168. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

229E/2019 EBAZPENA, uztailaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ecológicos Ega SL titularra den eta Lizarrako udal-mugartean dagoen bizitza baliagarriaren amaieran ibilgailuen hondakinak kudeatzeko eta deskontaminatzeko instalazioaren Ingurumen Baimen Integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera hein batean onartzen duena; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak Ingurumen Baimen Integratuaren espediente administratiboetako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta Ebazpen honen Eranskineko baldintzak ere.

Instalazio horrek Ingurumen Baimen Integratua du, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 24ko 358E/2018 Ebazpenaren bidez emana.

2018ko urriaren 8an, Ingurumen Baimeneko baldintzak aldatzeko eskatu zuen titularrak. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

LER 030310 kodea duen hondakina kudeatzeko baimena. Zuntzak eta zuntz-lohiak, karga- eta iztukadura-materialak, banaketa mekanikotik datozenak papera eta kartoia aurretratatzean.

Kudeatzeko hondakinen zerrendan sartzea onartu da, eskuzapien eta paper biribilkien hondakin garbi moduan, instalazioak prozesu honetan daraman jarduerarekin bat datorrelakoan.

Zura aurretratatzetik (R12) edo transferentzia-jardueretatik (R13) ateratako hondakinetan LER 020107 sartzea.

Ez da egokia sartzea. R12 baimena da zura aurretratatzetik datorren hondakin batentzat, 19. multzoko 191207 LER kodea duena. R13 jarduerari dagokionez, instalazioan tratatutako zur-hondakinak eraikuntzatik eta eraispenetik datoz, hondakinak tratatzeko instalazioetatik, zura eraldatzen duten enpresetatik, bai eta zurezko oholak, altzariak eta ontziak egiten dituztenetatik ere. 020107 ez bezalako hondakinak dira, beste jatorri batekoak.

Zura birziklatzeko baimena (R3) paleten hondakinentzat.

Onartu egin da eskabidea, hein batean. Baimentzea eskatutako prozesua bat dator gaur egun instalazioan egiten den hondakinen kudeaketarekin, baina egokiagotzat jotzen da paletak berrabil daitezen prestatzeko baimena ematea (R14).

Urtarrilaren 20ko 20/2017 Errege Dekretuak eragiten ez dien bizitza baliagarriaren amaierako ibilgailuak tratatzeko baimena.

Onargarria eta bateragarria da gaur egun instalazioak egiten duen prozesuarekin.

Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz Ingurumen Baimen Integratuan ezarritako gehieneko emisio mailarekin eta gainerako betebeharrekin, bai eta eskura dauden teknikarik onenak aplikatzeko irizpidearekin ere.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 27. artikuluaren d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen Baimen Integratuko baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat; bestalde, ez da beharrezkotzat jo aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ecológicos Ega SL titularra den eta Lizarrako udal-mugartean dagoen bizitza baliagarriaren amaieran ibilgailuen hondakinak kudeatzeko eta deskontaminatzeko instalazioaren Ingurumen Baimen Integratuko funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaerak hein batean onartzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak bete egin beharko dituzte Ingurumen Baimen Integratuaren administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak, bai eta Ebazpen honen Eranskineko baldintzak ere.

Bigarrena.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 24ko 358E/2018 Ebazpenaren bidez instalazio horri Ingurumen Baimen Integratuan emandako hondakin urak isurtzeko eta hondakinak kudeatzeko baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, Ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopurua ez denez aldatzen, ez da handitzen Ingurumen Baimen Integratuko espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Laugarrena.–Ebazpen honetako baldintzak bete ezean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotzen diren ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Ecológicos Ega SLri eta Lizarrako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuaren bulegoetan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgunean ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1910201