txartela indarrean duten ibilgailuek, agerian badute behar bezala.

2. Motozikletek, ziklomotorrek (hiru eta lau gurpilekoek izan ezik) eta bizikletek. Horiek guztiak horretarako prestaturiko tokietan aparkatu beharko dira, eta inoiz ez ibilgailuentzako erreserbatutako eremuetan.

3. Zamalanetan ari diren merkataritzako ibilgailuek, horretarako ezarritako ordu eta tokietan ari badira.

4. Anbulantziek, zerbitzu egiten ari direnean.

5. Auto-taxi ibilgailuek, gidaria bolantera jarria eta zerbitzu egiten ari bada.

6. Hilotzak eramateko autoek, zerbitzu egiten ari badira.

7. Suhiltzaileen, larrialdietako, Gurutze Gorriaren, DYAren, osasun arloko langileen eta poliziaren ibilgailuek, zerbitzu egiten ari badira.

8. Aparkatzeko baimena duten ibilgailuak (elbarrientzako erreserba bereziak, hoteletakoak, zentro ofizialetakoak, eta abar), horretarako erreserbaturik dauden toki eta orduetan.

9. Premiazko merkataritza zerbitzuetako enpresen ibilgailuek, zerbitzu egiten ari badira.

10. “Zero emisio” duten ibilgailuek, baldin eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak egindako identifikazio ofiziala badute. (zirkulu formako “0 emisio” pegatina).

11. Baimena duten beste ibilgailu batzuek.

73. artikulua. Udal-mugarteko zonakatzea.

Txartela duten ibilgailuak zer eremutan aparka daitezkeen zehazteko, eta bakarrik horretarako, Barañaingo udalerriaren esparrua banatu da xedapen hauen 1. eranskineko planoaren arabera. Oraingoz, erregulazio honek 1. eremua ukitzen du.

74. artikulua. Txartela kokatzea eta txartelaren balioa.

Txartela ibilgailuaren aurreko haizetakoaren barruko aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Txartelean zein urte agertzen den, urte horretarako balioko du, eta eskariko ibilgailurako baizik ez da izanen.

75. artikulua. Datuak aldatzea.

Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie.

76. artikulua. Txartelaren kopiak egitea.

Txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesdunari berria ematen zaionean, baita kasu bakoitzean ezarritako tasa ordaintzea ere.

Halaber, etxez edo beste edozein baldintza aldatzeagatik txartel berria eskuratzeko eskubidea galduz gero, orduan ere txartela itzuli beharko da.

Txartela lapurtu edo galduz gero, berehala eman beharko zaio horren berri Udalari, hark kopia egin dezan; orobat, kopia aterako da txartela hondatuta egon eta berria egitea hobe denean.

77. artikulua. Baldintzak egiaztatzea.

Udalak noiznahi egiazta dezake ofizioz txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen direla. Baldintza horiek betetzen ez dituzten txartelak baliorik gabe utziko ditu, eta, horrez gain, bidezkoak izan daitezkeen beste neurri edo zehapen batzuk ezar litezke.

78. artikulua. Egoiliar izateko baldintzak.

Baimena duten egoiliarrek denbora mugarik gabe aparkatu ahal izanen dute, horretarako ezarritako tokietan.

Egoiliar izateko, txartela eskuratzeari dagokionez, baldintza hauek bete beharko dira:

1. Pertsona fisikoa izatea, udalerri barruko etxebizitza batean erroldatua egotea eta etxebizitza hori izatea ohiko eta benetako bere bizitokia. Halaber, txartela zein ibilgailutarako eskatzen den, ibilgailu horrek eskatzailearen izenean egon beharko du, edo eskatzailea ibilgailu horren ohiko gidaria izan. Bestela, titularrak eskaera egiteko baimena eman beharko dio. Ibilgailuak, orobat, leku berean egon behar du helbideratua.

2. Barañaingo Udalari txartela eskatu eta hura eskuratzea, eredu ofizialaren araberako eskabidearekin batean agiri hauek egiaztatuta:

a) Nortasun agiri nazionala, eskatzailearen gidabaimena eta ibilgailuaren zirkulazio baimena.

b) Autoaren asegurua, indarra duena, eta ibilgailuen azterketa teknikoaren aldeko txostena, hura edukitzea nahitaezkoa baldin bada.

c) Aparkatzeko txartela eskuratzeko ezarritako kopurua ordaindu izanaren ziurtagiria.

3. Egoiliar txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.

Udal zerbitzuek beharrezkotzat jotzen diren ikerketak eginen dituzte inguruabar horiek betetzen direla egiaztatzeko.

79. artikulua. Enpresako ibilgailuak dituzten egoiliarrak.

Orobat, txartela eskuratu ahalko dute eremu arautuko etxebizitza batean erroldatuta diren egoiliarrek, lan edo enpresa arloko jardueraren ondorioz hari atxikitako ibilgailua erabili ohi badute, betiere alderdi hori frogatuta.

80. artikulua. Araututa ez dauden eremuak erabiltzea egoiliarrek.

Txartela duten egoiliarrek denbora mugarik gabe aparkatzen ahalko dute eremu arautuan libre dauden aparkatzeko tokietan. Eremu horretatik kanpo, egoiliarrak arau orokorrak bete beharko ditu aparkatzeko tokiak erabiltzeko.

81. artikulua. Pertsona fisikoen, juridikoen eta soldatapekoen baldintzak.

1. Barañainen merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzu jardueretan ari diren pertsona fisiko eta juridikoek xedapen hauetan araututako aldi baterako aparkatze murriztuko eremuan aparkatzeko baimena emanen dien txartela eskuratzen ahalko dute, baldintza eta muga hauekin:

–Ekonomia jardueren gaineko zergan, jarduera hartarako eta establezimendua dagoen tokirako alta emanda egon beharko dute.

–Araututako eremuan gauzatu beharko da jarduera.

–Irekitzeko lizentzia beharko du izan lokalak.

–Ibilgailua jardueraren titularraren izenean egonen da edo hari atxikia, behar bezala aseguratua eta azterketa teknikoa egina.

–Txartel bat emanen da establezimendu edo jardueraren titular bakoitzeko. Jardueran aritzeko ibilgailu bat baino gehiago badago, txartel gehiago emateko aukera aztertuko da.

–Txartela eskuratu aurretik, ordenantza honen 35. artikuluaren arabera ezarritako diru kopurua ordaindu beharko da.

–Merkataritza, industria, lanbide eta zerbitzu jardueretarako txartela duten titularrek egoiliarrek dituzten eskubide eta betebehar berberak izanen dituzte, alegia, arau honen aurreko artikuluetan bildutakoak.

2. Merkataritza, industria edo lanbide jardueretan lanean soldatapean (besteren kontura) ari diren pertsona fisikoek denbora mugatu batean (merkataritzako ordutegian) aparkatze murriztuko eremuan aparkatzeko baimena ematen dien txartela eskuratzen ahalko dute, baldintza eta muga hauekin:

–Araututako eremuan gauzatu beharko da jarduera.

–Jarduera zer lokaletan gauzatzen den, lokal horrek ez du izanen, berea duen aparkalekuan, soldatapeko guztientzako nahikoa tokirik. Nahikoa toki baduela joko da baldin eta soldatapekoen ibilgailuek hartzen badute plaza guztien %20 edo gutxiago.

–Jardueraren titularrak edo enpresa kontratatzaileak egin behar du eskaera.

–Kontratua indarrean izan beharra dago eremu arautuko saltokiarekin edo negozioarekin.

–Ibilgailua titularraren izenean egonen da, behar bezala aseguratua eta azterketa teknikoa egina.

–Araututako ordutegian zenbat langile aritzen diren frogatu, hainbat txartel emanen dira.

–Txartela eskuratu aurretik, ordenantza honen 35. artikuluaren arabera ezarritako diru kopurua ordaindu beharko da.

82. artikulua. Txartel bereziak eta aldi baterako baimenak

Eremu eta ordutegi mugatuan aparkatzeko txartel bereziak edo aldi baterako baimenak eman daitezke. Aparkatzeko txartel bereziek besteen itxura bera izanen dute; aldi baterako baimenek, berriz, beste era bateko formatua izanen dute. Txartel bereziak eta aldi baterako baimenak irizpide hauen arabera emanen dira:

1. Aparkatzeko txartel bereziak.

Gerta liteke eskaerak ez betetzea aurreko artikuluetan adierazitako baldintzak. Horrelakoetan, txartel berezia ematea eska daiteke, eta besteen baldintza berberetan erabili. Zehazki, honako hauek eska dezakete:

a) Ikasleak edo hezkuntza langileak. Barañainen bizi baldin badira, ikasi edo lan egin behar dutelako, eta erroldatuta ez baldin badaude, aldi batez egonen direlako. Ikasturterako emanen dira.

b) Saltokien, enpresen edo profesionalen bezeroak. Zenbait lan jarduera ordutegi murriztuaren barruan egin beharrekoak badira, bezeroei hitzordua emanez egiten bada lan, edo bezero jakin batzuekin, bezeroek aparkatzeko txartelak emanen zaizkie saltokiei. Saltoki bakoitzari bi emanen zaizkio, gehienez ere.

c) Familiako bati laguntza eman behar diotenek, epealdi mugagabez.

Txartel horiek ordenantza honetako 69. artikuluan ezarritako kostua izanen dute.

2. Aldi baterako baimenak.

Gerta liteke aparkatzeko beharra ez agertzea aurreko artikuluetan. Beraz, egoera balioetsi ondoren, Udaltzaingoak baimen bereziak edo aldi baterako baimenak eman ditzake:

a) Ordezkapen ibilgailuentzat edo txartela duen ibilgailuak matxura duenean.

b) Obretan.

c) Familiako bati laguntzera joateko, epealdi labur eta jakin batez.

d) Osasun etxera joateko.

Kasu horietan guztietan, egoki diren egiaztagiriak eskatuko dira. Baimenak emateak ez du kosturik izanen.

3. Aparkatzeko txartelak edo baimenak behar ez bezala erabiliz gero, baliteke txartela aldi baterako edo betiko kentzea, legez dagozkion zehapenak ezartzeaz aparte.

XII. TITULUA

Zehapen prozedura

83. artikulua. Prozedura.

Ordenantza honetan araututako gaietan jarraitu beharreko prozedura Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, eta, horretan jasota ez dagoen orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

84. artikulua. Arau hausteen sailkapena.

–Arau hauste arinak. Arau hauste arintzat hartuko da ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, bereziki 85. artikuluan xedatutakoa ez betetzea, baldin eta, trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean ezarritakoaren arabera, arau hauste astunaren edo oso astunaren kalifikaziorik ez badu ez betetze horrek.

–Arau hauste astunak eta oso astunak. Arau hauste astuntzat edo oso astuntzat hartuko dira trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean halakotzat jotzen direnak.

85. artikulua. Aldi baterako aparkatze murriztuko eremuko arau hausteak.

Aldi baterako aparkatze murriztuko eremuko arau haustetzat joko dira honako hauek:

1. Indarreko txartelik gabe aparkatzea.

2. Txartelen erabilera desegokia egitea.

3. Txartela behar bezala agerian ez jartzea.

4. Markatutako tokiaren esparrutik kanpora aparkatzea, beste toki bat edo batzuk ezin erabiltzeko maneran utziz.

5. Motozikleta, ziklomotor edo bizikletak aparkatzea horientzako espres ezarritako lekuetatik kanpo.

86. artikulua. Zehapenak.

–Zehapen arinak:

  • Arau honen 85. artikuluko arau hausteak egiteagatik, 60 euroko zehapenak ezarriko dira betiere.
  • Arau hauste arinengatiko beste zehapen guztiak 80 eurokoak izanen dira.

–Zehapen astunak eta oso astunak:

  • Arau hauste astunengatiko edo oso astunengatiko zehapenetan, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak bere zehapen kodeetan adierazitako zenbatekoak ezarriko dira, Trafiko eta Bide Segurtasunaren arloko indarreko arauetako zehapen araubidea aplikatuta.

Hori hala izanik ere, zehapenak mailakatu ahalko dira, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 81. artikuluan ezarritako irizpideetan oinarriturik.

87. artikulua. Azkar ordaintzea.

Salaketa jakinarazi ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, %50 merkeago ordaintzen ahalko dira ordenantza honetako arau hausteen ondoriozko isunak.

Isuna %50 merkeago ordaintzeak berarekin dakar alegazioak aurkezteari uko egitea eta prozedura ebazpen espresik eman behar izan gabe amaitzea, errekurtsoak paratzen ahalko badira ere.

88. artikulua. Instrukzioa.

Barañaingo Udaleko udaltzainburuak edo haren eginkizunak betetzen dituenak izapidetuko ditu ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau hausteengatik irekitzen diren espedienteak. Kanpoan izateagatik edo, legezko arrazoi bat tartean dela, errefusatua bada edo abstenitzen bada, alkateak izendatzen duenak ordeztuko du udaltzainburua. Izapideak burututa, Barañaingo alkateak bidezko ebazpena emanen du.

89. artikulua. Udalak eskumenik ez duenean.

Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau hausteen kasuan, Barañaingo Udaltzaingoak salaketa eginen du, eta ondoren Barañaingo Udalak berak administrazio eskudunari igorriko dio.

90. artikulua. Gidabaimena bertan behera uztea edo kentzea eta puntuak galtzea.

Diru zehapenarekin batera, gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena eta puntuen galera ere jaso dezaketen arau hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, zehapena Udalaren eskumenekoa duten egitateak badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko edo esleituriko puntuetako bat galtzeko zehapena ezar dezan, hala behar badu.

91. artikulua. Helbidea, jakinarazpenetarako.

Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren helbidea izanen da gidarien eta arau hausleen erregistroan ageri den hura; titularrarena, berriz, ibilgailuen erregistroan ageri dena izanen da. Interesdunak beste helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia, izapidegilearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

I. ERANSKINA

Planoa

L1907380_0.pdf

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1907380