168. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

397E/2019 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginari buruzko txostena emateko Mutiloan txatarra biltegiratzeko eta zurezko paletak berrerabiltzeko proiektuari, Isabel Pérez Jiménezek sustatua (Recuperaciones Metalicas Mutilva SL).

2019ko martxoaren 7an, organo substantiboa den Arangurengo Udalak goian aipatutako espedientearen ingurumen eraginaren ebaluazioari ekiteko eskaera igorri zuen Lurralde eta Paisaia Zerbitzura. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.d) multzoan.

21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, oharrak edo iradokizunak egin ditzaten, beren eskumeneko gaiei dagokienez. Hiru kontsulta egin dira: Arangurengo Udalari, Hondakinen Atalari eta Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalari. Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalak 2019/04/30ean erantzundakoaren arabera ez dagokio txostena ematea, aurreikusitako prebentzio eta zuzenketa neurriekin ez baita uste proiektuak eragin nabarmenik izanen duenik ingurumenean.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ohiko ingurumen eraginaren ebaluazioaren mende jartzeaz edo txosten honetan ezarritako baldintzetan ingurumen eraginaren txostena emateaz.

Proiektuaren deskribapena:

Proiektua I. Eranskinean dago laburtuta, eta honetan datza: jarduera bat instalatzea hondakin ez arriskutsuak (txatarra) biltzeko eta sailkatzeko, bai eta zurezko hondakinak (paletak) berrerabil daitezen prestatzeko ere. Jarduera hori gaur egin erabiltzen ez den 535 m²-ko nabe batean eginen da, Mutiloabeiti industrialdean, eta zerbitzu guztiak ditu: ura, elektrizitatea, saneamendua (euri-uren eta ur beltzen sarea saneamendu sare publikora), argiztapen publikoa, etab. Aurreikusitako obra bakarra da nabearen barnean lurperatutako kanaleta bat kentzea.

Ingurumen Dokumentuaren analisia:

I. Eranskinean dago laburturik Ingurumen Dokumentua, bertan datoz alderdi nagusiak, eta proiektuak izan ditzakeen eragin posibleak identifikatu eta deskribatzen ditu. Ingurumen Dokumentu horrek dioen moduan, lehendik dagoen industrialde batean eginen da jarduera, eta ez da aurreikusten ingurumenaren gaineko eraginik.

Biztanleen eta haien osasunaren gaineko eragin posibleari dagokionez, ontzat jotzen da jarduera hori ezartzea, lanpostuak sortzeaz gain hondakinei balioa eman eta birziklatu eginen baitira. Eragin bakarra aurreikusten da: jarduerak trafikoa eraginen du (garraioa, zama-lanak), ibilgailuen emisioa eta zarata.

Industrialdea eta jarduera hori sarturik daude Zarataren Mapa Estrategikoetan (http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Ruido/) eta eremu gehiena industriala denez, bere sailkapen akustikoa da “Erabilera industrialeko zorua nagusi den lurralde-sektorea”; beraz, zaratari buruzko 37/2005 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko II. Eranskinaren arabera, kalitate akustikoaren helburua 65 dezibel dira gauez, eta 75 dezibel egunez.

Proiektua azterturik eta Iruñeko metropoli-barrutiko industrialde bat denez, naturaren aldetik balioa duten elementurik gabekoa, eta lehendik dagoen nabe bat denez, ez da aurreikusten ingurumenaren eta paisaiaren gaineko eraginik.

Kontuan harturik ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozedura egoki bete dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Txatarra biltegiratzeko eta zurezko paletak berrerabiltzeko Mutiloako proiektuak, Isabel Pérez Jiménezek sustatuak (Recuperaciones Metálicas Mutilva SL), ez du eragin nabarmenik ingurumenean, Ingurumen Eraginaren Txosten honetan adierazten den moduan eta, beraz, ez da 21/2013 Legearen II. Tituluko 1. Kapituluko 1. Atalean aurreikusitako Ingurumen Ebaluazio Arrunta egin behar.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, “ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeenak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jar daitezkeenak ukatu gabe”.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalari, Arangurengo Udalari eta interesdunari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 5ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren proiektuaren eta azterlanaren laburpena

Proiektua honetan datza: jarduera bat instalatzea hondakin ez arriskutsuak (txatarra) biltzeko eta sailkatzeko, bai eta zurezko hondakinak (paletak) berrerabil daitezen prestatzeko ere, lehendik dagoen nabe batean, gaur egun erabiltzen ez dena, Mutiloabeiti industrialdean, Mutiloan (Aranguren).

Nabearen azalera 535,84 m²-koa da, beheko solairuan, sarrerako patioekin eta trastelekuarekin. Nabeak ur-hornidura du, saneamendua, suteen kontrako ur-hornidura, energia elektrikoaren hornidura, argiztapen publikoa eta hondakin solidoak biltzeko zerbitzua. Obra bakarra aurreikusten da: nabearen barrenean lurperatutako kanaleta bat kentzea, hura hormigoiz bete eta ondoren leunduz.

Jarduera izanen da paletak eta txatarra biltegiratzea, zein bere lekuan, LER kodeen arabera. Atzeko patio zolatua erabiliko da txatarra aurretratatzetik sortutako hondakinak biltegiratzeko, eta aurreko patioan eginen dira materiala eta hondakinak hartzeko eta bidaltzeko lanak.

Ingurumen Dokumentuan agertzen da nola kudeatu hondakinak, hondakin-uren isurketak eta atmosferako emisioak, bai eta zaratak eta dardarak ere.

Jarduera hori industrialde batean eginen denez, ez da aurreikusten ingurumenaren eta paisaiaren gaineko eraginik. Biztanleen eta haien osasunaren gaineko eragin posibleari dagokionez, ontzat jotzen da jarduera hori ezartzea, lanpostuak sortzeaz gain hondakinei balioa eman eta birziklatu eginen baitira. Eragin bakarra aurreikusten da: jarduerak trafikoa eraginen du (garraioa, karga eta deskarga), ibilgailuek emisioak aireratu eta zarata sortuko da, baina muga onargarrien baitan, ustez.

Iragarkiaren kodea: F1909479