168. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

400E/2019 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ematen duena Zarrakazteluko udal-mugartean dagoen hondakin organikoak konpostatzeko eta ongarria fabrikatzeko instalazio baterako. Titularra Slir SL da.

Instalazio hori funtzionamenduan dago gaur egun, eta jarduera sailkatuko udal lizentziaren araubidearen menpe dago.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatzen duen ekainaren 11ko 5/2013 Legearen bidez, industria isurketei buruz (kutsaduraren prebentzioa eta kontrol integratuak) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren (bertsio bateratua) transposizioa egin zen Espainiako antolamendu juridikora.

Horrek ekarri du industria jarduera berriak sartzea ingurumen baimen integratuaren menpe dauden jardueren eta instalazioen kategorian. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak onetsitako lege hori garatzeko Erregelamenduaren 1. eranskinean zerrendatzen dira jarduera horiek.

Horren ondorioz, instalazio hau ingurumen baimen integratuen araubidearen menpe dago gaur egun, izan ere, Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskineko 5.4 epigrafean sartuta baitago, hots, “Hondakin ez-arriskutsuen balorizaziorako edo balorizazio eta ezabaketarako instalazioak, egunean 75 tonatik gorako edukiera dutenak, ondoko jardueretako bat edo gehiago dutenak, salbu eta hirietako hondakin uren tratamendurako arauak ezartzen dituen abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege-Dekretuan aipatzen direnak” izenekoan (abenduaren 16ko 1/2016 Errege Lege-Dekretuak onetsi zuen legearen testu bategin hori); eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria-emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 5.3.b) epigrafean, hots, “Hondakin ez-arriskutsuen balorizaziorako edo balorizazio eta ezabaketarako instalazioak, egunean 75 tonatik gorako edukiera dutenak eta ondoko jardueretako bat edo gehiago dakartenak, 91/271/EEE Zuzentarauan agertzen diren jarduerak salbu”, izenekoan (testuaren bertsio bategina).

Industria establezimendua ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara emisioak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginean eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak lege hori garatzeko onetsitako Erregelamenduan ezarritako prozedurarekin bat tramitatu da espedientea.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak. Titularrak, orobat, zenbait ohar aurkeztu ditu, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan aurreikusitakoarekin bat,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Zarrakazteluko udal-mugartean dagoen hondakin organikoak konpostatzeko eta ongarria fabrikatzeko instalazio baterako. Titularra Slir SL da. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena mantentzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa 15G04067008432001 zenbakiarekin duen baimenaren indarra mantentzea. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena).

Laugarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

Bosgarrena.–Ebazpen hau jakinarazten den egunetik sei hilabeteko epean, gehienez, titularrak proiektu tekniko bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, lixibiatuak eta euri-urak biltzeko idoia erreformatzeko, ebazpen honen II. eranskineko 1.2 puntuan ezartzen diren betekizunak beteko direla bermatzeko. Proiektu tekniko horren arabera, idoia martxan jarriko da hamabi hilabeteko epean, gehienez, ebazpen hau jakinarazten den egunetik hasita.

Seigarrena.–Ebazpen hau jakinarazten den egunetik lau hilabeteko epean, gehienez, titularrak UNE-EN 17025 arauari jarraituz baimendutako saiakuntza laborategi baten txosten tekniko bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, instalazioak ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko. Neurketak ingurumen baimen integratuan muga-balioa berariaz ezarrita duten parametroen isuri mailetarako bakarrik egin beharko dira.

Zazpigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikulua.

Zortzigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta teknika erabilgarri onenetan dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiari dagokionez dauden teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluarekin bat.

Bederatzigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hamargarrena.–Titularrak prozedura administratiboan aurkeztu duen dokumentazioa ikusirik, betetzat jotzen da martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko tramitea, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legea garatzeko onetsitako Erregelamenduaren 12. artikuluan eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan aurreikusia; horretatik salbuetsita dago lixibiatuak eta euri-urak biltzeko idoia. Idoi hori erreformatu eta gero, martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da ebazpen hau jakinarazten den egunetik hamabi hilabeteko epean, gehienez.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Hamabigarrena.–Ingurumen baimen integratu hau ematen da galarazi gabe instalazioak beste baimen batzuk eskuratu behar izatea bestelako arau batzuen indarrez, adibidez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko urriaren 21ean gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko emandako 1069/2009 Erregelamendua.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamalaugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Slir SLra, Zarrakazteluko Udalera, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzura, Abeltzantza Zerbitzura, Nekazaritza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 5ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1909388