168. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Tafallako udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzaren behin betiko onarpena

Tafallako Udalak, 2019ko martxoaren 26an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Tafallako Udal Mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzaren aldaketa (2019ko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 13an).

Maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez aldatutako Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren arabera, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2019ko uztailaren 26an.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.

TAFALLAKO UDAL-MUGARTEKO HERRI-ONDASUNEN ADMINISTRAZIOA, ERABILERA, DEFENTSA, BERRESKURAPENA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Herri-ondasunak

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Tafallako udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera-ekintza, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunak uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/199 Foru Legean ezarritakoaren arabera eraenduko dira, baita urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan, Tafallako Udal Ordenantzetan, eta halakorik ez izanez gero, Foru Zuzenbide Pribatuko arauetan ezarritakoaren arabera ere, LORAFNAren 40. artikuluaren hirugarren atalean ezarritakoari kalterik egin gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

I. KAPITULUA

Ahalmenak eta eskumenak

5.1. artikulua. Herri-ondasunen gaineko erabilera, administrazio, aprobetxamendu-erregimen eta antolakuntza gaitasunak Tafallako Udalari dagozkio, uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/199 Foru Legean, Ondasunen Erregelamenduan eta Ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

5.2. 6/1990 Foru Legean espresuki aipatzen diren kasuetan, Tafallako Udalaren organo eskudunek hartzen dituzten erabakietarako beharrezkoa izanen da Foru Komunitateko Administrazioaren onespena, baina kasu haietan bakarrik.

II. KAPITULUA

Desafektazioari buruzkoa

6. artikulua. Herri-ondasunen desafektazioa egiteko, horien erabilpena lagatzea edo karga izanik arrazoi, honako hau bete beharko da:

1) Tafallako Udalaren osoko bilkuraren edo gobernuko goi mailako organoaren eta tokiko erakundearen administrazioaren hasierako akordioa izatea, gehiengo osoaren eskutik.

2) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, erabaki hau jendaurrean edukitzea hilabetez, Tafallako Udalaren iragarki oholean, aipatu epean alegazioak edo erreklamazioak aurkez daitezen.

3) Hala badagokio, Tafallako Udalaren osoko bilkurak alegazioak edo erreklamazioak ebaztea eta behin betiko akordioa hartzea. Hasiera bateko erabakia behin betikoa bilakatuko da alegazio edo erreklamaziorik aurkezten ez bada.

4) Herri-ondasunen arloan eskumenak dituen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuari igortzea aurreko atalean aurreikusitakoa bete dela egiaztatzen duen dokumentazioa, baita finka identifikatzeko behar diren agiriak, eta erabilera lagapena edo karga arautuko duten administrazio baldintzen agiria ere.

5) Nafarroako Gobernuaren onarpena, Foru Dekretuaren bidez.

7. artikulua. Salmenta edo trukea dela eta ondasun lursail txikien desafektazioa egiteko, honako hau bete beharko da:

1) Tafallako Udalaren osoko bilkuraren edo gobernuko goi mailako organoaren eta tokiko erakundearen administrazioaren hasierako akordioa izatea, legezko kide kopuruaren bi herenekin osatutako gehiengoaren eskutik.

2) Publikoari argitaratzea eta forman eta garaiz iragartzea, aurreko artikuluaren bigarren atalean aipatutako eraginetarako.

3) Hala badagokio, haien kideen legezko kopuruaren bi herenen gehiengoarekin onartutako alegazioen edo erreklamazioen ebazpena ematea. Hasiera bateko erabakia behin betikoa bilakatuko da alegazio edo erreklamaziorik aurkezten ez bada.

4) Herri-ondasunen arloan eskumenak dituen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuari igortzea aurreko artikuluetan aurreikusitakoa bete dela egiaztatzen duen dokumentazioa eta 9. artikuluak aipatzen duen justifikazioa, baita finka identifikatzeko behar diren agiriak eta besterentzea arautuko duten administrazio baldintzen agiria ere.

5) Onura publiko edo sozialaren deklarazioa eta onespena Nafarroako Gobernuak Foru Dekretuaren bidez emanik.

8.1. artikulua. Aurreko artikuluan aurreikusitako eraginetarako, desafektazioaren xedea trukea denean, lursaila txikia dela ulertuko da, baldin eta lursail horren azalera bost hektareakoa edo hori baino txikiagoa bada.

8.2. Desafektazioa salmentarako sortzen denean, lursaila txikia dela ulertuko da, honako baldintza guzti hauetako bakoitza duenean:

a) Hiru hektareako azalera edo hori baino txikiagoa izatea.

b) Azalera hori Tafallako Udalaren herri-lurren azalera osoaren ehuneko bi edo hori baino txikiagoa izatea.

c) Lursailaren ondarezko katastro-balioa Tafallako udalaren herri-lur osoaren ondarezko katastro-balioaren ehuneko bi edo hori baino gutxiago izatea.

9. artikulua. Desafektazioarekin lortu nahi den helburua lursail txikien salmenta edo trukea denean, eta Nafarroako Gobernuak horiek erabilera publikorako edo gizarte erabilerarako moduan aitor ditzan, Udalak justifikatu beharko du helburu hori ezin dela lortu erabilera lagatzearen edo kargaren bidez; izan ere, horiek, nolanahi ere, lehentasunezko aukerak izanen dira.

10. artikulua. 7. artikuluaren azkeneko atalak aipatzen duen erabilera publikoko edo gizarte erabilerako adierazpenerako, desafektazioa justifikatzen ahal duten irizpide oro izanen dira kontuan, honako hauek bereziki:

a) Zer helburu lortu nahi den herriko eta eremuko edo eskualdeko bizi kalitatea eta garapen ekonomikoa eta soziala hobetu daitezen.

b) Sortuko diren lanpostuen zerrenda.

c) Jarduera nola egokitu nahi den ingurunearekin.

11. artikulua. Desafektazioak foru lege bat beharko du onespena jasotzeko, jabetza kostu bidez edo dohainik aldatzeko eta lursail txikia gainditzen duten lurrak trukatzeko egiten denean, bai eta aurreko artikuluetan aipatu ez diren gainerako kasuetarako ere.

12.1. artikulua. Tafallako Udalak herri-ondasunen desafektazioaren gainean hartzen dituen akordioek herri-ondasun horiek leheneratzea ezarri beharko dute, horiek desagertzen diren edo desafektazioa sortu zuten helburuak edo zegokien baldintzak betetzen ez diren kasuan.

12.2. Udalak desafektazioaren xede den lagapena, karga, salmenta edo trukea eraentzeko onartzen dituen administrazio-klausulen agirietan nahitaez jaso beharko da aurreko zenbakian aipatzen den lehengoratzea islatuko duen klausula.

12.3. Kontratua dokumentu publikoan formalizatuko da, non lehengoratze klausula jasoko den, Jabetza Erregistroan inskribatuko dena.

12.4. Itzultzea gertatuko balitz, ondasun horiek Tafallako Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasunetako ondasun gisa.

13. artikulua. Aurreko artikuluetan herri-ondasunen desafektazio moduan jasotakoa hala beteko da, herri-ondasunen sailkapen juridikoa Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 13.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera aldatzen ahal den kasuei kalterik egin gabe.

14. artikulua. Herri-ondasunen nahitaezko desjabetze kasuetan arlo horretan indarrean den legediari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

15. artikulua. Tafallako Udala herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzera ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

16. artikulua. Tafallako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

17.1. artikulua. Tafallako Udalak, herri-lurrekin mugakide diren lursailen inmatrikulazioa dela eta, Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari.

17.2. Tafallako Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

18. artikulua. Tafallako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzeko transakziorik egin nahi izanez gero.

19. artikulua. Tafallako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

20. artikulua. Tafallako Udalak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, kontratu horiek interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

20.1. Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

21. artikulua. Tafallako Udalak herri-ondasunen defentsaren ondoriozko ekintzak gauzatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, Tafallako Udalaren izenean eta interesean, beti ere hala eskatu ondoren, 60 egun natural igarotzen badira ekintza horiek gauzatzea adostu gabe.

21.1. Tafallako Udalak ekimena bultzatu duen herritarrari ahalbidetuko dizkio bere asmoa defendatzeko behar dituen aurrekari, dokumentu eta proba-elementu guztiak.

21.2. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Tafallako Udalak, aldez aurretik eskatu eta justifikatu ondoren.

22. artikulua. Tafallako Udalak berez berreskuratzen ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik dagokion prozedura abiarazita, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta legelariak txostena idatzita, non agertuko baitira usurpatu den ondasuna egiaztatzeko behar adina agiri eta froga.

22.1. Hori guztia Toki Administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari jarraikiz.

21.2. Era berean, Tafallako Udalak egintza zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamenduak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

23. artikulua. Tafallako Udala ahaleginduko da herri ondasunen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta ahalik eta egokien aprobetxatzen.

24. artikulua. Titulu honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

1) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

2) Herri-larreen aprobetxamendua.

3) Zur eta egurretako aprobetxamenduak.

4) Bestelako aprobetxamenduak.

25. artikulua. Orokorrean, herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, legez ezarritako familia unitateen eta izatezko bikoteen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den adingabea edo judizialki gaitua izatea.

b) Udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez sei urteko antzinatasunez.

c) Tafallan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Tafallako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea eta berankor moduan ez agertzea.

25.1. artikulua. Ohiz kanpoko izaerarekin, irabazi asmorik gabe eta Nafarroako Gobernuak onartutako Plan Zinegetikoa bete ahal izateko, Tafallako Ehiza eta Arrantza Toki Elkarteak eskubidea izanen du laborantzarako herri-lur sail baten esleipen zuzena izateko.

Sail hori Tafallako Udaleko landazainaren eta Tafallako Ehiza eta Arrantza Toki Elkartearen artean proposatuko da.

26. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat.

26.1. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

27. artikulua. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa baino %10 eta %20 merkeago, hurrenez hurren.

27.1. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamenduak zuzenean esleitzen ahalko dira, baina prezioa ez da azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa izanen.

27.2. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkantea iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenagotik gutxienez ere.

27.3. Aurreko zenbakian xedatutakoa gorabehera, laborantzako herrilurren edo herrilarreen bigarren eta hirugarren enkanteetarako aski izanen da Tafallako Udalaren iragarki oholean iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago, gutxienez.

27.4. Era berean, baso-aprobetxamenduen enkanteetan, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 4. ataleko 210. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa izanen dira kontuan.

27.5. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan sesteoa egin daiteke, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 231. artikuluko zehaztapenei jarraikiz.

27 bis. Orokorrean, ezin izanen da ez glifosatorik ez hazi transgenikorik erabili; beraz, debeku hori herri-lurren espazio osora zabaltzen da, baita nekazaritzarako aprobetxamendurik ez duten bideetara, ubideetara, sakanetara eta eremuetara ere.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak

1. ATALA

Aprobetxamendu moduak

28. artikulua. Laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Tafallako Udalaren ustiapen zuzena edo enkante publikoaren bidezko esleipena.

28.1. Laborantzako lurren aprobetxamenduak esleitzeko prozesua egiteko, Tafallako Udalak aurreko zenbakian zehaztutako modalitateak aplikatuko ditu hurrenez hurren eta adierazitako ordenan.

2. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

29. artikulua. Herritarren arteko lehentasunezko esleipen honen onuradun izateko, familia unitatearen titular diren herritarrek 25. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

29.1. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

29.2. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamendu eskubidea duela uste duten familia unitateek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

1) Familia unitateko kideen PFEZ aitorpenen egiaztagiriak edo kopiak.

2) Familia unitateko kideek jasotako soldaten edo beste edozer eratako diru-sarreren egiaztagiriak edo kopiak.

3) Familia unitateko kide bakoitzaren landako zein hiriko jabegoen katastroko egiaztagiriak edo ziurtagiriak, familiaren etxebizitzarenak izan ezik.

4) Familia unitateak errentamenduan edo beste edozer tituluren bidez lantzen dituen lurren zinpeko deklarazioa.

5) Familia unitateak jabegoan dituen ibilgailu motordunen eta nekazaritza-tresnen zinpeko adierazpena.

6) Familia unitatearen jabegoko abere kopuruaren Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintza Erroldaren Erregistroko egiaztagiria.

7) Desgaitasunak alegatzen dituzten familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak direla egiaztatzeko eskatzen diren dokumentu guztiak.

8) Familia unitateek azaltzen dituzten egoerak egiaztatzeko Tafallako Udalaren ustez aurkeztu behar diren beste edozer dokumentu.

9) Ondare balioei ezarri beharreko errendimenduak Nafarroako Gobernuak ezarriko ditu.

30. artikulua. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearendako, modalitate honetan:

Bi lote erditan banatutako 16 eta 20 hektarea arteko sailak, nork bere eskutik laboratu beharrekoak.

31. artikulua. 29 artikuluan ezarritakoaren ondorioz onuradun suertatzen direnei entregatuko zaizkien loteak, familia unitateko kideen kopuruaren arabera, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuz aterako dira:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea; hots, lote bat.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea, hau da, bi lote.

c) Zazpi eta bederatzi kide bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea; hots, hiru lote.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea; hots, bost lote.

32. artikulua. Tafallako Udalak, kontuan harturik herri-lurren ezaugarriak eta herritarren egoera soziala, proportzionalki apaltzen ahalko ditu aitzineko hiru artikuluetan aipatzen diren faktoreak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldez aurretik baimena ematen badu eta behar den bezala justifikatuz gero, baina ez handitu, ordea.

32.1. Tafallako Udalak, kasu horietan, laborantzako herri-lurren ehuneko berrogeita hamarra erabiliko du, gutxienez, banaketa mota honetarako.

33. artikulua. Laborantza mota urtean behingoa eta aprobetxamenduaren epea zortzi urtekoa izanen da, hau da, lau ereintza izanen dira.

33.1. Tafallako Udalak fruta-arbolak edo mahastiak landatzeko baimena emateari egoki baderitzo, epe hori 24 urtean zabaltzen ahalko da, 3, 4 edo 5 urtean luzatzen ahalko dena, laborantzaren egoera begetatiboaren arabera; emandako epea amaitzean, hondar-balioa Tafallako Udalaren jabegoko bihurtuko da, inolako kalte-ordainik gabe.

34. artikulua. Herri-lurretako lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan:

–Lote ona: 112,10 euro/ha.

–Hala-holako lotea: 69,68 euro/ha.

34.1. Kopuru horiek urtero berrituko dira, kontsumoko prezio igoeraren arabera erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 27. artikulua).

35. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

35.1. Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek ordenantza honen 25. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

35.2. Tafallako Udalaren ordenantzak esleipenerako prozedura jakin batzuk ezartzen ahalko ditu, lurzati elkartuak esleitzeko aurreko lerroaldean aipatzen den egoeran daudela egiaztatzen duten onuradunei.

36. artikulua. Ezintasun fisikoren bategatik edo beste arrazoiren bategatik esleipendunak zuzenean eta pertsonalki laboratu ezin dituen lursailak, herritarren arteko zuzeneko esleipen bidez esleituko dira, edo hala badagokio, Tafallako Udalaren zuzeneko ustiapenaren edo enkante publikoaren bidez.

36.1. Tafallako Udalak, esleipendunak berak laboratzea galarazten duen arrazoia eskatu eta egiaztatu ondoren, esleipenean eskuratutako diru-sarrerak abonatuko dizkie onuradunei, dagokion kanona kendu ondoren.

37. artikulua. Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

37.1. Herri-lurren loteak kendu zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena sortu zen unetik jasotako onuren zenbatekoa sartu beharko dute Tafallako Udaleko Kontabilitate Zerbitzuen Sailean; zenbateko hori Tafallako Udalak finkatuko du.

37.2. Lurra kentzeko, aurretik Tafallako Udalak espedientea irekiko du eta interesdunei entzutea emanen zaie.

38. artikulua. Tafallako Udalak edozein unetan egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin eta onuradunei behar dituen agiriak aurkez ditzaten eskatzen ahalko die, era horretan ikusi ahal izateko laborantza zuzenean eta norberak egiten duela.

39. artikulua. Tafallako Udalak usteko du esleipen hartzaileak dagozkion herri-lurrak ez dituela zuzenean eta berak lantzen, honako kasu hauetan:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Erregaiak, ongarriak, haziak eta lehengaiak erosi izanaren agiriak edo saldutako produktuenak aurkezteko eskatu eta ezarritako epealdian aurkezten ez baditu.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako laborantza-etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

d) Laborantzako lurren jabe izanik, errentan ematen badituzte.

e) Laboratzeko behar diren nekazaritzako makinarik ez dutenek, makina horiek kontratatzeko fakturarik ez badute.

40.1. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte landu esleitu zaizkien herri-lurrak esleipenean ezarritako xedea ez bezalako beste erabilera, aprobetxamendu edo laborantza motarako, Tafallako Udalak espresuki emandako baimena ez badute, deusetan ukatu gabe dagozkien ordenantzetan ezarritakoak.

3. ATALA

Herritarrendako zuzeneko esleipena

41. artikulua. Herritarren arteko lehentasunezko esleipen premiei erantzun ondoren, laborantza-lur soberakinak, zein zuzenean eta pertsonalki laboratzen ez dituzten onuradunen lursailak, herritarren arteko esleipen zuzenaren xede izanen dira 25. artikuluan ezarritako baldintzak biltzen dituzten familia unitateko herritar titularren artean, hau da: nagusiki nekazariak izatea edo haien diru-sarreren %50 baino gehiago nekazaritzako jardueren ondoriozkoa izatea (norberaren ustiapenetan edo inorenetan); Nekazarien gizarte-segurantzan alta emanda izatea bost urteko antzinatasunarekin eta ordainketak egunean izatea; eta 65 urte beterik ez izatea, erretiro egoeran izan zein ez, salbu eta interesdunak horretarako premia duenean eta Tafallako Udalak hala egiaztatzen duenean.

41.1. Nekazari gazte berriak onuradun moduan sartzen direnean, ez da bost urteko antzinatasunik izan beharko Nekazaritzako gizarte-segurantzan; hala ere, nekazari berriaren baldintza egiaztatu beharko da, eta alta emanda eta ordainketak egunean izan beharko dira.

42. artikulua. Honako azalera hau ezarri da herri-lurraren lotearentzako, aprobetxamendu modalitate honetan:

Bi lote erditan banatutako 16 eta 20 hektarea arteko sailak, nork bere eskutik laboratu beharrekoak.

42.1. Abeltzainek lote erdia eskuratzeko eskubidea izanen dute eta esleitu eginen zaie beren bazkatokiaren barrenean, eskortaren edo artegiaren mugan, betiere hala eskatzen badute.

42.2. Nekazaritza ekologikoa: interesa agertzen duenik baldin bada, Udalari eskatu beharko diote, zozketa eguna baino zazpi egun natural lehenago. Udalak erreserbatu eginen ditu loteak horretarako, eta horren gaineko zozketa zozketa orokorra baino lehen eginen da. Zozketatik eman gabe gelditzen diren loteak orokorrari atxikiko zaizkio. Eskaerarik ez bada, ez da nekazaritza ekologikorako lurzatirik erreserbatuko.

43. artikulua. Lehentasunezko esleipenak eta herritarren arteko zuzeneko esleipenak egin ondoren, Tafallako Udalak gainerako laborantza lurrak gordeko ditu, balizko onuradun berriei erantzuteko.

43.1. Aurreko zenbakian aipatzen diren gordetako laborantza lursailak 4 urtetik behin esleituko ditu Tafallako Udalak antzeko loteetan ordenantza honetako baldintzak betetzen dituzten nekazarien artean, eta esleipen horiek eraginik gabe geratuko dira lehentasunezko eskubidea duen onuradun berriari aprobetxamendu hori emategatik. Udalak, egokia baderitzo Osoko Bilkuraren akordio bidez, esleipen horiek 8 urtera arte luzatzen ahalko ditu, esleipen orokorrekin bat egin dezaten.

43.2. Gainerako loteak modu bidezkoan eta berdinzalean banatuko dira eskatzaileen artean.

44. artikulua. Esleipen hartzaileak zuzenean eta pertsonalki landu beharko ditu lurrak.

44.1. Eragin horretarako, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 164. eta 168. artikuluetan eta Ordenantza honen 35. artikulutik 39. artikulura ezarritakoa beteko da.

45. artikulua. Esleipen epea eta laborantza modua Ordenantza honen 33. artikuluan ezarritakoa izanen da.

46. artikulua. Onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu honetan:

–Lote ona: 180,09 euro/ha.

–Hala-holako lotea: 120,57 euro/ha.

46.1. Kopuru horiek urtero berrituko dira, kontsumoko prezio igoeraren arabera erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 27. artikulua).

47. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko esleipenaren onuradunek ezin izanen dituzte, Tafallako Udalaren berariazko baimenik gabe, herri-lurrak esleitu diren helburuez bestelako erabilera, aprobetxamendu edo laborantzetarako baliatu, baldin eta Tafallako Udalak, ordenantzen onarpen-izapideen araberako akordioen bidez, laborantza berrien loteak ezartzen ez baditu, bai ofizioz edo balizko onuradunen eskaerari jarraikiz, kasurako, herri-lurrak denontzako baldintzarik onenean aprobetxatzeko mahastiak, olibondoak edo intereseko beste labore batzuk landatzeko.

47.1. Kasu horietan, Tafallako Udalak aprobetxamenduaren berezitasunaren ondoriozko epeen, kanonaren eta abarren araberako ustiapen-baldintzak ezarriko ditu.

48. artikulua. Baldin eta Tafallako Udal Mugapean herri-lur egokirik bada, toki entitateak familia baratze izateko edo antzekorako lurzatiak ematen ahalko ditu, zozketa bidez, eskaera aurkezten duten herritarren artean, haiek halako lurrik ez badute.

48.1. Azalera, kanona eta baldintzak libreki finkatuko dira behar den ordenantzan, helburu hauetarako jarri den azalera globalak inola ere ez duelarik gaindituko laborantzarako herri-lurraren azaleraren ehuneko hamarra.

4. ATALA

Tafallako Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

49. artikulua. Laborantzarako lurra soberan baldin badago, herritarren arteko lehentasunezko esleipen zuzeneko prozedurak aplikatu ondoan, Tafallako Udalak enkante publikoan esleituko du zehaztuko den epe jakin baterako; hain zuzen ere, banaketa berria egin bitarte.

49.1. Tafallako Udalak finkatuko du hasierako lizitazio-prezioa, eta eskualde honetan antzeko ezaugarriak dituzten lurrak errentan emateko prezioaren parekoa izanen da.

50. artikulua. Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Tafallako Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

5. ATALA

Herritarren arteko esleipenerako prozedura

51. artikulua. Laborantzarako herri-lurrak esleitzeko prozedura hasteko, ediktua Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarkia Tafallako Udalaren oholean argitaratuko dira. Eskabideak onartzeko epea zein den zehaztuko da. Ahal dela, hamabost egunekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

52. artikulua. Eskatzaileek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Tafallan urtean gutxienez bederatzi hilabetean jarraian bizi dela egiaztatzen duten agiriak (telefono, gas, argi eta abarren fakturak).

b) Familia-unitatea osatzen duten kideen zinpeko adierazpena, eta lehentasuna duten aprobetxamenduak eskatzen dituztenen kasuan, gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak.

c) Hiriko zerga-kapitalen katastroko ziurtagiria, norbere etxebizitzari dagokiona salbu.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak jabegoan duen abere kopuruaren Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Errolda Ziurtagiria.

e) PFEZ adierazpena edo egiaztagiriak, non familia unitatearen diru-sarrera guztiak agertzen diren, bai nekazaritzaren, abeltzaintzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorean, zein Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak ere.

f) Eskatzaileak edo onuradunak Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren Erregimenean Ordenantza honetako 41. artikuluan eskatzen den antzinatasunarekin alta emanda daudela eta ordainketak egunean dituztela egiaztatzen duten agiriak, nekazaritza-jarduera aurretiaz utzi dutenak edo nekazaritza lanerako desgaitasun egoeran daudenak eta ondorioz, onuradunak ezin izanen direnak izan salbu. Tafallako Udalak urtero berrikusten ditu egiaztagiri horiek.

g) PAC aitorpenaren egiaztagiria, halakorik izanez gero, edo horren ordezko adierazpena.

h) Egin nahi den laborantza motaren adierazpena, laborearen aldean ezberdina bada.

53. artikulua. Tafallako Udalak esleipen modalitate bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Tafallako Udalaren oholean iragarri eta interesdunei jakinaraziko. Hamar egun baliodun izanen dira erreklamazioak paratzeko.

54. artikulua. Erreklamazioetarako epean halakorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da.

54.1. Erreklamazioak aurkezten badira, Tafallako Udalak horiek ebatziko ditu, eta behin betiko zerrendak onetsiko eta argitaratuko ditu erakundearen iragarki oholean.

55. artikulua. Esleipena zozketa bidez eginen da, lehentasunezko aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, ondoren, herritarren arteko zuzeneko esleipenetarako, era honetan:

1) Modu batean zein bestean onartutakoen behin betiko zerrendetan zenbakiak jarriko dira.

2) Herri-lurretako lurzati bakoitzari dagokion zenbakia jarriko zaio.

3) Ondoren eta betiko moduan, poltsatik aterako da zenbaki bat, onuradun eskatzaileari dagokiona, eta beste bat lurzatiari dagokiona; horrela, behin eta berriro.

4) Lursailen zozketa amaitu ondoren, Tafallako Udaleko Gobernu Batzordeak onuradun berrien eta haiei dagokien herri-lurreko lursailen esleipen akordioak hartuko ditu, eta hala jakinaraziko die interesdunei.

56. artikulua. Behin betiko esleipenaren akordioak banan-banan jakinaraziko zaio onuradun bakoitzari.

56.1. Tafallako Udalaren erabakien aurka jotzen ahalko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztaileko 6/1990 Foru Legean ezarrita dauden bideak erabiliz.

6. ATALA

Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak

Atal honetan Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 205.-213. artikulu artekoetan eta Tafallako Udalak onets ditzakeen ordenantzetan ezarritakoari lotuko zaio.

7. ATALA

Bestelako aprobetxamenduak

57. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako aprobetxamendua eginen da gai horri buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz. (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 171. artikulua).

58. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Tafallako Udalak prestatzen dituen baldintza orriei lotuko zaizkie.

58.1. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onespena eman beharko du.

8. ATALA

Diru-bilketa

59. artikulua. Ordainarazpena urtero eginen da abuztuan, aitzineko nekazaritza-urtean landu diren eta, beraz, uzta bildurik duten luzartietako eskubideen erdiak ordainaraziko dira, eta hurrengo nekazaritza-urtean landuko direnetakoen erdiak.

9. ATALA

Hobekuntzak herri-lurretan

60. artikulua. Tafallako Udalak indarrik gabe uzten ahalko ditu herri-lurren gainean dauden aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xede hauek baldin badituzte:

a) Herri-lurren gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurretako ondasuna hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

d) Basoberritze proiektuak egiteko aukera.

60.1. Kasu horietan, honako prozedura honi jarraituko zaio:

a) Tafallako Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta aurkezten diren alegazioei buruzko Tafallako Udalaren erabakia izatea.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

61. artikulua. Tafallako Udalak berak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoan.

62. artikulua. Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herri-lurrak laborantzarako luberritzeko.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

63. artikulua. Tafallako Udalak bere esku du udal ordenantzan ezarritakoaren aurka jotzen dutenak zehatzeko ahalmena.

63.1. Nafarroako Gobernua arduratuko da herri-lurrei eragiten dieten eta indarra duen baso legeria hausten duten gertakariak aztertzeaz eta zehatzeaz.

63.2. Aurrekoa kontuan izanik arau-hauste administratibotzat hartzen dira herri-lurretan laboreekin zerikusia duten gertakari hauek:

Arau-hauste arinak:

1) Ezinbesteko kasuan salbu, Nekazaritza Batzordearen proposamenaren ondorioz esleitutako lursailaren gutxienez ehuneko laurogeia ez laboratzea, esleipendunaren baimenarekin eta Tafallako Udalaren ustez.

2) Kanona, landazaintza, gizarte-segurantzak edo erregelamendu bidez finkatutako bestelako tasak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

3) Lurrak goldatzean ildoa irekia uztea bidea bera edo areka hondatuz.

4) Zertarako esleitzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

5) Urasketako, ubideetako, erretenetako eta abarretako irteerak bideetan isurtzea.

6) Ordenantza honetan xedatuaren aurkako beste edozein gertakari edo egintza, arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkatu ez dena.

Arau-hauste astunak.

1) Esleipen batean hiru arau-hauste arin egitea.

2) Esleipena eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.

3) Asmo gaiztoz, Tafallako Udalari ez ematea esleipen baldintzetan gerora izandako aldaketen berri.

4) Nekazaritzako lanak Ordenantza honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

5) Labore iraunkorren landaketak egitea (zainzuri-landareak, fruta-arbolak, etab.), Tafallako Udalaren baimenik izan gabe.

6) Ezponda, harri-txintxar, altxonbide, bide eta erreka-zuloetako lurrak lantzea.

7) Harriak edo bestelako gaiak isurtzea bideetan, altxonbideetan edo herri-lurretan Tafallako Udalaren baimenik gabe.

8) Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

9) Hazi transgenikoak erabiltzea.

Arau-hauste oso astunak:

1) Esleipen batean hiru arau-hauste astun egitea.

2) Norberak ez laboratzea edo hirugarren batzuei ez lagatzea esleitutako loteak.

3) Herri-lurren loteak laboratzea haien esleipenik izan gabe.

4) Udalak esleitu edo baimendu gabe, herri-lurrak laboratzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

5) Azienden idoietatik ura hartzea eta horretarako tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea.

6) Landatuak ez diren arbolen mozketa edo eraispena egitea, dagokion baimenik gabe.

7) Glifosatoa erabiltzea bai bideetan, larre utzietan eta sakanetan, zein laborantzako herri-lurren loteetan ere.

63.3. Ordenantza honetan jasotzen ez den beste edozein arau-hauste interpretatu, tipifikatu eta zehatuko du tokiko gobernu batzarrak Tafallako Udalaren Nekazaritza Batzordeak proposaturik.

64. artikulua. Egiten diren kalteen ordeztea, konpontzea eta kalte-galerak ordaintzea ezertan ukatu gabe, eta bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabideen eta tresnen konfiskazioa eginen baitzaie, lehenago adierazitako arau-hausteak honako modu honetan zehatuko dira:

a) a) Arau-hauste arinak 60,10 eurotik 750 eurora bitarteko isunarekin.

b) Arau-hauste astunak 750 eurotik 1.500 eurora bitarteko isunarekin, eta indarreko esleipenen iraungipenarekin.

c) Arau-hauste oso astunak 1.500 eurotik 3.000 eurora bitarteko isunarekin, eta herri-lurren aprobetxamenduaren esleipenduna izateko desgaikuntza ezartzearekin.

65. artikulua. Ordenantza honetan jasotako arau-hausteen eta zehapenen preskripzio epea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa da, honako hau ezartzen duenak:

–Arau-hausteak preskribatzeko epeak:

• Arau-hauste arina: 6 hilabete.

• Arau-hauste astuna: 2 urte

• Arau-hauste oso astuna: 3 urte

–Zehapenak preskribitzeko epeak:

• Arau-hauste arina: urte 1.

• Arau-hauste astuna: 2 urte

• Arau-hauste oso astuna: 3 urte

VI. TITULUA

Bestelako xedapen orokorrak

66. artikulua. Laborantzarako herri-lurren loteen emakida berrirako zozketa orokorra egin ondoren, beste esleipen batzuk eginen dira urtero; izan ere, erreserbako loteak eta esleitu gabeko loteak horietarako izanen dira.

66.1. Horiek, egindako eskaera guztiei erantzuteko aski ez badira, lehenbizi erantzunen zaie lehentasunezko esleipen baten onuradun izateko baldintzak betetzen dituztenei; ondoren, ezkondu izanagatik edo legez ezarritako izatezko bikotea formalizatu izanagatik, gainerakoentzat, behar den zozketa baztergarria eginen da eta baztertuek lehentasunezko txanda bat izanen dute hurrengoan eginen den urteko emakidara arte.

67. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen laborantzarako herri-lurren loteak esleitzeko urteroko zozketa urteko azken hiru hilabeteetan eginen da, Tafallako Udalaren Gobernu Batzordeak finkatuko duen egunean, eskaerak onartu ondoren, eta Tafallako Udaletxeko iragarki oholean ikusgai jarriko den ediktuaren edukiarekin bat, hori guztia ordenantza honen 4. tituluko 2. kapituluko 1. ataletik 5. atalera artean eta 8. atalean ezarritako prozedurari jarraikiz.

68. artikulua. Laborantzako herri-lurretako edozein lote esleitzean, ikusten bada, akats baten ondorioz, landua dagoela, bi aldeen arteko akordio justu batera iristeko ahalegina eginen da, landazaina bitartekari dela. Adostasun batera iristen ez bada, indarrean den Herri ondasunen Legean ezarritakoari lotuko zaio.

68.1. Esleituriko herri-lurreko lotea ereina bada, fruitua aurreko esleipendunarena izanen da uzta jaso arte, eta orduan onuradun berriak okupatuko du.

69. artikulua. Egokitu zaion herri ondasunen lotean laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari borondatez uko egiten bazaio, erabiltzeko aukera aprobetxamenduaren epe osorako galduko da, ordenantza honen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat.

69.1. Hala ere, Tafallako Udalaren Gobernu Batzordearen ustean arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabeziako sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako arrazoiren bat), eta eskatzaileak 25. artikuluko baldintzak betetzen baditu, beste esleipen baterako aukera izanen du.

70. artikulua. Laborantzarako herri-lurren loteak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izateari utzita, Tafallan urtean 9 hilabetez ez bizitzeagatik, edo Tafallako Udalarekin zerga arloko betebeharrak egunean ez izateagatik, Ordenantza honen 52. artikuluak agintzen duen moduan.

VII. TITULUA

Auzolana eta baliabideak

I. KAPITULUA

Auzolana

71. artikulua. Herritarren arteko lehentasunezko esleipen zuzenaren bidez herri ondasunen onuradun den herritar oro beharturik dago herritarren lanean edo auzolanean laguntzeko, Tafallako udalerriko auzo bideak eta nekazaritzako bideak egiteko, berregiteko edo kontserbatzeko.

72. artikulua. Betebehar hau betetzen ez dutenak zehatuko dira gehienez ere 1.000 euroko isunekin, eta laborantzako herri-lurretako loteak edo bestelako herri-lurretako aprobetxamendua kenduko zaie harik eta zerbitzua emateagatik dagokien kopurua ordaindu arte, ezertan ukatu gabe premiamendu bidez kobratzea.

73. artikulua. Auzolana esleipendun bakoitzari dagokion ekarpen ekonomikoaren bidez eginen da, materiala garraiatzeko eta bideak konpontzeko lanak egiteko.

73.1. Ekarpenaren kuota 60 eurokoa izanen da urte horretan lehorreko laborantzen esleipendunek landutako lote bakoitzeko. Kopuru hori Udalak jasoko du eta oso-osorik erabiliko da bideak konpontzeko.

73.2. Salbuespen modura, diru-sarrera horiek udalerriko ubideak, sakanak, etab. konpontzeko erabiltzen ahalko dira.

II. KAPITULUA

Errekurtsoak

74. artikulua. Ordenantza honen interpretazioa dela-eta, edo Tafallako Udalak, osoko bilkuran, hura aplikatzearekin ikusteko duten egintza edo erabaki guztiak direla-eta sortzen diren afera guztiak errekurtso hauetakoren bat paratuz argituko dira:

a) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

b) Admnistrazioarekiko auzi-errekurtsoa, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

VIII. TITULUA

Herri-ondasunen Arbitraje Batzordeak

75. artikulua. Halakorik sortuz gero, ulertuko da batzordearen funtzionamendua arautuko dutela urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretu bidez onetsitako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 229. artikulutik 236. artikulura artekoek, biak barne.

IX. TITULUA

Herri-lurren aprobetxamenduaren eta larre eta uren aprobetxamenduaren esleipendunen arteko erlazioa

76. artikulua. Herri-lurretako loteen esleipendun guztiek errespetatu beharko dituzte bazkalekuen esleipendunak herri-lurraren gainean belarrak eta urak aprobetxatzeko dituen eskubideak eta, era berean, bazkalekuen esleipendun guztiek errespetatu beharko dituzte herri-lurretako loteen esleipendun guztiek herri-lurretako laborantzako loteak aprobetxatzeko dituzten eskubideak.

76.1. Alde horretatik, larreen eta uren aprobetxamenduaren ordenantza Tafallako udal-mugarteko herri-lurretako ondasunen administrazioari, erabilerari, defentsari, berreskuratzeari eta aprobetxamenduari buruzko ordenantza honetan sartzen da, eta nahitaez bete beharko dute Tafallako udal-mugartean herri-lurretako aprobetxamenduaren onuradun diren guztiek, dagokien neurrian.

XEDAPEN OSAGARRIAK

Ikusirik Nafarroako Gobernuak onartu egin duela Nafarroako estepa-hegaztien eremuak mantentzeko eta zaintzeko laguntzak arautzen dituen Foru Dekretua, ordenantza honen ezarpenaren ondorengo garapenean eragina izanen duenak.

Ikusirik aipatu Foru Dekretuaren xede dela, besteak beste, estepa-hegazti basatiek habia egiten duten, hazten diren edo bizi diren Nafarroako eremuak mantentzeko eta zaintzeko moduko nekazaritza praktikak sustatzea, eta ikusirik horretarako kontuan izan behar diren neurriak, honako betebehar hauek ezartzen dira, Tafallako Udal mugartean eragina izan duten laborantzako herri ondasunen loteen esleipendunentzat.

Oro har:

a) Uztondoak irailaren batetik aurrera erretzen ahalko dira soilik, betiere Nafarroako Gobernuak argitaratzen duen Araudi Orokorra hausten ez bada.

b) Haize-parkeak instalatzea galarazten da.

Tafallako Udalak eremu hori zaintzeko eta mantentzeko hitzarmena sinatzen badu Nafarroako Gobernuarekin, esleipendunek honako obligazio hauek izanen dituzte:

1) “AAA” sailkapen toxikologikoko produktu fitosanitarioak erabiltzen ahalko dira soilik. Salbuespen moduan, zuzeneko ereintza edo gutxieneko laborantza egiten denean, “AAB” sailkapeneko herbizidak erabiltzen ahalko dira.

2) Ereintzan soilik erabiliko dira hegazti-faunaren biziraupena arriskuan jar dezaketen produktu fitosanitariorik ez duten haziak.

3) Uztondoak erretzea debekatzen da, salbu eta ez ohiko egoeretan, izurriteak eta gaixotasunak kontrolatzeko modurik egokiena bada.

4) Laborea gauean zehar biltzea debekatzen da.

5) Laguntzak jasotzeko eta eraginpeko eremua mantentzeko Tafallako Udalak hartzen dituen konpromisoak bete beharko dituzte herri-lurren esleipendunek.

6) Herri-lurreko lotearen errentari izateari eta hori erabiltzeko ezarritako kanona ordaintzeari esker, esleipendunak ustiapenaren titular izaera izanen du, behin aurreikusitako laguntzak bideratu eta eskuratu ondoren, errentarien esku geldi daitezen.

7) Estepa-hegaztien eremupeko loteen ustiapen baldintzak ez betetzea arau-hauste oso astuntzat hartuko da, eta Ordenantza honen 64. artikulua ezarriko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Glifosatoa eta hazi transgenikoak erabiltzearen debekuari buruzko 40.2 artikuluan ezarritakoari dagokionez, Puntu horrek ez ditu ukituko Ordenantza aldatu aurretik egindako herri-lurreko loteen esleipenak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egin dira Tafallako udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua arautzeko Ordenantza, 2004ko irailaren 28an onartu zena, eta Ordenantza honetan ezarritako xedapenen aurkakoak diren eta maila berekoak edo txikiagokoak diren gainerako xedapenak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honen onespena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 eta 325.2 artikuluetan ezarritako prozedurari lotuko zaio.

Iragarkiaren kodea: L1910274