168. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Ibilgailuen joan-etorria arautzen duen udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Agoizko Udalak, 2019ko martxoaren 7an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Ibilgailuen joan-etorria Agoitzen arautzen duen udal ordenantza.

Hasiera batez onetsitako ordenantza jendaurrean egon da, hogeita hamar egunez, udalaren iragarki-taulan, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatuari jarraikiz. Epe horretan ez denez erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, bidezko da Ordenantza behin betiko onestea eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Agoitzen, 2019ko maiatzaren 24an.–Alkatea, Unai Lako Goñi.

UDAL ORDENANTZA, AGOIZKO UDAL-MUGARTEAN IBILGAILUEN TRAFIKOA ARAUTZEN DUENA

Xedea eta aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza hau eman da, hain zuzen ere, ondoko bi artikuluetan xedatutakoari jarraikiz: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatu zuen martxoaren 24ko 5/1997 Legearen 7-b artikulua, horiek ematen baitizkiote udalari, hurrenez hurren, eskumenak trafikoaren eta herri barreneko bideetako zirkulazioaren esparruan.

Ulertzen da lege testu horiek automatikoki egokitzen direla une bakoitzean indarra izan lezakeen goragoko araudira (konparaziorako, Zirkulazioaren Erregelamendua onesten duen 1428/2003 Errege Dekretuak indarra hartzea).

Portaera arau orokorrak

2. artikulua. Ibilgailuek debeku dute asotsa egitea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, baita ihes-hodi trukatuek, ozen-ozen jarritako musika ekipoek edo bestelako ezohiko inguruabarrek eragin dezaketena ere.

3. artikulua. Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

4. artikulua. Debeku da suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.

Orobat, debekaturik dago ibilgailuak eremu publikoan konpondu edo garbitzea, edo haien mantentze-lanak egitea.

5. artikulua. Oinezkoek debekaturik dute baimenduta ez dauden tokietatik galtzada gurutzatzea. Toki baimenduetatik egin beharko dute, ahal den azkarren, gelditu gabe edo beste erabiltzaileei traba egin gabe, eta zirkulazioa oztopatu gabe.

Oinezkoak espaloian barna ibiliko dira, eskuin aldean ahal dela. Eremu publikoak espaloirik ez badu, oinezkoak galtzadaren ezkerretik joanen dira.

6. artikulua. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo beste zerbait dela eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.

7. artikulua. Ilunabarretik argi-hastera bitarte ibilgailuek hurbilerako argiak piztuta eraman beharko dituzte, udal-mugarteko galtzada guztietan. Motozikletek egun osoan eramanen dituzte argiak piztuta. Halaber, hurbilerako argiak, eguraldiak hala eskatzen duenean, eraman beharko dira piztuta.

8. artikulua. Debeku da gidatu bitartean telefonoak edo komunikatzeko gisako bitartekoak erabiltzea, hauek “eskuak libre” izeneko aukera dutenetakoak ez badira, behintzat.

Erabilera debekatuak eremu publikoetan

9. artikulua. Debeku dira oinezkoen ibiltoki erreserbatuetan eta galtzadetan, nola ibiltarientzat hala jostetan dabiltzanentzat arriskua ekar lezaketen josteta eta jolasak.

Bide seinaleak

10. artikulua.

1.–Manuzko seinaleak ezarriko dira bereziki, udalerriko bide sarearen halako tarte batzuetan, edo orokorrean, herri osoan, azken kasu honetan seinaleak herriko sarrera guztietan paratuko dira.

2.–Zirkulazio murriztuko eremuen sarreran paratzen diren seinaleek, oro har, eremu horietako barruti osoan dute indarra.

3.–Udal zerbitzuek paratzen dituzten seinaleek indar handiagoa dute gainerako guztiek baino.

11. artikulua.

1.–Ez da seinale manuzkorik ez informatiborik paratzen ahalko, aldez aurretik udalaren baimenik izan gabe.

2.–Paratzen ahalko dira, bakarrik, udal agintaritzaren iritzian benetako interes orokorra duten seinale informatiboak.

3.–Ez da baimenik emanen seinaleen gainean edo alboetan publizitatea paratzeko, ezta hiri instalazio eta/edo altzarien elementuetan paratzeko ere.

4.–Debeku da paratzea panfleto, afixa, iragarki edo nolanahiko mezuak, oztopatzen badute semaforoak edo seinaleak behar bezala ikustea edo galaraz badezakete erabiltzaileen arreta.

12. artikulua. Udalak, berehala kenduko ditu behar bezala baimendu gabeko seinaleak edo indarrean dauden arauak betetzen ez dituztenak, eta zehapen espedientea irekiko du horren gainean.

13. artikulua. Udaleko langileek, segurtasun arrazoiengatik edo zirkulazioa arina izan dadin, antolamendua aldi baterako aldatzen ahalko dute, jendea eta ibilgailuak pilatzen diren tokietan, baita istripu edo larrialdiren bat dagoenean ere.

Helburu horrekin jarri edo kenduko dira bidezkotzat jotzen diren behin-behineko seinaleak eta aurreneurriak.

Behar denean, Agoizko Udalak hiribideak itxiko ditu, ukatu gabe udaleko langileek premiazko neurriak hartzea egoki jotzen dutenean.

Oztopoak eremu publikoan

14. artikulua. Debeku da edozein oztopo edo gauza eremu publikoan paratzea, oinezko edo ibilgailuen zirkulazioa zaildu edo arriskuan jartzen badu. Eremu publikoan oztoporen bat paratzea ezinbestekoa bada, udalaren baimena beharko da aitzinetik, bete beharreko baldintzak zehaztuko dituena.

Udal ebazpenek udal zerbitzuek eskaeraren gainean egindako txosteneko oharrak jasoko dituzte, baldin eta baimentzen badute garabiak edo eremu publikoa okupatzen duten bestelako elementuak (siloak, etxolak...), obrak (eraikuntzak, hoditeria, eraisketak...) eta abar instalatzea, ibilgailuen eta oinezkoen (espaloiak, oinezkoen eremuak, etab.) joan-etorrian eragina izanen badute, eta udaleko langileengana joko da lizentzia edo baimena behar duten ondoko jarduketak koordinatzeko: seinaleak, jarduketa horietarako egunik eta ordurik egokiena eta beharrezko neurri osagarriak.

15. artikulua. Behar bezala babestu eta seinalatu beharko da oinezko edo ibilgailuen joan-etorri librea zailtzen duen edozein oztopo, halakorik baimentzen denean; gauaz, argituta egon beharko du, erabiltzaileen segurtasuna bermatzearren. Oztopoa paratzen duen erantzulearen kontura izanen dira seinalatzea eta argitzea, eta baimenean agertzen diren jarraibideak edo udal langileek adierazten dizkionak beteko ditu.

16. artikulua.

a) Udal agintaritzak oztopoak kentzen ahalko ditu ondoko kasu hauetan:

1.–Bideen erabiltzaileendako arriskutsuak badira.

2.–Behar den baimenik erdietsi ez bada.

3.–Hura paratzea arrazoirik gabekoa gertatu bada.

4.–Baimendutako epea amaitu bada edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

b) Oztopoak kentzeagatik, baita haiendako seinale bereziak paratzeagatik ere, sortutako gastuak interesdunen kontura izanen dira.

17. artikulua. Altzariak edo tresnak, eta orobat obretako eta etxeko hondakinak biltzeko edukiontziei dagokienez:

1. Paratu beharko dira udal edo udalez gaindiko organo eskudunak erabakitzen dituen eremu publikoetan.

2. Ezin izanen da inolaz ere aparkatu horretarako erreserbaturiko tokietan.

Bizikleta eta ziklomotorren zirkulazioa eta aparkatzea

18. artikulua. Zirkulazioaren arau orokorrak bete beharko dira ziklomotorren, bizikleten, gurpil-oholen eta gidarien energiaz mugitutako gainerako ibilgailuen kasuan.

19. artikulua. Ziklomotorrak erdibaterian aparkatuko dira galtzadan, metro eta erdiko zabalera okupatuz, gehienez ere.

Motozikleta edo ziklomotor bat, bi ibilgailuren artean aparkatuz gero, ez da haietan sartzea galaraziko, ezta zirkulaziora itzultzeko maniobra ere.

20. artikulua. Debeku da bizikletak gauaz ibiltzea, aurreko argia eta atzeko islatzailea, gutxienez, ez badaramatzate.

Argi keinukaririk ez duten bizikleten eta ziklomotorren gidariek garaiz seinalatu beharko dituzte egin beharreko norabide aldaketak eta biraketak, besoak erabiliz, erregelamenduak adierazten duen bezala.

21. artikulua. Ziklomotorren gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.

22. artikulua. Debeku da bizikletak, patinak, gurpil-oholak eta gurpil-ohol elektrikoak espaloietan, oinezkoendako eremuetan eta lorategietan barna ibiltzea, horretarako erreserbatutako biderik ez bada. Dena dela, udalak baimena ematen ahal du bizikletaz, patinez eta gurpil-oholez ibiltzeko, horretarako zehazturiko parke eta/edo eremu publikoetan.

Merkataritzako gai arriskutsuen eta garraio
handien ibilia eta aparkatzea

23. artikulua. Debeku da ibilgailuak Agoizko herrigunean ibiltzea, garraiatzen badituzte Errepideko Nazioarteko Garraioaren (ADR) 1etik 9ra bitarteko motetako merkataritzako gai arriskutsuak.

Halako ibilgailu batek aipatu eremua zeharkatzeko eta zama-lanetan aritzeko, Hirigintza Alorraren baimena beharko du. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak egun, ordu eta ibilbideei dagokienez.

Gasolioa eta butanoa garraiatuz gero artikulu honetatik kanpo daude garraio arriskutsuan aritzen diren ibilgailuak.

ADRko 7. motako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek debeku dute Agoizko hirigune osoan ibiltzea. Ez da salbuespenik eginen.

24. artikulua. Agoizko hirigunean abiadura muga 20 kilometro/ordua izanen da gehienez, merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuendako; muga hori gehienekotzat jotzen da, beste muga murriztaileagoak ezartzen ahalko badira ere, hiriguneko halako alde batzuetarako edo hirigune osorako.

25. artikulua. ADRko 1etik 9ra bitarteko merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek debekatua dute Agoizko hirigune osoan ibiltzea.

Trafikoa kontrolatu eta antolatzeko neurriak

26. artikulua. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartzen ahalko ditu trafikoa antolatzeko, zenbait tokitan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betiko nahiz aldi baterako, aparkalekuak, zama-lanak eta pertsona zein salgaien garraioa berrantolatuz eta arautuz.

Ibilgailu motordunek edo ziklomotorrek debekatua dute eremu publikoan jarraian aparkatzea, ibilgailu edo ziklomotor berean telefono bat adierazita saltzen direla iragartzeko, gainerako erabiltzaileen nahierara aparkatzeko baldintzak oztopatzen dituztela.

27. artikulua. Udaleko organo eskudunek aldi baterako aldatzen ahalko dute zirkulazioaren antolamendua herriko alde batzuetan, baita sarrerak debekatu edo murriztu ere, zirkulazioa seguruagoa eta errazagoa izan dadin.

Halakoetan, lehentasuna izanen dute oinezkoei nahiz gidariei paratzen zaizkien adierazleek, lehenagoko beste edozein seinale edo arautegiren aldean.

28. artikulua. Udalak aldi baterako debekatzen ahalko du aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurria noiz hasiko den adierazten duten seinaleen bidez.

Sarbide murriztuko eta/edo oinezkoendako eremuak

29. artikulua. Agoizko Udalak erabakitzen duen eremuetan ibilgailuei sartzea murrizten ahalko zaie, baita bertan eman dezaketen denbora ere.

30. artikulua. Eremu horiek behar bezala seinalatuko dira; orobat, hartzen ahalko dira sarbidea galarazi, murriztu edo kontrolatzen duten baliabide teknikoak.

31. artikulua. Mugatutako eremuetara baimenik gabe sartzea nahiz bertan luzeegi gelditzea, biak izanen dira zehatzeko arrazoi.

Arauak ez badira behin eta berriz betetzen sarbide murriztuko lekuetan eta bertan egotean, udalak erabakitzen ahalko du arau ezarritako baldintzetan arau-hausleari emandako baimena baliogabetzea.

32. artikulua. Oinezkoen eremuak zera dira: ibilgailuak zirkulatzeko edo aparkatzeko Agoizko Udalak erabat edo partzialki debekatu dituen aldeak.

33. artikulua. Eremu horiek zutikako seinaleen bidez zedarrituko dira, baita ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten beste elementu batzuk ezarrita ere.

34. artikulua. Oinezkoen eremuetan ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekuak:

a) Zedarritu eta seinaleztatutako alderdiaren barreneko bide guztiak hartzen ahalko ditu.

b) Ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekua ordutegi batera mugatzen ahalko du.

c) Finkoa izaten ahalko da edo soilik astegun batzuetan aplikatu.

35. artikulua. Nolanahi ere, murrizketa horiek ez dute eraginik izanen, tokiaren zein ibilgailua erabiltzen duenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ibilgailuek udalaren baimena badute. Bizikletetan ere ez dute eraginik, libre baitira oinezkoen eremuan ibiltzeko, abiadura neurrizkoa den bitartean.

Oinezkoen etorria berebizikoa denean, udal zerbitzuek beharrezko neurri murriztaileak hartzen ahalko dituzte.

36. artikulua. Oinezkoen eremuetan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdietan ibili eta, erregelamenduari jarraituz, hala adierazten denean.

37. artikulua. Abiadura mugaturik egonen da Agoizko oinezkoendako eremu guztietan, eta 20 kilometro/ordukoa izanen da, gehienez.

Gelditzea eta aparkatzea

38. artikulua. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen eranskineko 68. zenbakiari jarraikiz, gelditzea zera da: ibilgailua, pertsonak hartu edo uzteko edo zama-lanak egiteko, 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe izatea.

Aparkatzea, berriz, hau da: geldi ez dagoen ibilgailua mugitu gabe izatea.

39. artikulua. Ibilgailua geldi dagoenean, arau orokorra da gidaria ezin dela ibilgailutik aldendu, eta, salbuespen gisa, hala egiten badu, motorra itzali beharko du eta hurbil egon, eskatzen zaion unean edo egoerak behartuta, kendu ahal izateko.

40. artikulua. Erabat debekaturik dago gelditzea:

a) Babeslekuetan, babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Eraikinetako ibilgailuendako sarrera-irteeretan, behar bezala seinalaturik badaude dagokion udal organoak aitzinetik baimendurik ezartzen duen gisara.

c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.

d) Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.

e) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, kontrako seinalerik ez badago.

f) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoen alderdietan eta lorategietan.

g) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako bide lerro edo zatietan.

h) Dibertsitate funtzionala dutenendako edo beste erabilera batzuetarako espaloi-oketsetan.

i) Zirkulazioaren lerro bat oztopatzen den tokietan.

j) Seinaleak debekatzen duen tokietan.

k) Seinale bidez, biratzea baimenduta egonda, biratzeko aukera eragozten denean.

l) Hiriko garraio publikorako baizik ez diren geraleku eta aparkalekuetan.

m) Zirkulazioa oztopatzen den beste toki guztietan, oso denbora txikirako bada ere.

41. artikulua. Ibilgailuak ilaran aparkatu ahal izanen dira, hau da, zintarriarekin batean lerrokatuak; baterian, hau da, zintarriarekiko perpendikularrean; edo erdi-baterian, zeharka.

41.1. Zoladura seinalez hornituta duten aparkalekuetan, ibilgailuak markatutako esparruaren barrenean kokatuko dira.

41.2. Ibilgailuak zintarritik ahalik eta hurbilen aparkatuko dira, baina galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko tarte txiki bat utzita.

41.3. Bide publikoetan ezin izanen dira aparkatu ibilgailu motordunetik bereizitako atoiak.

41.4. Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

41.5. Baterian aparkatuz gero, alde bietan aparkatutako ibilgailuetara arazorik gabe sartzeko moduan eginen da.

41.6. Libre da ordutegitik kanpo aparkatzea zama-lan, zerbitzu ofizial eta abarretarako aldi baterako erreserbaturiko alderdietan, salbu eta espresuki debekaturik badago.

42. artikulua. Guztiz debeku da honelakoetan aparkatzea:

a) Seinaleek debekatzen duten tokietan.

b) Gelditzea debekatua dagoen tokietan.

c) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

d) Zama-lanetarako seinaleztatutako tokietan, denbora mugen barrenean.

e) Zaborrontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

f) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz gero.

g) Dibertsitate funtzionala dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.

h) Galtzadaren erdian.

i) Zerbitzu publikoaren, Agoizko Udalaren, erakunde ofizialen eta antzekoen ibilgailuendako erreserbatutako eremuetan.

j) Behar bezala seinalatutako toki erreserbatuetan.

k) Udaleko langileek baimen bereziak dituztenei (dibertsitate funtzionala dutenak, etab.) adierazten dizkieten tokietan.

Aparkatze eta gelditze murriztuko eremuak

43. artikulua. Agoizko halako karrika batzuetan aparkatze eta gelditze murriztua izanen da bertako bizilagunendako. Eremu horiek behar bezala seinaleztatuko dira. Hala erabaki da xedapen hauei jarraikiz: Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 2. xedapen gehigarria; Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretua; Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatzeko martxoaren 24ko 5/1997 Legearen 7. eta 38. artikuluak, eta Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 93. eta 94. artikuluak, udalerriak gaitzen baititu hiribideen erabilera xedapen orokorren bitartez arautzeko, baita tasak galdatzeko ere ibilgailuak halako eremu batzuetan aparkatzeagatik.

44. artikulua. “Babes bereziko eremuak (aparkatze eta gelditze murriztuko eremuak)” ordenantza honen 1. eranskinean zirkulazioaz eta aparkatzeaz ematen diren arauen ondoriozkoak dira, eta aldatzen ahalko dira (handiturik nahiz apaldurik, berriz ere ezarririk edo kendurik, aparkatze murriztuko bestelako egun edo orduak ezarririk, etab.), ordenantzetan aldaketak egiteko behar diren tramiteei lotu gabe, horretarako aski izanen baita udalak osoko bilkuran erabakia hartzea.

45. artikulua. Aparkatze eta gelditze murriztuko eremuetan, bertan bizilekua ez dutenek edo aparkatze murriztutik salbuetsi ez diren ibilgailuen gidariek ezin izanen dituzte inolako ordutegian beren ibilgailuak aparkatu.

46. artikulua. Aparkatze eta gelditze murriztuko eremuen barnean indarrekoak izanen dira beti eremu horretako toki zehatz bakoitzeko seinale mugatzaile berariazkoek (pasaguneetarako eta/edo ibilgailuak eraikinetan sartzeko erreserbaturiko espazioak, garraioko geraleku baimenduak, zama-lanetarako guneak ordu baimenduetan...), etorkizunak ekar ditzakeen aldaketak goiti-beheiti (handitu, apaldu, berritik sortu, kendu, etab.).

47. artikulua. Aparkatze eta gelditze murriztuko eremuetan ezarritako murrizketatik salbuetsita daude ondokoak:

1.–Indarreko txartel ahalmen-emailea duten bizilagunen ibilgailuak, beren sektorearen barnean.

2.–Motozikletak, ziklomotorrak eta bizikletak, betiere, horretarako prestaturiko tokietan aparkatu beharko direnak.

3.–Zama-lanetan ari diren merkataritzako ibilgailuak, horretarako ezarritako ordu eta tokietan.

4.–Anbulantziak, zerbitzuan ari direnean.

5.–Autotaxi ibilgailuak, gidaria bolantera jarria eta zerbitzuan ari denean.

6.–Hilotzak eramateko autoak, zerbitzuan ari direnean.

7.–Suhiltzaile, larrialdi, Gurutze Gorri, DYA eta poliziaren ibilgailuak, zerbitzuan ari direnean.

8.–Aparkatzeko baimena duten ibilgailuak (desgaitasuna dutenendako erreserba bereziak, hoteletakoak etab.), horretarako erreserbaturik dauden toki eta orduetan.

48. artikulua. Babes Bereziko Eremuan zirkulazio/gelditze murrizturako txartela lortzeko, eskatzaileek ondoko baldintza hauetakoren bat frogatu beharko dute:

1.–Pertsona fisiko edo juridikoa izatea, zentsatutako ibilgailu baten titularra, helbidea Babes Bereziko Eremuan duena.

2.–Etxebizitza baten jabea izatea edo bertan erroldatua egotea edo denda baten jabea izatea, helbidea Babes Bereziko Eremuan duelarik.

3.–Ibilgailurik gabeko mugikortasun murriztuko pertsona baten zuzeneko ahaidea izatea pertsona hori Babes Bereziko Eremuan bizi bada (gehienez ere txartel bat ukitutako pertsonako).

4.–Txartela berritu behar bada, frogatu beharko da bizilagun txartela eskuratuz geroztik egoera ez dela aldatu eta, beraz, hura lortzeko galdatzen diren baldintzetarik bakar bat ere ez dela gelditu bete gabe.

48 bis. artikulua. Eskabidea eta dokumentazioa txartel ahalmen-emailea lortzeko:

Txartel ahalmen-emailea lortzeko interesdunek, artikulu honetako aurreko lerroaldeetan ezarritako baldintzak beterik, txartel ahalmen-emailea eskatu beharko dute Agoizko udaletxean. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztuko dute, betiere indarrean dagoena:

a) NANaren kopia egiaztatua, eskatzailearen gidabaimenarena eta ibilgailuaren zirkulazio baimenarena.

b) Autoaren aseguru polizaren kopia egiaztatua, indarrekoa, eta ibilgailuen ikuskapen teknikoaren aldeko txostena, hura eduki behar bada.

c) Dagokion ordenantza fiskalean prezio publikotako finkaturiko urteko zenbatekoa ordaindu izanaren frogagiria, eta udal ogasunarekin ordainketak eguneratuak izatea.

d) Kasua bada, ezintasunaren frogagiria.

49. artikulua. Egoiliar txartel bakarra emanen da eskatzailearen izenean dagoen ibilgailu bakoitzeko.

50. artikulua. Bizilagun txartela ibilgailuen aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Balioduna izanen da titularra edo bizilekua aldatu arte edo ibilgailuari baja eman arte, eta eskatzailearena izanen da ez beste inorena, eta zer ibilgailutarako eskatzen den, harexena.

51. artikulua. Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote udalari. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, Ordenantza honetan ezarritakoaren arabera edo, hartarako eskubiderik ez badute, anarteraino indarrekoa izan den txartela indargabetzeko.

52. artikulua. Egoiliar txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesdunari berria ematen zaionean.

Halaber, txartela itzuli beharko da helbidez aldatu edota baldintzaren bat ez betetzeagatik txartel berria lortzeko eskubidea galtzen bada, udalari horren berri ematen zaion unean berean, edo hartarako eskubidea izanik ere hura berritu nahi ez denean.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri udalari.

53. artikulua. Udalak noiznahi egiazta dezake ofizioz txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez dituztenei baliorik gabe utziko dizkie, bidezkoak izan daitezkeen beste neurri edo zehapenak galarazi gabe.

54. artikulua.

Babes Bereziko Eremuko berariazko arau-hausteak izanen dira ondoko hauek:

–Arau-hauste arinak:

  • Egoiliar txartela behar bezala agerian ez jartzea.
  • Baimendutako denbora baino 15 minutu gehiago, gehienez ere, ematea.

–Arau-hauste astunak:

  • Ibiltzea eta/edo aparkatzea indarreko egoiliar txartelik gabe.
  • Egoiliar txartel faltsutuak edo manipulatuak erabiltzea.
  • Egoiliar txartelak erabiltzea, bertan baimenduriko ibilgailuari ez dagozkionak.
  • Baimendutako denbora baino 30 minutu gehiago, gehienez ere, ematea.
  • Parkimetroko tiketean matrikula faltsua erabiltzea, edo beste edozein manipulazio egitea.
  • Arau-hauste arinetan berrerortzea (3tik gora).

–Arau-hauste oso astunak:

  • Kalteak eragitea aparkatzea kontrolatzeko edozein instalaziotan.
  • Arau-hauste astunetan berrerortzea (3tik gora).

Zama-lanak

55. artikulua. Udalak zama-lanetarako toki erreserbatuak ezartzen ahalko ditu, erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoaren bidez adieraziak. Orobat, ibilgailu astunak aparkatzeko gune berariazkoak.

Salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte zama-lanak, hartarako erreserbatutako guneen barrenean eta erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoen bidez adierazitako orduetan, betiere ibilgailuen joan-etorria trabatzen ez badute.

56. artikulua. Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen ibilia eragotz edo oztopa, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbideak ere. Horretarako, zama-lanetan erabiliko diren merkataritzako gaiak, materialak eta gauzak, lurrean utzi gabe, zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera edo alderantziz.

57. artikulua. Zama-lanetarako erreserbatuetan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino luzeago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago.

58. artikulua. Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak ematen ahalko ditu, lan zehatzak egiteko (etxe-aldairak, fuelaren hornidura, obrak etab.), betiere aitzinetik eskatzen bada eta dagokien tasa ordaintzen bada, halakorik badago.

59. artikulua. Salgaien garraiorako txartela ez duten ibilgailuek debeku dute aparkatzea zama-lanetarako gune erreserbatuetan, horretarako ezarritako ordutegiaren barnean.

60. artikulua. Ibilgailuak espaloiarekiko paraleloan lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aurrealdea zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta bateriako aparkalekuetan, kasu horretan ibilgailuak ezin izanen baitira horretarako seinalatutako eremutik kanpora atera.

Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak aparkatzea

61. artikulua. Oro har, 5.000 kg-tik goitiko BGPa duten ibilgailuek debeku dute udal-mugarteko bide guztietan aparkatzea.

Aurreko lerroaldean ezarritakoa ez zaie aplikatuko horretarako udal baimena duten ibilgailuei.

Halaber, 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusek debeku dute hiriguneko bide guztietan aparkatzea.

62. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa deusetan kaltetu gabe, udalak ezartzen du, 3.500 kg-tik gorako BGPa duten ibilgailuak aparkatzeko, Agoizko industrialdean Gamesaren eta Aspaceren artean dagoen orubea, eta 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusendako, zahar etxearen ondoko orubea.

Aparkatze murriztuko eremuetan ez da inola ere aparkatzen ahalko ibilgailu motordunetik bereizitako atoirik.

63. artikulua. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, betiere aitzinetik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

64. artikulua. Karabanak hirigunean soilik aparkatzen ahalko dira udalak horretarako gaitutako eremuan, Euntzebidea eta Irati urbanizazioen artean.

65. artikulua. Debeku da karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal-mugartearen barnean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Toki horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.

Garraio publikoaren geralekuak

66. artikulua. Agoizko Udalak zehaztuko du non kokatu beharko diren garraio publikoaren geralekuak eta bidaiarien eskatu ahalako garraioarenak.

Autobusak horretarako prestatutako tokian gelditu beharko dira, zirkulazio erreiak libre uzten dituztela.

67. artikulua. Geralekuetan bidaiariak hartu eta uzteko behar den denbora baizik ezin da egon.

68. artikulua. Taxi zerbitzurako garraio publikoaren geralekuetan, bidaiarien esperoan eta prest dauden bitartean baizik ez dira egoten ahalko ibilgailu horiek.

69. artikulua. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

Bestelako aparkatze murriztu edo mugatuak, erabiltzaile jakinendako erreserbatuak.

70. artikulua. Soil-soilik desgaitasuna duten pertsonendako aparkatze txarteldun ibilgailuek erabiltzeko toki erreserbatuak.

Lurreko markak baliatuz eta aparkatzea debekatzen duen zutikako seinalearen bidez adieraziko dira toki erreserbatuak. Informazio plaka ere jarriko da, alde horretako tokiak desgaitasuna duten pertsonendako aparkatze txarteldun ibilgailuek soilik erabiltzeko gordetzen direla dioena.

Toki erreserbatuetan, nahitaezko txartel indarrekoa duena agerian duten ibilgailuak baizik ez dira aparkatzen ahal, eta betiere halako lekuetarako ordutegiaren barnean.

Ordenantza honen eranskinean arautu dira desgaitasuna duten pertsonek toki erreserbatuetan aparkatu ahal izateko txartelak emateko prozedura eta haiek erabiltzeko arauak.

71. artikulua. Hondakin organikoa, ontziak, papera eta beira botatzeko edukiontziak non paratu.

Zirkulazioa oztopatzen ez duten tokietan ezarriko dira hondakin organikoa, ontziak eta papera biltzen dituzten edukiontziak, baita beira biltzeko “kanpaiak” ere, gidari eta oinezkoei ikustea galarazi gabe. Edukiontzi horiek babeseko frenoak izanen dituzte, inork mugi ez ditzan, aparkatzeko. Hondakinen Mankomunitatea arduratuko da edukiontziak frenoa emanda izateaz. Espaloi ertzetik banatuta egonen dira, tarterik utzi gabe edukiontzien lerroaren eta zirkulazio erreiaren artean aparkatzeko. Horrela, zirkulazio erreia hein batean hartzen duten aparkatze desegokiak galaraziko dira. Hortaz, aparkatze marratik barrenera paratuko dira edukiontziak.

Paratuko diren edukiontzi eta “iglu” berriak edo lehendik daudenak, zirkulazioa trabatzen edo ikustea galarazten dutela ustez gero, zerbitzuaren hartzaile diren erabiltzaileengandik ahalik eta hurbilen kokatuko dira, eta kontuan hartuko da ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioan izanen duten ondorioa, udal zerbitzuen aginduei jarraituta.

Debeku da paraleloan edo bigarren lerroan aparkatzea edukiontzi edo igluaren ondoan.

72. artikulua. Interes orokorreko zenbait zerbitzu publikorendako toki erreserbatuak.

Udalak erabakiko du haien beharra ote den eta zein erabiltzailek aparkatzen ahal duen toki horietan, baimena justifikatzen duten agiriak prestatuta.

Toki erreserbatuak adieraziko dira bide markak eta seinale zutikakoak zein osagarriak baliatuz, eta argi zehaztuko da zein erabiltzailerentzat diren eta zein egun eta ordutan duten indarra.

Debeku da zerbitzu jakinetarako seinalatutako toki erreserbatu bakoitzerako agiria ez duten ibilgailuak aparkatzea eta gelditzea, ordutegia indarrekoa den bitartean.

73. artikulua. Eremu publikoan aparkatzeko toki erreserbatuak.

Aparkatzeko gune erreserbatuetan eta aparkatzeko debekua dutenetan jabari publikoko ondasunen erabilera komun berezia dago eta udalaren lizentziari loturik daude. Aitzinetik adostasun txostena ematen bada, aparkatzeko tokien erabilera esklusiboa ematen ahalko die udalak haren beharra justifikatzen dutenei, eta enpresa onuradunak ebazpenean adierazi bezala paratu beharko ditu zutikako zein lurreko seinaleak.

Kontzesioan arautuko da zein ibilgailu aparka daitezkeen edo zer helburu duen ibilgailuendako erreserba libreak eta, orobat, zein ordu-tartetarako den. Tasak ordaindu beharko dira, halakorik ezarri bada.

Eremu publikoan abandonatutako ibilgailuak

74. artikulua. Eremu publikoan abandonatutako ibilgailuak.

Ibilgailu abandonatuak karrikan luzaroan egon ez daitezen, eremu publikoa erabiltzeko ohiko aukerak murriztu, eta, gainera, narriadura estetikoa eta zikinkeria ekartzen baitituzte, baita arriskua ere pertsona eta ibilgailuen zirkulaziorako irekita dauden toki horietan dabiltzanei, hurrengo artikuluetan zehaztutako jarduketak eginen dira:

Ibilgailua abandonatutzat joko da kasu hauetako batean:

1.–Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten kalteak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

2.–Ibilgailuak aspaldian erabiltzen ez dela adierazten duen ezaugarriak dituenean, hala nola gurpilak airerik gabe, ateak irekita, beharrezko elementuak galduta, zikinkeria pilatua, kanpotik arrunt hondatua eta abar.

3.–Agintari eskudunek eremu publikotik kendu eta altxatu dutenetik, bi hilabete baino gehiago iragaten direnean.

75. artikulua. Errekerimendua titularrari eta salaketa jartzea ibilgailua eremu publikoan edo trafikoarentzat irekitako bidean abandonatzeagatik.

Ibilgailuak toki berean hilabetetik gora aparkatuta eraman eta berez ezin mugitzeraino hondatuta dagoenean edo matrikulazio plakarik ez duenean, Agoizko Udalak ustezko abandonuaren berri emanen dio ibilgailuaren erregistroko titularrari, baita hamabost eguneko epea ere, toki hartatik kendu eta ibilgailuak behar duen dokumentazioa eguneratu dezan, bidezko bada.

Epe hori errekerimenduari kasurik egin gabe iraganez gero, ibilgailua kendu eta altxatuko du, eta salaketa jarriko dio ibilgailuaren titularrari hura eremu publikoan abandonatzeagatik, Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Foru Legearen 34.3b) artikuluan ezarritakoa urraturik, eta zehapen espedientea tramitatuko da arau-hauste astuna egiteagatik: “Arrisku gabeko edozein hondakin kontrolik gabe abandonatu, bota edo deuseztatzea ingurumena larri kaltetu edo hondatu gabe, edo jendearen osasuna arrisku larrian jarri gabe”.

Ibilgailua berreskuratzeko, hura kendu eta altxatzeak dituen gastuak ordaindu beharko ditu jabeak eta, gainera, aurkeztu ibilgailuaren indarreko dokumentazio guztia, asegurua barne.

Ibilgailu abandonatua altxatu denetik bi hilabete eginik titularrak berreskuratzeko interesik agertu gabe eta ikusita ibilgailuaren gainean ez dagoela xedapen neurririk, txatartzat joko da eta deskontaminazio zentro baimendu batera eramanen da, txatar gisa tratatzeko.

Zentro baimenduak deskontaminazioaren gaineko ziurtagiria emanen du eta hura Nafarroako Trafiko Zuzendaritzara igorriko da, ibilgailua ken dezan Trafiko Zuzendaritza Nagusiko ibilgailuen Erregistro Nagusitik; orobat, udalaren Ogasuneko kudeaketa zentroari zirkulazio zergatik kendu dezan, hiri honetako erroldan bazen.

Ibilgailuak arriskuren bat badu eremuko erabiltzaileentzat, berehala kenduko da eremu publikotik eta gero jakinaraziko zaio tilularrari.

Zehapen prozedura

76. artikulua. Ordenantza honetan araututako gaian jarraitu beharreko prozedura izanen da Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta hura garatzen duen erregelamenduan ezarritakoa.

77. artikulua. Agoizko Udaleko langileek edo horien eginkizunak betetzen dituztenek instruituko dituzte ordenantza honetan araututakoa hausteagatik irekitzen diren espedienteak. Horiek kanpoan badaude edo gertatzen bada horien errefusatze edo abstentzioa, legezko arrazoia dela eta, beste batek ordezkatuko du eta hark Zerbitzu Orokorren Alorraren arduradunaren kategoria bera izanen du.

Batean ala bestean instrukzioa manatzen ahalko zaio udalbatzako idazkariari edo udalak kontratatzen duen legelari bati.

Hura burututa, Agoizko Udaleko alkateak emanen du bidezkoa den ebazpena.

78. artikulua. Arau-hauste bat dela eta udalari badagokio gertakariari zehapena jartzea eta, dirutan zehatzeaz gain, gidabaimena edo lizentzia bertan behera utzi edo deuseztatu eta/edo haren titularrak puntuak galtzen baditu (Trafikoari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen II. Eranskinean jasotako kasuak, uztailaren 19ko 17/2005 Legean erantsiak), udaleko organoek instruitu eta ebatziko dute irekiko den zehapen espedientea. Behin zehapena irmoa denean, agintari eskudunari igorriko zaio, gidabaimena edo lizentzia bertan behera utzi edo deuseztatzeko edo haren titularrari puntuak kentzeko.

79. artikulua. Jakinarazpenetarako helbidea.

Jakinarazpenetarako, interesdunek espres adierazitakoa hartuko da gidariaren eta ibilgailuaren titularraren helbidetzat; bestenaz, gidarien eta arau-hausleen erregistroetan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, agertzen dena.

Ibilgailuen nahiz gidabaimenen titularrak behartuta daude helbide aldaketak jakinaraztera.

80. artikulua. Zehapen espedienteen ebazpenaren kontra errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabetez, ebazpen honen jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau egin eta biharamunetik hasita, edo bestenaz,

81. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetan eta bere eranskinetan ezarritakoaren aurkako arau-hauste guztiak Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen aurka eginikoak bezala hartuko dira.

Babes Bereziko Eremurako ezarritako berariazko arau-hausteei dagokienez, ordenantza honen 54. artikuluan jasotakoak hartuko dira kontuan.

–Arau-hauste arinengatik: 100 euroko isuna gehienez ere.

–Arau-hauste astunengatik: 300 euroko isuna gehienez ere.

–Arau-hauste oso astunengatik: 1.000 euroko isuna gehienez ere.

Hori guztia deusetan ukatu gabe ezarri daitezkeen zehapenen graduazioa, Trafikoa, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioa eta Bide Segurtasuna arautzen dituen araudian ezarritako irizpideetan oinarrituz, eta, kasua bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoari jarraituz.

82. artikulua. Azkar ordaintzea.

Ordenantza honetan araututako arloan jarraitu beharreko zehapen-prozedura urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian ezarritakoa izanen da; berariaz ezartzen da isuna borondatez ordaintzen baldin bada (salaketa helarazteko egintzan edo jakinarazi eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean), zehapen prozedura amaituko dela, ondoko ondorio hauekin:

–Zehapenaren %50 murriztea.

–Alegaziorik ez egitea. Eginez gero, ez aurkeztutzat joko dira.

–Prozedurari bukaera ematea, berariazko ebazpenik eman behar izan gabe, ordainketa egiten den egunean.

–Administrazio bidea bukatzea; administrazioarekiko auzien organo jurisdikzionalean soilik aurkezten ahalko da errekurtsoa.

–Administraziorekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea hasiko da ordainketa egiten den unean, eta biharamunetik sortuko ditu ondorio guztiak.

–Zehapena administrazio bidean irmo bihurtuko da ordainketa egiten den unean, eta ondorio guztiak sortuko ditu horren biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Agoizko karrika zenbaitetan trafikoaren noranzkoa finkatzeko
eta aparkatzeko neurri zehatzak

1. Zirkulazio bereziko eremuko erregulazio berriaren ezaugarriak: Alde Zaharreko ondoko karrikak (Domingo Elizondo etxebizitza multzoa, Mariano Garcia, Irigoien, Santa Ana, Labeko zehark., Trinkete, Larrainetako, Merkatuko plaza, Hiriko, Plazako, Erreginordearen, Pasalekua, Kaskabobo eta Maskarita, Francisco Yndurain, Errotako Aldapa, Karrika mehar).

–Debeku da aparkatzea.

–Sarbidea bertan bizi direnei/merkatariei mugatua. 10 minutuko geldialdia egiten ahalko dute.

–Lehentasuna oinezkoek dute.

–Oinezko karriketan gehienezko abiadura 10 km/h izanen da.

–Zama-lanak 8:00etatik 12:00etara, astelehenetik larunbatera, baimen bereziak igande eta jaiegunetarako.

–Zirkulazio librea, seinaleak errespetatuz, ondoko karriketan: Santa Agata, Karrika Berria, Udaletxeko Plaza, Landako, eta San Migel.

Trafiko murriztuko baimen txartela eskatzeko baldintzak:

a) Iraunkorrak:

Ohiko bizilekuko egoiliarrak, Alde Zaharreko saltokietako titularrak, bigarren etxebizitza Agoitzen izan eta ibilgailurik atxikirik ez dutenak, Alde Zaharrean ibilgailu egoiliarrik ez duten mugikortasun urriko pertsonen ahaideak, osasun etxeko langileak, gizarte zerbitzuak.

b) Unean unekoak:

Gremioak (obra baimena dutenak) eta profesionalak, hileta zerbitzuak, aldi batez gaoixorik dauden bizilagunak eta udaletik beharrezko jotzen diren beste batzuk.

2. Mendiburua Plaza: espaloi bat gaituta dago ibilgailuak bertan aparkatzeko. Ezin izanen dira ibilgailuak 10 minutuz baino gehiago aparkatu. Horretarako ordutegia: astelehenetik ostiralera: 8:00-20:00. Larunbat eta igandeetan: 8:00-14:00. Plazako gainerakoan debeku da zeinahi ibilgailu gelditzea edo aparkatzea. Badira zama-lanetarako gaitutako guneak, ondoko ordutegiarekin: zama-lanetarako ordutegia, 8:00etatik 12:00etara, astelehenetik larunbatera, baimen bereziak igande eta jaiegunetan.

3. Karriken noranzkoa:

Norabide bakarreko karrikak: Larrainetako, Irigoien, Erreginordearen, Trinkete, Landako, Iturriko, Barraute Kontea, Guirior Markesa, Domingo Elizondo multzoa, Kanpondoa urbanizazioa, Olaberrizokoa urbanizazioa, Irati urbanizazioa, San Joakin urbanizazioa, Hilerriko bidea, Irigai (0-3 urteko zentrorako sarbidea).

Gainerakoetan, noranzko bikoitza.

4. Aparkatzeko eremuak:

Elizako parkinga, Irindegia urbanizazioa, Osasun Etxeko zehark., zahar etxearen ondoko orubea, Kanpondoa (kiroldegia).

5. Zama-lanetarako eremuak:

Mendiburua plaza, Merkatuko plaza eta Larrainetako karrika.

6. Onetsia betearazteko arauak:

1.–Zabalkundea:

Udaleko karteldegi eta webgunean, batzar informatiboa, planoa duen esku-orriaren banaketa eta aldizkariekin elkarlana.

2.–Kontrola:

Foruzaingoa eta Guardia Zibila.

3.–Zehapenak: arinak, astunak eta oso astunak, ordenantzaren 54. artikuluak zehaztutakoaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L1908721