168. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Udalaren Kirol Eskolen erregelamendua. Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2019ko maiatzaren 22an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Uharteko Udalaren Kirol Eskolen erregelamendua (espediente zk.: 544/2019).

2019ko 114. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 13an, baita Udalaren iragarki oholean ere, eta legezko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, testu osoa argitara ematen da honen ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean indarra har dezan.

Uharten, 2019ko uztailaren 19an.–Alkatea, Amparo López Antelo.

UHARTEKO UDALAREN KIROL ESKOLEN ERREGELAMENDUA

Udalaren Kirol Eskolen kirol sistema

1.–Haurren jarduera fisikoa sustatzea da Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuaren (UUKZ) xedeetako bat; horretarako, sustapen horren plangintzaz, kontrolaz eta ebaluazioaz arduratuko da, bere Udalaren Kirol Eskoletako (UKE) programaren bidez.

2.–UKEen parte izanen dira UUKZak urtero, maiatzean zehar, argitaratzen duen udalaren kirol programan izen horren barruan jasotako eta UUKZak kudeatutako kirol modalitateak.

Modalitate horietatik kanpo geratzen dira izotzezko diziplinak (hockey eta artistikoa), beren araudi propioak izanen baitituzte; baita ikastaroen izendapena jasotzen duten kirol-jarduerak ere.

3.–UKEak sei urteko adinarekin hasiko dira eta 14 urterekin amaituko dira. UUKZak eskolen hasiera- eta amaiera-data aldatzen ahalko du, interes publikoko arrazoiengatik.

4.–UUKZak, egoki deritzonean, lankidetza hitzarmenak izenpetuko ditu kirol klub, federazio edo beste entitate batzuekin, UKEetako modalitateen zuzendaritza teknikoa, antolaketa, garapena eta kontrola burutzeko, beti ere eskola horien udalaren titulartasuna mantenduz.

5.–Lankidetza hitzarmenak indarrean egonen dira kirol denboraldi batez (urritik maiatzera), eta urtero luzatuko dira automatikoki, salbu eta alderdietako batek urte bakoitzeko apirilaren 30a baino lehen salatzen badu edo UKEetako kirol sisteman aldaketa esanguratsurik gertatzen bada.

UUKZak bestelako indarraldiak ezartzen ahalko ditu UKEetan, haien federazio baldintzek hori aholkatuz gero.

6.–Hitzarmena bertan behera uztea. Hitzarmena bertan behera utziko da arrazoi hauetakoren bat jasoz gero:

–Araudi honetan eta haren ondoko garapenetan ezarritako baldintzak ez betetzea.

–Legezko betebeharrak ez betetzea.

–Kirol klub, federazio edo entitate izenpetzailearen azkentzea edo desegitea.

–UUKZak eraginik gabe uzten ahalko ditu lankidetza hitzarmenak, epemuga baino lehen, interes publikoko arrazoiek hala justifikatzen badute.

–Hitzarmena betetzea galarazten duten ezinbesteko arrazoiak izatea eta haiek behar bezala justifikatuta egotea.

7.–UUKZarekin UKEetako lankidetza hitzarmena, indarrean betiere, duten kirol klub, federazio edo entitateek edo haren laguntzak jasotzen dituztenek sistema hori errespetatu beharko dute, eta araudi honekin bat jarduteko nahiz kirol sistema honetan ezarritako egituren paralelo, kontrako edo ordezko den bestelako egiturarik ez eratzeko konpromisoa hartuko.

8.–Araudi honetan berariaz islatzen ez diren gaiak, baita UKE zehatz batek izan ditzakeen berezitasunak, UUKZak ebatziko ditu, Zuzendaritza Batzordearen edo horren ardura hartzen duenaren eskutik.

UKEen xedeak

9.–Hona hemen UKEen xede orokorrak, entrenamenduen, lehiaketen eta bestelakoen gainerako irizpideen orientagarri izanen direnak:

–Kirolaren eta jarduera fisikoaren irakaskuntzaren bidez ikasleen heziketa integralean laguntzea, betiere kirolaren errendimendua ulertuta prozesuan lagun dezakeen baliabide gisa eta ez xede berariazko gisa.

–Irakaskuntza prozesuaren lehentasunezko xedetzat hartzea, kirolaren eta jarduera fisikoaren garapenaz gainera, gainerako kirolariak, teknikariak, epaileak, ikusleak eta kirol instalazioetako langileak errespetatzea, bai eta kirol espazioak eta materialak behar bezala erabiltzea ere.

–Kirolaren irakaskuntzaren prozesua ikasleen ongizate pertsonala eta haien gizarte harremanaren sustapena eta hobekuntza bermatuko dituen giroaz hornitzea.

–Kirol eta garbitasun ohiturak sortzea, etorkizunean beren kasa gara daitezen, eta helduaren ongizate fisiko, mental eta sozialaren zutarri izan daitezen.

–Eskura diren baliabideen arabera, ikasle guztiei bermatzea beraiek nahieran hautatzen duten kirola ikasteko eta hartan aritzeko aukera, eta haien kirol gaitasunak ingurune osasuntsu eta seguruan garatu ahal izatea.

–Ahalegin eta ardura gogoa bultzatzea, bestea errespetatuz eta harekin lankidetzan.

–Uharteko bizilagunei erraztasunak ematea kirolak ikasi eta praktikatzeko, bazterkeriarik gabe kirol gaitasuna, sexua, gizarte baldintza eta abar direla-eta.

–Ikasleen indibidualtasuna errespetatzea, bereziki adin biologikoari, ezaugarri psikomotorrei, kirol errendimenduko mailari eta norberaren lehentasunei edo kirol arlokoei dagokienez, aurrerapen logikoa segituz entrenamenduaren eta lehiaren kargetan.

–Ikasleak beren adinaren eta garapen mailaren araberako kontzeptu tekniko eta taktikoez hornitzea.

–Gorputz Hezkuntzaren berezko printzipio metodologikoen arabera jokatzea, azpimarra jarriz josteta eta hezkuntza kutsuan eta kirolaren balioak sustatzean.

Udalaren Kirol Eskolen kirol egitura

10.–UUKZak denboraldi bakoitzerako ezarriko du UKEak eratzen dituzten espezialitate bakoitzerako kirol egitura. Kirol egitura honako hauek aintzat hartuta ezarriko da:

–Baliabide espazialak, haien erabileraren efizientzia eta eskuragarritasuna aintzat hartuta.

–Baliabide ekonomikoak, haien erabileraren efizientzia eta eskuragarritasuna aintzat hartuta.

–Baliabide pertsonalak, haien erabileraren efizientzia eta eskuragarritasuna aintzat hartuta.

–Etorkizuneko esku-hartzeak, arestian aipatu baliabideetan.

–Jarduera fisikoaren zientziei eta pedagogiari buruzko irizpide formalak.

–Federazio-arauak.

11.–Egitura bakar bat ezarriko da kirol modalitate bakoitzerako. Udalaren eskola beste kirol erakunde edo klub batekin lankidetzan antolatzen den kasuan, kirol modalitateko erakunde edo klub bakar batek jardunen du lankidetzan, interes publikoko arrazoiak daudenean salbu.

12.–Kirol modalitate (talde, adin, kategoria, plaza huts, etab.) bakoitzaren egitura urtero zehaztuko da, udalaren kiroletako jardueretan izena emateko argitaratzen den kirol jardueren liburuxkan.

13.–Kirol modalitate bakoitzeko UKE zatituko da, taldeka, adinaren arabera eta/edo lortutako maila teknikoen arabera, eta hauxe ezarriko da irizpide orokor gisa:

13.1. Banakako kirolak:

–Gutxienez ere: 8-10.

–Gehienez ere: 20.

13.2. Kirol kolektiboak:

–Gutxienez ere: 10.

–Gehienez ere: kirolaren arabera alda daiteke.

Taldearen gutxienekoak eta gehienekoak aldatzen ahalko ditu UUKZak, interes publikoko arrazoiengatik.

14.–UKEen etapa amaituta, kirol jarduera bideratuko da legez eratutako kirol klub eta entitateen bidez. UUKZak delako jarduerak babesteko hitzarmenak eta deialdiak ezartzen ahalko ditu.

15.–UKEen egutegia Virgen Blanca ikastetxearen eskola egutegiari egokituko zaio; beraz, oporretan, zubietan eta jaiegunetan pausa eginen du, UUKZak arrazoi teknikoengatik eta/edo lehiaketengatik kontrakoa baimentzen ez duenean salbu.

Arau orokor moduan, ezartzen da jardueraren hasiera urriaren lehenengo laneguna izanen dela, eta jardueraren amaiera maiatzaren 31 izanen dela.

Hitzarturiko entitateen betebeharrak

16.–UKEetako lankidetza hitzarmena, indarrean betiere, duten kirol klub, federazio edo entitateek honako eginkizun hauek izanen dituzte nahitaez:

–Araudi hau betetzea eta betearaztea, bai eta indarrean den kirol, lan eta datuen babesei nahiz tributu arloko betebeharrei buruzko legeetan eta aplikagarri gerta daitekeen beste edozeinetan ezarritakoa ere.

–UKEren irizpide teknikoak, didaktikoak eta metodologikoak ezartzea eta kontrolatzea, araudi honetan jasotako xede eta gainerako arauekin bat. UUKZak beretzat gordetzen du araudi honi kontra egiten dioten alderdiak aztertu eta zuzentzeko eskubidea.

–Ikasleak eskolako hainbat taldetara edo klasetara joaten direla gainbegiratzea, UUKZak baimendutako ikasleei sarbidea baimenduz soilik.

–UUKZari proposatzea lantalde tekniko eta gizalegez kalifikatua osa dezala UKEko taldeez arduratzeko.

–Monitoreentzako formakuntza planak ezartzea, eskatzen den kirol titulazioa dutela bermatzeko, bai eta kirol irakaskuntzarako duten trebetasuna handitzeko ere.

–UUKZari aholku ematea kirol egitura ezartzean, bai eta UKEri lotutako beste edozein kirol aferatan ere.

–Aldian behin bilerak egitea UUKZeko koordinatzailearekin.

–Araudi honetan espresuki jasotzen ez diren aferen eta/edo, aparteko arrazoiak medio, arauaren salbuespen direnen berri ematea UUKZari. Mota honetako neurriak hartu ahal izateko, UUKZaren baimen espresa beharko da.

–UUKZera igortzea beharrezkotzat jotzen dituen gorabehera, kexa edo eskaera guztiak.

–Monitoreen jarduketak koordinatu eta kontrolatzea, eta UKEko taldeen jarraipena egitea.

–Kirol instalazioetan eta ekipamenduan ikusitako kalteen berri ematea UUKZeko koordinatzaileari.

–Ikasleek baimendutako eta federatutako lehiaketetan parte hartzeko federazioek ezarritako federazio eskakizunak izapidetzea (fitxak, kuotak, aseguruak, etab.).

–UUKZarekin lankidetzan jardutea, eskolako taldeen entrenamenduen eta lehiaketen ordutegiak esleitzean, ezarritako kirol egiturarekin bat.

–UKEri buruzko alderdi adierazgarririk bada, UUKZari idatziz aurkeztea honako agiri hauek:

  • Zuzendaritza Batzarraren bileren aktak eta deialdiak.
  • Aita, ama eta/edo legezko tutoreei emandako agirien kopia (31. artikulua).

–UUKZak informazioa eskatzen duenean, eskaerari erantzutea.

–UKEren aurrekontua, kirol memoria eta memoria ekonomikoa aurkeztea, UUKZak finkatutako irizpideekin bat (56.1 eta 56.2. artikuluak). UKEren aurrekontua kontrolatzeko

–Monitore, koordinatzaile eta zuzendariei ezagutaraztea UKEen araudia, bai eta instalazioak erabiltzeari buruzkoa ere. Arauok lantalde teknikoari eta zuzendaritza taldeari emanen zaizkie, paperean eta/edo euskarri informatikoan.

–Ikasleen aitak, amak eta/edo legezko tutoreak informatuta edukitzea, gutxienez ere, araudi honetan ezarritakoaren gainean.

–Ikasleen aita, ama eta/edo legezko tutoreez arduratzea.

–UUKZaren anagrama-armarria sartzea UKEko lehiaketa jantzietan, bai eta karteletan, liburuxketan, webgunean eta bestelako zabalkunde publikorako bitartekoetan ere.

–Erakundeko web plataformetan islatzea UUKZaren titulartasunekoak diren UKEen taldeak edo entrenamendu taldeak, “Udalaren Kirol Eskolen Araudiak” eraenduta daudenak.

–UUKZarekin lankidetzan jardutea udalaren eskolarekin lotutako kirol ekitaldien antolakuntzan, baita Ugarrandia udal aldizkaria egiten ere.

Monitoreen betebeharrak

17.–Monitoreen eginkizunak, gutxienez ere, hauek dira:

–Taldearen jardueraz zuzenean arduratzea, entrenamendu eta lehiaketa orduetan.

–Entrenamendu eta lehiaketa saioetan garatzea UKEko koordinatzaileak bere talderako ezarritako irizpide tekniko, didaktiko eta medotodologikoak, UKEen helburuak lor daitezen.

–UKEen araudia eta kirol instalazioak erabiltzeari buruzko arauak ezagutzea, aplikatzea eta errespetaraztea.

–Ikasleen jokabidea zaintzea kirol esparruaren barnean eta kanpoan, entrenamendu eta lehiaketa orduetan, kirol esparruetan eta aldageletan sartzen direnetik haiek erabiltzeari uzten dioten arte.

–Kirol instalazioa (kirol esparrua, aldagelak...), ekipamendua eta materiala behar bezala erabili eta zaintzen ote den ikustea.

–Une oro betetzea udalaren kirol instalazioetako langileen adierazpenak.

–Ikasleek kirola modu osasungarrian eta seguruan egin dezaten bermatzea, eta kirol instalazio, ekipamendu edo materialetan antzemandako kalteen berri ematea UKEri.

–Klubak aldian behin deituko dituen bileretara joatea eta betiere jarraitzea hark finkatutako irizpideak.

–Bere taldeari dagozkion jarraipen fitxak betetzea.

–Egunero kontrolatzea ikasleak entrenamenduetara eta lehiaketetara joaten ote diren, eta UKEko koordinatzaileari justifikatu gabeko hutsegiteen berri ematea.

–Lehenik bere taldeko ikasleen aita, ama eta/edo legezko tutoreez arduratzea. Aurkeztu beharreko informazioa hitzartutako entitateak zehaztutako jarduketa eremura mugatuko da.

–Entrenamendua eta lehiaketa bukatutakoan, 10 urtez azpiko ikasleak zaintzea, aitek, amek eta/edo legezko tutoreek hartzen dituzten bitartean. Betebehar hori bertan behera gera daiteke ikaslearen aitaren, amaren eta/edo legezko tutorearen baimen idatzia jasoz gero.

–Dagozkion UKEetan, ikasleen artean jantziak banatzea denboraldi hasieran, eta jantzi horiek jasotzea denboraldi amaieran; erakundearen koordinatzaileari eta UUKZari emanen zaie horiek bueltatu ez dutenen berri.

Aita, ama eta/edo legezko tutoreen betebeharrak

18.–Ikaslearen aitaren, amaren eta/edo legezko tutorearen eginkizunak hauek dira:

–Ezagutzea eta betetzea araudi hau, bai eta udalaren kirol instalazioen erabilerari buruzkoa ere.

–Betetzea berritze, izen-emate eta ordainketa epeak, bai eta dokumentazioa aurkeztekoak ere.

–Informazio bileretara joatea antolatzen direnean.

–Jakinarazpenak egiteko aukera ematen duten harremanetarako bide eskuragarriak erraztea eta eguneratuta edukitzea (telefono finkoa, telefono mugikorra, posta elektronikoa...).

–Ikaslea garaiz eramatea entrenamendu eta lehiaketetara, eta ziurtatzea monitorearen tutoretzapean geratzen dela, eta ikaslea garaiz hartzea haiek amaitzean.

–Ikasleei haien kirol praktika egiteko behar duten kirol ekipamendua ematea, ekipamendu hori ondo eta garbi mantentzen dela zainduz. Gauza bera eginen da UKEk jantziak ematen dituenean; kasu horretan, denboraldi amaieran entregatu beharko dira nahitaez.

–Jokabide eredugarria mantentzea kirol instalazioetako langileekin, bai eta kirolari, epaile, monitore, koordinatzaile eta ikusleekin ere.

–Ahalik eta lankidetzarik handiena izatea hitzartutako entitatearekin eta UUKZarekin.

Ikasleak

19.–Ikasleen kontzeptua: guztiak izanen dira UKEetako ikasleak, baldin eta, behin betiko plaza izanik, eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztu badute eta nahitaezko kuota ordaindu badute horretarako epeetan.

19.1. Ikaslea izateari eustea: ikasle izaerari eutsiko zaio, ikaslea sartzen denetik UKE bakoitzaren adin-mugara iritsi bitartean, alde batera utzita ikaslearen kirol errendimendua eta bestelako inguruabar guztiak. Hona hemen izaera hori galtzeko arrazoiak:

–Araudi honetan jasotako zehapen-araubidea eta UKE bakoitzak egiten dituen ondorengo garapenak aplikatzea.

–Nahitaezko kuota ordaintzeko epeak ez betetzea, edo eskatutako agiriak ez aurkeztea plaza berritzerakoan edo ikasle berriaren izen-ematea egitean.

–UUKZak dagokion kategoriaren edo adinen araberako kirol talderik ezin eratu izatea.

–Klaserik (entrenamendurik) edo lehiaketarik ez izatea justifikatu gabe, UUKZak urteroko udalaren kirol programan argitaratutako berariazko araudiaren arabera.

20.–Ikasleen eskubideak: Ikasle guztiek eskubide eta betebehar berak izanen dituzte UKEren barruan, inolako bazterkeriarik gabe. Honako eskubide hauek dituzte:

–Entrenamenduetan ikaslearen heldutasunari eta gaitasunari dagokion mailan aritzea, betiere UKEko kirol egiturarekin bat.

–UUKZak UKEren eremurako onartutako lehiaketa ofizialetan eta/edo ez ofizialetan parte hartzea, haien heldutasun eta gaitasun mailaren arabera, hitzartutako erakundearen eta UUKZaren irizpide teknikoaren arabera.

–Aski kalifikatutako kirol monitoreak eta koordinatzaileak izatea, ahal bada.

–Duintasunez lehiatzeko gutxieneko ezinbesteko jantziak izatea 54.3.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Duintasunez hartuak izatea.

–Aukera berdintasuna izatea.

–Ingurumen osasuntsu eta seguruan parte hartzea.

21.–Ikasleen betebeharrak: UKEetako ikasle izateak honako betebehar hauek dakartza berarekin:

–Zuzen jokatzea, uneoro, kideekin, monitoreekin, hitzartutako entitateko arduradunekin, epaileekin, aurkariekin, ikusleekin, kirol instalazioetako langileekin, eta abarrekin.

–Monitoreak eta hitzartutako entitateko arduradunek, baita kirol instalazioetako langileek ere ematen dituzten jarraibide teknikoak eta jokaerari lotutakoak errespetatzea.

–UUKZaren instalazioak erabiltzeko araudia betetzea, bai eta jarduera egiteko erabilitako gainerako instalazioena ere.

–Hitzartutako entitateak finkatutako entrenamenduetan parte hartzea, salbu eta aurrez jakinarazi eta behar bezala justifikatutako arrazoirik bada.

–Kirol klubak eta UUKZak zehaztutako lehiaketetan parte hartzea, araudi honetan ezarritakoarekin bat.

–Ordainketak egitera eta nahitaezko dokumentazioa aurkeztera agindutako epeetan.

Zehapen araubidea

22.–Zehapen Araubidea: zehapen araubide hau UKE guztietan ezarriko da, eta UUKZek hainbat garapen egiten ahalko dizkio ondoren.

23.–Gaitasunak: UUKZko Zuzendaritza Batzordeari dagokio ikasleak zehatzeko neurriak hartzea, araudi hau betetzen dela bermatzeko.

Monitoreak, kirol koordinatzaileak eta hitzartutako entitateko arduradunek ahalmena dute ikasleei ahoz kargu hartzeko eta baita entrenamendutik eta/edo lehiaketatik kanporatzeko ere, ahozko kargu-hartzeari kasurik egiten ez dietenean, aparte utzirik arau-hausleari geroago ezar dakiokeen zehapena. Kanporatuz gero, ikaslea zaintzapean egonen da saioa amaitu arte.

24.–Hutsegiteen tipifikazioa: hutsegiteak arinak, astunak eta oso astunak izaten ahalko dira.

24.1. Falta arinak:

–Kirol eremu bakoitzeko araudi berariazkoa ez errespetatzea.

–Kirol instalazioak, ekipamendua edo materiala behar bezala ez erabiltzea.

–Janaria, edariak edo kirol instalazioak hondatzen edo zikintzen dituen beste edozein elementu sartzea.

–Monitore, kirol koordinatzaile eta hitzartutako entitateko arduradunen jarraipenei kasu ez egitea.

–Instalazioen ardura duten langileen esanei kasurik ez egitea.

24.2. Falta astunak:

–Hiru hutsegite arin egitea.

–Liskar eta/edo eraso fisiko eta/edo ahozkoak piztea eta/edo haietan parte hartzea.

–Kirol instalazioak, ekipamendua edo materiala nahita zikintzea edo hondatzea.

–UKEk lehiaketetarako lagatako jantziak gaizki zaindu eta/edo garbitzea.

–Beste ikasleen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edozein ez-betetze.

–Kirol instalazioen barnean edo UKEko jardueran parte hartzen ari delarik ordena larriki nahastea dakarren edozein egite edo ez-egite.

24.3. Hona hemen hutsegite oso astunak:

–Falta astun bat hiru aldiz egitea.

–Urtebetean hiru falta astun egitea.

–Kirol materiala edo hirugarrenen gauzak ebastea.

–Fisikoki edo ahoz erasotzea, edo hirugarren pertsonak ez errespetatzea UKEko jardueran parte hartzen ari delarik.

–Instalazioen barrenean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten jarduketak, UKEko jardueran parte hartzen ari delarik.

–UKEren funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

–Kirol instalazioak, ekipamendua edo materiala modu larri eta nabarmenean hondatzea.

25.–Zehapenak.

25.1. Hutsegite arinen zehapena izanen da entrenamendu eta partidetan denbora batean (3tik 5 egunera bitarte) parte hartu ezina. Orobat, 25 eta 60 euro arteko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

Arau-hauste arinen preskripzio-epea sei hilabetekoa izanen da, eta arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenena urtebetekoa.

25.2. Hutsegite astunen zehapena izanen da entrenamendu eta partidetan denbora batez (15 egunetik hilabete 1era bitarte) parte hartu ezina. Orobat, 61 eta 300 euro arteko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

Arau-hauste astunen preskripzio-epea bi urtekoa izanen da, bai eta arau-hauste astunengatik ezarritako zehapenena ere.

25.3. Arau-hauste oso astunen zehapena izanen da entrenamendu eta partidetan aldi batez (hilabete) parte hartu ezina, baita UKEtik behin betiko kanporatzea eta baja ematea ere, aparte utzita UUKZak arau-hauslearen aurka abiarazten ahal dituen legezko egintzak. Orobat, 301 eta 600 euro arteko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

Arau-hauste oso astunen preskripzio-epea hiru urtekoa izanen da, bai eta arau-hauste oso astunengatik ezarritako zehapenena ere.

26.–Zehapen prozedura.

26.1. Araudi honetan ezarritakoaren edozein ez-betetzek ekartzen ahalko du UKEk aurreneurriz kanporatzea edozein monitore edo kirol koordinatzaile edota hitzartutako entitateko arduraduna.

Kanporatze hori aplikatuko da zehapena egiten den egunean berean, eta ikaslearen tutoretza zainduko da entrenamendu saioa amaitzen den arte, eta berehala jakinaraziko zaio Erakundeko kirol koordinatzaileari (edo, bestela, UUKZari) bai eta aitari, amari eta/edo legezko tutoreari ere.

26.2. UKEaren hitzartutako Erakundearen kirol koordinatzaileak txostena eta arau-hauslearen datuak igorriko dizkio UUKZari, bidezko zehapen neurriak har ditzan, araudi honetan ezarritakoari jarraikiz.

Lehiaketa

27.–UKEen esparruko lehiaketak irakaskuntza prozesuko elementu garrantzitsuak dira, baina ez erabakigarriak, eta bitarteko gisa tratatu beharrekoak, eta ez UKEko monitoreen eta kirol koordinatzailearen xede gisa.

28.–Hitzartutako entitateak ezarritako irizpide teknikoek bete egin behar dituzte, eta koherente izan, araudi honen 9. artikuluan adierazitako xedeak, bai eta ikasleen eskubide eta betebeharrak (20. eta 21. artikulua) eta gainerako arauak ere. UUKZak beretzat gordetzen du irizpideok berrikusteko eta birdoitzeko eskubidea, baldin eta bateraezintasunik antzematen bada.

29.–UKEetako ikasle izaerak araudi honen 51. artikuluan aipatu lehiaketetan parte-hartzeko eskubidea ematen du.

Salbuespenez, ikasleen segurtasun fisikoa bermatzeko, hitzartutako entitateak aldi baterako mugatzen ahalko du ikasleek lehiaketetan parte hartzeko duten eskubidea.

30.–Ikasleak bere borondatez uko egiten ahalko dio lehiaketa ofizialetan parte-hartzeari, eta soilik entrenamenduetan parte hartu. Halere, horrek ez dakar murrizketarik nahitaezko kuotan. Kirol kolektiboen kasuan, uko egitea idatziz aurkeztu beharko da UUKZaren bulegoetan denboraldi hasiera baino lehen (urriaren 1a). Denboraldi horretan lehiatzeko eskubidea berreskuratzea ezin izanen da exijitu hurrengo denboraldia hasten den arte.

Aita, ama edo legezko tutoreentzako informazioa

31.–Hasierako bilera: hitzartutako erakunde kolaboratzaileak edo/eta UUKZk, denboraldi hasieran, bilera bat deitzen ahalko dute aitei, amei eta/edo legezko tutoreei UKEaren araudiaren eta funtzionamenduaren berri emateko, beharrezkotzat jotzen den taldeetan (bereziki eskolako lehenengo urteko taldeetan).

31.1. Denboraldia: denboraldia hasi, eta lehenengo lau asteen barruan.

31.2. Edukiak: Gutxienez ere, honako hauei buruzko informazioa emanen da:

–Entrenamendu saioetan aplikagarriak diren irizpide tekniko, didaktiko eta metodologikoak.

–Lehiaketetan aplikagarriak diren irizpide tekniko, didaktiko eta metodologikoak.

–Ikaslearen eskubide eta betebeharrak, eta zehapen araubidea.

–Aiten, amen eta/edo legezko tutoreen eginkizunak.

–Entitatearen eta, aiten, amen eta/edo legezko tutoreen arteko harremanetarako prozedura eta bideak.

–Osasun-laguntzaren aurrean jokatzeko prozedura.

–Hurrengo denboraldietarako plazak berritzeko prozedura.

–Borondatezko ekarpenaren (zenbatekoa eta xedeak) azalpena eta justifikazioa, halakorik izanez gero.

–UKEen araudia kontsultatzeko webgunearen esteka.

31.3. Informaziorako baliabideak: bileretan, ahoz eta dokumentazio idatzia aurkeztuz; dokumentazioa helbide elektronikoz igorriko da edo, halakorik ezean, paperean.

32.–Etengabeko komunikazioa: entitateak ezarriko du zein diren harremanetarako bideak (posta elektronikoa, whatsappa, testu-mezuak...), lehiaketei, entrenamenduak bertan behera uzteari edo aurrez jakinarazi gabeko hutsegiteei buruzko informazioa helarazteko, nahiz intereseko beste edozein albisteren edo inguruabarren berri emateko.

Inskripzioak

33.–UKEetarako izen-emateak UUKZaren bidez eginen dira. Bide horretatik kanpo egindako izen-emateak ez dira baliozkoak izanen.

34.–Udalaren kirol jardueretan izena emateko honako udal ordenantza hauek bete beharko dira: “Udalaren zerbitzuetan izena ematea arautzen duen ordenantza”; eta “Denboraldiko udalaren kirol jardueretan izena ematea arautzen duen ordenantza”.

35.–Izena emateko urratsak.

Ordenantza hauetan jasotako parte hartzeko lehentasunezko irizpideekin bat, urrats hauek planteatzen dira izena emateko:

–Aitzineko denboraldian parte hartu zuten ikasleen izen-emateak berritzea (plazak berritzea).

–Ikasle berrien izen-emateak egitea.

35.1. Aitzineko denboraldian parte hartu zuten ikasleen izen-emateak berritzea.

35.1.1 Izen emateko organoa:

–UUKZ.

35.1.2. Datak: martxoaren 1aren eta apirilaren 30aren artean eginen dira, gutxienez 5 egun naturaletan zehar.

35.1.3. Publizitatea: UUKZ-k ez du publizitaterik eginen Uharteko biztanleen artean, UKEetan dauden ikasleak baitira.

UKEetako parte hartzaileen arteko publizitatea eta hedapena honako baliabide hauen bidez eginen da:

–Uharteko Udalaren webgunean argitaratzea.

–Ugarrandiko kirol instalazioetako informazio taulan erakustea.

–Monitoreek normalean eskolara joaten diren ikasleei informazio-oharra banatzea.

–UUKZ-k egokiak deritzon baliabideak.

Udalaren webgunean jarritako informazioan eta Ugarrandiko kirol instalazioetako informazio-panelean honako datu hauek jasoko dira gutxienez:

–Berritzeko epea.

–Gauzatzeko modua.

–Nahitaezko kuota eta ordaintzeko modua.

–Berariaz adieraziko da berritzea epe barruan egiten ez bada tokia galduko dela hurrengo denboraldirako.

35.1.4. Prozedura: webgunearen bidez eginen da. Izena berriz ere webgunearen bidez eman ezin dutenek UUKZ-aren bulegoetan eska dezakete tramitatzea, horretarako ezarri den izena berriz emateko epearen barrenean.

35.1.5. Berritzeei buruzko beste inguruabar eta argibide batzuk (izena berriz ere ematea).

–Izen ematea behin betikoa izanen da ikasleak izena eman ondoren Nahitaezko Kuotaren ordainketa egiten duenean. Kuota horren ordainketa banku helbideratzearen bidez eginen da.

–Ordaintzeko epeak betetzen ez badira eta/edo eskatzen ahal den dokumentazioa aurkezten ez bada, plazaren erreserba bertan behera geratuko da automatikoki. Ikasleak UKEn sartu nahi badu, ikasle berrien inskripzio-faseari heldu beharko dio.

–Ikasle guztiei emanen zaie berritze guztien berri, beren kirolerako gaitasuna-errendimendua edo bestelako ezaugarriak edozein izanik ere. Guztiz debekatuta dago ikaslea “kanporatzea” edo plaza berritzea eragoztea UKEetako aldian eta arrazoi horiengatik.

–Ezin da ikasle berrien inskripziorik egin, eta guztiz debekatuta dago “fitxaketak” edo “sarbide-probak” egitea, bai eta araudi honi kontra egiten dioten bestelako jarduketak gauzatzea ere.

–Berritzeko eskaera gehiago bada Kirol Egituraren edukiera eta UUKZak diruaren aldetik eta kirol instalazioen aldetik dituen baliabideak baino, irizpide hauek erabiliko dira hurrengo denboraldian plaza eskuragarria duten ikasleak hautatzeko:

  • Lehenengoa: Uharten erroldatua eta/edo Ugarrandiko kirol instalazioetan abonatua izatea.
  • Bigarrena: zozketa.

–“Berriz ere izen ematea”-ren ondorioz urtero argitaratzen den berariazko araudiaren bidez araututako gai guztiak ezarriko dira..

35.2. Ikasle berrien izen-emateak egitea.

35.2.1 Izena emateko organoak: UUKZak hartuko du ikasle berrien izen-emateak egiteko ardura.

35.2.2. Datak: ekainean eginen dira, data aldaketa justifikatzen duten kirol izaerako edo maila teknikoko arrazoiak existitzen direnean salbu.

35.2.3. Publizitatea: UUKZak publizitatea eginen du, Uharteko herritarrek informazioa izan dezaten ikasle berriak UKEetan parte hartzeko datei, prozedurari, plaza eskuragarriei eta nahitaezko kuotari buruz.

Gutxienez ere, postontzietan banatzeko informazio idatzia eta Uharteko Udalaren webgunea erabiliko dira.

35.2.4. Prozedura: UUKZk epea irekiko du interesdunek aurretiaz izena eman dezaten web bidez. Izena web bidez eman ezin dutenek (ez beste inork), Udalaren Kirol Zerbitzuko bulegoetan eska dezakete haien aurreinskripzioa tramitatzea, horretarako ezarri den aurreinskripziorako epearen barrenean.

Epe hori igarota, talde bakoitzeko plaza eskuragarrien arabera esleituko dira plazak; horretarako, zozketa informatizatu bat eginen da. (Ikusi Udalaren denboraldiko kirol jardueretan izena emateko ordenantza).

Behin plazak esleitzeko prozesua eskuratuta, UUKZk hitzartutako entitate kolaboratzaileei emanen die onartutakoen zerrenda, gainerako kudeaketak egiteko.

35.2.5. Ikasle berrien izen-emateen gaineko bestelako inguruabarrak eta argibideak:

–Izen-ematea behin betikotzat joko da ikasleak nahitaezko kuota ordaindu, eta eskatzen den dokumentazioa aurkezten duenean, halakorik izanez gero. Nahitaezko kuota banku helbideratzearen bidez ordainduko da.

–Ordaintzeko epeak betetzen ez badira eta/edo dokumentazioa aurkezten ez bada, plazaren erreserba bertan behera geratuko da automatikoki.

–Ikasle berriak plaza libreen eskuragarritasunaren arabera sartuko dira. UUKZk plaza kopurua handitu ahal izanen du interes publikoko arrazoiak direla eta, beti ere Eskolaren funtzionamendurako kalterik sortzen ez badu.

–Berariaz debekatzen da “sarbide probak”, “fitxaketak” edo Araudi honen aurkako beste edozer jarduera egitea.

–UKEetako edozeinetan aurreinskripzioa egiteak esan nahi du adin txikiko ikaslearen tutoreek badakitela zein diren jardueraren ezaugarriak eta zein haren eskakizun fisikoa; halaber, esan nahi du aitortzen dutela adin txikikoak horretarako baldintza fisikoak dituela eta ez dagoela, osasunaren aldetik, jardueran aritzeko inolako eragozpenik.

–Ez da onartuko ikasle berririk otsailaren 1etik aurrera indarreko denboraldirako, interes publikoko arrazoiak izan ezean; arrazoi horiek UUKZk balioetsiko ditu.

–“Ikasle berrien izen ematea”-ren ondorioz urtero argitaratzen den berariazko araudiaren bidez araututako gai guztiak ezarriko dira..

Udalaren Kirol Eskolen publizitatea

36.–Informazio baliabideak: hona hemen herritarrari UKEekin ikusteko duten alderdien berri emateko baliabideak:

–UKEen araudia.

–Idatzizko publizitatea kirol instalazioetan.

–Postontzietan banatzeko publizitate idatzia.

–Publizitatea Udalaren webgunean.

37.–Publizitate epea: ikasle berriek izena emateko publizitate idatzia aditzera emanen da (webgunean, postontzietan eta instalazioetan) gutxienez ere 7 egun lehenago izen-emateak hasteko eguna baino.

Nahitaezko kuota Udalaren Kirol Eskoletan

38.–UUKZak bete beharreko nahitaezko kuota ezarriko du UKEetan parte hartzeko, Uharteko Udalak denboraldi horretarako onartutako tasen (prezio publikoen) arabera. Nahitaezko kuota ordaintzean, ikasleak araudi honen 20. artikuluan adierazitako eskubideez baliatzen ahalko da.

39.–Nahitaezko kuota osorik pagatu beharko dute parte-hartzaile guztiek; ezin izanen da inola ere aldatu. Arau honi salbuespenak ezarri edo aldaketak egiteko, hura garatu eta onetsi beharko du UUKZk.

40.–UUKZak nahitaezko kuota berbera ezarriko du UKE guztietarako, zein diren ere entrenamendu eta lehiaketa saioen kopurua eta denbora, kirol maila edo bestelako inguruabarrak. UUKZak bestelako nahitaezko kuota finkatzen ahalko du kirol modalitate eta/edo adin-talde jakinetarako, ulertzen bada modalitatearen funtsezko eskakizun tekniko eta ekonomikoek hori justifikatzen dutela.

41.–Nahitaezko kuota ordaintzeak ez dakar berez UKEetan izena emanda egotea; aldiz, izena emateko prozesuko nahitaezko alderdia da, baina ez loteslea.

42.–Ordainketa epeak, baja emateko epeak eta errenta adierazpena aurkezteko epeak denboraldi bakoitzean argitaratuko dira udalaren kirol programan kokatzen den araudian, denboraldiko udalaren kirol jardueretan izena emateko argitaratzen dena maiatzean.

43.–Nahitaezko kuotaren kalkulua: “Errentaren gaineko tarteak kalkulatzea arautzen duen ordenantza” betetzeko eginen da jardueren kobrantzaren kudeaketa.

Ekarpen boluntarioa udalaren kirol eskoletan

44.–Hitzartutako entitateek UKEko parte-hartzaileei Borondatezko ekarpena izeneko borondatezko zenbateko osagarria ordaintzeko eskatzen ahalko diete.

“Borondatezko ekarpenak” barnean hartzen ditu ikasleek zuzenean egindako diru-ekarpenak, txartel, kamiseta eta abarren salmentatik ateratakoak, bai eta klubaren diru-sarrerak handitzea dakarten ikasleek gauzatutako beste edozein ekintzatatik eskuratutakoak ere.

Era berean, “Ekarpen boluntarioa” da, baita ere, UKEko ikasleei “kirol prestakuntza osagarria” emateko proposamena banakako kiroletan. Prestakuntza hori UUKZak baimendu beharko du aldez aurretik, eta banakako kiroletarako baimena jasoko dute soilik UKEko prestakuntzako azkeneko urteetan dauden kirolariak, baldin eta hala justifikatzen duten arrazoi teknikoak eta kirol mailakoak daudenean. Inola ere ez da baimenduko UKEen aldean paraleloak diren egiturak ezartzea.

45.–Araudi honetan jasotako eta, urtero, kirol egituran zehaztutako zerbitzuak eta ikasleen eskubideak eta betebeharrak ez dira inola ere aldatuko, eta ez dute inolako loturarik Borondatezko ekarpen kontzeptuarekin.

46.–Hitzartutako entitateak eskatu beharreko Borondatezko ekarpenaren berri emanen die, nahitaez eta idatziz, parte-hartzaileei eta UUKZari, alderdi hauek argi eta garbi aipaturik:

–Ordainketaren borondatezko izaera.

–UKEetako zerbitzu eta eskubideekiko loturarik ez duela.

–Zenbateko ekonomikoa, eta nahitaezko kuotarekin duen desberdintasun argia.

–Zer denboralditan aplikatuko den.

–Ekarpen boluntarioaren tipologia: ekarpen horiek eskuratutako diru-sarreren xede den norakoa.

47.–Ekarpen boluntarioaren bidez eskuratutako diru-sarrerak erakundearen kirol arloetara zuzenduko dira hertsiki nahitaez.

48.–UUKZa araudi honetan jasotakoaz haratago geratzen da, Borondatezko ekarpenaren arautze eta kudeaketatik guztiz bereizia, ulertzen baita entitatearen jarduketa eremu pribatuaren barnean dagoela eta ez UKEen kudeaketarekin loturik.

Uharteko Udalaren Kirol Zerbitzuaren ekarpenak

49.–UKEetako lankidetza hitzarmena indarrean duten entitateei laguntza eta aholkularitza teknikoa emanen die UUKZak, bai eta dirulaguntzak ere, denboraldi bakoitzean dituen baliabide ekonomikoen eskuragarritasunaren arabera, eta bere kirol egiturarekin bat.

50.–UUKZaren dirulaguntza bateragarria izanen da beste entitate publiko edo pribatuek egin ditzaketen dirulaguntza eta ekarpenekin; hala ere, ekarpen guztien baturak ezin izanen dute entitatearen superabita ekarri.

51.–UUKZaren ekarpenak, UKEetako dirulaguntzen bidez, lehiaketa ofizial hauek prestatzeko eta horietan parte hartzeko jarduketak eta horien ondoriozko gastuak estaltzera mugatzen da:

–Nafarroako Kirol Jokoak.

–Bestelako lehiaketak, ofizialki aitortuak Nafarroako Kirol Jokoetan sartzen ez diren diziplina eta/edo kategorietarako, aurrez UUKZaren adostasuna izanik.

52.–Ekarpen horiek jasotzeko, hitzartutako entitateak araudi hau errespetatu, eta beharrezko memoriak eta justifikazioak aurkeztu beharko ditu.

53.–Aurrekontuak egitea: kirol denboraldiaren urrian eta azaroan, UUKZaren kirol koordinatzaileak bilerak eginen ditu hitzartutako entitate bakoitzeko arduradunekin, UUKZak egin beharreko ekarpen ekonomikoa aztertu, baloratu eta erabakitzeko. Bilera horietan, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da idatziz:

–1. eranskina, monitore bakoitzaren kirol titulazioaren fotokopiarekin batera.

54.–UKE bat kudeatzeko lankidetzarako dirulaguntzak honako atal hauek izanen ditu kontuan:

54.1. Giza baliabideetarako dirulaguntza: partida honetan aurreikusten dira UKEren koordinaziorako eta monitoreentzako gastuak.

54.1.1 Koordinaziorako dirulaguntza: kopuru finko bateko ekarpena eginen da UKEren maila teknikoko eta kirol mailako zuzendaritzarako, gutxienez (kirol kolektiboetako) 7 talde kudeatzen dituen, edo denboraldian zehar (banakako kiroletan) lehiatzen ari diren eta federazioko lizentzia duten 45 ikasle kudeatzen dituen koordinatzaile minimo bat dutenentzat.

54.1.2. Monitoreentzako dirulaguntzak:

–Helburua: entrenamendu eta prestakuntza fisikoko gastuak, bai eta kirol praktikari eta irakaskuntzari zuzenean lotutako bestelakoak ere.

–Kalkulurako irizpidea: monitore bat ezarriko da, talde bakoitzeko. Ekarpen hori ezartzeko irizpideak, honako hauen arabera finkatuko dira:

  • Taldeko monitore titularraren titulazioa.
  • Iraupena: 8 hilabete eta erdi (prestakuntza-lanaren arabera).
  • UUKZen kirol egituraren arabera (taldeak, prezio publikoak, etab.) asteko entrenamenduaren orduak izaten ahalko dira kontuan.

–Kalkulurako dokumentazioa: 1. eranskina beteta aurkeztuko da, monitorearen titulazioaren egiaztagiriarekin batera. Dokumentazio hori exijituko da, deialdi edo denboraldi guztietan.

Monitoreen artean denboraldian zehar aldaketak izanez gero, aldaketa horiek kontuan izan beharko dira egiaztagirian, eta titulazio berrian islatu beharko dira. Kontzeptu horregatik emandako dirulaguntza kentzen ahalko da, titulazioa aurrekontuan aurkeztutakoa baino txikiagoa denean. Inola ere ezin izanen da hasieran emandako dirulaguntza handitu, nahiz eta monitore berriaren titulazioa handiagoa izan.

54.2. Federazio gastuetarako dirulaguntza:

–Xedea: taldeen izen ematearekin lotutako gastuak, UUKZak ezarritako federatutako (federazio zergak) eta ez federatutako hainbat lehiaketetan. Beste erakunde batzuek diruz lagun ditzaketen kontzeptuak edo itzultzen direnak (abalak) ez dira diruz lagunduko.

Hauek dira gastu diruz lagungarriak:

  • UKEko ikasle eta monitoreen baimenak.
  • Mutualitateak.
  • Taldeen izen-emateak lehiaketetan.
  • Federazio-isunak, erantzukizuna UUKZari egozten ahal zaionean.
  • Lehiaketa ofizialetako epaileak.
  • Parte hartu ahal izateko ezinbesteko beste federazio-kontzeptu batzuk.

Baztertutako gastuak: honako hauek ez dira gastu diruz lagungarriak:

  • Baimenak eta mutualitateak, baldin eta 51. artikuluan aipatu lehiaketetan parte hartu ahal izateko beharrezkoak baino gehiago badira.
  • Fidantzak, abalak eta antzekoak.
  • Klubaren federazio altak.
  • Federazio-isunak, erantzukizuna UUKZari egoz ezin dakiokeenean.
  • Lagunarteko partidetako epaileak.

–Kalkulu irizpidea: 1. eranskinean jasotako hitzartutako entitatearen aurreikuspenaren arabera.

54.3. Baliabide materialetarako dirulaguntza: Partida honetan bulegoko materialerako, kirol materialerako eta kirol ekipamenduetarako gastuak aurreikusten dira.

54.3.1 Bulegoko materialerako dirulaguntza:

–Xedea: paper-gauzetarako, fotokopietarako, telefonorako, Interneterako eta UKEren kudeaketarako bestelako horniketetarako gastuak.

–Kalkulurako irizpidea: ekarpen finkoa ikasle kopuruko. Ikasle kopurua izanen da hitzartutako erakundearen ekarpena balioesteko unean UUKZaren datu-basean agertzen dena.

54.3.2. Kirol materialetarako dirulaguntzak:

–Xedea: kirol materiala erostea, UKEko entrenamenduetarako eta lehiaketetarako.

  • Arau orokor moduan, UKEetarako kirol materialaren erosketaz UUKZ arduratuko da, eta “Kirol jardueren materiala” aurrekontu partidaren kontura eginen da, eta ez dirulaguntza bidez. Kontzeptu horretarako dirulaguntza hautemanen da soilik UKEren funtzionamenduak hala justifikatzen duenean.

54.3.3. Kirol jantzietarako dirulaguntza:

–Xedea: lehiaketarako kirol jantziak erostea, araudi honen 20. artikuluan jasotakoa betez.

  • Arau orokor moduan, UKEetarako kirol materialaren erosketaz UUKZ arduratuko da, eta “Kirol jardueren materiala” aurrekontu partidaren kontura eginen da, eta ez dirulaguntza bidez. Kontzeptu horretarako dirulaguntza hautemanen da soilik UKEren funtzionamenduak hala justifikatzen duenean.
  • UKEeetako lehiakortasun ezaugarriak oso ezberdinak direnez, UUKZk kasu bakoitzean balioetsiko du ekipamenduak erosteko egokitasuna.

–Baztertutako gastuak: ez dira dirulaguntza honen xede izanen lehiaketarako ezinbesteko kirol jantzietarako (txandala, poltsa, berokia...) beharrezko gastuak gainditzen dituztenak; ulertzen da haiek hitzartutako entitateak, eta/edo aitek, amek eta/edo legezko tutoreek hartuko dituztela beren gain.

54.4. Desplazamenduak: arau orokor moduan, UUKZk ez ditu diruz lagunduko lehiaketetarako desplazamenduak. Aitak, amak eta/edo legezko tutoreak arduratu beharko dira haien seme-alaben desplazamenduez. Hitzartutako erakundeak desplazamendu horiek kudeatzen ahalko ditu, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kirol Jolasen lehiaketetarako hitzartutako autobusen bidez.

–Desplazamendua beste era batera ordaindu ezin denean eta UUKZak interes handiko desplazamendua dela balioesten duenean laguntzen ahalko da soilik diruz. Kasu horiek, aurrez baimenduko dira, eta garraio publikoaren bidez edo garraio enpresen bidez eginen dira.

UUKZak ez du inolako erantzukizunik hartuko ikasleen garraioaren gainean.

55.–Erakundeak aurkeztutako gastuen aurrekontua diruz lagungarria den gehienezko gastutzat hartzen da; ondorioz, UUKZak ez ditu sor daitezkeen defizitak ordainduko.

56.–Gastuen justifikazioa eta kirol memoria: kirol denboraldi bakoitzaren amaieran, urte bakoitzeko irailaren 30 baino lehen, UKEetako lankidetza hitzarmena indarrean duten entitateek UUKZari aurkeztuko dizkiote bukatu berri den denboraldiari dagozkion kirol memoria eta memoria ekonomikoa.

56.1. Memoria ekonomikoa: 2. eranskina beterik aurkeztuko da. Justifikazioak emandako dirulaguntza osoa frogatu beharko du eta, behar izatera, azken ordainketan pagatu beharreko zenbatekoa murriztuko da, justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren proportzioan.

56.2. Kirol memoria: honako datu hauek jasoko ditu gutxienez:

–UKEren funtzionamendu orokorra.

–Partaidetza eta emaitzarik esanguratsuenak.

–Funtzionamenduari, instalazioei eta kirol materialei lotutako gabezia nagusiak.

–Hurrengo denboraldirako hobekuntza proposamenak.

–Jakinarazi nahi den beste edozer.

57.–Deskontuak: behar bezala justifikatu gabeko edo araudi honetan ezarritako xede eta/edo irizpideak betetzen ez dituzten zenbatekoak deskontatuko dira.

58.–Dirulaguntza ekonomikoaren ordainketa: emandako dirulaguntza transferentzia bidez abonatuko da honako epe hauetan:

–emandako dirulaguntzaren %50 urtarrilaren 31 baino lehen.

–emandako dirulaguntzaren %25 otsailaren 28 baino lehen.

–gainerako %25 gastuen justifikazioa eta kirol memoria balioetsi ondoren.

59.–Prestakuntzari laguntzeko dirulaguntza: UUKZak diruz lagunduko du, hitzartutako entitateekin elkarlanean, UKEetako monitoreen eta koordinatzaileen formakuntza.

–Xedea: entitate publikoek edo kirol federazioek antolatutako formakuntza ekintzetan edo ikastaro ofizialetan izena emateko gastuak.

–Onarpenerako irizpideak:

  • Erakunde publikoen eta federazioen ikastaro ofizialak onartuko dira soilik.
  • UUKZari laguntza eskatzen zaion urtean egin eta gainditu beharko da ikasturtea. Ez aurreko, ez ondorengo urteetan.
  • Dirulaguntza esleitzeko, ikasturte osoa gainditu beharko da, eta dagokion ziurtagiria jaso beharko da.
  • Diruz lagunduek monitore-lana bete beharko dute UUKZako kirol eskola batean.
  • Klubak zein kirol eskolako monitore batek eskatzen ahalko du dirulaguntza.

–Kalkulatzeko irizpidea:

  • UUKZak ematen ahal duen dirulaguntzak ikastaroetan izena emateko gastuak izanen ditu kontuan soilik, eta inoiz ere ez da gastuaren %25 baino gehiagokoa izanen (ezta pertsonako 150 euro baino gehiagokoa ere).
  • “Formakuntzari laguntzeko” dirulaguntza eta horren kopurua urte amaieran ezartzen ahal dira “Kirol klubentzako eta eskolentzako dirulaguntzak” aurrekontu partidako funtsaren bidez.
  • Aurrekontu partida horretan funtsik ez badago, ezin izanen da eskaerarik hartu edo ez da deialdirik ateratzen ahalko, eta gehienez ere ondoko urtean erantzuten ahalko da soilik, eta beti ere aurrekontu partida dagoenean eta monitoreak kirol eskolan laguntza ematen jarraitzen duenean.
  • Eskaera guztientzako lehen irizpidearen ezarpena partidan erabilgarri dagoen kopurua baino handiagoa bada, eskaerei modu berdintsuan erantzuteko saiakera eginen da, erabilgarri dagoen kopuruaren arabera.

59.1. Aurkeztu beharreko agiriak:

–”Prestakuntzarako laguntza” eskaera orokorra, non zehaztuko den nork eskatzen duen laguntza (kluba edo partikularra), norentzat den, eta eskatzaileak urte horretan zein kirol eskolari (taldea, ordutegia eta egunak) ematen dion laguntza teknikoa.

–Ikastaro hori ofiziala dela eta erakunde publiko edo federazio batek antolatzen duela eta ikasturte horretan egin dela egiaztatzen duten agiriak. Ikastaroa gainditu izana egiaztagirian zehazten bada, agiri hori ez da beharrezkoa.

–Ikastaroa gainditu izanaren egiaztagiria edo hori egiaztatzen duen agiria. Agiri hori bideratzen ari badira edo oraindik eskuragarri ez badago, hala adierazi beharko da eskaeran; hala ere, nahitaez aurkeztu beharko da laguntza jasotzeko unean.

–Formakuntzako ikastaroa edo ekintza antolatu duen kirol federazioaren edo entitate publikoaren faktura, klubaren edo partikularraren ordainagiriarekin batera.

–Adostutako dirulaguntzaren ordainketa eginen litzaiokeen klubaren edo partikularraren kontu-zenbakia, dirulaguntza aurrera eramanez gero.

Iragarkiaren kodea: L1909757